|
MARIARI BERE BAKARDADEAN
Mariak dio: «Semea gabe
nago umezur egiñik,
begira ote dan atsekabe
nik dedanaren berdiñik».
Ama maitea, nai zaitut zure
bakardadean lagundu,
zure naigabe neurri gabeak
al banitzake bigundu;
baldin lenago luzaro banaiz
pekatuan lo egondu,
lengo gaizkiak ondo egiñaz
nai ditut orain konpondu.
Pekatu egiñ eta anima
sarri dedala zikindu,
egia da ta gañera berriz
zure biotza samindu;
baña neretzat ori egiña
biziro damu ta min du,
negar egiñaz nai dizut, Ama,
atsekabea arindu.
Ar nazazula zure semetzat
Jesusek dizu agindu,
zure Semeak gurutzetikan
agindu ori egin du;
ai, Zuganako maitasunean
Berak sutuko banindu,
eta zeruko aingeruakin
maitasunean berdindu!
Nola Jesusek bere odola
nigatik du an ixuri,
nere anima odol onekin
dago garbi ta txit zuri;
bion Ama Zu zeran ezkero
arrazoizkoa diruri,
biotz osoaz nai izatea
Ark neri ainbat nik Zuri.
Beti gozoro oroituko naiz
Jesus onaren izenaz,
etzaite aztu Ark gurutzetik
iltzerakoan esanaz;
biziko gera ni zure seme,
Zu nere Ama izanaz,
biok batera negar egingo
degu gugatik ill zanaz.
Nere denbora guziko neke
atsekabe ta penetan,
zure ondora etorriko naiz,
esaten dizut benetan;
aldendu gabe zure ondotik
beñere mundu onetan,
bizitutzeko bizi guzian
Zurekin zeru goietan.
|
|