EKITALDI BAKARRA
Ikastetxe edo eskola bat barrendik ikusia. Oi diran mai, alki, irudi ta tresnak. Leio bat ta ate bat kalera barrenoialean. Edozein aldetan, eskubitan ala ezkerretan beste ate bat Maisuaren bizi-lekura daramana.
LENENGO AGERRALDIA
Maisua ta Maistra
MAISTRA: Gaur, umeai nola agindu diezu eskolara etortzeko?...
MAISUA: Nola? Nola?... Kasketak emanda!
MAISTRA: Ostegun gizena izan ta...
MAISUA: Orregatik bada; osteguna gizena dalako ta ni mea naizelako.
MAISTRA: Beste urteetan ostegun gizen egunez ez genuen eskolarik zabaltzen.
MAISUA: Gizena dalako, osteguna, zabaldu bear degu bada.
MAISTRA: Ikusiko dezu nola gaur eskola utsik geldituko dan.
MAISUA: Ni ez al naiz iñork?
MAISTRA: Zu, bakarrik, zera... «zero»; utsa. Ez! Bateko mea. Ta batari ezkerraldian utsa jarri-ta badakizu zer gertatzen zaion. Eskola ikaslerik gabe... utsa!
MAISUA: Ta gaur eskolara ez datorrenari... zigorra.
MAISTRA: Okerrago! Gutxiago etorriko dira.
MAISUA: Zer bada?
MAISTRA: Beraz! Zuk zigorra eskeñi ta etxean, berriz, txistorra emango die... Ostegun gizena baita!
MAISUA: Ori da! Atera zaite umeen alde.
MAISTRA: Ez; ni txistorraren alde atera naiz.
MAISUA: Atzo agindu nien mutil guztiai, gaur eskola izango zala... ta izango da!
MAISTRA: Nik nere neskatxoai ez etortzeko agindu nien, ta ez dira etorriko. Ostegun gizena! gero, bostetan, «tian» etxean izeba. Ez, ez! Izebaren etxean «tia» artu bear degu.
MAISUA: «Tia» ta izeba... alkarren antzekoak.
MAISTRA: Ez bada; alkatearen andrea ere gurekin izango degu. Oso lagun-arte ona, ta txokolate obea.
MAISUA: Bejuandizula! Emen gelditzen naiz nere mutillen zai.
MAISTRA: Alperrik. Etxe askotatik ez zizkitzuten bidaliko.
MAISUA: Gurasoak bidaliko zituzten. Orain, zeintzuek «piperra» egingo duten, gutxi-gora-bera badakit: Martin Gaizto, Joxe Biurri ta... olako batzuek.
MAISTRA: Martin ta Joxe oriek beñere etorriko ez balira obe. (Au esan orduko biak atetik, zeletan bezela, agertuko dute burua). A zer nolako bi pizti!
MAISUA: Pizti oiek ez gañerako guztiak etorriko dira zintzo asko. Usokumeak bezela.
MAISTRA: Bai zera! Gaur umeak goiko plazan geldituko zaizkitzu. Ez al dakizu zezenak ta mozorroak ta soñu, dantza ta ez dakit zenbat jai antolatu dituztela? Ostegun gizena dala?
MAISUA: Eskola-ondoren ere jaiak ikusteko beta gelditzen da. Ta gaur «piperra» eginten duanari...
MAISTRA: (Dijoalarik). Piperrik gabe txistorra motela dala...
MAISUA: (Darraikiola). Bizituko ditut nik zigorraz... (Bijoaz).
BIGARREN AGERRALDIA
Martin Gaizto ta Joxe Biurri
MARTIN: (Sartuaz). Joan dituk.
JOXE: Barrura sartu al dira?
MARTIN: Zigarroa piztutzera joan dek.
JOXE: Zigarroa ez; zigorraren billa joan dek.
MARTIN: Ta zer dek zigorra?
JOXE: Zigorra? Makilla, motel!
MARTIN: Gu ez gatxok joko. Eskolara zintzo etorri gaituk beintzat, ta «zezenetara» ibilltzeko adarrak ekarri dizkiat. (Mantal azpitik adarrak atera bitza).
JOXE: Bai bañan... gaur mutillenzat eskolik ez zegola esaten ibilli gerala jakiten duanean maixuak... ta neskai berriz berak eskola badutela ta etortzeko esaten ibilli gerala jakiten duanean... Biak maisuak eta maistrak ori jakiten dutenean...
MARTIN: Orduan zigor bat gutxi izango dek... Ez ditek jakingo.
JOXE: I ibilli intzan, e?.... Nexkai ta mutillai... Nik ez nian nai izan.
MARTIN: Ez jauna! Ik ere Potxolori esan ioken.
JOXE: Ura, ura... banekitxian etorriko zala-ta.
MARTIN: Ez dek etorri bada.
JOXE: Nexkak ere ez zetozek.
MARTIN: Aiek bai etorriko ditukela: arkumeak bezela. Nexkak ez zekitek piperrik egiten. Ikaratiagoak dituk.
JOXE: Naiago ditek eskolara etorri, bai, bestela etxean amak platerak garbitu-arazten zizkiotek eta.
MARTIN: Nere etxean ez; zakurrak mingañakin garbitzen dizkik.
JOXE: Aizak... Iñor besterik ez zetorrek.
MARTIN: Ori bear diagu bada. Aufa, ia! Ola maisuak beriala bidaliko gatxok. Artu itzak adarrak. I zezena intzala.
JOXE: Beltxa ala gorria?
MARTIN: Itxoin! (Ateruntz begiraturik). Beidok zein zetorreken.
JOXE: Potxolo!
MARTIN: Ez dek sartuko bada. (Karraxika). Txeletero! Txeletero! (Josek ere oju egiten du).
(Potxolok, bildurtuta atean agertu ordudo itzul egiten du. Maisua deadarrak entzunik ateratzen da).
IRUGARREN AGERRALDIA
Lengoak ta Maisua
MAISUA: Zer dira deadar oiek? Zuek al ziñaten? Nun dira besteak? (Bi mutikoak, laisterka, bere alkietan eseri ta izututa itzik esan gabe gelditzen dira). Zeñek atera ditu deadar oriek? Zu, Martin.
MARTIN: Ez jauna ez; ez ditut adarrak atera.
MAISUA: Ez dituzutela atera deadarrak? Nere belarriak zulatzeraño.
JOXE: (Martini). Ixillik ago! Lengo karratxiengatik esaten ari dek-eta.
MAISUA: Beste guztiak nun dira? Ez al dakite gaur eskolara etorri bear dala? Ez badatoz aguro aguazilla bialduko diet billa. (Ixillunea). Zuek etorri izateak arritzen nau.
MARTIN: Nai badu joango gera.
MAISUA: Joan, e? Emen geldi. Ta lezioa ez badakizute...
JOXE: Ondo ikasia degu.
MAISUA: Ea, Martin. Munduak zenbat zati ditu?
MARTIN: Munduak... munduak...
MAISUA: Bai, lurbira edo munduak.
MARTIN: Bi: mundu au ta beste mundua.
MAISUA: Astakillo ez bestena! I beintzat beste munduan ez aiz inpernutik urruti izango. Gaur Jeograpiko iezioa ondo ikasi arte ez zerate eskol ontatik irtengo. Zu, Joxe: Zenbat dira?
JOXE: Bi: itxasoa ta legorra.
MAISUA: Zuek bai zerateia bi nun bizi zeraten ez dakizutenak.
MARTIN: Bai jauna bai: ostegun gizenean.
MAISUA: Ederki! Ori ez zaizute aztutzen; ba, gaurko egunak ez dizute gaitzik egingo. Biok ementxe. Aguazillari esatera noa kalean billatzen dituan mutil guztiak eskolara bialtzeko. Ta bitartean ez badituzute ondo ikasten, zenbat zati dituan munduak; zenbat bizilagun, errien izenak ta gañerakoak... Bazaudezteke pixka baterako. (Bijoa).
LAUGARREN AGERRALDIA
Martin ta Joxe
MARTIN: Orain ikas zak Jeograpia orrenbeste izenekin. (Gogo txarretik liburua begiratuaz).
JOXE: Ara: munduko zatiak emen zeudek. Asia...
MARTIN: Ez asi emen, motel; biar ikasiko dizkiagu.
JOXE: Beidok... Asian zeudek: Afagnistan, Belukistan, Turkestan...
MARTIN: Ori jarri duanak apustu egingo diat ez zekikela nun dagon Saturraran. Gaur jostatu gaitezen. Ona adarrak. (Mantal azpitik ateriaz).
JOXE: Ni zezen beltza niñuala.
MARTIN: Bai, bai. (Mantala bi eskuetan artu-ta «zezena» toriatuko du abesturik):
Zezena dator arkupetatik
txispa dariola adarretatik
etc., etc.
Maisua dator bere etxetik
Zigorra konkorduna arturik...
BOSTGARREN AGERRALDIA
Lengoak ta Potxolo
POTXOLO: Zezenetara ai zabilltzate?
MARTIN: (Jokua geldituaz). Ez! Zertara etorri aiz i eskolara?
POTXOLO: Zuek zertara etorri zerate ba?
JOXE: Joan adi; obe dek. Ez dek beste iñor etorri.
POTXOLO: Zuek joaten bazerate joango nauk.
MARTIN: Ik artu egingo dek, e? (Ukabillaz zematuaz).
POTXOLO: Atera adi nai deken lekura.
JOXE: Ez asi Uzkudunen antzera. Goazen berriz zezenetara. (Martini adarrak emanez). I zezen. Ta i zaldi, Potxolo.
POTXOLO: Ni beti zaldi ez, e?
JOXE: Ez, txandaka. (Potxolo gañean jartzen zaio). Arre!
MARTIN: Jarri, e? Ta-ra-ri-ti-ra-ti-ra-ria raaa! (Auaz otsa egiñaz). Zezena baziak... (Biai erasotzen die lurrera botiaz).
JOXE: Ai!! ai!!
POTXOLO: Astoa! (Zutituaz).
MARTIN: Ez, i zaldia aiz.
POTXOLO: Ez, au. (Martinengatik).
MARTIN: Ni zezena nauk.
JOXE: Berriz, e? Bañon lurrera ez botatzea.
POTXOLO: Ez, ez nabilltxok. Maisua etortzen badek...
MARTIN: Potxolo ire eguna izango dek gaur, e? Ostegun gizena.
JOXE: Etxean txistorra egitan emango ziaten eskolarako?
POTXOLO: Bai, txistorra ta dirua.
MARTIN: Emaiguk koska bana.
POTXOLO: (Sabela ikutuaz). Emen barruan zegok.
JOXE: Zenbat diru dek?
POTXOLO: (Zakelean txanpon-otsa ateriaz). Ara. (Erakutziaz).
MARTIN: (Besoan jo-ta txanponak lurrera botatzen dizkio). Arranpalo!
POTXOLO: I sei zakurraundi dituk, e?... (Dirua jasotzeko makurtzen da). Joxe Maisua zetorrek, maisua... (Irurok aguro alkitan eseritzen dira).
SEIGARREN AGERRALDIA
Lengoak ta Maisua
MAISUA: (Sartuaz). Zer da emengo iskanbilla?...
POTXOLO: Ez jauna, ez; nere txanpon-billa.
MAISUA: Iru bakarrik ta istillu ori?... Nun dira besteak? Zu: (Potxolori besotik eldurik). Nola etorri zera ain berandu?
POTXOLO: Eskolik ez dagola zabaldu dute.
MAISUA: (Asarre). Zeñek zabaldu du ori? Zeñek agintzen du emen? (Martina Joxek kiñuka ta ukabilla erakutsiaz ez esateko adierazten diote).
POTXOLO: Ez dakit.
MAISUA: Zuri eskolara ez zala etorri bear zeñek esan dizu? (Gogorrartuaz).
POTXOLO: Neri... Martiñek.
MAISUA: (Irakiten). E? Gizona! Zuk... (Joxerengana urbilduz).
JOXE: (Ikaraz). Ez jauna, ez. Onek... (Martinerengatik). Martiñek.
MARTIN: Nik ez, nik ez!
MAISUA: Zeñek ba?...
MARTIN: Andre maistrak esan zigun.
MAISUA: Maistrak ez zizuten olakorik esango.
MARTIN eta JOXE: Bai jauna, bai...
MAISUA: Ori esan bazuen ere, emen nere esana egin bear da ta ez beste iñorena. Zoazte irurok kale guzietara: goiko plazara, elizaurrera, zumardira... ta aitzekirik gabe mutil guztiak eskolara etorri ditezela.
MARTIN: Nexkak ez?
MAISUA: Nexkak egin dezatela nai dutena.
JOXE: (Albora). Nexkak ere etorriko dituk ba.
MAISUA: Ea! Zoazte aguro esandako lekuetara. Korri!
MARTIN: Bai, jauna bai. (Iru mutillak korrika abitzen dira).
MAISUA: Bañan ordu laurden bat baño lenago guztiok emen.
POTXOLO: Ta barea altxatzen bazaigu?
MAISUA: Utikan! Zer bare ta bareondo! (Irurak bijoaz).
ZAZPIGARREN AGERRALDIA
Maisua ta Maistra
MAISTRA: (Apain jantzita). Maisu jauna: mutillak etorri ez, e? (Maisuak erantzun gabe bestaldera begiratuko du). Lenago esan dizut: gaur ez zirala etorriko; ezta bat ere!
MAISUA: (Bat-batean burua itzuliaz). Iru etorri dira ba! Ta beste guztiak...
MAISTRA: Ez ola jarri, gizona; ez, ez, gizona! Ostegun gizena dala esan nai det. Urte guztiko ostegunetan jai izaten da, ta ostegun gizen egunez eskola? Ez da oiturik. Lenoxego mutillak ez dirala etorriko esan dizut.
MAISUA: (Oso ben ta kopeta illunaz). Aski dezu. Ez det geiago ezer jakin nai. Gaitzerdi...
MAISTRA: Gaitzerdi?
MAISUA: (Ots aundiaz). Gaitzerdi da mutiiak ez dirala etorriko neri esatea. Bañan (Sutsu ta asarre) mutillai berai zuk adieraztea gaur ez dala eskolara etorri bear, ez dizut barkatzen! Orrek ez du izenik!...
MAISTRA: Bai, orrek izena badu: gezurra.
MAISUA: (Jarraituaz). Ori egia da. Esaidazu; zeñek agintzen du mutillekin, zuk ala nik?...
MAISTRA: Nik ez; zuk ta... ostegun gizenak. Paketu zaitea. Nere aldetik, aitortu bear dizut iñolaz ere, zure mutillai ez dietela, ez aitatu, ez agindu, ez esan, ez an, ez emen, ez orain, ez lenago, ez gaur ez atzo... ezertxore.
MAISUA: Ixo! Ori mingaña...
MAISTRA: Mingaña? Ondo garbia daukat. (Erakutsiaz). Baraurik nago atzo ezkerotik. Esne pixka bat besterik ez det artu. Bañan gero, izebanean... tia, txokolatea, goxo ta txistorra.
MAISUA: Ez det ezer jan nai. Eskola ondoren ere beta gelditzen da nai aña meriendatzeko.
MAISTRA: Bai bañan, ez zera nola nai jantzita joango alkatearen andrearengana-ta.
MAISUA: Gu nolanai ta andreak... aundinai.
MAISTRA: Bai, «sonbrerua» jaztera noa ta geldi-geldi izebanera.
MAISUA: Ni geldiago.
MAISTRA: Neskatxoai esan diet gaur bazkalondoan ez zala eskola-jardunik izango. Zuk beste orrenbeste egin zenezakean. Lasa-lasa.
MAISUA: Zu lasa ta ni estu. Bakoitzak berea. (Bijoaz).
ZORTZIGARREN AGERRALDIA
Mirentxu, Guadalupe, Terexa-txiki ta beste nexka batzuk
MIREN: (Guztiak batean ta korrika sartzen dira zeñek lenago Maistraren alkia ikutu). Nik aurrena! (Alkia edo olako zerbait ikutuaz).
LUPE: Nik ere bai! (Onek ere ikutzen du ta ondoren beste guztiak alkarren leian, ixtillu gorria ateriaz).
GUZTIAK: Ikutu, ikutu, ikutu, ikutu!...
BATEK: Terexa-txiki azken.
TEREXA: Ez andrea: Lupitak bultza egin zidan.
LUPE: No señora! Ik baño askozaz lenago ikutu diñat.
MIREN: Ez erritarik egin. Eskolara etorri gaitun; au poxa! Jostatzeko toki obea den ta ez goiko plaza, mutil gaiztoz betea.
GUZTIAK: Bai, bai!!
LUPE: Orregatik amatxok ez zidan etxetik ateratzen uzten eskolarik ez dagonean.
BATEK: Neri ere ez. Etxeko lanak, soñekoak garbitu ta josi ta oia, zer uste den? egiten dizkiñat.
BESTE BATEK: Neri ba, ez ziñan etxetik ateratzen uzten iñudeakin ez bada ta... lotsatzen naun...
GUZTIAK: Iñudea! Iñudea!
TEREXA: Ez gaitun ume zirtzillak besoetan eramatekoak. Alajana! Aurten bizikletan ibilltzen ikasi bear diñat-eta.
LUPE: Nere amatxok zion bizikieta mutillentzako dala.
TEREXA: Ba, nere aizpa ibilltzen den, ta bai joan ere oso urruti, urrutira, erori gabe.
MIREN: Goazeman jostatzera. Dendetara...
BATEK: Ez, ez; politaogoa da «txingoka».
GUZTIAK: Ez, ez...
TEREXA: Goazeman «ala kinkilin ala!»
GUZTIAK: Bai, bai, goazen! (Eskuz-esku eldurik abestutzen dute).
Ala kinkilin ala
Ala samur dala
Terexa txikia
Bira bestaldera.
Ostegun gizen dala
Ostiral mea dala
Larunbat erdi-loria
Igande iñauteria...
Etc., etc.
BEATZIGARREN AGERRALDIA
Lengoak ta Maisua
MAISUA: (Arrituta). Nexkak!... Utsa! Nexkak nai ez ta mutillak etorri ez.
GUZTIAK: Arratsaldeon, maisu jauna.
MAISUA: Arratsalde txar! Nun dira mutillak?
BATEK: Goiko plazan.
MAISUA: Zer egiten dute eskolara etorri gabe?
TEREXA: An ari dira zagi-dantzan.
MAISUA: Zagi-dantzan?... Beingoan zagia lertuko balitzaie...
BATZUEK: Bai, bai! Jo ta jo ari dira makillaz.
TEREXA: Mutillak jostatzen-ta, guri ere utziko al digu?...
MAISUA: Zer?
TEREXA: Jostatzen... (Abestuaz).
Ostegun gizen dala,
ostiral mea dala...
MAISUA: (Zakar). Gaur eskola dala...
TEREXA: Biar ostiral mea; beorren eguna al da?
MAISUA: Ez det nik egitekorik zuekin. Ederra da komeria! Ni maistraren ordez ta maistra...
AMARGARREN AGERRALDIA
MAISTRA: (Zearo apaindurik ginbail ta guzti. Aoazabalik). Bañan, bañan... Zer da au?
NEXKAK: Arratsaldeon, Andre Maistra.
MAISUA: Orain izebarengana, zoaz... «tia», ez! tila artzera.
MAISTRA: Zenek agindu dizute gaur eskolara etortzeko?
MAISUA: Zu txukundu zera txistorra jatera joateko ta lukainkak egokitu.
MAISTRA: (Gero ta asarreago). Gaur eskolarik ez zala ez al nizuten esan?... Ordea, ordea...
MAISUA: Or ez; emen dira; txokolatea eztuko zaizu izebaren etxean.
MAISTRA: Bañan, zeñek bidali zaituzte gaur eskolara?
MAISUA: Sonbrero, ginbail orrekin uxatu egiten dituzu zure usokumeak, domingilloak txoriak bezela. Kendu ezazu ta erantzungo dizute.
MAISTRA: Aski da (Sonbrerua kenduaz) (Nexkai) Zeñek agindu-ta etorri zerate gaur arratsaldean eskolara?.. Egia esan!
NEXKAK: Bai andrea, bai...
MAISUA: Ara, ikusten? Asi dira...
BATEK: Maisu jaunak esan omen du.
MAISUA: (Asarre). Ez, ez!
MAISTRA: (Amorruaz). Maisukeria egin didazu.
MAISUA: Ez, ez, barkatu; ez dizut ezer egin. Ikusten dezu; nere mutillak «piperra» egin didate ta...
MAISTRA: Piper mina. Orain ere zure mutillen gaiztakeria da au guztia. (Bat-batean, zerbaitzaz oroituaz). A bai!! Martin Gaiztok ta Joxe Biurrik asmatutako gezurren bat da guztia.
NEXKAK: Bai bai; Martinek esan digu etortzeko; ta Joxek.
MAISTRA: Ikusten?... Ba... (Maisuari) Zure baimenaz bi mutil oiek gogor zigortuko ditut.
MAISUA: Gaur ez det agintzen; gaur ostegun gizenak agintzen du.
MAISTRA: Zeñek agintzen duan ikusiko degu. (Martin, Joxe ta Potxolo agertzen dira).
AMAIKAGARREN AGERRALDIA
Lengoak ta Martin, Joxe ta Potxolo
IRUROK: (Korrika sartuaz). Badatoz besteak.
MAISUA: Bazenuen etortzeko garaia.
MARTIN: (Arnasa artuaz). Erri guztian billa ibilli gera.
MAISTRA: Estu artu bear ditugu urrena guregatik parra egin ez dezaten. (Mutillai) Zer ibilli zeraten badakigu.
MAISUA: Bai, jarri zaitezte belauniko (Iru mutillak belaunikatzen dira).
MAISTRA: Ori ez da ezer. Nik esango diot alkateari irurok lotu-ta kartzelara eraman-arazteko.
NEXKAK: (Ikaraturik). Kartzela! Kartzela!
POTXOLO: Nik ez det ezer egin.
MAISUA: Altxa zaltez, altxa: zuk ez dezu errurik.
JOXE: Nik ere ez nuen nai...
MAISTRA: (Martini). Zu izango ziñan zirikatzalea.
MARTIN: Ez jauna... bestea... zera... ez jauna.
MAISTRA: Ni andrea naiz.
MARTIN: Bai andrea bai, zera... ostegun gizena da ta.
AMABIGARREN AGERRALDIA
Lengoak ta Alguazilla
NEXKAK: (Alguazilla sartzen ikusten dutelarik). Aguazilla! Aguazilla! Aguazilla!
ALGUAZILLA: Arratsalde on. Alkate jaunaren izenean...
MAISTRA: Nere billa bidali al zaitu etxekoandre? Beriala banoala. Lenago mutil oiek egin duten gaiztakeria...
ALGUAZILLA: Alkate jaunaren izenean, oraintxe bertan eskola gilltzaz itxitzeko ta nexka-mutil guztiok plazara dijoazala ango jai ederrak ikustera.
NEXKA-MUTILLAK: Ori ori! Aufa! Goazen! (Olako ta antzeko istillu ta algarak entzungo dira).
MAISUA: Alkate jaunak agintzen du ta zoazte.
MAISTRA: Orixe nai nuen nik ere ba.
(Ontan txistu ta tanborraren otsa entzungo da ta dantzarien zalapartak; eskolan dauden nexkak-mutillak arroturik, pozaren-pozaz karraxika ta dantzan abituko dira berak ere alaitasun aundian).
AZKENENGO AGERRALDIA
ALGUAZILLA: (Atetik dantzariai). Atozte onera! (Txistu- jotzaleak, ta 6, 8 edo geiago dantzari zagi ta guzti sartzen dira bere dantza ta abestietan diardutelarik. Nai izan ezkero Zagi-dántzaren ordez beste edozein dantzatu ala abestu liteke).
ZAGI-DANTZA
Ea bada, mutillak
erabilliki makillak!
Ea bada, mutillak
erabilli zankoak!
Urtean beingo
Urtean beingo
da ostegun gizena.
Ai zagia, zagia, zagia,
ai zagia puztua!
Ai zagia, zagia, zagia,
Ai zagia puztua!
Nun da ba, nun da ba,
aspaldiko zagia.
|