HIRUGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Kanpo alki baten gainean, amoroski jarriak dagotzi Mixel eta Lili.
MIXEL: Plaza huntako jarleku guziak hartuak dira. Ni beldur ez digutela alki hau, guretzat bakarrik, luzaz utziko.
LILI: Agian, hortxetako gizon piltzar hori, ez zaigu etorriko jartzerat, gure ondorat.
MIXEL: Etortzen bada ere, jasan beharko, xutik ez egoitekotz... Ba, oxtian erraiten nautzun, nola Roxalik harritu nauen... Ez nuen uste holakoa zela... Laparra bezala lotu zait... Zubitik eroria zela-ta, deitu naute altxatzerat... Biziki min omen zuen. (Irriz) Uste dut bere min larriena zuela, ni bere ondoan ukaiteko nahikundea.
LILI: (Maleziatsu) Ba, eta zu kontensko! Aitor-azu neri baino grazia gehiago aurkitzen diozula Roxaliri.
MIXEL: (Maleziatsu) Ba, zu... Lili. Hura aldiz Roxali... Arrosa eta Lili.
LILI: (Eztiki matelan joz) Itsusia zu!
MIXEL: Eta zu, pollita!
LILI: Eta Roxali, ez duzuia geroztik ikusi?
MIXEL: Ez bainan, erran zidan, gaur nahi zuela nerekin joan balerat eta ondotik, nerekin buruz buru afaldu!
LILI: Eta zer ihardetsi zenion?
MIXEL: (Irrino batekin) Baietz ba, atsegin nukela, halako neskatxa pollit batekin ateratzea.
LILI: (Maleziatsu) Zergatik etorri zira beraz niganat?
MIXEL: Ez baitzait agertu ere nere amorant xarmanta... (Irriz) Ta, nahitaez, lehengo xaharrenganat itzuli behar!
LILI: (Zaflako ttipi bat emanez) Ez dautzut gehiago kasurik eginen! Itsusia zu!... (Biak irriz, buruak hurbilduz... Orduan agertzen da Cloclo, bere buruarekin marmarikan, zigarro erren muturrak biltzen dituela lurretik) Ez ahal da, herresta hori, jartzerat jinen gure alki huntarat!
MIXEL: Jiten bada, goazen guretik, bakarrik bagina bezala.
LILI: Ba, bainan nola jasan horren usaina?
MIXEL: Aski duzu, zuk duzun on hortarik gehixago ixurtzea eta ez dugu deus sendituko. (Biak irriz)
LILI: Oas, gure lagunak han dabiltza ba, orai, beren ototan, Jainkoak daki nun!
MIXEL: Ba, neri ere Roxalik ardiestekoa zidan oto permisa. Baietz eta baietz, segur zen nere permisa ukanen zuela polizarenganik.
LILI: Beharrik ez du ukan; bertzela, han izanen zinen nonbait harekin.
MIXEL: (Irrino batekin) Eta zu hemen, nigarrez eta jelosiaz urtua. (Apur bat ixilik, Cloclori so)
LILI: Heldu zaigu gure ondorat gizon barrabas hori.
MIXEL: Egin dezagun hor ez balitz bezala.
CLOCLO: (Beti bere buruarekin marmarikan, jartzen da, bi gazten ondoan. Jan nahi luke. Nonnahitik jan-edanak jaliz, bere apairua muntatzen du bere inguruan. Trago batzu, botoila tututik eginez, jaten lotzen da) Bi musukari, nere lehen auzo... Bon, ar ditela musuka, hola aritzeak asetzen dituenaz geroz. Nik bertzerik behar diat asetzeko... Zardina zahar bat... Lukainka mutur bat hobe! Gasna... Ogia... Arnoa... Ez duk hain gaizki nere janaldia!... Saka gezurrak, saka elgarri, amorosak! Aski goiz, biziak salatuko dautzue egia! Gaur musu-joko eta bihar mutur-joko! Harako polizgizon asto harek, ez ahal naik hemen jaten ikusiko! Bazakiat, hi, kaxketadun, ez dela haizu alki hunen gainean jatea... Ostatuetan ere, ez ditek ba nere gutiziarik! Zer behar diat ba: Komunetarat joan, jateko ere?
MIXEL: So egizu! Hortxetako polizgizon gazte horrek kendu daut oto permisa! Ustel zikina!
LILI: Guri so eta so dago. Zer ote du hola gu begiz iresteko?
MIXEL: Datorla dator auziketarat! Ukanen ditu inbidoen edukiak!
LILI: Otoi, Mixel, ez zaitela horiekin saltsan sar! Badakizu holako gizonekin ez daitekela irabaz partidarik!
MIXEL: Beti irabaziko dute, ez bazaiote nehor bihurtzen!
LILI: Guri buruz heldu da! Otoi, ez zaitela asalda, Mixel!
POLLIT: (Agertuz, Cloclori) Errazu, zu! Ez dakizuia debekatua dela jatea leku huntan?
CLOCLO: Nori zer kalte egiten diot nik, leku huntan janez?
POLLIT: Alki hau, deskantsatzeko leku bat da eta ez, jateko mahain bat. Ez zatzula narda hemen jarriak daudenak.
MIXEL: Ez gaitu den gutienik nardatzen. Bada hemen, hau baino nardagarriagorik!
LILI: (Mixeli lotuz) Otoi, Mixel!
CLOCLO: (Janez, Polliti mintzo) Errak to, hi, ez banauk hire legearekin adorean, aski dautak amanda bat emaitea. Dakikan bezala, sakelak diruz beteak ditiat eta berehala pagatuko haut...
POLLIT: Ez zaitela gero nitaz trufa, zorritsu zikina!
CLOCLO: Habil hire amarenganat, zorri kentzeko orraze baten bila. Harek baditik. Ez haut aitarenganat igortzen, ez baitakik nor den!
POLLIT: Mihi madarikatua! Nere arropa errespetatuko duzu gero!
CLOCLO: Hik ere ba nerea... Nere zorriak utziz beren gisa.
POLLIT: Bon, oren laurden bat emaiten dautzut leku hau husteko. Eta, ez baduzu obeditzen, otoa hartu-eta, preso sartuko zaitut. (Ateratzen da)
CLOCLO: Hobe segurki. Teilatua eta jana urririk, ez zaitak usu gertatzen.
MIXEL: (Cloclori) Ezagutzen duzuia polizgizon hori?
CLOCLO: Ba, xakur koxkor bat. Nausiek huiatuz geroz, saingatu behar.
MIXEL: Ta, zer sainga meharrak!
CLOCLO: Mundua hola duk! Xakur horiek eta horien nausiek, mundu hau apailatu ditek beren gisan... Berak dituk jale, ta gaineratekoak horieri jan-fornitzale... Nola ez baitut zerbitzatu nahi horien mundua, hortakotz nauk bizi horien mundutik kanpo.
MIXEL: Eta zure bizitzekoa nondik biltzen duzu?
CLOCLO: Ahal dudan tokitik, to... Gehienetan horien berenganik. Bainan nere aldetik, ez ditek deus ukaiten.
MIXEL: Zer begi gaxtoa egiten dautzun polizgizon horrek!... Ori, pinta bat arno pagatzen dautzut, oihu egiten badiozu: Gora Euskadi!
CLOCLO: Nola erran duk?
MIXEL: Gora Euskadi!
CLOCLO: (Ozenki, bi eskuz ahoa inguraturik) Gora Euskadi!... Gora Euskadi!
POLLIT: (Agertuz, errabian) Zer erran duzu? Nork manatu dautzu oihu hori botatzeko?
CLOCLO: Zerak!... Hire kapitainak!
POLLIT: Ixilik egonen zira gero, hemen politika saltsarik muntatu gabe!
CLOCLO: Eta hi nork manatu hau, «Gora Euskadi», oihu egiterat ez uzteko?
POLLIT: Ez naiz ni politikan sartzen.
MIXEL: Zergatik beraz duzu «Gora Euskadi» oihu egitea debekatzen?
CLOCLO: (Mixeli) Barka-zok gaizoari. Bere eskolan, hola dik ikasi.
POLLIT: (Haserre gorrian) Hanbat gaxto zuentzat, nere bidean kausitzen bazaituztet! Jakin-azue presondegia ez dela egina arratoinentzat! (Ateratzen da)
CLOCLO: Ba, preseski, gauak freskatzen ari dituk. Hotelak ez ditiat maite, eta, fite, jaun horietarat joan beharko diat, ganbara eske.
MIXEL: Ori anartean, hitzeman dautzudan pinta arnoaren saria.
CLOCLO: Milesker eta hire zerbitzuko, nahi dukalarik, irabazi berean, lan bera egiteko. (Apur bat ixilik)
LILI: Ho, Mixel, so egizu nor heldu den!
MIXEL: Nor?
LILI: Horra hortxet Roxali. Guri buruz heldu da.
MIXEL: Zertan ote dabila hemen? Egin dezagun ezikusiarena.
ROXALI: (Agertzen da euskaldun koloretako arropez jauntzia... Ez dago bere zainen jabe. Urrundik, eztul batzu eginez, entseiatzen da han dela salatzerat. Nola bi gaztek ez baitiote kasurik egiten, azkenean oihuz Mixel deitzen du) Mixel, o Mixel!
MIXEL: Zer da?
ROXALI: (Hotz eta motz) Zato otoi hunaraino!
MIXEL: Zu zato hunat!
ROXALI: (Ez daki zer egin) Zure oto permisa hemen dut! Oroit zaite nola hitzartuak ginen elgarrekin.
MIXEL: Hitzartuak? Zertaz?
ROXALI: (Jartzen da Mixelen ondoan, Mixel dela bi nesken erdian. Emeki emeki Mixeli hurbiltzen zaio, bainan Mixel gero eta gehiago Roxalitik urrunduz joaiten da Liliri buruz) Hitzartuak ginen, nik oto permisa ardiesten banuen, biak joanen ginela balerat eta gero, buruz buru afalduko ginuela.
MIXEL: Nik ez dautzut holakorik hitzeman. Zuk ba atera zenituen holako solasak.
ROXALI: (Asaldatua) Zer! Ukatuko duzuia zure besotan goxoki atxiki nauzula?
MIXEL: Nik, nere besotan hartu zaitut bakarrik, zure amak eskaturik, zu lurretik altxatzeko!
ROXALI: (Xutituz) Ba, eta ukatuko duzuia musu ere eman dautazula?
MIXEL: Nik ez dautzut musurik eman. Zuk ba, niri, bat ebatsi.
ROXALI: (Errabian) Ha, hola duka hire hitza atxikitzen... (Oto permisa porroskatuz eta zangopilatuz) Horra zer egiten dudan hire oto permisa... (Liliri) Eta hi, denen besotako oilo tzar piltzarra, zer uste dun? Neri gizongaia ebatsi-ta, lumarik galdu gabe aterako haizela? (Lotzen zaio iletik tiraka eta atzaparka)
MIXEL: Emeki gero, zu, ergel xoroa! (Pusako batez, botatzen du Roxali, alkiaren gainerat)
POLLIT: (Lasterka heldu da) Hep, hep! Zer ari zirezte hola? Preso, preso denak!
MIXEL: (Lili besotik hartuz) Zato fite! Goazen hemendik. (Ateratzn dira)
ROXALI: (Errabian alki gainean... Eskutan dauka, Liliren burutik hartu duen zerbait apaindura) Zikina! Ustela!...
POLLIT: Oraino ere zu!... Zer dituzu manera horiek? Ez zirea ahalge?
ROXALI: Arrasta-zkitzu hek!... Hek biak! Hek, zuen kontrarioak dira... Ni zure aldekoa naiz!
POLLIT: Zer, nere kontrako ala aldekoa?
ROXALI: (Polliti leporat jauzi eginez) Ba, ni zure aldekoa naiz... Ekazu musu. Vive la Police Française! (Ausiki egiten dio mazelatik)
POLLIT: (Orroaz) Ai, ai! Berriz ere ausiki egin daut!... Zakur errabiatu madarikatua!...
JAKINPUTZ: (Agertuz) Zer da? Zer gertatzen da hemen!
POLLIT: Berriz ere ausiki egin daut, jaun mirikua! Oraikoan, mazelatik!
JAKINPUTZ: (Roxaliri) Zer ari zira hola, Roxali?... Zer daukazu buruan?
ROXALI: (Jarria, erdi nigarrez) Nik maite dut polizgizon hori! Hain maite dut nun jan nahi bainuke.
CLOCLO: (Irri karkailaz) Polizgizon baten burua duzuia jan nahi, neskatxa maitea! Zer apetitua!
JAKINPUTZ: Ha ikusten dut! Dena garbiki ikusten dut!
POLLIT: Ez da bederen errabiatua!
JAKINPUTZ: Ez! Orai segur naiz ezetz... Freud, gure nausi handiak dio: Errabiatua denak ez duela nehorentzat maitasunik. Neskatxa hunek zuretzat agertzen du maitasuna... Beraz ez da errabiatua.
POLLIT: Zer du ba hola ausikika aritzeko?
JAKINPUTZ: Neskatxa hunek ez du errabia, bainan amodioaren errabia... Ez baita gauza bera.
POLLIT: Nork ikusi du maitale bat ausikika aritzen maite duenari, odola jali arteraino...
JAKINPUTZ: Dena da nondik egiten den ausiki... Gizonak baditu lau mazela: Bi beherean eta bi gainean. Behereko mazeletan ausikitzen da etsaigoz... Gaineko mazeletan aldiz, amodioz.
POLLIT: Eta, behereko eta gaineko mazelean ausikitzen zaituztelarik, zer erran nahi du horrek?
JAKINPUTZ: Horrek erran nahi du, zure kasu huntan, etsaigoa bihurtu dela amodio.
ROXALI: (Ahapetik) Ba, nik maite zaitut!
CLOCLO: (Irriz) Nik ere maite ditiat xingarra eta matel kailuak!
POLLIT: (Haserre Cloclori) Zu ixilik, ez bainaiz ni jostagura! Edo, hor berean, kalitzen zaitut gero!
JAKINPUTZ: Otoi ixilik... Orai behar dugu makurbide hau xuxendu... Neskatxa hau da «in crisis»... Nere egitekoa da, nola kendu huntarik «in crisis» hori eta nola sortu «post crisis».
CLOCLO: Aski diok zizari belarra emaitea!
JAKINPUTZ: Neskatxa hau sutan bezala da. Sua hiltzeko molde hoberena da kontra-sua piztea.
CLOCLO: (Su pizteko bat piztuz, bere zigarretarentzat) To, nik emanen zioiat kontra-sua... Errak nondik!
JAKINPUTZ: Neskatxa hunen kontra-sua, zu zira Pollit jauna. Zuri liteke neskatxa hunekin ez gobernatzea bortizki, bainan leunki, eztiki, solasak goxatuz. Ez dea hala, neskatxa?
ROXALI: (Ahapetik) Ba, ba, nik maite dut Pollit jauna.
JAKINPUTZ: Hola denez geroz, xuti zaite neskatxa, hurbil zaite Pollit jaunarenganat eta emozu musu goxo bat.
POLLIT: (Neskatxak musu ematen diola) Zer! Nitaz trufatzen zireztea ala zer!... Zer da komedia hau!
JAKINPUTZ: Xo, Pollit jauna! Ez zaitela hola bihur... «Post crisis» bidean arras polliki sartuak gira. Ez zazula hauts bide hori... Ale, ale... Eta orai, goazen hiruak hemendik, aperitifa bat hartzerat. (Ateratzen da)
CLOCLO: (Bakarrik eta irri karkailaz) «In crisis», «Post crisis», ausiki handik, musu hemendik, gatu horrek badik bertze buztanik.
OIHALA
|