II Ola
Iñoiz ere, ainbeste mutill sendo sortzen dituan Gipuzkoako alderdi ortan, etzan ikusi Ixtebe, Urdanibiko ola zarraren jabea bezelako gizon eder eta mardulik. Basajauna bezain aundi, sorbaldak gora, burua tente, arpegia gorri Andoaingo sagar gezagorria bezelatsu, ta illea luze ta gorbeltz azillako gaztena zoliaren antzera. Aren beso zainar ta lodiak bezalakorik, gutxi. Zaragoill edo galtza motzen azpian, zangoak narruzko lotkarriz ertsiki josiak zeuzkan. Ura zan, ura, itxuraz, egizko nekazari ta ola-gizon seme euskalduna!
Baiña gorputz gora ta bular sendo orien barrenean biotz bat sasiko marrubia bezain guri ta biguna zekarren; ta bekoki kotor orren mamian, gogo zuzen eta zura. Oian-gizon bat zirudian mutill eder ark, aurtxo emearen gogo biotzak zeduzkan.
Bizitza elkarrekin eramateko, bere ogei urtetan autatu zuan lagun liraiña gazterik obiratu zitzaion; baiña, Jainkoaren maitetasun ta bildurra biotzean zekarren kristau ziñezko orrek naigabe samiña bere zeruko Jabearen eskutikako doai edo emaitza bezala artu zuan, ta geroziik bere gurutza Goiko atsegiñen itxaropenakiñ bazeraman.
Zorionean bizitu izan zan lau urtetatik oroimen bezela gelditzen zitzaiozkan iru alaba gazte, bere ama zarrakiñ etxean zegozkionak: Yolanda, Luixa eta Ixtebana. Iru maite-maite oriek Urdanibiko barren-lanak bere lepoko zeuzkaten.
Etzan ori egikizun txikia! Jakiña da oletako otamenen ondoan mutur-zuri asko ta asko gogotik bazabiltzala. Olako ikatzetan erreak zeuden jatekoak beste sukaldetako suan egiñak baiño gozotsuagoak zirala zioten. Oregatik, ta Euskaldunen biotz ona ta esku zabala ondo jakiñaz, Ondarribi, Donosti, Pasai edo Debako portuetara zetozen itsas gizon arrotzak Urdanibira astiro jotzea oi zuten, olamen aberats bat iresteko asmoan. Flamendarrak batez ere orrelako joan-etorri batek etzituan beiñere asperzen. Eguarditarako (apaiza bezain xuxen) Urdanibiko maian zeuden. Olako langillentzako urdazpi edo ariki zatia beti errea zagon, baiña kanpotarrentzat beste jan-gai mordoxka batzuk berezituak bazeuzkaten: Oyarzungo auñ edo Jaizkibelgo erbiren bat. Ardoa, Xabierreko napar ardau sutsu artatikakoa. Nexkak jatekoa, ta morroiak edaria maiara ekarri oi zuten.
Aparia gabaz egiten zanean atzerritar asko Urdanibian gelditzen ziran, batez ere ardau napar geiegi gurkatuz oiñez edo zaldiz ibiltzeko gai etzeudenean, ta sapaiako lasto edo belar mondoietan bear bezelako atze edo oeak aurkitzen zituzten. Eguarditakoa zanean, maitik ateratu ta olako lankaieri ikustaldi bat ematera bazijoazten, estea nik eztakit edo berotu edo arindu egitekotan.
Beraz, 1623 garren urteko Eguberri aurregun batean, Urdanibiko yauregian bazkari gaitz aundi bat egin izan zan. Goizean goiz, Ondarraitz parean bi ontzi aundi agertu ziran ta laister Ondarrabitar ogei mutillek sokekiñ lotuak olako portutxora ekarri zituzten. Lidwina ta La Bella Anberesa zeritzen ontzi orien jabea zan Philippus Jordaens, Brujasko itsas-gizon aberats aipatuaren semea, ta bera Urdanibira bazetorren, beartu zituan burniak billa.
Brujasera zijoazten Euskaldunetatik zeiñek ezagutuko etzuan ango Euskal-Etxera astiro zebillen mutill ille-gorri ta arpegi guritsu ura? Ark ere beste Flamendar askok bezela, ango zelai ertzean, jai egunetako arratsaldetan, gure euskotar yauzi eta dantzak eman nai zitualarik, gure itsas-gizonak parrez lertuak edukitzen zituan:
—Gizona! —zioten— eztek ori euskal dantza! Ori dek artz-dantza!
Bai, artz bat zirudian: artz gorrailtsu gizen bat...
Urdanibiak Flamendar sal-erosleari batzarre ta ongi-etorri egin zion. Etxeko-jaunak ezkaratzean bazkari aundi nasai bat zerbitzarazi zion, ta egia esan bear bada, Jordaensek jakiak etzituan tzakurrentzat utzi: guziak, bada, itsasoan barrena igaro zituan lau astekiñ ederki gosetua zekarren urdai zabal artan iretsi.
Bazkaldu ta gero Ixtebek olara lagundu zuan, ango lan ederrak bere begiez ikus zitzan, mutillak bi ontzietara sorbalden gainean burni zamak eramaten zituztelarik.
Ordu artan, bere su-labe guztiak garretan, ola oro ikara, tximixta, ortziri, ke ta burrunba egiña zagon. Goizean goiz olamutillak amabi krisaillu edo labeak aurreguneko ikatz eta autsez ustu ta berriz, aoaraiño, mando zamaka Oyarzundik ekarritako burni-ga samarrez bete zituzten, ta gero azpitik piztu.
Flamendarrak olan sartu ziranean, laben aotik gar luxe urdinzka batzuk atera asitzen ziran, ta oieri bidea itsitzekotan mutillak buztin-lurrez eginikako opillakin zuloak estaltzen ziezkaten. Soiñ edo gorputza erditaraño billuziak, besoak loi gorriz orakatuak ta arpegi guzitik izerdia zeriela, ikustekoak ziran langille bikaiñak! Ore gorriz ogi oratzen ari zitezken okiñak baziruditen!
Beste batzuk ikatz auts ta burni puxkaz otarreak bete ta, kanpotik ke-biden barrena botatzera bazijazten ta orduan ots aundi bat entzuten zan labearen erraietan: burni zamaren erori astuna ta ke-zuloaren buruan su-txingarren txirria.
Ura zan laben bazkal ordua. Bere sabel-soro beltzak meaz zintzurreraiño ondo anpatuak, an, goian, bere ao gosetu ezin asegarriak irikituak zeduzkaten, ola mutillak egotziko ziezkatenak aopaldi batean gantzabeera iresteko.
Sartzean, Ixtebek bere ola-zayari otsegin zion:
—Esak, Txomin... Labe oietatik bat laixter iriki dezakek edo?
—Bai, lendabizikoa oraintxe, burni abarrak bi orduz geroz jaurtiki diozkagu-ta. Gero, eguarditan bustiñez estalerazi dedan bigarren aren aldea.
Esan eta, Txominek oiu egin zuan:
—Ea bada, mutillak! Lendabizikoari zillarra ken!
Zillarra izen pollit ori, zillarra bezalako argi zuriz josia labetik jarion mea urtuari, gure ola-gizonak esan oi zioten.
Labe aoaren aurrera burnizko aska luze bat ekarri zuten. Ixtebek orduan bere laguna andik eiñ bat basterrarazi zuan, langilleak labearen atea orratz luze batez irikitzen zualarik.
Izugarrizko burrunba aditu izan zan. Tximixta-argiaren antzerako sutargi bizi-bizi bat sortu ta jaso zan:
—Orra zillarra! —esan zuan Ixtebek.
Labearen atetik, galgaraka, zillardun erreka bat bezela, burni urtua zerion. Aran inguruan olagizonak, arpegi ta bular ta besoak ikatz ta kedarrez zikinduak, an zeuden, begira, ixillikan, arrituak nola berok, gizon beltz ta loitsu oriek, aiñ argi garbia illunpetatik atera zuten.
Pixkaka-pixkaka, zillar txirripa agortzen zalarik, turmoi ots samingarria bigundu zan. Bakarrik txinparten irrintzia aditzen zala, illunabarrak berriz gela guzia suntsitzen zuan. Gero, labearen barrenean burni zamak erortzearekiñ egiten zuan burrunba entzun zuten.
—Oraiñ ura bota! —agindu zuan Txominek.
Bi langillek urez betetako ontzi bat ekarri-ta burni gorrituari jaurtiki zioten. Orduan berriz labea gaiztatu zan. Asi zan marrakaz eta irrintziz, ke zuri nasai bat aotik zeriola. Lenago gure menditarteko arpe ta zuloetan zebiltzen basa-suge lauburudun izugarri aietatik bat zirudian. Gero, alere, geldi-geldika barretu ta ixildu zan, iltzera dijoan leoi zauritu baten antzera.
Txominek oiu:
—Zamarra ken!
Arotz mardul gazte batzuk, orduan, bere burdiñaga luzez, labezolan zegoen zama jo ta zatitu zuten, ta Matxardakiñ artu ta urak zarabillen gabi edo maillu azpian sartu.
Naza-zayak ordu bertan urari bidea iriki zion: ur-aska berealaxe bete egin izan zan ta maillu burua jo ta ustu-ta berriz bete ta jo... Ola guzia gabiaren arraboteaz ikara-ikara zegoan, burni azalari aize-arkak bere butz indartsua ufaka jaurtikitzen ziolarik. Orrela zamarrak zekartzan utsuneak zapatu-ta, burniari loturikako ikatz edo egur abarrak kentzen ziozkaten, zama guzia leuna ta biguna gelditu arteraiño.
Azkenean, langilleak, berriz matxardaz zamarra tinkatu-ta lurrera egotzi zuten, Erromako gudatokian lengo gudariak bere etsai garaitua zelaira-etzan oi zuten bezala. Ta bere beso beltz ikastatuaz, bekokitik jeixten zeien izerdia, ufa! egiñaz, ugindu edo txukatu zuten.
Jordaens flamendarra arritua zegoan. Ixtebek esan zion:
—Philippus, zure errira biurtuko zeranean, gure Gipuzko ta Bizkayako mendien arkaitzak nere olan puxkaka-puxkaka, sartzen ta gero andik burni zama eder egiñak ateratzen ikusi dituzula esan dezakezu.
Flamendarrak aditu ez bezala egin zion. Burua apaldurik, zorrotzik begia, olako ateara urbildu edo urreratu zan; ta kanpoari begira zegoan.
Ordu artan, iturrirako bidearen barrena nexka pollit liraiñ bat, sulla buruan, oin utsik ta gona motzaz apaindurik, etxearuntz zebillen. Esku bateaz sulla mototsaren gainean tente zedukan, ta beste besoa ankezurrari legunki lotua zeukan.
Nexka ura Yolanda zala, irakurleak errexki asma dezake.
Arrotzak Yolanda begiratu zuan luzaro... oi luzaro; ta etxe barrenera sartu zanean, asperenez, Ixtebe gana biurtu zan:
—Bai —esan zuan—... Ori aipa nezake... Baiña beste gauzaren bat ere nik an esango det, ta auxe da: Zure etxean nere aberriko mutill gazte bat sar diteke, biotza zure burni ori bezain otz eta gogor daukala, baiña atera ezin leite bere biotz au zure miak bezala autsi ta puxkatua utzi gabe, zerbait bere begiez ikusi duanean...
—Zer ba? —esan zion Ixtebek.
Flamendarrak erantzun zion:
—Zer? Zer, diozu?
Ta begietatik tximixtak zeriozkala, ots egin zuan:
—Auxe bakarrik: Yolanda zure alabaren ille urrezkoa ta beraren begi urdiña!
|