|
IRUGARREN EGINTZA
Iruditegiak aurkeztatzen du Agiriren etxeko baratza, zeñean dabillen bera (Agiri) aruntz-onuntz, zoroburdituba.
AGIRI:
Eziñ nezake geiago
ta bildur aundiya daukat:
Araz aspaldiyan anbat
nitzaz azturikan dago.
Bekaitz illunak gogora
erruki gabe datozkit,
erraiak puskatzen zaizkit
ikusirik pozez Lora.
Lora ona txit
dala badakit,
bañan bere pozak
miñ ematen dit.
Gaizkita gabe, ai oiek lanak,
nik emen barrenen dauzkadanak!
(Bularra joaz)
(Araz urruti, aruntz begira)
nitzaz azturik agiyan beti,
begiratubaz beste norbaiti!
Ni bakarrikan
zuk lajarikan,
emen nago eziñ
alaiturikan.
Ikusitzen det, nekerik gabe
Lora egiñik Aldunen jabe.
Sasi-txermena!
Aitik ezagutu ez dubena,
t'ama zein duben ez dakiyena.
Lora doatsu, ni doakabe,
bera Aldunen lagun ta jabe,
bera aberats, ni ezer gabe,
bera etxekoandre ta ni mirabe?
Eziñ leike, ai!, ez, iñola're.
Nere animak onenbeste miñ,
bere naitasun aundiyarekiñ,
naparrak degun odolarekiñ?
Gora biotza ta gogor egiñ,
Aldun zugana etorri dediñ.
Amodiozko gudan, Agiri,
izan zaitia zu garailari,
bildurrik gabe zer esanari;
zergatik nonai aberatsari
barkatzen zaizka gauz oiek sarri.
BIGARREN IRUDIA
(Agiri eta Aldun.)
(Aldun sartzen da txokotik.)
ALDUN:
Agiri ona, beti
Arazen pozkidan,
maitatien ametsak
zer gozuak diran!
AGIRI:
Araz aztu da nitzaz.
ALDUN:
Nondikan dakizu?
AGIRI:
Ez al dezu asmatzen?
ALDUN:
Ez. Nork esan dizu?
AGIRI:
Zarrengandikan iñoiz
ez al dezu entzun
amoriyuak nola
oi diran erantzun?
ALDUN:
Bai.
AGIRI:
Eta su bat dala
gozo ta leunena,
bi anima batean
gartzen ditubena?
ALDUN:
Bañan eziñ antzeman
dizut zertan zauden.
Etzaude Arazentzat?
Esan zazu, arren!
AGIRI:
Lengo maitetasunik
ez daukat barrenen.
Gaurgero ez diyo nai
Agirik Arazi,
beste su baten garrak
du onetarazi.
ALDUN:
Arriturikan nago
eziñ antzemanik,
etzait buruban sartzen
au egiya danik.
Nola entzun nitzake
gauz oiek zugandik,
Araz gizarajua
bizi bada oraindik?
AGIRI:
Eta zuk ez dakizu
zerorrek autuba
arkaitz baztar batian
nola dan sortuba.
ALDUN:
Gaintzaren alaba da
nere maitatuba.
AGIRI:
Zuk ez dakizu ezer,
Aldun gizajua!
ALDUN:
Nai al dirazu esan?
AGIRI:
Ez dakizu? Orra!
ALDUN:
Esazu zergatikan
oraindik...
AGIRI:
Gerora
txit ondo jakiteko
badezu denbora
zer sasi-jatorrizko
alaba dan Lora.
ALDUN:
Ez nezake sinistu, (zalantzan)
etzazula esan,
zergatikan bazabiltz
emen gezurretan...
Bañan, bai, esan zazu
azkar orain bertan.
AGIRI:
Onen gai benazkoan
gezurrari toki
nola emango diot?
Ez bildurrik euki.
Loraren jatorriya
iñork baño obeki,
berak jaso zuben ta
Gaintzak berak daki.
ALDUN:
Aski da, Agiri.
(Biyak)
ALDUN:
Mendakaturik utzi bear dut
oinbeste pena tan lotsa,
ill bear badut illko naiz baño
egiñik len eriotza.
Nere izen garbia
loiturikan dena
utzitzea da noski
emen nai dutena.
Atozte subak eta
beroko indarrak,
purrukatu nai ditut
korapillo txarrak;
atozte ta ikusi
zazute, baztarrak,
nola txokoratutzen
ditugun zakarrak,
garbi jaio giñaden
napar menditarrak.
AGIRI:
Egia da, nik eresitzen dut
naitasun ori neretzat,
bañan ez dut nai artu nazaten
emakume gaizkilletzat.
Maitatzen baldin banau,
Aldunen izena
agertuko da beti
emen goitiena.
Zer doatsu Aldunek
maite baninduke!
Araz etorri arren
bildurrik ez nuke,
ainbesteraño elkar
maiteko genduke;
ta Lora aiñ da ona,
barkatuko luke,
eta laguntzalleak
izango lituke.
(Joaten da Aldun, eta onen ondoren Agiri.)
ALDAERA
III-GARREN EGINTZA
II-GARREN LAURKA EDO AGERPENA
Iruditegiak aurkeztatzen du Gaintzaren etxeko gela bat, zeñean ikusten dan Lora, egatsiguntzi bat eskuban dubela, aldagarriak txukuntzen.
III-GARREN IRUDIA
LORA:
Zer ederki bizitzen dan
erri txiki politetan,
aundinaiaren arantzik gabe,
baztartxo pozgarrietan,
elkar maitatubaz bertan!
Ez da igotzen ardura
ta odol txarrik burura,
baizik denbora irristatzen da
iturri garbiko ura
ixuritzen dan modura.
Emen beti alegere
lanean da festan gaude;
apirilleko lore tartian
bezela bizi gerade,
buruko miñikan gabe.
Badator negu gogorrik,
guk ez diogu bildurrik,
zergatik ez du ezerk oztutzen
naitasunaren indarrik,
ez beñepein baztandarrik.
Uda txit bero badator,
utzirik belarrak legor,
usai gozo bat banatutzen da
esanaz bigun ta gogor:
«Euskaldunak zerate or».
Emen uda eta negu
elkar maitatutzen degu;
aberats danak beartsuari
otz-bero gogorrak kendu,
orrek dena edertzen du.
Argatikan arloterik,
beartsu edo pobrerik,
ez da ikusten gure artean
aberatsak menpeturik;
ez da onlako lekurik.
IV-GARREN IRUDIA
(Loraren artzai-kanta bukatzean, sartzen da Aldun, itxuragabetuba; eta, aterdian gelditurik, esaten du:)
ALDUN:
Zu, emakume lotsa galduba,
zergatik saldutzen nazu?
LORA: (txit sentituba, baño aserre bage:)
Zer gertatzen da? Ai ene, bada!
Aldun, zer da? Esan zazu!
ALDUN: (Lorari eltzera dijoa)
Zertako esan? Geigi dakizu.
Etziñala emen sortu
ez al dakizu?
LORA:
Ez dakit ezer,
bañan bildur naiz erotu
ote zeraden. Aldun, zaude or!
Ez gero Lora ikutu!
ALDUN:
Sasikume bat, ait'amik gabe,
gezurretan da losintxan
ni atzipetzen ibilli zera.
Zertan ez egiya esan?
LORA:
Nere aita ez dala
Gaintza, Gaintza bera,
eta ni ez naizela
Arazen arreba?
Jesus! Gaur etxe ontan
zer gertatutzen da?
Esan zaidazu, Aldun:
itxutu al zera?
ALDUN:
Emakume txuriska,
aski da gezurrez,
on itxuran zabiltza
naitasun laburrez,
baztandar onradu bat
atxitzeko ustez.
Zergatik etzirazun
esan alde aurrez
izengaña zer dezun
ta nor zeran legez?
LORA:
Eziñ ezagutu det
zer gertatzen zaizun,
argatikan ez dakit
zuri zer erantzun;
bañan Jainkuagatik,
zaude lasai, Aldun.
ALDUN:
Aitzakiz ta palakuz
nai nazu lasaitu,
zere barrengo arrak
salatutzen zaitu.
LORA:
Gaurdaño gaitzik egiñ
ez diot iñori,
zergatik ez dirate
aditu nai neri?
ALDUN:
Nik ez dizut sinisten
ezertxo're zuri.
LORA:
Aldun, adi zaidazu.
ALDUN:
Betor gezur ori.
LORA:
Nik zure naitasuna
garbi eta txukun
gorde det. Zer eskerra
ematen dirazun!
ALDUN:
Doatsutzen ninduten
maitetasun aiek,
urratu dizkit ume
salkindari batek.
LORA:
Aldun, zaude pixka bat,
aditu zaidazu.
Nik ez det gaitzik egiñ,
zertan illtzen nazu?
ALDUN:
Zeñen alaba zeran
zuk ez badakizu,
galde, galde Gaintzari,
ark esango dizu.
LORA:
Aldun, joan dira zure
naitasun maitiak,
ai zer gogorrak diran
Loraren katiak!
ALDUN:
Nere maitetasuna
zuretzat zan dena,
zergatik nintzan beti
sinisten nubena
zure gaiztakeriyak
esaten zubena;
au da nere anima
lertutzen dubena.
LORA:
Jesus! Utzi nazazu
bakarrikan, Aldun. (Negar samiñez)
ALDUN:
Joan nadilla diozu?
Ongi da, nai det jun,
zergatikan zu ta ni
ez gerade lagun.
Agur, agur, gezurti,
ta ia berriz nun
sinistu nai dizun bat
billatutzen dezun.
Agur, betiko agur.
V-GARREN IRUDIA
(Lora, negarti, Aldun dijoan aldera begira.)
LORA:
Ikaragarriya da
gaur gertatzen dana,
ez dakit zeiñ dan garbi
esango dubana.
Zergatik dator orren
asarre nigana,
gaur goizian ainbeste
maite nindubana?
Bañan denborarekiñ
jakingo da ori,
nola nik ez diotan
egiñ gaitz iñori;
argatik erregutzen
diot Jainkuari,
izateko kupida
Lora gaixuari.
(Joaten da ezkerretik.)
VI-GARREN IRUDIA
(Gaintza irteten da txokotik Loraren billa; eta, au ez ikustean, esaten du:)
GAINTZA:
Non zaude, Lora kutuna,
ume gaitzik ez dezuna?
Ikusitzen det galdu dezula
erritarren naitasuna,
zitalkeri bat izan dalako
Aldunek egiñ dizuna.
Badezu nork erantzuna.
Erriyan Aldunen itzak
nola dauzkaten egitzat,
gaur edo bigar damuturikan
alderatuko balitzat,
entzungo luke: «Prestuez, txarra,
emendikan aldegiñ zak,
bazekik zer egiñ Gaintzak».
VII-GARREN IRUDIA
(Gaintza eta Lora.)
GAINTZA:
Lora, mesedez.
LORA:
Ai, nere aita!
GAINTZA:
Ez izutu, ez.
LORA:
Zurea naiz ta!
GAINTZA:
Adi zaidazu, Lora,
zure izen garbiz
jakiñaren gañean
dago Aldun egiz.
Eta txit damuturik
arkitzen da berriz,
emen zurekiñ egiñ
zuban umekeriz.
LORA:
Bañan ez al naiz zure alaba?
GAINTZA:
Bildur naiz esateko, ai!
LORA:
Nik jakiñ nai det; erruki zaitez!
GAINTZA:
Ta gero ez banazu nai?
LORA:
O, nere aita, esan zaidazu
aiñ ixilik daukazuna,
ta neri etzait iñoiz galduko
zuganako naitasuna.
GAINTZA:
Adi zaiozu, estutu gabe,
ainbeste nai dizunari,
umezurtzatxo, alabordeko
artu ziñuzen aitari.
LORA:
O, aita! Esan dena,
ez egon bildurti.
GAINTZA:
Neretzat aingeru bat
izan zera beti.
LORA:
Esan Jaungoikuagatik.
GAINTZA:
Egun batean esan ziraten,
an agiri dan goiko larrean
nola bi lagun arrotzak zeuden
eriotzaren mende, lurrean.
Ekadoia eta apaizarekiñ
joan nintzan aruntz al zan lenena,
eta aur eder bat billatu nuben,
zu ziñan, Lora, antxe zeundena!
Zure ait'amak, biyen gorputzak,
illak, elkarren aldamenean,
animak beste mundura joanik
Jainkuak deitu ziotenean.
Ta zu jostatzen, aingerutxoa!,
kezkarik gabe illen onduan.
O zer ikuskai negargarriya
goiko larrean arkitu nuban!
Jakiñ genduben ill zitubela
ustekabe gaitz izugarriyak;
jakiñ genduben beren izena,
zeiñ ta nongoak ziraden biyak.
Urtebetez len Mena de Paz-en
ezkondurikan zeuden munduban,
ta geroztik or daude gaixuak,
maiz joaten naizen kanposantuban.
Zure guraso illai, biotzez,
malko samiñen ondora,
esan nioten: «Zaudete pakez,
ta nik aziko det Lora».
LORA:
Zergatikan lenago
esan ez dirazu?
GAINTZA:
Bildur nintzan nerekiñ
oztuko ziñan zu;
aita baten biotza
zuregan daukazu;
ta, gaizki egin badet,
barkatu zaidazu.
LORA:
Nola deitzen diozu
barkazioari,
biziya zor badiot
zure biotzari?
GAINTZA:
O, zer itz pozgarriak
sentitzen ditudan
zure ezpaintxo eta
abo maitatuban!
Badirudi sartutzen
nautela zeruban,
nere animak zenbat
gozatutzen duban!
LORA:
O, nere biotzeko
aita eta ama,
umezurtz au utzi ta
Jainkuagana
joan ziñatenak!
Ona zuen alaba
jaso zutenak
Euskal-erriyan,
miñ guztiyak gozatzen
diran tokiyan,
pozkidatuba.
O, jende leiala ta
lur maitatuba!
Izan dedilla beti
bedeinkatuba!
(Aditzen da jende askoren murmur otsa.)
GAINTZA:
Murmur oriek zer ote dira?
LORA:
Zeñek daki eztan Aldun,
damuturikan datorkiguna
barkatzen ote diogun?
GAINTZA:
Ark egiñ zigun billaukeriyak
ez du merezi gauz onik;
baldiñ onera etortzen bada
erakutsiko diot nik.
(Murmur otsa azitzen dijoa.
Lengoak, Araz eta erriko jendea.)
LORA:
O! Begira, begira:
Araz da emen!
GAINTZA:
Zer atsegintasunak
gure barrenen!
LORA:
Oratutzen dutenak
iriñ ona len,
ogi zuriya noizbait
dute izanen.
ARAZ: (bideko jantziyarekiñ, erriko jendiaren atzetik)
Aita, arreba Lora,
maite gozuak,
nere barrengo kutun
biyotzekuak,
izan zaitezte zuek
lenbizikuak,
estutzen zaituztenak
nere besuak.
LORA:
Agirigana nua
ikusi dezazun.
GAINTZA:
Zer egitera zuaz?
Etzaitezela jun;
Agirik Arazentzat
biotza galdu zun.
ARAZ:
Bai; jakindu det, esan dirate
nere zai aspertu zela,
eta Lorari siñu egiñaz
galdu bat balitz bezela,
losintxari ta ezti-jariyo
Aldunekin dabillela.
GAINTZA:
Ta Lorak etzekien
oraindik deusikan,
zergatik ez nion nik
esaten itzikan,
ez egiteagatik
berari gaitzikan.
LORA:
Agiri izandu da
GAINTZA:
mingain luze duna.
ARAZ:
Bai, eziñ eramanik (Lorari)
zure ontasuna,
ainbeste burukomiñ
ekarri dizuna.
TALDEAK:
Egiya da esaten
dezuten ori;
emen denok kontuban
gera erori
nor dan Agiri,
ta nola egiñ dizkan
milla txarkeri
orrek Lorari;
bañan ondo damutu
zaio berari.
ARAZ: (aitari)
Lora nere arreba
ez baldin bada,
o, aita, izan bedi
zure alaba.
LORA:
Nola ordian?
GAINTZA:
Jaungoikoak zuentzat
zeuzkan gordian
pozak ainbeste;
nola biyak zaudeten
libre ta gazte,
izan zaitezte
anai-arreben ordez
senar-emazte.
ARAZ:
Nik txikitandik,
barren-barrendik,
zuganako naitasuna
sentitzen nuban,
maite zindudan,
au da esan ez nizuna,
zergatik uste
nuban ainbeste
anai-arrebak giñala,
ta beste gauzik
senide baizik
izan ez gintezkiala.
Oraiñ zerubak
biyon eskubak
batu nai dizkigu onla,
ta saldinkari
gezurtiyari
Jainkuak lagun deiola.
Izan dezala
Aldun senarra
ordu onean beretzat.
Lora ederra,
nere izaera
beti-betiko zuretzat.
LORA:
Nik ere ala,
aurra nintzala,
biotzez maite zindudan,
bañan naitasun
beste bat nizun
anaia ziñalakuan.
Aldun sutuba
ta asarretuba
nik jakin gabe zergatik,
aitzaki pillen
billa zebillen
nigandik joateagatik.
GAINTZA:
Gure Jainkuak
sari autuak
leial bizitzen danari
ematen dizka,
denai aldizka;
emen ikusten da garbi.
Nola somatu,
zeñek asmatu
aur gertatzea Lorari?
Eziñ zeikian,
ez gentzakian
izan orrenbeste argi.
Lora gaixuak
miñ beltz pisuak
Arazen jaioterriyan
igaro ditu,
ta gaur alaitu
da lengo miñen neurriyan;
orra sariya
irabaziya
arpegi eder garbiyan.
ARAZ: (erriko jendeari)
Erri prestuba, lagun leialak,
ikusten zaituztet alai,
gaur nigatikan, adiskideak,
egiten dezutela jai.
Pozkidaturik galderatxo bat
oraiñ dizutet egiñ nai:
kantu maite bat Buenos Aires-en
Plaz'Euskeran euskaldunai
aditu eta nik ikasiya
bialdu nizuten danai;
esan zazute: badakizute
nola kantatutzen dan? Bai?
|
|