LEHEN GERTALDIA
Joka-lekua:
Gobernadorearen bulegoa.
(Durfort gogoetatua, eskuin eta ezker dabila... Entzuten da ate xilintxa bat)
PINTO: (Agertuz... Sar-atera guzitan, burua ukurtuz agurtzen du) Jaun gobernadorea...
DURFORT: Zer da?
PINTO: Zure andere ohoragarria da hemen.
DURFORT: Errozu sartzen ahal dela. (Pinto ateratzen da)
MARGRET: (Agertuz minberaki mintzo) Ez zirea oroitzen bihar ortzeguna dela, eta ortzegun guziez, Nika gure alaba eta lau sehiekin joaiten girela, egun pasa, Kanboko uretarat? Ala sobera zauzkitzuia zure alaba eta emaztearentzat egiten dituzun diru xahutze pizar horiek?
DURFORT: (Bizi-bizia) Pizar horiek? Pizarrak deitzen dituzuia... Zu eta Nika, zuekin joaiten dituzuen lau neskatoak, zuen segitzaile igorri behar ditugun gizonak, lau zaldi ta karrosa, horien guzien egun osoko gastuak?... Eta gainerat, zuen denen arropatzeak... eta aste guziz arropa desberdinak!
MARGRET: (Suminduki) Zu, Angleterrako erregearen ordaina, Euskal Herri guziko gobernadorea, zu zirea hola mintzo?
DURFORT: Ni, ba ni!
MARGRET: Zure meneko diren inguru-jauregietako jaunak, Hazparneko Zalduya, Urruñako Urtubi, Sarako Lahet eta bertze, bi zalditako karroz dira etortzen Kanboko uretarat. Ez ahal zinuke nahi, gobernadore jaunaren andere eta alaba, haiek bezala, bi zaldiz joaitea? Nun liteke zure gradoari zor zaion errespetua?
DURFORT: Gaur segur hemengo jendea ez da mintzo zuk uste duzun bezala. Bainan diotena da, heien bizkar eta heien izerdiz girela gu handizki bizi. Jada askotan erran dautzut ez duzula deus konprenitzen politikan... Hori, ene ildoa da eta ez duzu zuk hortan sartzerik.
MARGRET: (Mingorki) Zuk bezenbat eta, hainitz sailetan, zuk baino hobeki dakit nik, nola doan hemengo politika. Galda zozu alabari, ea ez ote giren gu politikaz usu mintzatzen, Kanboko uretan, hor gurekin elkartzen diren euskaldun buruzagiekin!
DURFORT: (Idor) Hanbat gaxto hori hola balin bada. Hortakotz ere, ez dut batere begi onez ikusten, zuek biak Kanborat joaitea.
MARGRET: (Nigarrez) Gaixo gure Nika! Alaba bakarra dugu... Ezkontzeko adinean... Hor, Kanbon, badu padara, handiki-jaun batzuen ezagutzeko... beharbada haietarik batekin bere biziko arrimuen egiteko...
DURFORT: (Kexu) Bakea eni xoxokeria horiekin! Ez da euskaldunetan aski gorako gizonik, gure alaba emaztetzat ukan dezakenik... Bertzalde ere, gure politikari ez zaio holakorik gomeni.
MARGRET: Ezkontzekotz, gizonak behar ditu ezagutu. Hor ez bada, nun ba ote? Erradazu nun eta zoin gizonekin sar daiteken harremanetan!
DURFORT: Ordua etorriko delarik, senargai bat hautatuko diogu.
MARGRET: Ba, eta hura ez balin badu bere gostukoa?
DURFORT: Gure Nikak eginen du bertzek bezala: Senarra baitan on zaizkonak goza eta gaizki zaizkonak... jasan. (Ate xilintxa joiten dute, bainan ez batak, ez bertzeak, ez dute entzuten. Magret nigarrez hipaka. Pinto agertzen da... Apur bat ixilik dago... Eztulño batez, hor dela salatzen du)
DURFORT: Ha, hor zinena? Zer da berri?
PINTO: Jaun gobernadorea... jaun bat.
DURFORT: Ongi da. Errozu sar dadien. (Pinto ateratzen da)
MARGRET: Ez ahal dautazu biharko ezetza emanen!
DURFORT: (Zainetaratua) Lepo zintzurreraino asea naiz zure mindulinkeriez! Zato hunat... Baratzeko atea idekiko dautzut, hortik aterako zira.
PINTO: (Wilson sar araziz) Jaun gobernadoreak erran du jauna sar daitekela.
WILSON: (Agertuz) Jes! Bainan... nun duzu hemen jaun gobernadorea?
PINTO: (Leihotik so eginez) Baratzean da... (Wilson agurtzen du, bi eri altxatuz) Intelligence Service!
WILSON: (Berdin bi eriz agurtuz) Intelligence Service. Zurekin ere egoiteko xedearekin etorria naiz. Gure ixpiungo zerbitzuak arras kontent dira zure lanaz... Hola-hola hurbildik ixpiuna-zazu gobernadorea: Zer nori erraiten duen, nor duen buruz buru ikusten, guk jakitea on litezken xeheteria guziak... Oraidanik, zure hilabete saria doblatzen dautzugu.
PINTO: Bihotzez esker mila, Wilson jauna.
WILSON: Eta orai ixilik! (Agurtuz) Intelligence Service!
PINTO: (Agurtuz) Intelligence Service! (Ateratzen da)
DURFORT: (Agertzen da) Ha! Zu zinena atean, kapitan Wilson? Otoi barkatu! Atezain bat badugu hemen, ez baita munduan ttulagorik. Ez horri galda norbait nor den edo zer erran dion.
WILSON: Zer nahi duzu... orotarik bagira lur gainean.
DURFORT: Zu, Wilson jauna, hemen berean ikusi zaitu gutienik hamar aldiz. Baiona guzian jendek ezagutzen zaituzte, kapitan Wilson, gure gizon armatu guzien buruzagia... Bainan uste duzuia, atezain talo horrek, salatu ere dautala zu zinela gure atean? Ja!
WILSON: Zerbitzari ixilak izaiten omen dira zintzoenak.
DURFORT: Segur ez du hunek gure etxea galduko. Ez haatik gizenduko ere... Dena den, berriz ere barka, kapitan Wilson, ez bainaiz agertu ate-sarrerat. Noiz itzuli zira Angleterratik?
WILSON: Atzo arratsean sartu ginen hemengo portuan.
DURFORT: Ta? Zer diote Londresen hemengo gorabeherez? Minixtroak zer dio guk hemen hartu erabakiez, eta ditugun xedez?
WILSON: Denak errotik onartzen ditu eta bere goresmenak igortzen dauzkitzu gutun hunen bidez. (Emaiten dio gutuna) Ongi zaio Euskal Herria bi zatitan ezar dezagun: Baiona alde batetik, gaineratekoa bertzetik. Ongi zaio ere aduana bat munta dezagun Baiona inguruan, dirua biltzeko, hunat sartuko edo hemendik aterako diren salgailuak tatsatuz.
DURFORT: Jukutria pixka baten bidez baionesak fagoratuz, errex izanen da sumindura piztea baiones eta bertze euskaldunen artean. Elgarren artean nahasiko dira... Guretzat, hobe, anartean bakea emanen baitaukute. Beharrik ez dira ohartzen euskaldun zoro horiek, nola malobratzen ditugun! Jadanik Miarritzeko auzapeza ene saretarat bildua dut, bertze zonbaitekin.
WILSON: Hobe, hobe! Bide onetik ari zira eta, berriz ere, Londresen arras kontent dira zutaz. Gaurko zure zerbitzuek, gorapeneko ateak zabaltzen dauzkitzute.
DURFORT: Hola Londresen notatua izaitea, atsegin eta sustengu bat da neretzat... Bainan halere pentsatzen dut ez dituzula bakarrik arrosak ekarri eni eskaintzeko... Artean, zonbait arantze ere menturaz badaitezke!...
WILSON: Ez, ez... Ba... ez deus bat... Oharmen koxkor bat baizik ez... zera... zure alaba.
DURFORT: Ene alaba?
WILSON: Ba. Ez dakit ean jakintsun zirenez nola hor, Kanbon, elkartzen diren euskaldun buruzagi batzu, zure andere eta alabarekin...
DURFORT: Eta gero?
WILSON: Kanborat jiten da ere Amayur jauregiko premua.
DURFORT: Ongi ezagutzen dut Amayur nafar hori. Baionako portua, dakizun bezala, Nafarroak hainitz baliatzen du bere itsasontzientzat. Eta, Amayur horrek tratu handiak egiten ditu hemen.
WILSON: Ba, Nafarroa ez da gure meneko. Bere gain bizi da. Nola Nafarroan ere jendea baita euskalduna, Amayur horren ametsa da, euskaldun guzien bateratzea gobernu bakar baten azpian. Hortakotz da gure kontrario amorratua.
DURFORT: Horrek zer ikusteko du ene alabarekin?
WILSON: Diotenaz, Amayur horrek baluke begitarte zure alabarentzat. Eta Kanboko ur-etxe hori bilakatua da gure kontrako liztor kofoin bat.
DURFORT: Ha... hortan girea?
WILSON: Ba, eta zure alaba hola jarraikitzea liteke kaltegarri zure aintzinamenduarentzat.
DURFORT: Ez hortaz egin odol gaxtorik... Hitzemaiten dautzut makurbide hori berehala zuzenduko dudala: Orai beretik jakin arazten diozu minixtroari. (Ate xilintxa entzuten da)
WILSON: Ez duzu fitsik galduko... irabaziko baizik.
PINTO: (Agertuz) Jauna... jaun bat.
DURFORT: Ezagutzen duzuia?
PINTO: Jaunak ezagutzen du.
DURFORT: (Zainetaratua) Kaka zaharra! Galdegiten dautzudana da ean badakizun nor den.
PINTO: Dirudi dela Baionako jaun auzapeza.
WILSON: (Durfort-i) Hura balin bada, zure baimenarekin, nahi nuke nik ere bera ikusi.
DURFORT: Nola ez? (Pintori) Errozu sar dadien. (Pinto ateratzen da) Hori gizon kurkuila! Asto zaharra!
WILSON: Zergatik zira hola kexatzen? Ez ahal dakizu astotik ez daitekela atera astoarena baizik?
DURFORT: Astoarena, eta ere bertzen astotzekoa!
PINTO: Puyanes jauna, Baionako jaun auzapeza. (Ateratzen da)
PUYANES: (Sartuz) Agur, agur jaunak! (Elgar agurtzen dute)
WILSON: (Puyanes-i) Pentsatzen dut, zergatik heldu ziren. Preseski zure ikusterat abian nintzen. Nik uste zure gaurko buruhaustea da nola euskaldun arrantzaleak elgarren artean zanpaka ari diren.
PUYANES: Hori bera. Lege bat egin dugu, deliberatuz, baiones arrantzariek, eta haiek bakarrik, dutela ur gazian arrantzatzeko eskubidea. Nola Errobi ibaian, marea joaiten baita hemendik Uztaritzeraino, ur-ibai hori gelditzen da oso osoa baionesen eskupeko. Erran gabe doa, milafrankar, uztariztar eta bertze ingurukoek ez dutela holakorik onartzen. Alabainan, gure legeaz, beren herriko uretan arrantzatzea diotegu debekatzen. Santa sekulan ez dute holako debekurik izan. Hortakotz, kasik egun guziz, Errobi hegiko arrantzaleak, baionesak eskualde batetik, gaineratekoak bertzetik, ari dira elgarren artean jo-zanpaka eta hilka.
WILSON: Horixe bera da guk nahi ginuena!
PUYANES: Ez dut konprenitzen.
WILSON: Gure politika da, euskaldunak ez uztea elgarrekin bat egiterat. Eta hortakotz, heien artean beti nahasketak muntatzea. Hola izanen baitute nun abusa guri oldartu gabe. Ikusten dut atseginekin euskaldun zoro horiek, aho beteka iresten dutela guk eskaini apasta... Banoa... Uzten zaituztet buruz buru. (Elgar agurtzen dute. Ateratzen da)
PUYANES: Zerrikeriako, anglesak errege... Bainan, errak hi, badakik nik bezain untsa, ez dela aduanako diru moltsa baino ilunagorik. Ez duka ikusten nola aduanako buruzagi guziak aberasturik diren erretiratzen!
DURFORT: O.K., bainan zer nahi duk guk egin dezagun?
PUYANES: Badakika nori Wilsonek eskaini zioen aduanako buruzagitza?
DURFORT: Nori?
PUYANES: Hik eta nik ongi ezagutzen dugun Artiga zerri horri? Haatik ez ziok kargu hori eman nahi guk onartu gabe. Hortakotz Artiga gure so ziagok, hemen hurbil duen bere etxean. Haugi berehala. Elgar adituko dugu nola egin tratua... Jada proposamendu bat egina zioiat... Gordezka irabazi sosetarik, hiru zati egin: Bat beretzat, bertze bana gutarik bakotxarentzat. (Ate xilintxa entzuten da)
DURFORT: Ha! Berriz ere heldu zautak ba norbait!
PINTO: (Agertuz) Jauna... jaun bat.
DURFORT: Ongi da, Pinto... Ni apur batentzat kanporat noa... Jaun horri errozu hemen nere goait egoteko... Eta ezin balin badu, datorla bertzaldi batez.
PINTO: Ongi da, jauna. (Ateratzen da)
DURFORT: Haugi to, hi! Hemendik aterako gaituk, baratzeko atetik... (Ateratzen dira)
PINTO: (Agertuz) Huna, jauna, gobernadore jaunaren goait-sala.
AMAYUR: (Agertuz) Bainan, erran diozu gobernadoreari, Amayur jauna zela hemen.
PINTO: Ez jauna, ez bainakien Amayur jauna zinela!
AMAYUR: Hanbat gaxto! (Ate xilintxa entzuten da. Pinto ateratzen da. Amayur bakarrik, harat eta hunat dabila)
PINTO: (Agertuz) Amayur jauna, gobernadore jaunaren alaba da hemen. Bere aitaren ikusterat etorria da. Dio, zuri berdin balin bazautzu, sala huntan egonen dela bere aitaren goait.
AMAYUR: Nola ez? Errozu baietz. Bere etxean dela, ez duela hemen egoiteko, ene baimen beharrik.
PINTO: Ongi da. (Ateraturik, berriz agertzen da Nikarekin) Huna, Amayur jauna, Nika jaun gobernadorearen andere alaba. (Ateratzen da. Nika eta Amayur, biak irriz, elgar besarkatzen dira)
NIKA: Nolaz zira hemen?
AMAYUR: Zure aitaren ikusterat jina... Eta zu?
NIKA: Ni ere ba.
AMAYUR: Aitaren ikusterat jina... edo ni ikusirik?
NIKA: Aitarenganat jina, bihotza beldurrez pil-pil eta... zu hemen aurkiturik, bihotza bietan pil-pil! (Irriz)
AMAYUR: Pentsatzen dut bihar, Kanbon, elgar ikusiko dugula.
NIKA: Ez dakit. Ni beldur ezetz... Aitak ezetza eman dio amari... Orai ageriko nik zer ihardespen ukanen dudan! (Ate xilintxa entzuten da) Ate xilintxa! Norbait bada hor! Beharbada aita... Egin dezagun alegia elgar ez ezagutzen!
PINTO: (Agertuz) Gobernadore jauna. (Ateratzen da)
DURFORT: (Sartuz. Pixka bat harritzen da hor diren biak ikusi-eta. Idorki mintzo) Nika, zer ari zira leku huntan?
NIKA: Amak, zu ikusterat igorria nau.
DURFORT: Ez dea hemen bertze salarik etxekoen artean elgar ikusteko?
NIKA: Hainitzetan, hunat bererat sar arazi nauzu.
DURFORT: Bon... Utz nezazu jaun hunekin mintzatzerat. Eta zaude sahetseko salan, nik deitu artio.
NIKA: Ongi da. (Ateratzen da)
DURFORT: Barkatu, Amayur jauna, badut uste ez zaitudala agurtu ere!
AMAYUR: Orai egina da.
DURFORT: Apur batentzat ateraia nintzen, gure aduana berriko jaun buruzagiarekin mintzatzeko.
AMAYUR: Preseski, ni ere, hortaz mintzatzerat etorria naiz. Baiona da euskaldunen portua eta bereziki nafarrena.
DURFORT: Ez, Amayur jauna, Baiona da angles portu bat. Zuek, nafarrek, ez duzue horren gozamena baizik.
AMAYUR: Bai, gure portua anglesek ebatsi ondoan, orai gurea den portu horren gozamena, diruz pagarazten daukute. Eta gainerat, zuek aduana bat muntatu daukuzue horrarat iragaiteko bidean.
DURFORT: Holakoak dira Angleterrako erregearen manuak, eta ni ez naiz erregearen zerbitzari bat baizik.
AMAYUR: Gure lekuetan, jauna, zerbitzari bat ez delarik kontent bere nausiaz, haren etxetik joaiten da...
DURFORT: Nere kargua ez dut uzten, euskaldunak maite ditudalakotz eta kalte handiagotik heien begiratzeko.
AMAYUR: Dena den, ene izenean eta nafarren partez, zure erregeari erranen diozu, gu, hemendik aintzinat, Pasaiko porturat joanen girela, lehengo tatsen gainerat, aduana hori ere behar balin badugu ordaindu.
DURFORT: Segur izan zaite, Amayur jauna, zure komixionea eginen diodala errege jaunari.
AMAYUR: Pentsatzen dut baietz, eta ere, haren ihardespena jakinen dugula lehenbailehen.
DURFORT: Bai eta ere, Amayur jauna...
AMAYUR: Bertzaldi bat artio beraz.
DURFORT: Bai, bertzaldi bat artio. (Amayur ateratzen da. Durfort bakarrik, zainetaratua, harat eta hunat dabila... Pinto deituz) Pinto!
PINTO: (Agertuz) Jauna!
DURFORT: Errazu, Pinto, zuk duzuia oxtian ene alaba sar arazi barne huntan?
PINTO: Zuk erran bezala egin dut, jauna... Zuk erran dautazu: «Norbait heldu balin bada, hunarat sartzeko, zu itzuli artio».
DURFORT: (Bizi-bizia) Norbait... Norbait heldu balin bada... Badakizu arras ongi etxekoentzat ez dela erraiten «norbait» bainan «ene emaztea», «ene alaba» eta holako... (Eztituz) Eta... erradazu, Pinto, zer iduritu zautzu, Nika eta Amayur buruz buru aurkitu direlarik? Elgar ezagutzen zutela ala ez?
PINTO: Badakizu, jauna, ene ofizioa da atea ideki eta hestea. Ene lanaz kanpo, ni ez naiz deusez okupatzen.
DURFORT: (Erdi haserre) Bon, bon... Ongi da... Errozu Nikari sar dadien. (Pinto ateratzen da. Durfort bakarrik) Begiak ba, eta ez ikusten... Beharriak ba eta ez entzuten... Hau asto ziria!...
PINTO: (Agertuz) Jauna... Andere Nika. (Ateratzen da)
DURFORT: (Idor) Errazu, Nika, zertarat etorria zinen hunat?
NIKA: Amak igorri nau zuri galdegiterat ean biharko ukanen ditugun ala ez zaldiak eta karrosa...
DURFORT: (Haserre) Orai beretik ihardesten dautzuet bieri: Ezetz, ezetz eta ezetz! Ez bihar, ez eta nehoiz gehiago!
NIKA: Zer, zer duzu, aita, hola kexatzeko?
DURFORT: Zer dudan? Ez ahal dakizu nola zabiltzan Amayur horrekin? Eta ez eni erran, uste gabetarik zireztela barne huntan buruz buru gertatu!
NIKA: Bizkitartean, aita, hori hola da.
DURFORT: Ez dut nahi mutil hori gehiago ikus dezazun!
NIKA: Zergatik, aita? Zer gaizki egiten dugu?
DURFORT: Zergatik diozu? Ez ote dakizu Amayur dela anglesen etsai errabiatua? Hori dela Euskal Herria libratu nahi luken lehen burua?
NIKA: Eta gero zer? Zure politikak behar ote du manatu ene amodioa?
DURFORT: (Haserre) Zer?... Ene politika, diozu? Ene politika ez ote da ere zurea? Zuk eta nik, gaur jaten dugun ogia, gaur dugun gradua, ez ote dugu anglesenganik? Zu, ez zira euskalduna eta ez duzu deus ikustekorik euskaldunekin.
NIKA: (Minberaki) Zuk nahi duzuna erranik ere, ni euskaldunen alde naiz.
DURFORT: Zer?
NIKA: (Gero eta suharrago) Bai, aita, ez ote da zuzen, euskaldun populua, bertze edozoin populu bezala, libro izan dadien?
DURFORT: Zu?... Hola mintzo?...
NIKA: Ez bakarrik ni, bainan hainitz gazte gira hola mintzo, izan gaiten euskaldun ala ez euskaldun... Zuk, hemengo jendearen kontra egiten duzun politika, makurra da. Politika horren sari, irabazten duzun dirua, makur irabazi dirua da.
DURFORT: Zu, zer zira beraz? Gaixtagin baten alaba?
NIKA: Ba, aita, hala naiz... Zureganik jaten dudan ogia, jende gaixo batzuen izerdiari ebatsi ogia da.
DURFORT: (Bortitz) Bon, aski! Aski xorokeria badut entzunik zureganik... Ikusten dut jaun koxkor horiek ez dautzutela bakarrik bihotza usteldu, bainan ere burua galdu. Hemendik aintzinat, ez dut nahi izan dezazun deus harremanik gizon horiekin!... Entzuten duzu? Arras bazterrerat utziko dituzu! Eta geroxago, joanen zira Angleterrarat, hango aireak alda ditzan zure ikusmen tetele horiek!
NIKA: (Fermuki) Ez, ez naiz joanen Angleterrarat.
DURFORT: Eni hola jazartzen balin bazira, ez zaitut Angleterrarat igorriko bainan komentu hetsi batean betikotz sartuko.
NIKA: Holakorik egiten baduzu, ene burua hilen dut.
DURFORT: Hanbat gaxto zuretzat!... Eta orai, zoaz hemendik kanporat, zure zain horien pixka bat lainotzerat! (Nika ateratzen da, nigarrez hipaka. Durfort bakarrik) Hori ere behar ginuen beraz! Gure ohantzean sugea!... Zerutik euria eta teilatutik barazuza! (Ate xilintxa entzuten da)
PINTO: (Agertuz) Jauna... jaun bat!
DURFORT: (Pintok bezala errepikatuz) Jauna, jaun bat! (Haserre) Nor? Zoin jaun?
PINTO: Dirudi Miarritzeko jaun auzapeza.
DURFORT: Pilika jauna beraz, Miarritzeko jaun auzapeza balin bada. Sar araz-zazu! (Pinto ateratzen da. Durfort bakarrik) Miarritzeko auzapez Pilika, barnez baita guti kilika, ariko gira tratuka, bainan partida nere, nik baititut esku eta hogoita hamaika!...
PINTO: (Agertuz Pilikarekin) Pilika jauna, Miarritzeko jaun auzapeza. (Ateratzen da)
DURFORT: (Pilika beroki agurtuz) Agur, agur adixkidea! Ha! Zoin ongi etorria ziren!... Preseski, gaur berean, zure ikusterat joaitekoa nintzen. Bainan neke da hemendik ateratzea.
PILIKA: Ni ere kezkatua nindagon ene gorabeherekin. Hortakotz etorri naiz, jaun gobernadorea, jakiterat zertan den ene eskabidea.
DURFORT: Zuk eskatzen zinuen, miarriztarrek deus ez ordaintzea aduanari, beren arraina Baionan sartzeko. Mila solas eta buruhausteren ondotik, hautsi-mautsi bat egin dugu. Iduritzen zait frango plantakoa miarriztarren onetan.
PILIKA: Eta, zer dio hautsi-mautsi horrek?
DURFORT: Lehenik, bai... Baietz ba, Miarritzek Baionari saltzen ahalko diola bere arraina, hor ezarri dugun aduanari deus ordaindu gabe.
PILIKA: Hobe, hobe!
DURFORT: Bigarrenekorik, aduana hori ez pagatzea sari, miarriztar arrantzalek beharko diotela Angleterrako erregeari, urte bakotx, urririk fornitu, balea bat osoa eta lehenik harrapatuko duten ur-otso arraina.
PILIKA: Ai, ai, ai! Hori karga handiskoa emaiten dauku. Ez dakit ez ote diren horren kontra oldartuko gure arrantzaleak.
DURFORT: Hirugarrenekorik, arrantzalen laguntzeko, erregeak, miarritzeko portu gainean eraikiko du gerla dorre bat. Dorre hortan egonen dira, gau eta egun, itsas zaindariak. Zaindari horien lana izanen da, itsas zabalean agert daitezken balea eta ere... barku etsaien, berehala seinalatzea.
PILIKA: Hori ere zerbait da... Sarri berean, kontseiluko gizoneri jakin araziko diotet.
DURFORT: Ez dautzut gordetzen, zuri esker eta zuretzat dudala hoinbertze ardietsi, beti agertzen zirelakotz guri leial.
PILIKA: Bai eta leial egonen ere! Angleterra da gure aberria, hari josiak girenaz geroz. Eta behar dugun hura, ez dezakegu ukan harenganik baizik.
DURFORT: Arrazoin duzu. Zer liteke alabainan Euskal Herria gu gabe? (Trufatuz) «Euskadi bakarra da gure aberria» kantatzen dutenak, xori buru batzu baizik ez dira... Gure aberri bakarra da Angleterra. Hemengo jendeak dira euskaldun-anglesak. Euskal aberria ez da zonbait buru beroen ametsa baizik.
PILIKA: Eta ni ez bainaute ametsek hazten, hortakotz naiz Angleterrari jarraikitzen. Bon, orena ari da aintzinat. Joan behar dut. (Elgarri eskuak tinkatuz)
DURFORT: Errazu... Zera ere... Hor baituzu nardamendu bat: Akusatzen baitzaituzte herriko dirua azpiz zureganatu duzula... ez hortaz kexa... ez duzu deus ondorio gaxtorik ukanen. Auzi hori ene eskutan da, eta behar dena eginen dut hori lurperatzeko...
PILIKA: Milesker, jaun gobernadorea. Ororentzat milesker... eta agur! (Ateratzen da)
DURFORT: Agur, ba, Pilika jauna! (Bakarrik) Bi eman ziozkaiat eta hiru kendu. Gaizo bulunba!... Ez duk ohartu ere, Miarritzen eraikitzen dugun gerla dorrea bere zaindariekin, ez dela jukutria bat baizik, gure gizon armatuen hor sakatzeko. Hola, leku gainean izanen baitira, sor litezken nahasmenduen bentzutzeko. (Ate xilintxa entzuten da) Beharrik holako euskaldun jaun batzu baititugu gure alde. Bertzenaz, nork goberna Euskal Herria?
PINTO: (Agertuz) Jauna, Milika da hemen, Milafranka-Mihotz jauregiko sukaldaria.
DURFORT: Ha! Milika, kozinari aipatua! Gogo onez ikusiko dut... Haatik, nola apur batentzat atera behar baitut, otoi zaude zuhaur berarekin, ni berriz itzuli artio. (Ateratzen da)
PINTO: Ongi da jauna! (Leihotik so egiten du norat doan nausia... Gero Milika sar arazten du) Haugi to, Milika... Nausia apur batentzat kanporat joana duk.
MILIKA: (Agertuz eta ixpiungo molde berezian agurtuz) Intelligence Service!
PINTO: Intelligence Service!... Nun habila hemen to?
MILIKA: Kapitan Wilsonek igorri naik. Paper bat badiat hemen, manuarekin, lehenbailehen eman dezodan gobernadoreari... Paper hortan zer ixkiriatzen duen hik ere jakiteko, huna hiretzat paper horren doblea.
PINTO: Ez duka bertze egitekorik?
MILIKA: Ez, eta berehala banioak hemendik, ez baitu nehork jakin behar ni hemen izan naizenik.
PINTO: Ongi duk.
MILIKA: Bon, huna bi paperak eta agur!... Intelligence Service!
PINTO: Intelligence Service! (Bakarrik, beretzat ukan papera irakurtzen du) Gobernadore jaun ohoragarria. Hemengo herrietan ditudan ixpiun zonbaiten bidez, jakin dut auzapez batzu eta bereziki Urtubi Urruñakoa, Santxo Lahet Sarakoa eta Zalduya Hazparnekoa, ari direla gizon armatu multxo baten muntatzen. Iduri luke kolpe tzar baten apailatzen ari direla gure Baiona-aduanetako guarden kontra. Beraz... (Arrabots bat entzunik papera gordetzen du)
DURFORT: (Sartuz) Bakarrik zirea? Nun da Milika?
PINTO: Joana da. Erran du ez zuela zure ikuste beharrik; paper hau baizik ez zuela zuri emaiteko. (Papera eman eta ateratzen da. Durfort-ek papera irakurtzen du ixilik. Gogoetatua dago. Ate xilintxa entzuten da) Jauna... hiru jaun!...
DURFORT: Nor dira?
PINTO: Hiru auzapez: Urruña, Sara eta Uztaritzekoa.
DURFORT: Sar arazkitzu. (Bakarrik) Beharri luze horien hezteko, arto burua on ez bazaiote, makil kaska. (Hiru auzapezak sartzen dira haserre gorrian) Agur jaunak! Jar zaitezte.
ZALDUYA: Ez, jauna. Ez gira jarririk solastatzeko etorriak!
DURFORT: Zer dira ba zuen arrangurak? Mintza zaitezte. (Mintza bitez, tirahala, kalapitan)
ZALDUYA: Hunat etorri gira, zuri erraiterat, jaun gobernadorea, leporaino aseak girela zure jokabidez!
DURFORT: Zer? Zer derasazue?
ZALDUYA: Atzo, zuen aduana botiga hori dela-ta, uztariztar eta milafrankatar arrantzale batzu izan dira beren barkutarik, zuen guardez, urerat aurtikiak, preso altxatuak, amanda izigarriz joak.
DURFORT: Nik zer hoben dut hortaz? Jazar zaitezte erregeari eta ez eni! Aduanako lege hori harenganik heldu baita.
ZALDUYA: Ta, ta, ta, ta, ta! Ez guri holakorik saka! Sobera ongi dakigu erabakiak nola hartzen diren zuen artean. Zer daki erregeak hemen zer pasatzen den? Harek ez ditu onartzen baizik zuk hemendik proposatuak.
URTUBI: Ni ere etorria naiz erraiterat, itsas hegiko itzain eta karrosazain guzien izenean, gaurtik aintzinat, denak greban jartzen direla, Baionari boikot eginez. Ezin jasana baita Baionan sartzeko ezarri duzuen aduana hori.
DURFORT: Zuk, Urtubi jauna, badakizu arras ongi angles turistak, gero-ta gehiago heldu direla itsas hegi huntarat. Eta anglesak, joaiten duen baino diru gehiago uzten duela hemen.
URTUBI: Dirua hemen utzi-ta joaiten balitz angles turista, paso! Bainan emeki gure lurren erosten ari da. Gure bixta-leku pollitenak beretzen ari ditu. Bere bizitegiaren apaintzeko, gure oroitzapen zaharrak bil eta bil ari da. Gure hilobi harriak berak hartzen ditu etxe edergailutzat.
LAHET: Ba, eta Sarako usotegietan, anglesak dira aurten jabetu ihizi posta hoberen guziez. Eta, beren azeri ihizia dela-ta, angles zaldizkoak hor ibiltzen dira, berro guzien gainetik jauzika, gure ontasunak xahutzen dituztela.
URTUBI: Hola, joanez, anglesak bilakatuko dira Euskal Herriaren jabe. Euskaldunek beren lurrak hustuko dituzte, edo beren herrian izanen dira arrotzen zerbitzari.
DURFORT: Noren faltaz? Aski dituzte euskaldunek beren ontasunak ez hola saltzea.
ZALDUYA: Zuen faltaz dira holakoak hemen gertatzen! Zuen diru zikinaren faltaz; gaindika baitituzue hemengo pobreak tentatzen eta hemengo handi-mandi batzu erosten. Euskaldunek baginu gure gobernu bat, laster egin ginezake lege bat, debeka baiginezake gure lurren arrotzeri saltzea.
DURFORT: Aitor-azu, Zalduya jauna, anglesek zerbait onik ere ekartzen diotela Euskal Herriari. So egizu zonbat ikastetxe ez ditugun muntatu hemengo haurren eskolatzeko.
ZALDUYA: Gure haurren eskolatzeko? Bainan nola eta norentzat? Euskaldunak direnaz geroz, gure haurrak behar litezke eskolatu euskaldunki eta Euskal Herriarentzat. Horren orde, zuen jokamoldea da gure haurren anglestea, horietarik egiteko Angleterra zerbitzatuko duten soldado, polizgizon, enplegatuak. Ondoko egunetan, hola moldatu haur horietaz zarete baliatuko, euskaldunen ondarra larrutzeko, zanpatzeko eta suntsitzeko.
DURFORT: Bon, eta horiek hola, zertarat etorri zirezte eneganat?
ZALDUYA: (Harritua) Zertarat jinak giren hunat? Zertarat jinak? (Musikatuz bezala) Deusetarat, jaun gobernadorea: Bakar bakarrik zuri agurño baten erraiterat, ohartu ahal ziren bezala, zure erraztunari errespetuz musu emaiterat.
LAHET: Bai, eta zure gibela milikatzerat, bertze asko bezala.
DURFORT: (Oldartuz) Bon! Aski solas horrela! Otoizten zaituztet joan zaitezten hemendik kanporat!
LAHET: Ez, jauna, ez gira joanen. Etxe hau gurea da. Hemen, gure herrian gira. Zuri da joaitea, arrotz bat baitzira eta etxe huntan ohointzaz sartua.
DURFORT: (Haserre) Ez baduzue atera nahi, ni aterako naiz... Eginen duzue nahi duzuena. (Ateratzen da)
ZALDUYA: (Hiruak erdi irriz daudela elgarri so) To, ederki zakuan sartu gaitik... Basurde tzarra! Azken orrotaraino ziztakatu diagu, bainan halere, ustelak ihes egin!
LAHET: Goazen, goazen, gu ere, hemendik. Hemen egonez, berdin zerri horrek denak preso altxatuko baigaitu. (Ateratzen dira. Pinto sartzen da, sala pixka bat ordrean ezartzeko)
DURFORT: (Agertuz, apur baten buruan) Joan direa?
PINTO: Bai jauna, joan dira. (Ateratzen da)
DURFORT: (Bakarrik eta samur) Zer uste dute horiek? Beren elasturiaz gu arreka joan araztea? Zer dezake horien mihiak gure beso armatuen kontra? Tetele-putz ergelak! Gure eskutik behar bizitzekoa eta... hoin harroki mintzo! Nortzat naukate ni? Fartzuntzi koxkorrak!
PINTO: (Agertuz) Jauna, zure andere ohoragarriak nahi luke zurekin mintzatu.
DURFORT: Errozu ene partez geroxago ikusiko dudala...
PINTO: Ongi da, jauna. (Ateratzen da)
DURFORT: Eta guri jazartzen balin badira, mila soldado igorriko diozkatet beren lurren hondatzerat.
MARGRET: (Ero baten pare sartuz) Errazu, zu! Zu, aita bat zira, Nikari erran diozkatzunak erraiteko? (Mintza dadiela gelditu gabe, nigarrez hipaka senarrari elea moztuz)
DURFORT: Zer, emaztekia, zer?
MARGRET: Gure alaba bakarra... etxetik kasatzen duzula! Angleterrarat igortzen! Zer dira manera horiek? Eta ni, ez naiz konda? Ni, ez naiz Nikaren ama, ala zer?
DURFORT: Bakea eni zure sintsakeriekin!
MARGRET: Eta gainerat, bere bizi guzikotz, komentu hetsian sartuko duzula! Aita batek nola dezake pentsa ere holako abrekeria? Gaurko egunean, holakorik gerta daitekela...
DURFORT: Ixilik egonen zirea, bai ala ez?
MARGRET: Hor dago etxean, nigarrez urtua. Berak dio, komentuan sartzen balin baduzu, bere burua garbituko duela... eta nik dautzut, ez dela Nikaren heriotzea, bakarra izanen gure etxean.
DURFORT: Kanporat hemendik! Ale, ale, kanporat. (Pusatzen du)
MARGRET: (Ez du atera nahi) Zure burua, jaun handi agertzen duzu jenden aintzinean! Bainan zure jauntziak du, zuk duzun jauntasun bakarra. Ha, balakite jendek nik zutaz dakidana! Ez duzuia lotsarik, ez ahalgerik, hola zure haurra eta zure emaztea tratatzeko!
DURFORT: (Erotua, bi zaflako ematen diozka, orroaz kanporat aurtikiz) Kanporat hemendik! Ele untzi sintsa! Zoazi debruetarat, ez balin bazira enekin kontent!
MARGRET: Zuk! Zuk, hau ere eni egin behar! (Haren nigar hipak, apur batez kanpoan entzuten dira)
DURFORT: (Bakarrik) Ene bizia ez da desiratzeko, ez eta zakurrari ere! Ongi ikusia naiz, hala nola begiko zikina. Gainekoak etsai, azpikoak etsai, kanpokoak etsai, etxekoak etsai, denak etsai! Eta zer egin!
OIHALA
|