I. EKITALDIA
(Sofie, mirabe zaarra ta Agar etxe ortan bertan neskame izandakoa berriketan ari dira).
SOFIE: Eta... nola dago Ismaeltxo? Ba zeukanan ikusteko gogoa.
AGAR: Ez zenduke ezagutuko. Beti azitzen ari da-ta. Baita gaiztakerian ere!
SOFIE: Gure Ismaeltxo!
AGAR: Ez ain... txo!... gizon egiñik dago. Jesuiten ikastetxera eraman nuan ezkero asko aldatu da. Ori bai, arropa, liburu, ta beste zer nai gauzetan neuzkan diru guztiak txautu dizkit.
SOFIE: Siñisten diñat. Eta orain... nagusiarengana diru eske atorrenala ere bai.
AGAR: Zer erremedio!
SOFIE: Ondo egiña! Ez den naikoa nagusiak, itzaz gozaturik aurra mundua ekar arazi ta sasian uztea. Berak ere paga dezala larrutik...
AGAR: Ortan Don Abraham ez duzu batere zeken. Eskatzen diodana ematen dit.
SOFIE: Eskatu gabe eman bear liken... Ez den aspaldi iregana biltzen. Ezta semea ikustea joaten ere. Bere-berea din bada Ismael koitadoa... gure laztana! Bazeukanan ikusteko gogoa. Aitak baño geiago apika!
AGAR: Ezin etorri zitekeala gaztigatu zidan etxeko «señora» (barrungo gelaruntz begiratu keñu egiñez)... onela gaixo dagon bitartean.
SOFIE: Bai, gero ta okerrago zegon. Ez zekiñat ontatik bizirik aterako ote den.
AGAR: Ain gaizki, beraz?...
SOFIE: Oso gaizki, ta zer gerta ere, Agar, nagusia etorritakoan al dan dirurik geina ken akion. Ba-ezpada ere; ta gero, gerokoak! andrea iltzen bazaio irekin ezkontzeko itza eman ziñan... ta eutsi... kunpli dezala...
AGAR: Aguroegi joan nai duzu izeba Xofi...
SOFIE: Urteen buruan asko ikusia bait naun. Presa izan ziñaten. Agar eta i etxetik bidaltzeko... zera aurra jaio aurretik familian eskandalorik sor ez zedin. Ordaiña orain jaso bear den, bestela beñere ez! neska! (Abotsa indartuaz).
AGAR: Isilago itzegin zazu, izeba, barrendik entzun egingo digute-ta (belarria adi-adi jarririk). Norbait badatorkigula deritzait.
SOFIE: (Erne jarriaz) Bai, Nagusia da. Bai, bera da. Pausuan ezagutzen dut, sasoiean dago oraindik. (aolku emanez) Ez zaionala nik esandakoa eskatzez aaztu. (uste osoz) Ik izan bear dunan emengo etxekoandre. Ez beste iñork... (sukalderuntz abiturik...) Noan... noan. (sukaldeko atetik) Aditzen? Ez aaztu...! (bijoa)
AGAR: Zoaz bai... Au larritasuna nerea... (Bere burua apurtxo bat apaintzen dualarik) Aspaldi ikusi gabea dut eta... (D. Abraham sartzen da eta ondoren atea itxiaz Agar-engana doa. Eskua estu bezaio lendabizi, gero arpegian musu emanez)
ABRAH: Ordu txarrean etorri zera, Agar...
AGAR: «Señora»... gaxorik, oso «patal» dagoala badakit...
ABRAH: Oso gaizki bai. Medikuaren zai gaude ea zer irizten dion. (isil-unea) Zu berriz beti bezin eder, Agar (berriz musu eman ta maite-maite arpegian egiñez) Ai! (asperen luzex)...
AGAR: Ez duzu bada itxura txarrik naiz aspaldi nitaz azturik bazaude ere. Nigana agertu ez zerana badira illabete bi... ta oraindik ez didazu semearengatik galdegin... A eskergaizto zu!... (musu emanez)
ABRAH: Ez didazu betarik ematen da. Ismael Jesuiten ikastetxean onik izango dalakoan nago. Ez dago toki txarrean.
AGAR: Toki onean, bai, baiñan ez doarik (debalde)... Zenbat kostatzen zaidan neronek ere ez dakit, dirurik gabe nagoala bai ordea.
ABRAH: Ez estutu! Bear duzun aiña izango duzu. Eseri zaite. (elkarren aldamenean jarririk) Ez natzaizu aspaldi bixitatzera joan nere andrearen gaxotasuna dala-ta... eta beste gora bera askorengatik. (Alde batera ta bestera kezkaz begiratuaz) Ezin atera naiz etxetik, seme-alabak espa ta susmo txarra ar ez dezaten. Baiñan, aldi au ere igaroko da ta berriro zurea izango nazu. (Agar-engana urbildu ta laztanduaz)
AGAR: Gizonezkoekin ezin diteke geiegi pio...
ABRAH: Nitaz ere ez?... Aspaldi ezagutzen nauzu bada...
AGAR: Bai, amabi urtetik gora. Ismaeltxok amaika urte ditu eta...
ABRAH: (Karteratik milla pesetako paperak atera ta Agari eskuratuaz) Gaur ezin egongo gera luzaroan elkarrekin eta torizu! Nere andre gaxo ta etxekoekin badut aski kezka. Ez da komeni ikus gaitzaten. (Abraham jekitzen da ta baita Agar ere). Goazen or barrura. Ni zuregana ezin joan banaiz, nora ta noiz etorri gaztigatuko dizut. (Sukalderuntz abiturik)
AGAR: Eskerrikasko nagusi! Eta gerorako zer?...
ABRAH: Gauzak nola datozen ikusi bear. Sofi zure izebaren bitartez jakingo duzu.
AGAR: Zer nolako itza eman zenidan ez zenduan aaztuko?...
ABRAH: Ez emakume, ez. Gizon-itza da nerea. Gertatzen dala gerta! Orain medikua ta seme-alabak onera etortzekoak dira ta zoaz Sofierengana. Onek daki emengo berri... (sukalderuntz bultzegiñez)
AGAR: Eta ez al didazu ezer esaten semearentzat?
ABRAH: Nai duzun guztia, maite! Emaiozu musu nere partez!
(Elkarri musu-emanez sar bitez sukaldeko atetik).
(Bereala etxekoandrearen gelatik Ezekiel eta BEKE etxeko seme alaba datoz, Narziso mediku gaztearekin. Medikuaren bixita ondoren oso goibel agertzen dira naigabea ezagun zaiela. Gelatik atera dirala nabaitzen dualarik Abraham sukaldetik dator, aienganaturik).
NARZI: (Mediku tankeraz mintzatuz) Mingarri zait esatea baiñan mediku bezela zuen etxekoandrea gaizki arkitzen dut. Atzo ezkero erorialdia egin du. Orrek esan nai du gaitza aurrera doala; eritasuna gaiña artzen. Biotza aultzen ari zaio ta inyekzioak ez diote ezer egiten. Adiskide zaituztenoi au esan bearra damu dut benetan. (Elkarri begiraturik guztiok triste-antzan itzik ateratzeke geldi bitez).
ABRAH: (Suspertu naiez) Leenago ere orrelako erorialdiak izan oi ditu. (Medikuari) Ez al dago beste zerbait erremedio ematerik?... Medizinak orrenbeste aurreratu duala-ta.
NARZI: Azkena sortu diran «espezifikoak» emango dizkiogu. Naiz alperrik izan ez da beñere etsi bear. (Maitxoaren ondoan eseri ta errezeta bat idatziaz). Au da emen iñork ezagutzen ez duan sendagaia...
BEKE: Neroni joango naiz botikara billa. Bereala gañera ama sendatzeagatik infartoa edo?...
EZEKIEL: Bitartean «kolapsoren» bat ez bazaio etortzen.
NARZI: Ez dut uste. Luzapena emango diogu naiz gerorako sendabiderik izan ez... Au da nere iritzia. Orain zuek beste medikuren bati dei egin nai badiozute niregatik ez duzute eragozpenik, edozein ekartzen dezutela ere. Espezialistaren bat edo...
ABRAH: Zer derizkiozu Dr. Etxenagusiari otsegitea? Bi medikuen begiek batenak baño geiago ikus dezateke. D. Simonek begi ona du.
NARZI: Dr. Etxenagusia mediku zaarra da, bai naiz ez izan gauza auetan egokiena. Baiñan zuek ikusi. Edozein dala ere gaur ekarri araztea obe. Ni zaspietan emen izango nazute berriro.
ABRAH: Ordurako, bada, D. Simon etorri araziko dugula uste dut. Errian dagoala badakit beintzat.
BEKE: Neronek deia egingo diot Botikara joan da gero.
EZEKIEL: Ez, ez, zu botikak jasotakoan itzul zaitez leenbaitleen etxera. Ni joango naiz Dr. Etxenagusiarengana. Zuk baño errezago arkituko dut. Garai ontan Kasinoan egoten bait da.
NARZI: Mediku zaarrek liburutan baño ajedrezean jokatzen denbora galtzen dute.
ABRAH: Gazte, agian ez da eskolarik txarrena osasunaren aldeko burrukan garbi ikusteko.
NARZI: Nik ez daukat, bada, ortan denbora galtzerik... Beste eri batzuek bixitatzera noa. (Abiturik)
EZEKIEL: Elkarrekin joango gera, gizona. Zaude pixka bat.
BEKE: Eta ni ere zuekin joango naiz. Goazen aguro ordea, bestela emen mediku arteko eztabaidetan gaixoa gaizkituko zaigu. Beldur naiz. (ateratzeko gertutzen ari dala) Ez al da gaiñera, obe izango baita ezpada apaizari deitzea?
NARZI: (Axolakabe) Apaizak animarentzat ez ezik gorputzarentzat ere zenbait mediku ta botikak baño petrekillo obeak dira. Sineskerian dago guztia. Fedean...
BEKE: Gure amak on badizu-bada eta Farmaziatik Elizara joango naiz Don Isai erretore jaunaren billa. (Anai-arreba ta Medikua bata bestearen ondotik abiturik)
ABRAH: Bakarrik utzi bear al nazute?
BEKE: Nik laister egingo dut itzulia. Bitartean or duzu Sofi, Amatxoren gelara joan dedilla. Bereala naiz emen botika berriekin...
NARZI: Ar arazi zaizkiotzu bi pildora ur pizka batekin. Gero gu etortzean zer ondorengo egin dioten ikus dezagun.
BEKE: Bai, ez dezagun denborarik gal. Goazen (bijoaz irurok) Aita! Sofik kasu egin dezaiola (bijoaz)
ABRAH: Bai Beke, ama gaixoa zainduko dugu. Zoazte.
(Unetxo batean Abraham bakarrik gelditzen da. Emaztea oean gaixorik dagon gelako atera urbildurik kezkati begiratzen dio).
* * *
(D. Abraham gaixoaren gelara begira dagon bitartean, sukalde atetik Sofie mirabe zaarra ager bedi. Poliki nagusiari galdegiten diolarik).
SOFIE: «Nobedade» txarren bat al dugu nagusi?...
ABRAH: (Buru itzuliaz) Aspaldi dira «nobedade» txarrak gure etxean Sofi.
SOFIE: «Señora» poliki ote zegoan iruditu zait, bada, esne-basoa eramana diodanean. Aurpegi ona arkitu diot... paketsua.
ABRAH: Gutxi iraun dio itxurak. Mediku gazteak dionez beera aldera omen dijoa ta erremedio berria eman bear zaiola agindu du...
SOFIE: D. Narziso ori oso mutil polita da baiñan ez mediku ta ez gizon bezela ez zait batere gogoko. Ni ez naiz iñor agintzeko, alare, nere esku balego D. Simon mediku zaarrari otsegingo nioke.
ABRAH: Orixe erabaki dugu, zaude lasai. Seme-alabak leenago gazteari deitu zioten, obe bearrez. Medizina berrian geiago dakiala-ta.
SOFIE: Eta nun du D. Simonen begia... eta pultsua artzea?... Ez da guztia liburutan ikasten. Ikusiak ikusi... pratikak balio du.
ABRAH: Ez dakit. Dana dala, bat izan, bestea izan, neronek ere atzotik onuntz daraman erorialdi gaitzari antzeman diot. Kontuz begira zazu begira atetik. (Sofie ta biok gelako urbilduaz pizka batean gaixoaren oeruntz begira jarriaz).
SOFIE: (Berriz erdialdera etorriaz) Lo zorroan dagoala dirudi... Etxekoandre koitadoa... Ez gera ezer!
ABRAH: Inyekzio ziztadaz josi dute ta nai ta nai ez lo artu bear. Il ala bizi. D. Simon etorri dedinean zer esaten duan ikusiko dugu. Apaiza ta Elizakoen premi geiagoan arkituko duala uste dut, orrengatik «Beke» farmaziara ezik D. Isai erretore jaunaren billa joana da. (Sofie ta Abrahm zutik antzeztokiaren erdian itzik gabe gelditzen dira unetxo batez samindurik)
SOFIE: (Erdi negarrez eta zingurinka) Lo zorroan dagoala ez ote dan sendatuko beldur ematen dit. Jesu! zer gerta bear du emen. (Berriz gelara urbilduaz) Arnasa artzen du.
ABRAH: Itxoin zagun. Entzun Sofi! Bakarrik gauden ezkero jarri zaite or. Bai eseri!
SOFIE: Ez, nagusi ondo nago zutik... batetik bestera joateko...
ABRAH: Ni eseri egingo naiz bada, nekaturik nago-ta (Eseri ta bekokiko izerdia txukatuaz) Sofi! (Itz totel) Zuk... nik Agar-ekin izandako artu-eman guztien berri ondotxo dakizu noski... Eta... zera... dana jakin izan duala uste al duzu?...
SOFIE: Dana... dan-dana ez dut esaten... baiñan geien-geiena bai beintzat...
ABRAH: Eta Agar-engandik seme bat izan nuala ere bai? Sasikoa alegia?...
SOFIE: «Sasikoa»? ez! oe garbian jaio zan, nik ala uste ta mutil ederra gañera...
ABRAH: Bai Sofi, bai. Zuk eta nik dakigu, baiñan etxekoandreak...
SOFIE: Egia esan bear badizut, nik bayetz uste, naiz lotsaz edo isilik egon arren.
ABRAH: Eta etxeko... beste seme-alabak zer diote? Ba al dakite?
SOFIE: Jakin?... Auek guztia dakite, baiñan ez dute ezer jakin nai. Begiak itxitzen dituzte ta kito! Agar? ere ikusi dute onuzkero bai...
ABRAH: Esan diot bada, ez dedilla emen etxean agertu etxekoandrea onela gaixo dagon bitartean...
SOFIE: Eta gero?...
ABRAH: Gero... gero...
SOFIE: Bai! gero... gerokoak?
ABRAH: Oraingoak ikusiaz pentsatuko dugu.
SOFIE: (Kementsu) Ez aaztu, Agari itza eman zeniola alargun gelditutakoan arekin ezkonduko ziñala.
ABRAH: Itza eman... itza... bai ez dut ukatuko. Baiñan itza noiz eta nola bete zaillagoa da. Ez da oraintxe orain erabakitzeko arazoa. Ezkontzea besterik ez balitz. Or daude, ordea etxeko seme-alaba, batetik... Bestetik...
SOFIE: Ismaeltxo, bai, ondo mutil jator eta bizkorra dator...
ABRAH: Etxekoak senide berri, ugatz-anaia nola artuko duten ez jakin ordea...
SOFIE: Guztiok dira aita baten senide eta Jainkoaren seme gañera...
ABRAH: Etxekoandrearenak, il zorian dagon emaztearenak leenengo biak... Agar-ena bestea.
SOFIE: Neskamearena... bai. Aberatsok nekez artzen dezute senide berririk. Baserri ta pobre-familietan, berriz, guraso ez-ezagunen aurrak ere errezago artzen dituzte. Zure «Agar» alaxe jasotakoa izan zan gure etxean. Ez bazenekien ere!... (Gaixoaren gelaruntz joan ta begiratuz) Arnatsa artzen du baiñan ez da esnatu.
ABRAH: Gauden isilik. (jeikiaz) Norbait dator eta gero jarraituko dugu. (elkarrizketa etenaz ateruntz bijoa ta une berean kaletik «Beke» sar bedi eskuan paketetxo bat daramakiala) Aguro egin duzu itzulia, Beke...
BEKE: Amatxok nola jarraitzen du. (Gelaren ateraño joan eta begiratuaz)
ABRAH: Berdintsu. Lo dago, ez du arnas larririk. Zuk egin al dituzu egitekoak?
BEKE: Bai Aita! Farmazian bereala gertu dizkidate errezetak. D. Isai erretorea eleiz atarian arkitu dut; beraz ez dut denborarik galdu. Beriala etorriko dala esan dit. Beraz laister dugu emen.
SOFIE: Kandelak eta zapiak ipiñi bearko ditugu...
BEKE: Ez, Sofi!, ez da oraindik garaia. Bixitara bakarrik etorriko bait da lenengo. Gero berak esango digu noiz etorriko dan Sakaramendu santuak ematera. Bitartean ur irakiña gertu zazu inyekzio orratza garbitzeko. Guata geiago ere bearko da. Eta... piz... ontzia.
SOFIE: Bai «señorita» oraintxe noa guztiaren billa. Eta, ez al diot ekarriko beste esne-baso bat?... Aulduko bait da bestela.
BEKE: Ez emakume, ez. Zuk esnetan itoko zenduke. Ez du ezer artu nai. Tantaka-tantaka indartu ta suspertzen dute. Ez da gosez ilko. Noan zertan dagon ikustera... (Gelaren barrura bijoa)
SOFIE: Eta ni sukaldera. Zuk agindutakoa egingo dut. Bat ez da iñor!
(Bijoa).
ABRAH: Guztion artean zerbait onik aterako aal dugu. Eskerrak onelako alaba eta onelako mirabe leialak etxean ditudala. Eria nola zaintzen duten ikustekoa da, alperrik baldin bada ere...
(Mai-atzean dagon besaulkian eserita bertan dauzkan paperak miatzen asiko da bere buruaz gogoeta egiñik).
...Nere andreak merezi du bai bere osasunez ardura ditezela.
Nik berriz zer!?... Joku txarra nerea!... Iltzen bazait... Zaartu aurretik eriotza badatorkio... ni nazu errudun!...
(Kezka latza darabil barruan kanpora agertzen zaiona. Zimiko, keñu tartean uste gabe itz bakar batzuek aotik ateratzen zaizkio... Agar! Ismael! Beke! Ezekiel!... Mai gaiñera burua makurtzen uzten du ta erdi ametsetan geldituaz. Une ontanxe kaleko atetik Ezekiel sartzen dalarik).
EZEKIEL: (Aitari begiratuaz) Lo?... Norbaitekin izketan ari zala esango nuan... (otsegiñez) Aita!
ABRAH: (Bat batean susperturik) Zu al ziñan, seme?
EZEKIEL: Bai jauna. Ni naiz. Nor zan emen? itz otsa entzun dut.
ABRAH: Ez iñor ez! Nere buruarekin izketan ari nintzan. Bakarrik utzi naute-ta... ezin egon nunbait isilik.
EZEKIEL: «Beke» ez aal da oraindik itzuli?
ABRAH: Bai, etortzea egin du ta amaren gelan duzu. Botikatik ekarri dituan erremedio berriak emateko asmotan. Gauzak leenbaitleen egitea obe dala-ta mediku gazteak dionez...
EZEKIEL: Ni berriz, D. Simon zaarraren billa joan natzaizu. Zaspietako emen izango dala agindu dit. Mediku faltaz ez dedilla beintzat gure ama il. Egin ditzatela alegiñak bizia luzatzeko, bederen.
ABRAH: Era batera edo bestera orretara bearturik daude, naiz elkarren leian...
EZEKIEL: Leia ortan gaixoari ez ote dioten alperrik sufri araziko pentsatzen dut. Ez aal da okerrago?
ABRAH: Biziak noiz arte iraun dezaken ez bait da neurtu erreza, Jainkoak nai dezan arte, noski. Eriotzaren mixterioa, ordea gañean dugu beti.
EZEKIEL: Aita! Gaur oso «metafisiko» arkitzen zaitut, orain arte korputzari makurtuagoa bizi izan zera espirituari baño... Lurreko gauzetara lotua...
ABRAH: Onela gerta oi da une larrietan, seme, arrokeriak utzirik goruntz begiratzen baldin badugu.
(Aita-semearen arteko isilunea Sofie sar bedi bandeja batean ur-ontzi, katillu ta beste zenbait puska daramazkiela).
SOFIE: (Ezequiel ikusirik) Zu ere etorri zera?... Etxekoak onela maiz biltzen asten diranean, jai ez baldin bada... uhmm! malo!...
EZEKIEL: Zuri puskak eramaten laguntzea etorri naiz ezer puska ez dezazun.
(Bandejatik zerbait artu ta Sofie ta biok gaixoaren gelara sar bitez).
ABRAH: (Berriz bakarrik geldi dalarik batetik bestera dabil): ... Ez naiz ezer egiteko gauza. Iñori laguntzeko din. Nere egin bearra nun dagon ez bait dakit. Emen ala oe buruan. Zer egin bear dut ordea? Nola mintza? Nola jardun! Geldi ta isilik egotea ez al da olakotan obe?... (Isilunea dabillela)... Sartzen banaiz ezagutuko al nau?
Egin diozkadan txarkerien barkapena eskatuko diot. Zer eskeñi nezaioke damutasunez beste?... Jainkoari otoitza.
(Barne-otoitz isillean ari dala Don Isai erretore jauna kaleko atetik oartzeke sartzen da).
D. ISAI: Jainkoa dizula arratsalde on nagusi!
ABRAH: Baita zuri ere erretore jauna. Ez dut nabaitu etxera sartua ziñanik. Ain nago naigabetua.
D. ISAI: Ez da gutxiagorako zure alabak esan didanez. Medikuek gauza gaizki ikusten dutenean apaizek izaten dugu txanda...
ABRAH: Bai, atzo ezkero asko jetxi da. Erdi lo zorroan dago baiña okerrago doala igartzen zaio. Ez du ezer artu nai.
D. ISAI: Oraindik susperraldia izan dezake sueroak ematen dizkiotela. Ni ikusteak ez dut uzte kalterik egingo dionik.
ABRAH: Berak eskatu du etorri zaitezala. Zai egongo zaizu. Or da «Beke»... bakarka itzegin nai badizu aterako da...
D. ISAI: Konfesatu berria da zure emaztea, joan dan igandean, azkeneko Jauna ekarri nionean. Beti izan da andre on eta kristau zintzoa. Oso larri ikusi arte ez dizkiot elizaren azken olio ta beinkapenak emango. Ez badizkit eskatzen beinik bein.
ABRAH: Zurekin pozikago itzegingo du bai, medikuekin baño. Gogo onez artuko zaitu. Zoaz, zoaz, bidea badakizu.
D. ISAI: Noan barrura ea nere bixitaz anima ezik korputzari osasuna ematen lagundu nezaioken. Jainkoaren borondatea besterik baldin bada. Eriotz on baterako gertu dago. (abiturik)
ABRAH: Ni testigu txarra nazu ta emen gelditzen naiz...
(D. Isai sartu ala Sofie irtetzen da).
ABRAH: (Sofieri) Ta... nola utzi duzu etxekoandrea?...
SOFIE: (Buruarekin ezezkoa egiñik) Gaizki! Dantza txarra asi dugu etxe ontan. Ez diot iñondik atarramentu onik ematen. Mediku gaztearekin beintzat. Bear bada apaiz jaunaren bixitarekin eta gero D. Simon mediku zaarra datorrelarik zerbait aurreratzea baditeke. Baiñan naiko lan. «Beke»ri ere ozta-ozta itz bat edo beste esaten dio.
ABRAH: Nere izenik ez aal du aitatzen?
SOFIE: Nik ez diot ezer entzun. Begira jarri zait baiñan isilik... Ezaguera badu bai... bear bada, orregatik ez du zure izenik aitatzen.
ABRAH: Zer derizkiozu, joango al natzaio oe ondora barkamena eskatu ta pakea egitera?
SOFIE: Zer esango dizut bada... Señorita «Beke»ri galdegin zaiozu. Nik uste oraingoz onena pakean uztea duzula. Sendatu dedinean zer gertako dan batek ba al daki? Sukaldean badut aski lan arropa garbitzen. (sukalderuntz abiturik) Seme-alabak or dituzu ta iruron artean antolatuko zerate. (bijoa)
ABRAH: (kezkati) Bai, arropa zikiña etxekoekin garbitu ta zuritu bear da. (Batetik bestera ibilki)
* * *
(Amaren gelatik Beke ta Ezekiel irten bitez).
BEKE: (goibel) Aita! Amak ez duala luzaroan iraungo irentsia daukat...
EZEKIEL: Goizetik onuntz izugarri beeraldia eman du. Ezaguera ta itza gutxitu zaizkio.
ABRAH: Ni gelara joatea alperrik izango da orduan?...
BEKE: Itxoin zazu. Okerrena da suero ta inyekzioak ez diotela ezer egiten. Aultzen ari dala. Alare Erretore jaunari ongi etorria egin dio irripar gozoaz agurturik.
EZEKIEL: Orrek esan nai du ez dagaola ain gaizki.
ABRAH: Ala izan dedilla. Orain apaiza or dagon bitartean itzegin nai nizuteke...
BEKE: Ni eseritzera noa neka-neka egiñik nago-ta.
ABRAH: Ni ere bai akitua, ez dakit nekez ala kezkaz.
EZEKIEL: Olakoetan zutik nago ondoenik. Belarriak erneago bait daude.
BEKE: Ez daukat ezer entzuteko gogorik baiñan...
ABRAH: Bai eta orain da garaia ama galtzeko zorian zaudetenez, aita pekatari onek bere utsegiteak aitortu bear dizkitzute.
BEKE: Aita! Beste egun baterako utzi zazu. Guztiok ditugu gure utsegiteak... Gaztearoko pekatuak.
EZEKIEL: Damutzeko denbora izan duzu.
ABRAH: Bai baiñan denbora galtzen utzi danean eta oker asko sortu ezin niteke isildu. Zuen amaren eritasuna ta biotz miñan nere urte askotako makurkeriak egin dizkio. Zaartu gabe iltzen baldin bada ni nazute errudun.
EZEKIEL: Makurkeria ta guzti «birus» txar batek ez balu gure ama mendaratu luzaroan bizi zitekean oraindik.
BEKE: Ama gaixoa! Bizi-poza galtzen danean gaitz guztiei atea irikitzen zaiela egia da. Ori gerta zaio. (Oñazez) Aita! okerrak zuzentzeko beranduegi duzu. Gizonezkoek biotz gogorragoa duzute ta mauka zabala pekatu guztientzat. Emakumezkoek berriz...
EZEKIEL: Zeñekin ezkontzera zoazten ondo begira bear aldez aurretik.
BEKE: Aukera egitea ez balitz ain gauza zailla...
ABRAH: Anai-arrebak egizute nai aña errita ta zaputza baiñan itzegiten asi naizen ezkero guztia esan bear dizuet... (lotsaz) Zuen amaren seme ez dan beste anai bat badezutela (txintik atera gabe entzun bezaiote). Entzuten? Entzun ondo, bai. Nere ta etxean izan genduen Agar neskamearen semea...
BEKE: (Alkitik altxa ta urduri) Aita! Ez da auxe zure pekatuak gogoratzeko unerik egokiena. Leendanik ere zure isil kontu on bagenekigun, naiz ez aitatu arren.
EZEKIEL: (garratz) Zuretzat gorde zazu bada «sasikumea»... Semea baldin baduzu ere, guk ez dugu aitortzen anaitzat.
ABRAH: Nere semea dut bai eta ez dut beñere ukatuko. (Ozen) Ismael du izena.
BEKE: Ez oiurik atera gure amak entzun ez dezan. Ismael ori, anai dugu bai Jainkoaren aurrean.
EZEKIEL: (Zakar) Ez neretzat; ez legez!
BEKE: Ezekiel! itzegizu isillago. Amak oetik entzungo balu...?
ABRAH: Entzun? Entzuten ez badu ere nere jokua ondo aditurik daukala esango nuke. Barkapena eska bearko nioke ain berandu ez baledi...
(Une ontan D. Isai gaixoaren gelatik aztoraturik irten bedi).
* * *
D. ISAI: Sar zaitezte, sar gaxoarengana. Ondo ezak eman dio. Miokardiotik izan bear du. Nik bada ezpada azken absoluzio ta beinkapena eman dizkiot. Ezaguera badu oraindik eta begiak zabalik deitzen zaituztela dirudi... Jesus esanez...!
BEKE: Amatxo gaixoa! (gelara joanez) Medikuek laister etortzekoak dira ta (Ezekieli) zoaz billa.
EZEKIEL: Banoa, bidean izan bear dute onuzkero (bijoa kaleko atetik)
* * *
ABRAH: Azkenetan dagoala al derizkiotzu? Ain larri?
D. ISAI: Beste kolapso bat egiten bazaio bai. Lasa ta trankil dago Jainkoaren borondatea egin dedin.
ABRAH: Nik ez daukat orduan zer egiñik. Ni agertzea barkamen eske kaltegarri izango zaio. Ez duzu ala uste?
D. ISAI: Ala da D. Abrahm. Geiegi daki guztia ta barkatzen dizute etxeko danei, bera ildakoan elkar maitatuz kristau-pakean bizi zaiteztela eskea egin dit.
ABRAH: Aren aurrean agertzeko din ez naizen ezkero zuri eskatzen dizut barkapena. D. Isai. (belaunikaturik) Jainkoak barka nazala zure bitartez eta aurrerantzean Bere borondatea bete dezadala. (Ontan Sofia sar bedi estu ta larri)
SOFIE: (malkoa dariola) Ai ene! Gureak egin du. Gure Señora koitadoa! Mediku gazte orren erremediokin ez genduela atarramentu onik aterako esaten nuen nik... D. Simon etorri izan balitz besterik izango zan. (Negarrez malkoak txukatuz zingurinka)
D. ISAI: Zaude isilik Sofi. Ez da medikuen gora-bera. Bat izan bestea izan gaixoaren bizia Jainkoaren eskutan dago.
(Sofie gelaren ateruntz dijoa an gelditurik. Kaleko atetik norbaitzuek datozela an dijoa).
ABRAH: Bai Ezekiel eta Narziso badatoz. Oraindik medikuak zerbait egin dezakeala uste dut.
D. ISAI: (Sartzen ikusiaz) Aguro mediku jauna ea beste inyekzio bat ematen diozun, pultsua oso aula dauka.
NARZISO: Nik utzi dudanean ainbestean zegon. Biotza oso nekaturik dauka, miokardioa ez da txantxetakoa. Ea sendotzen diogun.
EZEKIEL: Goazen bada. Eskerrak bertan ziñala... (sar bitez biek)
* * *
SOFIE: (Bere kaxa) Orrenbeste orratz ziztada emanik ez badute lertzen berriz ere biotzak egingo dio min. Miokardio alena! ez bestena.
ABRAH: Bizitzaz dago nekaturik, bizitzaz Sofi.
D. ISAI: Egin zagun otoitz komeni bazaio Jainkoak osasuna eman dezaion-eta bestela eriotz on bat. (Gurutzearen siñalea egiñez otoiz isilean ari da eta irurok belaunikatuaz gaixoaren gelaruntz begiraturik otoitz egiten dute)
ABRAH: Orduan nere izenik ez dizu aitatu.
SOFIE: Nerea ere ez noski.
ABRAH: Zer izen esan dizkitzu azkenik...
SOFIE: Jesus esan bear dala erakutsi ziguten...
D. ISAI: Ala izan da baiñan aurretik onoko auek: Agar eta Ismael.
(Sofie negarrez ari dala)
OIALA ERORI BEDI GELDIRO
* * *
Antzeztoki inguruan KORU-SAILLAK kanta beza Isairen 12-I-6 Salmua:
ARA JAINKOA DA NERE OSASUNA
LASAI NAGO BADOA NERE BELDURRA
JAUNA BAITA NERE INDAR ETA KEMENA
BERA GERTATU DA IAREGIN NAUENA.
LEENENGO EKITALDIAREN BUKAERA
|