BORTZGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Aintzineko bera.
AMA: (Bakarrik, lanean ari... Atea jotzen dute) Aintzinat! (Sartzen dira Kankail eta Pollit)
BIEK: Agur, anderea!
AMA: (Beldurti) Agur, jaunak! Zer, zer da? Zerbait gertatu da?
KANKAIL: Ez anderea! Ez izi! Ez da deus makurrik gertatu! Zure alaba Roxalirekin nahi ginuke mintzatu!
AMA: Zer egin du?
KANKAIL: Deus handirik ez!... Ez kexa!...
AMA: Ez da hemen... Ateraia da eta ez dakit noiz artio!
KANKAIL: Aipatu dautzuia nola zakur bati ausiki egin dion?
AMA: Gure Roxali, zakur batek ausiki? Nungo zakurrak?
KANKAIL: Ez, ez dio zakurrak Roxaliri ausiki egin, bainan Roxalik zakurrari.
AMA: Zer da bitzikeria hori?
KANKAIL: Bitzikeria, bainan egia... Mixel tindatzaileak badu xakur xuri ttipi bat. Bere nausiaren aintzinean, zuen Roxalik hartu du zakur hori bi beharritarik, ausiki egin dio muturretik eta sudur puska bat kendu.
AMA: Bainan, bainan, ezin sinetsia da!
KANKAIL: Lekukoak badira.
AMA: Eta zer ondorio luke egitate horrek Roxalirentzat?
KANKAIL: Mixelenganik auzia segur du eta Alimalen Gerizlari Batasunarenganik ere ba. Basa behar baita izan xakur bat hola xahutzeko. AMA: Nahi nuke egia jakin, Roxaliren ahotik. Hain baitzaut akusamendu hori zentzurik gabekoa.
KANKAIL: Harritzen zirea? Roxalik, jada bietan, ausiki egin dio nere lagun polizgizon huni. Zauri horiek itsuski gaxtatu dira. Eta nola orai, zakur bati egin baitio ausiki, ikaretan gira ez ote den Roxali errabiatua.
AMA: Errabiatua! Roxali errabiatua! Bainan, nun zabiltzate?
KANKAIL: Ba, eta bertzalde, mirikua igorri diogu, ikert zezan ean errabiatua den... Bainan Roxalik ez du bere burua ikertzerat utzi nahi. Eta gainerat mirikuari ere ausiki egin nahi zion.
AMA: Zer dira ixtorio horiek guziak! Bainan, burua galtzekoa ere bada! Edo, arras burtxoratuak zabiltzate, edo... nik ez dakit zer pentsa!
KANKAIL: Zure alaba ez ote da bederen drogatzen!
AMA: Zer! Gure Roxali drogatzen? Hori ere bai ote, konduen gaineko?
KANKAIL: Gaurko gaztetan bada gero denetarik, eta, nehork uste ez duena da drogari emana.
AMA: Roxali nerekin bizi da. Egun guziak elgarrekin joaiten ditugu. Ez zait iduritzen, nik baino hobeki, gure Roxali ezagutzen duenik, norbait izan daitekela.
KANKAIL: Gauzak ez dira berdin ikusten etxeko eta kanpoko begiz. Dena den, gu bagoaz. Bainan Roxaliri erranen diozu, bere onetan, lehenbailehen etor dadien gu ikusterat.
AMA: Ez duzue bederen gaizki erabiliko?
KANKAIL: Ez... Ez da hori gure jokabidea. Galdatuko dioguna, bakarrik da, mirikutarat joan dadien, mia dezaten ean errabiatua den ala ez.
AMA: Nik, Roxaliri eginen diot zuen komixionea. Bainan, ihardespena bere gain da. Badakizue, adinerat heldua da eta nik ez dezaket herrestan ekar zuenganat.
KANKAIL: Errozu etor dadien bere onetan, bere onetan! Eta, agur anderea!
POLLIT: Agur anderea!
KANKAIL: Agur, ba jaunak! (Bakarrik) Egia handia da, haur egin zuenak, lan egin zuela. Eta ere, haurrak hazi eta grinak hasi! Mundu hau sobera laster doa. Norat joan ikusteko, gaztek eskas begi eta zaharrek ezin segi. (Atea jotzen dute) Aintzinat!
OMONIERA: (Agertuz) Agur, anderea!
AMA: Agur, jaun omoniera. Tenore onean heldu zira. Bakarrik naiz eta... nere buruarekin erasian ari, ez baitakit nola goberna Roxali.
OMONIERA: Nik ere, atzo, handiskoak bota niozkan. Geroztik, Roxaliz mintzatu naiz serora superiorarekin. Hunentzat, ez omen daiteke hain mamiz hutsa, Roxaliren bokazionea. Hortakotz berriz heldu naiz, zure alabaren xedeak behar ditudala hobeki zilatu.
AMA: Otoi bere gisa utz-azu, Roxalik bokazionea duelako asmoa. Atzo, komedia bat muntatu dautzue, bai zuri eta bai andere serorari. Zuekin nahi zuen abusatu eta bertzerik ez.
OMONIERA: Ha bon, on da jakitea!
AMA: Nik ez dakit zer daukan buruan haur horrek. Batean ezkonduko eta bertzean serora egingo duela. Gaur aingeru eta bihar debru. Hor dabila jauzika astotik zaldirat eta zalditik astorat!
OMONIERA: Zorigaitzez, gaurko hainitz gazte hortan dira, Euskal Herrian berean ere. Fedea eta euskaldungoa ahulduz geroz, bere zimendu baliosenez gabetzen da hemengo gizon bizia. Hortakotz dira ikusten, gure artean hoinbertze gazte, ez baitakite zeri lot beren bizia. (Atea jotzen dute)
AMA: Bertze norbait ere badugu hemen. (Oihuz) Aintzinat!
MIXEL: (Sartuz) Agur jaun omoniera! Agur anderea!
OMONIERA: Agur Mixel!... Bon, ni banoa! Geroxago berriz itzuliko naiz.
MIXEL: Neregatik egoiten ahal zira, jaun omoniera. Bi hitzez erranak ditut erraitekoak.
OMONIERA: Ez! Roxalirekin mintzatzerat etorria nintzen. Nola ez baita hemen, geroxago berriz etorriko naiz. Agur beraz bieri!
BIEK: Agur bai, jaun omoniera!
MIXEL: Ni ere, zu nardatzerat heldu naiz ba!
AMA: Bainan, zer gertatzen da Mixel? Oxtian bi polizgizon izan dira hemen eta erran dautet gure Roxalik, zure zakurra ausiki duela. Jakin nahi nuke egia, den bezala!
MIXEL: Egia hauxet da: Ate bat tindatzen ari nintzen, nere xakurra ondoan. Roxali hurbildu zait! Nik ez nion kasurik egiten. Nere xakurra joan zaio zangotarat. Bi beharritarik hartu du eta, hortz kolpe batez, sudur muturra kendu dio.
AMA: Bainan, zergatik egin du basakeria hori?
MIXEL: Nik dakita? Beharbada errabiaz, ez niolakotz berari kasurik egiten.
AMA: Eta, ausikiaren ondotik, solas eman diozuia?
MIXEL: Ez... Xakurra, odoletan eta marrumaz, etxerat sartu baita, ni ere barnerat sartu naiz, madarizione batzu botatzen nituela.
AMA: Jesu, Jesu! Nork behar du pentsatu ere, zakur bati ausiki egitea?
MIXEL: Ba, bainan gertakari hunek badu bere ondorioa! Nere xakurra erakutsi diot marexalari. Eta hunek erran daut baitezpadakoa dela mirikuek ikus dezaten ean Roxali, ez ote den errabiaz joa. Berak, polizari berehala telefonatu du, erranez zer gertatzen den. Eta nere xakurra bahitu daut, Roxaliren gorabehera ikertu artio.
AMA: Hoo! Jainko ona!
MIXEL: Horra zer erraiterat etorria nintzen. Gertatzen denaz, otoi, jakintsun egizu Roxali. Eta, erran gabe doa, bere gain izanen direla xakurrarentzat egin gastuak. Pena dut ez baitut zuri emaiteko berri hoberik.
AMA: Hola balin bada, eskubidez zabiltza.
MIXEL: Beraz, erranak erran, huntan uzten zaitut. (Ateratzen da)
AMA: Agur, ba, Mixel! (Bakarrik) Neska filda!... Datorla dator! Nago, zer karta dituen jokatuko, oraiko huntan, ni balakatzeko... Ha, ikusten dut heldu dela. (Roxali sartzen da. Ama samur) Errazu, Roxali, poliza eta Mixel tindatzailea izan dira hemen. Zer dira zakur ixtorio horiek?
ROXALI: Ha, horrengatik jin direa? Ez bide zuten bertze egitekorik!
AMA: Ez da hori axaletik hartzeko gertakari bat. Zer egin duzu?
ROXALI: Fitsik, ama fitsik... Mixelek huiatu daut bere zakur txarra. Nola berrikitan nonbait irakurtua bainuen, zakur baten izitzeko molderik hoberena dela, berari muturretik ausiki egitea, nik halaxet egin diot. Eta, ez dut hortaz demendreneko dolurik.
AMA: Zuk diozu Mixelek huiatu dautzula bere zakurra. Harek dio, zakurra, bere baitarik dela zuganat hurbildu.
ROXALI: (Samur) Errazu, ama, ez nezazula ni narda, bi sosen aipua balio ez duen gertakizun horrekin. Ala, zer duzu? Mixel, zure alaba baino maiteago?
AMA: (Boza ozenduz) Ez dut onartzen hola mintza zaitezen... Segur naiz, bihar berean, kazeta guziek zabalduko dutela berria.
ROXALI: Eta gero? Nik hortaz, zer hoben dut?
AMA: Bertzalde, polizak galdatzen du lehenbailehen ospitalerat joan zaiten, ikertu behar omen baitute, ez ote ziren errabiatua.
ROXALI: (Erotua) Ama, bakea eni! Bakea gero zure analiza, ospitale eta botiga horiekin... Sobera balin banaiz etxe huntan, aski duzu erraitea... Lekuak hustuko ditut!
AMA: (Bortizki) Zerbait erasia entzun ordu, ez duzu bertze ihardespenik: «Bakea neri!... Leku hauk hustuko ditut!» eta holako... Aski dituzu beraz hustea. Eta, zuk ere, bakea eni!
ROXALI: (Harritua) Zer! Zu? Zu, ama, hola mintzo?
AMA: Ni ba, ni! (Ateratzen da)
ROXALI: (Nigarrez) Ikusten dut ez nauzula gehiago maite!... (Apur baten buruan, fermu eta hotz) Ha baia! Sobera niza etxe huntan! Berehala nere burua garbitzen dut... Bala bat aski da hortako... Nun da gure errebolbera?... Ha, huna hemen! (Eskutan hartzen du, bainan berehala uzten, beldurrezko grimasa bat eginez) Ez hunekin... Puah! Dena odola gero!... Bertze zerbaitekin. Ha, huna soka! Sokaz ba! (Soka lotzen du, frango behera den itze ahul bati... Lepotik ezartzen du urka-bilurra) Bon, gauden prest... Entzunen dudalarik ama heldu dela, orduan emanen naiz zintzilik. Ha, heldu da. (Bere burua zintzilik emaiten du, bainan itzeak ez du jasaiten bere karga eta oro lurrerat erortzen dira. Roxali, jarririk dago, soka lepotik, mihia tiraka eta orro batzu entzun araziz, urkatzen ari balitz bezala)
AMA: (Sartuz) Zer ari zira hola?... Bainan, zer ari zira? Ez du balio ez, hola mihi tiraka aritzea!... Ez duzuia ikusten soka laxoan duzula!
ROXALI: (Intzirinka) Leku hauek husteko erran dautazunaz geroz, nahi ditut betikotz hustu.
AMA: Xuti zaite hortik, ergel txarra zu! Ez zirea ahalge holako xorakeritan aritzeko zure adinean?...
ROXALI: (Xutituz, erdi nigarrez) Eta, zu, ez zirea ahalge, ama!...
AMA: Ni ahalge? Zertaz?
ROXALI: Ikusten duzu zure haur bakarra, etsitua, bere buruaz bertze egiterat doala eta solas goxo bat ere ez duzuia haren kontsolatzeko?
AMA: Orai zabiltzea nere kontsolamenduen eske? Ez ote dautazu miletan erran, ez zinela haur bat! Ez zinuela eskatzen niganik, ez kontsolamendurik, ez eta kontseilurik... Antola-zkitzu ile horiek, pixka bat, zu, xoxo lehena! (Ateratzen da)
ROXALI: (Bere burua eta ingurua ordrean emanik, jartzen da... Apur bat dago gogoetan) Ha, hori dea? Sakatu behar diot gezur bat ikaragarria... Gezur bat, min eginen baitio, ni hiltzeak baino gehiago.
AMA: (Sartuz) Apur baten buruan, segur hemen izanen duzu poliza. Onez eta bortxaz, gizon horiek eramanen zaitute. Prest egoiten ahal zira.
ROXALI: (Eztiki, iduriz herabetua) Ama!
AMA: Zer duzu?
ROXALI: Zerbait gorde dautzut!
AMA: Zerbait gorde? Zer!
ROXALI: Ez zira samurtuko?
AMA: Samurtu ala ez, mintza zaite.
ROXALI: Ama! Ahalge naiz erraiteko.
AMA: Bainan zer duzu? Ez ditut maite ixtorio-mixterioak! Erraitekoa, erran garbiki!
ROXALI: Ama, esperantzetan naiz!
AMA: Zer?
ROXALI: (Erdi nigarrez) Ba, ama, esperantzetan naiz!... Ez zaitela otoi samur!
AMA: Esperantzetan zu?... Zu?... Atzo zinion, zure burua beti errespeta arazi duzula, serora sartu behar zinuela!... Eta gaur, esperantzetan zirela! Gure zeruko Jainko ona!... Eta jakiten ahal duta haur horren aita nor den!
ROXALI: Mixel tindatzailea!
AMA: Ha... Halere nonbait hor. Ez baita bederen gizon ezkondu bat edo emaztekari galdu zirtzil bat!
ROXALI: Ba, bainan Mixelek ez du nerekin ezkondu nahi!... Horra, ama, nolakoa den, zuk estimu handitan daukazun mutil zintzo hori!
AMA: Ez bazaitu maite, ongi egiten du zurekin ez ezkontzea... Bainan, pentsatzen dut lagunduko zaituela haur horren hazten.
ROXALI: Uste balin baduzu haur hori mundurat etorriko dela!... Erremedioak hor dira gero, ama!
AMA: Zer! Ahuleziaren gainerat krima! Baduzuia burutik? Jin dadiela haur hori mundurat, eta, ez balin bazira gai horren hazteko, nihaurek haziko dut... Bon, horra nun heldu den, berriz ere, jaun mirikua.
ROXALI: Ni gordetzen naiz, dagola hemen, apur bat, nere goait. (Jalitzen da)
AMA: Aintzinat!
JAKINPUTZ: Agur, anderea!
AMA: Agur, jaun mirikua!
JAKINPUTZ: Oraiko aldian, polizarekin heldu naiz Roxaliren bilat. Bi polizgizon hor daude atean. Edo, etorriko da, onez onean, nerekin, edo, bortxaz hartu-eta joanen dute.
AMA: Nik ez dezaket hortan deus, jaun mirikua. Bertzalde, miriku bezala eta sekretuan jakin behar duzuna da, Roxali esperantzetan dela!
JAKINPUTZ: Hobe segurki!
AMA: Hobe!... Hobe diozuia!
JAKINPUTZ: Ba, hola denaz geroz, nere psikanalizari buruz, horren kasua miletan interesantago baita...
AMA: Nahiago nuke bertze interesik agertzen bazinu haur horrentzat... Eta, ez baitago bere zainen jabe, ahalaz polliki goberna zaite horrekin. Duela apur bat, bere burua garbitu nahi zuen.
JAKINPUTZ: (Eskuak torratuz) Izigarri interesanta! Ez izan beldurrik! Zure alabarekin harremanetan sartuko naiz, udaberriko arrosa bati ekar nezoken jokamolde berarekin.
AMA: Igortzen dautzut berehala. (Jalitzen da)
JAKINPUTZ: (Bakarrik) Freud, gure nausi handiak zion: Ume beharretan den behia... zezenez betea... Ibil gaiten beraz leunki.
ROXALI: (Sartuz, errebolbera eskuan, errabi gorrian mintzo) Nork erran dautzu zuri, niganat jiteko?
JAKINPUTZ: (Ikaratua) Ezti zaite, otoi! Ezti zaite!
ROXALI: Zer, ezti eta ezti zaite? Leporaino asea naiz zure psikanaliza zozoarekin! Zure jakintza eta jats giderrarena berdintsu dira. Ez dezaket jasan begien aintzinean, zu bezalako gizon tetele putzik!
JAKINPUTZ: Otoi, otoi!... Ezti zaite, Roxali.
ROXALI: Zoaz hemendik berehala edo errebolber huntaz burua erretzen dautzut. (Jakinputz zangoak daldaretan, erortzen da erdi flakatua)
AMA: (Sartuz tirahala) Haurra! Bainan, bainan zer egin duzu?
ROXALI: Zuk, ama, errozute kanpoan diren bi panderu horieri, jin diten «paketa» hunen hartzerat... Joan dezatela ospitalerat. Nik, ez dudala horien beharrik harat joaiteko. Joanen naizela nihaur! (Jalitzen da)
AMA: (Ateratzen da eta berriz sartzen, Kankail eta Pollitekin) Ez dakit, jaunak, zer gertatu den hemen. Fitsik ez dakit. Kalapita zerbait izan bide dute beren artean. Roxali, jali da erranez ospitalerat bera joanen dela.
POLLIT: Ez dio bederen ausiki egin huni ere?
AMA: Ez, ez dut uste!
KANKAIL: Bon karga dezagun mirikua eta joan lehenbailehen ospitalerat. Gerokoak gero! Lot zaite zangotarik, Pollit. (Hiruak ateratzen dira)
ROXALI: (Zango punttetan sartuz, irriz dago, leihotik so) Hau ere ez dea gertakari pollita! Mirikua jin, eria ospitalerat joaiteko, eta eriak igorri mirikua ospitalerat! Holako mirikuak ez duela tirrit balio: Horra nere psikanaliza!
AMA: (Sartuz) Zu hemen, Roxali?
ROXALI: (Alegera eta maleziatsu) Zure ondoan goxoki, amatto maitea! Eta, ez dezagun odol gaxtorik egin... Gezurra erran dautzut gero esperantzetan nintzela. Barka zadazut, otoi!
AMA: Zer!
ROXALI: Ba, ez naiz batere esperantzetan, eta, ez nuen demendreneko gogorik nere burua urkatzeko.
AMA: Bainan, ni zertzat hartzen nauzu? Zer kopeta! Eta zer birika!... Zertan zaude hemen, ospitalerat joan gabe eta noiz artio?
ROXALI: Oiloak pixa egin artio, amatto, eta ez minuta bat gehiago!
AMA: Nago, zerk zaituen hola bihurritzen!
ROXALI: Errabiak, amatto, errabiak!
AMA: Nik ez dakit noren odoletik ziren zu!
ROXALI: Nork jakinen du, zuk ez jakitekotan?
AMA: Bakea neri zure ergelkeriekin, ez bainaiz batere jostagurean!
ROXALI: Ez, amatto, ez uste izan hain desberdinak girela, zu eta ni. Desberdinak dira bakarrik, zuk onartzen duzun mundua eta nik amesten dudan mundua!
AMA: Zer erran nahi duzu?
ROXALI: Erran nahi dut, amatto, zure jokamolde guzia dela: Lan egin, dirua irabaz eta ongi bizi. Arima gabeko diruzalek muntatu zuten gaurko gure mundua. Zu hortan sartu zinen, hortan bizi zira eta hortan hilen zira... Mundu hori onartua duzu eta ez dezakezula bertze biderik har diozu. Zure baitakoari, behin betikotz uko eginik, zure bizia jokatzen duzu, bertzek zuretzat tiratu marreri jarraikiz.
AMA: Eta zuk, zure bizia, nolakoa ikusten duzu?
ROXALI: Nik, nahi dut amets pixka bat nere bizian... Maitasunari berea eman. Denak dabiltzan erreketarik atera. Jenden errankizunen gainetik hegaldaka ibili... Neronek ideki bidexkeri jarraiki. Mundu huntako otsoek sudurkatuko ez duten xokoño maite, gorde eta apaindu bat, neretzat eta nihaurek muntatu. Zonbait gizon bakarrek, ororen biziari ezarri marretarik kanpo, nere partida jokatu. Horra, ama, nere ametsa. Zure munduan ez naiteke laket. Bertze mundu bat behar dut nik!
AMA: Bertze mundu bat!... Amets egitea errex da, bainan zuk amestu mundurik nehun ez da!
ROXALI: Ba, ama! Ametsak ez dira huskeria hutsak... Ni segur naiz... Nik amesten dudan mundu hori, nonbait bada!
OIHALA
|