www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Usauri
Augustin Anabitarte
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
ESKARATZ-ATEAN

 

        Egun artako arrats arekin bukatzen ziran Usauriko jaiak. Bigarren egunak ez zuan zer ikusi berririk. Eguerdi arteko pelotaka ezik, gañerako guztia berdintsu zijoakean.

        Eguerdi artean pelota-partidua izan zan, bada, ta ez txarrenetakoa: bi naparrek bi gipuzkoarren kontra. Martinek bost pesetakoa galdu naparren aldez. Ajola zion!

        Bazkalondoz lengo irrimarrua orain ere, lengo ibiltze nastua. Eguzkia, berbera. Edozein gurdik —tarranta, zadizkoa bazan— autsa arrotu ta eguzkitan zuri-zuri eginda «Tukulu» ta «Gaztiene»ko maietaraño zabaltzen zan. Geroxeago, enparantzan, lañoa gañean egon oi dan bezela, an ere autsa gogotik. Batzuk ara-onera, besteak zuri-neri, urrenak egon; ibiltzeko bide zuzenik ez, batean alboan jo, bestean sudurrak burua topatu; erritarrak eta erbestekoak sare bat egiñik zeuden. Ikuste orreri erantzi dezaiogun entzutea: arako txintxarri saltzalea, beti bateko barkilleroa, aztu eziñeko pilarmonika, gogo on eta gogo txarreko irrikarkarak, ajolagabeen ojuak eta ardura gutxiko pelota-ikusleen atzerakakoak.

        Baño gatozen gure arira. Oraintxe Martinen arloa kokotzaratu zaigu ta naiz gero gauzak txandaka esan, esagun zer gertatu zitzaion arratsaldean Mireleri buruz.

        Egia esateko Martin ez zegoan orren larri bigarren taloa jateko. Lenbizikoa ondo txegosi baño lenago bigarrenak gaitz egingo ote lioken. Goizekoa xamurra ta goxoa izan zitzaion. Oraindik ezpañak ondo igurtziez. Arratsaldea nekezago etorri zedin nai, ez orren aguro, aboko sapai asetua luzaro iraun zezaion. Orrez gañera neskarengana berriro joateko zer nolako izketa erabilli pentsatu egin bear eta naiz iturri ondoan adiskidetu, berriro kemenak saiatu bearko zituan alderatuko bazitzaion. Neskaen arlo oriek ez omen dira bat-batean, banoan, irabazi litezkeanak.

        Ori bada, ta urrengo topoa gaizki ateratzen bazitzaion, taloaren atzetik ospiña. Lendik ere ikasia zegoan, gauza bat iruditu ta bestea izaki; eldua uste, gazia jan. Emagun ez bero, ez otz, axaletik artzen zuala; goizeko ona aztu ta arratsaldeko utsa bururatu.

        Gauzak berak nai bezela gertatuta ere askoz geituko al zioten bere zoriona? Berak nai bezela gertatuz geroz... bai, ta sudurraren puntari azka ari zitzaion. Berak nai guztia iritxita noski!

        Ta gañera beste gauza bat gerta lezaiokean. Bear ez danean agertzea bezin okerra da bear danean ez azaltzea. Bazitekean neskak arratsaldea etortzea nai, —«neskak ez al dute maitatu bear!»— bere buruari erritan ematen zion. Bazitekean berarekin Mirele atsegin egotea, baldin bere txoroan goizeko alkarrekin egonari itxura ematen ez bazekian.

        Ta Mireleren berarenganako ustezko atsegiñarekin, bazebillen pozik enparantza barruan adiskiderik ikusi nai ezik: bateri iges, besteari itzul. An ikusi zituan Karmele ta Josune.

        Josune gaxoa! Ainbeste lanez ekarriari zuan ortzalaria gau artan bertan joan zitzaion, dantzan gogotik eginda. Sendatu bearrean gaizkitu. Eta nola aldegin! Karmeleri bean zegoala eskua eman agur egiterako ta doi-doi oartu bazuan goiko leiotik kokotza ikusi nai zion neska eder ta gaxoa. Orduraño ez zan konturatu Josune egin zuanaz. Lotsak eta damuak ez zioten lo egiten utzi. Ala ere maite zuan; baldin aurrerantzean adiskidetuko balira igarotakoaz aguro aztuko zan.

        An ikusi zituan ere Martinek, Mirele ta Bittori. Bereganatuko ote zan, joango ez ote zitzaion, zalantza gorria. Bein agur eginda ia abiatu zan. Artean, bikin baño, bera bakarrarekin obeto. Zentzuari eman zion batean bere burua lotsagarri ikusi zuan, bakarrik orrenbeste ezagunen artean nora jo ez zekiala.

        Illuna bazetorren. Andik urbil musika ixilduta etxeratuko ziran guztiak. Obe zuan Mirele etxerakoan arrapatzea, bai. Ta orduztik aterabidean jarri zan iñork eragotziko ez lioken tokian. Orra gauzak eskueran jarri.

        Musika bukatu zanean Martinen biotzean asi zan ostera. Aren takatekoak jendea zabaltzen asi zanean! Erne mutilla; neska eskubitik, bera eskerretik; guraizeak erdiratzen diran bezelatsu, berak ere Mirele topatuko zuan; artean ez azkarregi, ez beranduegi, ibilli bearko era egokiz azalduko bazan.

        Arritu zan. Bestetan Bittorik etxe ondoraño laguntzen zion eta orduan enparantza laga.

        Biak zijoazen bakoitza bere aldetik. Mutillak begiak zorrotz, oñak neurriz. Zertxobait ibilli ziran. Ta «Gaztiene»ko ondotik pasata, Mirele bizi zaneko kale bakartsuan sartu bear zutenean, erlojerua etorri zitzaion Martini.

        —Kaxo Martin. I, atorria. Nik bazekiak i zer abillen:

                arrapatzen bazaitut

                arrapatzen bazaitut

                bertan, bertan

                jango zaitut

        Kantatuta «ji, ji, ji, ji» asi zan.

        —Motel, utzi nazak pakean.

        —Txiki-erdi bana edan bear diagu.

        —Itxoegintzak, bereala banetorrek.

        —Ez, oraintxe edan bear diagu.

        —Ez diat nai —esanda, Martinek txamarratik tira, erlojeruak laga zezaion, ta indarraren indarrez erlojero mozkorrak bira osoa egin zuan zankoen gañean lurrera erori gabe.

        Txorabioan ala zion: —«Oi, ama! Ji, ji, ji...»— Lerdea abotik beera, sua begietan, bati begira besteari bultza, muturrez aurrera sartu zan Gaztienean.

        Martinek oñak arindu zituan, larria kolkoan, arnasa aboan, ta eskaratz atean zanko luzako ozta-ozta arrapatu.

        —Agur, Mirele laisterrean zera?

        —Betiko eran. Zuk bai dirudizu. Ni orain apaitara. Zer nai zenuke bada?

        Artean zertara zetorren igarrita zegoan naiz atzera begiraturik egin ez, ez-eta ibillialdia azkartu ez lasaitu ere.

        —Baldin garai onez ez banentorkizu... Ez nuke nai gogo txarrez ar nenkizun. Ain pozik nengoke zurekin —zion Martinek.

        —Eskerrak demazkitzut nerekin pozik baldin bazaude, naiz arritu xamar egon zure niganako on naiagatik. Baño ez al diozu igartzen, nik naita ere, gaizki giñakela ementxe illuntzean gu biok bakarrik? Zer esango luteke emen ikusiko baginduzkete?

        Begieri begiratuta irri antzean erantzun zion Martinek:

        —Agidanean, apari eske natorkizula.

        Ta irria ezin aterarik zegoanak Mireleri ortz zuriak ikustean parra gogotik egin zuten biek ere.

        —Nola dijoazkitzu aurtengo jaiak, Mirele?

        Neska ateari bizkarra jarrita zegoan.

        —Ondo, ederki.

        Mutilla bertago.

        —Artean iñoiz baño aldenduago ikusten zaitut.

        —Eta zuri nola dijoazkitzu?

        —Ezin obeto.

        —Ala ere beti bakartsu ibiltzen zera.

        Ezin ukatu bada alkar ondo artu zutela. Neska pixka bat lotsatu ez ote zan.

        Martin bazebillen zerbait geiago esan naiean. Bildur zan eskaratzean gora asiko ote zan. Zerbait esan bear eta,

        —Utziko al ninduzuke zu ikustean zureganatzea? —galdetu zion.

        —Nerenganatu? Bein edo bein... Gaur beintzat ez didazu iñolazko baimenik eskatu.

        —Ez... —burua makurtu zuan.

        —Orren bear aundikoa al daukazu nerekin egotea? Beste edozeñengana bezela zatozke neregana ere.

        Mirelek neskaen izketa berbera zerabilkian. Ez zion ezetzik ematen, edo obeto, baimena bai. Alegia bera bat, besteak bezela. Ta naiz mutillaren asmoak jakin, ez jakiña egin, ajola aundirik erakutsi ez eta zer erantzungo ote zuan zai.

        Martin, noski, berarenganako gogo ona aitortzera joana zan. Abagunea ezin obea etorri. Esango zion. Itzak, ordea, ez nai bezela aboratu. Guztia esateko aundiegia, gutxiegi esan nai ez. Orduantxen saiatu bearra etorri zitzaion.

        —Ara, Mirele —asi zitzaion—; zuk badakizu ibaiek zein indarra dakarten. Ezerk ez die beren bideetatik alde eragiten. Arkaitz bat jarri ta inguruetatik joango da ura; asko jarri, gañetik pasa, ezerk ez dio geraaziko ibaiari. Ba dijoa ibaia ta putzu bat topatzen du. Badago pixka batean eta bereala beste aldetik irtetzen da ta len baño indar geiago darama. Urrena osin zabala jartzen zaio bidean. Luzerago egon eta baita andik itzul egin ere. Ta oartu zaiozu, itsasoa urbillago ta aundiago ta indartsu dijoa, azi egiten da. Aalik eta itsasora irixtearaño ez du atsedenik artuko. An bere magal gaxoan bat egiten dute atsegiñezko pakean.

        Geldialdia egin zuan. Biak alkarri begira zeuden. Eta jarraitu zuan:

        —Ona, ni ibaia naiz. Zuk diozun beste neskak putzuak eta osiñak. Eta zuk... nai al zenuke itsasoa izan?

        Martinek ezin lezakean garbiago itzegin. Orain, ordea, larrialdia Mireleri zetorkion. Baño onek bereala erabaki:

        —Ez zait ortan ezertxo entenditzen.

        Martineri parra egiteko gogoa etorri zitzaion. Ta jarraitu zuan:

        —Zuk izarretan zein maite dezu geiena, eo zein zaizu begikoena? Zuriena, argiena, ederrena ez da? Bada neretzat izarrik politena zu zera.

        —Ori guztia —erantzun zion ulertzen ez zuanak— baldin udarako legortearekin ibaiaren etorria gutxitu ta zingiran gelditzen ez badan; baldin zure ikusmen txarrak ipurtargiaren tokian Artizarra erakusten ez badizun.

        Martin azkeneraño zijoan bada:

        —Udaran gaude ta nik diotzut ibaiak ura gañezka daramala eta bidean ez duala oraindik osiñik ikutu itsaso aurrean dagoalarik. Nere ikusmen argalak ez nau uzten ipurtargirik ikusten, eta eri au dala-ta, izar ederrak itxutzen nau ta itxuan egin nizaizkizukean utsak... barkatu.

        Esain bezait irakurleak nik nere liburua polita egitearren ezere asmatzera beartuta ote nengoan, Martinen jarduna orraztu ta edertu ditekenik.

        Ementxen bukatu zan alkar izketa, bada Mireleren aizpatxoa, Margarite, orduantxen etorri zan, aparitara ura ere. Irurak alkarrekin, arrera ona egin zion Martinek neska kozkorrari. Gorako asi zirala, arratsean aterako ote zan galdetu zion Martinek Mireleri. Ez zuala gogorik esan zion. —«Ezta nik ere»— Martinek. Ta «agur» esanda, bi aizpak besotik elduta barren aldera jarri ziranean, Mirele eskua atzera luzatuta, gogoz estutu zion Martinek, eta onek ere aparitarako bidea artu.

        Taloaren gañean, mami zuria.

        Irakurleak, emakumezkoa bada, baliteke gure Martin ori begikoa izatea; baño, gizonezkoa ez bada, ez du benere jakingo nolako biotz betetasuna zeramakean Martinek etxera bidean.

        Orra bi gazte adiskide maiteak asi ziranez geroztik, ez dantzan egin, ez illuntzean atera, nai izan ez zutenak.

        Zer ote da maitasuna?

 

aurrekoa hurrengoa