www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal literaturaz
Piarres Lafitte
1934-1967 ,1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal literaturaz, Piarres Lafitte (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1990

 

 

  hurrengoa

HERRI LITERATURAZ

 

        Ez Eskual-herrian, ez bertze nehun, ez du herri batek deus ere asmatu. Edozoin asmu, edozoin pentsamendu jende bakar baten ganik heldu da, gogoa beti norbaitena baita, eta ez sekulan moltzu batena.

        Gero, bai, herri batean ahoz-aho, beharriz-beharri hedatzearekin, herrikotzen ahal da, eta horra nola aipa daitezken herrikantú bat, herri-ipuin bat, eta berdin, ororen buru, herri-literatura bat.

        Haatik eskualde batean asmatu, erran edo idatzi guziak ez dira literaturan sartzen: izen hori ez zaie zuzenki emaiten ahal, nolazpait landu eta apaindueri baizik: hortakoz behar dute usaiaz kanpoko zerbait gai edo arrimu, hori gerta baitakioke ez xoilki bertsuari, bainan halaber hitz laxoari.

        Gaiez den bezanbatean, nork ez daki erresumaz erresuma dabiltzala, mugez axolarik gabe, gehienez nehork ezin erranez nun noiz sortuak diren, toki bakotxean leku-usain berezi bat dariotela.

        Halare zonbait iturburu ez ditzazkegu uka, xehetasun batzu hor baititugu salatari: adibidez, Misere, Robert-le-Diable, Marie Valentine, Juan Soldado, Vendome, Donkixot, Trentekuxilo, eta gisa bereko izenak nunbait etorri zaizkula bixtan da.

        Bertzeak bertze, hiru mendez, Troyes eta Frantziako Tolosatik Bibliothéque bleue delakoak zenbat liburuxka urdin ez deizte saldu, etxez-etxe zabiltzan bizkarkarien bidez: hortik jalgi zaizku pastoral eta ipuinak hebroka; eta nola ixil gure kantu askok Occitania-koeri deieten zorra, musikaren eta hitzen beren aldetik?

        — Zorigaitzez, zion Ithurriague ene adixkide zenak, gure arbasoek ez zakiten erdara axaletik baizik, eta bertzalde nekez itzul zezaketen eskualarat.

        — Zorionez, diot nik: horrela ekarriak baitziren beren maileguen errotikago aldatzerat eta beretzerat.

        Hau ere ezagut dezagun: baizik-eta suiet batzu iragan direla egiazko ixtoriotik, ipuinerat; eta ipunetik ala kantura, ala antzerkira.

        Ez da erraiteko baizik itsaso nahasi batean murgiltzerat edo pulunpatzerat goazila, herri-literaturaz mintzatzerakoan.

 

 

Ipuinak

 

        Hitz laxoz ipuinak dira nausi Euskaldunen herri-literaturan. Ipuin izen horrek estaltzen ditu kontu, kondaira, ixtorio-mixterio eta alegia, hots zerbait kondatzen duten guziak, edestia salbu.

        Asko mendez gure etxetako mahaina edo supazter-xokoa alegeratu dute, bereziki afal-ondoetan, familia ohera gabe, eleketa eta jostaketa bildua zagolarik. Bazuen ipuinak bere lekua berdin, ezkontza edo bataio-bazkari luzeetan, artoxuritzetan, ihiztari edo ogi-joile bilkuretan, igande, jai edo merkatu arratsek betetzen zituzten ostatuetan.

        Ahoz-aho zabiltzan bai eta beharriz-beharri, batzu laster ahantzirik zaudela, bertzeak aldiz orroitzari errotik lotuak.

        Ipuin-zaleak izan dira, izkiribuz hartu dituztenak gal diten ez nahiz, ezarri baitituzte han-hemenka barreaturik joan den mendeko eta gure huntako aldizkarietan.

        Handik andana bat bil daiteke; ba eta oraino ere xahar bakar batzuen ahotik oraino idatziak ez diren zonbaitzu.

        Bainan ez da beharrik lan guzia egitekoa. Biltzale suharrak ukan ditugu. Arrotz ala euskaldun, hiru dotzena hurbil kondatzen ditugu. Izenda ditzagun aipatuenak bederen: Cerquand, Webster, Vinson, Arcaya, Monteiro, Barbier, Ariztia, Iribarren, J. M. Barandiaran, R. M. Azkue.

        Heien bildumak batetaratuz Corpus fabularum Vasconiae eder bat baginuke, hamabi ehun ipuinekin, hetarik kanpo uzten ditugularik, nahiz pollitak diren, euskaralat itzuli dituzten Perrault, Grimm, Andersen, Cervantes, Andreiev eta bertze arrotz askorenak.

        Mota guzietakoak badira eta gaiak ardura nahas-mahas ateratzen. Halere, klasatzekotan, bortz taldetan ezar ginezazke.

        Lehenik zertako ez eman paganu sinesteri eratxikiak: hor ginituzke Mari eta Maiu, Mikelats eta Atarrabi, Odei eta Eate: hor lamiak eta maideak: hor basa-jaun-andereak, Axko eta Tartaroa, beren inguruko iretxu eta bertze lagunekin.

        Bigarrenekorik, Ebanjelio-izunetarik bilduak eta zabalki emendatuak: edo berdin sainduen alegiazko bizitzetarik: hor atxeman ginezazke Jesus eta Jondoni Petri Eskual-herrietan ibilki; Zakeoren ixtorio bitxiak; Haur prodigoaren balentriak, Sen Grat, San Nikolas eta bertze hainitzen mirakulu espantagarriak: debru, aingeru, eta arima herratu zer nahi, sorgin, hazti, belagileak, ahantzi gabe.

        Hirugarrenekorik, basa-edestikoak. Aspaldiko gertakari batzuen kondaira, kanore izpirik gabeko xehetasun harrigarriz aldatua. Gisa hortan kondatuak zaizku errege, gerlari, pilotari, marinel, eta bertze gizon aipatu hainitzen zori on ala gaitzak. Luis handiari, Gazteluberri jaunari, Santa-Cruz apezari, Perkaini, Pello Montvieux itsas-gizonari dagozkien ipuinak mota hortakoak dira.

        Laugarrenekorik, ixtorio-mixterio batzu, iduripen hutsezkoak, neholako oinarri gabekoak, hola nola Midasen minarena, Urregile xerriarena, Zozoarena, Xixtu xarmatuarena, eta bertze.

        Bortzgarrenekorik, ezar ginezazke bertze guziak, iduri gertatuak, bainan izpirituz emanak, gehienak jostagarri hutsak. Maizenik aipatzen zaizkun jende-motak talde hoitan guzietan dira: errege-erreginak, medikuak, apezak, sakristauak, buhamia edo ijitoak, guardak, soldadoak, makinunak, mozkorrak, jujeak, ohoinak, atso gaixtoak, zozoak, jokolariak, amerikanoak, arrotzak. Kondatzale bakotxak bere jeinu berezia duelarik, ez da harritu behar ixtorio berak itxura desberdinak ukan ditzan bilduma batetik bertzera.

        Bizkitartean badira ohidura batzu gehienetan hauteman dituztenak. Huna zonbait adibide.

        Ipuinak maiz hitz bertsuekin hasten dira (Bazen behin munduan, Askotan gertatzen den bezala, Aldi batez berria hedatu zen, baizik eta...).

        Hitz bertsuekin bururatzen (Ontsa bizi izan baziren, ontsa hil ziren, hurtan fini da ixturioaHala bazan ala ez bazan, eman hori kalabazanEgia bada sinets, ez bada egia ez sinetsGeroztik pasatuez ez dut izan berririk).

        Ipuinetan ohargarri da zoin usu hirunazka datozin jendeak eta gauzak: «bidean heldu ziren hiru gizon, edo hiru neska, edo hiru soldado; norbaitek asmatu behar hiru egia, errepikatu hiru hitz, jo behar atea hirutan».

        Epeak ere manera berezi batez neurtzen dira: urte eta egun baten buruan; handik zazpi edo hamalau urteren buruan. Bederatziurrena, beti tentu gaixtoko eguna...

        Mintzairaz den bezenbatean zer erranen dugu? Ardurenean bakun eta arrunta dela, herrian herrikoa, hitz-zuhurrez, ditxoz apaindua, arrabots-soinuez emokatua (kisk-kask, zipli-zapla, hinki-hanka, brau, frixk, krik eta krak... eta abar); gaia gordinskoa delarik ere, hitzak bana bertze polliki hautatuak, nehori gaitzi ez diten.

        Oro bar, jostailutzat dauzkate Euskaldunek beren ipuinak, eta ez litzateke zuzen hoien arimaren jujatzea, oinarri ahul eta arin hortatik: gure gustuko, enganagarri lizateke.

 

 

Hitz laxozko bertze josteta batzu

 

        Hitz-laxoari datxizko asko ele kasta, hala-nola prediku, ebanjelio, epixtola, edo prefazio-ihakinak. Orok gogoan dituzkegu Itsasuko Zanpagarayen omeliak, Bidarraiko 24 agotak aipu dituen epixtola, fraile salatari baten prefazioa, edo bere gelariari bazkariaren manatzeko erretor batek egiten duena.

        Bertzalde nola ez aipa, galarrots batzu hasi gabe irakurtzen ziren alegiazko errege, enperadore, president edo prefeten aginduak; maskaradetan xorrotxek emaiten dituzten hitzaldi jostagarriak, notariek egiten dituzten ordenu eta ezkont-kontratuak; ihauteri, maiatz-arbola edo tobera-munstra, auzietako lege-gizonen tartarikak?

 

 

Atsotitzak

 

        Erdi hitz-laxo, erdi neurtitz, huna atsotitz edo hitz zuhurrak. Euskaldunek lehenago nasaiki bazerabilzkaten: laket zituzten erran-bide motz, argi eta ozen horiek, mende zaharretako adimendu guzia baten bildua izan balitz bezala. Azkuek egin du atsotitz bildumarik aberatsena, 2936 zenbakirekin. Berak aipatzen ditu haatik bere aintzineko famatuenak: Zalgize, 1596ko bilzalea, Oihenart, Bela, Moguel, Voltoire, Darthayet, Landerretche eta bertze.

        Asko idatzi da euskal atsotitzez. Nola ahantz Francisque Michel, Urquijo, Veyrin, Leon, Etchartek gai hortaz eginikako lanak? Heien arabera, errangune horiek sakonki salatzen dute herriaren eitea bere gogo-bihotzeko zeihardura berezienekin.

        Halare zonbait aldiz elgar gezurtatzen dute, eta bada kantu bat desbide andana bat argitaratzen dituena. Adibidez:

 

                Laguna lagunari beti iduria:

                Nolako aita eta, halako semea;

                Uriaren ondotik heldu ateria:

                Aita biltzale batek haur xahutzailea!

 

                Amiltzean harria ez da gorolditzen.

                Gizon ibilkariak zer ez du ikasten!

                Busti nahi ez dena urean ez sartzen:

                Irriskatu gaberik nork du deusik biltzen!

 

        Ikus bertze koplak Kantu, kanta, khantore liburuan (51. orrialdean).

 

 

Bertsuak

 

        Herri-olerkiak asko molde besarkatzen du gutartean. Apalena da Kilixki-kalaxka bertsua: ez du berenaz deusik erran nahi, nahiz bere soinuez eta tankeraz beharria perekatzen duen:

 

                Lan-lan-lan

                laran, laran, laran, lan, lan.

                Lan-lan-lan

                laran,laran,lan,lan.

 

                Trikiti-trikiti-trikiti-tin

                trikiti, trikiti, trikiti, tton!

 

        Kilixki-kalaxka gehientsuak lotzen zaizkie zerbait erran nahi duenn hitz batzueri. Haurrek beren berex-kantuetan maiz darabilte modu hori:

 

                Harriola, marriola, kin-kuan-kin,

                portan zela, portan min,

                segera, megera,

                kiru, karum, pek!

 

        Bertze kantu batzuetan ere gerta ditake holakorik:

 

                Horien bien ezteietara

                Erregea zaldiz heldu da,

                rrau, rrau, rra,

                rrau, rrau, rra,

                Ezpata gerrian, rrau, rrau, rra!

 

                Ni hiltzen naizenean,

                trala, tralala, iala-la...

 

                Donostiako iru damatxo

                Errenteriyan dendari:

                josten ere badakite, baña

                ardoa eraten obeki,

                eta kriskitin, kraskitin

                arrosa klabelin,

                ardoa eraten obeki.

 

* * *

 

        Hain zuzen, kantua da gure herri-literaturaren apaintzale lehena. Zonbait mila badira bildurik. Heien bila ibili diren musikazale suharrenak izan dira Salaberry Maulekoa, Charles Bordes, J. Barbier, bainan oroz gainetik Aita Donostia eta Azkue.

        Euskal-kantuak zonbat diren orotarat, ez guri galda. Bada sehaska-kantu, haur-kantu, dantza-kantu, eske-kantu, amodio-kantu, eztei-kantu, deitore-kantu, laneko-kantu, soldatu-kantu, marinel-kantu, ostatu-kantu, pilotari-kantu, herriaren aldeko kantu, alegiakantu,irri-kantu,laudorio-kantu, mendekio-kantu, jendetasun-kantu... Badira alegerak eta trixteak; badira hunkigarriak, ederrak eta pollitak; badira entrabaleko hainitz, eta zenbait bakar gaixto eta xikinak. Mota bakotxak hartze luke ikerpen berezi bat.

        Euskaldunek koplaka neurtzen dute olerkia, eta ez erdaldunek bezala neurtizka. Bertsu edo bertso hitza bera neurtitz moltxoa zaie, puntu edo rima bera duten ber.

        Neurtitzaren legeak ez dira hertsiak. Ez dira konda bokalen azentua, ez labur-luzetasunak. Hiatoen axolarik ez. Dieresi, sineresi, elisioak behar arau baizik ez dira erabiltzen. Musikak manatzen ditu tankerak eta silaben kondua. Izaitez, hogei bat neurtitz mota baditugu (luzeenak 18 silaba), eta dotzena bat bertsu mota (luzeenak bederatzi puntu).

 

* * *

 

        Bertsu zaharrenak badute beren begitarte berezia: itxurapenak errex, bizi eta motz; ele alfer guti, lokarri guti: ideiak hitz-erdika erranak, aieruz esandakoak, entzuleari utziz heien ikur sakonaren asmatzeko atsegina, sendimenduzko logika bati esker. Adibidez:

 

                Halzak ez dik bihotzik,

                Ez gaztanberak ezurrik:

                Enian uste erraiten ziela

                aitunen semek gezurrik...

 

                Etxian eder gerrena...

                Etxekandere lerdena,

                Zure erriko erraztun hortaz

                eros niro Baiona.

 

                Eder zeruan izarra,

                errekaldean lizarra...

                Etxe ontako nagusi jaunak

                urre gorriz du bizarra.

 

 

Bertsolaritza

 

        Bertsolariak zonbaitek aipatu dituzte nasaiki eta ximenki. Luma puntarat heldu zaizkigu Lekuona, Iturriague, Zabala eta Onaindia jaunen izenak.

        Lauek erakutsi daukute ahotik hortzerat bertsu kantatzeko ohidura munduko lau hegaletan hedatua zela lehenago. Bainan leku gehienetan galdu da, guk zorionez oraino atxikitzen dugularik.

        Egia erran, ez da nor nahi bertsolari jartzen ahal: bertsolarigaiak behar du ausartzia frango, jendearen heraberik ez, gogomihiak zalu, hitz hainitz ikasia, idurimena aberats, boza argi eta azkar, zentzu eta oharpen erneak, bai eta kantari dohain zerbait.

        Baitezpada bertso batean ez da behar potorik. Poto egitea da bertso berean hitz bat bi aldiz erabiltzea, ez bakarrik puntuetan, bainan nun nahi. Adibidez, Domingo Kanpañari bota bertsoak lege hori hausten du, lau aldiz mando dakarrelakotz:

 

                Mando baten gañian Domingo Kanpaña,

                ez dijoa utsikan mando orren gaña.

                Azpian dijoana mandoa da,

                baña gañekoa ere, bada azpikoa aña:

                mando baten gañian bestia, alajaña.

 

        Bixtan da goraxeago aipatu ditugun euskal neurtitzeri emanak zaizkien errextasunak, bertsolaritzan ere haizu direla. Bainan bertsularia ez da bakarrik bere hitzen jabe: derabilan musika ere guti eclo asko molda dezake gogoratu hitzekin uztar dadin. Adibidez: silaba baten orde biga heldu bazaizko burura, bi kortxea emanen ditu kantatzean beltx baten lekuan: silaba bat eskas balu, alderantziz.

        Halere joko bihurria da tipus-tapas bertsu baten ateratzea. Teknika berezi bat galdatzen du.

        Eman dezagun Mattin ela Xalbador buruz-buru ari direla, Mattin alegia laborari, Xalbador deputatu. Luzaz zoin bere bizibidearen alde ari izanik, Mattinek behar du bertsu batez auzia trenkatu.

        Berehala pentsatzen du, bakotxa bere hartan egoitea dela hoberetia. Azken hitzak gogoan ditu:

 

                Ni laborari nago, zaude deputatu.

 

        Ideia hori haatik polliki erakartzekoa da, bi ofizioen abantailak aitortuz:

 

                Zure ohore hoiek enaute tentatu

                gure lur-lanak ere bereak baditu.

 

        Bainan zertako ez has jendetasun hitz batez? Eta huna bertsoa:

 

                Adixkide maitea, ez otoi gaitzitu:

                Zure ohore hoiek enaute tentatu:

                gure lur-lanak ere bereak baditu.

                Ni laborari nago, zaude deputatu!

 

        Ikusten den bezala, azken neurtitzak manatu ditu bertze puntuak, eta bertze ideiak ere.

        Ez da haratik ez hunatik, inomine batean lan horren egiteko, gogoaren mekanikak behar du ongi olioztatua!

        Holako kasuan Ligueix batek bertzela itzulikatuko zuen berseta:

 

                Ekiak argitzen dü zelütik bazterra,

                Liliak alageraz ezarten alorra.

                Nik heben arrapizten düdalarik lürra,

                Zü goiti deputatü zuaza Parisera.

 

        Ziberotarrek ideiak iduripenez estaltzen dituzte, bertsuaren betetzeko, ez baitira beti gaizkiago ateratzen.

        Gaiez ez du balio mintzatzera: erran ditake zer nahitaz artzen direla gure bertsolariak, bainan beren jakitatearen mugetan.

 

* * *

 

        Bertso-paperen ontzaileak bertzen teknikaz ber-beraz baliatzen dira. Bainan badute astia, eta gogoeta egon ditazke hitz egokia edo neurri xuxena atxeman arte.

        Ez uste izan halere tipus-tapas artzaileen heinerat heldu diren baitezpada. Ezagutu ditugu bertsolari batzu, luma eskuan biziki ahul zirenak; baina, aditzaleen aintzinean, sukar batek harturik, pindarka botatzen baitzautzueten bertsua, xuxen eta bizi-bizia.

 

* * *

 

        Bertze bertsu mota zonbait aipa ditzagun laburzki. Gehienetan trufa edo murrika dakarkete.

        Trikiti-kopla, motz-motza, zirikatzailea:

 

                Ai mutil anka luze,

                zozo-armario:

                gantzonzillo-borlea

                bematik dario.

 

        Xarnegu-kopla, mintzaireak nahasten zaizkuna. Huna Etchahun Barkoxeren etsenplu bat:

 

                Sed libera nos a malo, sit nomen Domini.

                Vamos a cantar un canto para divertir.

                Yan dügünaz gerozti xahalki huneti.

                Eta edan ardua Jüranzunekoti.

                Chantons, mes chers amis,

                je suis content pardi,

                trinquan d'aquest bun bi.

                Eta dezagün kanta kantore berri.

 

        Elgarri lotuak dira: latina, española, frantsesa, kaskoina eta euskara.

        Gehienetan bi mintzaire dira bakarrik nahasten: Eskuara eta frantsesa:

 

                Bettiri Uhartekoa, ah qu'il était bon chasseur!

                Erbi txar bat atxeman du sasi batian par bonheur.

 

        Euskara eta española:

 

                Por andar con las rubias emen nau galduta

                como los solterones geldituz sobrauta...

 

        Euskara eta inglesa:

 

                Todayko neskatillak

                jasten da pretty,

                powder ipiñi eta

                enseguida all ready

                Side-walkien pasatzen dan

                people guztiari

                begia giñatu eta

                come on right in, honey...

 

        Jostatzeko, fatrasiak ere egiten dira, buru-buztanik gabeko bertsu errebesak:

 

                Entzun nezazu, Frederik!

                amets berdea bederik,

                Arrosa tuntun gaberik,

                lurra zeruan osorik...

 

        Xuberotarrek, ardi zain daudelarik mendian, elgar laidostatzen dute, irri-egiteko, bota-erreferaka: zer nahi erranikan ere legea da ez samurtzeko. Adibidez:

 

                        Pettek

                Sagartzian, sagar eijer,

                Liliak, üsü arroser;

                Asto-orrua, hire ezpainer.

                Xikito!

 

                        Jüsefek

                Karesa, zamari hunentako,

                hitz goxo zentzüdünentako

                orrua dena hiretako.

                Xikito!

 

        Ikusten ahal du irakurleak, bertsu mota hau hiru pontukoa dela eta beti xikito hitz berarekin bururatzen dela. Josteta hori deitzen dute xikitoka artzea.

 

 

Herri-teatroa

 

        Teatro xumea: Teatroa, biziaren itxura eta ihakina den belaket zaio herriari. Jende xeheak haalik ez du berenaz bakan baizik emankizun handietarat jo egiten; aski zaizko ager-aldi xumeak.

        Asko kantuk, beren elgar-hizketekin, antzerki-puska batzu badirudite, eta bertsularien arteko saio hainitzek ere bai.

        Are gehiago, naski, bertze josketa zonbaitek.

        Itzal-xinuz (ombres chinoises) edo panpina-mugimenduz (marionnettes), ume ginelarik, gure amaso eta izabek komedixka pollitik ateratzen zaukuten. Adibidez:

 

                — Itsu trixte bat nuzu,

                Eske nabila ikaran.

                Nitaz urrikal zaizte.

                — Ongi etorri zarela!

                Olagaraian zare!

                Nahuzu ogi puska bat?

                — Milesker, enuzu gose,

                ederki askaldua nuzu!

                — Nahuzu baso bat arpo?

                — Milesker, enuzu egarri,

                Egun ez da hain bero.

                — Nahuzu arropa zerbait?

                — Milesker, badut ongi bestitzekoa.

                — Nahuzu zerbait diru?

                — Ya! baditut ehun mila libera.

                — Zer nahuzu ba, ixtant baten aterbe?

                — Jauregi eder bat badut, anderea.

                — Zertara heldu zare bada: ez naiz itsu sendatzaile.

                — Huna egia, andere gaixoa:

                enaiz batere itsua:

                Gazteluberriko primua naiz,

                itsutuki zaitut maite

                eta ezkontzaz zure galdatzeko

                hunarat jin naiz eskale.

 

        Liho-kardatze eta arto-xuritzetan ere, jostatzeko egiten ziren alegiazko aharrak, ala bertsuz, ala hitz laxoz; gaia zer nahitaz hartzen zuten: doteaz, gizon-gai baten hautatzeaz, etxeko lanez, moda berriez. Elgar-hizketa horiek Baxenabarren disputak deitzen zituzten, Nafarroan errandoak, Ataunen Zelemin ta Zelemon:

 

                Ama, begira zazu

                leihotik kanpora

 

        hitzekin hasten den kantuak disputa hoien aire xaharra dauka, bainan huntan amak ez dio alabari erasiarik egiten.

        Xaribari edo galarrotsetan, suieten etxe bazterretan barreatuak ziren arrobost-egilek «errak, to»ka salatzen zituzten gaztigatu nahi omen zituzten gertakariak. Adibidez

                — Errak, to!

                — Zer duk, to?

                — Badakika berri?

                — Zer berri?

                — Gurdoenean oiloa nausitu zaiola oilarrari?

                — Zer ari dituk? Oilarra erruten?

                — Ez oraino, bainan oiloa kukuruku egiten!

                — Josepe dea oilatu?

                — Ba eta Margarita oilartu...

                — Berri horren ohoretan

                jo adarra errepikan

 

                klan! klan! klan!

 

                — Errak, to!

                — Zer duk, to?

                — Jakin duka berri?

                — Zer berri?

                — Josepek salda galdatu, Ogalea ukan baitu...

                — Ez dea errebelatu?

                — Kontentu zukan, kontentu!

                — Amoak ez bide ziok burua berotu.

                — Ez kafeak ere zainak altxatu...

                — Berri hoien ohoretan

                jo adarra errepikan

 

                klan! klan! klan!

 

        Eta gisa hortan jarraikitzen ziren gauak gauari, elgar-hitz eta arrabots, tuta, zartain, eltze-gogor, oihu, irri-karkaila.

        Alegiazko auziak ere baziren tobera-mustretan, ihauterietan, kabalkada batzuetan: zonbait aldiz frango ausartak ziren, bainan batzuetan ez zuten izpiritu eskasik. Ikus San Pantzaren jujamendua (Gure Almanaka, 1972, p. 52-55).

        Pastoralez. Ordu bide dugu Xuberoko pastoralen aipatzea. Aspaldikoak dira. Oihenartek dio, hamaseigarren mende erditsutan Etchegaray delako batek Donibane Garazin Artzain gorria agerrerazi zuela.

        Baina eskuz eginikako berrehun bat kopia gelditzen baitira han-hemenka barreaturik, zaharrenak XVIII mendekoak ditugu, ez dakigularik xuxen badiren hetan aintzinagoetarik aldatuak.

        Hérelle jaunari esker, hainitz gauza ikas ditake pastoralen teknikaz; bainan dugun erran deplauki textoak berak ezin ukan dituela funski ikertu, ez zakielakotz eskuara izpirik eta laguntzalek axaleko lan ahula egin ziotelakotz, jakingabez eta lasterregiz. Baditake hor astia lukenarentzat iker-sail bat baliosa.

        Pastoral-gauak azken denbora hautaraino ezar zitazken sei taldetan: 1. Testament zaharra; 2. Testament berria; 3. Sainduen bizitzak; 4. Klasiko zaharrak; 5. Ipuinak; 6. Kondaira. Berrikitan sartu dira Euskal-suiet batzu, orai arte ez zelarik hoietarik bihi bat ere ageri: Santxo azkarra, Etchahun, Berterretxe, Xikito, De Troisville, eta abar.

        Arrotzen ganik hoinbertze mailegatzea eskualtzale zonbaitek gaitzetsi dute aberzaletasun-eskas bat bezala: guk nahiago dugu hortan ederretsi Xuberotarren idekidura.

        Zer nahi den, pastoral baten eraikidura erras bakuna da. Hastean, aitzin perediku batean, ekaiaren laburpen bat, aditzalek konprenitzeko gisan zer gertatuko den. Gero xehe-xehea gauzak heldu dira neholako batasunik gabe, noizetik noizera artetik satandantza batu edo ibilketa batzu emanez. Bururatzean, azken peredikia, ikusien bildumarekin, entzulek ez ahanzteko.

        Oro bi puntuko bertsu edo berset libroz erranak dira, mintzaire hanpatu batean, erdarazko hitzen beldurrik gabe, iduri eta arrozkeria horrek edertzen baizik ez dutela.

        Funtsak erakusten du beti ongiak gaizkiarekin deraman gudua, nahiz azkenean, Jainkoa lagun, onak irabazle ateratzen diren. Erran gabea, tzarrek debruak dituzte sustatzaile.

        Pastoraletan agertzen dira segur handimandiak: errege, printze, aita saindu, apezpiku; bainan berdin ermita, eskale, artzain, eta heien inguruan aingeru eta satan-kume zonbait. Nahiz maiz aipatua den, Jainkoa ez da behin ere ikusten, ez eta Jesusen begitartea ere.

        Teknikaz zer erranen dugu?

        Antzoki edo teatro-lekua bakun-bakuna dela, taulada huts bat, bazterrik gabea. Zolan oihal handi bat, eskuin gaixtoen atea, ezker onean. Erdian arte bat, zonbait aldiz aita-saindu eta aingeruentzat. Zonbait kadira. Oihalaren gain-aldean, soinulariak.

        Ohar huni: gaixtoek ez dute nehun urdinik, ez eta onek gorririk. Gaixtoak sartzen edo ateratzen direnean, musika berezi batek laguntzen ditu; onak ere berenaz lagunduak dira.

        Urratsak ez dira oro berdin: erregek badute beren liturgia, bertzek berena, eta onak ala gaiztoak diren arabera, oraino jestuak bertzelakatzen dira.

        Guduak jeneralen artean iragaiten dira. Bi lerrotan emaiten dira elgarri buruz. Hasten dira desafioka, laidoka, eta «batalla»ren airea musikariek botatzean, gerlariek dantzatzen dute beren gudua, elgarren ezpatak tankeran joz.

        Antzoki lau kantoinetan zaintzaleak baitira armatuak, batek airean zizpatiro bat emaiten duenean, neskatxa zerbitzari batek oihal bat hedatzen dio lurrean, hilen den soldaduari, erortzean, ez dakizkion bere arropa baliosak fundi.

        Guduak ardura handizki apailatuak dira. Etsaiak zaldiz heldu dira antzoki ingururat, eta taulen gainekoak kanpokoekin badituzte elgar-hizketak.

        Bertze hainitz berezitasun balitazke altxatzeko, bainan biziki luze loake. Pastoralen ikusteko tirria piztu baginu irakurlen baitan, ez lizateke gaizki!

 

* * *

 

        Xuberoan izan dituzte lehenago irri-egiteko pastoral batzu. Eraikidura bertsua dute, bainan funtsa arras bertzelakoa. Gaiak biziki ausartak, mintzairea gordinskoa, han-hemenka zikina ere. Ez da harritzeko aspaldiskoan bai prefetek, bai auzapezek, debekatuak baitituzte. Hogei-ta-hiru kopia zahar gelditzen dire, linguistikari buruz ikertu behar litazkenak. Euskara hobea dute pastoral handiusek baino, nahiz arruntagoa.

 

* * *

 

        Arrasateko Gabon-antzerkia: Orok badakigu pastoralak Erdiaroko ministerio deitu eliza-antzerkien ondokoak direla. Teatro hori Europako eskualde gehienetan bizi izan da, gero eta pasarte tzarrez nahastekatuago. Apezek eta herrietako buruzagiek kondenaturik eta ohidurak galdurik, emeki-emeki iraungi da, doi-doia hanhemenka zerbait orroitzapen utziz, Oberammegauen edo. Xuberon bezala.

        Euskal-herrian pastoralez kanpo badea haren hatzik? Iduri luke baietz. Hemezortzigarren mendean, Barrutia izeneko eskribau grabar batek (1682-1759) Arrasaten ondu zuen euskeraz «Acto para la Noche Buena». Izena erdaraz ukaiteak ez gaitu harritu behar. Pastoral batzuek ere frantsesezko titulua dakarte: Les quatre Fils d'Aymon, La Prise de Constantinople eta holako.

        Gaia Jesusen sortzea du, beraz elizakoa: bainan Ebanjelioari josiak zaizko, hein bat polliki, hameka xehetasun alai edo hunkigarri, dantzak eta kantuak barne. Gainera, harat hunat garamatza erdi-komedia horrek, Betlemetik Arrasaterat, Herodesen urtetarik Fernando gogo-ilunaren egunetarat. Oro abilki antolatuak eta urtuak daude, maisu-lan batean bezala.

        Barrutiak, euskera-mordoikoa erabilia gatik, (zonbaitek orduan uste baitzuten española euskeratik sortua zela!) obra ederresgarria egin du, Pastoraleri nausi dena.

        Nekez sinesteko zaiku, antzerki bikain hori —euskerazko hoberenarentzat jo baitute norbaitzuk— bet-betan sortu dela aita-amarik gabe. Badu kanore, giro hartan, aintzinekoak ukan zituela, ahulagoak segurki, bainan errege-bidea nolazpait ideki ziotenak.

 

 

FUNTSEZKOAK

 

        Orai arte aipatu dugun herri-literatura gehiena jostakina zen, gai handiak zerabiltzalarik ere.

        Bi hitz labur bederen hartze dituzkete funts gehiagoko gure kantika, hitzaldi eta gutunek.

        Ez dituztea ondorio baliosenak ukan, gure arbasoen kulturari eta mintzairari buruz?

        Eskual kantikek girixtinoen arimak hazi dituzte. Hiru mendez obra ttipi hoien biltzale hainitz izan da, zor handienak dauzkiegularik Inchauspe, Hiriart-Makola, Daranatz, Laharrague, Donostia, Vegel eta gain-gainetik Gabriel Lerxundi aita beneditanoari.

        Abesti horiek, nahiz bertze hizkuntzetakoen gai eta sendimendu ber-berak dariozketen, nortasun bat derakuste: ez dute heiek bezanbat hasperen eta zinkulina guri botatzen. Gizonki, neurri gehiago dadukate, fedezko erakaspena lirika-oldarrari nausitzen zaiolarik. Ez dituzte zainak inarrosten, ez nigarrak jauzarazten, bainan gogoa argitzen, nahia oneratzen, bihotza izariz hunkitzen. Banago aski hurbildik izan diren ikertuak.

        Bainan gorago ezar ginezazke gure lehenagoko apezen predikuak.

        Heien igandetako hitz-ñoa bazen zerbait gure herrietan; arteko solas-bide bikainetarik bat. Haurrak elizatik sartzean, galde egiten zitzaien zen erran zuen jaun erretorak; gizonek ostatuan, haren piko eta erasiak onesten edo gaitzesten zituzten, bi baso arnoren artetik; iturrian eta lats-harrian emaztek ere aipu zituzten haren ele pollit edo biperdunak.

        Alabainan prediku hoitan aditzalek jende xehearen hizkuntza bera entzuten zuten, apurño bat apailatua naski, bainan bere egun guzietako gatz eta lilurez, ez den mendrenik gabetua.

        Duela hogei-ta-hamabi urte dei bat egin ginuen, ez zenez norbait hasiko apeztegiz apeztegi ibiltzen, apez zenduen predikuketa. Izan omen zen abiadura zerbait, bainan ez zuen iraun. Orai berriki atseginez irakurri dugu xede horri lotzekotan zaizkola gazte zonbait. Jainkoak lagunt ditzala. Ezen, gure iduriko, lan horiek abantail gehiago derakarguke, ipuin eta kantuek baino, ez balitz ere hizkuntza jakitatearen onetan baizik.

        Elizaz kanpoko hitzaldiak askoz bakanagoak izan dira. Bizkitartean aspaldi danik baliatu dituzte bai politika-biltzarretan, bai euskaltzaleen bilkuretan, bai laborarien arteko solas-aldietan; eta —hau bernia dugu— irratietan.

        Hoitaz ere uste dugu on lizatekela arta hartzea.

        Euskaldunen arteko gutunak ez dira literatura handian sartzen. Zorigaitzez hainitzek ez dute erdaraz baizik idazten, nahiz azken denbora hautan emendatzen ari diren euskerazko gutun egileak. Konprenitu duteke, gure etxeko mintzaireak baduela, guretzat segurik, Axular handiak aipu zuen, eta erdarek ez duten «zapore» edo «gozo» bat.

 

  hurrengoa