www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Biba Frantzia

 

        Iragan astean behin, gizon bat —ez eskualduna— Baionako etxe, hazi eta bihi anhitz saltzen den batean sarthu da, iduriz kexu. Zer othe zuen eta zerk zerabilan?

        Zerbeit erosi nahi eta sakela hutsa? Ala golkoa pozoinez bethea eta ezin egon, xuxen edo makur, norbeiti jazarri gabe.

        Dena dela, gure gizona kexu zen biziki, zariola: «debru apez hoik! Urhats bat eztezaket egin goizetik arrats, nonahi bi, hiru, lau ikusi gabe, karrika hok oro berenak balituzte bezala.

        «Hoik gerlarat, behar ederrez: iduri-ta ez jakin orok, on baino hanitz kalteago direla gerlan apezak! Hasteko ez ginuke gerlarik, ez balitz apezik».

        «Eta gero, herriaren trahitzeko baizik ez dire. Gerla huntan berean nork daki zonbat den hoitarik Frantziako armadetan alemanaren alde?».

        Oro harrituak gizonari beha, burutik othe zuen ala zer?

        Bat ere: gerla egun hits hautan, Jainkoari esker, guti diren bezalako barne egosi tzarretarik bat zen, haguna zolatik goiti zariola, dena lohi.

        Utzirik behin bere astokerien aurdikitzerat, hanxe elhe gutiz tapatu zuten bi emazte mihi onek.

        Aldetik beha bizpahiru gizon, irriz ustelduak, astaputz hura merezi zituenen aditzen ikustearekin, hitzik gehiago ezin atherazko heinera, matatua.

        Egunak baitire hauk, apez ala edozoin bertze, gu frantsesak Frantzian elgarrez gaizki mintzatzeko! Eta nortaz nor!

        Soldado gaizoak hor harat hiltzeko hirriskuan, zernahi gertha, kontent doazilarik apezekin, hemen gelditu gizon ziri bat ezin egon ixilik, nehork deus galdatzen ez dionean!

        Guti da beharrik, holako guti biziki, egun hautan. Behar ere ba. Bakar bat ere ez balitz, hobe litake oraino.

        Etsairik aski badugu, alemanarekin.

        Eztu ere Frantziak soldado soberarik, dituen hoberenak begiko zikina bezen poxolu ukaiteko frantses gizon zentzu izpirik duenak.

        Agorrilaren leheneko arratsean, larunbatetik iganderako gau erditsutan, gerlarat orotako lehen zoazilarik Doniane Garazirat buruz Donazaharren barna, karrosatara bat gazte, —ja gerlak erhoenari furfuriak barna sar-araziak behar zazkon denboran— batek zintzurraren hausteko heinera oihu egiten zuen; «Biba Frantzia! Fuera Ybarnegaray!».

        Gaizo zoroa! Nor eta nungo baitzen ere, freskatuxea ahal da engoitik, hil edo bizi.

        Onik baizik ez diogu desiratzen. Eta zinez egia, ordu berean ere, nahiz ez ginuen atsegin hartu, oren latz hartan, frantses eskualdun soldado baten ahotik atheraldi koska bihurri hura, —halere gaizki baino nahiagoz ontsa jujatu— gogoratu zitzaukun arnoa zela mintzo, ez gizona!

        Bat kaskoinaren, bertzea eskualdunaren bi ahopaldi txar hoik, bakarrak dire, hilabethe bat baino gehiago huntan holako bakarrak, gure beharriek entzun dituztenak.

        Aiphatzearen ohorea ere hemen egungo Eskualdun-ean etzuketen merezi, ezpalitz garbiki eta goraki erraiteko, zoin den atsegin, zoin eder, zoin gozo, ikustea egun latz hautan, frantses guzien, eskualdun guzien batasuna.

        Ezta gehiago gutartean politikazko herrarik, ez eta hoztasunik ere.

        Diot: politikazkorik; zertako behar litake bertzelakorik ere?

        Balitz han edo hemen oraino zonbeit piru gaixto, gerla hunek ezeztatu ez duenik oraino, ez dezatela iraun. Egun zortzi giniona: «Fuera herra!».

        Biba bakea, gutartean.

        Bazterretako berri eztakigu hemen Baiona hirian. Bainan bi gogoeta on eginik gaude, hemengoz hemengo, bospasei aste huntan.

        Zonbatekin eztugu solas egin, bethidanik adixkide bagine bezala, osoki arrotz ginelarik, ba eta zonbeitekin etsai, gerla hunen aitzinean.

        Hainbertze ondorio gaixto badu gerlak, non on bat ikusten diogunean, eta hura gutarteko, herritarren elgarrekilako bakea, herraren orde atxikimendua elgarrentzat, bihotza hunkitzen baitauku hemen huntaz mintzatzeak berak.

        Ba, goazin oro ororekin bake. Biba Eskual Herria! Biba Frantzia!

        Biba Frantzia!

        Zonbat aldiz othe gaude bi hitz hoik aditurik iragan egun eta gauetan Baiona hiriko karriketan!

        Bereziki soldadoak ehunka, milaka zoazilarik hiritik burdin-biderat, gogotik zuten, eta dute oraino bethi bulhar guziek oihu egiten «Vive l'armée! Vive la France!».

        Nagon karrikan dut azkenik entzun, arratseko hamarrak ondoan, ehun, berrehun heintsu hori soldado atabal eta kleron musikaz karrikako bi etxe lerroak inharrosten zituztelarik, jendea etxe alhazetarik, leihoetarik esku zartaka, oihuka, gauaz, ari: «Vive la France!».

        Zer zautzue, bat, baño ez baitzen ageri, ez orduan ez bertze egunetan ez gauetan, oihuka; «Vive la Répu...»?

        Hastiaturik othe ordu artean maite zutena? Ene arabera bat ere.

        Bainan bakotxak bere baithan egiten zuen: «begoite aiphatu gabe gutarteko ez-bai guziak. Frantses bati, edozoini, den gutieneko pena egin dezokenik ez dezagun adi-araz».

        Nehork, ez kazetetan, ez nehon, erakutsi gabe, zer oihu egin, zer ez, berek beren baitharik dautzuete hatzeman elgarren alderako jendetasun, ikustate hori.

        Hori deus ez bazautzue, nik eztakit zerbeit aiphagarririk zer den, egun hautan Frantzian.

        Iraganak iragan, ikusiak ikusi, biba Frantziako populuaren bihotza!

 

Eskualduna, 1914-09-11

 

aurrekoa hurrengoa