|
ARDAN-POTO
—Ez, ez; ez nau ikusiko iñork trabena-zulotan, gizon nagi, alper, zabar, ordi, mozkorrak bezela; etxean edango det bear ainbat, eta gezurtatuko ditut erriko atso zar berritxu guziak.
—Aizan, Mari, Mari Joxepa: nor den orrela itz egiten duena?
—Nor izango den! Ardan-poto: loteria pixka bat atera zaiolako arrotua: zagi bat ardo etxeratu duelako, guziei adierazo bear diena, eta aberatsen oiturak artzeko, alkatia, erretorea eta maisua afaitara, etzi, bere eguna dalako, daramazkiana.
—Aja.. ja... jai!!! Ardan-poto egon trabenara joan gabe? Lenago sinistuko niken arraiak legorrian dabiltzala urtara gabe.
Etziran oraindik berrogei ta zortzi ordu igaro, eta astelen-goiz batian ikusten ziran kalian or-emen gizon eta emakumeak, mordoka-mordoka eta mormorrean, gauz andiren bat gertatzen bazan bezela.
Eta zer gertatzen zan? Esango det itz gutxitan. Ardan-poto sartu zan jai-illuntzian trabenan, ardoz bete-bete egin zan, loak artu zuen, eta bigaramon-goizean, etxea baño andiagoko mozkorrarekiñ, trabenatik etxera eraman zuten bere emazteak eta semeak, egunaren sentiyan.
—Emakume gaiztoak —esaten zuen Ardan-potok—: zer ipiñi didazute emen, jakaren poltsikuan?
A, gizajoa! Trabena-baztarrean lo zegoala, arratoiak kabia egiñ eta umiak atera zizkioten jakaren poltsikoan.
Baña au guzia al bezela erdi-estalirik, ikusi dezagun zer gertatzen dan afaltzeko denboran.
Ardan-potok esan zion Papar-zabali:
—Astelenian nere eguna dek, eta etorri adi illuntzeko zazpietako gure ate-ondora, Kaiku eta Zai-zakurekiñ, kopla batzuek botatzera; baña ixillik, iñork jaikiñ ez dezan; eta zuentzat ere zerbait izango dek.
Afaitan astera zijoazen bada, eta erri guzia zegoan Ardan-potoren ateetan, iru koplariak erdian zirala, eta oek asi ziran kantari:
Ardan-potok egun bat
urtian urtian
ona emango digu
bizi dan artian.
Aberats izatia
pobre baño obe,
diruz egiten gera
gauz askoren jabe,
baña mozkorrik eziñ
iñork ere gorde,
ardoaren aurrean
danok berdiñ gaude.
Ardan-potok egun bat...
Gizona trabenan ta
andrea zelotan,
Ardan-potori berriz
jendiak zelatan,
etziñan egoteko
trabena-zulotan,
baña bart egon zera
trabenan zu lotan.
Ardan-potok egun bat...
—Ai zer egia! —esan zuan Ardan-potok txalo joaz—. Ori etziatok aiñ ongi ere —esan zuan buruari eragiñaz—. Koplari eskaxen kontuak.
—Lodien kulpak ditu
pagatutzen miak,
baña kulparik ez du
gaur emakumiak,
izatekotan dauka
arratoi emiak,
egin dizkitzulako
jakian umiak.
Ardan-potok...
Au aditzian sutu zan Ardan-poto; koplariei bota zien leio zar bat burutik bera; itzali zuan argia, maia lurrera bota zuen, eta arrapatzen zuen guzia puskatu bearrik; erretorea, alkatia eta maisua poz ziran, nolapait ere etxetik atera ziranean ezurrak ausi gabe.
Erretoreak urrengo jaian egin zuen sermoi bat, adierazoaz ordiyekiñ zebillena, arkituko zala arrisku andian ezurrak ausi eta baraurik gelditzeko.
Alkateak agindu zuan errian, mozkortzen errazak ziranak ardo gutxi eta ur asko edateko.
Maisuak erakutsi zizkien ume guziei eskolan iru bertso aiek kalean kantatzeko.
Eta Ardan-poto?
Ez dakit ill ala bizi dan.
Ur-zale batek
Euskal-Erria, XIX, 1888
|
|