www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gabon zar bat eta beste ipui asko
Alfonso Maria Zabala
1880-1889, 1962

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gabon gau bat eta beste ipuin asko, Alfonso M.ª Zabala (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1962

 

 

aurrekoa hurrengoa

BAKOITZE

 

        Ezkion da etxe bat Etxaluze deitzen diotena; etxe ontan bizi zan, bada makiña bat urte, izenez Mattolo eta izen gaiztoz Bakoitze zeritzaiona, jale erruzua eta edale berdiñik etzuana.

        Litxarrero xamarra zaneko pama zuan, eta zerbait errian paltatzen zanean, ondo edo gaizki, oni egotzi oi zioten.

        Oitura zan Ezkion, Urte-berri egunean, irtetzen ziran Alkate eta errejidoreak eta sartzen ziran berriak apari on bat egitea. Argindeiko etxeko-andreak maneatzen zuan apari au, eta bezperan Billaprankatik ekartzen zituan gaiak. Pasadizo au gertatu zan urtean ekarri zuan beste gauza askoren artean txerri-solomo eder bat gutxinaz dozena bat libra pisatuko zituana. Asteazkena zan egun ura eta peritik etxera etorri zanean, ipiñi zuan preskuran bere gelako leioan txerri-solomoa. Urrengo goizean eguna zabaldu baño lenago sartu zan Bakoitze Argindegin kopa bat aguardiente napar edatera, eta illargi ederrak argi egiñez ikusi zuan leioan zegoan jakia; eta nola deabrua iñoiz lo eztagon, eman zion gogora, arrapatu bear zuala txintxilixka zegon solomoa, esanaz bere artean: «Baldin errejidoreak erriaren kontura jan ta edan badezakete, nik ere, uste det, oiek aña eskubide badedala erriko gauzatara, eta solomo ori jan da ez dute beintzat tripa-miñik izango, ezta nik ere onekin kontzientzirik kargatuko». Eta geiagoko bage artu zuan aga luze bat etxetik eta baita're solomo ederra txamarrota-pera.

        Konturatu zanean Argindeiko etxeko-andrea solomoa palta zuala, esan zion alkateari, eta onek bialdu zion amabia erretore jaunari, esanaz zer gertatu zan eta erregutuz predikatu zezala mezaten lapurretaren gañean.

        Erretorea igo zan, bada, pulpitora eta asi zan esanaz:

        —Nere kristau maiteak: Jainkoaren legeko zazpigarren aginteak badakizute esaten duala «ez ostutzea»; beste edozein pekatu, egizko damutasunarekin, ez geigo egiteko asmo sendoarekin eta konpesorearen asoluzioarekin barkatzen da, baña lapurreta ez da barkatzen arrapatu dan gauza jabeari itzuli bage. Bart, Argindeiko etxetik arrapatu diote solomo galant bat; ia ba, nere kristauak: uste det aragi, jaki edo solomo batengatik zuetako iñork inpernura joan naiko eztuala, bada, emen ez dago beste erremediorik, edo errestituzioa edo kondenazioa San Agustiñek dion bezela. Bakoitzek badaki solomoa berea ez duala, biurtu beza ba; ala, barkatuko zaio mundu ontan bere pekatua eta izango du bestean betiko gloria. Amen.

        Elizan zeudenak, itz auek aditu zituenean begiratu zioten Bakoitze gizajoari, zein zegon anpolai gorria baño gorriago; atera zuan bada txamarrota-petik bere solomoa eta tiratu zuan esanaz: «Protxu on deizuela», eta irten zan elizatik eta ez zan Bakoitzen aztarrenik Ezkion izan urte askotan, alik eta gertakizun au ondo aztu zan arteraño.

 

aurrekoa hurrengoa