LENBIZIKO EGINTZA
GAIZTO-ZULO
Antzez-oiala jasotzerako itzali bitez argi guziak. Ikusleei begira bi argi gorri piztu, ta antzez-tokia illun dala, abots baten deia entzun bedi:
ANTZIÑAREN DEIA: (Esanaz edo abestuaz:)
Ni naiz Antziña zarra
Euskalerrikoa!
Nere gain daukat Mari
Gaiztoren besoa;
errien ondamena,
giza-gorrotoa,
eta aztikerien
illunpe-lañoa.
Itz auek buka-bezin laster, piztu bedi antzez-tokia. Aurrean degu Ibarretako ola zarra, Garagartzatik Arrasatera bidean. Ana, etxeko mirabe zarra, ta Milia, amairu urteko neskatilla, atari-aurrean izketan ari dira. Ana, arabaki batzuek konpontzen; Milia, aur-gisan, oraintxe jaiki, oraintxe Anaren esanetara adi.
Lenengo Agertaldia
ANA TA MILIA
ANA: (Jolasean dabilen Miliari:) Naikoa da jolasetik, Milia.
MILIA: Oraintxe ari naiz amaitzen.
ANA: Ai, gaiztoko! Beti jolasa luzatzen. Ta noiz ikasi bear dezu lanean? Amairu urteak beteak dituzu.
MILIA: Oraindik eguna luzea degu. Maiatzean ordu asko ditu argiak lan egiteko.
ANA: Zer esango du gero zure aitak? Ez dezula ezer ikasten. Emakumetxo-lanak ikasten asteko, badezu ordua... Eztago zure ama begira!... Ura bizi izan balitz, alperrean egoten etzizun utziko.
MILIA: Nere ama!... Beti nere ama... Nolakoa zan nere ama, Ana?
ANA: Ura, bere beteko andrea, Milia. Langillea, txukuna, etxeko arreta artzen zekiana, ta zu asko maite zinduzena.
MILIA: Polita al zan? (Anarengana urbilduaz.)
ANA: Begi-beltx ederrekoa. Bekoki argi; illea egoki batua; buru-zapia ematen zekiana. Ots gutxi ta lan asko egiteko emakumea; ez gaurko zenbait gazte arin bezelakoa.
MILIA: Ai, baña! Neretzat dena alperrik; amarik gabe asi naiz-ta.
ANA: Bai, Milia. Etzan egun ederra izan zure aitarentzat. Zu jaio ziñaneko pozak, bereala negarretan galdu ziran.
MILIA: Txikia al nintzan orduan?
ANA: Esku beteko aurtxoa artean. Gogoan det oraindik amak oean nola artzen zinduzen bere bularretan.
MILIA: Zeñen azkar galdu nuan!... Nola il zan, Ana?
ANA: Zuri bizia ematearren, kandela bat bezelaxe urtuta. Gogoan ditut azkenengo zure amaren itzak: «Juan, deitu zion oe-ondoan negarrez zeukan zure aitari, il baño len gauza bat agindu bear didazu: aur oni bizia ematearren, nere bizia galtzera noa. Bion arnasa emanaz sortu degun bizi berri au, ondo gorde ezazu.»
MILIA: (Biotz-bera:) Amatxo errukarria.
ANA: Zori obea merezi zuan emakumea ura. «Ana, esan zidan orduan, nere aur onentzat zuk egin bearko dituzu ama-ordeak.» Txuri-txuri zegoen; odol asko galdu baitzan. Azkenik, zituan indar guztiak batuaz, laztan estu eman zizun. Laztan aretan joan zitzaion bere azken-arnasa.
(Aizea nasten dator. Emakume biak azken-itzen oroipenetan ixileta geldirik lotzen dira. Aize-bolara bat arrotzen da.)
ANA: Ene!... Aize au... Ederki gogoratzen naiz... Orrelakoxe egualdia zan zure ama il-aurrez. Ta gaur amasei urte ere, Arrasate su ta gar erre zanean, aurrez orrelakotxe aizea jaiki zan... Mari Gaizto!... Garagartzako kanpaiak geldituko al du.
MILIA: Zer ari zera, Ana?
ANA: Ikusten al dituzu laño aiek? Maiatzeko Gurutze-eguna igaroa degu. Agorreko Gurutze-egunerarte Mari Gaizto laño oien zai egoten da bereak egiteko. Goiko ta beko aizea burrukan asten diranean, an da bere aitz-zulotik atera nairik.
MILIA: Nor da Mari Gaizto?
ANA: Andrazko sorgin gaizkille bat. Anboton du bere gordeleku nagusiena. Aitzulo aundib atean gordeta, an asmatzen ditu giza-emakumeok galtzeko biurrikeri guziak. Ez al dituzu uda-aldean Garagartzako kanpaiak sarri entzuten? Mari Gaizto bere zuloan lotzeko jotzen dituzte; baña apaiza errian eztalako-edo, kanpai-jotzea luzatzen badute, Mari Gaizto bere aitzulotik irtetzen da igesi, ta egundoko zorigaitzak bialtzen ditu lur ontara. Euskalerri gaxoa, aren asmaketa txarren mende gorrian bizi da.
MILIA: Ta irtetzen danean, nora joaten da?
ANA: Aloñaren malda du beste ezkuta-lekua. Gaizto-zuloko aitz-aoan barrena galtzen da orrelakoetan. Erruki arek orduan ikusten duana! Laster izango du etxean edo auzoan il-berriren bat.
MILIA: Ta iñork ikusi al du Mari Gaizto?
ANA: Askok eta askok, Milia. Neuk ere, zure amaren eriotz-aurrez ikusi nuan; baita Arrasate kixkali zuten aste-barruan ere. Suzko bola bat dirudi aidean dijoanean; gar-isatsa dariola dijoa, eta aize-burrunda barruan zaldi-talde izuen azkazkal-ots aundia nabaitu oi-da. Aren zalaparta orduan.
MILIA: Bai beltz jarri zaigula Udala-aldea!
ANA: (Ontan, aizeak txistu bizia jotzen du. Tximistak asten dira. Urrutira, kanpai-ots aundia entzungo da Garagartza-aldetik.) Berandu!... Berandu dator kanpaia! Mari Gaiztok zulotik iges-egin du, ta galduak gera. Sartu gaitezen etxera lenbailen, sorgiñak ikus ez gaitzan. Jainkoak eriotzatik gorde gaitzan, kandela bedeinkatua piztuko degu.
Bigarren Agertaldia
LENGOAK ETA JUAN. GERO, MARTIN
JUAN: (Etxetik irtenaz:) Baña, zer istillu ta garraxi dituzu, Ana?
ANA: Mari Gaizto! Mari Gaizto!... Goazen barrura, Juan.
JUAN: Emakumeen kontuak!... Tximista batzuek gora-bera, gizonak ez du ezkuta-bearrik... Gañera, or bidean ikusten det ola onetako nagusia. Emen itxoingo diot sorgiñen ibillien kezkarik gabe.
MARTIN: Arratsalde on, guztioi, naiz ta egualdiak lagundu ez digun. (Sartzen da.)
JUAN: Bai, Martin. Goi ortan asarre dira, nunbait.
MARTIN: Nolatan da lana, Juan?
JUAN: Mendera-samartu degu gaurkoa. Burni berria egiteko salda laster aterako degula, uste det. Mutillak ederki saiatu zaizkigu beren lanean. (Ontan, trumoi aundi bat entzuten da. Geitzen dijoa otsa. Albo batetik argi bizi bat sortzen da.Zaldi-talde-orpoen zalaparta dirudi.)
ANA: Ene! Mari Gaiztoren zarata da ori... Sar zaitezte barrura sorgiñak ikus gaitzan baño len; bestela galduak gera. Atoz, Milia, lenbailen. Dorletako Ama on orrek, salba gaitzazu! (Barrura bijoa Milia eskutik duala. Gizon biak bertan gelditzen dira. Alde batetik bestera, al-izan ezkero, ikusleen agiri, suzko bola ta gar-isats bat igaroko dira une ontan.)
Irugarren Agertaldia
MARTIN ETA JUAN
MARTIN: Ikusi al dezu Juan?
JUAN: Zer?... Tximista ori? Ez da lenbizikoa izan.
MARTIN: Baña bai gogorragoa. Entzun al diozu Anari?
JUAN: Ba! Sorgiñak eta aztiak, bebiltz beren bidetan. Nik naikoa det gure ola zarraren kezka. Emakumeak uxa ditzatela aide txarrak.
MARTIN: Nik eztiet, ba, emakumeei parre geiegi egingo. Gogoan al dezu gaur amasei urteko ura?
JUAN: Arrasate osoa sutan galdu genduaneko ura?
MARTIN: Urte artan ere, onelakoxe egualdiak jo ginduzen aurrez.
JUAN: Oso siñisbera ikusten zaitut, Martin. Artazubiaga bati onelako kezkak ez diote lorik kendu bear.
MARTIN: Ba al dakigu, gero, ezer ontan? Jaungoikoak ere, bere abisuak bialtzeko ar ditzake onelako agiriak.
JUAN: Ez dezagun Jaungoikoa sartu gurte ustekerietan.
MARTIN: Ustekeriak!... Besterik ikusi ezpagendu... Ondo gogoan det oraindik. Udalatik begira nengoela, egundoko aize-burrunda sortu zan bat-batean... Inpernu guzia dantzan asi balitz bezela, trumoi ikaragarri bat jo zuan Anboto-aldetik... Nerekin zijoazenak, batzuek, zure antzera, ekaitzari parrez gelditu ziran... Besteok an urbil agiri zan txabola batean gorde giñan. Gorde etziran guziak, oñaztarren eskuetan il ziran urte artako sarraskil aretan.
JUAN: Oñaztarrak pixka baterako elbarrituta gelditu ziran Arrasateko gudaketan. Butrongo sugeak emen utzi bear izan zituan bere pozoi ta miztorra.
MARTIN: Ez da galdu arraza. Aren kimua Aramaioz jabetu da berriro. Juan Alonso, Muxikako Jauna ta Butronen sasikumeak, aren odola du zañetan. Atzaparrak gordeta dauzka, baña katamotza beti katamotz da.
JUAN: Ez ditzagun aurreratu zoritxarrak. Gaurkoz mutillak zertan diran ikustera sartzea obe izango degu.
MARTIN: Bai, Juan. Sartu bat egiteko ordua degu. Goazen.
Laugarren Agertaldia
FORTUN BUTRONGOA TA ISASIGAÑA
FORTUN: Entzun al diek, Isasigaña?
ISASIGAÑA: Bai, Fortun jauna. Oiei etzaie aldatu leporik.
FORTUN: Ederki ekarri gaituk, Isasi. Butronen sasikumea naizen bezin garbi zegok, Artazubiaga Martin gure eskuetan dagoela.
ISASIGAÑA: Nik ez ditut erdizka egiten gauzak.
FORTUN: Muxikako jaunak ondo ordainduko dizkik lan auek. Aramaio urrean zegok emendik, eta geurea egin ondoren, arrapa gaitzatela.
ISASIGAÑA: Butronen odola deadarka zegoen aspaldi ontan.
FORTUN: Amasei urte luze Arrasaten ainbeste oñaztar jator galdu zirala.
ISASIGAÑA: Gogoan ditut amaika. Gastintzako Lope, Kapikario Gaixtoa ta Egino'tar Pedro, burrukan ain ausartak; Ariztizabal'dar Juan, il arte ain bikain jokatua; Elorriaga'tar Lope, egun artako zaurietatik il zana...
FORTUN: Ta denen buru zan gure aita; Juanikote, nere anaia, ta Presebal, nere lengusua; alkarren albo erori ziranak.
ISASIGAÑA: Ganboar ustel oiek, etzuten erria artzeko kemenik, eta billau-odola dutenez, erria erretzea asmatu zuten, diabruak aizatuta.
FORTUN: Eztituk gozoak izan urte auek! Luze joan zaiguk ixillik egotea. Baña gaur emango diagu erantzuna. Neurriak ondo artuak al dituk?
ISASIGAÑA: Bai, Fortun jauna. Urrejola biak, Juan eta Otxoa, emen gertu zai daude. Umaran'dar Otxote, lagun dute. Ameskarai'tar Diego, berriz, bidean dan.
FORTUN: Ederki zegok. Artazubiaga'tar Martiñek bere erriari egin zion billaukeria, gaur ordainduko dik.
ISASIGAÑA: Orrelako sugeak, oinpean zapaldu bear dira. Ala ez dute geiago bururik jasoko.
FORTUN: Baña goazen lagunengana. Ola-mutillak bere lana bukatzen duten bitartean, gure egitekoa ondo gertu bear diagu. Lenbizi, mutillak aldegin arte, ezkutu egongo gaituk. Arrazkero, bosten artean gizon bakarra errez menderatuko diagu. Barruti'tar Juan Martiñ'en alde ateratzen bada, garbi ura ere.
ISASIGAÑA: Ederki, jauna. Orrela jokatzea, jolas bat izango da.
FORTUN: Bada-ezpada ere, inguruak miatu itzak, iñor azalduko balitz ere, geron burua gordetzeko. Ni banijoak besteengana.
ISASIGAÑA: Egon lasai. Nik zaituko ditut bideak. (Badijoaz biak.)
Boskarren Agertaldia
JOXEPE, IBAN, PERU TA MATXIN
JOXEPE: Au dek astelena, mutillak.
IBAN: Besteak bezelakoa, Joxepe.
JOXEPE: Ez nerea. Atzoko ondo ederra zeukeat, Iban.
PERU: Zenbat pitxar uztu ituan, Joxepe?
JOXEPE: Ago ixillik, Peru. I beti legortearen alde aiz.
MATXIN: Goizo etxeratuko intzan, gañera.
JOXEPE: Ezon goizago. Goizeko ordubatak dan-danean ituan.
MATXIN: Nik esaten nuana. I beti oso goiztar izan aiz.
JOXEPE: Ona emen beste praillea! I beintzat, ez au gibelak galduko. Berriz ere, i lanera baño len, joko dik ordua. Jaio ere, ordu erdi bat geroago egingo intzan i.
MATXIN: Ez, ba. Ni jaio-zai zeudenak etortzerako, oiñez ikasia niñukan.
IBAN: Asko aldatu aiz arrazkero, Matxin.
MATXIN: Aurretan aur bezela, Iban; eta gizon egidakoan, gizonki.
JOXEPE: Gaurkoa bukatu diago zorionean, eta nasaitu gaitezen kopla zarretan.
PERU: Ez uke gaizki esana, balego nun edana.
JOXEPE: Ortik bear bada, emen diagu zatoa. (Erakutsiaz.)
PERU: Orduan, aurretik dala tragua, egiña zegok tratua.
JOXEPE: Orra nerea. (Edanaz.) Tori bakoitzak berea. Besteei emanaz.
IBAN: (Edanaz.) Ardo gorri naparra.
PERU: (Edanaz.) Eztarriko lakarra.
MATXIN: (Edanaz.) Kentzen au dek azkarra.
JOXEPE: Ni naiz ola zarrean - deitua igela;
nik meetzen dat burnia - nai dedan bezela.
IBAN: Ni naiz urtzalleetan - aurrena kantatzen;
izerdia dariot - burni-salda urtzen.
PERU: Ni ere, urtzalle naiz - Ibanen laguna;
txandaka degu biok - burni-urtze-lana.
MATXIN: Ni naiz gatzemallea - danetan gaztena;
guztien morroe ta - kobratzen azkena.
(Kanta diteke ere Lekuona apaizaren Azkeneko ola-gizona.
Tiriki tauki-tauki - malluaren otsa.
Seigarren Agertaldia
LENAK ETA ANA
ANA: Astelena izateko, alaiegi zaudete.
JOXEPE: Ta zu gurekin ezkontzeko, gaztegi, Ana.
ANA: Zurrutak eragin al dizu, Joxepe?
JOXEPE: Zurrutak ez; zure panpoxak.
PERU: Eztakizuela zer entzun nuan atzo?
GUZIAK: Zer, zer?
ANA: Peruk batutako berria, kontu beroren bat izango da, noski.
GUZIAK: Esan, esan.
PERU: Oñatiko Kondeak errekaua egin diola Anari.
GUZIAK: Bejondaizula, Ana! (Irriz.)
ANA: Esaten nuan nik. Zure burutik etzala ipuin jaxorik sortuko. Ezagun dezu kondepekoa zerana.
IBAN: Ta noiz degu, ba, egun ori, Ana?
ANA: Zuek zentzun pixka bat iristen dezutenerako.
IBAN: Lorea zera, baña - etzera larrosa.
GUZIAK: Lorea zera, baña - etzera larrosa.
MATXIN: Ikusten nago zure - arpegi panpoxa.
GUZIAK: Oi, ai ene! - arpegi panpoxa.
ANA: Ezagun dezu buru - ariña zerala.
GUZIAK: Ezagun dezu buru - ariña zerala.
ANA: Azalez eder, baña - barrua ustela.
GUZIAK: Oi, ai ene! - Barrua ustela.
JOXEPE: Agur, Ana. Kondeak nai ezpazaitu, emen nazu.
IBAN: Nik ekarriko dizut eraztuna.
PERU: Ta nik amairu urreak.
MATXIN: Ta nik joko det danboliña. (Badijoaz.)
ANA: Zoazte ordu onean. Ola zarreako gabiak biar arte pakea izango dik.
Zazpigarren Agertaldia
ANA ETA ERRODRIGO
ERRODRIGO: (Arnaska ta larri sartuko da alde guzietara begira:) Au izango da Ibarretako ola zarra... Iritxi naizenean ere, ezta ezer... Nundik deituko ote det? (Ate-billa.)
ANA: Zer abil, mutiko?... Okerren bat asmatzen, ala?
ERRODRIGO: (Izuti) Ez, andrea, ez. Okerrik ez det egin nai.
ANA: Zertan ago, ba, or ao-zabalik?
ERRODRIGO: Nik... nik... Ibarretako ola zarra au al det?
ANA: Bai, auxe. Nungoa aiz, mutiko?
ERRODRIGO: Oñatikoa, andre, Baltzategiko semea.
ANA: Nola dek izena?
ERRODRIGO: Errodrigo, serbitzeko. Aita arotza det eta onera bialdu nau.
ANA: Eta orren gazterik Oñatitik oneraño etorri aiz?
ERRODRIGO: Mendietan ibiltzen oitua nago. Etxean artalde bat badegu, ta Azkartzako basarte ta aitz-muturrak ondo miatuak dauzkat.
ANA: Goizo asi aiz nekeak artzen.
ERRODRIGO: Bai, andre; baña nere aitaren egitekoa bete bear det lenbailen.
ANA: Zer egikizun dakarrek onera?
ERRODRIGO: Gurdi batentzatko burni batzuek emen eskatzeko, esan dit aitak... Baña beste kontu bat ere badet emengo nagusiari esateko.
ANA: Ixillekoa ez dek izango, ta esan zak.
ERRODRIGO: Bertako norbaiti esateko da bakarrik.
ANA: Mutiko, berrogeitaka urtetan emengo mirabe nauk, eta edozein bezin etxeko, batez ere etxekoandrea il zan ezkero.
ERRODRIGO: Artazubiaga'tar Martin emen al da?
ANA: Baita. Or barruan dek nere nagusiarekin. Zer bear diok?
ERRODRIGO: Ara, ba... Or bidean nentorrela... (Alde guzietara begira bildurrez.)
ANA: Zeñen bildur aiz, koxkor? Emen etzegok sorgiñik.
ERRODRIGO: Ez al digu iñork entzungo?
ANA: Ez, motell. Zer dek orrela estutzeko?
ERRODRIGO: Arrasatetik onera nentoren oni ta ari Ibarretako bidea nundik ote-zan galdezka... Estrata batean zear, sastraka batean sartu naiz, eta ezkututik bi gizonen izketa-otsa nabaitu det ustekabean.
ANA: Zer zioaten?
ERRODRIGO: Ibarretako bidean ondo ote-nentorren galdetzera ninjoala, aien itzak gelditu naute.
ANA: Ez aiz ire barrua bereala uztutzekoa, mutiko... Esan bear dekena, esan zak.
ERRODRIGO: Ara, ba. Ibarretako etxea aipatzen zuten, eta gorrotozko itzak zerizkieten... Ezpata ta lantzaz armatuta zeuden, eta Artazubiaga'tar Martiñi txarkeriren bat egiteko asmoak agertzen ari ziran.
ANA: Ta ik zer egin dek?
ERRODRIGO: Ixil-ixillik sastraka-artean ezkutu onera etorri naiz, gizon aien ezkutu.
ANA: Ene! Gaurko Mari Gaiztoren irtera! Dorletako Ama!... Ezagutu al dituk gizon oiek? Nolako itxura ziaten?
ERRODRIGO: Nik ez ditut ezagun, baña baten izena Fortun da, nunbait. Izen ori eman dio, beintzat, besteak.
ANA: Jesus! Jesus! Zoritxar aundiren bat gañean diagu gaur. Ator barrura... Nagusi jauna!... Martin jauna. (Deika.)
Zortzigarren Agertaldia
LENAK, MARTIN ETA JUAN
JUAN: (Irtenaz:) Berriz ere garraxika asi al zera? (Ondoren datorkion Martiñi:) Mirabe zar auek etxea aidatzen ederki ikasten dute.
ANA: Ai, nagusi jauna! mari Gaizto igaro danean barrura sartu izan balira, etzan orain zorigaitzik etorriko gure gain.
JUAN: Zer naste darabilzu or? Nun degu emen zorigaitzik?
MARTIN: Paketu zaite, emakume. Baña... nungoa dezu mutiko au?
ANA: Au Oñatikoa. Onek ekarri du, ba, berri txar ori.
MARTIN: Sorgiña ikusi al du?
ANA: Ikusi balu bezela. Mari Gaiztoren lagunik onena, gizonen arteko gorrotoa izan degu Euskalerrietan. Arrasate erre zendutenetik, pake-antza izan degu; baña etsaiak ez dira aztu, nunbait; eta gaur orduko kalteen ordaña beorri eskatzekotan dira, Martin jauna.
MARTIN: Nundik dakizu ori?
ANA: Mutiko onek Arrasatetik datorrela, bi gizon ixil-izketan nabaitu ditu.Ganboarrok Arrasaten egin zenituztenak gorrotoz aipatzen ari omen ziran, eta gaur zure buru-gain emango zutela, omen-zioten, orduko eriotzen erantzuna.
JUAN: Ta zeintzuk ziran gizonok?
ANA: Ez ditu ezagutzen, baña batek besteari Fortun izena ematen omen zion.
MARTIN: Fortun... Fortun... Butron zanaren sasikumea bear luke orrek.
JUAN: Burde Butrongoa?
MARTIN: Bai, iñolaz ere... Ta i, mutiko, Oñatin zein etxetakoa aiz?
ERRODRIGO: Baltzategikoa, jauna.
MARTIN: Kondepekoak izango zerate.
ERRODRIGO: Ez, jauna. Uribarrin gure lanetik bizi geranok, nere aitak dionez, ez omen degu iñoren etsai ta aldeko izan bear. Kontu oiek aberatsenak omen dira. Guk, beartsuok, guziekikoa egiñaz bizi bearra omen degu.
MARTIN: Ez dik gaizki esaten ire aitak.
ANA: Baña orain zer egin bear degu? Ola-gizonak emen egon balira, geiago giñan geron burua gordetzeko; baña aiek gabe soil gaude ta armarik gabe, gañera. Etxera bakarrik abiatzen bada, garbituko dute berori bidean.
MARTIN: Gaur bearko det, ba, etxeratzea. Arrasaten zai izango ditut ni iristerako. Nolanai, lan ederra egin du mutiko onek, eta eskerrak eman bearrean gera beroni.
ANA: A ta bai! Aztuta nengoan, gañera zertara zetorren onera. Onen aita arotza omen da, ta gurdi batentzako burni batzuek eskatzera bialdu du.
JUAN: Emango zaizkio. Ta gero sutegian ezpata zarren bat eta satairen bat edo beste baditugu zokoratuta. Onelako estualdian lagun onak izango ditugu. Bada-ezpada ere, bidean lagun egingo dizut, Martin.
ANA: Ez bitez gaur atera. Arrasatera baño len etsai zitaloiek zuloren batean, otso amorratuak beela, zai izango dituzte. Obe dute gaurkoz emen lo egin, ia etsai oiek aspertuta aldegiten duten bitartean.
MARTIN: Ez, Ana. Gaur nai ta naiezkoa det joatea.
JUAN: Orretan, barrura noa. Ator, mutiko. Bide batez zuen aitak bear dituan burniak emango dizkiat. Zuk, Ana, Milia zaitu zazu ni bidean naizen bitartean.
ANA: Bai, ederki lagatzen gaituzte etxea gordetzeko bi emakume. Berokin ezer egin ezin badute, etxeari su ematera etorriko dira oiek.
JUAN: Ez naiz luzarorako aldenduko. Bereala nazue emen. Orain gabiltzan aguro.
MARTIN: Goazen bakoitza geure egitekoa lenbailen bukatzera. Bereala aterako gera Arrasateruntz. (Emakumeak etxe-barrura ta gizakumeak sutegira sartu bitez.)
Bederatzigarren Agertaldia
FORTUN, ISASIGAÑA, ORTIZ, URREXOLA, UMARAN TA AMESKARAI
ISASIGAÑA: Atozte. Erbi denak barruan ditugu. Egokiera oberik ez degu izango.
FORTUN: Ondo miatu al dituk inguruak, Isasi?
ISASIGAÑA: Bai, jauna. Ola-gizonak urrutiratuk dira beren etxeetara. Martin, bereala ateratzekotan sartu da oraintxe.
FORTUN: Isasigaña ta Urrexola, biok etxe-atzean ezkuta zaitezte. Zuek, Umaran ta Ameskarai, estratan itxoin zazue. Nik bakarrik artu bear diat emen Martin zital ori. Aztuta baditu, nik gogoraziko zizkioat bere erriari ta nere senideei egin zizkien billaukeriak.
URREXOLA: Eta Barruti'tar Juan, Martiñen alde aterako balitz?
FORTUN: Naikoa asti izango dezue, zaudeten ezkuta-lekutik atera ta bien lepo-gañera iraultzeko.
UMARAN: Ganboar arrano oien kazkoa lertzeko irrikitzen nago.
FORTUN: Baña lenbizi, Artazubiaga otso orri belarriak berotu nai nizkiokek.
AMESKARAI: Neretzat nai nuke lan ori.
FORTUN: Izango dek oberik. Eta gure lana burutu bezin laster, Aramaioruntz egiñalean.
ORTIZ: Nun gordeko geran ere, asmatu bearko degu. Lenengo egunetako gure etsaien amorroa, ez da makala izango.
FORTUN: Guzia erabakia diagu aurrez. Mazkaianoko ermitan, aukerako lekua diagu ortarako. Artzamendiko Pedrok bear dezuen jana bertara eramango dizue. (Zaratak entzun bitez etxe-barruan.) Eta emen dek batenbat. Utzi nazazue bakarrik. (Bijoaz besteak.)
Amargarren Agertaldia
FORTUN. GEROAGO, MARTIN
FORTUN: Au dek ordua! Amasei urteko egosteak noizbait ler egin bear ziaten.Ta ain zuzen ere, gaur izan egun ori. Nere anai Juan Alonso, Muxikako jaunak aspaldi izan duan pozik aundiena, gaur izango dik. Butrongo illak lurpetik irtengo balira, aiek liakete poza.
MARTIN: (Ezpata ondatu bat eskuetan erabilliz, Fortun ikusteke bere artean izketan:) Ezpata bapua bere sasoian. Gaur euli bat iltzeko ere, eztu balio.
FORTUN: (Aurreratuz eta irri gaiztoz:) Euliak iltzen al dabil Bañez'tar zaldun argia?
MARTIN: (Berdin erantzunaz:) Etsai aundiagorik ez danean, txikiei eraso bear, Fortun burrukalari bikain ori.
FORTUN: Eta Guraiatarrak Butrondarrei Arrasatera deitzen dienean, zer egiten dute Bañeztarrak?
MARTIN: Bañeztarrak orduan beren lagunak inguratzea naikoa dute, etsaiak uxatzeko.
FORTUN: Ta etsaiak arpegiz-arpegi ta joko garbian ezin menderatu dituztenean?
MARTIN: Satorra zulotik ateratzeko egin oi dana: zulo-aurrean su egin eta zulotik irten-arazi an gorde zana.
FORTUN: Nik uste nuan Arrasateko Bañeztarrak beren erria ta etxeak erretzen zirala mutillak.
MARTIN: Ori, guraiatarrak etsaia etxe-barruan sartu zigutenean egin genduan. Arrasateko Bañeztarrak, erriko etsaiak menderatzeko, eztira laguntza eske erbestera joaten. Aiek gure erria etsaiari saldu ezpaliote, etzuten ganboarren erasorik izango.
FORTUN: Ganboarrak oso mutillak zerate burrukan, etsai bakoitzeko amar zeratenean aurka.
MARTIN: Amar gerala, bakarka gerala, eztegu arpegirik gorde oñaztarren aurrean.
FORTUN: Baño legez jokatu bearrean, azeri ustelak bezela, zeuen erriari su emanaz agertzen dezue zuen billaukeria.
MARTIN: An azeru ustel bezela sartu zana, zuen aita Butron izan zan. Azpikeriz erriaren jabe egin zanari, azpikeriz irabazi genion.
FORTUN: Ago ixillik, mingain urde orrekin nere aitarik aipatzeke.
MARTIN: Butrongo Burde, Butronen sasikume argiak, bere jatorri garbia aipatzea obe izango da, noski.
FORTUN: (Amorro biziz:) Naikoa diagu itzez. Ire dollokeriak emen amaituko dituk. (Erasotzen dio.)
Amaikagarren Agertaldia
LENGOAK. GERO, ERRODRIGO TA JUAN
(Errodrigo atean azaltzen da, eskuan etxerako burniak dituala. Fortunen azken-itzak entzun eta burruka ikusten du.)
ERRODRIGO: (Barrura deika:) Juan! Juan! Azkar onera. Martin il nai zuana, emen da.
JUAN: (Sutegitik burnitzat bat eskuan duala, agertzen da.) Atzera Butrongo otsokume ori.
FORTUN: (Juanek sutegiko burniz atzeratu duanean, lagunei deika:) Ia, mutillak! Bi ganboar dollorren odola ikusteko gogorik badezue, oraintxe dezue aukera.
Amabigarren Agertaldia
LENAK, ISASI, URREXOLA, ORTIZ, UMARAN ETA AMESKARAI
FORTUN: Ja, ja, ja! Txerri-iltze ederra ikusi bear diagu oraintxe. Gure aitarekikoa errez egin zenduten. Aren semea ez dezue ain errez galduko. Jo mutillak! (Atzetik begira gelditzen da.)
JUAN: (Berealako batean egundoko liskarra ta arma-otsa sortzen da. Jator jokatu arren, Martin eta Juan galtzen dijoaz. Juan Barruti, lantzaz buruan jotzen dute ta lurrera dator.) Ai, nere Milia gaxoa!
MARTIN: Dollorkume ustelok! Bost biren aurka irtetzeko lotsarik eztezue.
FORTUN: Txerri-erregaluak ordañetan izaten dituk. Gure aita galtzeko, baten aurka amar ateratzen etziñaten lotsatu urdeok.
MARTIN: Atzera, billauok! Oraindik zuen ezur madarikatuak Anbotoko arranoak garbituko dizkitek. (Denen artean zokoratzen dute Martin.)
FORTUN: Ar zak ori! (Buruan jotzen du lantzaz.) Anbotoko arranoak irekin izango ditek aurrenengo lana.
MARTIN: Laster arte, Burde. Nere azkena jakiten dutenean, sugetzarra bezela zapalduko aute gureak. (Lurrera erortzen da.)
FORTUN: Orrelaxe gal ditezela ganboar alen guztiak! (Ezpataz iltzen du.) Itzegin zak orain sapu-ao orrekin. (Mutillei.) Orain Aramaio-aldera ariñeketan. Badakizue nun ezkutatu. (Badijoaz igesi.)
Amairugarren Agertaldia
ERRODRIGO. GERO, ANA TA MILIA
ERRODRIGO: (Atetik burruka ikusten egon da bildurrik lotuta. Oñaztarrak ezkutatzen diranean, garraxika asten da:) Ana! Ana! Martin eta Juan il dituzte!
(Ana ta Milia arrapastaka sartzen dira. Milia aitaren gorputz-gañera dijoa txilioka. Emakumeak etxe-bizitza barrutik atera bitez. Ate artara joango da Errodrigo emakumeei oska. Ordurarte, sutegiko atean bego.)
MILIA: Ai, nere aita! Zotinka, aitari musuka.
ANA: Gizonen gorroto beltza! Mari Gaizto! Mari Gaizto! Gaur ere, egin den irea.
Antzoiala azkar jetxi bedi
|