ALDAKERI
Maitezko ipui minkatza
I
Leioa. Kaiola, bertan.
Urrezko ariz lotuta, pozik, txoria:
ez margo, ez eztarria:
ederrik gaxoa nekez ezertan...
Itzalgarri matsondoa.
Ikusgai, berriz, ibai, mendi, baso, zelai,
ta udaren urrea non-nai...
Bazun zerk aska-zaletu gogoa!
Maaitiar zitun txolarre
biurriak, maiz; iñarak aiskide, berriz;
ta irraka yoan-etorriz,
illuntzeak ditun sorbeltzak ere.
Txolarreak diotsana:
«Oi, ene lagun gaxoa! Lotu-gaberik,
»eure mai gizen bera nik!...
»Oi, zein maite dudan askatasuna!...»;
Iñarak: «Ene laguna,
»errukarri aiz; ezpaituk iñon kabirik
te ume laztanek beterik!...
»Oi, zein maite dudan askatasuna!...»
Sorbeltzak: «Ez duk biguna
»ire zoria; begitu nazak, emen-or,
»laister bai zabalak mozkor!...
»Oi, zein maite dudan askatasuna!...»
Txoriak: «Ez zuen ele
»maitekorrak, ez emendiko ikuskizurtok
»iñork ez ezerk, lagunok,
»ezin naute egiñen askatu-zale».
* * *
Leiora, bat-batean, nor?...
«Eder-ametsik eziñena, aragituta!»
Neskatxak: «Ega», dio, ta
kaiola zabalduz: «maiteñoa, ator»...
Aren begikun gozoa!...
Burni-tartetik giltzape beltzean sartzen,
askatasun-egunaren
urratzea ez dan bezelakoa...
Txoriaren poz-ikara!
Ur-ontzitxoan murgildu ta astinduz-gero
maitetasunarren ero,
badoa dei-dion ao gorrira.
«Ega adi, maiteñoa, arin,
»neri biraka; eskuaz bainegok erne
»Laisterrago! Orrelaxe! Ene!
»Ukaldia yaurti, ta atzitu ezin!»
«Gaiztoa! Geldirik! Ator!...
»Nerea aiz noizbait! Laztan bat: orain bestea;
»yan nai aut, ene maitea!...
»Orra, gaurkoz, neri berreun musu zor...»
* * *
Leio-gaiñeko iñarari
ona zein oar zioskan, ezin obeak,
txolarre lotsagabeak,
biurki eragiñik begiari:
«Ikus dun ori, laguna?...
»Ez din, orratik, orretxek yaso makala,
»ederrez ain motza dala...»
(Zozoak beleari... dakiguna).
II
Uda yoan da. Marduldu zaizka mordoak
matsondoari. Beiñola
—egari mozkorra— yo du kaiola
gazteenik ildako ostoak.
Agur, iñarok... Ai, zuen kabi goxoa
berriz beterik daneko!...
Ai, zeiñen luze zuen urreneko
maitaldiaren beroa!...
Egunak iges, ta goiz bat, zuriz yantzia,
dar-dar yaio zan... Negua.
Zertan ago, gogo miñak puztua,
zer dala-ta itun, txoria?...
Oar, baiña, non datorren ire maitea!
Ene!... zerk, ordea, zimur
eragin ezpañei?... Ene!... nork lapur
begien irriparrea?...
Leio-kaiolak zabaldu ditu, bat-bana
Sartu du Neguak sudur
ozpeldu-zorrotza. Txoria, beldur,
ega da maiteagana...
Ai, aren esku, laztankor igaz izana.
Lore-orria arantz biur!...
Leengoa ditekek, zakarki elur-
pera egotzi auena?
Negargarria! Leio-ostean itzalia
bizitz-bizitza uan garra!...
Ire eguzkiaren illunabarra!
Betiko il argi guztia!...
Ega, bai, ega! Oro zegok otz, bai bakar;
oro, bai, ene!, zuria!...
Non yana, ta aterperik non, txoria,
billa arren adarrik-adar?.
* * *
Gose-nekeak aldurik, elur-gaiñean
etzin da; ta arin, geldiak
deituta, gogapen negargarriak
egotzi zaizka taldean.
Iñoiz ikusi dezute tximirritarik
iltzeko yausitakoan,
xomorroek yana nola dagoen
azkenak egin eziñik?
Bero gozoa! Yantoki alez betea!
Laztan eztiak goizean!
Agur, agur!... Oi! Eriotz-aurrean
etsipenaren nekea!
Iñoiz kabirik egin-gabeko gaxoa!
Elurretan, or, txoria,
epelak ogetuta, ire kabia...
leenen bai azkenengoa!...
Elur ta elur: elurra, eten-gabean:
illuntze beldurgarria!
Astindu nai... Ega nai... Ai, txoria!,
elurra beti soiñean!
Aleak une, diardu, nagiz, Aldiak
yalkitzen artaburua...
Agurea baita, dar-dar eskua,
logura, berriz, begiak...
* * *
Il nai, ezin il...Gauaren azkengabea!
* * *
Eguna?... Bai, nekezkoa;
ur-esnea baiño motelagoa...
Eguna noizbait, ordea!
Il-aurreko indar-ondarrak zuzpertu?... Beintzat
txoria leioruntz doa,
mozkorki —alatsu udazken-ostoa—
egun nekez yaioaz bat.
Mokoz bai egoz otoikor astindu ditu
leiarki lausoz beteak...
Ai, beiñere ezpalu zorigabeak
begiaz laiñoa urratu!
Margoz, bikaiña; eztarriz, abeslaria;
bigunki, barru gozoan,
zatarretsiaren kaiolatxoan,
lo dago beste txoria...
Errukarria! Bein eta berriz, alena!
Nondiko gezi zorrotza
bat-batez eldu zaik egan, biotza
yosteko guztiz zuzena?...
* * *
Leio-arrian yausi zan,— lauso begiak,
zutiturik errotxoak:
beatzak biurri, zabal egoak,
arroturik egakiak...
1925
|