Ziñaldaria
—Baiña goserik ez dozu ala? Aspaldian jakan zagoz, ene andra ori, eta osagille bateri dei egin bearko deutsogu.
—Jakan be ez nabil, baiña gitxiaz naikotuten naz. Emakumeak ez dogu bear zuek aiña. Ba dakizu urde goseak ezkurra amets dauala; gose banintz, patatak eta indabak jango neukez.
—Zurbil ikusten zaitut ganera. Jan egizu gura dozuna. Olakoxe barriketa erabilli giben etxean Mendigoiko ezkonak. Andreak ez giban jatorduetan ezer be jaten eta gizona larri egoan. Egunak joan egunak etorri, beti bardin. Solora zuzendu ziran ba. Atxurrean ebiltzan bitartean, emakumeak deadar egiten eban baten bategaz izketan balegoan: —Bai, oraintxe noa; itxaron egizu, or etxean daukot eta.
Arin etxera zuzenduten zan, gizona soloan itzita. An iñor ez egoan, baiña sartu sutondora ta oillo zuriaren gorringo biko arrautza ta txarriaren urdaiazpikoa prijiduten ebazan. Ogi apatzagaz gero txurrut be edanik, betebete egiten giban urdailla.
—Or bestaldeko Petra etorri jat umearentzako mantzanilla billa, gaixorik dauko bata. Emon deutsot etxean egoan apurra. Osatuko al jake.
Senar gaixoak dana siñistuten eutson.
—Bai, zoritxarrekoa izan da Petra ori bere umearekín, beti gaixorik euki bear.
—Ori esan egizu ba.
Egunero egiten eban emakumeak olako tranpea. Gero ezin jan indabarik eta patatarik. Gaztaiñak eta azak gizonarentzat; berak esne epela, garabantzuak eta gaztaia bakarrik jaten ebazan.
Egunero solotik etxera joaten zalako, gizonari zurrumurru sartu jakon barruan, ainbeste joan—etorrigaz. Egun batean atzetik jarraitu eutson eta sutondoan zer egiten eban andreak ikusi be bai. Ixillean itzi eutson eta gabean jakan egoala ikusi ta esan eutson:
—Marija, kolore txarra daukozu. Agoan barriz, usain txarra nabarituten deutsut. Zatoz onantza ea.
Eta suurra arrimau eutson agoraiño.
—Zuk gero arrautza usaiña dariozu, baita txorixo ta txarriaren urdaiazpiko giarrena be. Ez da olakorik izango gero?
—Jesus milla bidar, pentsau be olakorik. Zer uste dozu gero. Ai ene bada, ni naz errukarria. Etxekaltea nazalakoan zagoz eta.
Aren negarrak eta zizpuruak! Senarrak bakeak egiteko usaiña bakarrik izango zala esan eutson, berak be trabenan jan ebala arratsaldean txorixoa eta.
Urrengo egunean ez zan atrebidu gure Maria solotik etxera etorten, baiña laster barriro leengoak egitera jo eban.
—Bai, oraintxe noa. Jesus, beti neuri gedarrez dabiltz orreik. Bakean be ez deuste itxiko. Geure soloan bedarra ta kardua izango da urrengoan ba. Uiñutzako Kasilda dalakoan nago.
Eta tanpatan-tanpatan, etxera joan zan. Aren poza barriro sutondoan, eskaratzean aurkitu zanean. Bakean oillo zuriaren arrautza jango eban. Prijidu ebazan txorizo bi, arrautza eder bat gorringo bikoa. Baiña leenago illenti bat, suak gorritu dauan zotza artu eta asi zan onelatxe:
—Urdail ori barriro be salatari izango ete az? Salatari malatari, apez—usku milikari.
Zotza agoraiño eroan eban. Baiña leiotik senarrak ots egin eutson:
—Maria, zer da ori? Urdailla ez jatzu salatari, neure garrote au izango ja tzu salatari. Jakan e? neuk emongo deutsut zuri jaten. Ea solora. Konke gaixorik bestaldeko umea, ezta? An izan ziran garrantziak eta deadarrak. Soloko karduak kendu ebezan bai, laster eta emakumeak jaten ikusi be bai. Azak, patatak eta indabak ederto jaten ebazan gero.
Andrearen tranpak etxeko ondamenak. Emakumea ta katua beti non sartuko mosua.
1931-VIII-11
|