IRUGARREN EGINTZA
PAKEA!
Antzez-oiala jasotzerako itzali argi guziak. Beti bezala bi argi gorri ikusleei begira antzez-leku-aurrean. Ez da besterik ikusten. Ontan astiro entzun bedi Antziñaren abotsa berriro:
Orra eliza jasoa,
amaika aldiz erasoa,
zenbat leien arazoa!
Biotz bakoitzan begira zazu
ermitatxo erosoa.
Begira, Ama gozoa,
zure esanera eioa.
Euskal-Kondaira osoa.
Itz oiek buka-bezin laster, piztu antzez-lekuko argiak. Aurrean agiri degu Arantzauzko lenbiziko Ermita. Ingurua elorri ta arantzez josia.Aitz-artea leizearen albo. Arrasate ta Oñatiko jendeak alkartuta bukatua dute galtzara. Ermitagintzako Jaia da. Arrasate ta Oñatiko erromesak bidean gora datoz Ermita berriko jaira.
Lenbiziko Agertaldia
PEDRO ETA JOANES
PEDRO: Sinistu al diteke?
JOANES: Ez da errez, Pedro. Malkor auetan onelako Ermitagintza.
PEDRO: Or daukagu, ba, aurrean Ermita. Amaika aldiz ibili giñan aitz-arte auetan onelako ames aundirik gabe.
JOANES: Izan ere, zeruak bakarrik egin zezakean onelakorik. Legorte luzearen azkena ain azkar eta ain betean etorri zan. Poz da orain soro ta zelaiak ikustea.
PEDRO: Bai, gizona. Ama Birjiñari aterpea egin genion bezin aguro, an ziran laño-pillok gure buru-gañean. Egundo ez naiz ain gogoz busti.
JOANES: Bazan, ba, orduan ere Errodrigoren itzak parrez artu zuana pranko.
PEDRO: Bai, etziran denak siñisbera.
JOANES: Neu ere, Trinitate-arratsalde artan Errodrigo gizajoari okerren bat sortuko ote zitzaion, bildur nintzan; baña aren ondoren joan zan erriak, gazteak bezelaxe ikusi zuan agerpen zoragarria, ta arrazkero guztiok berotu giñan aren esanetan.
PEDRO: Lenbizikoan etziñaten, ba, bide onen alde. Kondeak eta aren aldekuok, gure lanen etsai ziñaten.
JOANES: Urte askotako gaitza degu ori euskaldunok: guzion alegiñak bat egin eziña, alegia; Oñati Arrasateren aurka; Gebara ta Butron, Lazkano, Loiola ta Balda beti alkarren etsai. Gorrotoak sustrai aundak zituan gure errian.
PEDRO: Eskerrak Kopradiak bidegintza gogoz artu zuanari.Kondearen gogoz, mirarizko Ama Birjiña au ere, bere baratzera jetxi bearko genduan.
JOANES: Bai, baña zuek ere etziñaten zeruagatik bakarrik asi bidegintzan. Aurrena, kondearen mendetik iges egitearren artu zenduten bidea egiteko asmoa. Eneko Gebara jauna ezin zenduten ikusi.
PEDRO: Miraria emen agertu zan, Joanes. Ermitak ere emen bear zuan, beraz. Zertan ibilli zeruaren borondatea okertzen?
JOANES: Kontu oiek guziak aztuta daude orain. Eneko, gure kondea bera izan da azkenerako bidegintzarako ta Ermitarako diru-laguntza ematen aurrena. Gaur denok anai-arrebak gaituzu. Au da neretzat emen gertatu dan miraririk aundiena.
PEDRO: Ez al deikezu! Arrasate ta Oñatiko jendea alkartuta auzo-lanean, alajaña! Ta erri-barruan ikusten deguna? Arrasaten Guraia ta Bañeztarrak lakarri eskuak emanda. Oñatin ere berebat, gaur arte ain etsai izan diran Murgia ta Garibaitarrak betiko lagunak izan balira baño areago batuak.
JOANES: Ori bai zeruak bakarrik iritxi zezakeala. Gure alegin guziak alperrik izango ziran orretarako.
PEDRO: Bai, Joanes. Azken-gizaldi auetan Etxe Nagusietako jabeak gorrotoa odolean sartuta zuten; eta gure mendi ta erriak odolorren ujolaz itoak genituan. Gaur pake zoragarri baten egunsenti argia eldu zaigu.
JOANES: Ta pake orren iturri gozoa, emen eman zaigu zorionez.
PEDRO: Nun eta Arantzazun, gizona! Iñork aditu etzuan basamortu au, Zeruko Amaren agerleku.
JOANES: Ori esan! Jaungoikoaren eskua dabilkigu emen garbi asko. Iñunezagun etzan aitz-arte onen izena, gaurtik bazter guzietara zabalduko zaigu.
PEDRO: Bai euskaldunik dan tokietan, beintzat.
Bigarren Agertaldia
LENAK ETA LOPE
LOPE: (Agertuaz:) Goiz ibilli zerate gaur, lagunok.
JOANES: Egualdi eder au ikusi ta nor egon etxean, Lope?
PEDRO: Egun onetan, ala ere. Lengo tellape arlote-ordez, Ermita eder au idikitzeko aukeratu diguten eguna, alajaña! Ez geunden etxean gelditzeko.
LOPE: Neu ere poz orretan atera naiz, ba, etxetik; eta gure antzera etxe guzietan. Bideak jendez beteak agiri dira.
JOANES: Bidegintzan alkartu diran erri biak, emen batuko zaizkigu gaur bete-betean, Lope.
LOPE: Bai, Joanes. Eta arritzekoena, gaur arte ain elkarren etsai amorratu ibilliak, adiskidetzeko bidean sartuak. Murgia ta Garibaiko etxejaunak, pakeak egitera ta mai batean exertzeko asmotan datoz, diotenez.
PEDRO: Orixe ikusteagatik bakarrik etorri zitekean malkor ontara.
JOANES: Eta Arrasaten ere, beste orrenbeste gerta ote dan, diote.
LOPE: Baita ere, Artazubiaga'tar Martin oñaztarrak il zutenetik, badakizue nola ibilli diran erri aretan.
PEDRO: Martiñen andre alargunak aren eriotz-biaramonean abestutako itz suminkorrak etziran gozoak izan. Esku batean gezia ta bestean suziria artu ta Aramaio guzia erreko zuala, zion.
LOPE: Aren esanera zeuden Bañeztar guziak. Bestaldetik, berriz, zeñek baretu Guraiatarren aldekoak? Onela ikusi ditugu beti, Bañez Ganboarren alderdiko ta GUraia oñaztarren alde seta bizian. Gaur oso besterik dira, itxura danez, eta ordu gutxi-barru, emen ikusiko ditugu anai-eskua elkarri luzatzen.
JOANES: Kondea ere etortzeko omen da.
LOPE: Ala dio Ozaetako Santxa, Artazubiagaren alargunak. Badakizue gizona il ziotenetik nolako artu-emana degun. Egun artan, uste gabe, gure Errodrigo Ibarretan arkitu zan; eta Martin eta Juanen azkena bere begiz ikusi zuan.
PEDRO: Orrela entzuna dizugu.
LOPE: Gerora Santxa andreak, Barrutiko Juanen alaba umezurtza, bere zaipean artuzuan. Gizon zanaren alde atera zalako il baitzuten Barruti. Ala, ba, il zan Juan, il zan aren mirabe zar Ana, ta Milia gaxoa etxeko bakarte artan urtzen ari zan.
PEDRO: Etzan gutxiagorako gaxoaren egoera.
LOPE: Ontan, Ozaetako Santxa andreak, gure Errodrigok aren gizon zanaren alde egiña gogoan zuala, MIlia gurera ekartzea erabaki zigun.
JOANES: Gogoan det nolako eroria etorri zan neskatxa errukarria.
LOPE: Bai, aren osasuna iristeko, bere etxe-ingurutik aldendu-bearra zuten. An guzia aita zanaren eriotzaz itzegiten zeukan.
JOANES: Gaur eztu orduko itxurarik gazteak. Nolako neskatx ederra egin dala, gero, orduko Milia gaxoa!
LOPE: Ba, Jauna lagun, denok saiatu gera, ta etxeko egiña degu umezurtz ura.
JOANES: Oraintxe lau urte egingo zituan zuenean?
LOPE: Baita. Orain osasunez eta urtez egiña dagoen ezkero, Santxa andreak Arrasatera bere etxera eramateko asmotan, neskatxa berriro eskatu digu.
JOANES: Min izango dezue, ba, Miliak alde egitea?
LOPE: Ez gutxi ere.Nere seme-alabak eta nik utsune galanta izango degu etxean aren joateaz. Baña len niona, Santxa andreak gaur esan digunez, Eneko Gebarakoa, Oñatikoa Konde jauna, Ermita-jai ontara etortzekotan da.
JOANES: Ikustekoa izango da aren jantzi ta armen dizdira!
LOPE: Ezta bat ere, orrelakorik. Armak eta soñekoen arrokeriak ez omen dira egokiak egun ontarako. Lengo zakarkerien oroitza, penitentziz eta otoitzez aztutzera etortzeko eguna omen degu gaurko au. Arantzazuko Andre Mari onek, maitasun eta pakera deitzen digu euskaldunoi; ta kondeak deiorri, dagokion eran, arrokeri gabe agertu nai omen du jai ontara.
JOANES: Esaten nuan nik, Konde Jaunak biotz ona zuala.
PEDRO: Orrela izatekotan, zorion betea datorkio Oñatiko erriari.
LOPE: Jaungoikoaren Ama errukitsuak bakarrik sortu zezakean zorion eta pakea! Baña... nun ote dira gure gazteok?
PEDRO: Oraintxe ikusten ditut galtzaran bera Katabera-aldetik.
LOPE: Zuen alabak ere, or datoz. Oiek bai alkar billatu.
PEDRO: Araneko Joxe koplaria ere, berekin dute. Ez dira ixillik sartuko.
Irugarren Agertaldia
LENAK, MILIA, JUANA, MARTIÑA, ANDRESA TA JOXE
JOXE: (Kantari:)
Arantzazura gatoz,
guztiok jai eta poz,
zelaiak lorez eta biotzak
Zeruko Amaren gogoz.
GAZTE-TALDEA: (Kantari:)
Arantzazura gatoz,
guztiok jai eta poz;
zelaiak lorez eta biotzak
zeruko Amaren gogoz.
JOXE: (Koplari kantatzen:)
Ezkilla baten otsak,
poztu ditu biotzak;
Ama-Semeak urtu dituzte
gure gorrotozko izotzak.
GAZTE-TALDEA: (Kantari:)
Arantzazura gatoz...
JOXE: (Koplari:)
Bost ardi galdu dira,
larre onen begira;
aiek arkitu nai badituzu,
joan Aloña mendira.
GAZTE-TALDEA:
Arantzazura gatoz...
JOXE:
Baltzategigo seme,
Errodrigo daukate;
aren bitartez ekarri digu
zeruak on eta pake.
GAZTE-TALDEA:
Arantzazura gatoz.
LOPE: Alai zatozte, gazteok.
MARTIÑA: Badator alaiagorik bidean. (Gazte-taldea sartzen da, ta zelaian banatzen dira ixil-izketan. Talde oietako batean entzuteko eran ariko dira itzegiten ondoren jartzen ditugunak.)
JUANA: Eztakizu, aita. Bide guziak erromesez beltz agiri dira. Bada ortxe jendea!
LOPE: Ta nun dezue Errodrigo?
MILIA: Atzean utzi degu, jendearen galdereei erantzuten. Mutil gizajoari eztiote pakerik ematen.
PEDRO: Zer nai dezue? Onen ederki etorri dira gauza guziak mutil orren bidez.
LOPE: Baña ez gaude ondo emen. Ermitan sartu bat egiteko ordua degu. Jaia asi baño lenago, agurtu dezagun Arantzazuko Ama.
JUANA: Bai, goazen! Aldarea zeru bat egiña jarriko zuten.
Laugarren Agertaldia
MILIA TA ERRODRIGO
(Talde guzia Ermitara sartzen ari dala, Milia dijoa azkenen. Abots baten deira gelditzen da nexka.)
ERRODRIGO: (Azalduaz:) Milia, zaude pixka batean.
MILIA: Emen al zera, Errodrigo? Au edertasuna.
ERRODRIGO: Zeruaren lana da au.
MILIA: Zu bitarteko zerala, Errodrigo.
ERRODRIGO: Orain egin dezala Zeruko Amak biok nai deguna.
MILIA: Egingo du.
ERRODRIGO: Zer dio Santxa andreak?
MILIA: Arek ama batek bezelaxe maite nau, ta zuri esker onez begiratzen dizu. Orain, Ama Birjiñak bere seme artua zaituala agertu duan ezkero, eztu besterik ikusten neretzako.
ERRODRIGO: Kondeak ez al du min izango, zu, Uribarriko seme batekin alkartzea?
MILIA: Santxa andreak itzegiteko dio. Laga zazu arazo ori aren eskuan.Kondea ere, bigunduta dago, ta aurki ikusiko dezu emen bertan. Gañera, zuek etzerate beñere gorroto oietan nastu.
ERRODRIGO: Dei egiten badit, zer esan bear diot?
MILIA: Zuk ezer gutxi; Santxa andreak itzegingo du bear danez.
ERRODRIGO: Ikusi al dezu or datorren jendetza?
MILIA: Bai, Errodrigo. Onuzkero emen dira Arrasateko erromesak.
ERRODRIGO: Or ikusten ditut. Atzeratu gaitezen kantuz oraintxe datozela uste det.
Boskarren Agertaldia
LENAK ETA ARRASATEKO ERRI, APAIZ ETA AGINTARIAK
KOPLARIAK: (Prozezioan sartzen dira. Koplariak asi ta erriak jarraituko du kantuan:)
Barka izkiguzu, Ama, gure pekatuak;
itzali pake gozoz gorrotozko suak.
ERRIAK: (Leloa berrituaz:)
Barka izkiguzu, Ama, gure pekatuak;
itzali pake gozoz gorrotozko suak.
KOPLARIAK:
Eriotz ta negarra genituan lagun;
gure itxumena orain aitortu dezagun.
ERRIAK:
Barka izkiguzu, Ama.
KOPLARIAK:
Arantz-gañean zatoz, Birjiña laztana,
guri arindu nairik atsekabe-lana.
ERRIAK:
Barka izkiguzu, Ama.
KOPLARIAK:
Besoetan agiri dezu or Semea;
Arrasatek Arengan du bere ustea.
ERRIAK:
Barka izkiguzu, Ama.
KOPLARIAK:
Aloñako Erregin, izar dizdizari,
izan zaite guretzat Ama ta Gidari.
(Ermitan sartzen dira arrasatetarrak.)
Seigarren Agertaldia
ARRASATEARRAK EZ BESTE GUZIAK
(Bitartean, ermita-aurrean zegoen jendea, alboetara egin zuana, erdira zabaltzen da berriro.)
ERRODRIGO: Ikusi al dezu Arrasateko erriaren berotasuna?
MILIA: Zeruan geundela, ematen zuan.
ERRODRIGO: Eta nun zeru oberik, Ama Birjiñak beretzat artutako leku au baño?
MILIA: Ori esan. Eta eder au ziru lenen erakutsia.
LOPE: (Ermitatik irtenaz:) Zertan zerate, gazteok?
ERRODRIGO: Arrasateko erromesak ikusten egon gera, ta orain oker ezpanago, aurki degu konde jauna, Santxa andre ta etxekoekin.
MILIA: Emen itxoiteko esan dit Santxa andreak, eta kondeak ere, Errodrigo ezagutzeko gogoa duala.
LOPE: Emen ditugu. Orra nun datozen bidean gora. Andre Santxa konearekin izketan dator. Eskerrak andre orri; guk, bestela, zer arrera egin bear genion?
MILIA: Kondea armarik gabe dator. Etxekoak ere, aren gisa arrokeririk gabe datoz. Zeruak nola dakian gure biotzak aldatzen.
ERRODRIGO: Asmatuko al degu itzegiten! (Guztiak albora egiten dute kondea agertzen danean.)
Zazpigarren Agertaldia
LENAK, ENEKO KONDEA, SANTXA TA KONDE-ETXEKO BATZUEK
SANTXA: Eldu gera, konde jauna. Or nun degun Ermita berria.
KONDEA: Ainbeste alegiñen buruan amaitutako lana; ta bidea ere, ezta egun bateko jarduna izan.
SANTXA: Ez, konde jauna. Askoren izerdiak bear izan ditugu Ermita jasotzeko ta bidea urratzeko; baña azkenean neke guzien sari emen degu Zeruko Ama etxeko egiña.
KONDEA: Zerutik bakarrik ar genezaken onelako mirari ta mesedea.
SANTXA: (Errodrigo ikusirik:) Ta Zeruko Amak guri berri on au bialtzeko aukeratu zuan gaztea, bertan degu. Zatoz, Errodrigo, konde jaunak ezagutu zaitzan.
MILIA: Esan diot neuk ere, ta emen geunden zai. Goazkion, Errodrigo.
PEDRO: Barkatu bearko du gure izakera, konde jauna. Gure mutil onek ardiekin ibiltzen besterik ez du ikasi-ta.
KONDEA: Andre Mariak bere geznari ta berri-emalle aukeratu duan mutillak ez du iñon agertzeko lotsarik.
SANTXA: Ikusten al dezu, Errodrigo, zenbat jende igo dan Arantzazuko burdi-bide ontara?
ERRODRIGO: Ama Birjiñak izan du emen itza. Aren agindua beteak, ekarri dizkigu zorion eta pake au.
SANTXA: Ta zu ere, Milia, aurreratu zaite.
MILIA: (Aurreratuaz:) Berorren mesede guziak gaurko au dute aundiena.
KONDEA: Au izango degu Barrutiren alaba?
SANTXA: Auxe, nere gizona il zitzaidanetik nere ardura bakarra. Ta orain, konde jauna, berorren itz baten zai daude beren erabakia artzeko.
KONDEA: Zeruko Amaren egun onetan zer uka nezaieke? Nere itza ematea besterik ezpada, zertarako eman bear det?
SANTXA: Bi gazte auen zoriona ta etorkizuna lotzeko, jauna.
KONDEA: (Miliari:) Zure aitak, eman zezakenguzia guretarren alde jarri zuan. Aren bizi-truke, nik ezer gutxi eskeintzen dizut, Milia.
MILIA: Neretzat mesederik aundiena, konde jauna.
KONDEA: (Errodrigori:) Ta zu, gazte, Andre Mariak orren artua bazaitu, nik ezingo zaitut baztartu.
ERRODRIGO: Andre Mariari ta berorri zor izango diot nere zoriona.
KONDEA: Zeruak alkartu zaituzte; ez, nik. Arantzazuko Amak batu ditzala bion biotzak.
PEDRO: Gure esker onak ez du azkenik izango.
SANTXA: Orain, Oñatiko erromesekin batu gaitezen, guztiok gure eskero ona Jaungoikoaren Amari agertzeko.
KONDEA: Otso-leku au, mendi santu izango da gaurtik. Neuk ere, erritarrekin bat egiñik, sartu nai det Ermitara. Gaur Gebarar Eneko, Ama Birjiñaren mirabe bat besterik ez da.
SANTXA: Emen da erria, Arantzazuko Amarekiko maitasunez biotz bat egiña.
Zortzigarren Agertaldia
LENAK ETA OÑATIKO ERROMESAK, APAIZ ETA AGINTARIEKIN
(Oñatiko erromesak kantari sartuko dira. Apaiz eta agintariak, ondoren dituztela. Eneko Kondea denen atzetik, apal eta biozbera, erromesen albo sartuko da Ermitan.)
KOPLARIAK:
Arantz artean agertu zera, euskaldunon Ama maite;
Gaurtik aurrera gure Erregin Zu bakarrik izan zaite.
ERRIAK:
Arantz-artean agertu zera, Euskaldunon Ama maite;
Gaurtik aurrera gure Erregin Zu bakarrik izan zaite.
KOPLARIAK:
Zorioneko mendi maitea, zorioneko erria;
Euskalerriak Oñatin dauka bere zeruko Argia.
ERRIAK:
Arantz-artean agertu zera...
KOPLARIAK:
Ardi txuriak mendian gora arki dute Miraria;
Andre Mariak bere altzoan du Jesusen errukia.
ERRIAK:
Arantz-artean agertu zera...
KOPLARIAK:
Ezkillatxoak, aidea urratuz, zabaltzen digu berria;
aren soñura ez da galduko bidean gure erria.
ERRIAK:
Arantz-artean agertu zera...
KOPLARIAK:
Erromesaren biotzarentzat ez du aldatzak nekerik;
ezpaiditeke iñun arkitu emen añako pakerik.
(Erromesak Ermitan ezkutatzen dira. Antzeztokia utsik gelditzen da. Bat-batean, argiak itzali ta berriro piztu bitzate. Tarte ontan ikuspegia aldatu zaigu. Orain, Ermita-barrua ikusten degu. Erromesak, Arantzazuko Amaren aurrean belauniko, Aita Donostiren abesti au asten dute:)
(Leloa:)
Zeruak aukera digu Euskalerriko Zaindari.
Argatik gaude kantari Arantzazuko Amari.
KOPLARIAK: (Ahapaldia:)
Gure griñen arantzetan miñez gaituzu Maria;
baña zure elorri orrek eman du lore zuria.
Arantz arteko larrosa degu zeruko gidari.
ERRIAK:
Argatik gaude kantari Arantzauzko Amari.
KOPLARIAK:
Baltzategiko Rodrigo mendian zebillen artzai;
ardi galduak biltzeko, nun ote ziran jakin nai.
Orduan billa zinduzen jarraituz kanpai-deiari.
ERRIAK:
Argatik gaude kantari Arantzazuko Amari.
KOPLARIAK:
Euskalerria gorrotoz zebillen oso galdua;
anai-arteko burrukaz odoletan kutsatua.
Baña Zuk eskein zenion PAKEA gure erriari.
ERRIAK:
Argatik gaude kantari Arantzazuko Amari.
KOPLARIAK:
Arantzazuko kanpaia, zaude beti dulundari,
zure bidez gure Ama billa zagun dizdizari;
ta, Ari esker, Jesus Ona dezagun betiko sari.
ERRIAK:
Argatik gaude kantari Arantzazuko Amari.
Antzoiala poliki-poliki bera.
AZKENA
|