Auntza larrera
Euskal biursari denai donkituba
Baserri eder bat, aitak utziya, betia zuben.
Soro zabalak, baso bikañak, mendi galantak, sagasti oparotiyak.
Ikulluba bei gizenez, txal guri-guriz, eta zekor mardulez betia.
Artalde ugariya larrian, naiko arkume ta gazta, saltzeko, eta aari talkalari aundi bat etxian, ardua eraten zekiyena.
Gañera —esan oi zan, bazubela lakari bat urre, eta berak ere etzuban ukatzen.
Bi morroi; baseri-lanetarako, eta artzai bat, irurak zeiñ baño zeiñ languilleguak eta itzero jauna eta beori esaten ziyotenak.
Biarko!
Inguruko auzotarrak, (bere maiztarrak batzubek) denak berorika itzegiten ziyoten, aserretu etzediñ.
Etziyon iñori dirurik prestatzen, baña zan konseju emalle izugarriya.
Berrogei ta amar urte zituben eta ezkongai zeguan.
Etxekoandretzat zeukan, irurogei urteko izeba neska zar bat, zeñak egunaren erdiya pasatzen zuban errezatzen, eta beste erdiya erritan.
Martolo jauna deltzen zitzayon gizon oni.
Inguruko baserririk txarrenetako batian bizi zan, Borda izendatzen zan gizon argi bat, berrogei urtekua, bere emazte Opathoni, lau seme eta iru alaba alayen lagunkidan.
Borda au zan bersolari onenetako bat, eta bizi zan txit arlote, bañan kontentu eta alegere.
Etzan eskatzallia; miñ ematen ziyon iñor biartziak; etzuben nai emalliaren mende jartzia bere libretasuna.
Au bakarrik zan, ingurumari artan, etxealdeko nagusiyari, Martolo Jaunari, zuka itzegiten ziyonik.
Egun batez, otabar batzuek ebakitzen ari zala, aizkoraren kirtena autsi zitzayon gure Borda-ri, eta, nola eskuutsik gelditu zan, joan biar izan zuben Martoloren etxera, aizkora bat presta zeyoten, kirten berri bat egiteko.
Dan! dan! jo zuben atia, eta, azaldu zitzayon nagusiya bera.
— Jainkuak dizula egun en, Martolo.
— Bai zuire, Borda. Zeir zabiltza?
— Ementxe. Gurdi bat ote ebakitzen ari naizela, aizkoraren kirtena autsi zait eta, berri bat egiñ ote nezakian nator.
— Ez aldezu otesegik?
— Otabarrak ebakitzen ari naiz ordia...
— Otabarrak edo otatrabak maiz izateitu zenbaitek.
Beira zazu, Borda, zu gizon on-bat-zera, gañera famili aundiya daukazu, eta nik pozik lagunduko nizuke askotan, baño, baño...
— Zer da?
— Ze izango da! Bersolariyak txalo asko irabazten ditu, baño diru gutxi.
— Tori, okolo eskaliak sekulan eztu berso bat bakarrik moldatu, bañan...
— Zuk berriz geyegi.
— Baliteke.
— Buruz azkarrak zeratelarik, zer umiak zeraten bersolari denak! eta zenbat eta obia, ura ta umego.
Txoriyai segika dabillen umiak, mandatuba berandu egiten du beti, eta geyenian gaizki.
Buruba bersoz betia dabilkin gizonak, maiz izango ditu esku utsak. Zerura begira dabillenak, sarritan egingo du estrapozo. Ametsetako irabaziyak, esnatzian ariyo.
Au zuk, nik baño obeto dakizu, Borda. Ez da egiya?
— Ala diruri. Ni beti lanian bizi naiz, dakizun bezela, ez naiz gastatzallia, ta, ala ere, sekulan ez det txanpon bat nere mendian.
— Bersuak dute kulpa guztiya. Utzi zazu griña galgarriyori alde bat, eta segi zayozu lanari, lanian pentsatubaz.
Oraiñ, tori aizkora, ar zazu otesega au ere eta zuaz zere lanera.
— Neri bersuak gustatzen zaizkit, bañan zuk bota dituzu naikua. Asko dezu.
Nik ikusten badet nere esan onak zintzo egiten dituzula, etzaizu paltako lana ta irabazpidia.
Akorda zaite zere familiyaz.
Eguingo dezu nik esan bezela?
— Sayatuko naiz.
Borda gizagajua, lotsaturik, itzuli zan berriz otelarrera, bero artian esanaz: Arrazoi ote du gizon orrek?
Oraiñ, erortzen naiz kontura, egiyaz, ez derala ezagutu bersolari aberatsik, eta lengo zarrakgatik ere beti entzun izan det, oso pobriak zirala.
Ez ote zayo Jainkuari bersorik gustatzen?
Edo, au ote da sari bat, dirubaren ordez ematen diguna?
Biyak eskatzia anbat geyegi litzake.
Martolok diyo, asko derala bertsoz.
Proga zagun Martoloren konsejuba.
Igaro ziran zortzi egun; amabost, illabete.
Bordaren etxian etzan sentitzen, len beti oi zan bezela, kanta otsik.
Aita ixildu zanian, mututu ziran ama ta umiak.
Auzuak arriturik zeuden, zer gertatzen ote zan.
Martolo bakarrik zebillen txit kontentu, pozez arrotuba, egiñ zuben azañagatik.
Illabete t'erdi bezela zan, Borda, Martolo-ren konsejubakin burruka zebillela; larunbata zan eta gure bersolari izanduba joan zan Tolosako merkatura, lau sagarlandare bizkarrian zitubela, ayen baliyuarekin, gastuba pagatzeko asmuan.
Saldu zituben landariak, bosna errialian, eta bere duro aundiya poltsan zubela, sartu zan amaiketakua egitera, Martolo larunbatero joan oi zan ardandegiyan.
Eskatu zuben kuartillu bat ardo; eskeñi ziyon Martolori, eta onek atera zuben beste kuartillu bat.
Nola Borda gizagajuak etzuben aspaldi artan ardorik progatu, aiñ gogoz eran zuben, non asi zitzayon buruba pixka bat berotzen.
Atera zuben duro aundi eder ura, bere gerrikuaren muturretik, eta esan ziyon tabernariyari:
— Ekar zazu kuartillu bat geyago, eta tori, kobratu nere kontuba.
— Aiñ gustatu zitzayon Martolori, Bordaren joera, non beñere ikusi etzitzayon beziñ arpegi alayarekin, rrau, altxa zan bere alkitik eta esan ziyon eskuba luzatubaz: — Bejondaizula, Borda! Ekatzu bostekuori. Ez nizun nik esaten? Ara or bost peztakua; len txanponik etzan tokiyan. Ai, nere konsejubak lenago artu izan bazindu! Zenbat ontzakoren jabe ote ziñan oraingoz!
— Sagarlandarien diruba da au, Martolo...
— Bai, badakit ezdala bersuena.
Zuk konsejurik eman baño lenago landatubak ziran, zea, Martolo. Kantari ari nintzala aldatu nitun....
(Ekatzu beste kuartillu bat, tabernariya.)
— Amaiketako aundiskua egin degu, Borda.
— Gure neurtzallia, nor da?
— Ara, ara gure bersolariya berriz piztu.
— Ez dezazula sinistu,
Bersolariya ez da ill,
Bañan oso gaizki dabill
Illabete ta erdiyontan
Ay! Damutu zait prankotan!
— Zerena dezu damuba?
— Zuk sartutako amuba
Daukat barrenen gordia;
Aterako det ordia,
Tximista demoniñuau,
Bestela penak ilko nau.
— Beste gizonik ziñala uste nuben, Borda; esker ederra ematen dirazu! Ezagun da dirutu zerala... Aizkorak saltzen dira Tolosan.
— Len ere obe izango zan,
Emendik eraman banu,
Eman dit amaika damu
Zure etxetik irtenak....
Aizkorak eta kirtenak...
— Gero izan zaitez ona!
— Zaude ixilik, gizona,
Eta urrengo batian
Konsejubak ematiana
Begira ezazu zeñi;
Ez neri berriz eskeñi
Kirten okerrik zuzentzat,
Gorde itzatzu zeretzat.
Biyar goizian, atzera,
Joangoira zure etxera,
Aizkora ta otesega,
Eskerrikasko gañera.
Ta konsejubak ordañez,
Geldi etzaitezen gañez,
Emango dizkitzut aurki
Eta goguan iduki.
Ez pentsatu kalterikan
Egingo dizutenikan
Neri zuriak. bezela,
Bildurtu etzaitezela.
Martolo, gaur nere txanda,
Lenago zuria zan da.
Odolkiyak ordañetan
Izateira lur onetan.
(Kantari)
Nola zu jayo ziñan
Aberatsengandik,
Zerorrek ezertxore
Egiñ gabetandik,
Oparo datorkizu
Jakin gabe nondik;
Bizitzia zer lan dan
Ezdakizu oraindik.
Ikustak engañatzen
Du bat gogotikan,
Begiratutzen badu
Beti txit goitikan.
Biria ez da ondo
Neurtzen balkoitikan;
Pixkabana ikasten da
Ibiltzen zutikan.
Konsejubak ematen
Kontu biar da txit,
Ontzat artutzen ditu
Askotatik gutxik;
Itzez buruba bete
Ta eskubak utsik,
Zeñi gustatzen zayo
Alako laguntzik?
Martolo, griña txarrik
Ez daukat zugana
Ta ez txarrera artu
Esan dizudana;
Neretzat on ustian
Egiñ dezu dana:
Nik ez det gorrotatzen
Kulpik ez dubana.
Kontura erortzia
Nai nuke beinguan
Eta idukitzia
Betiko goguan:
Bi gizon igualikan
Ez gera munduban;
Argatik sentitzen du
Nork bere moduban.
Zure konsejubakiñ
Burruka, askotan,
Naspillatu naiz juan dan
Illabete ontan;
Iñon ezin bizirik
Ez esna ta ez lotan;
Ni lertuko nitzake
Ez kantatzekotan.
Itotzeko bildurrez
Uzteko urari,
Nola esango zayo
Arrai bizkorrari?
Ez dedilla egaatu
Uso azkarrari,
Eta ixildutzeko
Erretxiñolari?
Amorraya, jatorriz
Dijua urera,
Uso ta arranuak
Odoyen aldera;
Otsua sasira ta
Satorra lurpera,
Mitxirrika argira
Ta auntza larrera.
Martolok: Aizu, gizonak ere
Orrelatsu gera...
Bordak: Torizu bostekua,
Konturatu zera.
|