VIII Olan odola
Urdanibitar gudariak Azturiagaruntz joan ziranean, Ixtebe, Yoanesek agindu zion bezela, etxean gelditu zan. Bere alaba Yolanda lapurraren atzaparretatik kendu ta suge flamendar ori aztalaz lertzea gogoan asmatzen zualarik, Manueltxoren esana siñistu izan zuan. Aurraren esku lañoaren pean gizon mardula makurtu zan. Bere ayez ta oldarraren ordezkariak joaten utzi ta, berak olaren aldera jo zuan ta langilleri biaramonerako aginduak ematen, oi zuan bezela, asi zan.
Morroiak lanari jardun zegozten, ixill-ixillik, jabea noizetik-noizera begiratzen zutela. Laixter ke beltz eta nasaiak ola guzia bete zuan ta labeak asi ziran burrunbaz suaren indarraz. Ordurarte txirularen abesti bigunaren pean lokartuak bezela zeuden alderdiak esnatzen ziran trumoi ta intzirien artean.
Azkenengo labea piztu zutenean, Ixtebe joan zan kanpora.
Gau zabala zan; bazter guziak ixillik ta illunpean suntsituak. Bakarrik, jabeak nabaritu zuan bere yauregiaren goiko bizitzan, bere ama ta alaben gelaren parean, leioen artetik argia zeriola. An norbait Jainkoari otoiez Yolandaren gatik zegoela asmatu zuan.
Ondarribiko eleiza-dorretik gaberdiko amabi ezkill-otsak orduan jatxi ziran.
—Gaberdi! —esan zuan gizonak—. Oraiñ nere gudariak Azturiagako arkaitzetara elduak dira. Baña Flamendarren ontziak non dabiltzkit?
Nora nola zijoan ez jakiñez Ixtebek artu zuan itsasorako bidea. Bere olara urak zeramazkion ugaskaren bi aldetatik aizeak arto-zango igartuak elkarri jotzen zituan ezur malgor batzuen otsakiñ. Itsasoa beeratzen asia zan.
Legorraren azken muturrera urrendu zanean Azturiagako aldera begira luzaro gelditu zan; baiña alperrik... An, urruti, itsaso zabalaren argi illunaz josia zekusan yauregiaren orma... Baiña iñon ez ontzirik, iñon ez, lurrean edo ur gaiñean gizonak guduan ari zirala asmatu-eraz zezakion agiripenik. Jesus maitea! Urdanibitarrak berandu zuten edo? ta bere Yolanda kutuna, bere bizitzaren izarra, betikoz galdua ote zeukan? Ai! zergatik, Jordaensek bere maitetasuna aitortu zionean, gizon orrek biotzean zekarren asmo beltza berak etzuan usmatu? Zegatik etzuan bere aiaba nonbait giltzpean gorde edo nolaz an bertan etzion Flamendarrari bere olako maillu batekiñ bizkarrezurra autsi?
Baiña batez ere bere gogoakiñ zion: «Jakiñ izango banu, nik Yoaneseri ez nion ukatuko Yolandaren laguna izatea. Orrela egiñez, atzerritar oriek etziran ausartatuko, senarraren bildurrez...». Ta oraiñ, Yoanesek bere saill gogorra bururatuko bazuan? bere alaba galbide izugarri ortatik kenduko bazion? Yolandaren eskua ordurarte bezela ari ukatzeko bekokia berak bai ote leuke? Ez! ez! Joanak joan! Bere bildotx galdua ekarri zizayola ta bieri ezkontzarako baimena emateko asmoan zegoen!...
Orrela zerasalarik, bapatean Ixtebe ikaratu zan... An, Azturiagako arkaitzen ondoan su aundi bat pizten ta zabaltzen ikusi zuan. Gar ura, zer ote zan? artzayak, batzutan, illarre ta oteak erretzeko pizten dituzten su aietatik bat edo? Baina, arkaiztartetan illar eta oterik eztago! Zer zan bada?
Garra aundituz ta argi ta nasai egiñaz zijoan; bere olan zekusken burni abarrez betetako labe bat zirudian...
Ta berealaxe, itsas-aizeak jotzen zualarik, Ixtebek ageriki ikusi zuan suaren erdi-erdian ontzi aundi bat erretzen, bere oial-aga ta zur puxka guziekiñ...
—Ontziak! —ots egin zuan— Flamendarren ontxiak sutan!
Pozaren pozaz zoratua bezela, bi besoak gar eder aren aldera goratu zituan ta eskerrak Jainkoari ematen zizkiola laster egin zuan etxera.
Olako jabea bere lurren muga barrenera sartu zanean, yauregiaren leio ta ate guziak zuziz argituak zirala nabaritu zuan. Etxaurreko zelai ta basoaren artean ere argiak ara-onera zijoazten. Alde guzietatik etxeko jaunari dei ta otsez Urdanibitarrak bazenbiltzen. Azkenekoz norbaitek ikusi zuan ta oiu egin zion:
—Jauna! jauna! Zure alaba aurkitu dute!
—Emen ote dago? —galdetu zuan.
Mutill koskor bat aurreratu zitzayon, esanez:
—Laixter emen ikusiko duzu. An dago, Azturiagako yauregian, gure gizonen esku pean. Nere anaiak Bella Amberesa arkaiztartera yaurtiki-ta, Urdanibitarrak ontziaren jabe egin izan dira. Lapur tzarrak, batzuk ill ta besteak yauregiko zuloetan, katiez josiak, sartu dituzte. Oraiñ bertan onera etortzekoak dira ontziari su emanez-kero.
—Baiña sutan dago ontzia! Neronek, ibai bazterretik ikusi dikat!
Ta aserreak botza ikarazten ziolarik galdetu zuan:
—Ta Jordaens? Ipernuko suge orrez zer egin ote dute?
—Zer egin? —erantzun zion Manueltxok, parrez—. Bear bezela sokaz ertsi ta presondegi batean itzaleratu du Borttolek, orren egitekoa emen zuk garbitu bear dezula esanez.
—Zai niagok —erantzun zion Ixtebek—. Orain, zuok, emakumeak, zoazte zuen geletara, ta zuok, mutillak, lanera! Ni olan geldituko naiz gure gizonak etorri arteraiño.
Urdanibitarrak Bella Amberesari sua lotu ziotenean, Philippus Jordaens bere zulotik atera zuten.
—Debruaren ume ustela! —esan zion Borttol Bordatxok—. Uste ukan baiño lenago Urdanibira biurtu bear dek... Ik anima bat baldin al badek, ura ire jabe deabruari gomenda zayok.
Flamendarra, arpegia bildurrez zurpaildurik ta ortzak kurrixka, zegoen. Soiñari inguru lokarri berriak josi ziozkaten ta ostikoka maldari beera Urdanibiri buruz bulkatu zuten.
Ordu artan ola guzia langillen joan-etorri ta lankaien otsaz bete-betea zegoen. Uraskaren azta edo pisuak zarabillen gabi astunak burrunba izugarri batekiñ jotzen zuan burni-maia.
Borttolek Flamendarra lepotik artu-ta, esan zion nagusiari:
—Orra, Ixtebe, non daukan lapurra!
Etxeko jaunak burua biurtu-ta Jordaens ezagutu zuanean, orru samiñ garratz bat egin zuan ta eskupean zeukan burni maillu aundi bat artuta ura goratu zuan etsaiaren buru gainean.
Kask izugarri orreri iges egiteko, Flamendarra jauzkatu zan Borttolen aldetik olaren zola-zolaraiaño, burni maia astiro jotzen ari zan gabiaren ondoan, ta, an, ikatz meta baten gaiñera erori-ta ots egin zuan:
—Ixtebe! Ni emen ire etxearen itzalpean niagok! Euskaldunak eztik beiñere iltzen bere etxean arrotza!
Itz orik aditzearekiñ Euskotar zintzoa ikaratu zan... Geldi geldika burni maillua beeratu zuan... ta lurrera jaurtiki.
Ta Jordaens, lotuak zeuzkan zangoen gaiñean tente jarri nai izan zan, baña oiñ petik lerratu zitzayon ikatz puxka batek berriz irailli zuan, beti gora-bera zijoan gabiaren azpira.
Buruaz jo zuan burni maya, ta ortik ateratzeko astia izan baiño len, gabi astuna gaiñera erori zitzayon, burua lertzen ziolarik lazkagarrizko odol ta muiñ txapasta ta ezur autsien karraskaren artean...
Ikusle guziak arrituak gelditu ziran. Baiña bere inguruan ixillik zeuden langille ta gudarieri etxeko jaunak Flamendarraren gorputz burumoztu ta odolestatua eskuaz erakutsi-ta esan zien:
—Orra olak berak egin duan lana! Olak garbitu nai izan du Urdanibiko omena!
|