 |
III Odolbeltz
Garai artan erriko gizonen artean, bazan gizatxar bat: betoker, bekozko-illun, biotz-gogor eta lapurra. Bere eskuetan errukarriren bat il ote zuan ere, bazan zurrumurrua baztarretan. Guziak aren asmo okerren bildur ziran, ta umeak bere izena entzutea aski zuten bertanbela igesi ekiteko.
Izena ere bere izakereari zegokiena zuan: erriak, oi duan bezin egoki, jarri baizion: «Odolbeltz» deitu zioten ta Odolbeltz gelditu zitzayon betiko. Gazte-garayan, oi danez, maitasun-izpi-antza sortu zitzayon bere biotz beltzean: baña beste gizonei biotz-bigun eta gozatzalle oi zayena, ari biotz-garratz eta urratzalle izan zitzayon.
Erriko nexka garbi, apal, begi-urdin-ezti bat bein begiz jo zuan, ta gogorik txikiena ere bere buruari ukatzen etzekielako: oraingo bere maitasun oni galerazpenik ipiñiko ziotenik ere, etzuan uste. Ala zan bere ustea, baña aren usteak uste, jokoak gaizki irten zion, ta Manttoni (ala zeritzan neskatxa) beste gazte on, langille ta kideko batekin ezkondu zan.
Odolbeltzek Manttoniri zion gorrotoa, ordutik ezkerokoa. Ta zoritxarrez, Manttoniri bi urteburuan, umetxo bat uzten ziola, senar gaztea il zitzayon. Eriotz beltza ta eskutukoa ura! Goiz-goiz lanera zijoazen baserritar batzuek bide-ertz batean luze-luze zetzala, billatu zuten. Nork il ote? Nola? Zergatik gero? Guziak erantzun berbera zekarten: «amaika arrayepola! eriotz ortan Odolbeltzen ezkua eztala zuri gelditu! Bai, gizatxar ori orrenbeste ta geyago ere egiteko lain badek». Garbi itz-egiteko kemenik iñork ez ordea: Odolbeltzi bildur baizioten.
|
 |