BIGARREN EGINTZA
ELORRI ARGIA
(Esanaz edo abestuaz:)
(Antzoiala jaso, dena illun dala. Argi gorriak ikusleei begira piztu bitez. Illunpetik, abots baten deia dator:)
Talan! Talan! Aloñaren maldan
antziña zarrean, Zeru bera arizan
deika ezkil artan.
Talan! Talan! Aloñaren maldan.
(Piztu bitez orain antzez-tokiko argiak. Aurrean, Baltzategiko atari-aurrean dagoen tellapea degu. Atzean aurrez-aurre, tellape orri eusten dion orma. Orma-gañetik gora zutiko abe batzuek. Erdian, ormarik gabeko tarte bat kanpora irtetzeko. Orma metro t'erdikoa bedi gutxi-gorabera, kanpotik dabiltzanak, agiri gelditu ditezen.)
Lenbiziko Agertaldia
MILIA TA JUANA
MILIA: Ederra dator eguna.
JUANA: Ederregia, Milia. Legorrak egarrituta dauzka lendik alorrak, eta gaurko eguzkiak lenez gain kixkaliko ditu bazter guziak.
MILIA: Gaur ez degu, ba, errogatiba-eguna?
JUANA: Bai, Trinitate-egunak inguruko baserritarrak kaleratuko ditu, kristau-ontzak jai aundia baitegu. Orregatik, aukerako eguna degu errogatibetara jendea etor dedin.
MILIA: Ta Errodrigo, nun degu?
JUANA: Gure anai ori, bart berandu etxeratu zan. Ardi galduren batzuek-edo izango zituen, nunbait. Ordurako ni oean nintzan, eta gaur ere, goiz urten da mendira, ni jaiki baño len.
MILIA: Zuen anai orrek lan geiegi darabil seme bakarrarentzako.
JUANA: Emezortzi urtekin eztu nekerik mutillak.
MILIA: Egun bateko lana danean, ez; baña eguneroko jardunak eten dezake osasunik gogorrena, Juana.
JUANA: (Gaitoz) Asko kezkatzen zaituzte Errodrigoren nekeak.
MILIA: Gaiztoka asi al zera, Juana? Ain une estuan ezagutu nuan aurrenengo zure anai ori...
JUANA: Aurten lau urte, Milia.
MILIA: Bai, Juana. Aurten, lau urte Martin eta gure aita oñaztarren eskuetan galdu zirala. Egun artan Errodrigoren berriei arreta geiagoz begiratu izan baliete, etziran ain zorigabe ondatuko.
JUANA: Errodrigok ezer gutxi lagundu al izan zien zoritxarrez. Amalau urte zituan orduan mutillak, eta zuk amairu.
MILIA: Amalau urteko mutiko batek zezakeana, egin zuan arek; kaso egin baliote, etzan gutxi lagundu ziena. Une larri artan ezagutu nuan zuen anaia, ta arrazkero, nere aitaren azkena ta mutil orren oroitza ari batean sartuak gelditu ziran nere barruan.
JUANA: Zeu munduan bakarrik geldituak, oroitza orri lotuago jarri zaitu, Milia.
MILIA: Baditeke, Juana. Gure mirabe zarra, nere aitaren eriotzak bereala galdu zuan. Geiegi maite giñuzen, gure zorigaitza ikusi ta bizi al izateko. Ordutik, nere osasuna ondatzera zetorren ainbeste naigabe gogora-arazten zizkidan alderdi artan. Eskerrak Santxa, Martiñen andre alargunak, alaba bezela artu ninduana. Arek atera niñuan Ibarretatik eta zuenera ekarri.
JUANA: Bai, ondo ustegabean batu dira gure biziak.
MILIA: Alargun naigabetuak zuen Errodrigoren jokaera ere, oso esker onez artu zuan, izan ere, ta biotzean sartu zitzaion mutillaren argitasuna.
JUANA: Eta gaur eztu, ba, Santxa andreak zu ikustera etortzeko eguna?
MILIA: Bai. Asko luzatu gabe, emen izango degu.
JUANA: Eta gu onen lasai, oraindik lanak atzeratuta. Banoa barrura, zerbait aurreratzen ditudan nere egitekoak.
MILIA: Bai, zoaz. Ni emen geldituko naiz, nere ongillea agertzen bada ere, norbait arkitu dezan atean.
Bigarren Agertaldia
MILIA. GERO SANTXA
MILIA: Lau urte daramazkit Baltzategin. Lau urte, nere ongille onak onenbeste mesede ta ardura neregatik artzen dituala... Aita il zidatenetik, alaba banindu baño areago lagundu dit Santxa andreak.Bere senar zanari zion maitasuna, aren eriotz-ostean, nigan uztu du alargun minduak.
SANTXA: (Bat-batean agertuaz:) Milia! Atoz nere besoetara.
MILIA: (Besarkatzera dijoakiola:) Andre Santxa, nere ongille maitea.
SANTXA: Azkenengo ikusi zinduztanetik, egin dezun aldea! Sinisten ere, ez da errez.
MILIA: Berorren biotz onak, nere gauza guziak obetuak ikusten ditu,.
SANTXA: Larrosa bezelaxe gaztetasunera zabaltzen ari zera, Milia. Amazazpi urte dituzu.
MILIA: Ezpanitu bezelaxe. Etxe ontan guziak aurra banintz bezela zaitzen naute.
SANTXA: Bai. Ordu onean ekarri zinduztan Baltzategira. Arrazkero zure osasuna indartu, ta nere kezka bukatu zan.
MILIA: Aita galdu nuan, baña ama billatu zidan zeruak.
SANTXA: Eta nik gizona galdu ta alba arkitu nuan, Jaunari eskerrak.
MILIA: Eztakit onenbeste ardura ta mesede nola ordainduko dizkiodan berorri.
SANTXA: Orrelaxe edertuaz eta indartuz, nere alegiñak alperrik izan ez ditezen. Emakume egiña zaude, Milia, ta orain biziak bide berriak zabalduko dizkizu.
MILIA: Nik berorri eskerrak ematen bizitzea beste biderik ez det ikusten.
SANTXA: Emakumeok gure etorkizunari begiratu bearra degu aldiz aurrez.Onuzkero, zure biotza esnatzeko zorian dezu.
MILIA: Nere biotzak ezer gutxi daki biziari aurrez begiratzeko.
SANTXA: Baña nik aspalditik dakit zure etorkizuna nundik zuzendu diteken. Ezagutzen dezu Eneko, nere illoba. Mutil jatorra dator, baña burua lepa-gañean ondo sartu-gabea dezu oraindik.
MILIA: Ezagutzen det, bai. Zer gertatzen zaio?
SANTXA: Ari ezer gutxi; baña neri buruak kontu asko esaten dizkit. Zu bezelako bat bear du arek burua zentzatzeko.
MILIA: Oi, andre Santxa. Neretzat geiegi litzake Kondearen besoetako dan gazte orren itzala.
SANTXA: Ori nik esan bear det; ez zuk, Milia. Kondearen besoetako ta izenekoada gazte ori, baña dena gutxi izango da zuretzat. Kondea ere, zure aitarekiko esker onez betea dezu, ta eztu gaizki ikusten nere asmo au.
MILIA: Bildur naiz, andre Santxa.
SANTXA: Zeren bildur, gero?
MILIA: Berorren onginaiak aurregi eraman ote-dituan gauzak. Kondeak naizen baño obetzat jotzen banau, gero nere alde orrenbeste egin ondoren, ez ote da damutuko?
SANTXA: Bildurtiegia zauden, Milia.
MILIA: Enekoren neurriko ote naiz, gero?
SANTXA: Zergatik ez? MMilia, zure botzak beste zerbait eskatzen al dizu?
MILIA: Al dakit neuk ere? Bañan nere ongileari min ematerik ere, ez nuke nai.
SANTXA: Esan zazu, Milia. Nik zure zoriona besterik ez nuke nai.
MILIA: Eta nik berorri esker ona agertzea. Baña ain zuzen, berorren ontasunak ekarridit, zer dan eztakidan azkura berri bat.
SANTXA: Zein da, Milia?
MILIA: Etxe ontara ekarri niñun berorrek. Eta nere biotza emen dabil datozkion poz eta egarriei antzeman eziñik.
SANTXA: Errodrigo al dezu kezka oien iturri?
MILIA: Arengandik datorkit alako zerbait, erdizka poz eta min, bizigarri ta bizi-ezin bat.
SANTXA: Eta Errodrigok?
MILIA: Itz garbirik ez degu trukatu, baña biotzak urrutira nabaitzen du zerbait.
SANTXA: Ai, Milia! Nere alaba maitetzat artu zaitut. Begira zazu ondo zure biotzak itxumenen bat sortu ez dezaizun.
MILIA: Ai, nere ongille ona! Nai nuke, ba, asmatu; ta batez ere, berorren borondate aundi orri zor diodan legea gorde. Baña au lana.
SANTXA: Enekorekin beste bizia zenduke. Ondasunez gainka, ta senide-tarte garai-garaikoa zu ta zure ondorengoentzat.
MILIA: Orrek ez nau berotzen; berorren amesak austeak ematen dit min.
SANTXA: Ondo da, Milia. Kontu au gaurkoz onela utzi dezagun. Egunak eguna dakar, ta ikusiaz asmatuko degu ondoen nundik diteken biderik egokiena.
MILIA: Eta Konde jauna asarratzen bazaigu?
SANTXA: Buruz jokatzen badezu, biok artzen degun erabakia Konde jaunari aurrez agertuko diot. Zeruak erakutsiko al digu komeni zaiguna.
MILIA: Bai, zeruak argitu bearko nau, ainbeste maite nautenei naigaberik ez emateko.
SANTXA: Ederki, ta nin dira etxekoak?
MILIA: Errodrigo mendira irtena da goizetik. Besteak or barruan dabiltz. Oraintxe dator Juana onera.
Irugarren Agertaldia
LENAK, JUANA TA LOPE
JUANA: (Agertuaz:) Emen al degu andre Santxa?
MILIA: Iritxi-berria da oraintxe.
JUANA: Ongi etorria gurera. Aita ere oraintxe dator barrutik.
LOPE: Jaungoikoak deiola egun on, andre Santxa.
SANTXA: Arek deizuela zueri ere oroat. Onik al zerate?
LOPE: Ezin obeto, ta berok?
SANTXA: Gu ere ondo, Jaunari eskerrak. Milia oso azia ikusten det.
MILIA: Eztira urteak alperrik igarotzen.
SANTXA: Etxe ontan asko irabazi dezu, Milia; ta oso pozik nago onera ekarri zinduztalako.
LOPE: Baña ezpedi emen egon. Bijoa barrura ta an patxara obean egongo da. Zerbait artzeko gogoa ere, egingo zitzaion onuzkero. Zu, Milia eraman ezazu Santxa andrea jatokira, ta emaiozu dagoenetik.
MILIA: Betor, Andrea, bideko autsak astintzera bada ere.
SANTXA: Goazen, ba. (Lope ta Juanari:) Berealaxe nator.
Laugarren Agertaldia
LOPE TA JUANA
LOPE: Ta gure mutillik ez al da agertu oraindik?
JUANA: Ez da emen otsik. Atzotik ez det ikusi.
LOPE: Ori ere. Etzekiñat, etzekiñat.
JUANA: (Miliakiko maitasunaz ari zaiolakoan:) Gaztetako kontuak, badakizu, aita.
LOPE: Esna ames egitea?
JUANA: Ames ona izan ezkero.
LOPE: Txorakeriak! Irudipen utsak.
JUANA: Ez det uste, ba, dena irudipena danik.
LOPE: Ik ere bai al dakin?
JUANA: Bien sasoia ta alkarri dioten legea ikusteko, begiak zabaltzea naikoa da.
LOPE: Bien kontua?
JUANA: Jakiña, ba, aita. Miliak Errodrigoren neke ta lanen kezka geitxo duala, ta Errodrigok Milia begi onez ikusten duala, garbi dago edozeñentzat.
LOPE: Ala ere!... Zuek, emakumeok, gazte zeraten bitartean batez ere, beti lelo batera jotzen dezue.
JUANA: Ez al diot, ba, egia?
LOPE: Nai denana izango den, alaba. Baña nik beste arazo bat nerabillenan buruan.
JUANA: Zer arazo degu, ba, jakin al baditeke?
LOPE: Bart gure mutil ori nastu-samartuta etorri unan. Ardi galduen billa Azkartzan gora ta bera, illunak jo zionan, nunbait, eta gero amesen bat egiña den, iñolaz ere.
JUANA: Zein ames?
LOPE: Arantza baten gañean Andre Mari berriren bat, Jesus besoetan duala, agertu zaiola-edo... Al zekiñat zer?... Bart berandu sartu unan etxera, ta logure niñunan kontu luzerik entzuteko. Gaur goizean, errogatibak baño lenago, berriz elorri ori ikustera joana den.
JUANA: Zeruko Ama! Egia ote?
LOPE: Bai zera!... Bere onetikirtenda etorri unan mutilla. Ardiak errezegi galtzeak zekartzen gaitz oiek. Arreta izaten nekatzen eztana, oñetakoak urratzen izerditu bear.
JUANA: Ta noiz arte igo da, ba, gaur mendira.
LOPE: Esan diñat: errogatibatarako itzultzekotan joan den. Andre Mariaren itzak erriko apaiz eta agintariei ta erri osoari esan bear omen zizkion. Ixillik egoteko esan zionat, baña ura etzegon ixiltzeko. Baltzategikoen artean ez diñagu txoro-aizeak jotakorik, baña Errodrigo ori gaur erotzat joko ote duten, bildur naun.
JUANA: Ta zergatik ezta, ba, egia izango? Diona diola, errez garbitzeko auzia duori. Bere buruko asmaketa ezpada, besteak ere an ikusiko dute egia. Ene! Miliari esateko irrikitzen nago.
LOPE: Bai, emakumeen esku dagoen berriari, laster sortuko zaizkion egoak. Baña kontu, gero, etxekoetatik kanpora berri au zabaldu! Eztiñagu besterik bear denen aotan ibiltzeko.
JUANA: Errodrigoren aoz entzun arten, ez noa beste iñori itzik aipatzera. Noizko itzuliko ote-zaigu mutil ori?
LOPE: Mutilla baño lenago zetozen Urrexolako Pedro ta Araozko Joanes beren alabekin. Ago i emen. Ni apur batean atarira natxian errogatibatara datozen jende orrekin itz bi egitera. (Bijoa.)
Boskarren Agertaldia
JUANA. GERO MILIA
JUANA: Miliak artuko duan poza! Gure mutillari Andre Maria ta Jesus agertu!... Egia esan, zintzorik bada, gure Errodrigo bat. Baña onen berri aundia egitzat artzeko, kontuz ibilli bearra degu.Bestela auzoak gure lepotik parre egingo du.
MILIA: (Barrutik agertuaz:) Oraindik emen al zaude, Juana? Orduak aurrera dijoaz, ba.
JUANA: Santxa andrea bakarrik utzi al dezu?
MILIA: Txukuntzen gelditu da. Gero gurekin errogatibetara joan nai du-ta.
JUANA: Andre maitagarria degu emakume ori.
MILIA: Eztakizu dena. Beti nere onari begira dabil. Gaur ere, bazuen neretzako biotzaldi bat.
JUANA: Zer ba?
MILIA: Nere etorkizunari buruz mesede berriak asmatzen ari da beti. Bere illoba Eneko, kondearen izen eta besoetako mutilla, neretzako ustean daukala, esan ez dit, ba!
JUANA: Ori da zoria, Milia! Ain etxe oneko semea!
MILIA: Ai, Juana! Nik ezer esan gabe ere, badakizu neretzat kezka berria izango dala alde ortatik.
JUANA: Zer bada?
MILIA: Ondo asko dakizu, nere biotzak nor duan aukeratua.
JUANA: Ta zer esan diozu Santxa andreari?
MILIA: Nere ongilleari ezin nezaioken egia besterik esan.
JUANA: Ta berak?
MILIA: Kondeari ere esana diola bere asmoa, ta Kondeak ere otnzat emana duala-ta.
JUANA: Kondea tartean dala, ezingo dezu atzera egin.
MILIA: Ez Santxa andrea ama baño obea ezplaitz neretzat. Ondo begiratzeko esan dit, eta nere ona besterik ez duala nai. Bion artean bestela erabakitzen badegu, bera da Kondeari itzegitekoa.
JUANA: Emakume biotz aundikoa!
MILIA: Ta orra nere istillua. Nere ongillearen uste onak galtzea, mingarri zait alde batetik; eta beste aldetik nere biotzak gogor eskatzen dit beste bidea. Au lana, !Juana.
JUANA: Zerua lagutnzera datorkizula uste det erabaki ortan. Eztakizu asko, Milia. Zure zai nengoan emen, ta ia aztu zitzaidan esateko nizun ixilleko bat.
MILIA: Berri txarren bat al degu?
JUANA: Txarrik ez. Zer aterako ote dan eztakigula.
MILIA: Garbiago esaten ezpadezu...
JUANA: Errodrigo datorrenean, obeto jakingo degu.
MILIA: Okerren bat, ala?
JUANA: Ez, Milia. Bakarrik, aitari eztiola onik egin.
MILIA: Onezkero Gatzagan gora da berri ori.
JUANA: Ez, ba. Azkartzan gora da izan da gertaria.
MILIA: Aitz-arte aietan zer gerta diteke jakingarririk?
JUANA: Gertari aundia, egi aterako balitz. Arantza baten gañean, Andre Maria bere Seme Jesus besoetan duala, agertu omen-zaio Errodrigori.
MILIA: Noi izan da ori?
JUANA: Atzo illuntze aldera ardi-billa zebillela.
MILIA: Jaungoiko ona! Zeruak onenbesteko zoriona ote dakarkigu?
JUANA: Zorion betea litzake guretzat. Ezta ala?
MILIA: Nere biotzarentzat bete-betekoa.
JUANA: Aita buldur da, ba.
MILIA: Zergatik, gero?
JUANA: Mutilla amesetan asi ote dan, eta jendeak txorotzat joko ote gaituan. Eztu iñola ere albiste ori zabaltzerik nai.
MILIA: Nolanai ere, Santxa andrea etxeko bezela degu, ta zerbait esan bearko diogu. Gertari ori egi aterako balitz, nere biotz-arazoa erabakia legoke. Zeruko Ama, ala gerta dedilla.
JUANA: Gauden ixillik Urrexolako Martiña ta Araozko Andresa barrura datoz-eta.
Seigarren Agertaldia
LENAK, MARTIÑA TA ANDRESA
MARTIÑA: (Sartuaz:) Jaungoikoak egun ondeizuela.
MILIA ta JUANA: Baita zuri ere, Martiña.
ANDRESA: Egun on, gazteok. Jardun-giro al degu?
MARTIÑA: Baltzategin noiz ez?
JUANA: Baltzategin beste etxetan bezela.
MARTIÑA: A! Ori ez, orratik. Baltzategin gurean baño giro obea du biziak.
JUANA: Zer dala bide?
ANDRESA: Martiña, Baltzategin denak itxu zeuden.
MILIA: Jaunari eskerrak, etxe onetan guziok begiz argi gaude.
ANDRESA: Noiz ta nola, Milia.
MILIA: Lotan egon ezik, beti, Andresa.
MARTIÑA: Ago ixillik, Andresa. Ez al den ikusten belarriak goza-zai daudena?
MILIA: Belarrietarako gozagarriak ere ba al dira?
MARTIÑA: Esango nuke. Mutil jator bat inguruan dabillenean, nor ez da argitzen?
ANDRESA: Ori esan, Martiña.
JUANA: A! Ortik al zenduten itza? Urrexola ta Araotzen ere, badituzue jatorrik asko.
ANDRESA: Ango mutillak, Juana, auzorako ditun ona; baña etxerako ura baño gezagoak.
MARTIÑA: Ori esan, Andresa. Araneko Joxek zeñen azkurea darabillen biotzean, bazekin norbaitek.
ANDRESA: Urruti eztagoen batek, gañera, Martiña, e?
JUANA: Gaizto t'edi zatozte, gero, gaur.
MARTIÑA: Berriz entzuteko gogoa al den, Juana? Guk naikoa entzun genionan, ba, atzo Joxeri.
ANDRESA: Bai orixe! Arek eztaukala saltzeko Baltzategi.
JUANA: Ixilduko alzerate, berritxuok?
MILIA: Orrelakorik! Zirikatzalle parea sartu zaiguna gaur etxean.
ANDRESA: Ona emen bestea! Ezpageneki bezela.
MILIA: Zer dakizue, gero, zuek?
ANDRESA: Zera! Ederki daudela gaztañak zakuan.
MARTIÑA: Eta mutilla eskuan.
MILIA: Bertsolari biurtu al zerate?
JUANA: Jolasgure bizia ekarri dezue gaur.
ANDRESA: Guk jolas eta zuek solas. Zer dio Errodrigok, Milia?
MILIA: Mendian da ardiei begiratu bat ematen.
ANDRESA: Badu arek ardiak baño aurrekoagorik.
MILIA: Jakiña! Aita, arreba, etxea ta abar.
ANDRESA: Abar orretan utzi dezula uste det aurrena.
MILIA: Bai ote?
MARTIÑA: (Andresari:) Utzion, neska. Naikoa gozatu dizkin belarriak-eta.
ANDRESA: Erreza den gozatzen, mutil baten biotza irabazi danean.
ANDRESA: Baña emen zetozen gure gurasoak beste kezka batzuekin.
MILIA: Geldi zaitezte emen. Ni Santxa andreak zer dion ikustera noa. (Bijoa Milia.)
Zazpigarren Agertaldia
LENAK, PEDRO, JOANES TA LOPE
LOPE: (Gazteak bereizi geldituko dira ixil-izketan.) Zatozte pixka batean barrura, oraindik badegu astia-ta.
PEDRO: Aurten denok ere, asti geiegi izango degula, uste det. Lurra arria baño gogorrago degu lanerako.
JOANES: Eta gariak? Ezin atzerago etorri. Aurtengo lastoak su gutxi egingo dute bidetan.
PEDRO: Bidean ikusi deguna, negar egitekoa da benetan. Bazter guziak erreta daude.
JOANES: Urteak izango dira onelako legorterik ikusi eztegula.
LOPE: Gure ezagueran beste onenbestekorik ez degu ezagutu, ez.
PEDRO: Eta Kondeak zer dio?
LOPE: Arek bere etxe-alde jokatuko du.
JOANES: Ez al du, ba, berea?
PEDRO: Bai bere etxea, baña ez gureak; eta arek denak beretzat nai ditu.
LOPE: Aundizki oiek agintze ori odolean dakarte. Ni, egia esan, iñoren alde berotzekoa ez naiz.
JOANES: Gauzak Jaungoikoak egin dituan bezela artuko bageniut, guziok pakean izango giñake. Goikoak goian eta bekuok beian gauden eta kito!
PEDRO: Ezagun dezu, bai, Joanes, kondepekoa zerana. Emen Jaungoikoak denok berdiñak egin gaitu. Goi ta be oiek, gizonon asmaketak ditugu. Ni ez naiz Kondearen etxean sartzeko zale; Kondea ere, ez dedilla gur etxeetan sartu.
JOANES: Kondeak ez al ditu, ba, bere eskubideak gorde bear?
PEDRO: Bereak bai, baña ez besterenak. Zergatik ibilli bear du jaun orrek erriaren jabetasuna zapaltzen? Gure alkatea, geuk dakigu zein diteken.
JOANES: Bera de gure lurren jabe.
PEDRO: Ez lur guziarena; ta gañera, or jasotzen ditu ainbeste errenta ta amarren lur oiegatik. Zor zaiona ordaindu ezkero, eztu iñork beste eskubiderik. Zein da ori, erri guziaren lotsagarri dan urkamendia jasotzeko?
LOPE: Ara mutillak! Ezpai oietatik ez degu beñere ezer onik ekarri, ta ni gure errietan ditugun asarre oien etsai nazue beti.
PEDRO: Zeñi etzaio, ordea, odola berotuko ganboar oiek egin dituztenak gogoratuta? Arrasateko suak eta eriotzak aztutzekoak al dira?
JOANES: Eta oñaztarrok garbi al zaudete? Zertarako deitu zuten Butrongo otso-jendea gure artera? Ez al zenekiten Arbolantxatar Santxori Butron odol-zale arek eman zion azkena? Oñazea luzatzearren aizto txiki batez lepoa ebaki gizonari, biozgabe arek!
LOPE: Nik esaten dedana: guri aundizki oien etxetan etzaigula ezer galdu, alde batetik; eta bestetik, gorroto itxua dabilkie nagusi, ta gorrota ez da kristau-legea. Jauntxo oiek alkarrekin asarre badabiltz, ez gaitzatela gu beren auzitan nastu. Eta gañera, norbaitek eten bear du gorroto-kate ori; norbait barkatzen asten ezpada, gure errien ondamenak eztu azkenik izango. Artazubiaga'tar Martiñi ta Barruti'tar Juani odol otzean eman zioten eriotzak, eztu izenik. Eta orain, emen degu Milia gaxoa, gizonen gorrotoen ondorena ordantzen. Baña emen berriketan gauden bitartean, errogatibak kalera aterako zaizkigu.
PEDRO: Ala da. Berandutzen ari zaigu, ta bagoaz aurrera elizara orduz iritxi gaitezen. Ba al zatoz, Joanes?
JOANES: Bai. Zerua errukituko al zaigu euria bialduaz.
LOPE: Gorrotoz galduak gabiltzan artean, zerua itxia izango degula deritzat.
PEDRO: Ez al zatoz gurekin, Lope?
LOPE: Ni, Errodrigo menditik etorri-zai gelditzen naiz. Bereala gera zuekin.
PEDRO: (Alabari deituaz:) Martiña, elizarako ordua degu.
Banoa, aita; ta zu, Juana ez al zatoz?
JUANA: Zoazte aurretik. Gu Errodrigo datorren bezin laster, or gera.
ANDRESA ta MARTIÑA: Agur, ba, ta gero arte.
JOANES ta PEDRO: (Loperi:) Agur, Lope. (Bijoaz.)
Zortzigarren Agertaldia
LOPE TA JUANA
LOPE: Kezketan natxegon, Juana.
JUANA: Zergatik, ostera?
LOPE: Gure mutillak geitxo luzatzen dualako bere etorrera.
JUANA: Bide luze ta latza du, aita. Onuzkero aurki dezu emen.
LOPE: Atzoko amesetatik sendatuko al unan.
JUANA: Zein amesetatik?
LOPE: Dalako Andre Mari berri orrenetatik.
JUANA: Eta guzia egia balitz...
LOPE: Emakumeok siñisberagi oi zerate.
JUANA: Eta gizakumeok siñisgogorregi.
LOPE: Bera etorri arte, ixillik euki dezagun, beintzat.
JUANA: Len ere kanpokoen aurrean ixilik egotea kosta zait ederki.
LOPE: Ori siñisten diñat, alaba. Ixillik egotea, ezten ire gogoko lana.
JUANA: Ain arrigarria da, izan ere, gertaria.
LOPE: Irudipen-utsa, Juana. Sasi-arte artan gauza onikbilla ditekenik ere...
JUANA: Zeruak artarako aukeratu ezkero, ez da eziñik. Etxe-barruan oiñ-otsa somatzen det. Santxa andrea ta Milia atarira datozkigula, uste det.
Bederatzigarren Agertaldia
LENAK, SANTXA, MILIA TA ERRODRIGO
SANTXA: (Barrutik agertuaz:) Oraindik Errodrigoren zai?
LOPE: Bai, andrea. Emen gaude kezketan.
MILIA: (Barrutik agertuaz:) Oraintxe ez det, ba, uste urruti danik.
JUANA: Ene, ta bai! Emen degu mutilla.
MILIA: Zer ote dakar esateko?
ERRODRIGO: (Arpegian agiri du bere barruko arripena.) Errogatik atera al dira?
LOPE: Ez, mutil. Izerditan ator.
ERRODRIGO: Orratik ere, bildur nintzan berandu ote nentorren.
LOPE: Ez al dek iñor ikusten?
ERRODRIGO: Andre Santxa emen? Nolatan gure etxean, andrea?
SANTXA: Milia ikustera ta bide batez zuekin egotera etorri nauz, Errodrigo.
ERRODRIGO: Poz aundia det berori etorria. Onela obeto asmatuko degu zer egin.
LOPE: Goizeko argiak ire Andre Mariori uxatuko zian,noski.
ERRODRIGO: Bai zera! Atzo bezin argi an dago utzi nuan elorri-gañean bertan. Zeruko Ama! (Ikusiaren gozotan begiak bizitzen zaizkio.)
LOPE: Andre Santxak ezer ba al daki?
SANTXA: Miliak esan dit guzia.
JUANA: Nolakoa da, Errodrigo?
MILIA: Ta Jesus besoetan al du?
SANTXA: Etzazue geiago nastu mutilla, gazteok.
ERRODRIGO: Ikuste arek ezin dezake iñor nastu, andre. Barru guzia zeruko arradaz piztuta uzten du.
LOPE: Paketu adi, gizon. Bart itz-erdika bakarrik entzun nian, eta goazen poliki-poliki gertari edo ames dalako ori garbi jakiten degun azkenerako.
JUANA: Bai, Errodrigo. Esaiguk nola billatu uan mirari ori.
ERRODRIGO: Lagatzen al didazue, ba, itzegiten?
MILIA: Egia. Arnasa ar zazu aurrez; nekatuta zatoz-eta.
ERRODRIGO: Ez nuan alakorik uste, egun guziko jardunez arikatuta, ardiak kontatzen asi nintzanean.
SANTXA: Aitz-mutur oietan gora ta bera, edozein aunatuko litzake, gazte.
ERRODRIGO: A, ze loa bota bear dedan! —esan nuan nerekiko—. Baña leku onean. Etzegoen lo egiterik. Konta ta konta... Ez alperrik!... Bost ardi gutxiago artegian. Zein izango? Ta Txuria, Buztanmotxa, Nabarra, Mokobeltx eta Uxkurra... Ardirik onenetakoak bostak.
LOPE: Egunez txoriei begira ibilliko intzan-da, gero arratsean oñak dantzatu bear.
ERRODRIGO: Sekula baño arreta aundiagoz zaitu nuan atzo artaldea. Gure txakurrak ere, etzuan ordurik galdu. «Jai, onera!... Jai, ari!...» Ustez, artaldea osorik nualakoan txabolaratu nintzan.
JUANA: Eta Andre Maria nun zegoan?
ERRODRIGO: Ago pixka bat; ortara natxian... Jo gora, jo bera; ardien aztarranik ez... Jauna! Nun geldi ote zaizkit? Azkartza-aldean ote?... Aloña-aldean ote?... Gezaltzan barrena onenean?... Nere ibilli aspergarriak.
MILIA: Artzai-lan oiek neke geiegi sortzen dizue, Errodrigo.
ERRODRIGO: Arkitu dedan mirariak, neke guziak ederki ordaindu dizkit, Milia... Alako batean, Azkartza-aldeko sakon-une batetik arran-otsa ote-zan, iruditu zitzaidan... Urruti zan zintzarri aren otsa... Pauso batzuek... geroago ta biziago zekarren aizeak... Aloña-maldan dek, bada... Gure ardien kanpai-otsa ote?... Ba-diteke... baña, ez! Soñu ura biziagoa zan... Zer ote zitekean?... Ba-nago, ez nago... Aitz-mutur eta sastraka, elorri ta arantza... Banoa bizi-bizi soñu aren ostera... Andik dek, ba... Ene! ta zer da argi ori?... Zintzarri-otsa datorren aldetik dek, gañera... Urrerago ta kezkatiago ninjoan... Begiak igurtzika zokoratu naiz... Nun ari da soñu ori?... Ontan, nere barru guzia ikara, lurrean josita gelditu nintzan... Elorri baten gañean, zeruko agerpen zoragarria neukan nere aurrean. Andre Maria, arantza-gañean, zeruko argia zeriola, ta besoetan bere seme Jesus zuala, begi gozoz neuri begira!... Elorri-oñean zintzilik kanpaitxo bat ixiltzeke jo ta jo ari zan.
LOPE: Aizeak dantzatuko zian-da.
ERRODRIGO: Etzan aize-txintarik ere zoko artan.
JUANA: Nork eragiten zioan, ba?
ERRODRIGO: Iñork ere ez. Berez ari unan jo ta jo etengae.
MILIA: Zeruak eraginda, noski, Errodrigo.
ERRODRIGO: Bai, Milia. Zeruak eraginda; eta nere poza betetzeko, bost ardi galdok mirariaren inguru pake-paketsu larrean.
LOPE: Ardien arran-otsa izango uan ik entzuna, mutil.
ERRODRIGO: Ez, ba. Bostak zintzarririk gabe zeuden egun artan, ain zuzen ere... An nengoan ero-antzean nere barruko arrada menderatu eziñik... Begiratu Andre Mariari, begira Jesusi, begira zintzarriari, begira ardiei... Enintzan bereala nere onera etorri.
SANTXA: Zenbat mirari erabat!
ERRODRIGO: Gizona arritzeko lain, Santxa andrea. Azkenik belauniko jarririk, zeruko Amari begira esan nuan nerekiko: «ARANTZAN ZU?» Eta Andre Mariak begi gozoz eta itz gozoagoz erantzun zidan barnera.
MILIA: Zer nai digu zeruko Amak?
ERRODRIGO: Toki artantxe Ermitatxo bat jaso dezagula; ta Berak andik Euskalerria zaituko duala, zion.
MILIA: O, bai! Lenbailen jaso bear diogu alik eta ederrena.
ERRODRIGO: Illuna zetorkidan, eta etzegon egoterik... Nere Irudi maitea arbastaz estali, ardiak zeruko Amaren zaipean utzi, ta bidez-bide etxeratu nintzan bart... Gabak etxera baño len artu ninduan arren, nere barrua argitan nekarren.
SANTXA: Ta gaur goizean zer egin dezu?
ERRODRIGO: Ez neukan pakerik berriro zeruko Ama ikusi gabe. Tellatxobatzuek eta lau egurtxo artuta, joan naiz argia zabaldu bezin laster. An zegoen nere agerpen zoragarria, an ari zan arrana soñu ta soñu berez... an zeuden bost ardiak elorriaren inguru ausnarrean... Nere lana amaitu, ta or etorri naiz itoka Oñatiko erriari berri one ematera.
LOPE: Ez aiz, baña, kontu orrekin iñorengana joango!
ERRODRIGO: Zeruko agindua betetzeke ezin dezaket utzi, aita.
LOPE: Erotzat joko aute, seme.
ERRODRIGO: Elorri-gañeko agerpenak erakutsiko die egia.
LOPE: Kondeari gogozko izango al zaiok?
SANTXA: Kondearena, nik egingo det, Lope. Mutillak diona egi ateratzen bada, denen biotzak bereganatuko ditu.
MILIA: Zeruak ekarri du etxe ontara gaur, une larri ontan laguntzera, Andre Santxa.
LOPE: Mutil, itxoin zak egun batzuetan gauzak obeto aztartu arte.
ERRODRIGO: Zeruak eta gure premiak ez daude itxoiteko, aita. Zeruko Amaren agindua bete-orduko, gure legorteak jai du.
MILIA: Ene! Ta errogatibak atereak izan bear dira. Gure jardunean, ordua pasa zaigu. (Urrutira Krieleisonak entzungo dira: Sancta Maria, ora pro nobis...)
JUANA: Ta urreratzen datoz letariak. Gerta gaitezen datozenerako.
ERRODRIGO: Onuzkero ementxe itxoingo diet, eta gure etxe-aurrera iristen diranean, entzungo dute oñatiarrak zeruko Deia. (Milia ta Edrrodrigo bakarrik gelditzen dira pixka batean. Besteak etxe-barrura zabaltzen dira.)
MILIA: Zerua etxean sartu zaigu, Errodrigo.
ERRODRIGO: Zerua ta zu, Milia.
MILIA: Etzazu zerua onen gauza utsaz nastu.
ERRODRIGO: Zeruko Ama pake ta maitasun-eskeinka datorkigu euskaldunoi, Milia. Gorrotoak galdu zituan gure aurretikoak; maitasunak zori berri bat dakarkigu orain. Banoa, Milia atal-aurrera prozezioa nun ote dan ikustera.
JUANA: (Barrutik agertuaz:) Nun da Errodrigo?
MILIA: Atal-aurrera joana da, prozezioa nun datorren ikustera.
LOPE: (Barrutik agertuaz:) Baña mutil orrek zer egin bear digu?
SANTXA: (Barrutik agertuaz:) Utziozu, Lope, zeruari bere lana egiten.
ERRODRIGO: (Berriz agertuaz:) Emen dira errogatibak. Atariko orma-gañetik barreiatu bear diet gure erritarrei zeruko albistea.
(Denbora guzian gutxi-asko entzuten etorriko da errogatibetako kantua geroago ta argiago.)
(Jendea etxe-aurretik igarotzen asten da: Omnes Patriarchae et Prophetae, orate pro nobis...)
ERRODRIGO: (Atariko orma-gañera igota, kantua ebakitzen du, esanaz:) Oñatiarrok: Zertan zabiltzate alperrik errogatibetan? Ama Birjiña berria agertzen eman zaigu Gezaltzan gora. Atozte nerekin ta ikus zeuek zeruko Mirari arrigarria. Ama Birjiñari dagoen lekuan aterpea jaso arte, eztegu euririk izango.
(Arantzazu-aldean abestiz eten itzak.)
|