|
III. Erromarrak Mungian
1. Antxinako ta Mungiako Erroma ta Kartago.
2. Gudalburu ta gudari agirienak.
1
Italiako Erroma ta Afrikako Kartago noiz sortuak izan ziran liburu askotan irakurri dagikegu. Mungiakoen yatorria ezta ezetariko paperetan orainarte agertu. Arek urtez goibe andikoak ziran, Afrikako uria Italiakoa baiño zaarrago. Mungiako onek adinide dira, urte batekoak, geure egun onetako aukeraldi baten yaioak. Arek ur-ondoan izan eben euren seaska ospetsua: Tiber-bazterrean batak, Mediterraneo-zoko baten besteak. Mungiakoen seaska biak ez euri tantak ez iruntzek ez ibaiurek eztauz inoiz busti. Arek, euren entzutea edonon zabal izanarren, izenik ezeben erakusten; kale ta une ta yauregi askorena bai: Appius-kalea, Trajanoren zabala, Auzitegia, Agriparen zelaia, Ponpeyoren baratzak... eta abar. Uriaren izena etzan baia agiri. Mungiako Erromak eta Kartagok bardin bardin egin eben euren izenakaz, agertu ez; eta domugarri bada be, beste baten azpian ostendu. Farmacia de Larrinoa irakurten da Erromaren ordez; Kartago irakurri bear litzakearen tokian, Confitería de Olabe. Gertaera onek (orain yakinarazoetakook) baiño lau urte lenagoko aldunen aukeraldian Mungiak ordurarte inoiz ez lango esetsi izugarri bat ezagutu eban. Bekosolo (Bilbon Santi Latsibigaz ezagutu dogun Jose Andres) zan alderdi bateko aldungeia; beste alderdikoa, Arangoiti. Bata ta bestea yaiotzaz ta yatorriz mungiar utsak, urenak, benetako andikiak; gizon masal zeatzak, erri-maiteak, dabenari dabena emotekoak, burutsu, eskuzabal ta biotz andikoak; bata ta bestea etsezulo, liburu-zale, artu emon gitxiko ostu-samarrak, edozetan alkarren antzekoak, politikaz bakar-bakarrik banaak eta banatuak. Bekosolo zuria, erdi karlista erdi integrista zala, Arangoiti baltza, liberala zan.
Antxinako erromar ta kartagoarren guduak iru izan ziran, batak zein besteak une asko iraun eben eta ezeben amairik izan euretan legorrez ta itxasoz il ta itoriko gizonak. Mungiako Punikaldi onek bi izan dira, bi soil-soilik: lenengoa ilebete ta erdikoa; bigarrena lau bat asteko iraupenduna. Lenengo apatxaldi edo burruka atan etzan inor il ez ito; odolik, (edaniko ardao guztia izerditan lurrundu etxakelako edo) odolik len baino ugariago euken azkenean gudariak; garondoa mamintsu ta gorriago, matrailertzak bete eta osasun-irudikoago. Antxinako gudu aretan ospe andia izan eben erromarren gudalburu Szipionek eta kartagoarren Anibalek. Oraingo bigarren onetarako, sendalan bi izan dira gudalburutzat artuak: Begi ta Epiko, euron izenez Donato Arraitz Sagasti ta Pedro Viñas y Andrés. Emendik bi milla bat urtera izango etedabe onek Anibalek eta Szipionek orain daben entzutea? Etorkizunaren barri eztakigu. Anibal nai Szipionen gudamutilak ezpataz, igunez, geziz, abailez egin ebezan euren atomada ta esetsiak, euren alkar yote ta saki ta zauritze ta ilteak. Mungiako erromar ta kartagoarrak, alkarri atoma ta esesteko, eztabe inoiz ez ezpatarik, ez igunik, ez gezirik, ez azkonik ez abailik eskuratu. Onen iskilo bakarrak mina ta begiak izan dira, begiak batez bere. Kale nagosiko ezker nai eskumako espaloian bata gorantz, berantz bestea doazala, alderdi banatako bik topo egin bear dabenean, alkarri agur ez egiteko, bata ezpada bestea, sakeletik zigarrotxo bat aterata papera aldatzen geldituaz, eskuetara begira egongo da, arerioa igaroarte. Antxinako gudularien antzik iskiloetan ezpadauke, aserreari emoten dautsen edapenean gitxiago. Ordukoak, nai Anibal bere gizonakaz Erroma-aldera yoala, nai Szipion bereakaz Kartagorantz etorrela, euren gudariak non nai, alkar ezagutu ezkero beintzat, otsoak otsoari lez, nai itxasoz nai legorrez, bai mendi bai zelaietan, edonon alkar berotzen eben. Aren ondorengo gudulari onek, ostera, Mungian bertan bai, otso ta otso dira; baina andik lau-bost orduko bidean alkar aurkitu ezkero bildots ta bildots, adiskide-usainean itz egiteko gertu egoten jakuz. Eztabe, orregaitino, onelango autuetan ez botorik ez diputaukuntzarik aitatuko. Euron aserre ta ikusiezin ta iguin ta kurruka ta bekaitz ta gorrotoaren gar guztia urirako gorde daroe; ta, elizan izanarren, etxake ez oztu ez epeltzen. Meza-bitartean Bekosolotarrak (erromarrak) epistolaldean asko batuta egozanean, alde atan kartagoarrik baegoan, karramarroak legez atzekera nai albo-alboka ibilita bere, Ebangelio aldera laster yoango zan, bere iskiloide edo armalagunakaz mordo bat egitera.
2
Santi Latsibik Bilbotik barri, arako beretzat ain pozgarri zan barria ekarriarte, inok ezekian Mungian kartagoarren aldungei nor izango zan. Gudalburuaren izena gerotxoago zabaldu eben. Gudalburuak aitatu doguzanezkero, alderdi bateko ta besteko gizon agirienak erakutsi daiguzan orain. Begik, erromarren buru Begik, lagun urko ta lankide andientzat Anton Imaz Gatikako sakristau-orgaunlaria dauko. Mungian Begirenean eta Erroman sartu-urten bat egin bagako egunik etxako oni igaroko. Bekosolo gitxitan ikusten dabe erromarrak euren batzokian, aukera-egunetan bein bere ez. Yatabeko indianua, gizon isila, gorabera baakoa, basetsean bizi izanarren un andietako bizargin bat baizen garbi ta txukun Mungian egunero agertzen zan. Lagun-artean Yatabe, beste izenik ezeukan. Alderen batzuen ezpanetan Mauri zan. Gatikako parroku don Blas Mendiola, gizon potzoloa zalako, Begik don Biribil izentatzen ebana, arratsalderik geienetan agertuko zan batzartegian. Larrinoa botikario ta batzoki-yaubea erromar sutsu zan. Beronen koñatu Zabaleta eskribaua, batzarkide zintzoa au bere. Noizean bein Zenon Aspe Bilbon azokari luzaro izandakoa ta Azkarreta eritxon kapellau gazte bat bere agertu oi ziran besteen artean.
Aukeraldia igaro ta zer esan andirik ezeukenean tresilloan yokatzen eben. Yokalariak egunik geienetan Begi ta Larrinoa (Zabaleta bere anaitzakoa ezegoanean) alde batetik, bestetik Yatabe ta don Blas izaten ziran. Anton imaz yokalaririk yokalari ibilten zan, Begiren bildurrez beti isilik. Sendailu bila etozanak Larrinoari aurreko aldera dei egiten eutsenetan, Begik Madrid ta Milanen yazoriko zerbait erasoten eutsan. Yatabek ez, beste edozein bazkidek zipladaren bat yaurtigi oi eutsan Gatikako sakristauari. Sarrien ogetik yagierako esakera auxe aitatu oi eutsan:
Anton Imaz ta Ezkurdi,
natural de Mendata:
gora gorputz baldar ori,
yagi-ordua da-ta.
—Ta ori esan bagarik ezin yagi, Anton Imaz?
—Beti eztot esaten; nagi naizanean.
Urtean iru-lau bidar arrotzik euren Erroman agertzen zanetan, Anton Imazi bere bizikerea esan eragiten eutsen.
—Ni, yauna —zirautsan berak arrotzari—, ni, baaldaki berorrek Mendata non dagoan? Gernikati Oiz-aldean iru bat ordu laureneko bidean datza Mendata; bada ni angoxe semea naiz. Osaba abadeagaz amazortzi urterarte bizi izan nintzan. Latina irakatsi gura izan eustan. Nik barriz atarako burua gogortxo ta Gernikara egunaro yoaten nintzan organisteru zarragana do-mi-do-mi-sol-do ta pianua ikastera. Boza, ez neuk esatearren baia, nai umetan nai mutiletan ederra neukan, oraintxe langoxea. Bein angoxe sendalari batek (musiku andia zan bera ta Yainkoak zeruan euki dagiala) «Anton Imaz esan eustan, (niri Anton soil-soilik eztauste inoiz esaneta) Anton Imaz, iges egin len bai len mendi onen artetik, yoan adi goietara. Ire boz orrezaz mendia langoxe urre piloa egingo naieukek eta txalotan batuko naieukek, txalotan». Jesus! Ta nor lanean, nor bideak egiten asiko? ta bera, Gernikako sendalari musikua. Diputazinoagandik beka bat lortu eustan. Beka zer dan badaki e? Doadoarik ikasteak egitea. Madridera yoan nintzan orretarako. An une bete ta beste bete Milanen igarota Bilbora ni, diputazinoan boz au entzun bear eustela ta eginiko aurrerazpideak aztertu bere bai ta orretarako, dinodana, Bilbora etorri eragin eusten. Or nengoala, Gatikako alaba bat ezagutu neban, etse andi baten otsein egoana. Ez neuk esatearren baia neskatila ederragorik eta onagorik! Aingerua izateko, egoak, ezeban besterik bear. Beragaz ezkondu nintzan. Eztegu-ondoan Madridera gu, baia zer? Emazteak an bizi gura ez; Milanera, Italiako Milanera tu, tu, tu, tu, tu, tu! ezta entzun bere. Bagatoz ostera Bilbora ta gizona, orti-emendi, ziri emen ta zara an, zikirri-makarra tipili plaust, Bilboko eliza baten Bajo de Capilla ta organista ajunto egin nenduen. Ni, ez neuk esatearren baia, onkote bat izan naiz txiki-txikitati, malizial bakoa beti; ta azpiti azpiti azpiti lan eginda neugaz orfeoian ibilten zan batek, gizona, plaza bagarik itxi nenduan. Nik baino yoten obeto ekiala ta au zala ta ori zala, Anton Imaz gizagaixoa kalean gelditu zan, kale gogorraren ganean. Eskerrak aurrean daukadan Donato Arraitz-i, beronek entzun gura ezpadau bere, don Donato Arraitz Sagastiri eskerrak Gatikan, neure emaztearen basauritxo orretan, emendi ordu-erdi labur datzan basauri polita, neuretzako lagin leku egin eusten. Sacristan, cantor, organista egin nenduen.
—Eta campanero non izten dok?
—Ondoen bizi bear genduanean, emazte aingeruak zerura iges egin eustan, ume gaztetxo bi itxita.
—Esaik, bada, Burdeoskoa.
—Berorrek —esaten eutsan Anton Imazek arrotzari— Orfeón Bilbaino-ren entzutea baaldauko, nok ez? Angoxea naiz ni oraintxe be. Uriz kanporako diranean, nai Bartzelonara nai Iruñara dala, edonora, eurakaz eroaten nabe. Igazlenean Burdeos-en, Sertamen de Orfeones, au zer dan badaki e?, Sertamen andi bat izan zan eta niri «Anton Imaz, tira geugaz» eta ni, txapel gorria yantzita «Aurrera mutilak». Zaparradea atera genduan gero guk an. Ikaratu, konkortu, zer esan ezekiela gelditu ziran prantzes guztiak guri entzunda. Ango orfeonistak gure ondoan monja batzun zaratatxoa ataraten dabe. Maisuak batean Muchachos, sangre, bestean Arlotes, aquí pegar esaten euskunean, goiburua beera yausiko ekigula uste neban. Teatru guztia txaloka irakiten legez egoan guk geure La flauta encantada amaitu genduanean.
—Zelan dok ori bada?
—Lalalalalala lalarala lalalalalala... Gauzearen ederra! Sé dibin Muxu esan euskun prantzes garri-bigun batek. Lenengo saria geuretzat izan zan. Beste orfeoiak urrik bere ezeuskuen emon, urrik bere ez gero.
—Arkatxongoa esaik orain.
—Ostra-tokia da Arkatxon. Burdeostik ara burdinbidez Bilbotik Ermura beste, or or. Ostrada bat egin bear genduala ta araxe gu.
—Euk bakar-bakarrik berreun yan euazala entzutea daukaat nik.
—Asko zirana badakit beintzat. Umetan kerizak lez arnasea gorantz ufffff artuta, barro! onelantxe yaten genduzan.
—Eta zelan dok arako Alto la, Hugonotes-en zati, ik diputazinoari entzun eragin eutsaana?
Gatikako elizaina, batez bere Begik zirikatuezkero beingo baten asten zan oiuka, asierako vocal guztiai y aurretik ezarrita:
Yalto la: rumor di passi io sento.
Nell'ombra io non discerno
se molti sono, e armati.
Voi, che di notte andate,
che mai volete qui?
Amaika Yalto la Anton Imazen bular-eztarri sendotik entzun dabe Mungia-inguruko elizetxeak, elizkari egunetako bazkari luze amaibako oparo bitartean!
|
|