V. Jauntxoa ta bere ingurukoak
1. Tete ta Toto.
2. El Rásimo-ko maipuruan don Anbrus.
1
Agintarien artean izan dira luze ta izan dira labur nagositasuna iraun dautsenak. Aita gurenak esaterako, batzuk ogetaz urtetan, bat edo beste ogetaz egunetan yesarri izan dira Erromako aulkian. Aguratu arteko erregeak oparo darakuskuz Edestiak; gazte-gazterik ilak ez gitxi. Jauntxoak, orregaitino, zoritxarra baizen iraupentsu ta luzakor izan doaz euren aginpidean. Bat, bakar bakartxo bat ezagutu dogu iragaitzekoa, jauntxotasunak ilebete ozta iraun eutsan bat. Zuri, neure Erri maite zar onen Edesti zurizka gazte orri, jauntxo bakar onen izena opa gura dautsut, baserrietan itsu-soiñua artu daroenez, orripean artu dagizun. Anbrus Isasti Intxaurtiaga da izen burrundaratsu ori.
Beronen yaioturixka Yatabetik Puerto Rico-ra, gazte zala, mutiko bizarga zala, eroan eban bere ondora osaba aberats batek, Afrikatik Antilletara gizalorrean, balzlorrean (Arangoitik esandako negreru) aberastu zan Simon Intxaurtiagak. Berrogetaz urteak an igarota errialdera etortea otu ekion Anbrusi, yoan zanez ezkontzaga, mutilzar, eta egokiago esateko, agura-mutil. Arreba bakar bat eukan, Juana, Torrealdea eritxon itxasgizon bategaz ezkondua. Lau seme-alaba izan ebezan Torrealdea-Isasti senar-emazteok. Aitaren apetaz T-dun izenak ezarri eutsezan laurai: Tomas, Teresa, Tiburzia ta Teófilo. Laugarren au yaio-aurretxoan Juanak senarrari «Timo —zirautsan—, oi dozunez, zure naikundea egin bear bada, egin bedi; baia ez gero irugarrenaren taiuko izen motzik gurera ekarri». Atatik izan zan gazteenari, sendi-kondoari, izen zoli apain ori ezartea.
Lau nebarrebak arpegi-bete, azal-urdin, begi-ederdun, irazki andikoak ziran. Tomas lenen yaioa, legegizon egin barri zala, bere amaren erritarrak boto-eske agerkeran ezagutu eben.
Teresak bere ikaskide neskatila-artean ezeban iñoiz izena osorik entzuten. Eurakaz ikasguan zala, aitaren odoleko ta bera lez apetatsu zala erakusteko, Teresa Torrealdearen ordez, T.T. ipinten eban izentzat. Ordukoxea eban bere belarrietan ain gozaro, ain zoli, ain bigun ta apain ots egiten eutsan ezizentxo Tete. Eguzkiaren azpian ezegoala uste eban onelango izendun gizasemerik eta pozik bizi zan bakar zaneko uste onezaz. Amaika bidar irakurri eben izen ori Bilboko gixon ta andere eztimetxak egunerokoen Ecos de Sociedad eritxon unean!
Ezeben urte atan ez bizarginek ez eskola-mutilek zezenketarik egin, beste iru neskato eder inguruko ebazala, Tete maipurura eroan bagakorik. Eta biaramonean tintaz baiño eztiurez eginak zirudien Ecos aretan tete zoragarria, Tete begi-eder, Tete Kupidoren alaba bakarra eta beste eskukada bete txotxolokeri zuzentzen eutsezan.
Alango aldietan bere izena Bilboko neskamutil dirutsu geienak aitatu eroen: beeratzeko neskato askok; mutil guztiak goratzeko. Onen artetik sei bat yarraitzaile agertu ekiozan; ezagunena (guretzat beintzat) eta Tetek inoiz aintzat artu ezebana, Pedro Viñas y Andrés zan, Puerto Ricoarra, urte atantxe Valladolid-en sendalari egina. Gazte au don Anbrusek, adiskide baten semea zalako, aspaldi luzean magalpean eukan. Perico, ezeban Viñasek beste izenik jauntxoaren ezpanetan. Magalpeko izateak Teteganako bidea laburtuko eutsalakoan egoan Perico. Aitak beragana Puerto Ricora deituarren, Bilboko eritegian azturatu bear ebala aikomaikotzat artuta, urte beteko luzapena eskuratu eban. Don Anbrusenean bein baiño geiagotan alkar ikusten eben.
Mutillak txeratsu itz eginda be, neskatilla andinai buru-eritxiak otz ta motz erantzuten eutsan. Kalean barriz ez arpegira begiratu, ez agurrai yaramon.
Teteri bere lagun neskatillak mosu andiak emon eta «laztantxo» gora ta «laztantxo» beera esanarren, bekaitz andia eutsen eta pozik ekusen Pedro Viñas bere atzetik, gai apaltxoa zalako, sendalari eginbarri ta aomen bagako bat baiño etzalako. Goian zerua ta bean lurra eukazan bat izan balitz, pozago. Sarrien beragaz ibilten zan euretariko batek «Ori dozu, Tete, eskuartea. Ori dozu txokoa! —esan eutsan bein—. Gu nora berau ara dabilku Virgo fidelis-en antzeko Portorriqueñotxo ortzargi au, beti zeuri begira, zeure itz, txerazko iztxo bat entzun ta zeure begirakune bigun adikor bat ikusi gurarik.
—Eztabe esaten ideak ideakaz ezkondu bear dabela? Ezkondu dadila Virgo fidelisegaz beragaz —Irribarrez erantzun eban Tetek.
Urte aretan Bilbon nondikbait agerturiko aizta bi bizi ziran, elizkoi ta eukitsuak eritxi baten. Nonnai burua erakutsi oi eben, batez be gar-lanetan. Zarrena gizon-antzeko zirt edo zartekoa zan; gazteena otzanago. Laguntzat emakume adintsuago bat edonora erabilten eben. Norbaitek ezizen txanbelin onek ezarri eutsezan: aizta zarrenari, Virgo potens; besteari, Virgo clemens; kale-lagunari, Virgo fidelis. Pedro Viñas sendalaria eztakigu zetan zan irugarren onen antzekoa.
2
Aspaldikoa da Ibaizabalen bazterreko uri zaratatsuan bizi zan La Concordia Cívica. Ezizen-zale dira bilbotarrak eta beingo baten ezarri eutsen Concordia oni, batasun osoa eukalako edo, irri-izentxo au: El Rácimo, euskeraz Mordoa. Tomas Torrealdea, bere sorbaldan legegizonen soinekoa ikusi ebaneko, zerbait izan nairik Mordoaren inguruan ebilen, urruntxotik lenengotan, urtxoago gero, argi-inguruan eltxo ta sits ta txiribiriak ibili doazan antzera. Bertako ogipeko baten adiskide egin zan onetarako. Beronen bidez laster lortu eban Tomasek biotzak uda guztian egunoro ta orduoro eskatzen eutsana: Mungia-aldeko aldungei izatea. Concordiakoak onetarako dei egin eutsenean, bere azpi-yokoa zurikatzearren, ogeta lau orduko epea eskatu eban erantzuteko. Osaba Isastiren baimena bear ebala ta egoki izango zala euren baltzura osabeari ots egitea. Auxe izan zan Morroskoren erantzuna.
—Garatzen bat alda (Algun negosio o así será) —zinoan don Anbrusek arako deia izan ebanean.
—Isasti yauna, zu Cuban Voluntario de la Libertad izan eizara.
—Ni ez; ni Puertorricon salerosle berrogetaz urtetan.
—Baiña andik etorrita Palaciego de la Libertad zara.
Don Anbrusek ezekian zer erantzun.
—Gure El Sition sartuta ezalzagoz?
—Ori bai.
—Bada El Sitio-ko izar argitsu zaran ori, izan zaitez aurrerantzean Patriarca de la Libertad. Gure baltzu onetantxe euki nai zendukeguz.
Ezpanen ordez begiak eukazan don Anbrusek «Bai pozik» erantzuten.
—Gure Mordo au sortu zanetik zarrena izan oi dogu beti maipuruko. Zeuri dagotzu, Isasti, duintasun au. Aurrerantzean zeu yarriko zara guztion aurrean.
Pozez ordirik, aren baten, eldu zan don Anbrus arreba ta loben etsera. Gau atan Tomas Torrealdea Isasti, (e) edo ezizenez Morrosko, txakur-amesetan Diputado a Cortes, Senador ta Ministro egin eben. Yardun ederrak ugari egin ebazan. Erreginak Donostiatik Bilbora ta Bilbotik Donostiara, almirante yantzita, sarri erabili eban; eta bere alaba Infanta bategaz ia ezkontzeko egoala, loak buru nekatua gozaro eskuetan artu eutsan.
Biaramonean Tetek osabeari eun izen-txartel urrebitsezko ertz ta guztikoak eroatsazan. Auxe zan euretan irakurten zana:
Ambrosio de Isasti Inchaurtiaga
Presidente del Comité Liberal
Bilbao
Ordurarte egunik geienetan Plentziako seme zirol baten dendara yoan oi zan don Anbrus.
Lobak beingoan zuritu eben etxakala eder egiten bera lango maipuruko yaun bati alango zoko-bazterretan burua sartzea.
Gauoro yoaten zan baltzura edo beintzat batzokira ta andik, bere bizitokira baino lenago, loben etsera, baltzuko barriak azaltzera. El Eco de Vizcaya-n «Isasti el ilustre hombre público, gloria de las Antillas», Bilboko Comite liberal-en bere sarigei andiz burutzat autatu ebela agertu zanean, Tete Corrida estudiantil irakurrita baino bere pozago ebilen. «Txutxu dagiela —zinoan—, txutxu dagiela Josefina Ansorenak-eta; txutxu bekaitzez, andiago bat ikusi ezinez».
Laugarren gauean, orregaitino, don Anbrusek isil, muturtsu ta aserrakor bere etsera-bidea artez, beste inon gelditu bagarik, artu eban. Eta lenagoko izen-txartel bat, Ambrosio Isasti-dun bat, eskuan arturik, Comité-ko lagunai bere maipurukuntzea euren eskuetan itxi eutsen. Zegaitik etezan? Morroskok urrengo bazkalondoan El Sitio-n bere adiskide Mordopekoarengandik yazoriko guztiaren barri izan eban, eta astirik galdu baga, arrapaladan osabeagana yo eban.
—Yareipena, dimisinoa?
—Bai, ta iri zer?
—Niri zer? Niri zer daustan? Baldaki berorrek orrelango comité baten maipuruko izatea zer dan? Biar-etzietan nai Bilboko alkate, nai Diputado a Cortes, nai Senadore, eta Conde de Berinoleaga izateko beste ainbeste mailla. Eztaki, osaba, eztaki berorrek zer egin daben.
—Eztakidala! Ze izen dau baltzutxo orrek Bilbon? El Rásimo? El Rásimo?
—Lenengo ta bein ezpegi esan, osaba, El Rásimo, El Racimo baino, a baino i asko luzeago ta gogorrago.
—Euk neuri irakatsiko daustak! Legegixonen txitxili-patxala orrekaz ez etorri nigana. Emen masmordoari erderaz beti El Rásimo esan izan dautsagu. Ezpadakik, ikasi. («No vengas ande mí con chichili-pachalas de abogaditos. Aqui al masmordo siempre le hemos llamao en castellano El Rásimo. Si no sabes, aprender». Onetxek izan ziran bere itzak, bere eleak).
—Zer dala-ta agertu dau yareipen ori?
—Puertorrikon berrogei urte anditan, jauntxo orrei sabela ta sakela beteteko lanean ekin dodala uste aldok? Zein baltzutan ikusi dok ik norbait buru egin, maipuruan ezarri ta urtean onenbesteko bat berari ez emoten? Or barriz buru egin naioek eta saritzat lotsabakotzarrok!! neure lanen saritzat bost milla ogerleko eskatu daustezak, agoa beteko bost milla ogerleko. Dirua gura badoek, doazala Puertorricora irabaztera. Caramelo! El Rásimo! Arrrrrranpalásimo dok baltzu ori.
—Baiña diru ori eurentzat alda? Eurak ezaldabe ezer emoten?
—Bosna milla emongo doela yinosten. Esan bai. Nok emon?
Burubakoa nokala uste aldok? Dirua emon! Astoak aldozak, dirua olan emoteko?
—Berori ezta inoiz onelako arazoetan sartu ta... Ezta sartuko be.
—Eta eztaki aukeregunetan eskuartea bear izaten dala? Ganera diru on ezta uretara yaurtigiten. Galgaraua lurrean lez, erein egiten da aukeraldian, bost emon dabezanak ogei nai ogetamar batzeko. Jauntxo bat meadun egiten da, euren izenakaz eun aitatuko neuskioz; eta, politikan sartuta eztagozan mea-yaubeak lo datzazan artean, aurrera doa ereilea bere garatzetan, batu ta gorde, gorde ta batu.
—Txitxili-patxalak dira orrek.
—Bene-benetan diñot. Don Anbrusen txitxili-patxalak eztakit zer diran. Itz polit zoli au eztot inoiz ez liburutan ikusi, ez gizoni entzun. Puertorricokoa eteda?
Morroskok, osaba zikotza ezin zuritu ebala ikusirik, sutan arpegia ebala, etsera bidea artu eban; eta arreba zarrenari banazean dei eginda «Zeu zara, Tete —esan eutsan—, zeu zara gurean osaba kokolo orren kutun; ta zuk ezin dagikezuna eztau inok lortu al izango. Osaba orrek yareipena bidali dau Concordiara. Erdu arren! erdu berori zuritzera».
—Zer? Gaur goiz guztian ta atzo goiz ta arrats batak «Ordu onean», besteak «Urte askotan», besteak «Pozkide nozue» atsegina atseginaren ganean artuta, orain au! Alkarregaz yoango gara. Zuk iñori ez esan yareipen onezazko ezer, lotsatu ezkaitezen. Astoak bolura gari ta urun-lorrean ibilteko bai, bestetarako eztira.
|