|
ONDARRABIKO AMA GUADALUPEKOAREN KONDAIRA
(Laburpena)
OLEARSO EDO JAIZKIBEL
Jaizkibel izendatzen da, Ondarrabiko ipar-aldera dagoan mendian. Asiera du mendi onek Pasaiako Arandoko aitzean, eta bukaera Igerko munuan. Da txit aberatsa bere arrobietan, eta orain eremu eta arbol edo zuaitz gabe badago ere, oraindik eunki onen asieran, joan zitekean Ondarrabitik Pasaiaraño, arteak egiten zuten itzalpean; orain zorigaiztoan gertatzen zaio, Euskal-erriko baso geienai gertatzen zaiena: zur zarrak aizkoraz jo, eta landarerik ipiñi ez. Antxinako denboretan txit zan baso itxia mendi onetan, eta bertan arkitzen ziran basurde, basauntz, otso eta beste pizti-mota asko, ainbesteraño nun, oek eizatzera etortzen ziran Naparroako erregeak. Etorrera oetako batean, gertatu zan Sancho Abarkak ezagutzea menditar neskatxa gazte eta guztiz polita, eta ordutanik Justizko etxejaunak dute errege-odola euren zañetan, edozeñek bertako paper zarretan ekusi dezakean bezela.
Mendi onen bukaeran, itxas-aldera dago Igergo gaztelua, Españiako errege Felipe bigarrenak erria eskudatzeko egiña, eta mendi beraren erdian dago berriz Guadalupeko elizatxoa.
Lenagoko denboretan izendatzen zan mendi au Olearso, eta artu zuan izen au bere alboan izandu zan uritik, Ptolomeo eta Pomponio Melak diotenez.
NOIZ AGERTU ZAN BIRJIÑA GUADALUPEKOA
Esan dezaket izkribu onetan, iñork ukatzeko beldurrik gabe, Ondarrabiko Ama Birjiña Guadalupekoaren agerpena gertatu zala, edo Arantzazukoa baño lenago, edo bedeintzat ordutik laster.
Ara zer arrazoi daukadan aitormen au egiteko. Aomen aundiko Sebastian Elkanok, Victoria zeritzaion ontzian egin zuan testamentua edo atzenaia, Uztaillaren ogei ta seian 1526garren urtean, eta laga zizkian Ama Birjiña Guadalupekoari urrezko sei dukat. Emendik dakusku bada, gure Birjiñaren jaiera zabaldua zegoala denbora arten euskaldunen artean bedeintzat, eta oitura zala atzenaietan zerbaitekin oroitzea; eta konturatu bedi irakorlea, gure egunetan bezin erraz ez zala zerutikako gauzen edo eginkizunen berririk zabaltzen; esan nai det, Guadalupeko Birjiñaren jaiera zabalduko zala eginkizun miragarrien bidez, eta onetarako bear zirela, gaur bear diran baño urte geiago, bada gaur, baporearen eta electricidad deitzen dioten orren bidez, mundu zabalean gertatzen dana, egun batetik bestera jakiten degu. Gañera: sinistu bear degu ere, On Sebastian Elkanok artuko ziola zion jaiera Guadalupeko Amari, ez itxasoan, nun igaro zuan bizitzarik geiena, baizik bere gaztezaroan, aurtasunean, edo menturaz bere gurasoetatik; ekus zazute, bada, arrazoi oek indarrik duten edo ez, zergatik Arantzazuko Birjiña agertu zanetik Elkano il zaneraño, geienaz ere, igaro ziran berrogei ta amabiren bat urte.
Beste atzenai edo testamentu bat ere arkitzen da uriko elizaren zuzeleku edo artxiboan, nun Maria Ochokokoak lagatzen diozkan Birjiña Guadalupekoari «bi tarja eta erdi», edo bi ezkutu ta erdi, Abuztuaren amabian 1528garren urtean.
Ez det arkitu izkribu zarragorik Birjiña Guadalupekoaren agerpenaren gañean, uste badet ere, goiz edo berandu zerbait arkituko dala Baionako eliz-nagusiko zuzelekuan, bada denbora artan Ondarrabiko eliza zegoan Baionako apezpikuaren mendean.
Aski dira ordea bi irakasde edo atzenai oriek, edozeñek ezagutu dezan, Jaizkibelgo mendian onratzen degun imajiña agertu zala gutxienez (lenago ez bada beintzat), amabostgarren eunkiaren azkenean edo amaseigarrenaren asieran.
NORI ETA NOLA AGERTU ZAN AMA BIRJIÑA GUADALUPEKOA
Aoz ao guganaño etorri dan bezela, izkribatuko det Birjiña Guadalupekoaren agerpena.
Bi artzai gazte zebiltzan Jaizkibelgo mendian euren ardiai kontu artzen, eta ara nun biak batean ekusten dute oi ez bezelako argi eder bat, orain elizatxoa dagoan lekuan. «Zer ote degu argi ori?» esan zion batak besteari, oso mirariturik; eta alkar alaituaz, joan ziran mendi gañeraño, eta pensatu besterik ez dago, nola arrituko ziran ekustean Maria Santisimaren imajiña, bere Semetxoa besoetan zuala eta eguzkiak bezela diztiatuaz. Belaunikatu ziran errespetorik aundienarekin, errezatu zioten gogora etorri zitzaizkien otoitzak, eta artzai aietako bat bertan gelditurik, jatxi zan bestea amilka, zoroa ziruriela, erriko Apez-aita eta Alkateari ikusi zutenaren berria ematera.
Laster banatu zan Ondarrabian gertaera au; bai-ezean edo ez sinistu naian egon gabe, asi zan erri guztia mendia gora, eta zorioneko kristau on aiek, gelditu ziran pozturik eta atsegiñez beterik zerutikako mesede arrengatik, eta zerren Jaungoikoak biraldu zien errukitsuki eskudatzailerik onena. Bertatik asi ziran lanean eta laster jaso zuten elizatxo bat, (baña geroago obea egiteko asmoan).
Eta zergatik ezarri zioten «Guadalupeko Birjiña» edo erbesteko izen ez-egoki au? Nola nai ere, lenengotik ez zitzaion orrela deituko, menturaz batzuek modu batera eta besteak bestera. Gañera: denbora aietan, Estremadurako Ama Birjiñak egiten zituan mirariak zabalduak zeuden Españiako bazter guzietan, eta au ekustera joaten ziran kristau talde aundiak, gaurko egunean Lourdesa dijoazen bezela; baditeke bada, ezarri ziotela izen au, Estremadurakoaren oroimenerako. Mejikon dago beste Ama Birjiña bat, Guadalupekoa deitzen zaiona, 1531'garren urtean agertua, gurea baño askoz geroago, bada nola orduan Mejiko zegoan españatarren mendean, ezarri zioten izen au, Estremadurakoaren oroimenean.
Gaur bertan, Katalunian, egin dute eliz galant eta ederra Birjiña Santisimaren onran, eta ezarri dioten izena: «Ama Birjiña Lourdes Kataluniakoa».
Ara bada nere ustean arkiturik «Guadalupe» itz erbesteko onen aztarrena.
Itz onek ez dauka zer ikusi ez gazteluarekin, ez euskerarekin; da Arabeena, zeña Guad-al-upe izkribatzen dan, eta esan nai du, otsoaren erreka edo ibaia; Guad-al-ajara arrizko erreka, eta Guad-al-kibir erreka aundia, aditzera ematen duten bezela.
ONDARRABIKO ESITZE OROIMENGARRIA 1638'GARREN URTEAN
Ozta ozta zabaldu zuan Uztaillaren lenengo eguna 1638'garren urtean, nun asi ziran jende armatuz betetzen Pausoko tellatugain eta Endaiako mendiak. Bazekiten ondarrabitarrak prentzesen prestamenak, eta erria esitzera zetozela, Príncipe de Condé-ren mendean. Kontuan zegoan Mari Juan Mugarretakoa ere, eta leenez neurriak arturik Prantzesen atzaparretatik imajiña santa librateko; aditu zituanean atabal eta sutunpen otsak, zaldien irrintziak eta gudarien ojuak, aldarera igo eta errespeto aundienarekin imajjiña artu, bere etxe barruko bizitza eta trastiai kasorik egin gabe, munduko gauzetan pensatu gabe, jetxi zan errira, berak maitatzen zuan gauzarik baliotsuena besoetan zuala.
Onetarako gaztigatu zuan zer zijoan egitera, eta andra on au portaletara zaneko, an zeuden kabildoa, bilguma, zaldun eta gizon noble asko erri barruko beste gizon eta emakumeakin. Imajiña santa ekusi zutenean pozez eta atsegiñez beterik eraman zuten elizara. Emen belaunikatu ziran guziak, eta eskeñi zioten Jesusen Amari, baldin laguntzen bazien erria esitzera zetozenen garaitzan, egingo ziotela ots aundiko pesta, bezperan barurtuaz.
Adituak izan ziran Ondarrabitarren erreguak eta eskaerak. Irurogei ta bederatzi egunez peleatu ziran portizki, ogei ta amasei milla oñezko, lau milla zaldizko, asko sutunpe beldurgarri eta ontzidi aundiaren kontra, erri barruan zazpireun soldadu besterik ez bazegoan ere, baña oei lagundu zien bertako gizon errutsuak eta emakume pizkorrak. Murruak desegin, porrokatu, eta egun batez zortzi aldiz asaldatu bazuten ere, ez zieten barrena sartzen laga ondarrabitar leialak. Murruen oñetan illotzik geratu ziran Prantziako zaldun eta agintari aomen aundienekoak.
Azkenik, Eliza Ama Santak Maria Santisimaren jaiotza zelebratzen duan egunaren bezperan agertu zan Jaizkibelgo mendian españatar martiztia, oñezkoak Alfonso Enriquez Gaztelako Almirantearen mendean, eta zaldizkoak Velezko Markes eta Naparroako errege-ordekoak agintzen zituala.
Eraso zien gure gudariak prantzesai, eta illunabarrean bukatu zan jazarra ura, lagatuaz etsaiak, ez bakarrik euren illak, baita ere arrapatu ziezten bost eun egintari eta soldadu, berrogei ta amar bandera, sutunpa geienak eta interesa eta barka asko. Bidasoako ibaian ito ziran bi milla eta geiago, bada ainbesterañokoa zan oen larrian, nun eriosuarren putzu onetara bota zituzten euren buruak, eta iges egin zutenak ez zuten gogorik eraman geiago Ondarrabi leial, noble eta errutsua etsitzeko.
Ondo ezagutu zuten kanpotik eta barrendik peleatu ziran españatarrak, Maria Santisima Guadalupekoari zor ziotela garaipen miragarri ura; joan ziran bada guziak elizara, eta, naiz gauaz izan, kantatu zuten San Anbrosiok eta San Agustiñek konpondutako Te Deum laudamus zerutikakoa.
Monsieur de la Forsa-k eduki zuan kuarteltzat Guadalupeko elizatxoa, emen arkitzen ziren santuen imajiñak erabilli zituan lotsagabekiro, ostikopean zanpatuaz, ereje kalbinista fede gabeko desleialaren gisan; baita ere agindu zuan, bere setako apaiz batek predikua egin zezala, esanaz kontentu ilko zala prediku ura aditu zualako, baña andik egun gutxiren buruan, uste zuen Ondarrabiko erria artu gabe, iges egin bear izan zuan estura larrian, ez predikua entzundako pozkidaz, eta ez Ondarrabia utzitako atsekabez, baizik il nai etzualako, lenago baietz esan bazuan ere.
Predikua egin zuan apaiz erejea arrapatu zuten ondarrabitarrak beste soldadu batzuekin batera, baña ez zuten ezagutu nor zan, eta nola traste gaizto ark bazekian ezagutzen bazuten kiskal-eraziko zutela, eta Guadalupen geiago predikatzeko gogoak kenduko zizkatela, bere burua il edo bizi urari erasorik, igaro zan Endaiara.
Ondarrabiak kunplitu zuan bere itza: urrengo egunean egin zan pesta aundi bat, eta adierazi zion Zeruko Erregiñari, Bera berezitzen zuala erriko Bitartekotzat.
Ordutanik, urtero egiten dira pestak eginkizun onen oroimengarri, igoaz, Maria Santisimaren jaiotzaren egunean, kabildoa eta bilguma Guadalupera predikua eta meza nagusia entzutera, eta biramonean egiten da beeko elizan puntzio negarrezkoa esitze artan il ziran animen suprajio edo laguntzarako.
MARIA SANTA GUADALUPEKOAREN BITARTEZ GERTATU IZAN DIRAN EGINKIZUN MIRAGARRIAK
Lenago esan degun Monsieur de la Forsa-k, ereje kalbinista prestu-ez ark, laga zuan Guadalupeko elizatxoa txit ondatua, tellaturik gabe, eta eskerrak Jainkoari lau paretak txutik gelditu zirela; motibo onengatik, ezin eraman izanzuten Mariaren imajiña bere lekura; alabaña, bertako jendeak tellatua ezarri zion urte barruan, neguko euri jasakin lurra jo ez zezan. Birjiña Guadalupekoaren imajiña egoten zan erriko elizan, aldare nagusiaren eskubian, gau ta egun argi asko aurrean zituala.
Emen zegoan bada Martxoaren ogei ta batean, 1639'garren urtean, igande egun batean. Arratsalde artan, beste kristau on askoren artean, egon zan Mariaren imajiña bisitatzen Guadalupeko serora, Maria Juana Mugarrietakoa, zeñak, bere Ama gozoari zion jaieragatik, esan zion elizako sankristau Martin Sopelanari, ez zezala utzi iñoiz ere irazeki gabe aurrean zeukan zillarrezko argi-ontzia; erantzunaz Martiñek, merezi zuan kontuarekin begiratzen ziola, eta ez zitzaiola argirik paltatzen ez egunaz eta ez gauaz.
Egin zituen bada bere erregu edo otoitzak andra on Mari Juanak eta irten zan elizatik; sankristauak ere, illundu zuanean, jo zuan keda-ezkilla, piztu edo konpondu zituan Sakramentu eta Birjiñaren argi-ontziak, eta ekusirik ea iñor elizan geratzen zan (gaurko egunean egiten dan bezela), ateak itxi eta joan zan bere etxera.
Keda jo bezin laster, itxitzen ziran portaleak ere, alako moduan eze, ezin sartu eta irten zitekenan erritik, ate eta murru gañetan zebiltzan zentinelak edo gau-guardak oartu gabe.
Ara bada zer gertatu zan: Biaramonean, sankristauak eliza ireki, Ave Mari ezkilla jo eta argiak piztutzera joan zanean, ekusi zuan Ama Guadalupekoaren imajiña palta zala; oso arriturik uste ez zuan gertaera onekin, joan zan lasterka apez-aitari adieraztera; bereala errian banatu zan gauza onen berria, eta imajiña bedeinkatuak zer egin ote zuan ezin konturaturik zeudela, jakindu zan Guadalupen lenagoko lekuan zegoala, bere bi koro eta eskuetako lora sortakin.
Bereala, On Juan Justiz eta Burgoak, lizenziadua eta erriko alkate zanak, ireki zuan billekindea, gauza au nolatan gertatu zan jakiteko: kastigatzeko egilleak, baldin gaiztakeriz egin bazan, eta argitaratzeko, baldin Maria Santak nai izan bazuan egin mirariz; deitu zituan bere aurrera ogei ta bi dakiratz, eta guziak juramentuaren azpian azaldu zuten zekitena, eta ez zan bat bakarra geratu Ondarrabian sinistu gabe mirariz gertatu zala eginkizun au, eta aditzera eman nai zuala Birjiña Guadalupekoak, Jaizkibelgo elizatxoa zala bere eser-lekutzat berezi zuana.
Beste mirari bat gertatu zan 1760'garren urtean. Bazter guziak legortu eta nekazari gaxoa zegoan bere urteko neke eta izerdi guzien saria galtzeko perillean.
Erriko elizan egin ziran erregu guziakin ez zan euririk iritxi; kabildoak eta bilgumak erabaki zuten bada, igo bear zutela prozesioan Guadalupera; adierazi zan errian, eta urrengo egunean, ondarrabitarrak mendira igo bezin laster, eraso zion alako euri-jasari non egon bear izan zuten, nai ta nai ez, elizatxoan eta serora-etxean, arratsaldeko ordubiak arte. Eskerrak eman ondorean Ama Birjiñari, zerren ain euri gozo eta beartsua egin zien, biurtu ziran etxera edo errira.
Oraindik ez da urte asko, On Joakin Ollokoa, uri onetako apez-aita beneragarria, Guadalupeko elizatxora meza ematera zijoala, arkitu zuan emakume bat, prantzesa, Txomiñeneko maldan, Kristoren pausoa deritzaion lekuan, eta itzak itz-bidea emanaz, esan zion:
—Jauna: nik zor diot mesede gogoangarri bat Birjiña Guadalupekoari. Urte bete izango da geienez ere, netorren nere seme maite eta elbarriarekin, sendagille aomen aundikoakin alegin asko egin ondorean, ea zerutik iritxitzen ote nuan, lurreko al-izanakin iritxi ez nuana. Jarri nuan bada nere seme gaxoa astotxo batean, eta malda onetatik giñoazela, esan ziran: «Ama, jetxi nazazu astotik, bada iruritzen zait nere gaitzak ezkutatu direla, nere iztar eta zankoetan sentitzen det oi ez bezelako indarra». Esan ta egin, jatxi nuan astotik, eta begira beza nolakoa izango zan nere poz eta atsegiña, ekusi nuanean oñez, ainbeste denboran pauso bat ezin eman zuan nere biotzeko laztana. Nik ez dakit une artan nolako otoitzak egin nizkan zeruko Ama gozoari, baña mingañak baño obeti adierazi zion nere begietatik irten ziran negar malko esker onekoak.
Mirari onen oroimenerako, aldare nagusiaren ezker-eskubi, ezarri zituan emakume on onek marmol zurizko bi arri, zeñetan gaztelaniz eta prantzesez ara zer irakorten dan:
Recuerdo de agradecimiento a María J.A. de L. 1877
Souvenir de reconnaissance à Marie J.A. de L. 1877
AZKENEKO AMABOST URTE OETAN GUADALUPEN EGIN DIRAN LANAK, PUNTZIO, ERROMERI ETA BESTE ZENBAT GAUZA, IRAKORLEAK EKUSIKO DITUANAK
Guadalupeko Ama Birjñaren kondairaren bukaeran ezin laga dezaket zerbait esan gabe elizatxoan eta bere inguruan egin diran lanen gañean.
Azkeneko gure arteko guda ori iraun zuan artean, imajiña santa egon zan uriko elizan, baña bukatu zanean, igo zuten berriz ere bere lekura, Urriaren amabostean.
Arrigarria zan Birjiña Guadalupekoari laguntzen igo zan jende-taldea, ez bakarrik Ondarrabi, Irun eta beste Españiako errietatik, baita ere Prantziakoetatik.
Bost millatatik igarotzen ziran egun artan Guadalupen inguratu zirenak. Elizatxoa ez zan gai jende ura kabitzeko. Au guztia, aurrez gogoraturik, apez-aita jaunak baimena eskaturik zeukan apezpiku jaunari, meza kanpoan emateko.
Esan zitekean aingeruak ere poztutzen zirela pesta artan. Zeru-goia zegoan urdin-urdiña lañotxo bat gabe. Prestatu zan aldarea, elizatxoaren ezkerrean dagoan mendi-tontorrean... eta asi zan meza. Apaiz beneragarriak jaso zuanean mendiaren gañean Jesusen Gorputz Santua, nor egon zitekean gogoratu gabe, Kalbarioan, gure amorez, gurutzean josirik, jaso zuten une negargarri ura?
Bost milla kristauk ekusi zuten Osti Santua, Aita Betikoari eskeintzen apaizaren eskuak zerurontz biurtuak. A! Ekusgarriak ziran bost milla buru aiek makurturik eta askoren begietatik negar-malkoak lurrera ixuriaz; ez zan aditzen txintik, ez zan aditzen jendearen asnasarik, ez aizearen mugidarik; gertuan zegoan itxasoak ere azkenik, bere oi bezelako orrorik egin gabe eta bere gain urdiñera arrai-talde aundiak agertuaz, adierazi zuan poztutzen eta denbora berean umiltzen zala bere egillearen aurrean.
Mendian eman zan mezaren oroimenak iraun zezan, oartu zitzaion gogora On Joakin Ollokoari, an bertan altxatu bear zuala, al bazuan, munduan arkitzen dan arrizko gurutzerik aundiena. Esan zion bere gogoa Antonio Berrotarango, arotz eta artista abillari, eta laster onek billatu zuan Arriestueta deritzaion Jaizkibel-mendiko arrobian nai zuan bezelako arri galant bat, zeñak zeuzkan luzeeran ogei ta bost oin t'erdi, eta bere pixua zan gutxienez berreun kintalekoa.
Eraman bear zan zegoan lekutik iru milla kanaz urrutiagora, eta arri puska ura andik ateratzeko, bildu ziran eun ta berrogei ta amar gizon eta ogei ta bost idi pare. Lenengo egunean erabilli zuten milla kanan bezela, eta bigarrenean ekarri zuten, jarri bear zan lekuraño.
Andik amar egunera atera ziran beste bi arri, bata amabost oñekoa gurutzearen besoak egiteko, eta bestea zazpi t'erdikoa gañerako.
Asko da jakitea, gurutze onek dauzkala berrogei ta bi oin t'erdi peañaren ondotik asi eta bururaño. Peañak dauzka bost malla inguru guzian, eta malla oetan egon ditezke jarririk eun ta ogei gizon alkar asko estutu gabe.
Gurutze au ekustean, lan oetan adituak direnak, esan izan dute mirariturik: «Bada norbait, alderdi edo gai geiago gabe, arri pixu oek txutik jarri dituana?»
Gurute onen oñean jarririk dagoanak, ekusten ditu España bere lau probintzi euskaldun Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Naparroakin, eta Prantzia bere beste lau, Basses-Pirennees, Landes, Gironde eta Gers-ekin...
Gurutze au dago Gipuzkoako lekurik zoragarrienean; emendik ekusten dira esan dituan probintziaz gañera, arkaitz, mendi, baso eta oianak; agiri dira zelai-soro, ibar eta sagasti mardulak; agiri dira uri, erri eta borda, uso txuriak diruritenak arbol-tartean; agiri dira buni-bide eta Irun eta Endaiako estazioak; agiri dira Burdeosko munu, Baionako barra, Biarrizko erri, Sokoako gaztelu, Ondarrabi eta Endaiako portu eta Abbadiren jauregi galanta; agiri dira itxaso zabal, Bidaso ibai eta errekatxo garbiak; agiri da Justiz aomen aundikoa, lotsatua bezela txara tartean; agiri da Guadalupeko elizatxoa bere dorre alaiarekin; agiri dira gure uri noble, leial, errutsu eta beti piela, bere murru urratuakin; agiri da... baña bukatu dezadan zer agiri dan, Aita Aranak gurutze onen peañan exeria zegoala konpondu zituan bi itz-neurtu oekin:
Irun aldeko ibar ederra
zoragarria bai dago!
agiri dira Oiartzun mendi,
San Martzial ta geiago;
beste aldetik Larrun altua,
Urruña berriz berago,
oien ondoan euskaldunentzat
bost erri maite badago.
Begira an bean Endaia,
eta Bidaso ibaia,
bere gañetik dator su ta gar
burnibidezko pasaia;
Ondarraitz dago beste aldera,
ta andik gora da alaia
euskaldun andi Abbadi-k duen
jauregi berri alaia.
Bukatzera noa, esanaz emengo puntziorik aundiena egiten dala Agor-illaren zortzian, eta urtean asko erromerigille etortzen direla auzo-errietatik, baña batez ere Azenzio egunean; ez da berriz, bataz beste, egunik igarotzen, mezarik eman gabe.
Oek dira nil bildu dituan berriak, Ama Birjiña Guadalupekoaren gañean; zerbait laga badet, izandu da ziazalde au ez geiegi luzatzeagatik...
Irakorlea: gaizki esanak barkatu, eta gomenda nazazu zure erregu eta otoitzetan, Jesusek gurutzearen oñetan Amatzat laga zigun zeruko Erregiñari.
Alfonso María Zabala-koa
«Euskal-erria», XI, (1884)
|
|