I. Latsibi latsibitarrentzat
1. Santi Latsibi bidez.
2. Sondikan eta Artxandan.
3. Bilbon.
1
Nagitasun bage, egunsentiko argitasun zurbilla leioko inzirrituetan barrura sartu zaneko, yagi zan ogetik Santi Latsibi, Bilbora goizerdian eltzeko arduraz. Lenen otu ekiozan gogamenak ezagunean argitu eutsen burua. «Zabalduten asi dan egun au gautu orduko, Latsibi latsibitarrena izango joagu» ziñoan bere barrurako.
Bere erran maratzak atonduriko soiñeko, urtez zaar, irudiz barri barriak, ogazurean esegita itxirik, kortara yatsi zan Santi, murrusaka ziarduen abereakana. 1890 garren urteko garagarrillaren irugarren egunsentia zan Latsibiko abelgorriak kortan eta abelzaiña goian iratzarri ebazana.
—Erko, bedarra gura euke? Ogeti beera egin dodan zapartada entzun aldok? Ator, ba, orra beera, lats-ondoko motara.
Ator i be, Naparra. Apala, logura? Ezalaiz lotsa, gazteena eu aizala, logura izaten? Gorri, non don ik txala? Txordo, lanerako atzerago izaten aiz i auznar egiteko baiño. Aupa seirok! neugaz batera, eguraldia be ona dakar da.
Morroilloak Santiren eskuz klak-klak eta solo-aldeko aterdiak irrintza ta kurrink egin eben ta an yoan Santi, abereak lagun ebazala, lats-ondoko motara.
Etedago, atzetik begiratuezkero, itxusia eztan basetserik? Latsibik, orregaitiño, aurretlk baizen ikusgarri zirudian motax ganetik, Santiren begiz ikusita. Luzaro ta zurt egon zan abelzaiña, besoak auma ebazala, bere yaiotetseari adi. Mutilkotxotan ikasgura sartu baiño be lenago, aitaitari ate atatixek berak lagun egiten eutsan, zidor atantxe zear, baratzera bertara, idi ta idisko, bei ta bigantxa ataraten.
Etsagun zan aitaita, Latsibiren yaubea, Latsibiko jauna; etsagun aita; bera, Santi, yaubegei yaio zan ta yaubegei, oiñordeko, azi ta kozkortu. Ezkonduteko egoala, amaren aldeko aide batek molokot egieran, ondatu ekioezan euren ondasun guztiak; eta zorrai arpegi emoteko, yaiotetsea Simon Intxaurtiagari, Aginbakoren osaba indianuari, saldu eutsen. Etsera ta etseari begira ta aita zana irudimenez ikusten egoanartean, gurasoak iltamuan esandako itz onek gogoratu ekiozan: «Santi, esku utsean, etse bagarik naioak lurpera, neure aitaren azur-artera. Alegin osoa egik, seme, baztar onek izerdiz bigundu ta ekarkor biurtzeko. Zortzi milla dukat garbi-garbi pillotu dagiazan egunean ager adi Simonen oiñordekoakgana ta esan egioek: "Zortzi milla dukatean saldu eutsuen nire aitak Latsibi barriro erosi al izatekotan. Ona emen zortzi milla dukatak. Bere izenean indazue, arren bai arren, geure etse au ta Jaungoikoak zori oneko egin zagiezala, gaurrarte zutunik euki dozuelako". Seme, etsagun iltea yaurri badagik, Yatabeko ilerri-lurrari biguna eritxiko dautsek ire azurrak, nireak eritxiko dautsen baiño bigunagoa».
Bat-batera, gogamen onek etenda, txapela erantzi eban Santik. Mungiako txirrinean laurak yota ango elizaiña daun-daun asi zan argi txilinari ots eragiten; ta bere durundiak, alboerritxoetako txilin loak artuak iratzarririk, Laukarizen ta Gatikan ta Yataben daun-daun txirrinzaiñak ots egin eben. Otoitz labur bat egindakoan, kortako atean barruna gelara yoan zan Santi, bere burua Bilborako arkolatera.
Mailletan gora yoala, erranak suetetik «Aita esan eutsan alperrekoa izango dogu. Bada-ezpada, orregaitiño, libreta eroan gero».
—Bai, Likanora, au bagarik ezkozan ezer-da.
—Oge-adarretik beera esegita dagoz yaieguneko yazkinak. Entzuuuuuun?
—Baita.
Apain-apaiñik yantzita suetera yatsi zariean mai oboki apal-apaltxo baten ganean eukan Santik erranak gerturiko ezne-zukua, ori-oria, artozatiz ondo ornidua, lurruna eriola. Zapi nabar baten barruan zerbait ekarrela ikusirik, arri ta zur eginda, begiak urtenurten ebazala, «Aita —esan eban emakumeak—, or aldaroa, or, libreta? Eta galduezkero?».
—Ez, Likanora. Emen oiñetakoak daroanadaz, Bilbon sarreran abarkak aldatuteko. Bestea kolkoan doa.
—Ortxe eroango dau gosaria be.
—Ze gosari ta gosalondo?
—Bai, aita, bideak gosetu eragiten dau ta. Berori, barriz, badakit nik nor dan; ardantegi baten burua ikusi baiño lenago gosez ibilliko litzate.
Itzok ezpanetatik eriozanartean, untzedun oiñetako lodi-ondoan gosari alazoko bat, bidaria, sartu eban etseko andreak. Gerotxoago Santi, txapela azal-azaltxorik buruan ta ezkerreko sorbaldan zarta batetik dingilizka axea artuta, soloan zirimara ziarduan semeari «Aup, gauerarte» esanaz, Likanora bide zidorreragiño lagun ebala, bizkor asi zan ibilten. Alkarri azken-agurra egin eta gero, urruntxotik erranak, irribarrea ezpanetan erakutsita, ziñoan: «Manukori agur egin bagarik doa berau».
—Yoan nona, Likanora, agur egitera; baia angeruak zeruan lez lo yegonan ta...
—Zeruan lo egiten alda?
Ezekiala adiarazoteko, sorbaldako zarta ta zamaskoari goraldi bat eragin eutsen eta atzera begiratu be egin bagarik alde egin eban agura bizkorrak.
2
Gatikako elizaldera yo eban Santi Latsibik lenengo. Andik, Lauroeta deritxon auzotegia atzean itxita, beingo baten Sondikara eldu zan.
Sondikan, elizondoko soloetan aurkitu ebazan lugiñai «Bein edo bein geurea geuretu bear gaienduan» esateko ari-arian egon zan. Ostera, esakeratxo ori iluntzerako itxita «Aro ona e?» zirautsen.
—Ona dago. Orregaitiño, lanerako baiño dotore yantzita biderik-bidarte ibilteko obea.
—Geure aldiak be eldu bear eban.
—Nora zoaz zeu, Santi? Bilbora edo?
—Arako bidea daroat, Bilbo orrek niretzako lagin leku izango aldau-ta.
—Alkate zarenok diputaziñora be yoan bearra izaten dozue ta ibilli beti.
—Ona zagoz, Berreteaga! Zu be bizi zara! Ez naiz alkate aspaldion be. Semea dogu ango nagosi, Pazkoetatik onakoan. Badakizu, gaur eguneko alkatekuntzan, baserritxoetan be, yakituria bear eidata nire semea nire aldean argia dala, Antonek eta aurpegira ezeusten bau esan?
—Entzutea badau, onetan bee.
—Ezeieban berak ezetara gura (egia esateko, neuk be ez, arean) bera izaterik. Oraindiñokogarren zerbaitetarakoa banintzala uste neuan; baia, eizona, Yatabe guztian etzan besterik entzuten, «Latsibi gazteak au, Latsibi gazteak ori, Latsibi gaztea langorik non baserritarra izateko?». Auxe baiño etzan besterik orduan entzuten; ta, aurra! gogoaz bestera izanarren, bertan beera itxi neuan neure arlo dubakoa ta egi-egia eztot damu, obeto bizi naiz, buruko min gitxiago.
—Santi, zuk-u... burutan alango zerbait, gorabeeraren bat edo, badaroazu.
—Bilbo lengo tokian etedagoan yakin gura dot.
—Beiren bat erostera edo?
—Bai zera! Gu yatabetartxuok, Sondikarron lez, diruz ganezka bizi garala uste aldozu?
—Sondikan dirua! Dakustanez aiztu jatzu zuri arako esakune zaar:
Asua ta Erandio,
Sondika ta Loiu;
Arto gitxi erein ta
gari gitxi koiu.
Sondika! Yataberen ondoan aitatu be egitea! An eidira diruok, an, Yata-barreneko zuen basauritxoan.
—Otsak andiago an be, otsak andiago. Agur, gizonak; ekin zuok ortxe gogoz.
—Agur Santi, ondo ibili.
Artxanda-ganera eldueran, etse-ondoko burtigun baten yezarrita, Likanorak gerturiko gosaria gogoz garbitu eban Yatabeko bideztiak. Gero suetean sartu zan, egarri zala-ta. Etseko andratxo zaarragandik zazpi ta erdiak zirala yakin ebanean, pozik egoan Santi.
—Yatabetik onagiño ordu bi ta erdi! Naikoa ezalda ibilterik, arreba, irurogeta sei urteko agura batek egiteko!
—Agura, irurogeta sei urteko gizon gordiña! Gaur egunean edozein umek daukaz berrogei, berrogeta amar une. Yatabeko bertakoa zara zeu?
—Latsibin yayoa ta ain zuzen izena be Latsibi dot, Santi Latsibi.
—Orra ederto. Lenago be ikusi etezaitudalakoa daukat.
—Bai, urte-atzenean, Santu larriz ikusi nenduzun, etsearen urtesaria ugazabari emotera yoan nintzanean. Eztozu gomuta, soloan zengozala «Aup Maripa, aro ona dago?» neuk, eta zuk orduan «Sekulakoa, Txanton» erantzunda, zelango barreak egin zenduzan?
—Aiztuta neukan. Orduan be bakarrik zintzazan?
—Ez, errana lagun artuta nentorren.
—Bilbora sarritxo zabitz zeu?
—Sarri da urtean bitxotan? Sarriago be ibiliko gintzakez gu, etsaldean zeregin gitxiago ta erbestean doako ostatuak aurkituezkero.
—Ibilia duztia da erromeria esaten ekian nire ama zanak.
—Nireak be baekian ori esaten, eta geuk be amaika bidar bai!
Andik urtenda ogei bat urrats egin ta beste bagarik Bilbo bere zabaltasun osoan ekusan Santik. Bera ikusita pozak itz onek ots ta guzti ezpanetan zuzendu eutsazan:
«Ai Bilbo, Bilbo, orren zabal ta etsetsu ta gizatsu zakustan uri eder ori, ondo medarra ta mirriza ezagutu aut nik i, arako koleraurtean, Mungia baiño asko andiago ezintzala, izurriak urriturik, aren baten nor il be ezeukala bizi intzanean! Eskerrak an dagoanari». Au esanaz txapela erantzita, Begoñako Andra Mariari, inguru aretako baserritarrak Artxandara eldueran oi ebenez, Salbe bat isiltxorik zuzendu eutsan Santik. «Etse ederrik asko egin dauek arrezkero, Bilbo, baia zer? guztiak izen bakoak. Nik barriz, non bizi nokan etzakiadala, etxoat bizi gura, bizi be ez».
Azken-gogamentxo onek, biotzari gili eraginaz, barru-barruan gordeta eukazan izen biak barriro gomutarazo eutsazan. «Bein edo bein ziñoan bere artean, bigundu jako biotza. Latsibik latsibitarrentzat izan bear dau oraingotan. Doala Santi Bilbora biar goizean goiz don Anbrusenera, ardurazko zerbait yakin-arazo bear dautsala-ta. Ardurazko zer ori, besterik zer izan leite axe baiño?
Laster nozu or, don Anbrus. Belusko natorrela baderitzazu, parkatu, Likanorak errua, nik ez neban gosaririk bear-ta».
3
Bilbon sartu zanean, atari baten sartuta oiñetakoak aldatu ebazan. Zortzi ta laurenak ziran udaletseko erlojuan. Beingo baten eldu zan Anbrus Isastirenera. Otseinak, isil-misilka, ugazaba bederatziakarte etzala yagiten esan eutsan.
—Goizean goiz etorteko mandatua bialdu eutten ta...
—Bilbon bederatziak goiz da. Gerotxoago etorri zaitekez.
Andik diruetsera yoan zan, kolkoan eukan libreta erakutsi nairik. Garbitzaile batzuk goizegi zala esan eutsen. Diruetsetik zubiondora. An alperrerian egoteaz gogaituta, batera ta bestera astiro ebillela, norbaitek atzetik garondokotxo bat emon eutsan, «Zer dozu, Santi?» esanaz.
—Zu emen, Jose Andres?
—Ni emen egotea ezta arrigarria. Zeu emen, Santi? Zek zakarz onen goiz, Yatabe isilerri baketsu atati Bilbo zaraterri astrapalatsu onetara? Zek?
—Diruetsean sartu gura izan dot; eta geroago yoateko.
—Eztakit nori entzunda dakidan, antxina surpekoa ta eskumakillea zirala ondasun-ezaugarririk onenak. Gaur beintzat ez. Gaur zeatzenik ondasuna iragarten dauskuenak abarkak eta akulua doguz.
—Bai! Berez zankarin eztana, gure lauzuri-laumaraikoak gorabeera ezta urrun elduko.
—Elizako tellatura zurt zengozan zeu begira. Katuren bat elaitan aldabil?
—Jose Andres, neuk eztot eguno ikusi; baeidira, orregaitino, buru biko txalak. Nire ustez buru biko txala ta torre biko elizea or or dabilz. Txilinik naikoa ezaldauke baten?
—Egia, Santi.
—Ganera, erdi bertokoa zara, diputadu zauguzan urteotan beintzat; eta, zeuk txartzat artuko ezpazeust, nik auxe esango neuskezu: uri andietan eztirala gauza guztiak beti zuzen, beti artez ibilten.
—Zer ba?
—Begiratu ara. Torre batean iparra da, bestean barriz zearraizea, mendebala.
—Zelan dakizu ori, Santi?
—Zelan dakidan! Zelan dakidan! Aiko an aizorratzak. Ezaldakutsuz bata Somorrostrora ta bestea Donostiara begira?
Bekosolo aldunari, Jose Andres Bekosolori, bere asmoa ostendutearren edo, eliza axe, San Nicolasena, ikusi bear ebala esan eta agur gozatsu bat eginaz barrura sartu zan Santi.
|