JEAN HIRIART-URRUTY
(1859-1915)
Eskuara maitatu, artatu eta ontsa erabili dutenen artean, biziki gizon guti da Jean HIRIART-URRUTY kalonje zenaren heinerat izan denik.
Aldeko ala etsai, ezagutu zuten gehienek aitor zuten. Eskualdunen bihotzetan, eskual-idazle kondu segurik, fama handia hartze zukeela. Bainan, dakigula, nehork ez du orainokoan hanbat aipatu eta goretsi, bide-nabarka baizik.
Huts bat bada hor, eta ez ttipia.
Huts horren betetzen hasteko, 1944ean Zer eta zer deitu liburuxka bat jalgi ginuen, 55 plamatakoa, geroxago handiagoko zerbait egitekotan.
Hitza hitz, nehoiz baino hobe baita noizbait, deliberatzen gira gure agintzaren obratzerat.
Hiriart-Urrutyren bizitzea
Hazparne, Abitueneko apez bat badugu adixkide eta lankide, jaun kalonje zenaren ilobasoa, haren izen-deitura ber-berak dituena: Jean Hiriart-Urruty. Hazparneko Misionesten Buruzagi eta HERRIA astekarian idazle-nagusi izana. Bere osaba-ttiki hura etxekoen erranetarik eta paper zaharretarik ezagutzen zuelakotz, hari zonbait lerro galde egin giniozkan, duela 27 urte. Eman zauzkun xehetasunak Zer eta zer delakoan hitzez-hitz ager-arazi ginituen (pp. 6-9). Hemen ere betaz baliatuko gira, bainan geroztik bildu asko argitasunez emendatuko ditugu.
1859ko urtean, urtarrilaren 30an, Hazparnen, Hazketa-Joanes-ederraenean, Patin Hiriart-Urruty, Joanes-ederraeneko berekoak eta Haurra-Mari Althéguy Larresoroarrak ukan zituzten bi seme betan. Biharamunean berean batai-arazi zituzten. Bati Jean eman zioten izena, bertzeari Dominique. Gure bi haurrek beren lehen ezagutzak, erran baditake, eskualdun kartsu batekin egin zituzten.
Gratien Adéma, orduan Hazparnen bikari zenak bataiatu zituen: Jean Hiriart-Urruty, aitaren anaia izan zuten aitatxi, eta Dominica Althéguy, amaren ama, amatxi.
Mutiko horien aitzinean bertze bat bazen Joanes-ederraenean sortua: Joseph. Horien ondotik, bertze lau jin ziren: Martin, Xemartin, Betiri eta Janpiarre.
Zapetaintzatik bizi ziren Joanes-ederraenean, laborantza zerbait poxirekin. Laborantzako gostu handia zuen gure Jeanek. Bainan bazuen bertze ametsik: Jainkoaren deia entzunik, apez egiteari eman zuen errotik gogoa. Etxekoak ez ziren batere harritu; bazen jadanik etxe hartarik apez bat jalgia: Uztaritzen bi urte bikari egon ondoan (1850-1852) Urkudoin zen erretor, han 1873raino bizi beharra. Harek ere ez zuen gibel-arazi bere xedetan! Jean ez balinbazen motako lehen apeza izanen, ez zen azkena ere behar: haren anaietarik biek, Josepek eta Martinek, izanen dituzte semeak apez.
Lehenik ibili zen eskolan Hazparnen, fraiden manupean, eta han ezagutu zuen «Frère Innocentius» famatua, Michel Elissamburu «saindu mokor» eskual idazle bizia.
1872ko urriaren l0ean Jean Hiriart-Urruty Larresoroko Semenario ttipian sartu zen laugarrenean.
Latinari lotu zen gogotik, eta pentsu dut frantses horrek ere eman zaizkola lanak, etxen eta eskolan ikasiaren gatik baitzuken zerbaiten beharra. Herritar apez bat ere hatxeman zuen Larresoron, Hazketarra hura ere Diharce jaun apeza, han eskola emaiten ari zena.
Mutikoa urtetik urtera beti goiti ari izan zen, bere laguneri gero eta gehiago nausituz: 1873ean ukan zituen sari bat eta bortz aipamen: 1874ean, sari bat eta sei aipamen; 1875ean bortz sari eta lau aipamen; 1876ean, zazpi sari eta bi aipamen; 1877ean orotan lehen jalgi zen.
Larresoron bortz urte egon ondoren, Baionako Semenario handirat joan zen: han ezagutu zuen Abbadie jaun apeza.
Bere eskolen artetik ez zuen haatik ahanzten bere herria, eta segur gogotik heldu zen bakantza-egunen iragaiterat. Lanean ere artzen zen, aitaren eta anaien laguntzeko.
Zonbait auzo orhoit dira oraino ikusirik behin anaia gazteago batekin iraulden ari, hura itots-emaile, anaia berjaren gibeletik, behiak ez gibelekoaren gostura johan, eta bi hitz erran aintzinekoari; ba, bainan jaunari gaitzitu baitzitzakon: akulua, abereak eta berja landaren erdian utzirik, lasterka abiatzen da etxera buruz: bertzea ondotik, lasterka hura ere, lur-ukaldika! Ez dakit nola akabatu zen ixtorioa.
Hasteko, ez ziren sekulakotz samurtu: artetan zenbait koska-bulta balinbazituen ere, beti akort egon zen haurride guziekin.
1881 ean, oraino apezgai zelarik, Larresoroko Semenariorat izendatua izan zen eskola-emaile.
Zazpigarrenetik hasi zen, eskolier zituelarik: Désiré Etcheverry, Firmin Saurel, Pierre Bidegain, François Carlos, Paul Mothe, Albert Teillery eta Jean Lissar.
1882ko uda hastean, Ducellier Baionako jaun apezpikuak apeztu zuen. Apeztu-eta aintzineko toki berean atxiki zuten, Abbadie jaun kalonjea zaukala buruzagi.
Huna zertan eman dituen Larresoron bere lehenbiziko hogoi-ta bortz apez-urteak.
1882-1883: mutiko handiak eman diozkate zaintzerat;
1883-1884: laugarrena izan zuen bere gain;
1884-1889: laugarrena eta alemana;
1889-1890: hirugarrena eta alemana;
1890-1901: bigarrena eta alemana;
1901-1907: lehena eta alemana.
Artetik erraiteko, ez dakigu batere nola ikasi zuen berak alemana, bertzeri erakusteko. Larresoron ikasle zelarik «mintzaire bizi» gisa espainola hartu zuen: 1876ean eta 1877ean bildu espainol-sariek erakusten dute sail hortan bazuela gostu.
Sancinenak alemanaren erakastea uztean, Abbadie jaun buruzagiak erakasle gazteari galde egin zioken, gostaia-gosta haren ordain eman zadin!
Erakasle ona omen zen Hiriart-Urruty, laketa, ernea, eta haurrak ez ziren harekin eneatzen eskolan. Bi irri ere bazuketen harekin eginik, gogoa bertze nunbait zuelarik, gertatzen baitzitzaizkon artetan zenbait ixtorio aski bitziak: bizkarretikako bere arroparen orde ilobaren galtzak har, eta holako! Zonbat ez dute kondatzen hura ezagutu dutenek!
Ez gauzke, zahartu-eta ere gertatu ohargabekeria hoietarik bat kondatu gabe. Baionan, katedraleko kalonje zelarik, pentsatu zuen etxeko estaietan bizitegiak bata bertzearentzat ez hartzeko, bere atetik kanpo-aldean parasol-untzi baten ezartzea. Bainan behin, adixkide batzuek parasol-untzia jautsi zioten beheragoko bizitegirat. Eliza-nausian ofizioa eman-eta, eskaleretan goiti igaitean, ezagutu zuen parasol-untzia eta, auzoen bizitegian sartu zer, federik hoberenean, bere atea zela ustez. Auzoek pentsatu zuten ikusterat heldu zitzaiotela eta hameka agurmagurrekin saluneratu zuten eta jar-arazi. Kalonjeak ez zioten aitortu ohartu gabe etorri zela. Irri gozo batekin berri zonbait kondatu ziozkaten xehe-xehea, nahiz nahiagoko zuen laneko-mahainean doi-doia hasirik utzi artikulu premiatsu bat lehen bai lehen bururatu!
Itzul gaiten ikastegirat. Saint-Pierre Jaun apezpikuaren arabera, Hiriart-Urruty eskolan noiz nahi, hats bahi, nehun ez zagoken, hitz xuxen edo errar-modu berri baten ondotik, haren xanoak burmurtzi edo auziño batez salatzen baitzuen azken mila-buruan kausitu zuela.
Ateraldi bitxiak ere aise heldu zitzaizkon. Egun batez, eskolier-lan batean zer nahi ele alfer aurkiturik, bazterrean tinta gorriz ezarri zion eskual-latinezko jujamendu hau: «sonitus atque voces praetereaque... tirrit!» Bertze behin, erasian ari zitzaion mutiko handi bati, baizik eta tête hitz frantsesari ez ziola bere azentu-kakoa eman. Mutikoa xutitzen zaio eta hurbiltzen bere kopia eskuan, beheraxko izanik ere, kakoa ezarri duela. Eta orduan erakasleak eskuaraz ahapeka: «Bainan, haurra, nun ikusi duzu grabata ixtapean emaiten?».
Gaztek Larresoron bazakiten, ahulezia ttipi jostagarri horien gatik, Hiriart-Urruty jakintsun handi bat zela eta idazlari gisa nehor guti zukeela parerik. Gora-gora irakurtzeko ere jeinu berezi bat bazaukan, haren ahotik plama eder batek edo kondaira pollit batek dirdira edo soinu berri bat bezala hartzen baitzuen. Bossuet, La Bruyére, Sainte-Beuve, Louis Veuillot zituen, diotenaz, maitenik; bainan hetaz bertze asko eta asko idazlari gogoko zituen.
Hain irakurle ona zenaz geroz, ez da harritu behar Semenarioko teatrolari gazten apailatzea laket baitzitzaion: asko urtez bere gain hartu zuen lar hori, bereziki ihaute aintzineko astetan. Apezlagunek erraiten ohi zioten denbora galtzea zela eta bere burua alferretan akitzea. Harek ezetz, ez zela josteta hoitan akitzerik, eta bertzalde bide hoberena zela, bai gazten ezagutzeko, bai heiekin adixkidetzeko, heien arimen onetan...
Bagaude ez ote zuen eskolaz kanpoko apez-lana nahiago eskolakoa baino. Louis Etcheverry jaunari huna zer aitortzen zion 1895eko maiatz egun batez:
Jainkoa lekuko, ene buruaren jabe banintz, ez banitu bizkarrean etxeko zor batzu, —makur ala zuzenez baitaukat lehen bai lehen heien pagatzea eginbide dela—, hor utz nezazke beren gisa latina eta greka, eta biziaren ondarra higa nezake ene sort-herriko gaztez arta hartzen. Ah! Dibildos apezaren fortuna banu! Iduri zait ez nezakela gaizki enplega! Gaixo gazteak! Bai, jokoz gabetuak dira eta berdin maita lezaketen bertze asko gauzaz. Ez liteke menturaz ezinezkoa, bihotz gose eta bizi huts horien betetzea! Aski liteke naski, ixil-ixila apez zonbaiten laidoen iresteko estomaka on baten jabe izaitea! Zer nahi den, balio luke entseatzea. Lehen bai lehen egiteko gauzetarik bat liteke. Baionan, Hazparnen, Donibane-Lohizunen, Hendaian, Donibane Garazin, herri jendetsu guzietan. Deusik ez! Deusik ez! Dantzaz bai, zer nahi zinkunari. Bertzerik ez!.
Amets horiek gora-behera, ez zion bere erakasle-lanari tiro egiten eta Larresoroko ikastegiari arras atxikia zagon.
Ez zitzaion bihotza guti urratu. Frantziako gobernuak, bertze ainitz ontasun saindu bezala Semenarioa ere behin imitoriatu zuenean eta gero alde-bat ebatsi.
1906eko abenduaren l4a ez zuen ahanztekoa. Poliza gizon batek gaixtagin baten pare besotik hartu zuen eta Semenariotik kanpo aizatu. Irakasle eta ikasle, denek behar ukan zituzten lekuak hustu, Errepublikaren eta Libertatearen izenean! Nor harri Hiriart-Urrutyk hain saminki aipatzen baitzituen bere astekarian itsuskeria horiek?
Larresoroko baxiler-gaiak Maule-Agerrerat bildu ziren beren irakaslekin, bertze aterbe bat atxeman arte, han lanean artzeko. Beneditanoak lege tzar batzuek Frantzitik kasatu baitzituzten, heien komentua hutsa zen Beloken. Harat joan ziren Larresoroko apez eta gazteak, 1907ko otsailean, ortzegun orokundez. Hiriart-Urruty ere Mauletik etorri zen Belokerat bere baxilergaiekin, eta han egon kasik urte bururaino.
Abenduaren 10ean hil izan zen Gratien Adéma, Baionako eliza-nausian kalonje zena. Haren ordain izendatua izan zen Hiriart-Urruty ilabete beraren 25ean.
Baionan aurkitu zuen berriz Jean Barbier, bi urte lehenago Larresoroko Semenariotik bikari joana zena. Justin Mirande jaun apeza ere han zen: biziki berea zuen hura, berak ttipitik moldatua: eta 1912an Hazparnen erretor sartu zelarik, loriatu zen Hiriart-Urruty. Erretor berria hasi zelarik gazteriaren moldatzen, harendako «patronage» baten egiten, biziki atsegin hartu zuen. Mirandek Haritz-Barre nahi zuen deitu leku hura, bainan bertzeari ez zitzakon izen hori ontsa. Horren gainetik igorri ere omen zakon Hazparneko erretorari zortzi paietako letra bat!
Bere Baionako denboran beti lanean ari zen. Heldu zen haatik artetan Hazparnera ere, bere etxondorat. Ala etxen, ala auzoetan, badu zonbait lar ttipi eginik, zonbait arbola fruitudun landaturik, xartaturik, artaturik!
1914eko gerla piztu zenean gure kalonjea barra hunkitua izan zen, bainan etsitu gabe, eta neholaz kukundu gabe.
Frantziak gerlari buruz urre hainitzen beharra bai, Hiriart-Urruty ibili zen herriz-herri gobernuaren izenean urre-eske predikatzen. Orroit gira nola Uztaritzen nigarra eskapatu zitzaion gerlari gaixoak aipatzearekin.
Nigarrak nigartei, ez zen alfer egon nahi: bere astekariaren bidez, soldadoak eta heien ahaideak sustatzen zituen: apez eskas zirenak ordaintzen, ahal zuen heinean.
Beloken Lohiague jaun apezak erakasten zuen alemana 1908 garren urtetik. Hura soldado joan-eta, Hiriart-Urrutyk zortzi ilabetez egin zuen aste oroz Baionatik Ahurtirako joan-etorria, erakaspen horren emaiteko.
1915ean berriz ere hastera zoan; jin zitzaikun urriaren azken astean, eskola bat egin zaukun -eta ez ginuen mundu huntan gehiago ikusi behar.
Hazilaren hastean kasik bet-betan gaizkitu zen. Bere azken letra iloba bati igorri zion: goizeko bi orenetan ari zaiola izkiriatzen, lorik ezin eginez, burua biziki pizu, biziki gaizki duela, ez dakiela norat ari den...
Handik laster, hazilaren 4ean, hil zen. Meza eta gaineratikoak Baionan eman zituzten, eta gero Haz arnen ehortzi zuten, betidanik hainbertze maitatua zuen herrian.
«Eskualduna»
Erran dugu zer izan den Hiriart-Urruty erakasle gisa, hori baitzen Jaun Apezpikuaren manuz haren apez-eginbidea, kalonje izendatu gabe.
Bainan guretzat Hiriart-Urruty bertzerik ere da: oroz gainetik goresten dugu eskual-idazle bezala, astekari eskualdun egile kondu. Haren izena kasik ezin berex dezakegu «Eskualduna»renetik.
Dugun lehenik zerbait erran kazeta horren hastapenez. 1886garren urtera gabe, politika gizonek, kargutara beharrez, boz-keta zabiltzalarik, noizean behingo hosto batzu ager-arazten zituzten, gehienik frantsesez, bainan eskuara poxi bat nahastekatuz, mintzaireari esker Eskualdun boz-emaileak errexkiago bil-ustez. Hori egiten ohi zuten bai «gorri» deitu ezkertiarrek, bai «churi» deitu eskuindarrek.
Bainan «gorriei» gogoratu zitzaioten artetan baizik ez argitaratu agerkari batek ez zukeela funtsezko ondoriorik gogo-bihotzetan. Eta Martial-Henry Berdoly, Mauleko suprefet ondoak astekari bat jalgi zuen 1886eko agorrilaren lehenean, parte eskuaraz, parte frantsesez: Le Réveil basque.
Louis Etcheverry Donazaharreko deputatu-gai xuriak pentsatu zuen behar bisian-bis astekari girixtino bat ezarri. Zonbait lagun bildurik 1887ko urtarril hastetsuan, heiekin, ateratu zuen ondoko martxoaren 15ean Eskualduna deitu astekaria.
Hastapenean, luzez eta zabalez, Le Réveil bezain handia zen (48 X 34 zentimetro), bainan 1887ko agorrilaren 15etik harat ttipitu zuten: lau plama zauzkan (46 X 29 zentimetro).
Astekariaren jabea zen Louis Etcheverry, haren gain despendio edo eralgien ordaintzea, eta berriketarien gidatzea.
Bainan atxeman zuen Donibane-Lohizunen aintzineko kartsu bat: Arnaud Pochelou. Hunen aita Aiherratik kostaratu zen. Albert Goyeneche mirikuarekin karrosa-zain bezala. Arnaud ere Aihertarra zen sortzez, bainan laster hartu zituen itsasbazterreko arak. Politikaz xuri amorratua zen. Zango-motz ixtripuz bilakaturik, ez zagon halere lekuaren gainean. Donibaneko herriko-etxean grefiergoa zaukalarik, denbora berean Eskualdunaz arta hartzen zuen. Treinez egiten zuen hortako Baiona eta Donibaneren arteko joan-etorria.
Kazetaren kudeatze hori 18 urtez eremanen zuen (1887-1905).
Lehen urtetan aste guziez Etcheverry bere nausiari letraz igortzen ziozkan Eskualdunaren gora-beherak. Letra hoieri esker badakigu nor ziren hastapeneko idazlari eta berriketariak: hala-hala nola emeki emendatu zoazin irakurleak.
Idazlariak ziren: hiru errient (Daranatz, Curutchet, Irigoyen), bi fraile (Juvénal eta Innocentius), zonbait apez (Jaret, Bidart, Ithurry, Berho, G.; Larre, Giron, Dolhagaray, Oyhénart, bi Etcheverry eta Etcheberri bat) ba eta bertze jaun batzu (Duvoisin, Berdéco, Fourcade, Goyeneche medikua, d'Etchandy, Ch. Minjonnet, Hiriart, Nogués, Ritou notaria, Cabillon, Mendiburu, Agu, Etcheverry, Debibié).
Irakurleak 850 ziren 1880an; 950, 1889an; 1200, 1890ean; 1300, 1891an.
Orduan kenka gaixtoan gertatu zen Eskualduna. Segur, alde batetik, bazuen zertaz alegera: buruzagia bi aldiz ez zitzaiola deputatu pasatu? Bainan gobernuak, haren gain baitzen orduan apezen pagatzea, 35 diosesako apezi kendu zioten urte-saria, bozetan errepublikanoen kontra agertu omen zirelakoan. Hain xuxen, apezpikurik gabe baitzen Baiona, Fleury-Hottot apezpikua 1889an hilez geroz, 1890eko martxoan etorri zen haren ordaina: Mgr. Jauffret, errepublikano famarekin heldu zena, haren familia halakoa izanez. Hastapenean segurik Prefetaren mutil zelako itxurak eman zituen: prefetak galde eginik, Mendekoste bezperagoan hamar erretor eskualduni manatu zioten beren parropiaren uztea eta biharamuneko bertze berri batean kausitzea. Ez zen eskandala ttipia izan. Ordainez, gobernuak apez-sari gehienak itzuli zituen. Louis Etcheverryk nahi ukan baitzuen Hazparnen muntatu katoliko biltzar bat, apezpikuak prefetaren beldurrez huts-eginarazi zuen.
Oixtion aipatu hamar apez lekutuetarik zazpik dei egin zuten Erromarat apezpikuak egin zioten bidegabeaz. Aita Sainduak, Mgr. Pujol, sortzez Baionesa, igorri zuen mandatari, apezen ganik ardiets zezan beren auziari uko egiteko erabakia, eta apezpikuaren ganik zerbait gisaz apezeri egin kaltearen erreparatzekoa. Apezek onhartu zuten Aita Sainduaren galdea. Apezpikuak bere kontseiluarekin despeditu zuen mandataria, ez zuela arartekorik behar Aita Sainduarekin mintzatzeko.
Aita Sainduak, ikusiz Mgr. Jauffret tematua zela bere apezen kontra, letra batean erasiatu zuen eta bere gain hartu erakusten hoben gabe zauzkala apez eskualdunak: Diharassarry jauna egin zuen «ganbarari ixil» eta Mendiboure jauna «ohorezko ganbarari»: biek «monseigneur» titulua ukaiten zuten eta jauntzi berezi baten ekartzeko eskubidea. Meriateguy jaunak eta Hiriart jaunak «misionest apostoliko» kargua izaiten zuten. Apezpikua hasarre-gorri jarri zen eta diosesako agerkarian ez zuen nahi izan holako berririk argitarazi.
Eskualduna astekariak piko zonbait egin ziozkan bai eskuaraz eta bai frantsesez, 1891ko urtarril-hastean (9-1-91).
Huna Diharce bikario jeneralak altxatu lerro saminenak:
Trixte da erraitea, bainan gure Jaun Aphezpikua ere errepublikanoak baizen koleran omen da.
Aita Saindua da gure egiazko aintzindari bakharra, izpiritualeko gauzetan, eta ez prefeta, ez eta ere Aphezpikua, Aita Saindua ganik separatzen balin bada.
Horra beraz zertaratuak diren beren mihian hainbertze erlisione errespetatzen dugun gizonac; atrebitzen dira orai Aita Sainduaren kontra jazartzea.
Trufa ditela orai, ahal badute, Prefeta eta haren mutilac.
«Le crime de notre compatriote (Mgr. Pujol) est d'avoir été chargé par le Pape d'une mission toute de conciliation entre Mgr. Jauffret et nos prêtres. La mission n'ayant pas trouvé l'accueil qu'elle méritait auprès de notre Evêque, Léon XIII dut accorder lui-méme les compensations que se refusait à donner Mgr. Jauffret.
Nous ne voulons pas insister sur ce pénible sujet. Nous nous réservons, s'il est nécessaire, de préciser plus tard les graves responsabilités encourues par celui qui a su se montrer si faible vers l'administration civile et n'a trouvé d'énergie que pour frapper nos prétres, et repousser les conseils du Pape».
Urtarrilaren 11an Jauffret jaun apezpikuak galde egiten zuen lerro hoitako «laidoak» gezurta zitzaten, hamaseieko astekarian. Bertzenaz irakur-araziko zuen Eskual-Herriko eliza guzietan Eskualdunaren kondenamendua. Preparatua zuen eta begien aintzinean dugu haren kopia. Bertzeak bertze, hitz hauk bazauzkan:
«Nous interdisons sous peine de faute grave au clergé et aux fidèles de notre diocèse la lecture du journal Eskualduna, jusqu'à ce qu'il ait publié une rétractation dont les termes devront au préalable être agréés de nous».
Louis Etcheverryk erran-arazi zioten Apezpikutegiko jauneri berek egin zezaten gezurtamendua, eta hiru lerroz arbuiatu zituzten apezpikua eta Aita Sainduaren kolpatu zituzketen artikulu guziak.
Hartan gelditu zen auzi hori, denen onetan.
Bainan Louis Etcheverry eta harekilakoak ez baziren ere gehiago Baionako apezpikuaz mintzatzen, Frantziako apezpiku Aita sainduari atxikienez ezin ixilduak ziren: batek hau izkiriatu, bertzeak hura. Eta Eskualdunak eskuaralat itzultzen zituen heien erran bizienak. Kanboko bikario Jean Etcheverry bipilak egiten ohi zituen itzulpen horiek. Bainan Hiriart-Urruty Larresorokoa bildu zuen lan hortarat lagun gisa martxo erditsuan. Louis Etcheverry hain ona kausitu zuen langile berria, non martxoaren 26ean galde egin baitzion letraz, alde bat sar zadin astekariko lankidetan, haren baitan aurkitzen zuela kasetaegile handi baten ekaia. 1891eko apirilaren l0ean Hiriart-Urrutyk ihardetsi zion luzeki. Huna gutun horren hastapena:
Jaun deputatua, ahalge naiz berant ihardesten baitiot martxoaren 26eko zure letrari, eta badut beldurra zure esperantzeri are gaizkiago ihardetsiko diotedala. Ene laguntza xumea gogotik ekar nezoke Euskaldunari. Prest nago ere ene indarren entseatzerat, zure nahien, eta ene esku dudan astiaren arabera. Bainan ene burua sobera ezagutzen dut eta hortako eginbide zait aintzinetik zure abisatzea, ez duzula zeren hainitz ene ganik igurika. Zertako? Huna, ez herabe ba lerabe, egia den bezala. Badut makur bat ezagutzen nuten guziek, hala nola Gaston Larre apezak, aipa ahal lezakezutena: kazeta-egile ofizioko makur gaixtoena: beti eta denetan luze naiz, luze hasteko, luze bururatzeko, luze ene luzakerien laburtzeko, mila gauzari hunkika, hasi ditudan erdiak bururatu gabe, ez dakit ere zer ditaken aipu duzun «labur izaiteko astiaren aurkitzea». Hori da, hain xuxen, gutienik dakidana. Bainan parada eder bat eskaintzen dautazu: ene bekatu kapitalaren gudukatzekoa, gure Eskual-herri huntan fedearen eta libertatearen etsaiak gudukatuko ditudalarik: nola ez balia parada bat litzaiket zure ganatzea, egun txarren biharamunean, burua asmuz beterik, bihotza bero, eskua berme eta zalu. Damurik, horietarik guzietarik ez baitautzut gauza bat baizik segurtatzen ahal: bere herri maite duen Eskualdunaren bihotzarekin, bere Jainkoa eta hunen adixkideak maite dituen apezarena. Asmuez den bezenbatean, erran behar dautzut guti baizik ez dudala eta denak ere beti berdintsuak. Eta zu, hain xuxen, diozunaz, artikulu labur eta desberdinen beharretan! Zuk eta nik aditzez baitzik ez dugularik elgar ezagutzen, irri-solas batentzat daukat ene «iduripen ederraz» egiten dautazun konplimendua. Egia (nork bere burua erdi-ikus dezaken heinean) hauxe da: ni baitan iduripena aski bizia datekela ohartzeko, bainan ez asmatzeko.
Hemen egiten dautzutan fede-agermenak badu kofesio baten eite, erakutsi nahi baitautzut zer laguntza-mota dakarkezutan, on balinbazaitzu. Eskuperat zerbait itzultzeko onik eroriko zautanean; edo (hobe bailiteke) zuk artikulu-gai xume bat igorriko dautazularik, edo artikulu oso bat eskuaralatzeko; edo berdin liburuxka bat, hartuz laburpen bat egin nezaken; edo zoin-nahi obra erlisioneaz, politikaz, ekonomiaz (laborantza, baratzezaingo, eta bertze); edo zure ustez Eskualduneri laketa litzaioketen kapitulu zonbait, entseatuko naiz hobekienik lar borren egiterat, ene ofizioko orenetarik ahalik gutiena hartuz eta bertzetarik gehiena.
Ondoko letretan Hiriart-Urrutyk aitortuko du, ordu arte bazakiela ba Eskualduna bazela, bainan ez zuela irakurri hiru aldiz baizik eta etzitzaiola hanbat gustatu, beharbada aldi hoitan gaizki gertaturik. Erranen du ere La Semaine astekarian erdaraz ari izan zela izkiriatzen, aintzineko boza-denboran; nahiago duela haatik miletan Louis Etcheverry jaunaren manupean Eskualdunentzat lar egin. Bere letretan kontseilu galdeka ari da, bainan bide-nabar, alegia deus ez, erakusten du rola haren iduriko kazetak argitu behar lituzken baserritar irakurtzaleak.
Haren iritziak hamar pondutan bil ditazke:
1.— Irakurlea behar dugu errespetatu, beti gizonki mintzatuz eta ez sekulan goien-barren behatzen baginio bezala, are gutiago haurtzat edukitzen baginu bezala. Baditake, hastean eta beharbada luzaz, ez zaikun sobera fidatuko eta bere hartan itsu-tematua egonen den; bainan ez dugu ez oihuka, ez mehatxuz, ez trufaz bilduko: deusetaratzekotz, jabel gaizkiola arrazoinez eta zentzuz, beti neurriz, egia ez hartu ez ttipitu gabe, funtsezko gaiak erabiliz.
2.— Aipatu behar zaizko lehenik bere egun orotako intresak: bizipidea, laborantza, hazkuntza, diruaren gora-beherak, merkatua, osagarria, etxeko gora-beherak, haurren altxatzea, probetxa dezazken berrikuntzak.
3.— Nahiz kazeta giristinoa den, Eskualdunak bakan aipa ditzala apezak: jendea laster pastikatua da apezen dretxoez edo malurrez mintzatzen gitzaizkolarik aho beteka edo lerro beteka. Izaitekotz, girixtinoen edo hobeki gizon guzien dretxoak ditzagun aipa: apezenak ere heitan barre kausituko dira.
4.— Zer pentsa eskualzale jakitatezko artikuluez? Ez litake batere gaizki irakurtzalek, bereziki gaztek, zerbait ikas balezate sort-herriko gauzez, baina erakaspen hori funtsezkoa izaitekotz: jakitatea jakintsuneri behar zaiote galde egin. (Hiriart-Urrutyk ez zuen estimu handirik orduko eskualzale gehienez).
5.— Ez eman erakusterat nehork zor daukula deus ere, hedatzen dituzkegun argien gatik: aski bekigu, zonbaitek denen artean onhartzen badute noiz bebinka gure errana: hoiek nasaiki ohoratzen gaituzte, ixil-ixila egonik ere.
6.— Etsaieri buruz, ez gaiten ahalaz gure onetik atera; gauden gu; ez ar laidoka; haatik, jazartzen zaizkularik, ihardok, burua xut, espanturik gabe, beldurrik gabe, azkar eta zuhur.
7.— Zonbait adixkidek nahi lukete astekaria handitzea. Ez da gauzarik premiatsuena, mementoan segurik. Haren betetzea eta oroz gainetik ongi betetzea izan dadila gure grina, artikulu baliosez, atsegingarriz eta ederki erranez.
8.— Eskuara garbiz izkiria dezagun: horrek ez du erran nahi frantsesetik hartu hitz guziak baztertu behar ditugula; batzutan hitz arrotz horiek, polliki sartzen direlarik, gatz berezi bat badute, bertzek ez lukeena; hortan ere hein bat atxikitzeko dela, bixtan da. Bainan hitzak ez dire mintzaiaren alderdi bat baizik; hitzak nola josten diren elgarri, hortan da mintzai bakotxaren segretua. Eskuarazko hitz garbiz, askok, uste gabean, erdal-saltsa izigarria egiten daukute, heien hitzen arrimua arrotza dela ohartu gabe.
9.— Erdarazko artikulu on batzuez balia gitazke, gure eskuarazkoen aberasteko. Bainan erdarazko lar horiek ez ditzagun hitzez-hitz eskuaralat itzul: gal lezakete erdaraz zuten gozoa edo dirdira, bildu gabe eskuaraz pentsatu lar batek lukeena.
Beraz artikulu frantsesa berriz mami dezagun buruan, gure lumatik jalgi dadin guhauren baitarik bezala, herriko kolorez eta usainez berritua, gure mintzaire propia markestu gabe.
10.— Kazetaren egitea bat da: heldu ere behar da. Bila beraz hedatzaileak, ahalaz apezez kanpo. Eskualduna karioegi balinbada, susta ditzagun gure herritarrak hiruz-palau auzoen artean abonatzerat.
Bixtan da Hiriart-Urrutyk ez zituela aholku horik emanen, Eskualdunaren arak ez balitzaizko iduritu bere asmu-ametsetarik urrunxko.
Goraxago erran bezala, astekariaren artatzale nausia Arnaud Pochelou zen: harek zituen artikuluak eskuratzen, berexten, askotan baztertzen edo ondoko egunetarat gibelatzen, ba eta bere nahitara guti edo aski xederraturik ager-arazten. Funtsean, harek zituen ere behar-orduan ondorioak jasaiten: auzi, amanda, presondegi.
Hiriat-Urruty ez zen beti kontent artatzale horren lanaz: astekarian erdara sobera kausitzen zuen, erreklama sobera; ez ziren sofri galarrotsak, edo zezen-lasterrak aipa zezazten; ez zuen nahi ere besta-buruetako pilota-partidarik aintzinetik aipatzea, fededunak ez zirelakoan josteta horien gatik herriko bezperetarik zeiharkatu behar.
Grina handia zuen bertzalde lankide berri biltzeaz: Xuberotarrez ez zakien zer pentsa: Manexen peko ez laket, eta berez bere deus ez egiten! Heiekin ez zena norbait gizonez gizon mintzatzen ahal? Bizkitartean, egiari egia zor, langile berriak baziren sortuak, eta ez nor nahi: hala-nola Arnaud Abbadie Kalonjea, Blaise Adéma apeza, Mocoçain apeza, Dolhagaray apeza, Saint-Germain, Dutey, d'Apat, Ch. Harispe, Amestoy, nahiz bortz azken hauk laster hil beharrak ziren.
Bazen bertze elorri bat: 1892an Leon XIII garren Aita Sainduak Frantziako katolikoeri galde-egin zioten Errepublika onhar zezaten, errepublikano mugetan lege gaixtoeri errexkiago ihardokiko ziotelakoan. Eskualdun erregetiar eta bonapartetiar gehientsuak atsegabetan sartu ziren: ezin irets Erromatik jin zitzaioten aholkua. Larresoroko apez erakasleak, Abbadie buru eta Hiriart-Urruty barne, onhartu zuten duda-mudarik gabe Aita Sainduaren ideia. Frango jende jarraiki zitzaizkoten.
Louis Etcheverryk ez zuen luzaz uste izan Eliza politika-bide onetik zabilala. Halere neholako zalapartarik gabe, bereak golkoan, zintzoki, haidorki, aintzina ereman zuen bere saila, bai erlisionearen, bai eskualdun laborarien alde; orduan gizon gutik egin dute harek bezanbat ekonomiaz, eta familiaren eskubidez, jendearen argitzeko: bilkura, hitzaldi, artikulu, deus ez zitzaion aski xede hortarat.
Bizkitartean noizik behinka ez zagon piko bat edo bertze agertu gabe bere astekarian apezpikuak gobernioarekin zituzten antolamendu batzuen kontra. Hain xuxen, 1901eko martxo-apiriletan Mgr. Jauffretek jalgi baitzuen letra bat Loi des Associations deitu legeaz, horren karietarat Eskualdunak argitaratu zituen zonbait ele xorrotx.
Maiatzaren 12an, diosesako agerkarian (Bulletin du diocèse de Bayonne, n° 19 p. 305) hitz hauk ezarri zituzten:
Monseigneur n'est pas sans remarquer les insinuations désobligentes de l'Eskualduna à son endroit.
Il en a témoigné sa surprise de la part d'une telle feuille; ses attaques indirectes n'en continuent pas moins. Sa Grandeur nous disait qu'il les fallait pardonner, au profit de l'union qui devait régner entre tous les catholiques.
C'est bien peut-être parce que cette feuille s'est écartée de la ligne d'obéissance au Pape qu'elle reproche à l'Evêque de suivre, qu'elle a à émettre les plaintes de l'un de ses dermiers numéros.
Nous n'en faisons pas la remarque pour ouvrir une polémique; simplement pour exprimer un regret.
Nahiz (gure iduriko) lerro hoik frango maltsoki itzuliak ziren, ezinago gaitzitu zitzaizkon Etcheverry jaunari, eta kolpez nahi izan zuen Eskualduna agertzetik geldiarazi.
Alde guzietarik (ba eta apezpikutegitik ere), otoizka jabeldu zitzaizkon; ez zezala holakorik egin; barnegi danik hartzen zuela Bulletin-eko oharra; ez zela hortan kondenamendurik.
Etcheverryk utzi zuen Eskualduna bizitzerat; haatik bera itzali zen, ez zuela gehiago haren buru nahi.
Asaldu horren ondotik, Renaud d'Elissagaray eman zuten buruzagi. Gizon zuzen eta xuxena zen segurki nausi berria, bainan kalipu gutikoa. Bi urte gabe unatua zen eta ondikotz kazeta ez batere aldarte hobean.
Hain luzaz hainbertze lan egin eta hainbertze pazientzia erakutsi ondoan, Hiriart-Urruty kexatu: deliberatu zuen adixkide zonbaitekin astekariari emanen ziola begitarte berri bat, bai eta oldar berri bat, Nicolas d'Arcangues buru... hobeki erraiteko: «eltzearen estalgi».
Louis Etcheverry Eskualduna tituluaren jabea baitzen gogoeta zagon aldaira edo berritzapen hortaz, debekatu zioten izen xaharrez baliatzea: agerkari berrian eman zezotela, on bazitzaioten, titulu berri!
Eskualdun Ona deitu zuten.
Hegalak hedatu ziozkaten (50 x 32 zentimetro lau plama), eta mamia ere aberastu, denbora berean eskuarari eremu gehiago emaiten ziotelarik.
Lehengo nausien manupetik ateraz geroz, Hiriart-Urrutyk nehori kalterik egin gabe, bere gain hartu zuen astekariaren kudeatzea.
Saltzale eta langile berri keta ibili zen, ez baitziren haren dei guziak beharri eta bihotz gogorretan erori. Hasteko, Xuberotarrak, aspaldiko partez, jin zitzaizkon saldoan, Constantin, de Enditte, Espil, Armagnaguekin. Bertzalde agertu ziren Manex baliox andana bat: Michel Iriart, Julien Héguy, Gombault, Etchegaray, Bidégaray, Etchepare mirikua, Harispe, Landerretche, Lacombe, Daranatz eta holako.
1904eko urtatsean astekariak 1.700 erosle bazituelarik, 1905ekoan 5.000 bazituen. Ondoko hiru urten buruan 7.000etarat heldu izan zen. Hori zen, hori, jauzi ederra!
Louis Etcheverry 1907ko urriaren 15ean zendu zen. Haren andere alargunak Eskualduna titulua eskaini zioten eskualdun astekariaren egileri bere senar zenaren orroitzapenetan: 1908an Eskualdun Onak izen xaharra hartu zuen, izpiritu berria atxikiz eta berriz ere hegalak zabaldu ziozkaten (56 X 38 zentimetro).
Ordutik aintzina, kalonjeturik, Hiriart-Urrutyk bazuen bere astekariaren artatzeko eta panpinatzeko astia. Segur hil-arte bere sailari jarraiki da, lankideak eta ekaiak berrituz.
15 urte astekarian buru eta beharri sartua egonik, zer zion berak lan-bide hortaz? 1906ko urtarrilaren 6an hauxe izkiriatzen zuen:
Harritzeko da, zenbat behar den ikusi eta entzun egungo egunean; bereziki zure ahalaren arabera zerbeit onik egin nahiz lanean ari zirelarik, bertzeak bazterretik zuri so, bi eskuak sakelan, ea aitzur ukaldia xuxen emaiten duzun aldi bakotx, ala makur?
Nonbeit hor oraino, geldirik uzten bazituzte, batek eskuin, bertzeak ezker, biraka lotu gabe ororen gogora zer nola egin ez dakizula.
Batzuen arabera, Eskualdun Ona barea bezen hila da, eta maltsoa; hortzik ez, etsaiaren ausikitzeko; ez koskatzeko adarrik. Balinbadu ere, bare kurkuilak bezala, sar-ateraka erabilki adarrak; den gutieneko aize hotzak izitzen. Hots, odolik ez, zainik ez.
Iduri beldurrez ikaran gaudela omen, edo lo. Hotsatu zaitzu mintzo eskuinetik.
Itzul ezker. La musique change.
Mihi gaixto, beti kexu, beti orotaz errangura; sekulan deus ez gure gogorakorik. Oro beti makur doazila. Gizon publikoen solas eta urrats guziak makurrerat har. Ez dugu oraikoa.
Hau hemen hola erranikan ere, zagote trankil, ez gira buruko ilei lotzekotan oraino: zer den mende hau? Ja urte lerro bat badu, holako baten berri badakigula. Oro entzun, ahalak hobekiena egin, eta jo, arri, mandoa!
Bainan ez da erraiteko baizik, azken ofizioa dela gurea, nahiz baden leher eta zapart «azken ofizio». Hanbat, alafede baietz!
Orduko kazeta-irakurle zonbaitek Hiriart-Urrutyren artikuluak eztixka atzemaiten bazituzten ere, ez dugu uste egungo egunean nehork, liburu hau irakurtu-eta, deus holakorik erranen duen. Orroitu behar dugu 1889tik 1911rainoko urteak Frantzian guduz beteak izan direla.
Radikalek, «hargin beltzak» akulatzaile, ez diote erlisioneari bakerik utzi: Elizaren ontasunak ken, hilen meza-sariak ebats, fraide-serorak desterra, eskola girixtino zer nahi hets, Aita Sainduarekilako hitzarmenak urra, elizkizunak traba, eskuara debeka, bazen segur katoliko batentzat hasarretzeko arrazoinik aski.
Hiriart-Urruty ez zen berenaz inpiztazale: zuhurki ari zen, ez nahiz irakurleak ez nahasi, ez sumindu, ez ihesi igorri. Bainan erlisionea, ala zuzena, ala eskuara, ala herriaren ona nehork kolpatuz geroz, nehun ez zagoken gure gizona: etsaiari nola ez zion ihardokitzen? Trufa, piko, ausiki, zaharo-aldi, denak on zitzaizkon; eta hari baizik ezagutu ez diogun harrigarriko elasturian bazeraman bere solasa; batean motz eta idor, bertzean luze eta guri: han bil, hemen harro; beti airos, beti bizi; gatz, biper, ozpinak merke; hasarre-bulta gehienen artetik ere irria eta zirtoa iturriaren pare punttakotik bazarizkola.
Idazlearen bizitasun horrek pentsatzerat eman lezaguke errextasun handia bazukeela eskuarazko lanetan. Bainan ez fida itxurari. Huna zer zion berak Louis Etcheverry jaunari 1895eko otsailaren 14ean:
Aitor dautzut hastio zautala ene lanez espantu egitea: egun bakotx, hogoi-ta-hamar eskolier-kopia miatu behar ongi ala gaizki; batzutan hirur-hogoi; bertzalde jakinki, bere erakaspena apailatzen ohi ez duen erakaslea, munduko izpiritu guzia ukanik ere, erakasle hitsa bilakatuko dela. Halere gehienik nekatzen nauena, ez dut erraiten denbora gehiena hartzen dautana, bainan errealki, batzutan min egiteraino nekatzen nauena, kazeta da. Lau urteren buruan uste dut aitor dezakezudala, sentikor eta etsitutzat emanen nauzulako beldurrik gabe. Gogoz eta bihotzez maite dut lan hori; hainan, zinez, noiztenka ez ditut sobera ez gogoa, ez bihotza. Ene borondate on guziarekin eta artzearen ariaz ere, ez naiz behin ere helduko, josteta bezala artikulu baten errexki bururatzerat. Risum teneas! Ene erranak ez dira sekulan jakitatez hantuak!; batzutan ez dautet, ez, indar handirik galdatzen! bainan egunak badira, ene buru gaixoa hasten baitzait zorabiatzen, artikulu luzetxo baten ondarrerat heltzean, bereziki konzientziazko auzi bat ene gain badagolarik.
Bakan gertatu naiz «Zola zikina» delako artikulua egitean baino gisa hortan nekatuago. Iduriko bide zaitzu teologian sartuegi naizela bekatu mortala garbikiegi aipatuz. Ez ahal dautazu maiz hortako erasiarik eginen. Aldi huntan azkar eta zuzen joiteko parada ona aurkitu dut. Zer balio du Zola Indexen dela erraiten, Index hori zer den eta Index-ik badenetz ere ez dakiteneri? Index-ean den liburu bat da Elizari jarraikia den katoliko batek bekatu mortalaren penazpian irakur ez dezaken liburu bat. Hortik abiatu naiz, eta ez dut uste zuhurtziaren mugetarik harat iragan naizen. Egia bortxatu gabe, kontzientzia oraino ez arras makurtu eta ez biziatuen azkarki inarrosteko grinak ezartzen nau estatu hortan. Lo on batek denak antolatzen ditu, gau batena ez bada, bertzean. Horra bada zertan naizen.
Orai irakurri ditugun lerroek erakusten dute zerk nekatzen zuen Hiriart-Urruty bere kazeta-lanean. Ez zuen, ez eskuaraz artzeak xahutzen; bainan irakurleen behar bezala argitzeak, neke bera ukanen baitzuen erdaraz ere.
Alabainan eskuara ezinago beretua zaukan.
Lapurtarra zerabilan, baxenabarrez arindua eta osatua.
Mintzaire errexa: ahalaz mintzatzen ohi zen orok konprenitzeko gisan, hitz zaharregi ez berriegirik gabe.
Behar-arau sartuko zituen erdaratik mailegatu asko hitz: jandarme, konkurrentzia, erretreta, promenatzea, pipa, eta holakoak.
Hastiago zituen erdaratik hurbilegi zauden hitz-arrimuak, nahiz huntan ere ez zen Azkue edo Altube batzu bezain hertsi: eskuara ez zuen preso atxiki gogo, ez populuak, ez izkiriant zaharrek nehoiz ezagutu lege tinko batzuen gatetan. Fantesia poxi bat ahal doako Eskualdunari ere eleka ari denean: baten hitz-erdika, bertzean hitza doblatuz, aditza noiz ken eta noiz ezar, hitz batzuen lekua hemen behin antola, gero han. Hiriart-Urrutyk zumea bezala bazerabilkan eskuara, gogo-bihotzak eta aldarteak gidari.
Eskualtzalekin har-emanetan hasi zen: parte hartu zuen Hendaiako (1901) eta Ondarribiko biltzarretan (1902). Azken huntan aspertu zen, ikusirik bozetan ezartzen zituztela gramatika-legeak, bozemaile gisa Arana-Goirik 320 lagun ekarri zituelarik bere alde, deus ere ez zakitenak mintzaire-jakitateaz.
Geroztik Hiriart-Urruty arrunt baztertu zen gisa hortako biltzar guzietarik, baliosago estimatuz egunean eguneko lana, ezen ez jendeen arterat bazkaltiar agertzea. Ez zituen baitezpada eskualzaleen bilkurak gaitzesten: aitor ere zuen bazuketela alde onik, urteak ez balire izan hain hitsak!
Eskualarien biltzarretarik urrundu bazen ere, ez uste izan asmu hutsez ari zela eskuaraz, xoriek kantu egiten duten bezala, gaineratiko jakitaterik gabe.
Latina, greka, frantsesa, espainola eta alemana, gramatika lagun, ikasi eta erakastearen bortxaz, bazituzken zonbait gogoeta eginik bere aitamen mintzaiari buruz ere. Irakur ditazke, bai astekarian, bai Ithurry zenaren Grammaire basque liburuan, gure Hiriart-Urrutyren asko oharpen balios, heien medioz argitarat emaiten baitzuen nola xuxent eskuarazko hizkuntza makur batzu.
Aintzin-solas hunen bukatzeko, iduri zaiku gure boza baino handiago bat adiarazi behar dugula.
Hiriart-Urruty hil zenean, 1914eko gerla bere bigarren urtean zen. Gudu-tokietarik berriketari moltxo batek igortzen baitziozkaten Eskualdunari hango gertakari handi-ttipien oiharzunak, biziki hunkituak izan ziren kazeta-buruzagiaren heriotzeaz. Heien guzien izenean Jean Saint-Pierrek, 1915eko hazilaren 26ean artikulu hau eman zuen astekarian:
Heriotzeaz mintzo ginelarik, azken aldian, eta gerlako hilharriez, ez ginuen uste doluzko jauntzian hoin laster ikusi behar ginuela Eskualdun kaseta hau.
Bihotzmin berri bat, Monge Jaun gaztearen ondotik, urthe labur baten epean, Hiriart-Urruty buruzagiaren galtzea.
Ez dago gu bezalako bati erraitea, zer zor dion Eskual-herri guziak, hoinbertze urtez kazeta hunen lan gehiena ereman duenari. Etzen bertzalde laudorio gose, ez eta balakuz asetzen diren hetarik.
Guk baino luzagoz eta hurbilago danik ezagutu dutenek, erran dezakete zoin suhar zagon egundainotik obra huni buruz, egun on edo gaixto, beti sailean lehen.
Gure zorra bakarrik nahi ginioke pagatu hein batean, gerla huntako soldadoek, gutaz erakutsi duen grinaz, gure familien susteatzeko beti gogo bihotzak ala zituelakotz, nun zer atzemanen zuen eta erranen, egun dorpe hautan. Eskualdunen bihotzaltxagarri.
«Lanean hil da, lanak hil du». Azken oihua gerla tokira buruz egin du kazeta huntan, ez baitzuen bertzerik gogoan, Eskual-Herrian berri onen hedatzea baizik.
Deiari arrapostu egin nahi ziotenek elgar ikusi dute gerla tokian, eta bihotzean hartu hiltzera zoan buruzagi eta adixkidearen nahia.
Ahalaren araberako laguntza osoa hitzeman dute. Bertze lanen artetik, etzaiote maiz errex izanen oren pare baten berextea, bainan eginen da gerlan gerlako gisa.
Ezagutza hori bederen zor giniola daukagu guziek.
Gaineratikoez mintzatzea ez dauku hanbat bihotzak emaiten, kanoien burrumbaren artetik. Bizkitartean, Eskualdun girenaz geroztik, nola ez erran, zer laguntza daukun eman guzieri, bere lan jarraikiaz, Eskualdun egoiteko, mintzaiaz ala gogoz eta bihotzez?
Bazuen hortako dohainik beharrena, bera Eskualduna baitzen osoki.
Zaharren hatz onetan ibiltzeari bildu nahi zuen beti Eskualdun jendea, familia, erlisionea, gure mintzai ederra atxikiz ahalik gorena. Gauza berriek ez zuten den gutienik liluratzen; nahi zituen lehenik bipildu, axal distirant hura kenduz geroz barnearen ikertzeko, ona ote zen ala ergel eta galgarri.
Bista zorrotza zuen lan hortako, izpiritu eme eta zuhurra.
Eskuara mintzaia bazeramen bertzalde berak egina bezala, legun eta garbi.
Mintzaia zaharren berri dakitenek diote baduela bakotxak bere jitea eta ibil-molde berezia, gogoak emaiten duen hura ez baitute bergisaz erranen, bainan bai bakotxaki dohakon molde hartan.
Xuxen eta garbi mintzatze horri gain-gainetik jarraikia zen. Badut beldurra batzuek minbera kausitu dutela noiz edo noiz, eskuara garbia maitegiz. Gertatzen da alabainan gutartean, sigi-saga zonbaiten egitea, eskuara, frantses ala kaskoin.
Jauntzi gei poxi bat heltzen zitzaiolarik, behar zuen ikusi nun motz, nun legun, nun egin plegu berri bat, eta gisa hortan berregindurik agertuko zuen.
Zer nahuzue? Obra hunen maitearen maitez ari zen.
Ikusia zuen sortzen eta handitzen, haur xume baten gisa oren gaixto frango iraganik. Lan eta buru hausteak beti huntaz. Obrak beretua zuen. Ordainez obra bere zaukan.
Azken hitzak ere bere kazeta maiteaz erabili ditu, heriotzeraino bere herritarren ona baitzuen bihotzean sartua.
Bertzeak bertze, ez daukagu guk ahantzirik, gerla huntan ekarri daukun sokorri gozoa. Hortaz nuen hasia solasa, zonbait lagunen izenean. Gure otoitzekin, har beza gure agintza, eta gure esker onekin, gure azken agurra.
Eta guk hemen huna haren orroitzapenetan ateratu gogo dugun bildumaz bi hitz.
Hiriart-Urruty kalonjearen baratzetik jaliko ditugu:
I.— Zenbait aurpegi: hots, bere kazetan aipatu jaun batzuen egitateaz eta eiteaz eman dituen xehetasunak.
II.— Dugun atxik eskuara, Baionako girixtino Biltzarrean (1909) egin zuen hitzaldia.
Ortografia berritu dugu ch-en orde x ezarriz eta konsonanten ondotik h kenduz, gehientsuetan.
|