|
IV. Mungiako kartagoarrak
1. Lenengo batzarra.
2. Erromarrak estu.
1
Lenagoko Kartago ta gure egunetako au eztira izen utsez alkarren antzekoak. Antxinakoari bere salerosle ta azokariak emon eutsen eukan ospe andia. Etzan izan, Erroma zanez, yakitunez entzutetsua. Mungiako kartagoarren artean iru ziran liburu ta yakituria-zaleak: Arangoiti legegizona, Ortiz de Treviño eskola-maisua ta Busturi, Berinolean kutxazain egoan Jose Andres Urizar, seminarioan luzaro egondakoa. Beste guztiak irakurte gitxiko, yakituria bagako, antxinakoen ondorengoak ziran. Gozogin zan Olabe, Kartagoren yaubea; zalkurdidun Laraudo; Andraka aita-semeak, okin bata ta bestea; arakin Arandui; ardao ta edari-saltzaile, Belaunde; ostatari ta begi oneko azokari ta estankodun, Lamiaran; Simon Gangoitik abarka ta partan, lapiko ta aspil, buztarri ta ede, katai, agun, aza-landara ta porru-azi ta lugintzarako bear diran tresna ta tramankuluak ugari saldu oi ebazan. Onen aurretiko kartagoarrak Sizilia ta Baleares, Inglaterra ta Zerdeña, Espainia ta Ejipto-aldea salgeiz ornidu eroezanez, Olabek eta Laraudok eta Andrakak eta lagunak, Mungia erdiune ebela, Bakiora ta Meñakara, Arrietara ta Emerandora, Fika, Gatika ta Morgara, Derio, Zamudio ta Lezamara, alde batetik ia Bilbora, beste aldetik Gernikaratsu, bestetik Bermeoragino aren baten zabaltzen ebezan euren salgeiak. Floren Andrakak (Andraka gazteak) maisuagaz erderaz ziarduala, bein baino geiagotan arrosko esan eutsan eurak, kartagoarrak, Mungiako Las fuersas bibas zirala. Erromarrak legez onek bere euron artean urezandiko bat, indianu bat, euken: Gondramendi; Yatabeko Mauri baizen isila au. A esku-zabala, au estu-estu, zikotz, dirurik sakeletik ateraten inok inoiz ikusten ezebana. Kartagoarra zan ganera ta ez etzerena Labarto geltokizaina.
Beronen izena Julian Berezieta ezalekien ogei lagunek Mungia ta bere uri-auzoetan.
Santi Latsibik Bilbotik ekarren barria yakin ta lasterko txotoa kakoan ezegirik itxita, txapela buruan ebala, zidorrik zidor inok ikusi ezegian, kale ostetik Kartagoratu zan. Olaberen emazte Basili mandatari zala, ordu lauren baten barruan kartagoar agirienok an ziran. Aren poza, aren atsegina, Arangoiti zaldun legegizona, Busturi olaria lagun ebala, agertu ekionean! Guztiak zutundu ziran eurak sartzen ikusita.
—Zer da, gizonak? Barri andiren bat edo?
—Baaldaki berorrek Morrosko nor dan? —itandu eutsan Laraudok Arangoitiri.
—Nik ez arean.
—Don Anbrus Isastiren loba, mutil gazte eder bat. Eztakit zelan deritxon.
—Eta nor dogu don Anbrus Isasti?
Kartagon etzan apurtxo baten euli-soñua baiño beste otsik entzun. Arangoiti bizi, urduri ta aserrakor zan. Lotsa andia eutsen. Inok ezeukan beragaz barrukotasunik eta etzan battxo bere aren itaunari erantzuten azartu.
—Intxaurtiaga Puerto Riko-ko negreruaren loba kirten ori, nor da guri, baserritar gizagaixo mozkortu baten bidez, «Orra or neure loba Morrosko» esanda, emengo seme ta etsagun ta beti-betiko liberal garanoi diputazinora bidean inok nor dan eztakian bat, papuak baiño beste agergarri bagako ori ezarteko? Nor dozue, gizonok, don Anbrus ori?
Isiltasun luze baten urren Andraka zarrak apal-apalik esan eban:
—Bat edo bat bear genduan da...
—Bat edo bat bear? Mungiarrak bazaree, eztozue uste gure uri maite onen bear-orduetan Jose Andres Bekosolo mungiarrak, erromarra izan arren, nor dan eztakigun mutil batek baino obeto ezkauzala sorotsiko, eztauskula bear doguna eskuratuko? Gizonak, ni orain lau urte enenduzuen aintzat artu nire osabaren batek esan eutsuelako, mungiar ona, beintzat erri-maitea naizalako baino. Berrogei etsaguntza daukadaz inguru onetan. Maister guztiak esku ganean ekarten dauste urtero urtero etsesaria. Eztauste besterik ezertxo zor. Euren botoen yaube eurak dira. Nik eneutsan orain lau urte, guztiok dakizue, eneutsan nik maister bati bere botorik eskatu. Geienak, orregaitino, emon eusten. Batzuk, karlista zintzoak izan-eta Bekosolo-ren alde yoan ekidazan. Ondo egin eben. Orrelango arazoetan bakoitzak bere barrua, bere kontzientzia dau ugazaba. Besterik ezer etedaukazue niri esateko?
Areen naiera, areen atsakabea Arangoiti zaldun legegizona, Busturi olaria lagun ebala, ilundu ta itsutu ekioenean!
2
Erroma, bitartean, ezegoan lo. Anton Imaz arratsalderik geienetan egoten zan Mungiako geltokian Bilbotik nor etorren yakin-gurarik. Santi Latsibi orgatik yasten ikusi ebanean beragana urreratu zan sakristau barrizalea. Labarto geltokizainak ezeutsan txanteltegian sartzen itxi. Inguruan ebilen sakristaua agura birloratu zigarro ederduna noiz urtengo. Au esamesaka Busturiren etsealdera, Berinoleara, yoaten asi zaneko, Anton Imazek ezeban neke andirik izan agureari ekizan guztiak erasoteko; eta txairo ta lerden ta bizkor bere batzokira yoan zan, Erromara; andik beingo baten Begirenera. Ordu-lauren barru baltzuko guztiak, Anton Imazek dei eginda, Erromaraturik egozan. Begi izan zan, oi ebanez, barritsuena. Anton Imazek Yatabeko alkate lengoagandik entzuniko itzak, bazkide bakoitzari esanda eukazanak, barriri bere belarriratu eutsezanean, Begik «Morrosko —zinoan—, orain lau urte Arangoiti azpiratu genduanok Morrosko? Gura dozue tema egin guztiontzako apari eder bat Bekosolo gureak Morroskok baiño iru bidar boto geiago izan baietz?».
—Dirurik emotea ezpalitz, bai. Zuri aiztu jatzu, Donato, Morroskoren osabari diru-atsa dariola.
—Atsa bai, dirurik ez, Larrinoa.
—Isastik sakela bete betea daukala eztau ukatuko.
—Sakela! Gizona dan gizonak, yateko ta berba egiteko ta gizartean lotsa bagarik agertu gura badau, aginak bear dozak; eta zikozkeriz, esku eutsiz, Isastikeriz agoa aginez ornidu gura eztaben arlotetzar orrek, uste dozu, Larrinoa, botoak erosteko bero orren sakel bete orretan eskua sartuko dabela?
—Don Anbrusek...
—Aginbako esaizu, aginbako da-ta.
—Aginbakok etsaguntzak daukaz Yataben.
—Arangoitik askozaz geiago daukaz ta eukazan eta au gorabeera orain lau urte guk zaputzeti oratuta...
—Berinolea berea dau.
—Berinolean bai, ogeta amarreti berrogeta bat boto izan leikez, Busturik biotzaren taupadak entzun da zerbait egin ezik. Zer dira baia berrogei?
—Geltokian bera, Aginbako, da aginduten dabena.
—Geltokian Labarto ta beste iru dagoz botodunik. Nik barriz lau boto edozein auzotan itsu-itsuka ibilita batuko neukez. Orrek gu azpiratu? Onako geu? Gomuta dozu, orain lau une meñakarrak, sasimaisua aurreti ebela, Mungiara iluntze baten etorrita, emengo balzkumeok eurakaz mordotuaz, deadar onezaz gortu-aginik zelan euki genduezan?
Bekosolo bekoroztu,
Arangoiti beti goiti;
Gora geu ta geutarrak
zangar, bakar, azkarrak.
Ta ekin beti ta ekin beti, rak, rak, rak, erromarron azur-mazurrak zerraketan ziarduela esan zeikean. Ez al dozue gomuta? Zuk orduan «Galduak gara, izan» esaten zeuskun, Larrinoa. Anton Imaz eztarria, eztul egiteko bere, indarga eukala egoan. Don Biribil eztot orduxerarte inoiz zurbil ta larri ikusi. Guztiok zengozen oilotuta. Neu nintzan, Txorierriko gizon itsusien au, neu nintzan garailari-ustedun bakarra. Ta yo kontuak eta Erromak Kartago baltza birrindu, austu, bekoroztu egin eban.
—Baia orduan dirurik etzan. Gaur barriz-i...
—Eta zer?
—Ai dirua! Eztira oraindino urte ta erdi bilbotar eukitsu bik, Madriden aldun izateko, emen auzka egin dabena. Gizonak erosten asi-orduko, asikintzat, aste bete aurrerago, Gandiagak bosna ogerleko autesle bakotxari emon eutsen «Eutsi» esanda, elezino egunean goia libre izateko. Bere naikide ta aurkari Alonsotegi beste ainbeste egiten asi zan. Eta, entzun au ondo! Iru egun aurrerago, eguen baten, arloari bertan bera itxita, dinoenez, bigarren onek irurogei mila ogerleko eralgi ebazan. Irurogei mila ogerleko! Diruak dira.
—Eta zer?
—Irurogei mila ogerleko gure ganera badakarrez...
—Irurogei mila ogerleko gure ganera badakarrez, dakarrezanak zubian beera Okara yaurtigiko doguz (Barre-zantzoka guztiak). Eta orduan Anton Imaz ta neu ta guztiok arrantzale geure buruok eginda, blaust! ibaira «Ona emen nik aingira bat»: Ferdinandus dei gratia, amaseiko gorri ederra. «Ona nik arrankari zuri ederra»: mila pesetako paper egin-barria. Erri guztia aberastu ta «Gora Bekosolo».
Begiren burutasun sutsu onek entzunda Anton Imaz baritonoaren zantzoak Gatikatik entzun egikezan.
—Irurogei milla ogerleko nok ekarri? Gandiagak eta Alonsotegik bigarrerez ez beintzat, ez bestek be. Orduko sutan erreta dagozak eurak eta beste asko.
—Baiña yazo leiteke, gizona. Bada-ezpada ezkaizan, Donato, lo etzan. Lan egin dagigun.
—Ori bai, Larrinoa. Gaur Laukarizen ama izateko bat ikustera deituko nabe ta ango gizonak etxagun ta maister, biarko eguzkiak argi egin-orduko, lenago lez geuretuko doguz. Sacristan de Gatika, Heroe de Arcachon, gaur geurean apalduta alkarregaz yoango gozak gero Laukariza.
Erromar ta kartagoar guztiak ezeben Mungian gau atan zurruka ta beingo beingoan lo egin al izan.
|
|