|
LENENGO EGINTZA
Iruditegiak aurkeztatzen du Elizondoko erriko plaza Baztango Balleran.
Santiago erriko patroiaren eguna da, eta illunabarra, festako jendia aldegiten asi dan orduba.
Aditzen da fandango baten azkena, eta neskatx eta mutillak urruntzen dijuazen bitartean, kantatzen dute onela:
LENENGO IRUDIA
Guazen, lagunak, goazen,
illunabartu da;
goazen, festa eder au
goguan degula.
BATEK:
Gaurko pozezko dantzak
bat ez du nekatzen.
BESTE BATEK:
Mutillak, berandu dek
ta etxera goazen.
TALDE BATEK, 1°:
Elbetearrak nekatu dira
BESTEAK, 2°:
ta Gartzaingoak geiago,
BESTE, 3°:
Lekaroztarra deitutzen danik
aspertzen ez dala nago.
BESTE, 4°:
Bejondaiola Iruritari
guziyak baño gorago,
errikoetxean beren izena
mill'aldiz jarriya dago.
1°, 2°, 3°:
Baztandarrak badira
ez da zer esanik,
ez baita bat atzera
geldituko danik;
naiz festan, berdin gerran,
noranaira joanik,
eriotzari ere
bildur gabetanik.
BATZUEK:
Ara, izarrak agertu dira,
otzaro dator aizian,
eta geiena maite dubena
gure zai dago etxian.
DENAK:
Egiya da, orain ta len
amak zer onak diraden,
biotza barren-barrenen;
penik eman gabe, arren!,
mugi gaitezen lenbailen;
berriz ere festak emen
laster ditugu izanen,
goazen, bada, goazen, goazen.
(Alde banatatik joanaz, taldeka)
Kantatu itzatzute,
napar menditarrak,
sorterri ederraren
glori antziñarrak,
ondo irabaziyak
len guraso zarrak,
biotz eta burudun
euskaldun azkarrak.
Bizi bedi Naparra
doatsu ta pakez,
bere fueruakin da
bere borondatez;
norbait miñdutzen bada
gure libertadez,
berendu dezatela,
guk bezela, legez,
ta ez guri kendu ta
berentzat ezerez.
Oitura on eder au
zeñek ez du naiko?
Mundu onetan ez da
oberik jarriko;
beragatikan gorde
dezagun betiko,
beiñ galtzen bada berriz
ez da etorriko.
(Festazaleen kantu-oiartzunak urruntzen dijoazen bitartean, gelditzen dira iruditegian Agiri eta Araz.)
II-GARREN IRUDIA
(Araz eta Agiri.)
AGIRI:
Zergatik da zu triste
gaur egotia?
ARAZ:
Ai, Agiri, nago txit
kezkaz betia.
AGIRI:
Zer da, ordia?
Zergatikan zu etzaude alai?
Ez al dirazu len bezela nai?
ARAZ:
Animan ekaitz beltzak
baitit eraso,
ezin det azaldu ta
ezin det jaso...
AGIRI:
Esan Araz,... o!
Ordu gaiztuan nago ikusten
zeluak lotu ote zaituzten.
ARAZ:
Ez, Agiri maitia,
maite kutuna;
ez da nere miña zuk
uste dezuna
orren illuna;
bañan zertan itzegiñ? Zergatik?
AGIRI:
Zerbait gordetzen dezu, ez dakit...
Esan zaidazu Jainkuagatik.
ARAZ:
Bai; amorezko su bat
garturikan dena
da emen
(biotza señalatubaz)
txit barrenen
gordeta dagoena,
nere biziyarentzat
gauzik biarrena,
eta nere anima
kiskaltzen dubena.
AGIRI:
Lorerik politena
zugatikan beti
badakizu ipintzen
detala maitati,
nik aingeru bati?
Ezerk ez nau poztuko
zugandik urruti.
AGIRI:
Urrutira al zuaz?
ARAZ:
Uste det ala,
badakizu biotzez
nai dizudala,
eta neretzako zu
dena zerala,
o, aur leiala,
ta zuri eskeintzeko
deus ez derala.
Ez det dirurik,
ez eta etxerikan,
ain gutxi lurrik,
ta doatsu ikusi
nai zinduzket nik.
AGIRI:
Araz, maite nazu ta
aski dut ori.
ARAZ:
Bañan nik ditxa eman
nai dizut zuri
eta, agur egiñaz
sorterriyari,
banua sarri,
bear dana kentzera
Amerikari;
andik etorri
ta jauregi batean
nai zaitut jarri
erregiñ bat bezela.
Bañan, Agiri!
Denbora luzian ez
banaiz agiri,
itxoingo al dirazu
benetan neri?
AGIRI:
Ait'ama onraduben
alaben gisan,
nik itxedongo dizut,
ez bildur izan,
naiz emen, naiz an;
eta illko baziña
zere lankintzan,
otoitz elizan
egingo nuke beti
bakar-bizitzan,
Jaungoikuak zeruban
elkartu gaitzan.
BIYAK:
Urte luzeak, urte samiñak,
garratzak eta zikoitzak,
leunduko ditu, maite laztana,
barrengo biyon oroitzak;
lasa joan zaitez, itxoingo dizu
lasa joango naiz, itxedongo dit
erru gabeko biyotzak,
beti zugatik egiñaz nere
beti nigatik egiñaz bere
erregu eta otoitzak.
(Bikida ¡ya bukatu danean, agertzen da txokoan Lora, oiturazko gozotasunean.)
III-GARREN IRUDIA
(Lengoak eta Lora.)
LORA:
Araz gizagajua,
Agiri gaixua,
ai, kendu al baneza
zuen arazua!
AGIRI-ARAZ:
Lora, zu beti ona,
zu beti gozua.
LORA:
Onak zer baliyo du,
ez bad'indartsua?
ARAZ:
Asnas berri pizkorra
da nekatubentzat
eguzki gozatsuba
ekaitz gogorrentzat,
argi dizdizariya
illunpearentzat,
iturri pozgarriya
egarriyarentzat,
ta laguntza bakarti
triste daudenentzat.
LORA:
Nola onak zeraten,
adi nazazute:
aita zai dago eta
joan ordu dezute;
gaur emen itzegiña
neurtu ezazute,
baldin gero damuba
sortzen bazaizute,
illdakorik malkoak
piztutzen ez dute.
Goazen, goazen, galaiak,
lagun nazazute.
(Joaten dira txokotik.)
IV-GARREN IRUDIA
(Gaintza, bakarrik, irteten da eskuitik.)
GAINTZA:
Gazte oriek nun ote daude?
Gauz onek miñ ematen dit!
Baña zer egiñ, alabearrak
patu au ekarri badit?
Gure Jainkuak ainbeste seme
maitagarri eman dizkit
eta, Berari eskerrak, denok
ondo arkitzen gera txit;
bañan Arazen bizilekuba
nola billatu ez dakit.
Nik ez nuke nai Araz iñola
nere ondotik bialdu,
Amerikara joan nai dubela
esana izan biar du;
neregatikan etorkizuna
berak ez dezala galdu,
debekatzia gaizki deritzat
saiatu nai baldin badu;
aberastutzen ez bada ere
bizi dedilla onradu.
O, Jaungoikoa! Zenbait seme on
zor dizkitzun gurasuak
eskatzen dizu begiratzeko
errukiz beren pausuak;
Gaintza zarrari argitasuna
giyatutzeko gaixuak,
noranai joanda izan ditezen
garbi eta fedetsuak,
gaitzik gabeak ta onradubak,
beti euskaldun prestuak.
V-GARREN IRUDIA
(Gaintzak bukatzean, agertzen dira Lora eta Araz.)
LORA-ARAZ:
Aita maitea, non zabiltz?
GAINTZA:
Zuen billa etorri naiz.
LORA:
Goazen orduban etxera
elkarrekiñ apaltzera.
DENAK:
Guazen apaltzera.
VI-GARREN IRUDIA
(Aditzen da barrenen, ardandegi batian balitz bezela, kantu au:)
Aditzen al dezute
soñu eder ori? (bis)
Saratik eldu zaigu
gure Muñagorri. Rau!
Rau, rau, rau, rakataplau!
Au dek umoria,
utzi alde batera
euskaldun jendia.
(Bitartean agertzen da Aldun, Lora eta Arazekin Gaintza joan dan beste aldetik.)
ALDUN:
Loraren ibiltoki
bedeinkatubak,
entzun zaizkidatzute
nere kantubak.
Ai, baleraki
nik zenbat nai diotan,
bañan ez daki!
Eta aur alaiak
ainbeste maite ditu
aita t'anaiak;
gañera berriz
Gaintzaren etxe ona
pozez et'argiz
dauka betia.
O, aur laztangarriya,
Lora maitia!
Nola neretu zure
borondatia?
(Aditzen da berriz ardandegiko euskal kantua; iruditegia dijua illuntzen, eta jarraitzen du Aldunek:)
O, aingeru zerutar
Lora garbiya,
Elizondoko kutun
erogarriya,
mirabe fiña,
udaberriko lore
urrez egiña;
zu gabetanik
eziñ izan nezake
bizitze onik;
zeru goitiyak,
leortu itzatzute
nere begiyak,
ta zenbat nai diotan
esan, mendiyak.
O, izar dizdizari,
gordeka zeruban
zabiltzana, lañuak
baño goraguan,
ikusi zazu Lora
lotan noiz daguan;
eta esan zaiozu
amets gozaruan,
bulla gabe, ixilka,
belarri onduan,
jakiñ dezan Aldun-ek
zenbat maite duban.
VII-GARREN IRUDIA
(Eguna zabaltzen ari da, eta gaugaltarrak irteten dira ardandegitik.
Egiten da aldaera bat eta aurkeztatzen da Pasaiako kaia.
Gaintza, Lora, Agiri, Araz eta onen anai eta adiskide batzuek, eta Amerikarako ontzira dijuan jendia. Orkestak jotzen du zerbait.)
1 ° TALDEA:
Buenos Airesa zuazte, beraz?
2° ID.:
Ala nai genduke beintzat.
1 ° ID.:
Aize bigun ta itxas geldiya
izan dedilla zuentzat.
EMAKUME BATZUEK:
Asko ikusten ditugu joaten
Amerikako aldera,
bañan txit gutxi etortzen dira
berriz sorterri maitera.
GIZONAK:
Ez degu zispuru ta
negar biarrikan,
euskaldunak ugari
daude Amerikan;
gaur ez dago iñolaz
lengo konturikan,
joan-etorriya errez
egiten da andikan.
DENAK:
Euskal-errira laster,
orañ zuaztenak,
pozkidaz etortzia
nai genduke denak,
aitak, amak, anaiak,
arreba zuenak,
ta beste biyotzetik
maite zaituztenak.
GAINTZA: (Arazi)
Agur, seme on biyotzekua,
izazu zeruba lagun,
ta Jaungoikuak eman deizula
bear ainbat argitasun;
etzaitezela Beraz ta nitzaz
aztuta okerrera jun,
pobre bai, baño badakizu zer
izen garbi daramagun.
Suerte txarrez ondasunikan
eziñ badezu ekarri,
arlote bizi zaitia baño
ez iñon mantxik ezarri;
Elizondotar Gaintzako seme
bezela prestu ta garbi,
etzaitezela sekulan izan
erriyaren lotsagarri.
Araz maitia, seme laztana,
elkar utzitzera guaz,
estura ontan aita zar batek,
bere biotza lertubaz;
eskatzen dizu: zere lanetan
ondo naiz gaizki bazuaz,
ez gero aztu Euskal-erriyaz,
aitaz eta Jaungoikuaz.
Eta, zabiltzan leku guztiyan,
ezagutzen zaituztenak,
zu ikustean esan zatela
egiya maite dutenak,
oroiturikan euskaldun zarrak
utzi dituzten omenak:
«Aitorren seme kantauritarrak
dira jenderik onenak,
beren izena loitu baño len
noiznai illko lirakenak».
ARAZ:
Nik juramentu egiten diyot,
o nere aita maitia!
Non-nai ta beti jarraituko det
berorren borondatia.
LORA ETA AGIRI:
Agur, nere anaia,
Agur, Araz, agur;
etzaitezela aztu
non uzten nazun gaur.
(Joaten dira ontzira balijoaz bezela Amerikara dijuazenak, eta iruditegiyan gelditzen diranak esaten dute:)
Agur, euskal prestubak,
joan zaitezte ongi,
ondo pasa zazute
itxas zabal ori;
emandako itzikan
ez aztu iñori,
zori on bat dedilla
zuengan erori,
ta zeren lur maitera
lenbailen etorri.
(Dijoazenak kantatzen dute barrenen:)
Agur, Euskal-erria
ta zure almenak,
asnasa ta argiya
eman zigutenak;
agur, txoko gozo ta
mendi alaienak,
baso, arkaitz, iturri,
zuaizti lerdenak;
agur, guregatikan
triste zaudetenak,
agur, gure biyotzen
maitagarrienak,
agur, mundu ontako
gauzarik onenak;
Jainkuak nai dun arte
agur, agur, denak.
(Burtiña erortzen dan bitartean, iruditegian daudenak astintzen dituzte beren esku-zapi eta txapelak, dijoazenai agurka.)
LENENGO EGINTZAREN BUKAERAN
ERASKIÑA
(Pasaian.)
ARAZ:
Agur, aita laztana,
Lora, izan ongi;
agur, adiskideak,
urruti nua ni.
Eta zuri, Agiri,
nola esan egiya?
Ikusten dezunian
goiz egunsentiya,
leiotik gelatxora
datorren berriya,
gozoro banatubaz
zeruko argiya,
ta gero igotzean
sutan eguzkiya,
alaitubaz landare
intz-malkoz bustiya,
sinistu zazu dala
gauz ori guztiya
nik zuganako detan
naitasun aundiya.
Ta gero eguzkiya
goititzen danian,
argiya zabaldubaz
mendiyen gañian,
soro zabaletan da
baso illunian,
oroitu zazu Araz
zure barrenian,
gogora zaitez beti
nere izenian.
Eta illargi txuriska
zeruban goratzen
ikusten dezunian
argiz dizdiratzen,
ni bezela zu ere
zaude begiratzen,
biyon begiratubak
an bildu ditezen.
Txor-txor aditutzian
iturritxoari,
eta mur-mur soñuba
errekatxoari,
edo aize jostallu
zuzmurlariyari,
esan biar diyozu
zere burubari:
«Araz-en biotzeko
kantuba da ori».
Itxas-ertzean noizbait
bakar zaudenian,
bagak leun ta geldiro
datozkitzunian,
artu biar dituzu
maitetasunian,
zergatik joango dira
nere izenian,
muñ ematera zure
ointxoen gañian.
Oiuz edo ixilka,
nola edo ala,
uste badut zugana
joan ditekeala,
zernai gauzi esango
diot bereala:
«Zuaz, mintza zaiozu,
maiz entzun dezala
Araz bere maiteaz
aztutzen ez dala».
O, Agiri kutuna,
nere itxumena!
Zurekin gelditzen da
nere biotz dena.
|
|