www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Batetik bestera
Eusebio Erkiaga
1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Batetik bestera, Eusebio Erkiaga. Itxaropena, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

—I—

 

        Gauaren isiltasuna urratu zan, bapatean. Deadar eta txilioak entzun ziran Latseta aldean, larriak, esturazkoak. Batez bere, emakumeen oiuak ziran, aidean durunda zoli eta samingarria egiten ebenak.

        —Sua! Sua dago...

        Gauerdia igarorik zan, nunbait bere, eta kaleetan ez ebillen iñor. Aldaba-otsak asi ziran gerotxuago eta banaka banaka leioak eta balkoietako ateak edegiten zituen.

        —Nundik nora ete dabiltz gau-jagolak, erriko iserenuak? —galdegin eban Martak, txiribogin andreak—. Leentxuago emen ikusi ditugu baiña... Bestelako gau-jagolok.

        —Atetaren batean egongo dira lo —erantzun eutsan auzoko batek.

        —Orreekaitik, eleizea bera bere, ostuta eroango leukie gauren batean.

        —Astunegia ezpalitz.

        —Ori esan ba.

        —Martanean oraintsu egon baldin ba dira...

        —Ez da edozelakoa, gero, Martaneko mama gozoa.

        Eta gonadunen erretolika au zelanbait eragotzi guraz, edo beintzat eten nairik, baita Martak berak, argi ta garbi esan bere:

        —Martak ez daki iserenuen ibilleren barririk.

        Etxe zaar batek ziarduan su ta gar. Ba zituan gitxienez bost jagimailla edo pisu, beetik goiraiño.

        Ez egoan urian, alako su eta erretura ikaragarririk zegaz itxungi. Alan bere, ez zan ori okerrena. Etxea, ez zan bakarra; etxasail bateko muturra besterik ez zan. Aren ondoan ba egozan amasei bat etxe, kaleko guztiak, eskuaren alde aretatik.

        Jendea asi zan batu eta batu, inguruetakoak batez bere.

        —Sakristaua bere, lo ete dago ba, kanpairik ez joteko?

        —Ez dozu ori bapere mirari. Ezkonbarria da-ta.

        —Ez diñozu guzurrik. A, oraindiño, lenengo loaren asieran egongo da, bear bada.

        —Zer darabille eurok! —esan eutsen asarrez, leen ezagutu dogun Marta eperdizabalak—. Ezbearra euki begien aurrean, eta alan ta guzti bere, maliziazko berba nasaiak ao-miiñetan.

        Asi ziran, ostera, kanpai astunak torre zaarrean eta orduan agertu ziran erriko lagunak kaleak betean, goitik eta beetik, iparraldetik eta egoetik.

        —Nun dago Anton Okaran? —dei egin eban alkateak, orduantxe kafetxetik urtenaz, zigarro galanta ezpanetan ebala.

        —Ementxe dabil, alkate jauna —erantzun eutsen albotik.

        —Datorrela neugana.

        Eta an joan ziran, ariñak arin auzoko gazte bi, Okaran-en billa.

        Anton Okaran argiña zan, eta orrez ganera, erriko su-iraungilleen nagusi zan, bonberuen buru. Ikustekoak izaten ziran, arrisku-aldirik ez zanean eta, noizean noizean plaza-inguruan egiten zituen ekiñaldi ta aprobak.Uradar ta mangerak zetan egozan jakiteko ta, sartzen zituen lurreko euren zulotxuetan. Toki egokian doi-doi zertu arte, kontuak izaten ziran; zutunik oi dagoan este-giltza edegi, giltza itxi. Edegi barriro, eta urik urteten ez. Barriren barri, burdiña-taketok euren tegitik atara, barruko boleari ikutualdiak egin. Lenengo norbaitek, urrengo besteak eta azkenez irugarren batek beste biei ukondoakaz sekulako bultzakadak egiñaz, eta onek bere, antxe aztamuka jardunaz. Eta, tira ba, ostera bere, zutunik jarri tentekoa, erroak sendoro ipiñiaz, eta orra ba, alakoren batean, asten zan uraren borbola beian, eta azkenen buruan, susmau zeitekean busti antza, lurrean zear.

        Egundoko txipirri txaparra soiñuaz asi oi zan bai, noiz edo noiz, mangera puntatik ura urteten. Baiña bai zera! Muturreko aozulotik baiño bere, edozein inguruko zulo ez-agirietatik urteten eben irristada eta zipristiñak, an begira egon oi ziran umeak pozaren pozaz jarriaz. Orduan ekien esaten erriko gizon elduak, mangera jatorraren antza barik, angulatan joateko baiaren antz andiago eukela erriko uradarrak.

        Etxe errean bizi ziran lagunik geienak kalera ziran itsumustuan. Gizon zaarkulduren bat ei egoan etxe barruan, dana uatuta egoana. Eta arexeri eskillaretan beera lagun egiteko ei ebillen gertuen, estu ta larri, Anton Okaran. Orixe iñoen, zerzeladak zeatz ekiezala uste ebenak.

        Baiña alkateak, orri, ez eritxan zuzen. Besteren batek egin egian ori, Okaranek bere zeregin nagusiagoak euki eukazan-ta.

        Eldu ziran enparauko iraungilleak bere. Iru mangera ta eskillara luze bi ekarrezan. Guztitara, bederatzi gizon ziran bonberuok. Lanbide au ez zan bakarra eurentzat, ain zuzen; bakotxaren ogipide ta jardunak zituen lanburutzat, eta orrezaz ganerakoa zan errian sortu zeitekezan suak itxungitea.

        —Etxe zaar orrek ez dauka zer salbaurik! —deadar egin eutsen alkateak—. Albokoak su artu dagien egin bear dozue alegin. Eta zuek bere bai, gizonok, tentelak ler, or begira egon bage.

        —Orixe da esateakoa, alkate jauna —ebagi eutsan Peru Lustreputx zapatariak—. Niri neuri, badaki ba, umore-miñez nabilb eti bere-ta, ez yat iñundik iñora komeni busti-antzik.

        —Ardauaren bustitasunak ez deutsu ba, agiri danez, larregizko kalte aundirik egiten, ezoa izan arren.

        Agertu zan Okaran. Gorri gorri eginda etorren, arnasea ezin biraurik.

        —Zer da, Anton? —dirautsa erriko buruak.

        —Laster atarako dabe orko agure zaarra. Zirkiñik bere, egin eziñik egoan, eta kosta yaku bere zeretik lokatutea. Oiaren inguru eukan egoaneko sua; eta oarka-barrenak garraren urre-samar eukazan.

        —Beste etxeok ez dagiela su artu. Or dago untzea, jazoa jazo.

        —Ez al da agertu gure arkitetu... jauna?

        —Kanpoan dala uste dot.

        —Emen beti bardin —erantzun eban gazte batek.

        —Zer beti bardin, gero? —zertu eutsan alkateak.

        —Utsa! Geien irabazten dabenak, ezer bear danean, ez dira errez aurkitzekoak izaten.

        —Oraingo gazteen lotsabagakeria, nabarmena da; bai bein.

        Anton, batera ta bestera begira asi zan. Antxe bear zan erriko arkitetua, nunbait bere. Baiña an ez egoan Anton baiño beste teknikurik. Gizon eta gazte batzuek bere, eskeiñi zituen euren buruan sua iraungiten lagunduteko asmoz.

        Emakumeak, eurrez etozan, bakotxak bere kankarrua edo pedarra, bai eskuetan, bai buruan erakutsirik. Urduri egozan, artega, ainbesteko sua ikusi eta ezer egiteko usteak, txakur-amesak izan zeitekezalakoan.

        Kanpaiak dinbi daban ziarduen, eta urrun egozanak, erriko teillatuetaz gain, sekulako argitasuna ikusi egien, gauaren aldera ortzean gorritasun dirdirak oartuaz.

        Etxeetako aterik asko zabal egozan, ziran giñoan; errietan, orrelako esturetan alkarri laguntzeko agertu oi dan gogo zintzoa ta bata besteaganako jaierea.

        Etxe doakabea antxiñakoa zan, eta bertan bizi ziranak jente menuxa, beargiña, lagnillea, nekazalea; txit ez-eukiak bere bai. Lagunak onik urten ezkero, ez egoan balioari begiratuaz, zer galdu aundirik. Naiz-eta, bakotxari egokionez, guztia-bearrekoen gauzak, osoro premiñagarriak izan.

        —Ba dago gure alde zer bat —iñotsan Antonek, alkateari.

        —Zer, Anton?

        —Erriko aizea dagola, egoe-aizea, andren aizea.

        Egia zan. Etxe-saillaren egoereari begiraturik, aizearen bolada erkin-samarrak, garra etxadiaren muturrerantz eroian. Arriskua, beraz, ez zan areago izango, besteak erregai izateko.

        —Baiñan, dana dala —geitu eutsan alkateak—. Etxeok, zurezko ditugu geienbat, eta berotasun aundi bage asiko litzakiguz su ta gar. Asi ba, lenbailen, etxe-ormai eta teillatuai ura parratadan botaten.

        Esatea, ez zan gatxa izan. Egitea, ostera...

        Burdin-esteak-eta sartu zituen lurreko ur-zuloetan eta teillatu-ganetik soka luzeak bota eta batzuk an, besteak etxeaurreko balkoietan, asi ziran bonberuak euren ur-odiak eskuetan, uraren zarraztadak nundik zear jaurtiko, entzuniko aginduen esanera.

        —Edegi giltzak aguro! —agindu eban alkateak.

        Giltzak edegi zituen edegi. Urik, orraitiño, ez zan mutur zilloetatik agertzen, kanpora nairik.

        —Olakorik! —oiu egin eban Okaranek arriturik—. Iturrizain alua bere, lo ete dago ba oraindiño?

        —Doala nonor Txomin Egarriren galde.

        —Neu joango naiz —jardetsi eban mutiko batek.

        —Ba al dakik nun bizi dan? —iñotsan alkateak.

        —Bai, Lepoker jauna —mutillak txarrik barik.

        —Zeeer? Alkate jaunari ezizenez aitatu berbere pertsonatasuna?

        —Ba... jauna, ez dakit nik, ba. Nik beti entzuten dot Lepoker gora, ta Lepoker beera... berorregaitik.

        —Zelan dok izena, mutil?

        —Nik izena, Nikanor... baiña Zorrizto esaten deuste danak.

        —Ba, oa aguro eure eginkizunera. Aurretiaz, ostera, eta bein ta betiko, jakin egik erri onetako alkate, Lukas Letamendi jauna doala.

        —Bai, Lepo... mendi jauna.

        Bien bitartean, ura bai ura eskatzen eben teillatuganeko bonberuak eta baita balkoietan egozanak bere; ura gizonak, ura emakumeak, ura gazteak... Txomin Egarri, erriko ur-arduradunak ezik.

 

aurrekoa hurrengoa