www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Metsikorat
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
XX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

  hurrengoa

I

 

        Iphar-Amerikako erresuma hortan herritar zenbeiten ikusteko xedetan itzuli labur bat berri-berritan egin dugulakotz, han zer nahi ikasi baginu bezala, Gure Herria-ren jaun buruzagiak ez dauku bakerik eman nahi, ba eta ilabetekari huntan gure ibil-aldiaz mintzatu behar dugula. Ilabete batez guti ikusten da: are gutiago ikasten. Barka beraz nihori ez badiogu gogoa asetzen, barka guziz gure burua maizegi aiphatzen badugu. Ez dezakegu bertzerik, alabainan.

 

* * *

 

        Hamazazpi egunen bidea da hemendik Metsikorat: hamabortz egunen bidea itsasoan, bigena lurrean. Ez da «St-Nazaire» deitzen den portuaz kanpo bertzerik Frantzia guzian, Metsikorateko untzi bat sartzen denik. Han ginuen beraz gure untzia hartu, Uztaritzeko jaun notariaren semearekin. Bideko ez ginezaken lagun hoberik kausi. «Cuba» zen untziaren izena. Untzi ederra ehun eta berrogoi-ta sei metra luze, hogoi-ta bi metra zabal. Arras bidekaria bertzalde eta itsasoak guti higitzen duena. Ez da untzi hori Frantziako handienetarik, bainan ez dugu uste hobeagorik hainitz badela.

        Dena den, lehen aldia zuen untzi batean zangoa ematen ginuela. Huna zer aithortuko dautzuegun... denboraren buruan: mariñel batek, elheketa zerbeitez hasi eta, erran zaukularik itsaso-bethean nun-nahi badirela bortz sei kilometra ondo eta noiz nahi hamabitaraino, halako bat bizkar hezurrean barna senditu ginuen. Ez da harritzeko: hamabi kilometra ondo... eta iherika guk ez jakin!

        Laster ohartu ginen hargatik ez duela hainitz balio izitzea: ez dela lurrean baino irrisku gehiago holako untziarekin itsasoan. Bainan... goazen emeki eta ez gaiten itsaso zabalean, leihorretik urrundu gabe, sar.

        Errearoaren hogoi-ta bata zen: goizeko zazpiak. Jada iguzkia zeruan gora. Hirur orro handi egin zituen untziak, norbeitek nunbeit min handi bat egin balio bezala, eta emeki-emeki abiatu zen Amerikari buruz. Mundu bat agur eta agurka ari zen leihorretik. Baziren han-hemenka nigarrez ari zirenak ere. Senhar bat, anaia bat eta adixkide bat bera hola doakionari bihotzean zimiko handisko bat egitea, nor harri? Bai, gu ere orduantxe orhoitu ginen Eskual-Herriaz, eta gogorat ethorri zitzaizkun pertsulari famatu baten kantuak:

 

                Herrialde guzietan toki onak badira,

                Bainan bihotzak dio; zoaz Eskual-Herrira.

 

        Eta gu atzerrirat ginoazin, omen txarreko herri batetarat! Ezin ahantzizko eguna! Bainan ohartu gabe, itzaliak ziren leihorrean agurka ari ziren jende maiteak, itzaliak itsas-hegiko etxe pollitak, itzaltzen ari jada urrunean mendiak. Eta bihotzean ilhundura pixka-pixka batekin, gure Uztariztar lagunaren arintzeko, kantuz hasi ginen:

 

Ara nun diran mendi maiteak

Ara nun diran zelhaiak.

Basherri eder xuri-xuriak

Ithurri eta ibaiak.

 

        Ilabete pare batentzat Amerikarat doanak kanta dezake hola: han zoazin gehienek kantuak sartuxeak zituzten!

        Itsasoko bizia? Denak har, lurrekoa bezalatsu. Itsasoan doanak ongi jatea du gogoan, ongi edatea ere ba. Lo ongi egiten da. Eta bideari nihor ez da ohartzen. Zu geldi-geldia zaudelarik, untzia badoa gelditu gabe. Santander, Gijon, Coruña, hirur Espainiako portu eder, karriketan sekulako olio usainarekin, bi egunen buruko ikusiak gintuen. Portu batetik bertzerat, marloinak han gintuen, guzien jostagailu, ehunka ondotik. Bainan bat bertzearen ondotik hirugarren arratseko norapeit itzali ziren marloinak ere beren moko gorri xorrotxarekin...

        Itsaso zabalean ginen, eta itsaso zabalean hamar egunentzat! Hamar egunez ez da gehiago begien aintzinean ura baizik; ur urdin zabal bat aitzinean, gibelean eta bi aldetarik. Noizetik noizerat untzi bat urrunean ikusten bada, zer mirakuilua! Oren bat edo biga, loriatua, hari beha eta beha han zaude, begiak bertzalderat itzulirik ere, berritz harat ekharriak!... Eta azkenean untzia ere emeki-emeki ttipitzen zautzu, laster hedoien artean gordetzeko, amets bat bezala... Eta orduan berritz beha zazu eskuin eta beha zazu ezker, ez duzu bethi eta bethi ur eremuak baizik ikusten. Nihun xori bat, nihun untzi bat, nihun deusere ur urdina baizik.

        Zer gogoeta egiteko lekua! Eta ez da gogoetarik egiten! Ez da orhoitzen untziak hantxet ondoa jotzen balu, zutaz egina litakela: zutaz nihor ez litakela gehiago mintzatzen ahal: untziarekin ezen, zuk ere ondoa jo zinezake, nun eta ondoratu gabe ez zaituen arrain handi tzar zenbeitek oso-osoa edo phuskatuz iresten. Horietaz nihor ez da segurki orhoitzen. Ez-eta behar! Itsasoaz begiak ase ditutzularik, lehen kausituarekin, zure bizian ikusi ez baduzu ere, aspaldiko adixkide batekin bezala hasiko zare elheketa. Erranen diozkatzu, zabal-zabala, zure sekretu minenak: harek ere ba bereak zuri. Erranen diozu norat eta zertarat zoazin: zenbat denborentzat: zertako utzi ditutzun zure herria eta zure herritarrak. Eta zu hola zure berrien adixkide berri horri ematen ari zarelarik, bertze batzu badire jokoan ari direnak. Bertze zenbeit zahar-haurtuak, jauzika, nihork trufatu gabe. Zenbeit bakhar, han eta hemen, jada itsasoari beha, arraineri goraintzika. Zer nahuzue! Oro ez dire bardin eginak eta itsasoko gaitzak ez du legerik. Uste gabean eta uste ez duena har dezake eta du hartzen. Jainkoari eskerrak hargatik behinere ez daukulakotz itsaso tzarrenak bihotza eta barnea itzuli. Hitz dautzuet, ikusiak ikusirik, ez duela guti balio...

 

  hurrengoa