www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Frantzisko Asiskoaren bizitza
Manuel Antonio Antia
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita San Franzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia (Ainhoa Beolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1996

 

aurrekoa hurrengoa

Amaikagarren Bereziera

San Franziskoren itzulera Italiara. Gubbioko otsoa.

Irugarren Batzarre guzienkikoa. Frai Elias. Frai Juan Strachia.

(1220-1221)

 

        San Franzisko Sirian eta Palestinan zebillen bitartean, joan zizaion Italiatik Frai Esteban esatera frai Eliasen asmoa zala Ordena ondatzea ez bazan, beintzat jartzen zituen gauza berriakiñ, mudatzea. Santua laister ontzian sartu zan Europara etortzeko, baña gaitza aundia bazan ere, ezer erabaki baño len itxedon nai izan zuen alik eta bildu zedin bitartean Batzarre guzienkikoa Porziunkulan San Migel Goi aingeruaren egunean. Bitartean pensatu zuen bisitatzea Boloniako konbentua, bere lenbiziko jarraile Bernardo Kintabalek zortzi urte lenago jarria. Ara zijoala predikatu zuen Lonbardiako erri batzuetan, au da, Paduan, Bergamon, Breschian, Mantuan, Kremonan eta beste batzuetan, nun, oi bezela, jarri zuen berriro pakea, eta utzi bere Ordenako etxe berriak.

        Kremonan billatu zuen Santo Domingo, billatze au izan zan bi fundatzalleentzat Jaungoikoak lurrean eman zien konsuelo gozoenetakoa. Itz egin zuten Jaungoikoaren ontasunaren gañean, zeiñ oñ onean arkitzen ziran beren Ordena bakoitza, eta Kalbarioko Jaungoikoaganonz jendeengan ikusten zan mugida. Millagro batekiñ bukatu zan elkar ikuste atsegiñgarri ura. Aek zeuden konbentuko fraideak (fraide txikienetakoa zan) erregutu zien bi fundatzalleai bedeinkatu zezatela ur loi eta osasunerako txarra zeukan putzu bat. Bi adiskideak begiratu zioten elkarri, erantzuteko batak besteari konbidatzeko zorian bezela, eta azkenean Santo Domingok esan zien fraideai: «Ura aterata ekarri zaguzute». Juan ziran ontziarekin, eta ekarri zutenean, Santo Domingok esan zion San Franziskori: «Aita, ur au bedeinka ezazu Jainkoaren izenean». «Ez, erantzun zion San Franziskok, bedeinka ezazu zerorrek, bada zera ni baño aundiagoa». Une batzuek igaro zituen leia santu onetan, eta azkenik Domingok, Franziskoren umilltasunak bentzuturik, bedeinkatu zuen ontziko ura, aginduaz bota zezatela putzura, eta geroztik eta betiko ango ura geratu zan osasungarria.

        Kremonatik joan zan Franzisko Boloniara. Birtute aundikotzat zeuzkan Boloniatarrak Bernardok itzkribatu zion eskero (1212): «Dana ongi prestatua dago Bolonian, baña bialdu zadazu beste erlijioso bat nere ordez, zeren ez det uste emen on aundirik egiterik, kontrara, beldur naiz nere anima galduko ote dedan, anbesteraño onratzen naute». Ala ere, etzitzaion iruditu alako arrera bitorea egingo ziotenik. Uriko biztanle guziak atera zitzaizkan bidera, bazijoakielazko berria artu zuten beziñ laister. Estudianteak eta irakasleak, aberatsak eta pobreak, danok nai zuten Santua ikusi, beraren itza aditu eta bedeinkazioa artu. Eman zioten lagun talde amorezkoa izan zan egundaño ez enperadore eta erregeak izan ez duen modukoa, nekez bederik iritxi zan Jauregiko plazara, an predikatu zuen alako eran, non zirudian gizonari baño obeto aditzen zitzaiola serafiñ bati. Gañerakoan, ona emen ikusitako batek dionez, Santuaren presenziak eta itzak jendeetan egiñ zuen mugida: «Nik, Tomas, Spalatroko biztanle eta ango Eleiz Katedraleko arzedianoak diot, ezen, Bolonian estudiatzen nengoela 1220ko urtean, Ama Birjiña zerura altxatua izan zaneko egunian aditu niola San Franziskori predikatzen uriko plazan, nora bildu ziran bertako biztanle geienak. Itzaldia partitu zuen era onetan: Aingeruak, gizonak, deabruak eta kreatura zentzudun oen gañean itz egiñ zuen aiñ egokiro, non aditzen zioten jakintsuak arritzen ziran ikustean gizon senzillo batek usatu zezala itzkuntz aiñ ederra. Etzuen predikatu beste predikariak oi duten eran, ezbada guzia biurtu zuen puntu onetara, aserreak eta bendeku naiak desegitera, eta pakea eta ongundea jartzera erritarretan. Aren jantzia zan txarra eta bastoa, gorputza zuen txikia eta arpegia ubel morea; baña Jaungoikoak alako birtutea ematen zien aren itzai, non asko zaldun elkar eziñ ikusirik eta gorrotoan zeudenak eta beren itsumenean odolik asko ixuri zutenak, adiskidatu ziran jendeen aurrean. Santuari jendeak zioten kariño eta jaiera anbesterañokoak ziran non presaka zijoazen San Franzisko ikustera, eta kontatzen ziran zorionekotzat abituaren kordoiari ukitzen ziotenak».

        Spalatroko arzedianoak kontatzen ditu ondorean gure Santuak egindako mirariak. Boloniatarrak biurtu ziran kristau fedeko jardueratara, askok artu zuten penitenziako abitua (ezagungarria), besteren artean Nikolas Pepoli, uri onetako konbentua erregalatu zuenak, Boniziok eta bi estudiante gazteak, Pelegrinok eta Rojer Modenakoak. Franziskok egin zituen millagro asko, aur bati itzuli zion ikustea, aren gañean gurutzearen siñalea egiñaz, sendatu zuen beste bat biotzeko miña egiten zizaiona, bular gañean jarriaz larru-orri bat, zeñean izkribatu zuen orazio bat. Sendatutako oek biak, denborarekiñ sartu ziran fraile Ordena onetan.

        Begizko testigu batek egiñdako kondairatik artu ditugun errenkara oek agertzen eta markatzen dute argiro denbora aetako gaitz aundia, eta sendatzeko Probidenziak bialtzen zien erremedioa. Denbora ura zan Federiko bigarrenaren eta Ezelino odolgiroarena, Ugolinoren kastigua eta Bisperas Sizilianas ikusi bear zuten eunkia. Elkar eziñ ikusiak, familiak familiakiñ eta erriak erriakiñ zerabiltzkiten iskamilla eta odol ixurtzerañoko despitak ziran Europa eta batezere Italia galdua zeukaten miñbizia, eta gizonen jakinduria eta alegiñak sendatu eziñ zutena. Orduan sartu zan bitarteko Jainko Erredimitzallearen Probidenzia miragarria, eta auturik gizon bat bere asmo miserikordiazkoen gaitzat, altxa zuen beste gizonaz gañ, armatu zuen bere almen kabugabearekiñ, eta ixilduerazi zituen jendeak aren aurrean. Ona emen itz bietan adierazirik Franziskok egiñ zuen lana eta bere apostolutzaren muga. Etzuen agertu besterik egiten, eta aren arpegi penitenziak ziurtatua ikustea asko zan, biotzik gogorrenak samurtzeko. Predikatzen zuen pakea, au guziai adierazten zien, eta bere inguruan nun nai zabaltzen zuen, eguzkiak argia eta loreak usai gozoa bezela. Jaungoikoak itz egiten zien biotzetara, serbitzariak belarrietara itz egiten zien bitartean, eta, gauza arrigarria! griñak ixiltzen ziran, gorrotoak itzaltzen ziran; Jaungoikoaren eta gizonenganako amorioa, beti elkarrekin daudenak, piztutzen ziran gizonen biotzetan; eta pakea, errietako ondasunik aundien au arkitzen zan indartsu jendeen artean, gorputz biziaren zañetan odola bezela.

        Franzisko, Boloniako jendea despediturik, joan zan bere agur-menekioak, Aita Santuaren Ordezko edo Bialdu orduan Lonbardian zegoen Ugolino Kardenalari egitera, eta au egiñ ondorean itzuli zan bere Ordenako fraideak zeukaten Santa Cruzko konbentura. O zenbat arritu zan ikusi zuenean konbentu aiñ eder eta galanta! Are eta pena geiago sentitu zuen jakindu zuenean Juan Strakkia Boloniako probinzialak para zituela bertan aren berri gabe Teolojiako eta Itzkira Sagraduko eskolak. Aserraturik Ordenako Erregla orrela ausi zalako, gogorki errietan eman zion: «Zer! esan zion, au da Ebanjelioko beartsuen bizilekua? Erlijioso txikienak jauregietan bizi bear al dute? Konbentu au ez det ezagutzen nere Ordenako etxetzat, ez eta ere nere anaiatzat bertan bizi diranak, eta ala, obedienzia santuaren izenean agintzen dizuet, berealaxe emendik irten zaiteztela». Obeditu zioten erlijiosoak itzik trukatu gabe, baita gaizki zeudenak ere, zeintzuen artean arkitzen zan frai Leon pasarte au kontatzen duena, eta eraman zituzten beste toki batera. Baña onetan zeudela joan zan Ugolino Kardenala, Santuari itz egiñ zion eta palakatu zuen. Eta gero esan zion: «Ar dezakezu etxe ori batere eskrupulo gabe. Gaxoak aire ta toki geiago bear dute; jabedasunari dagokanez, beti izango da emallearena eta Erromako Eleiza Santuarena». Konsellu au zan zentzu aundikoa, eta Franziskok artu zuen bere eskrupuloak itoaz, eta legausle damutuai barkatuaz, zeñai eman zien konbentura itzultzeko baimena. Berak ordea etzuen nai izan gaba pasa an, eta zerbait deskantsu artzera joan zan Dominikoenera, emandako ikasbidea protxuzkoa izan zediñ. «Legea austeko serbitzen duen barkamena ez litzake izango biguñtasuna, ezpada gaiztorako laguntza, zion, eta ni emen egonarekiñ ez det ontzat eman nai pobrezaren kontra egin dan utsegitea». Teolojiako eskola itxi zuen, debekatuaz Probinzialari, aren baimen bage berriz irikitzea.

        Biaramonean, munduan geiago ikusiko etzuen bere adiskide Santo Domingori agur egiñik, abiatu zan Asisa, an egin bear zan Batzarre guzienkikoan buru egitera. Emen bukatzen da egiaz, Santu fundatzallearen Apostolu bizitza, ez da geiago irtengo konbentutik bere gaitzakgatik, eta munduko deserri onetan oraindik geratzen zaizkan urte gitxiak igaroko ditu orazioan, Ordenako gauzai kontu egiten eta sufrimentuan. Eta orain gogoratzen zaigu beraren predikuen kondaira bukatzeko modurik onena degula kontatzea Gubbioko otsoarena, nun ikusten diran denbora artako oiturak berez ziran bezela, eta Santu mirarigillearen ontasun errukitsua.

        Gubbio, Unbriako uri txikia dago Asisko ipar aldean Apeninoko aldapan, Kalbo mendiaren arkaitz tarteko sarrera estuan. Gure Santua Gubbiotik igaro zan denboran, bertako jendeak osoro ikaratuak zeuzkan otsotzar, kalte izugarriak egiten ziozkaten batek. Etzien aberiai bakarrik erasotzen, aurrak eta persona larriak ere irentsitzen zituen, eta ala biztanle guziak zeuden izutuak, eta etziran benturatzen murruz kanpora arma gabe irtetera. Santuak, jende aezaz kupiturik, erabaki zuen otsoaren billa joatea. Igo zan mendira batere bildur gabe Jaungoikoagan konfianza jarrita, eta jendeak urrutitik bildurrez zerraikiola, joan zan otsoaren etzategiraño. Otsoak ikusi zuenean bere burua zeukan deskantsuan nastutzen zutela, eraso zion batetan San Franziskori bere ao aundia zabal zabal eginda. Santua ere joan zan arengana, egiñ zion gurutzearen siñalea, deitu eta esan zion itz eztitsuakiñ: «Atozkit, otso anaia. Baña Kristoren izenean agiñtzen dizut ez zadazula gaitzik egiñ, ez niri eta ez beste iñori». Berealaxe otsoa geratu zan, aoa itxi, eta arkumearen gisan joan zan Santuaren oñetan etzatera. «Otso anaia, esan zion berriz San Franziskok, zuk egiñ dituzu gaiztakeri aundiak, bada zure antzeko aberiak ezezik ill dituzu Jaungoikoaren antz irudira egiñdako gizonak ere. Iltzea merezi dezu! danok zugatik gaizki esaka daude, eta egin zera ikaragarria inguru oetako jendeentzat. Badakit gaiztakeria oek guziak, goseak erakarri dizkitzula; baña agiñtzen badidazu gaurdandik gaitz gabeko bizitza egingo dezula, inguru oetako jendeak barkatuko dizkitzute oraindañoko txarkeriak, eta bai eman ere, aurrera bizitzeko bear dezuna. Artzen dituzu kondizio oek?». Eta otsoak, burua makurturik, adierazi zuen, ontzat artzen zituela.

        Orduan Franzisko, otsoa lagun zuela itzuli zan uri aldera, bada segitzen zion txakurrak nagusiari bezela; eta nola jende guzia bildu baizan plazara lanze aiñ arrigarria ikustera, San Franziskok, arri baten gañera igota itz egiñ zien era onetan: «Ene anaiak, Jaungoikoak gure pekatuen kastigurako meatxatu gaitu peligro aundi onekin, eta pensa ezazute, ezen, gorputza bakarrik ill dezakean otsoaren au idikia ikustea asko izan badezute osotoro ikaratzeko, are eta geiago ikaratu bear zaituztela infernua deitzen dan oxiñak, bere mendeko guziak betiko irentsitzen dituenak. Ah! Biurtu zaitezte onera, egiñ penitenzia, eta orduan libratuko zaituzte Jaungoikoak otsoen arrabitik ezezik, beste munduko betiko garretatik ere». Itzaldi onen ondoren Santuak galdetu zien erriko buruai eta biztanleai, ea ontzat ematen zuten otsoari jarri zion kondizioa; au da, bera mantentzeko obligazioa, gauzai eta personai gaitzik ez egitearen ordañez. Danok batetan baiezkoa eman zuten, eta otsoak bere agindua indartzeko, jarri zuen bere atzaparra San Franziskoren eskuan; au ikusirik, jendea pozaren pozez erotua zirudian, itxasoaren marru gisako uju eta txaloak ateratzen ziran guzien aotatik, alik eta jendetza ura guzia asi zan alde egiten geldika geldika, bedeinkatuaz Jaungoikoa, bialdu zielako San Franzisko, otso odolzale aren gogortasunetik libratzera. Otsoa bizitu zan geroz beste bi urtean, ibiliaz atez ate etxekoa bezela, eta sartuaz toki guzietan iñori gaitzik ez berak, eta ez berari egiñ gabe. Denok ematen zioten pozik mantentzeko bear zuena, eta beñere etzioten zaunkarik egiñ Gubbioko zakurrak uriko karriketan zebillela ikusten zutenean. Azkenik, andik bi urtera otso anaia ill zan zarrez, eta Gubbiotarrak sentitu zuten txit, zergatik ikusten zutenean arkume mansoaren gisan uriko karrikak pasatzen, gogoratzen zituzten zorionez Unbriako mirarigille ospatsuaren santutasun eta millagroak.

        Ala agertzen zagu erlijioso txikienen fundatzalle aundia jendeak beragana erakartzen, pistien gogortasuna eta gizonen sumiña ezitzen, eta guziak odol ixurtzeari izua eta pakeari amorioa izateko zaleerazotzen. Ez naiz arritzen bere itzarekiñ Gubbioko otsoaren gurari makurrak menderatzeaz, ikusten degunean berarekin beste indar gabe desarmatu zuela Italiako jendearen bendeku-naia, beñere barkatzen eztuena. Urte bete baño geixeago kanpoan igarota itzuli zan Aingerueneko Ama Birjinaren bere konbentu maitera San Migel Aingeruaren pesta aurrean (1220). Bazegoen bera an egotearen premia, eta biziro nai zuten bere aurreneko amabi jarraileak.

        Frai Elias aprobetxatu zan bere aginte Buru nagusi ordekotzaz lege berriak jartzeko. Teologo merezimentu aundikoa, gizon argi eta irmotasunezkoa, zan denbora berean pake ausle eta aundinaiekoa, bere abitupean kabugabeko arrokeria gordea zeukana, agindu zuen egunoroko abstinenzia edo arrai eta koipe gauza ez nastutzea, eta sartu jazkeran lujoa. Fundatzalle santuari bere sarrera solemnea Porziunkulan egiñ zuenean Frai Elias irten zizaion bidera bere praideen aurrean.

        Ikusi utsarekiñ edozeñek ezagutuko zuen. Zeukan oialezko abitua besteak baño piñagoa, kaputxoa aundiagoa, mauka zabalagoak eta ibillera airosoago eta arroagoa; baña Franziskok arturik argibidetzat Ebanjelioko konsellu au, ez austeko kanabel okertua, eta ez itzaltzeko oraindik kea zabaltzen duen illatia, egiñ zuen modua ikusi zezan berberak bere antustearen farragarrikeria. «Anai Elias, esan zion gau batean fraide guzien aurrean, indazu zure abitu ori, gero biurtzeko». Nola etzeukan ukatzeko biotzik, erantzi eta eman zion San Franziskori. Onek bere abitu urratuaren gañean jantzi zuen, lotu zuen graziaz, burua altxa, bularra aurreratu eta eskuak gerrian parata egin zuen jira bat jantegian esanaz laguntzallearen eran: «Jaungoikoak gorde zaitzatela, jende onak». Gero aserre bizian erantzita bota zuen beragandik urruti frai Eliasen jantzi erosoa, zuzenduaz berari itz oek: «Orra, nola dabiltzan gure Ordenako anaia bortak». Ondorean artu zuen bere betiko aire modesto eta senzilloa, eman zituen pauso batzuek an zeudenen aurrean, eta esan zien: «Orra nola dabiltzan Erlijioso txikien egiazkoak». Frai Elias lotsatua geratu zan, ez ordea osoro konbertitua.

        Astinenziako legea, edo aragia jateko debekua, andik denbora gitxira kendu zuen San Franziskok berak, Bernardo Bessek kontatzen duen zeruko ikusketa bat zala bide. Santua orazioan arrobaturik Porziunkularen aldameneko basoan zegoen bitartean, joan zan konbentura arrotz gazte eder bat, eta atea jorik, galdetu zuen frai Eliasengatik, eta onek etzuen jetxi nai izan. Masseo, orduan atezai zegoenak etzekien nola eman arrotzari erantzuera aiñ samiña, baña onek parra irria egiñaz, esan zion: «Guzia badakit, eta erregutzen dizut zoazela San Franziskoren billa, agiñdu dezaion datorrela neri itz egitera». Masseo joan zan bereala basora eta an billatu zuen doatsua osoro kordebagetua eta besoak zeruronz altxaturik. «Esaiozu frai Eliasi, esan zion Santuak, zeukan postura aldatu gabe, nik agintzen diodala eta gazte orri itz egiñ dezaiola». Frai Eliasek obeditu bear izan zion, baña egiñ zuen gogoaren kontra eta marmarretan. «Natorkizu galdetzera, esan zion biguñki gazte arrotzak, ea Ebanjelioko konselluak gordetzea legetzat daukatenak, gorde bear duten edo ez onako au: Jan ezazute ematen zatzutenetik». «Zoaz zere bidean, erantzun zion frai Eliasek, bada zure esanari ez daukat zer erantzunik». Eta muxindurik, itxi zion atea purrustaka; baña bereala damuturik, itzuli zan bere burua garbitzeko, etzuen ordea iñor ikusi. Franziskok jakiñik Jesu Kristo gure Jaunagandik, galai eder ura zala aingerua, aurpegira eman zion bere portaera txarra, esanaz: «Ene seme, orrela artzen dezu aingeruen bisita? Bildur naiz, zure antuste ori dala bide ez dezazula merezi gure Ordena umillean egotea». Eta au esanda, alde egin zuen.

        Urrengo urtean berriztatu zion meatxa edo amenazo ori bera, baña orduan profezi edo somaketa garbi eta egiazkoaren moduan. Ona nola kontatzen duen San Antoninok gertaera au. Franzisko zebillen igesi bezela frai Elias topatu, ikusi edo ez itz egiteagatik. Eliasek au barruntatu zuen, eta sospitxaturik misterioren bat, joan zan Santua billatzera, eta nola onek alde egiñ nai baizion, aurreratu zizaion, eta abituaren ertzetik eldurik, esan zion itz naigabetuakiñ: «Ene Aita, zergatik ies egiten dezu orrela nigandik? Arren, itz egiñ zadazu». «Ez dizut ezer ere gordeko, ene seme, Santuak esan zion. Aditu Jaungoikoak zer agertu didan. Pixuan jarria izan zera, eta ariñegia arkitu zera. Autsiko dituzu botoak, eta zure gaiztakerien kastiguz, Ordenatik kanpora ill, eta kondenatuko zera». «Jaungoiko Santua! deadar egin zuen frai Eliasek, au etorkizun tristea! ez nazazula orregatik aldendu zure aurretik, kontrara, zoaz korrika ardi galduaren billa, eta ekarri ezazu bizkarrean gure Salbatzalleak bezela. Erregutu ezazu nigatik Jaungoikoak madarikatu ez nazan, zergatik izkribatua dago Jaungoikoak aldatzen dituela bere erabakdeak pekatariak zuzentzen dituenean bere utsegiteak». Frai Elias zegoen belauniko, egoera umillean, eta itz egiten zuen negarrez eta suspirioz.

        Franziskok maite zuen, eta agindu zion erregutuko zuela beragatik. Alde egiñ zuen bakartasun aundienera Jaungoikoarekin bakarrik itz egiteko, eta iru egun orazio eta penitenzia latzenetan igaro ondorean itzulita esan zion frai Eliasi: «Jaungoikoak desegin du zure kontra emanik zeukan kondenazioko sentenzia. Ala zure anima libratuko da infernuko neke-oñazeetatik; zure antustearen kastiguz ordea, illko zera Ordenatik kanpora». Gero ikusi zan, aurrez-esan au alaxe gertatu zala.

        Lenbiziko aldian Gregorio IXgarrenak kargua kendurik 1230.an San Antonio Paduako eta Adan Marisko bezelako gizonen erreguz, buruzai nagusi 1236an berriz egiñik, eta ostera Aita Santu berak 1239an kargugabeturik bere gogortasun eta bidegabekeria jakiñakgatik (batez ere Zesareo Spirakoaren kontra), frai Elias joan zan Kortonara bere lotsa ezkutatzera, sortu zituen an milla naspilla, joan zan orduan Aita Santuarekiñ gerran zegoen Federiko IIgarren alderdira, utzi zuen Ordenako abitua 1244.an eta eskumikatu zuen Inozenzio IVgarrenak. Gaitz batek gera erazi zion gaiztakeriako bidean; eskatu zuen barkazioa Ordenako bi erlijiosoen aurrean; eta bere Aita doatsuaren erregu eta merezimentuen bidez, izandu zuen denbora ill baño len gañean zeukan eskumikua kentzeko, eta artzeko San Franziskoren seme leial bategandik bere pekatuen barkazioa (1253). Zeiñ zorionekoa izango zan fundatzalle santuaren konsellu eta gaztiguak ondo aditu izan bazituen!

        Elias izan zan griña txit bizizko gizon aetako bat, eta ala ez da erraz beraren juzgu zuzena egiten. Anziñako kondairatzalle Franziskoarrak azaldu zituzten garbiro bere utsegiteak, eta zeuzkatzian doai onak alde batera utzirik, kondenatu dute aren oroipena; oraingo denboretako batzuek ordea, San Antoninoren pasarte alabantzazko batzuetatik bidea arturik, berriz oñ onean para nai dute. Ematera guaz, bada, gu ere, gure iritzia, eta emango degu alde batera bestera baño geiago makurtu gabe.

        Ala bere aldekoak nola kontrakoak aitor dute zala entendimentu txit argikoa, jakintsuna eta itztun ederra, biotz indartsu eta berearekiñ irten naiekoa, eta eginkizunen gobernu eta zuzenbiderako egokia eta artarakoa. Emendik kontu ateratzen degu Jaungoikoagandik artu zuela egiñbide aundi bat, au da, San Franziskoren obra jarraituaz, zuzentzekoa. Nola berez artarako aproposa zan, kunplitu izan bazuen distiatuko zuen Franziskoarren artean San Franziskok eta San Buenabenturak bezela. Santu izatea faltatu zizaion. Erantzunik gaizki Jainkoaren deiari, autsirik juramentu sagraduenak, izan zan Jaungoikoak botia, bere anaiak gaizki ikusia eta Aita Santuak gaizki artua.

        Alaz guziaz ere, laister ikusiko degu nola Jaungoikoak berak señalatzen duen frai Elias gure Santuak esleitu dezan. Eta ez bedi orrezaz iñor arritu. Jainkoaren asmo ezkutatuak azaldu nai gabe, iruditzen zaigu gertaera onekin probatu nai ziela denbora guziai, ezen, San Franziskoren Ordenan, gizonen obra guzietan bezela, zeruko gauzak lurrekoakiñ nastutzen dirala, Jaungoikoak iñoren bearrik ez duela, eta bere obrai eusteko bera asko dala agintari batzuen eta mundu gaiztoaren damuz bederik.

        Ala bear zorionez, frai Elias bide onetik alde egiten asi zan ordu eta unean jaio zan Toskanan aur bat, ari bere lanbide Jainkozkoan ordaiñdu bear ziona; eta abitua utzi zuen orduan (1244) Buenabenturak (au zan aur bedeinkatuaren izena) bukatzen zuen bere bedoitera edo nobiziadua San Franziskoren ordenan. Ala betetzen ziran Jaungoikoaren asmoak. Beraren miserikordiak darraika gizonai, eta oek beren utsegiteakin ez dute beraren Probidenziaren bitartekotasuna obeto azaltzea baizik egiten. Frai Elias, aunditasun eta txarkeriaren, arrokeria eta jakinduriaren nasketa, da gure iritzian, denbora aetako gizon sonatuenetako bat. Geienean ikusten degu bere erlijiosoen buruzai, Santa Klararen alabak dakarkiote estimazio berezi bat, eta, gauza are arrigarrigoa! Franziskok berak ematen dio eriotzako orduan bere bedeinkazioa, azkeneko ordurako Jaunak gordetzen zionaren prenda izango zana.

        Apropos kontatu ditugu gertaerak zerbait lenxeago. Nai genduen probatu gure iritzia frai Eliasen jenio, griña eta utsegiteen gañean, azalduaz denbora berean Jaungoikoaren Probidenzia mundua indarrez eta gozoro gobernatzean, eta nola gure Aita doatsua zegoen ornitua gauzak alde aurrez somatzeko edo profeziaren doaiarekiñ. Eta orain gure irakurleai puntu oek adierazi dieztegun ezkero, darraiogun kondairaren albañuari.

        San Migel Goi aingeruaren pesta baño egun batzuek lenago, izan zuen ikusketa bat mugida aundia egiñ ziona. Ikusi zuen zentoi guziz aundi bat, urrezko burua, besoak zillarrezkoak, zankoak bronzezkoak eta oñak lurrezkoak zeuzkana; eta ezagutu zuen ark adierazten zituela San Franziskoren familiaren denbora aldi banaak; eta geroenean izango zituen lasaitasunak. Oraindik mugida au biotzean zeukala eta Ordena aurreneko edertasunean gordetzeko deseoarekin, bildu zuen irugarren Batzarre guzienkikoa 1220ko agorrillaren 29an. Artu zituen neurri bi, azaletik gogorregiak ziruditenak, baña egiaz zuzenak ziranak. Aurrenekoa izan zan Frai Eliasi kargua kentzea, eta bigarrena, beti bijilia egiteko ark jarritako legea altxatzea. Aurrerago pasa zan Juan Strakkiarekin, zeñak izan zuen Bolonian berriro Teolojiako eskola idikitzeko ausardia, santuak garbiro debekatu bazion ere. Etzan kontentatu Probinzial kargua kentzearekiñ, bada zeruko argiz ezaguturik zeñen gogortua zeukan biotza, madarikatu zuen jendeen aurrean. Madarikazioa aditu zioten erlijiosoak ikaraturik alperrik erregutu zioten erretiratu zezala eskumikua. «Ezin det, erantzun zien, zeren ezin bedeinkatu dezakean Jaungoikoak madarikatu duena». Gauza negargarria! Strakkia doakabea gogortu zan bere seta gaiztoan, eta andik laister ill zan deadarka ziola: «Kondenatua nago, madarikatua, beti betiko!».

        Franzisko, berez aiñ manso eta maitagarria zana, azaldu zan gogor mugaldi triste oetan guzietan. Etzeukan eskubidea oitura txarrak kentzeko, eta Ordenako arbol misteriosoan azaltzen ziran adar txar eta kaltegarriak ebakitzeko? Bere buruzaitzako egiñ bearrak bete zituenean, bere biotz kupitutik atera ziran itz biguñak bere erlijiosoentzat, eta zentzu aundiko konselluak jakintza eta predikazioaren gañean: «Ene semeak, esan zien, eztago Jaungoikoaren itzaren egiñkizuna bezelakorik; predikariai zor diegu gure errespeto eta esker ona; alabaña berak dira lurreko gatza, munduko argia eta deabruaren kontrarioak. Gloria bada zeruko egiak gustatzen, eta besteai ar erazitzen dienai, guzien Juezagandik artuko dutelako beren nekearen saria! Zorigaiztokoak ordea, beren irabazia bakarrik billatzen dutenak, edo beren irabaziakin arrotzen diranak edo birtute-iristen enpleatu bear lutekean denbora alperrikako jakiñ naiean enpleatzen dutenak! Azken juizioko egun aundi artan ez dute eramango beren eskuetan lotsa eta oñazezko gabillak baizik, eta aek baño lenagokoa izango da santutasunean bizitu dan lego senzillo bat, eta Jaungoikoak emango dio gloria, besteak beragandik botatzen dituen bitartean Testamentu Zarrean esana dagoen bezela: Legorra zana arkitu da aur askoren ama, eta ondorengo asko zituena laguntza gabe (I Reg. II). Andre legorra da, erakusteko egiñkizunik egundaño izan etzuen fraide umillaren irudia, eta ala ere arkituko da bere orazioakiñ salbatu zituen anima askoren guraso egiñik. Ondorengo asko zituenak adierazten digute predikari iztun ederrekoak, zerurako anima asko sortu zituztela uste eta azkeneko egunean, berenak ez dirala ezagutuko dutenak. Beragatik, ez dezazutela aztu: naiago ditut nik deboziozko gizonak, jakintsuak baño. Ez ezazute utzi orazioa estudioagatik motibo gabe, eta ez ari estudioan ere jakiñ nai utsagatik; kontrara, ikasi ezazute obeto bizitzeagatik, eta zuen jarraikaiakiñ birtutearen bidea besteai erakusteagatik. Itz batean, izan zaitezte Ebanjelioaren jarraile egiazkoak, ikasi orazioan agirian erakutsi bear dezutena, atereaz bertatik alaitu bear zaituzten sugarra; saia zaitezte batez ere umiltasun eta obedienzian; etzaitezte fiatu zuen estaduaren goiendean, eta zaute ernai deabruaren tretaen kontra. Nork kontatu al ditzake zenbat diran berak galdu dituenak? Bera izan zan desobedienziazko bandera lenbizi altxa zuena, arrastatuaz bere erorketan zeruko aingeruen irugarren partea. Berak bota zituen Paraisotik gure aurreneko gurasoak ondorengo guziakiñ. Berak artzetu zituen Apostoloak, garia galbaian bezela, eta badakizute zer iritxi zuen. Aetako batek bere Maixua saldu zuen, besteak ukatu, eta danok iges egiñ zioten. Zaute bada ernai eta orazio egizute, zuen bokazioko santutasunetik erortzea nai ez badezute.

        Batzarrearen azkeneko egonaldian San Franziskok itz egin zien onela bere anaiai: «Gaurdanik illa nago zuentzat. Ona emen zuen buruzaia, Pedro Katanio. Berari obedituko diogu zuek eta nik, guziok». Eta Pedro Katanioren aurrean belaunikaturik agindu zion errespetatu eta obedituko ziola gauza guzietan, Ordenako Buruzai nagusiari bezela. Ondoren, oraindik belauniko zegoela, eskuak bildurik, begiak zeruronz begira eta malkoak zeriozkala, egiñ zuen otoitz au itzik biguñenakiñ: «Nere Jesu Kristo Jauna, gomendatzen dizut zure familiau, gaurdaño nere kontura utzi didazuna. Badakizu nere gaitzak ez didatela utzitzen aurrera gobernatzen, argatik uzten det Ministro Generalen eskuetan. Gertatuko balitz oen zabarkeriaz, edo bizitza gaiztoz edo gogortasun geiegiz erlijiosoren bat galtzea, Jauna, eman bearko dizute kontua juizioko egunean». Fundatzalle santuak asmo au artu zuen, ez bakarrik erretiroan bizitzeko zeukan zale aundiagatik, ezpada egunetik egunera azitzen zijoazkion gaitzakgatik, alabaña boza anbesteraño auldu zizaion, non ozta aditu zitekean. Ala ere erlijiosoak aren utziera artu zuten kondizio batzuekiñ, ala, bere guardianaren mendean egon bear bazuen ere, beti gordeko zituela Ministro Generalaren titulu eta eskubideak, eta bera bizi zan bitartean, ondorengoak etzutela artuko Ordezko generalaren izena baizik. Laister aurkitu zan Franzisko Ordenako eginkizunetan sartu bearrean, zeren Pedro Kataniok, nola baizan jenio biguñegikoa, arkitu zuen larriegia bere indarrentzat Ordenaren gobernua, eta ala utzi zuen urrengo urteko (1221) Pazkoa Espiritu Santukoetako Batzarrean, eta Franzisko, Jaungoikoaren aginte menetakoaren bidez, beartu zan jartzera ostera frai Elias sonatua Ordezko Generalaren karguan.

        Zesareo Spira, jakinduria aundiko gizona, Eliasen gauza berri zaleen griñai bildur zizaiona, Aita doatsuarenganaturik, itz egiñ zion luzaro bere animaren estaduaren eta Erreglako puntu batzuen gañean. «Ene aita, esan zion alde egiñ baño len, artu det asmo sendo sendoa Jaungoikoaren graziarekin gordetzeko nere atzeneko asnaseraño Ebanjelio Santua eta gure Erregla, baña mesede bat eskatu bear dizut, eta esango det garbi zer dan. Gertatuko balitz Erlijiosen batzuek Erregla utsegitea, iritxi zadazu bertatik zure bendizioa, oetatik alde egiñik, bildu nadiñ erlijioso leialen taldearekin». Itz oek aditzean Franzisko txit poztu zan, laztandu eta bedeinkatu zuen, eta buruan eskuak ipinita itz egiñ zion onela: «Jakizu, ene seme, zure eskaria aditua izan dala, Melkisedeken Ordenaren eran zera apaiz betikotasun guzirako».

        Zesareo Spirako au izan zan San Antonio Paduakoarekiñ batean frai Eliasen kontrariorik pizkorrena.

 

aurrekoa hurrengoa