II. EKITALDIA
(Oiala altxa aurretik lenengo ekitaldearen joku ta ikusbegi bera kantuz eta dantzaz Koruak parte artzen dualarik. Joanes Bataiatzaillea albotik eldu dala antzin solasa esango du).
JOANES: (Ozen) EGIN PENITENTZI!
ALDA ZUEN BIZITZAK!...
EGIN ONDO...!
ORAINDAÑO GAIZKI EGIN DUZUTENA!
(Mintzatuz) Basamortutik nator. Zer gerta da bitartean emen?
(Ezkutatzen da ta bitartean Agar eta Ismael antzeztokiaren aurre aldetik, mutur batetik bestera igarotzen dira israeldarren jantziaz. Leengo ekitaldian eskuitik ezkerrera ibillaldia egin baldin bazuten orain alderantzian).
JOANES: (Berriz agertuaz) Jainkoak bere itun Berria emango dion gizaldikoa izatea gauza aundia da. Onek leialtasuna eskatzen du Yaverentzaz gorde bear bait ditugu gure biotz eta izate guztia. Isai profetak zion: «Gure pekatuengatik Mesias zauritu ta txautua izango zala. Baiñan aren zauriak sendatuko gaitu ta gizataldea salbatuko da. (Joanes aienatzen dala Oiala jaso bezate)
* * *
(Leengo ekitaldiaren etxe-barne bera. Abrahm aberatsaren sala apaiña, mai arats ta eserlekuz ornitua. Abrahm eta D. Isai eserita daude elkarri buruz-buru mintzatuz).
ABRAH: Luzeiritzirik nengon. Alargundu ezkero au baita egiten didazun lenbiziko bixita.
D. ISAI: Egunak pasatzen utzi ditut. Olakoetan arrotzak gañezka gaude... Ez da bakardadea bezelakorik norberak bere gogoetak egin ditzan... Gerora erabakiak artzeko.
ABRAH: Erabakirik ez dakit baiña nere andrea zanaren eriotzak utsune aundia utzi didala bai. Utsune aundia ta ez kezka txikiagoa, familiaren barruan... Emendik aurrera nere seme-alabarekin bizimodua nola antolatuko dudan ez jakin...
D. ISAI: Bide zuzenetik joanda noski. Emazte ona izan zenduanak zer nolako itzak esan zituan badakizu. Agindua bezela esanak eta zure kontzientziaren abotsa erabat: eta denbora gutxi barru Agarekin ezkontzea nai ta naiezko zaizu.
ABRAH: Nere aldetik ez dago eragozpenik. Seme-alabari aitatu diet ta aurpegi txarra jarri didate... Berak beste etxe batera bizitzera joango dirala. Ez dirala emen geldituko.
D. ISAI: Semea ezkontzekotan dabilkizu aspaldi ta bere etxea izatea bidezko da. Alabak ez dakit zer egin naiko duan...
ABRAH: Bekek etxetik alde egiteak min aundiagoa emango lidake. Narzi mediku gazte ori atzetik dabilkiola erri guztian zabaldurik dago.
D. ISAI: Olako susmurrak beti izaten dute beren egia.
ABRAH: Ez dut uste nik mutil ori oso gogoko duanik. Eta konpiantzan esanda, D. Isai, neri ere ez zait batere sartzen. Ez mediku ta ez gizon bezela. Gaiñera, gure «Beke» monjagaitzat neukan orain gutxi arte.
D. ISAI: Ez da errez jakitea zer dagon neskatx baten biotzaren erdian... Zure eginbearra aren borondatea errespetatzea da. Ortan gazteok arrazoi dute gurasoen aurrean. Ezin jarriko duzu zere burua... eredutzat. Ez da ala?... Beraz, zure alabak, berak erabaki dezala aski zentzu ta ezaguera baditu eta...
ABRAH: Ez dut ezetzik esaten baiñan beldur naiz Medikutxo ori «Beke»taz maitemindurik baiño, nere diruaz zaleturik ez ote dabillen.
D. ISAI: Ez zazula zure dirua geitxo gorde nai. Utzi ori alde batera! Elkarri egiazko maitasunik baldin badiote, argitasuna etorriko da... Itxoin!
ABRAH: Bearko! Seme-alabaren arazoa baño leenago nerea garbitu bearra daukatela badakit. Alegia, nere bigarren ezkontza legez elizaz antolatu.
D. ISAI: Ez duzu gauza zailla. Gizonezkoek, naiz alargun izan ez zaudete itxoitera bearturik. Paperak presta ta kito! Juezarena egindakoan, berriz, zalapartarik gabe, goizean goiz, elizan beinkapena neronek emango dizuet.
ABRAH: Orrek ez dit kezkarik ematen... ezta... etxeko seme-alabari aurretik gaztigatu bearrak ere. Ezkonduta, Agar etxera ekarritakoan Ismaelekin zer egin bear dugun... ortan dago kezka ta... koska. Sasiko semearekin zer egin...
D. ISAI: Ez da sasikumerik! Ez aitatu itz zatar ori. Guztiok gaituzu Jainkoaren seme. Eta Ismael etxean semetzat artzea da kristau bezela egin bear duzun lendabiziko lana.
ABRAH: Ori da, bada... «koska». Kristau-agindua bat izaki ta gizonen legea bestea... Etxeko seme-alabak konformatuko dira ni berriz ezkon nadin. Bainan ez dute onartuko Agar-en semea anaitzat ezagutzen. Oni seme eskubide guztiak aitortu ezkero aien kaltean bait dijoa. Legea aien alde daukate.
D. ISAI: Leenago ere esan dizut Abram jauna, gizonen legeen aurretik Jainkoaren agindua dagola... naiz kaltean izan. Eta gaur erri aurreratuetan legeak berak, senide guztiak, ezkontza barruko ta kanpokoak bat egiten dituala. Orobat! Danok anai-arreba!...
ABRAH: Neri ajola gutxi D. Isai, guztiok seme ditut-eta... Zuk ikusi Ezekiel eta «Beke» zure apaiz iritzira nola makurtzen dituzun. Aiekin itzbidean jarri zaite, etxean dituzu, nunbait. Dei egingo diet. Ez da izango laguntza makala neretzat...
D. ISAI: Zure esanera naukazu. Pozik agurtuko ditut emen nagon ezkero. Datozela bai! Gerorako uzteak ez ditu gauzak errezten.
ABRAH: (Jeki ta alboko gelaren atera joanik oiu egiñez) Ezekiel! Beke! ...Atozte! ...D. Isaik agurtu nai zaituzte...
D. ISAI: (Au ere zutik jarririk) Ez dakit gazteai itzegiten asmatuko ote dudan. Isiltzea ez legoke ondo. Obe omen da zakur zaunkalaria mutua baño. Jainkoak esanda; ta Berak lagun nazala.
(Ezekiel eta Beke sar bitez).
BEKE: Ongi etorri D. Isai. Ez genekigun etxean ziñanik (eskuan mun emanik).
EZEKIEL: Ainbeste jende dator etxe ontara... (eskua emanez agurtuaz).
D. ISAI: Ni falta nintzan, nunbait. Burrundara baretu arte pakean utzi zaituztet.
ABRAH: Entzun ditugun gezurrezko atsekabe-itz eta malkoen artean D. Isaik zenbait egi jakingarri esan nai dizkitzutela dirudi ta patxaran entzun zaiozute. Eseri zaite, eseri D. Isai.
BEKE: Gu ere bai, orduan... (D. Isai ta Abrah erdian eta anai-arreba ertzean jarri bitez).
D. ISAI: Sermoia entzuteko gertu jarri zeratela esango nuke... baiñan ez da olakorik.
BEKE: Egoki askoak, botatzen ditu pulpitutik.
D. ISAI: Elizan Espiritu Santuak lagunduta esatea gauza bat da ta emen zuen erdian sarturik nagola bestea. Ez da berdin... Kontrako erantzuna jaso bait diteke. Masaillekoren bat ere bai toki batzuetan...
EZEKIEL: Ezin esan guztiari «amen» apaizak oi duzuten antzera...
ABRAH: (Urduri) Tira! tira! Itzaurre ta kako-makotan denbora galtzen ari gera. Gezurrezko malkoak isurtzea txarra bada au ez da obea.
D. ISAI: Nere itz motelak ez zaituzte asko poztuko. Emazte ta ama on zenutena il ezkero etxean utsune aundia gelditu zaizutela zeok antzemango zenioten. Ua Jainkoaren besotan dago, munduan gelditu geranok ez gaude ain seguru. Zuek, batik bat, familiaren etorkizunari begira bearra daukazute. (Gazteai begira) Zuen aitak, orain urte batzu etxean neskame zegon Agar-ekin... (Zalantzan Abrami begira).
ABRAH: Esan, bai. Itzegizu argi ta garbi. Ez da isil-misilka gordetzeko kontua. Aspaldiko kondaira...
D. ISAI: Agar neskamearekin seme bat izan zuala.
EZEKIEL: Kontu zaarra! jakiñaren jakiñez aazturik daukaguna.
BEKE: Obena aitortzen duan pekatariari barka bear zaio. Ez al da ala D. Isai.
D. ISAI: Bai «Beke», baiñan egin dan kaltea ordaindu ta gero. Goazen aurrera! Zuen aitak Agari itzeman omen zion alargundu ezkero berarekin ezkonduko zala. (Abrami) Ez al da ala nagusi?
ABRAH: Egia da ta ez dut ukatzen, itza itza da...
EZEKIEL: (Albora asarrekoi) Eta pitza... pitza!
D. ISAI: Itz ori betetzeko garaia eldu zaizu ta berri ori leenengo jakin bear dutenak zure seme-alaba dira... (Isilume larria).
EZEKIEL: (Zutitu ta ibiltzen asiaz) Gure aitak itzeman bazion eta bere ortan baldin badago... Ezkon dedilla! Guk ez daukagu ezer esaterik. Bere buruaren jabe da.
BEKE: (Anaiari) Zaude lasai Ezekiel! Elizak baimentzen duan ezkontza berria, semeok ezin galeraziko dugu. Eseri zaite!
D. ISAI: Gai ortan iritzi zuzena duzutela pozik ikusten dut. (D. Abrahmi) Ez dugu esango, nagusi, zure seme-alabak ama galdu ondoren eta naigabe erdian zentzu ta ezaguera ez dutenik.
ABRAH: Alaxen da eta eskerrak eman bear dizkiet. (Seme alabari begira) Eta... barkapena. eskatu ere bai zuei ta zuen ama zanari, egindako makurrarengatik...
D. ISAI: Aski da, aski... Apal eskatzen duanari ezin eman zaio ezezkorik... Jarrai dezagun. Agarrengandik izan zuan semea bizi dala ederki dakizute, naski. Ismael du izena... ta koskorturik dago ain zuzen ere. Eta orain dator gogorrena: zuen aitak mutil errukabe orri semetzat aitortu ta izena eman bear diola. Eta zuek (anaiarrebari) anaitzat artu bear duzutena.
EZEKIEL: (Asarre) Sasikoa da-ta legez ez da gure anai... Ez ditzake gure eskubide ta ondasunak izan...
BEKE: Gure anai-erdi bai Ezekiel...
ABRAH: Ori legeak agintzen duan eran antolatuko dugu bein nere bigarren ezkontza bururatu ta gero.
D. ISAI: Jakiña! Gizarajoak ez du errurik ezkontzatik kanpora jaio izan bazan. Gaizki esanda sasian... Etxera ekarritakoan, ziur nago, «Beke» maitasuna artuko diozuna. Jainkoaren legeak ez ditu anaiak bereizten. Are gutxiago aita baten seme diranak...
EZEKIEL: Gure aitak andre berria ar nai badu ar dezala; eta ekar dezala onera bizitzera «sasikume» ta guzti. Baiñan (altxarik) jakin zazute ni, etxe ontatik kanpora bizi izatera joango naizela... Banoa emendik! (Abitzen asten da pipertua).
BEKE: Ez joan Ezekiel! Nik zurekin bizi bear dut; zu zera nere egitazko anai-eta... Bestea ez dut arbuiatzen baiñan ugaz-ama ta guztiok emen elkarrekin bizitzea familiarentzat lotsagarri litzake. Jendeak zer esango dute? Ezekiel! Ni zurekin joango naiz. (Zutitzen da).
D. ISAI: (Larderiaz) Ez dezazuteke ori egin. Geldi zaitezte biok! Eta geiago zu «Beke» zeran kristau zintzoa izanda. (Ateruntz bijoa anai-arreba irten ez ditezen). Pentsa zazute! begira zuen barrura, biotz samintasunik gabe, begiko lausuak kendurik!...
ABRAH: Utzi zaiezu, utz! bijoazela nai baldin batute. Libre ta aske dira. Ni ez naiz mutil koskor bat eta zer egin jakingo dut...
D. ISAI: Buru-berotasun eta kaiskallukerian ez dira gauzak zuzen egiten. Berekoi ez danak otzean iritziaz aldatzen da. Gaurkoz aski izango dugu ta ni nere sakristira noa. Goazen kalera aize preskoa artzera.
BEKE: Nik lagunduko dizut. Elkarrekin joango gera. Goazen Ezekiel.
EZEKIEL: Ez, ni etxean geldituko natzaizute, lanak bukatzen.
D. ISAI: (Abiturik) Ederki! baiñan ez zazula erabaki gogorrik artu. Goiztxo da oraindik...
(D. Isai ta «Beke» kalera dijoaz eta Ezekiel gelaruntz).
* * *
ABRAH: Zoazte bai. Urrengo batean jarraituko dugu. Eskerrik asko bixitarengatik. Ni etxean gelditzen naiz paper zaarrak miatzen; baiñan bide-erdira estankoaraño lagunko zaituztet. (Bijoaz Guziok).
* * *
(Abrahm itzuli bitartean sukaldeko atean zeletan zegon Sofie agertzen da. Sukalde barruan dagon Agarri otsegiñez).
SOFIE: Sar adi! Guztiok aldegin diñate. Nagusia ere D. Isairi laguntzera joana den baiñan laister izango diñagu emen, etxeko arropakin zegonan... Ator Agar.
AGAR: (Sarturik) Naiago dut joanak dirala. Orrenbeste jendeen aurrean agertzeak lotsatzen bait nau. Nagusiarekin bakarrik gaudela besterik da. Zer asmotan dan galdegin nezaioke. Eta Ismaeltxorekin zer egin bear dugun ere bai. Ez daki asko nerekin etorria dala ta etxean daukagula zai...
SOFIE: Urte askotxo daramazkin onela ta orain den estu artzeko okasioa. Pauso bat aurrera eman eta emengo etxekoandre aiz... Itza... itz!
AGAR: Ala da, baiñan poliki zamar joatea obe. Alargundu berria bait da.
SOFIE: Neska! aspaldi unan bizi-alargun. Ai! ai ai! au mundue! Gizon eta emakume! Kuxidade ederra kristauentzat. Eskerrak ni, neu gizonezkoek ikutugabekoa naizena. Lasa bizi naun...
AGAR: Zer nai duzu! Gauzak uste gabe gertatzen dira. Pekatari bait gaituzu.
SOFIE: Ai zuek zuek! (Abrahm datorrela oartuz) Nagusia emen den! Bakarrik utziko zaituztet. Ez duzute nere bearrik. Elkar ondotxo ezagutzen duzute bai...
AGAR: Ez badakizu ere, beñere baño beldurtiago nago. Barruan alako estuasun bat. Etzenduke sinetsiko. Aspaldi elkarrekin egon gabeak gera-ta.
SOFIE: Tira! tira! Ez dion ire ama zanari otsegingo. Ezta onoko izeba oni ere. Gizonezkoak nola menderatu badakin bai. Nagusia ikusi ala limurtu den... (ajolakabe) Te, te, te! Ni berriz Ezekieltxo ikusteko amorratzen natxionan. Ik D. Abrahm gutiziatzen dukan aña... (bijoaz sukaldera)
ABRAH: (kaleko atetik itzulirik amultsu agurtu beza Agar). Agar! Emen ziñala banekien... Egun auetan jendea badugu beti etxean, ta ez dut zurekin egoteko betarik izan.
AGAR: Tarte bat arrapatzearren ortxe egon natzaizu sukaldean itxoiten; beste iñor etorri aurretik lasa itzegin zagun.
ABRAH: Ondo, oso ondo derizkiot. Agar... Ez uste izan ni zu ikusteko irrikitzen ez nengoanik. Andrea nuana bizirik zegon bitartean, ordea, naiz aspaldi arras eri, ez zan egoki ni zuregana joatea.
AGAR: Konprenitzen dut, bai. Orain emazte zenuena il zaizun ezkero, ta Jainkoak daki ta nik ez niola gaitzik opa, bestela artuko nazula sinetsi nai nuke... (elkar laztandurik).
ABRAH: Bai, Agar ez beldurrik izan. Ez aaztu ordea, etxe au nerea ezik seme-alabarena dala ta biok oraindik ez gaudela ez legez eta ez elizak ezkondurik.
AGAR: Orretara nentorren, ain zuzen ere, ea elkarren senar-emazte egiten geran.
ABRAH: Bide ortatik joateko asmotan naiz, baiñan zerbait itxoin bearko dugu.
AGAR: Epea luzegia ez baldin bada.
ABRAH: Ez, ez, alik eta laburrena. Bearrezko dana. Seme alabari dagoaneko itzegin diet eta ez dute ain gaizki artu... Ondoegi ere ez, baiñan tira... D. Isai ere emen zan eta gauzak aurreratzen dijoaz...
AGAR: Eta nun bizi bear dugu. Etxe ontan bertan?
ABRAH: Orrekin izango dugu zenbait ostopo ta eragozpen. Nere seme-alabak ez dute gurekin guztiok batean bizi nai. Etxe kontua antola diteke...
AGAR: Eta zer egin bear dugu Ismaeltxo gure semearekin?
ABRAH: Korapillo ori askatzen zaillago izango zaigu. Seme ori legezkoa ez izateak traba aundia sortzen du... eta ezin ekarri izango dugu etxe ontara bizitzera... Nere seme-alabak ez dute ori aditu nai. Familiaren izen onarentzat lotsakizun litzakeala eta... abar. Beraz, aurten Ismaeltxok Jesuiten ikastetxean jarrai dezala. Gerora erabakiko dugu beste zerbait...
AGAR: (kopetillun) Nere sabel eta erraietatik sortutakoa ez al da bada zure seme?...
ABRAH: Ez dizut beñere ukatu. Garaiz nere familia-izena emango diot. Bitartean itxoin dezagun... gaztea da ta. (norbait datorrela oarturik itzbidea etenaz)
AGAR: Ea gizon egiñik dago, ezaguera argikoa bere urteetako. Nerorekin ekarria dut ikus dezazun.
ABRAH: (arriturik alkitik jeikiaz) E? zurekin ekarria duzula. Nun da?
AGAR: Ez ikaratu. Lengusuaren etxean utzi dut ikustea joan nai bazenduke.
ABRAH: Jendea dator eta emen ez dugu itzegiteko libertadearik... (nora jo ez dakiala) Sukaldean lasaiago jarraituko dugu naiz ez izan nagusi batentzat leku egokiena. Goazen! (sukalderuntz abiturik).
AGAR: Etxe aberatsetan ez da leku segurugorik. An dugu Sofi... ta ondo gordeko gaitu.
ABRAH: Ez da komeni nere seme-alabak zurekin ikus nazaten. (bijoaz)
(Kaleko atetik Beke ta Ezekiel sar bitez).
EZEKIEL: Aitaren aterakaia entzun duzu. Ikusia zegon. Ezkondu egin bear duala.
BEKE: Ez da gauza berria. Bidezko da.
EZEKIEL: Ezkondu, ezkondu, ori da gutxiena! Eta ondoren datorrena?
BEKE: Ondorengoa ez dakigu. Oraingoak ematen dit naiko kezka.
EZEKIEL: Leengo, oraingo ta gerokoak! Betiko leloa. Ezkondu ala ez, nik Beke «sasikume» ori ez dut anaitzat ezagutuko.
BEKE: Ez da nere gogoko. Lotsa da familiarentzat. Or ariko da jendea marmarizoan. Baiñan Jainkoaren ta gure aitaren seme dugu eta Errelijioak...
EZEKIEL: (Zakar) Zer Errelijio ta zer Elizondo! Aitaren okerrak guk nozitu bear?... Gure kaltean?... Ez. Etxeko ondasunak gu bion artean banatzeko ordez iru zati egingo dira. Aitaren etxekoandre berriak (nardaz) «señora» biurturik zurrupatuko duana konta gabe. Diru ondamen ederra izango dugu.
BEKE: Diru konturik besterik ez balitz. Erdi-anai ezagutzen dugula maitasuna artuko diogu. Berea eman bear zaio.
EZEKIEL: Utzi itzazu maitekeriak alde batera Beke! Toki onean gaude. Bi neskameak Sofi ta Agar ondo konponduko dira gure kaltean.
BEKE: Ala izanik ere ez dugu gure ondasunik galduko. Eta D. Isaik esan digun bezela Ismaeltxo anaitzat artzera bearturik gaude.
EZEKIEL: Oraingo apaizak oso «progresista»k dira. Urrena Testamentu Zaarreko kondairan zer gertatzen zan galdegin zaiozu. Bitartean Babiloniako aizea artzera noa. Agur arreba!
(Bijoa kaleko atetik).
BEKE: Alperrik da zuri ezer esatea ta zoaz ondo anai! Etxea ez zaizu gañera eroriko! Ni emen geldituko naiz...
EZEKIEL: (Atetik) Bai, senargaiaren zai...
BEKE: Nik ez dut ezer Narzizorekin baiñan itxoingo diot...
(Atea itxi ta Ezekiel joandakoan Beke gogoeta egiñez,
zutik antzetokiaren erdian zerurontz begira ametsetan bezela geldi bedi OIALA astiro jeisten dalarik).
* * *
Une berean Koru-saillaren abestaldia entzungo da Salmo baten itzak garbi entzunez:
«Jauna nere biotz au arro ez dago
begiok ez dauzkat bear baño gorago.
Ez nabilla gauza aundien atzetik
Ni baño gorago daudenetik».
|