|
BIGARREN EGINTZA
Iruditegiak aurkeztatzen du Gernikako ostatu bateko gela bat, eta aritz donetiarren azpian ekondetzera dijoa probintzi Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ekautuen bilguma edo batzarrea.
LENENGO IRUDIA
(Gaintza, Lora, Agiri eta Aldun.)
GAINTZA:
Ona, nere maiteak,
lur argidotarra,
nere betiko amets
t'animako arra;
ara or aritz santuba
azalkai gutarra,
orren argitasuna
ta bere indarra
daukagu mundu ontan
zabaldu bearra:
Jaungoikoa, euskera
eta Lege Zarra.
LORA:
Kulunkatzen ninduzun
siaska maitetik
asi ta geroztikan,
biotz-biotzetik
beti eskatzen nuben
egun onengatik,
eta azkenean orra
iritxi zugatik.
ALDUN:
Gure maitetasuna
jaio zan ordutik,
guk enegutu degu
benaz ta gogotik
elkarrekiñ ementxen
bildutzeagatik.
AGIRI:
Araz gizagajoa
aiñ bide luzian
joan da nol'ote dabill
leku arrotzian?
Zerubak, argizute
nere biotzian,
ikusiko al det, ai!,
berriz etortzian?
GAINTZA, LORA eta ALDUN:
Araz etorriko da
indarberriturik,
sorterriya len baño
geigo maitaturik;
Amerikan gutarrak
daude beroturik,
eta aritz santuba
legetzat arturik,
aurki emen degu ta
ez euki ardurik.
AGIRI:
Emen zeren zai gaude?
ALDUN:
Batza bukatu zai.
LORA:
Onenbeste denboran!
Oraindik ere bai?
(Sentitzen da barrengo festa-murmurra.)
GAINTZA:
Or gauza txit astunak
dabiltza tratatzen.
LORA:
Eta ots oiek?
ALDUN:
Oraiñ
dijoaz bukatzen.
GAINTZA:
Laster jakingo da zer
erabaki duten.
AGIRI:
Goazen, bada, goazen.
BIGARREN LAURKA EDO AGERPENA
(Aurkeztatzen da Batzartegiko plazatxoa, eta dagokizkan karrikak.
Soñulariak euskal doñu batzuek jotzen dituzten bitartean, jasotzen da aldaera egiten duban burtiña.)
DIANAGUSIAK:
Entzun zazute, euskal prestubak,
zer erabaki dan emen.
DIAK:
Aditzen gaude, jauna, guztiok,
esan bezaigu lenbailen.
DIANAGUSIAK:
Arazo eta neke askoren
ondorenean, Madrillen,
jakin zazute euskalzaleak
nola irten diran gallen.
DIAK:
Goitaltxatu ditzagun
gure ekautuak.
DIANAGUSIAK:
Araba ta Bizkaia
eta Gipuzkuak,
beren esku dauzkate
zor eta artzekuak.
DIAK:
Beraz, irabazi du
lege bidezkuak.
DIANAGUSIAK:
Bañan au da Fueroen
zati bat bakarra,
eta guk osorik nai
degu Lege Zarra.
DIAK:
Orduban zertarako
zatiya baimendu,
guri askoz geiago
baziguten kendu?
DIANAGUSIAK:
Batzarreak orixe
nai luke zuzendu.
DIAK:
Ta zer eskatzen du?
DIANAGUSIAK:
Beti txartzat artzeko,
bear dan bezela,
Gobernu zital baten
ausardi ergela,
esanaz euskaldunok
zuzen gatozela,
lengo gure oiturak
biur ditezela,
ez degula izango
pakerik bestela.
DIAK:
Berokiñ guaz denok,
bejondaiotela!
DIANAGUSIAK:
Gipuzkoan, Araban
ta Bizkaian sarri
lauburu goititurik
bear degu jarri.
GAINTZA: (erdira irtenik)
Ta napar senideaz
antzi al ziñaten?
TALDEAK:
Eziñ aztu gintezke
Naparroaz emen;
guk ez degu okerrik
zuekiñ izaten,
oitarauko anaiak
nola baitzeraten.
ALDUN:
Oitaraukoa da Naparroa
lenbizikoak diran añean,
bere semeai esanaz beti
onela bere alegiñean:
«Jaio zerate Euskal-erriko
egal berezi ta bikañean,
Jaungoikoa ta Lege Zarrari
eusteko gauza danen gañean».
Ebrotik aruntz bizi diraden
anai biurri batzuek baldiñ
gaizki jarri nai baginduzkete
gure odola daukatenakiñ,
erantzun bedi garbi ta leial:
«Naparrak ori ez du nai egiñ,
baizikan gogor joango gerade
noranai gure senideakiñ,
Euskal-erria bein ankapetik
irten da zutik agertu dediñ».
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa
eta Naparra leial daude or,
lau senideak besarkaturik
iñori ezer ez diote zor;
beren araude oiturazkoa
nai dute onez baldin baletor.
Bañan diote: «Betoz Fueroak,
gure Lege Zar maitia betor».
TALDEAK:
Bizi bitez naparrak,
gure senideak,
besarkatu gaitezen
Aitorren semeak;
betoz lengo Fueroak
edo araudeak,
gure guraso zarren
betiko Legeak.
Estalitako izar
ederren bir-bira,
odei beltzak urratu
eta ozgarbira
laster agertuko da
zeruben erdira,
mendi eta zelaiak
irtenik argira;
eta mirarizturik
gauz oiei begira,
denak esango dute
«Fuerotarrak dira».
DIANAGUSIAK:
Eresi oiek denbora gutxi
barru osatu ditezen,
lendabiziko gallenaldiya
festan ospatzera goazen;
ez da pauso bat besterik izan
bañan au eman da zuzen,
ta patu onak lagunduko du
dena gureganatutzen.
(Joaten dira, bilgobailla eraztubaz, leku emateko lendabizi makildantzari eta urrena ezpata-dantzari. Eta, onetan dabiltzan bitartean edo geldiunetan eta len, aditzen dira txaloak eta aupadak.)
TALDEAK:
Gora ekautak! Fuero
santubak aurrera!
Beti bizi dedilla
gurekiñ euskera,
Aitor eta Lartaunen
izkuntza ber-bera!
(Dantza bukatzean kantatzen da otsankida bat.)
Euskal seme maiteak,
egon ernaiturik,
beñere utzi gabe
izkuntz au azturik;
beste gauzak ez dira
—zaute sinisturik—
irudipen igeskor
batzubek besterik;
euskera galtzen bada
ez dago fuerorik.
Mintza gaitezen bada
geron mesedian
guraso zarrak eman
ziguten legian,
eziñ kontaala etsai
gogorren aurrian,
iñoiz erori gabe
arrotzen mendian,
oju egiñaz gure
izkuntz ederrian:
«Mutillak, aurrera ta
gogor sabelian».
|
|