LAUGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Lehen gertaldikoa.
AMA: Eta orai zer!
ROXALI: Ez neri gehiago gizonik aipa... Denak berdinak dira. Denak, su berean erre behar litezken egurrak!
AMA: Zertan zira Mixelekin?
ROXALI: Ezkontzerat omen doa. Ni baino nahiago du, zerri bazkatzen bertzerik ez dakien Lili tuntuna hori!
AMA: Zoin gaxtoa ziren!
ROXALI: Hala da eta! Ez ote da zerri hazle baten alaba?
AMA: Eta, aipatu baitzinautan polizgizon bat, zertan zira harekin!
ROXALI: Igorri dut antzara ferratzerat. Nik maite nuela erran-eta, beti bere poliz erreglamendua zidan aipatzen. Erreglamendua errespetatuz, behar omen nuen maitatu. Poliz jauntzian delarik, ez harenganat hurbildu. Kantoinamendutik kanpo joan behar, harekin amodio urratsetan ibiltzeko, nik ez dezaket jasan hola, dena xifratua eta neurtua den amodioa.
AMA: Bon, bon... Gazte zira! Ez izan presatuegia! Gaur ez bada bihar, aurkituko duzu zure gostuko senargaia!
ROXALI: Zure betiko leloa da hori, ama! Bizia luze dela... Behar dela ezkondu, oro ontsa pizatuz... Hobe dela mutzurdin egoitea, ezkondu dohakabe bilakatu baino... Kontseilu horiek, ber balioa zuten zure gazte denboran ere! Zergatik ba ezkondu zinen, hogoi urteak bete gabe?
AMA: Nik suerte ona ukan dut, senar on batekin erori bainintzen.
ROXALI: Eta nik, zergatik behar dut ukan baitezpada suerte gaxtoa?
AMA: Zu ere, noizbait amatzen bazira, ni orai zuri bezala, mintzatuko zira zure haurreri.
ROXALI: Ez du irriskurik.
AMA: Zergatik?
ROXALI: Ezkontzari uko egiteko xedea hartua baitut.
AMA: Zuk, ez ezkontzeko xedea hartu? Noiz artio?
ROXALI: Otoi, ama, ez zaitela nitaz trufa! Zintzoki mintzo naiz.
AMA: Eta, ez ezkontzekotan, zer bideri lotu gogo duzu? Ala komentuan sartzekotan zira?
ROXALI: Ba, seror egiteko xedea hartu dut. (Ama irriz) Otoi, ez irririk egin! Ala zer? Serora guziak ez ote dira, ni bezala, neskatxa gazte izan, arropa hartu aintzin?
AMA: Bai, bai, haurra!
ROXALI: Eta seroretan badira ere, gaxtagin izanik, konbertituak.
AMA: Bai eta ere!
ROXALI: Ni, ez naiz gero, mutilekin nolanahizka ibili! Nere burua beti errespeta arazi dut gero!
AMA: Baietz ba, haurra!
ROXALI: Eta xedea hartua dut, ez sartzeko edozoin komentutan, bainan komentu zerratu batean... Hola, bakea ukanen dut gizonen aldetik! Ez bainaute gehiago ikusiko!
AMA: Eta zuk ere ez, haiek!... Eta noiz-tsu izanen da zu komentuan sartzeko egun aipagarri hori?
ROXALI: Ez dakit oraino... Apur baten buruan jitekoak ditut hunat, serora superiora eta jaun omoniera, hortaz mintzatzerat!
AMA: Bon, bon... Sar zaite beraz komentuan... Gerokoak gero... (Ateratzen da)
ROXALI: (Bakarrik... Jaunzten du matzi-zai bat... Mirailari behatuz, buruan ezartzen du oihalezko korona xuri bat... Haren gainetik, oihal beltz bat... Gerrian ezartzen du larruzko uhal bat, arrosario luze batekin... Gero, beti mirailari behatuz, harat eta hunat dabila, belaunikatuz, eskuak juntatuz eta holako serora jestu batzu eginez... Atea jotzen dute) Aintzinat!
SERORA SUPERIORA: (Agertuz) Jainkoak dizula arratsalde on, Roxali!
ROXALI: Zuri ere bai, andere superiora. (Superiorarekin dituen solasaldietan, Roxali agertzen da, jada seror apal bat balitz bezala)
SERORA SUPERIORA: Hauxe zer jauntzi bitxitan kausitzen zaitudan!
ROXALI: Ba, orai beretik nahi diotet uko egin mundutiar arropa ergeleri!
SERORA SUPERIORA: Hori ere zerbait bada! Bainan, ez da aski arroparen aldatzea, munduari uko egiteko!... Beraz, serora bilakatzeko nahikundetan zira?
ROXALI: Bai, andere serora, Jainko onak hala nahi badu.
SERORA SUPERIORA: Baduzuia asmorik, nola daiteken serora zerratuen bizia?
ROXALI: Ez dakit gehiegi! Nik nahi dudana da Jainkoarekin bizi, mundutik bazter.
SERORA SUPERIORA: Ba, bainan ez pentsa komentuan, bakarrik izanen zirela Jainkoarekin. Serora buruzagiak ukanen dituzu... On zirea heieri, apal eta ixil obeditzeko, berdin manatuko dautzutelarik laket ez zaizun edozer lan?
ROXALI: Ez da beti errex izanen!... Entseiatuko naiz.
SERORA SUPERIORA: Zure lagun gehienak izanen dira adin puxka batekoak. Berdin batzu jitez bitxituak edo mingostuak. On zirea horien jasaiteko eta maitatzeko?
ROXALI: Eginahalak eginen ditut.
SERORA SUPERIORA: Komentu zerratuko erreglamendua da, zortzi oren otoitzeko, zortzi oren laneko eta zortzi oren lo egiteko. On zirea, egun guziz, zortzi orenez egoiteko, gogoz eta otoitzez, gure Jainkoa adoratzen duzula?
ROXALI: Ez naiz hortan biziki entseiatu. Halere uste dut baietz.
SERORA SUPERIORA: Komentuan dira denak batentzat eta bat denentzat. Ez zaizu haizu izanen deuseren jabe izaitea. Soineko arropak berak, ukanen dituzu, zortean tiraturik, izan diten ala ez zure gostukoak.
ROXALI: Gostako zait hortaratzea, bainan ez zait iduritzen ezin egina dela.
SERORA SUPERIORA: Zure letra guziak izanen dira irakurtuak, bai igorriak eta bai ukanak. Bisita guziak ere neurtuak eta zainduak.
ROXALI: Presondegian bezala beraz.
SERORA SUPERIORA: Bai, Roxali, komentua da Jainkoaren presondegia. Horrarat sartzen da, ez gaxtagin zirelakotz, bainan gaxtaginentzat penitentzia egiteko. Horko gateak, Jainkoarenak direlakotz, dira gate leun goxoak.
ROXALI: Gateak ez ditut maite, bainan entseiatuko naiz heien jasaiterat.
SERORA SUPERIORA: Horra, haurra, zertarat joaiten den komentu zerraturat... Sakrifizio eta gurutzerat, Jainkoa zerbitzatzeko eta gizonen salbatzeko. Hortakotz on da komentuan sartu aintzin, zure gogoetak egin ditzazun.
ROXALI: Zuk eman xehetasunekin, andere serora, badut nun zer pentsa.
SERORA SUPERIORA: Nere iduriko behar zinuke, komentuan sartu aintzin, urtetsu batez zure burua frogatu. Hemen bertan egon, bainan serora bezalatsu biziz, ama obedituz, ixiltasun eta otoitzari jarraikiz, lanari ere bai. Mundukeriak bazterrerat utziz eta jendekin guti gurutzatuz.
ROXALI: Ez da errex izanen munduan bizitzea, munduarekin harremanik gabe.
SERORA SUPERIORA: Hortan zurekin ados nago. Hortakotz egina da komentua; mundu huntan bizitzeko, bainan mundutik berex... Orai badakizu norat zoazin, komenturat sartuz. Eman zaite oso-osoa Jainkoaren eskuetan. Harek igorriko dauzkitzu bere indar eta argi bereziak.
ROXALI: Ontsa da, andere serora!
SERORA SUPERIORA: Beraz, uzten zaitut... Noizean behin itzuliko naiz zuganat, ikusteko zertan ziren. Eta, egun guziz, otoitz eginen dut zuretzat.
ROXALI: Badut segurki beharra. Milesker, andere serora.
SERORA SUPERIORA: Ez da zer, Roxali. Bertzaldi bat artio!
ROXALI: Ba, bertzaldi bat artio, andere serora. (Ateratzen da... Roxali, jarririk, apur bat egoiten da burua bi eskuen artean eta gero, irri karkaila batzu eginez, amari oihuz) Ama, o ama! Zato hunat berehala!
AMA: (Agertuz) Zer duzu haurra? Bainan zer duzu holako irritan? Burua galdua duzuia ala zer?
ROXALI: Ama, berehala ekazu edari goxotik ttotta on bat! Eta, soineko arropa hau kendurik, behar dut berehala jauntzi nere armarioko mini zai airosena.
AMA: (Edaria zerbitzatuz) Bainan, ezti zaite, haurra! Zer gertatzen zaizu? Zer erran dautzu andere serora horrek?
ROXALI: Nik ez dakit nungo leize ziloan bizi den serora hori, bainan dakidana da ez dudala nahi horrek aipatu bizimolderik.
AMA: Beraz, ez zirea gehiago serora sartzeko xedetan?
ROXALI: Ez, ama, miletan ez! Gisa hortako komentuan segurik! Apur baten buruan, jaun omoniera jinen baitzaut, hari erranen diot nolakoa nahi nuken neretzat komentuko bizia. Nik nahi bezala, har edo utz, ukanen du hautua. (Badoa aldatzerat)
AMA: (Bakarrik) Har edo utz!... Uste balin baduzu orai hasiko direla zure neurriko komentu bat muntatzen! Komentua, komentu da. Haiek ba dautzute erranen: Har edo utz! Edo bertzela, behar litezke zonbat seroragai eta hainbertze komentu. Eta, zu zirenarekin, ez zinezake luzaz iraun, ez eta ere zeronek zuretzat muntatu komentu batean. Zu zira aldaxka gaineko xoria. Apur bat egoiten zira jokabide batean, bainan apur bat baizik ez. Zure peko aldaxka jotzen duen lehen haizeak, bertze aldaxka baterat airatzen zaitu.
ROXALI: (Agertuz) Bururatu dituzuia zure haize marmariak, ama!
AMA: Zuretzat haize marmariak, bainan berez... egiak. (Ateratzen da)
ROXALI: (Mirailaren aintzinean apaintzen da mundutiarki, joan-jin batzu eginez, jada matzi-zaiekin ibili den bezala. Norbaitek atea jotzen du) Aintzinat!
OMONIERA: Agur, andre Roxali!
ROXALI: Agur, jaun omoniera! Zer diozu nere arropa huntaz?
OMONIERA: Zure arima, arropa hori bezain pollita balin bada, aingeru bat zirela.
ROXALI: Uste nuen beltzuri eginen zinuela, seroragai bat, holako jauntzitan ikus-eta.
OMONIERA: Laket zaut Jainkoak beretzea kreatura pollitenak!
ROXALI: Bon, atsegin egin dautazu lausenguz. Orai zerbitza nezazu egiaz. Zer pentsatzen duzu arropa huntaz?
OMONIERA: Egiatik nahi duzunaz geroz, huna zer dudan pentsatzen: Arras ongi beztitua zirela, mutilen tentatzeko. Arras gaizki, heien ongiratzeko... Dena da zer nahi duzun!
ROXALI: Nik nahi dudana da serora egin. Bainan, ez oxtian hunarat etorri den, moda zaharreko seror horietarik. Horien izpiritua baita, dena gurutze, sakrifizio eta holako mamutzez betea. Iduri dute bizirik lurperatuak.
OMONIERA: Eta nolakoa nahi zinuke izan dadien, zuretzat on liteken komentua?
ROXALI: Nere komentua nahi nuke, zerradurarik gabea... Kanpoz eta barnez airosa. Horko serorak litezke gaurko emazte eta neskatxak bezala beztituak...
OMONIERA: Orai, zu bezala?
ROXALI: Zergatik ez? Ala, mutilak dira pozoinduak? Komentu hartan balitezke biltokiak, abusa lekuak, ostatu bat ere.
OMONIERA: Bala toki bat ere, erran gabe doa!
ROXALI: Zergatik ez, hura ere? Gazteak biltzen diren lekuan, dantza ez ote da beharrezkoa?
OMONIERA: Hango serorek baluketea erreglamendurik?
ROXALI: Bakotxari liteke bere erreglamendua egitea eta hari jarraikitzea. Serorak ezkont litezke, bainan ezkondu nahiko luketenek, beharko lukete komentua utzi.
OMONIERA: Ni beldur zure komentu hori laster erreko litekela, lastoa eta sua hola hartan metatuz.
ROXALI: Komentu hori ez liteke lastozko serorentzat, bainan fedezko suz errerik daudenentzat.
OMONIERA: Bai, bai... Ez da holako komentu eskasik bazterretan.
ROXALI: Nun? Badea bat hemendik hurbil?
OMONIERA: Roxali, ba. Holatsuko komentuak dira, dirutan truk, beren gorputza eskaintzen duten, neska galduen etxeak.
ROXALI: (Bizi-bizia) Zer nauzu ni? Neska galdu batentzat hartzen?
OMONIERA: Ez Roxali, bainan zure ametsetako komentuaz dautzut nere ikusbidea agertzen.
ROXALI: Bon, hoin hertsia denaz geroz Eliza katolikoa, ni protestant egiten naiz.
OMONIERA: Ez duzu batere xede makurra... Haatik, protestant zintzo izaitekotan. Segur Jainkoari laketago zaio protestant zintzo bat, ezenez katoliko faltso bat.
AMA: (Sartuz) Barkatu otoi, bainan Jakinputz jaun mirikua hemen da. Roxali, zu behar omen zaitu lehenbailehen ikusi.
ROXALI: Sar araz zazu! (Ama ateratzen da)
JAKINPUTZ: (Sartuz) Agur, jaun omoniera! Agur, Roxali!
BIEK: Agur, jaun mirikua!
JAKINPUTZ: Roxali, polizak eskaturik heldu naiz, hurbildik iker dezadan ean errabiaz joa ziren, ala ez.
ROXALI: Ni errabiatua? Badutea burutik!
JAKINPUTZ: Nere segurtamena da, ez duzula errabiarik, bainan nahi dituzte frogak.
OMONIERA: (IrriƱo batekin) Zure psikanalizako jakintzak baduia zer ikusirik errabiarekin!
JAKINPUTZ: Bai, jaun omoniera. Freud gure nausiak dio, guti gizon dela errabia bil dezakenik. Zergatik hori?... Zeren eta errabia baidaitezke bakarrik, zakurretik jausten diren gizonak.
OMONIERA: Eta, zakurretik jausten ez direnak, nondik jinak dira?
JAKINPUTZ: Edozoin bertze alimale motetarik.
OMONIERA: Banakien gizonen artean badela asko zakur eta xakur... Orai konprenitzen dut zergatik.
JAKINPUTZ: Psikanalizten asmoa da eritasun guziek, etorkian dutela beren iturburua. Gure odola da errekako ura bezala. Urak, sortu den lekuko eta iragan dituen bidetako on-gaitz guziak biltzen ditu. Halaber gure odolak. Daitekena da beraz bainan ahatik frogatzekoa Roxali dela ausikilaria, bere etorkian baduelakotz zakur odoletik.
OMONIERA: Eta ostikolariak, zer dira? Mandotik jausten?
JAKINPUTZ: Mandotik edo bertze zonbait aberetarik. Ez baitira mandoak bakarrik ostikoka aritzen.
OMONIERA: Beraz Roxalik ez du deus hobenik, norbaiti ausiki diolarik egiten? Orduan, zergatik huni igor poliza?
JAKINPUTZ: Mundu huntan, nehor ez da deusetaz hobendun. Gure jokabide guziak, on ala txarrak, heldu dira gure odoletik. Hortakotz, nehork ez du merezi gaztigurik. Gaxtoa den jendea, ez da gaztigatu behar, bainan sanotu, haren gaxtakeriaren erroak atzemanez eta artatuz. Hori da psikanalizten asmoa. Hori obratuz baita gaurko mundua berrituko eta onduko.
OMONIERA: Banoa hemendik, jaun mirikua. Ez bainaiz arras ados zure erranekin, ele nahasitan sar gintezke eta beldur naiz, ez ote dautazun aterako, nere odola heldu dela oilo koloka arroltzetik! Agur beraz! (Ateratzen da)
JAKINPUTZ: Apez gaizoa! Ona da, bainan gaurko jakintza berritarik, arras bazter bizi dena... Bon, bainan ez dut ahantzi behar, zurekin egitekoa dudan lana... Behar nuke baitezpada zure pixa analizatu.
ROXALI: Zer!
JAKINPUTZ: Ba, zure pixa analizatu, ikusteko ean zakurrenekin baduenetz ahaidetasunik.
ROXALI: So egizu, jaun mirikua. Ez zira hunat jina, nik galdeturik. Ez naiz ni, demendrenik, ez psikanaliza, ez eta ere pix-analiza beharretan.
JAKINPUTZ: Bainan, polizari zerbait froga behar diot eman, ez zirela errabiatua.
ROXALI: Aski diozute baso bat pitar eremaitea!
JAKINPUTZ: Bainan, zure onetan ari naiz!...
ROXALI: (Orroaz) Orai aski eta aski! Izigarriko tirria heldu zaut zuri ere ausiki egiteko! Zoaz fite hemendik! Senditzen dut ez naizela gehiago nere buruaren jabe!... Zoaz fite!
JAKINPUTZ: (Ikaratua, ihes egiten du) Ezti zaite! Banoa... Ezti zaite!
ROXALI: (Bakarrik... Apur bat so dago gibeletik mirikuari... Irriz populuari) Nere arbasoak, zakurrak balin baziren, horrenak segur erbiak zitezken!
OIHALA
|