III. EKITALDIA
(Oiala jasotakoan Beke azken ekitaldian gelditu zan toki berean dago, zutik begiak goruntz ametsetan bezela. Abesti edo musika doñua entzun arazi ditezke. Amaitutakoan Beke bere baitara biurtzen da).
BEKE: Ametsetan al negon edo bizirik. Mundu ontan?...
SOFIE: (sukaldetik sartzen dalarik) Gure etxean, nik uste. Eta zurekin bakarka itzegiteko gogoa baneukan. Gogoa ezik bearra ere bai. Au da txoria eskura etortzea.
BEKE: Sarean arrapa nai al nazu edo zer?...
SOFIE: Ondo arrapaturik ote zauden Señorita, beste eiztari baten sarean. Eta atrebentziarekin, ni nor ez banazu zuri agintzeko gabiraiaren atzaparretatik libra nai zinduket. Ai ene usotxo!
BEKE: Itzegin itzegin aspaldiko ipuia dirudi-ta, polita noski...
SOFIE: Ez da ipuia ta ezta polita ere... Egia... egia garratza baizik. (Oso ben eta goibel) Asiera emateko... ni etxe ontatik banoala.
BEKE: Baiñan Sofi. Ondo entzun al dut. Ez da egia izango... Ba zoazela? Ama ilda zure bear aundienean gaudenean joan. Ez da egia izango.
SOFIE: Emendik aurrera etxe ontan aldaketa franko izango da.
BEKE: Ez duzu ori esango gure Aita Agar-ekin ezkontzera dijoalako.
SOFIE: Ori ere badago tartean, jakiña. Zer egingo zaio, bidezko da. Ezin eraman dudana ordea au da: zuen aita Agarekin ezkondu ta gero, semea duten Ismaeltxo koitadoa ez etxe ontan bear bezela artua izatea. Gizarajoak ez du ori merezi (malkoa dariola).
BEKE: Ez orrela jarri, Sofi. Familia arteko gauzak antolatu bitartean ez. Gero...
SOFIE: Gero ez, orain baizik! Agarri ta nagusiari esan diet. Ismael ez ba dute etxera ekartzen ni aterako naizela kanpora. (Zingurinka) Ismaeltxo! koitadoa...
BEKE: Emakume! ezta mutillaren amona baziña ere! Gutxirekin mintzen zera. Gogorragoa izan da neretzat ama galtzea... Au aski ez dala aitaren ezkontza berria... badakizu zeñekin... onartzea. Ismael anaitzat ezagutzea ezer gutxi da. Familia barruko gora-berak lotu bear ditugu senide artean ez dedin asarrerik sortu.
SOFIE: Onela baldin bada isiltzen naiz. Zu biotz onekoa zaitugu ta txarkeririk egiteko lain ez zerala.
BEKE: Lasa zaudeke ta etxean geldi zaite, orain patxaran eseriaz. (musu emanez eserarazten du).
SOFIE: Itzbidean gaudela utziko al didazu barruan gelditu zaidan beste zertxobat esaten? Biotza lertuko zait bestela.
BEKE: Jesus milla bider! Kontuz zure miokardio dala ta. Naikoa izan genduen gure ama gaixoarekin. Esan, esan!
SOFIE: Ba... (beldurti) Ez nuke «metitu» nai, bainan zure inguruan dabillen... eiztari ori ez zaizu komeni. Ez da zuk merezi duzuna, naiz mediku izan.
BEKE: Zer bada? Zerbait gaizto egin al dizu?
SOFIE: Gaizto... gaizto... Ez al duzu naikoa zure ama ez sendatzea? «Igualeko» zainduko zuan mediku zarrak, D. Simonek... D. Narziso orrek ez du sona onik. «Ye-Ye» erdi «señorita» orietakoa ote dan fama du errian... Likeskiri utsa! Orra uste gabean itza atera! Eta isil nadin geiago esan gabe. (isilunea)
BEKE: (Atsbeeren luze bat egin ondoren eta naigabeak ematen diola besaulki batean erdi etzaten da). Ai ama! Leengoaz gain au falta zitzaidan, arantza berri bat biotzean...
SOFIE: Ori ez dabil, ez zure biotzaren atzetik... zure diruaren billa baizik. Zure edertasunak berak ere ez diola ajola aundirik ematen esango nuke.
BEKE: (pizkorturik) Jainko maitea! argitasuna eta kemena eman izkidazu estuasun illun ontatik ateratzeko.
SOFIE: Ateraziko zaitu bai D. Isai erretore jaunari galdegiten badiozu. Onek emango dizu gazte orren berri zeatza. Eta guztia ez badaki, errian zer esaten dan entzutea besterik ez duzu.
BEKE: (zutik eta adoretsu) Bai Sofi, nik ere leenbaitleen egi guztia jakin nai dut. Askozaz obe bait da zalantzan egotea baño.
SOFIE: Ez dut uste zurekin ezkontzen baldin bada zoriontsu egingo zaitunik.
BEKE: Arren eta arren, Sofi, emen aitatutakoa ez zaiozula iñori esan. Alik eta aguroena D. Isai ikustera joango naiz.
SOFIE: Ederki egiña! Ura apaizaz gañera, konfiantza-konfiantzazko gizon isila ta zurra bait dugu. Zaude lasai. Nik nere sukaldean ez dut txintarik aterako... neronen mingaiña jango badizut ere. Zu, amorioaren sasoiean zaude. Ni... lanean zaartuko naiz.
(Txilin otsa entzun bedi. Sofie ateruntz dijoa nor dan ikustera. Zeletan egiñez D. Narziso dala nabaitzen du ta burua itzuliaz onela dio).
... Beke... Otsoa aitatu ta... otsoa azaldu. Zera... D. Narziso mediku gaztea duzu...
BEKE: Iriki zaiozu atea. Sar dedilla. Zer bada? Ez nau ikaratzen. Onela, aurrez aurre itzegingo diot.
SOFIE: Ori da kementsu izatea! Ekin orrela. Nere bearrik baldin baduzu sukaldean egongo naiz zai, bada ezpada...
(Sofie atea zabaldu ondoren bijoa sukaldera. Beke gelditzen da bere lekuan etorri berriari itxoiten).
NARZI: (Sartuaz) Arratsalde on! Nola zaude andereño? (eskua emanez).
BEKE: Ainbestean; txarrean ondo, esan oi dan bezela.
NARZI: (Koipejario ta eztitsu) Itxura eder orrekin zoragarri. Ai zu... Beke!... Beke!... Beketxu maitea!... Poz-pozik nago, emen zu bakarrik arkitzeaz...
BEKE: (eskua libraturik, otz eta motz) Zertarako?
NARZI: Ori galdera! Ba... umezurtz zera-ta elkarrekin egon gaitezen.
BEKE: Sarritan, umezurtz izan eta bakarrik egotea zenbaitekin egotea baiño obe. Gaur ez daukat lagun artean jarduteko gogo aundirik. Aita berriz ezkon dedinean agian besterik izango da. (arduragabe) Ez dizut esan eseritzeko, barkatu.
NARZI: Zure ondoan egon ezkero zutik ere ondo nago. (Isilunea)
BEKE: Eta zer geiago?...
NARZI: Bada... zera, esan duzuna zuen aita ezkontzera dijoala ta zer derizkiozun entzutera edo... Gauza gogorra nolanai zuentzat. Zaartu ta maskalduta gero ezkontzea... Norekin eta askozaz gazteago ta neskame etxean izan zenduten Agar... eme galdu orrekin.
BEKE: (Asarre) Ez dizut utziko nere aita eta Agarrengatik gaizki esaka ari zaitezen. Arrotz bat zera eta ez zera iñor etxe ontako gauzak juzgatzeko. (Oso ben buru itzuliaz).
NARZI: Ez gaizki artu onez esandakoak... Beke. Zu konforme bazaude isilduko naiz. Zure anai Ezekielek esandakoa dakit eta onek asto beltzarenak esan dizkit Aitaren ezkontza orrengatik. Eta geiago danok elkarrekin etxe ontan bizi nai dutelako «sasikume» ta guzti...
BEKE: Itxi zazu ao ori! Mutil gizarajoak ez du errurik. Zu bezelakoen gizartea da obendun...
NARZI: Eta zure aitaren legezko seme-alaba pagatzaille, ta zu lenengo, ajolarik ez bazaizu... Aitak ezkontza berriarekin ondasunen erdiak jango dizkitzute. Eta zure «doteari» puska ederra kendu...
BEKE: Eta zuri zer? Nere egitekoa da eta ez zurea...
NARZI: Gaur oso arantzadun eta latz arkitzen zaitut. Ez zera leengoa nik ezagutu zindunekoa... Beke maitagarri ua...
BEKE: Zioak ere baditut. Orrengatik nigandik urrun zamar ibiltzea izango duzu onena. Ni ikusi ta agurtu nazu ta orain zure beste «bezeroak» maitagarriagoak noski ikustera bazoazke... (gelaruntz abiturik) Urren arte, beraz.
NARZI: (zur eta arri) Beke! kiriotatik gaxoturik zaudela uste dut. Nik errezeta on bat sendatzeko egin nezaizuke...
BEKE: Ez dut orren bearrik aize garbia artuaz sendatuko ditut. Zoaz bada ta eskerrikasko.
NARZI: Egurasten ere lagunduko zaitut (beso ta gerritik eldu naiez) Goazen!
BEKE: Ez nazazula ikutu. Ondo joan (arin gelan sartzen da).
NARZI: (Amorrazita uxatu dualako) Ez didazu berriz esango. Badakit bidea... (zalapartan alde egin beza kaleko atea indarrez itxiaz).
(Atearen karranka-otsa entzunez Sofie eta Agar sukaldetik ager bitez).
SOFIE: Orixe zan atearen otsa! Jauntxo ori leun ibilli da.
AGAR: «Señorita» Beke ere gelara joana da.
SOFIE: «Bikotea» laister deseginda. Aserreturik, jakiña. Zer demontre! nik aldez aurretik señoritari gauzak garbi esan bai dizkiot.
AGAR: «Lixua» ederra zurea. Beti izan zera zalea.
SOFIE: Bai, Gobara ez da izan makala. Bear bezelakoa. Gure andereñoak bereak eta bi entzun zizkiñan. Eta orain Agar, nagusia gure alde daukagula ire ezkontzarekikoa, leenbaitleen garbitu bear diñagu Ismaeltxo aazturik utzi gabe. Koitadoa!
AGAR: Eta ez al da izango aguroegi.
SOFIE: Zenbat eta agurogo ainbat errezago. Zirt edo zart! Burnia gori dagonean orduan eta biguñago maniatzen den...
AGAR: Tuntun onek, ordea ez daki malluarekin nundik jotzen asi. Orain bertan ez dakit emen gelditu ala joan; mutilla ekarri ala ez.
SOFIE: (Agintari) Ire lekuan nik artuko diñat erabakia... Begira! Ua instantean Pilomena lengusuaren etxera, bai, denbora galtzeke. Eta ager adi bereala emen Ismaeltxorekin.
AGAR: Lotsa ematen dit ordea ezkondu gabea izan eta...
SOFIE: Ama batek ez din beñere bere semea agertzeko lotsarik euki bear. Eta are gutxiago aita duanaren etxera azaltzeko. Ismaeltxo! koitadoe! Iñoren aurrean kupirik gabe agertzeko mutil ederra ez badugu bada! Alajaña! Makiña batek artuko luteke!
AGAR: Zure esana egingo dut Izeba. Banoakizu billa (abiturik). Eta etxe ontako seme-alabak ez badiote ongi etorri gozorik egiten zurea izango errua.
SOFIE: Errua ta arrokeria. Biak! Ez da beldurrik. Etxe au ondotxo ezagutzen diñat. Bertan ogeitamar urte zeramazkiñat eta pentsa!
AGAR: Emen zuk agintzen duzula ikusirik dago. Nagusiak baño geiago.
SOFIE: «Aldiz, aldiz, sukaldaria zaldiz», Agar. Orrengatik oa astirik galdugabe mutillaren billa. Ez zan geiegi itzegin bidean.
AGAR: Ez, ez, ez naiz iñorekin geldituko. Banoa (abiturik) atetik zalantzan burua itzuliaz. Eta izeba... Ismaeltxok ez baldin badu etorri nai?
SOFIE: Etorri ez? Besotik eldu ta ekarri.
(Bijoaz Agar kaleko atetik eta Soli sukaldera).
* * *
ABRAH: (Abrahm etxe barruko beste gela batetik datorrela) Sofi! (erantzutzen ez diotela sukalderuntz dijoa ta berriz otsegiñez) Sofi!!
SOFIE: (Barrendik) Nagusi!
ABRAH: Ezekiel señoritoa etxean al da?
SOFIE: (Sartuaz) Orrenbeste sartu-irten dabil gaur emen. «Beke» atera dala badakit, Ezekiel bere gelan gelditu ote dan nago; edo garajean.
ABRAH: An baldin badago esaiozu etortzeko paper batzuek erakutsi bear bait dizkiot.
SOFIE: Bereala, nagusi. Deitzera noa... (Barrengo ateruntz joan eta begiratuz). Orratx! Ez zan urruti ta ez dut deitu bearrik. Badator. Kalerako moduan ain prezixo...
ABRAH: Ondo da Sofi. Zoaz orduan zure eginkizunetara.
SOFIE: Bai jauna, bai (joanez eta albora mintatuz). Ez dut isil-konturik entzun nai. Bestela ere asmatuko ditut nik (Begiarekin keñu egiñez) (bijoa).
* * *
ABRAH: (Mai aurrean eserita jarririk an dauzkan paper batzu arakatzen asten da Ezekiel sartu dala oartu arte) A! Ezekiel! etxean zauden ezkero itzegin nai dizut ama zanaren testamentua irakurtzen dugun bitartean...
EZEKIEL: Kalera ninjoan bada, oraintxe. Lagunak zai dauzkat.
ABRAH: Geldi zaitez pixka batean, mesedez denbora gutxiko gauza da-ta.
EZEKIEL: (Urduri batetik bestera ibilliaz) Testamentuak paper luze ta gogaikarriak izan oi dira. Illunak, aditzera dudanez...
ABRAH: Ez bada. Zure ama zanarena oso duzu labur eta argia. Eta Agarkin ezkontzeko nere asmoaz zerbait aitatzen du. Irakur zagun!
EZEKIEL: Ez daukat irakur bearrik. Ori bagenekigun. Zuk esatea aski da. (entzungor)
ABRAH: Zure amaren ordenuak nere itzak baño geiago balio du. Eta ark agintzen dit. Agarrekin ezkondu ta arengandik jaio zan Ismael semetzat artzea. Zuen amarengandik sortu ziñaten seme-alaba-Beke ta zuek añako eskubide berdiñekin. Au da (Testamentu agiria eskuan daukala) emen jarria dago zure amaren azken naia.
EZEKIEL: (Erremindurik) Zertarako bear dut irakurri ta entzun geiago? «Sasikumea» gure berdiña baldin bada. Alperrik nago emen. Ez naiz geiago etxe ontan biziko. Banoa betiko!
(Bat batean abiadura artu ta igesi dijoa kaleko atetik).
ABRAH: Baiñan Ezekiel! (alkitik jekirik) Izan zaite gizon eta ez ume. (Atzetik dijoakio ateraño geldi arazte ote duan. Eziñean naigabeturik itzultzen berriz bere maiera. Burua bi eskuen artean eta ukalondoak mai gañean tinkaturik une batez ala egongo da).
SOFIE: (sukaldetik sarturik) Nagusi, bakarrik aguro utzi zaituzte. Ezekielek dagoaneko alde egin al dizu?
ABRAH: Bai! eta betiko! esan duanez... Mingarria aita batentzat!
SOFIE: Itzuliko da, bai. Nun arkituko du onelako etxerik? Baldin badijoa ere or geldituko zaizu beste seme Ismael...
ABRAH: (Goibel) Seme bat galdu bear al da bestea irabazteko? Au ote da nere gaizki egiñaren ordaiña?...
SOFIE: Ezin bada guztion gogora jardun. Asarrea joango zaio ta guri ere bai naigabea. Ez gaituzu mundu txarrean bizi...
(Nagusia, jaramonik egiteke, kezkati ta bekozkoz jarraitzen duala oarturik).
... Buruko miña kentzeko Tia egitea nai al duzu, nagusi?
ABRAH: Naiko «tia» artzen ari naiz aspaldi, traguxka garratzak, eta oraindik artzeko dauzkadanak! (zutituz) Pozik sartuko nintzake oean astebeteko loa egitera. (Nagiak atereaz)
SOFIE: Sinesteñ dizut. Loak ez du beñere kalterik egiten eta bai atseden ematen.
ABRAH: Banoa lo kluska bat bederen egitea. Ta norbait galdezka baldin badator ondo ezik nagoala esan. Aditzen? Pakean utzi nazatela.
SOFIE: Ori nere kontura, nagusi egon zaite lasai, soseguz...
ABRAH: (abiturik) Ez da gauza erreza baiñan aleginduko naiz. (bijoa gela batera)
SOFIE: (Bakarrik berekiko) Egun txarra du gizarajoak lo egiteko. Esna ta erne egonda ere etxe ontakoak badugu aski lan. (Txilin otsa entzunez) Zer esaten nizuen?... Txilin lotsagabea! Beti norbait bada ate joka! (Atera zabaltzera bijoa ta D. Isai ta «Beke» dirala ikusirik ongi etorria egiten die)
... Ez nuan uste D. Isai, berriz etxe ontan ain aguro ikusi bear nuanik.
D. ISAI: Ez nik ere. Gizonezkoek bat uste eta emakumezkoek bestela agintzen, ordea...
BEKE: Egia da, nik etorri arazi dut. Berak gerorako utzi nai arren, biarko edo... Ez, neronekin etorri da.
SOFIE: Etxe ontan edozein garaitan ongi etorri egiten zaiola badaki D. Isai.
BEKE: Gure etxeko naaspilla antola bearra dagoala esan diot. Oraintxe bertan eta ez da goizegi. Bidean aitatu diot nere senargai izan nai zukean orrekin erabat ausi dudala. Ez dut arengatik ezer geiago jakin nai. Elkarri emandako itzak aizeak eraman ditzala. ta Kito!
SOFIE: Ederki egiña! (alai) Beste galai oberik ez zaizu faltako...
BEKE: Edota... monja sartuko naiz...
D. ISAI: Ori baduzu bidea. Jainkoari eskatu. Egizu otoitz!
BEKE: Bidea, bidea... Batek ba al daki nora joa ta zer eska?...
(Sofie sukalderuntz dijoa eta bitarte ontan D. Isai ta Beke isilpeko elkarrizketan beste ertzean diardute. Ontan daudela sukaldean zai zeuden Agar eta Ismael, Sofiek barrura sar arazten ditu).
SOFIE: Emen dituzute Agar eta Ismaeltxo (auei bultzegiñez). Sar zaitezte, sar, etxekoak zerate-ta.
AGAR: (Ismael semea eskutik arturik). Arratsalde on! Lotsa ere ematen dit zuen aurrean agertu bearrak. Baiñan nozpait ordua eldu da ta emen gaude ezagutu gatzaitzuten. (mutillari) Ea Ismaeltxo, agurtu itzazu Apaiz jauna ta andereñoa... (D. Isai ta Bekek bat bateko zirrada gaindurik arpegi alaiz eta oi diran diosalez agurtzen dituzte)
D. ISAI: Beke? Ara jainkoak aguro entzun zure deia.
SOFIE: Zera... Testamentu zaarraren kondairan bezelaxe...
BEKE: Nik ez dut itzik egiten asmatzen... Alare (ama semeari) Aurrera! Aurrera! esango dizuet. Agar... zuk lendanik etxea ondo ezagutzen duzu. Emengo berri baduzu.
AGAR: Nik ala uste... zuek aur ziñatela etxe ontan sartu nintzan.
SOFIE: (Bekerik) Señorita! Ikus zazu, ikus Ismaeltxo zer nolako mutil ederra egiñik dagon. Au izango duzu anai berria. Elkarri musu emaiozute.
(Elkarrengana joanez musu ta laztanez).
SOFIE: Eta D. Isairi eskuan mun egiozu...
ISMAEL: Ez da «jesuita» izango? (Guztiok paregiñez)
D. ISAI: Alatsu mutil. (Sofieri) Zer reboluzio egin duzu emen?
SOFIE: Iraultza besterik ez D. Isai. Eseri bedi patxaran eta jakingo ditu jakitekoak.
D. ISAI: Etxe-barruko iraultza. Karanba, karanba! eseriko naiz zure astinaldia lasa artzeko. (eseririk) Apaizgoan urte askotxo daramazkidalarik, ez dut ikasi emakumezkoen gora-bera ta matrikuluak konprenitzen.
SOFIE: Ez da arritzeko. Berorri gizona da-ta. Gai ortan konfesionarioan ez bait dugu egia oso osorik esaten.
D. ISAI: Aski duzute pekatuak soil-soilik aitortzea. Gañerantzeko berriketak isilik gordetzea obe.
(Agarek mutillari bazterrak erakusten dizkion bitartean besteak elkarizketan darraite).
BEKE: Emen esango dizuet guztia jakin dezazuten eta zuk batez ere D. Isai. Nere atzetik zebillenari uzkur egin diodala. Ez dago izena aitatu bearrik...
SOFIE: Mediku gaztea... tira. Erdi gizon eta diru zale osoa. Bai D. Isai. Gure «señoritaren» zoriontasuna egingo ez zukeana... Bai «Beke», Beketxo alaba bazindudanez itzegiten dizut (negar egin ta musu ematera joanez)
BEKE: Ama galdu dudala, aren ordez ematen dizkidazun laguntza ta aolkuak pozgarri zaizkit. (Agar eta semearengana bilduaz)
D. ISAI: Ala gerta oi da munduan. Ez da sekulan itxaropenik galdu bear. Lantze txarrenetan ere Jainkoak ez bait gaitu umezurtz uzten.
SOFIE: Gure «Beke» ez beintzat. Marikatxa baten atzaparretan erortzen utzi? Zer derizkio D. Isai. Mutilla neska-zale ta neskatxa mutil-zale izatea legezkoa da. Baiñan gizon... gizakoia? Utikan! Pizti txarra matrimonioarentzat... Sodoma ta Gomorra zer izan ziran bada?...
D. ISAI: Sofi! zuk izan bear zenduke apaiz... edo «sibila» gutxienez. Testamentu zaarreko igarleak bezela mintzatzen zera. Asko dakizu. Nun ikasi dituzu?
SOFIE: Lardizabalen Testamentu zaarreko kondairan irakurriak ditut; eta zuri sermoietan entzundakoak. Ez dut beste iñongo obisporik ikusi. Zuk bear zenduke apezpiku...
D. ISAI: Ez zaiozula nere buruari ain zama aztunik erantsi. Erriko erretore soil izateak ere ba-dizu eskubete istillu. Ai zu! zu!
BEKE: (Berriz D. Isai ta Sofierengana urbildurik) Nola nai ni ez niteke luzaroan etxe ontan bizi ta gertatzen dana aitari esango diot. Oraintxe gañera!
SOFIE: Ez, itxoin zazu Beke. Aita lotara joana duzu, siesta pizka bat egiten ari da eta ez deitzeko esan dit.
D. ISAI: Arrazoi du, Beke. Zure erabakiak otz-otzean ondo ausnartuta artzekoak dira. Ez bat-batean ta ez itsumustuan. Iñolaz ez naigabepean zaudelarik. Ainbeste ez bear gertatu dira emen. Goibeltasuna konseju-emaille txarra duzu. Illunpeari argitasunak darraikio. Gauari eguna. Ta onek eguzkiaren argi izpiak dakarzki...
SOFIE: Amen! Ori da sermolari bikaña izatea. Ori! Nik ere zerbait esango nuke... (Txilin otsa entzun bedi) ...txilin berritsu orren otsak lagako balit. Orrek salatzen bait nau neskame ta atezai bat besterik ez naizela... (ateruntz bijoa)
BEKE: Ez genduke orain bixita berririk bear. Ez digute bakarrik itzegiteko betarik ematen. Esan dizut, ez ezkontzea erabaki dudala.
D. ISAI: Mutil ori ez ba zaizu gogoko ziñez maiteko duzun besteren bat sortuko da... Orain ez bada geroxeago.
BEKE: Ez ori eta ez beste iñor; Ez orain eta ez... gero. Etxe ontatik joateko gogoa egin zait.
D. ISAI: Orrengatik gelditu egin bear duzu. Egiozu kaso Ismaeltxori. Bizimodu berri bat agertuko dizu.
AGAR: (Semearekin bazterrak ikusten dabillela) Zaude geldirik Ismaeltxo. Ez ezer ikutu.
BEKE: (mutikoarengana urbilduaz) Emen bizi nai al duzu, mutil?
AGAR: Esaiozu bayetz, zozoa! arreba Beke duzu-ta...
ISMAEL: Bai... (zalantzan) Señorita... Arreba...
AGAR: Beke, Beke!
BEKE: (Mutikoari musu emanez) Au kutuna au!...
D. ISAI: Ikusten nola Jainkoak gauzak errezten dituan... aurren bidez.
SOFIE: San Juan Bautixtak aurretik bideak prestatu ta gero, bai...
D. ISAI: Goikoak agintzen du beti. Berak bere bideetatik garamazki eta aren borondatera makurtu bearra daukagu guztiok!
BEKE: (Agari) Orrengatik, bada Agar, nere aitarekin ezkondu bear duzu eta leenbaitleen etxe ontara bizitzera etorri. (Bazterrak ikusten biurrikerian dabillen Ismaeli belarritatik tiraz) Eta zu ere bai Ismaeltxo, baiñan ez neri ezer puskatu.
AGAR: Aditzen Ismael! egon zaite geldi! (Bekeri) Ni gertu nago nagusiaren esana egiteko.
SOFIE: Eliza-ama santak artuko zaituzte, bai. Apaiza emen duzute bedeinkazioa emateko.
D. ISAI: Zuek elkarri bayezkoa eman ezkero, apaizak ez du besterik egiten testigutza baizik... senar-emazte bezela bizi zaitezte... emendik aurrera.
SOFIE: Bayezkoa emateko nagusia falta dugu. Otsegitera noakio. Ez esnatzeko esan dit baiñan...
D. ISAI: Uste al duzu lotan egongo danik? Geienaz begiak itxita atseden artzen.
SOFIE: Laister ikusiko dugu (gelaruntz joanez) Azkar esnatuko dut nik, baldin baitere!... (barrura bijoa)
BEKE: Esna dedinean geienik arrituko duanak etxean orrenbeste jende ikustea izango da. Uste ez zituanak, gañera.
D. ISAI: Guztiok zerate etxekoak, ni ezik.
AGAR: (kezkati) Asarretzen ez bazaigu! Ismael semea emen arkitzea ez zaio apika ondo irudituko. (semeari) Zu «txintxo» egon eta isilik iñork ezer galdegin arte.
BEKE: Onek ez du errurik, bere aitaren etxean bait dago, gu beste senideok añako eskubidez. Poza ar bear luke!
ISMAEL: Ni pozik nago arreba!
AGAR: Alegindu zaite, bada ondo portatzen, aita-ama lotsa ez ditzazun eta ezta apaiz jauna ere.
D. ISAI: Ez, ni, ez gu apaizok, ez. Gurasoak, gurasoak zerate seme-alaben etorkizunean erantzunkizuna leporatu bear duzutenak. Zaarren ezpañetatik entzun oi diran mintzoak dira: gazteok biurri, ezigaitz, arro, ezaxola, aundinai ta alper datozela; lanik egin baño geiago jolastu nai dutela; dirua beren lan eta nekez irabazi aurretik txautzaile ta etxekalte dirala. Egia izan diteke, baiñan gurasoek bere barruntea azter dezatela, ea beren eginbearrak ongi bete izan dituzten. Eta ar zatela gogoan seme-alabok jaiotzetik, Jainkoak emandako Justiziaren sena badakarkitela ta maitasunez obekienik ezitzen aal dituzutela.
BEKE: Sermoi borabilla atera zaizu D. Isai...
D. ISAI: Orratx! uste gabean. Apaizak kalean ere ezin ken elizako oitura... Kutsua...
AGAR: Ni bezelakoak ikasteko premian gaude, apaiz jauna. Eta nere semea ere eskola ortan azitzea nai nuke. (semeari!) Entzun aal duzu, maite?
ISMAEL: Bai, amatxo. Emen geldituko naiz. Ez dut berriz Jesuitetara interno joan nai...
BEKE: (Parregin eta Ismaeli musu emanez) Ja! ja! ja! Ez iñor kaiolara gogo onez joaten. Kanta zaarra dionez: «Libertadia zeñen eder den»! (elkar laztanduz).
(Gelatik sar bitez D. Abrahm eta Sofie).
BEKE: Aita! Sermoia entzuteko garaiz zatozte. D. Isai etxean dugu-ta.
D. ISAI: Nere itzaldia bukatu dut. Aurrerantzean egintzak bear dituzute.
SOFIE: Orixe bera esaten nik ere. Ondo esna ta erne zegon bai gure nagusia, Alajaña!
ABRAH: Guztia entzun dut. Ez bait dut batere lorik egin. Etzanik egotea besterik ez! Buruko-min eta kezkaz...
BEKE: Orain biotzaren txanda dugu. Goazen guztiok elkarrekin!
D. ISAI: Alabak, zuzen esana Abrahm...
ABRAH: Eta aita dan onek entzungor egingo ez diona. Baiñan...
BEKE: Zer, aita? (Abrahm eta Agar erdian jarri bitez; Beke ta Ismael aldamenean dituztela eta D. Isai ta Sofie mutur bakoitzean).
ABRAH: Emen... nere erruz seme bat falta zaidala... Ezekiel!
SOFIE: Beste bat irabazi duzu ordea. Ardi galdua artaldera bilduko da. Nun arkituko du berotasun eta bazka oberik?
BEKE: Nik ere ala uste dut...
D. ISAI: Orretarako ez dezala iñork leengo erru ta obenik aipa... Gauza zaarrak dira. Orain Testamentu berriaren argitan gaude Kristo etorri zan egin zagun alaitsu aren Naia!
(OIALA erortzen asten da ta batean Koru-saillak salmu- abesti, doñu ta dantzaz antzekizuna bukatzen da).
«ARA, JAINKOA DA NERE OSASUNA
LASAI-NAGO; BA! DOA NERE BILDURRA
JAUNA BAITA NERE INDARRA TA KEMENA
BERA GERTATU DA IAREGIN NAUENA».
(Isaias (Is 12, 1-6)
|