BIGARREN EKITALDIA
(Lehen ekitaldiko agerkai bera)
LEHEN AGERRALDIA
Koxejuan eta Marixume
(Koxejuan laisterka dator, izerditan hatsa larri; Marixume etxe atadian dagolarik).
MARIXUME: Zer duzu ain ertsi eldutzeko? igesi zatoz eta nola; gaisoa. Zerbait gerta zaizue? Nun geldi da aita?
KOXEJUAN: Utz zadazu artzen atsa. Ez dauzut galde guziai, batean, jardesten ahal. Itzulia egin dugu beinik bein... eta zu ikusteak bozkariatzen nau.
MARIXUME: Baita ni ere, erran gabe doa. Pausa zaite ba Koxejuan eta gero asetzen ahal duzu nere jakin mina.
KOXEJUAN: (Hatsa arturik). Ehia ezin nintzan mintza. Orai bihurtzen hasi zaut abotsa, Marixume.
MARIXUME: Entzuteko kilikan naukazu. Erran, erran. Mugazainak mendi gora ikusi ditudalarik beldur bait nintzan, buruz buru ez ote zenuen eginen.
KOXEJUAN: Ixo. (Etxerat behatuaz). Ez ditzala zure amak entzun gure abotsak.
MARIXUME: Or dabil baratzean baztanarriak atxematen.
KOXEJUAN: Bazenakien orduan mugazainak emengo aldi zabiltzala.
MARIXUME: Nik ala uste. Badea oren biga gibeleko iratz multsotan lotan, zurrungan dagoala.
KOXEJUAN: E? ez da deithogarri? Beitu zazu. Eldua da ordea?
MARIXUME: Ba aspaldisko. Or da or. (Nun dagon erhiaz sinalaturik).
KOXEJUAN: Ba elgarrekin lotu behar dugu berriz mendira. Ark baitaki ondoenik lekuen berri.
MARIXUME: Etzinda loak artzeko hauta duena ez da ba obenetarik.
KOXEJUAN: Beharra eragille handi.
MARIXUME: Noan iratzartzerat... (Amultsuki begiratuaz).
KOXEJUAN: (Orobat). Noiz eltzen ahal da iratzarriko nauzun eguna.
BIGARREN AGERRALDIA
Lehengoak eta Batixta
BATIXTA: (Sarturik). Ez duzue igi beharrik, emen nauzue, zuen arrabotsa nabaitu bait dut eta baita ere ezagun Koxejuaneren boza. Ikusia dago egun ezin lo egin daitekela trankil. Ta zer gerta zaizue jada?
KOXEJUAN: Ba deus handirik: goitik gentozelarik karabineroekin behaztopo egin dugula; behitik lotu gira ta mugazainekin berritz. Ehia zarra gaituzte ederki. Eskerrak barreiatu girala mandoak alde batetik, gu bertzetik. Eta puskak an nunbeit...
BATIXTA: Ai, ai, ai. Eta Mixel bakarrik utzita eldu zira? Eta aren alaba nahi duzu andretzat? Marixume, ez dauzu ohore handirik biurtzen.
MARIXUME: Zurea da obena, bera laguntza bila etorri zaigu, egin ahaletan eta biok gan bear duzue gure aita mugazainen eskuetan eror ez dedin. Ahalkegarri litake.
KOXEJUAN: Ni eldu naiz ez lotsaz igesi, baizik zu gaztigatzerat. Egun batez behar eta...
BATIXTA: Ahalkegarri ezik kaltegarri litake. Mixel ez dute mugazainek atxemanen, bai zera! Badaki nundik ibil, eta haren laguntzera gaten ahal gira errezki. Bainan puskak galdu balin badituzue bertzerik da.
MARIXUME: Hori da. Puskak maitezenago dituzue presunak baino. Ea irurok atzemaiten zaituzten.
BATIXTA: Ez ukhan ardura, Marixume, zure maitea, aita ta ni orok osorik itzultzen ahal gire. Mugazainak ere geiago maite baitituzte puska baliosak gu baino, eta naski haiei jarraikitzen. Bagoazi lako (Koxejuaneri). Zer aldetarat jo du?
KOXEJUAN: Arretxilako erreka behitik an izainen da sasipean.
BATIXTA: Ez da urrun, laister emen dire. Hortzez ala aginez.
MARIXUME: A, gaisoa. Emen geldituak baitire arno xorta bat edaten. Bainan ez dauzu errepikatzen nola eldu ziran bakar bakarra. Nun utzia duzun aita.
KOXEJUAN: Ba karabineroekin behaztopo egin dugu usategietako oianerat eldu girelarik. Io dugu errekarat, eta no, an berritz mugazainak zaizkigu ageri. Bakoitza bere aldetik sakabanatu gira, puskak galdurik, soka ausiaz; eta azkenik ez dakit nere lagunak noruntz artu duten. Zure aita sasipe batean gorde dela uste dut. Ni gibelxeagon geldi naiz pusken gordetzen eta karabineroak urbildu direlarik laisterka abitu naiz, kurri. Eta nere zango arinai esker emen nauzu finki.
MARIXUME: Zer irriskuetan ematen zaituen zuen balentriak. Gure aita ez dago hunela ibiltzeko adinean. Hobe duzue utzi muga erra-goiti jadura-behitia. Bertzenaz egun batean presondegirat eramaten al zaitue.
KOXEJUAN: Ez da errez gu atxematen salatarien bat ez badugu barne. Egun ere mugazain eta karabinero, bietarik gure begira; sareak eda eta guk ega halaz guziaz.
MARIXUME: Lumak utzirik guzia berant zabiltzatelakotz.
KOXEJUAN: Egia diozu: eguna artitzeko behar ginuen etxean, bainan Espainiako txabola batean, Batixtaren mutil bati lau oren begira egonak gaituzu eta ark nahasi bidaia.
MARIXUME: Ezkon gaitezenean ez dauzut utziko hunela kurritzen, tiroren batek ez zaitzan gal.
KOXEJUAN: Ez, orduan zure baitan egoten al naiz beti, zuk arthatuko nauzu eta nik zu maiteko.
MARIXUME: (Eztiki). Orai erraten duzu ori, esposatuz geroz ordea gizon guziek lehen lepotik burua. Emazteki gaisoak etxean pairamenak jasaiten.
KOXEJUAN: Eta ni laguntzen ahal bezenbat. Haatik uste dut muga barnerat etxerako pusken ekartzea utziko nauzula. Nola lakhet bertzenaz... Gainera zer nahi gauza emen eros ala Nafarroan badago aldea: anitz sosen irabazia. Inoiz eskeintzen dauzut jantzi baten egiteko ohial ederra, setazko txingol, galtzerdi, oinetako, arno goxoetarik eta bertze...
MARIXUME: Horrek pozkariatzen nau, bainan bertzalde zenbat hertsura ta lotsa. Badirudi aristiko istripua ahantzi zaizuala eta gure aita doakabea sasipean apal-apal gaisoa.
KOXEJUAN: Hori ez da deusik ere. Pausan dago eta laister laguntzen ahal dugu handik ateratzen.
MARIXUME: Amak ukhanen du atsekabea jakitean.
KOXEJUAN: Ez bait zaio erran behar; aski da guk jakitea ta Batixta gure aintzindariak. Hau eldu dadinean eta urbilxea othe denz nago...
IRUGARREN AGERRALDIA
Lehengoak eta Iñaxi.
IÑAXI: (Iziturik) Norat zoazi? Zu emen Koxejuan, nun da Mixel? Zer da hau.
KOXEJUAN: Elduki andre, Mixel ere bidean da ta orai goazkio bila.
IÑAXI: Ba, au ez da hunela ibiltzeko sasoina, ea eguardi. Bide guziak mugazainez beterik daudela, auzapez eta bertze aintzindariak inguru hekietan begira dabiltzalarik.
BATIXTA: Ez arrenkura, zure jaunak orduan eta obeki baidaki bide ta bidexkak iragaiten, ortakotz da mugatiar.
IÑAXI: Nun othe gaisoa?
KOXEJUAN: Urbil osoki, pusken zaintzen; eta mugazainak mendi masail onetan daudeño bertzaldera laguntzerat gan behar gatzaio lehenbai-lehen guzia etxeratzeko.
IÑAXI: Ez bazenuten astirik bidean gal aspaldian behar zenuten emen. Deus egiteko gogoak kendu dauzkidazue.
BATIXTA: Egon lorietan, Iñaxi; eman or bazkari maniatzen, goserik itzultzen al gira Mixel eta puskak barne. Laister gainera.
Ez du balio linburtzeak. (Gogoeta eginez). To, asmo bat, hoberenetarik burura zaut. Marixume, aitaren zizpa etxean ikhanen duzue naski?
MARIXUME: Ba, or da nunbeit, supazterrean zintzilika.
BATIXTA: Ekhar zadazu othoi. Enia fite (Gaisoa).
MARIXUME: Banoazu bila (Doalarik).
IÑAXI: Zertako duzu zizpa ordea? Ixtripu baten emateko? Obe duzu esku utsik gan. Irrisku guttiago, arma lagun txarra mugarako.
BATIXTA: Ez andre, bataezpada erbiren batek jausi egiten badauku on da zizpa eskuan eramatea.
KOXEJUAN: Eizariak ba baitu beti herra. Ezagun da usategietako abatari zerala. Egun ahantzi behar dituzu uso ta sareak. Ez dago ego aizerik. Bertze piztiak dabiltza mendian.
IÑAXI: Gure etxeko bildotx otxana atxeman nahiz. Gaiso Mixel.
BATIXTA: (Marixume eltzen dela oarturik). Orai ikusten ahal duzue iztari ona dela kontrabandista oberenik; uso abataria mugazain izitzale azkarrenik. (Marixumerengaga ganez). Emazu, eman zizpa ori.
MARIXUME: Torizu, baita kartuxak ere. Ez dakit zertako baino.
BATIXTA: (Zizpa kartuxak eskuan arturik kartuxa bat atxikiaz kanoinean sartu beza). Milesker. Kasu orai. Ez izitu. Tiroa botatzerat noa (Ohian alderat abiatuaz). Ixo. Entzun.
IÑAXI: Zertako oinbat espantu? Zer egiterat zoazi? Galduak gira.
MARIXUME: Erotu zaigu. Ai ama. (Eskuez begitartea estaliaz).
KOXEJUAN: Batixta. Gizona joku txarra da ori. Zaude geldi (Geiago gabe Batixtak «su» egin du ta extanda entzun bedi) pu-u-u-m. (Batean emaztekiek karrasi, ohiu egiten dute eta iziturik biltzen dire elkarrenganat. Gero unetxo batean guzia ixil).
BATIXTA: (Itzuliaz). Ez beldurtu, ez da deus. Orai itxoin mendirat begira, zakurrak agertzen othe diren.
KOXEJUAN: Bainan zer burutapenak har zaitu? Ez dut fitsik konprenitzen.
BATIXTA: A gazte xalo ta xumea. Ez duzu ikasi oraino zure lagintzaren arabera. Ez dakizu aski dela leku batean harrabotsa ateratzea bertarat mugazai guziak eldu daitezen? Hunela bertze denak libro dire zernahitarako. Artalde osoa iragaiteko ere.
KOXEJUAN: Zer bitxikeria.
IÑAXI: Gaizki gaude orduan emen.
BATIXTA: Tenorez ezkutatzen ahal gira, guardak eldu baino lehen.
IÑAXI: Antsia badut barnen sartua, nere jauna tiroa entzunaz iziturik hilkitzen othe dez eta atxemainen dutela. Otxana baita.
BATIXTA: Mixel ez da erbi ta bai azeri; badaki noiz zilotik hilki. Ehia Marixume, zoazi bide birhunda ortarat, norbeit nabaitzen duzun kasu egiterat (Gaiztoz). Beldurtzen bazera Koxejuanek lagun zaitzala.
MARIXUME: Ez naiz beldurtzen, banoake bakarrik ere. Agian laister zuek izanen duzue laguntz beharra iges egiteko.
KOXEJUAN: Gero ez dakit, bainan, orai laguntzako eskua ez al dauzu ukhatzen. Apur batto bederen. (Ertzerano doaz bigak).
IÑAXI: Ez ordea astirik gal elheketan. Begira bethi aitzina, gaineko bide hortarat.
MARIXUME: Bai, ama. «Txoko bia» ageri da garbiki.
BATIXTA: Utz zaiezu gaisoai atsegin poxi bat ar dezaten. Ezpaitira nahi bezenbat elgarrekin egoten.
IÑAXI: Ezkonduz geroz izanen dute astia maite minetan aspertzeko. Orai bertze aieruak lehendatzen du gure izangunea. Horrat jo behar dugu mugazainak etortzen direlarik? Zuk erran.
BATIXTA: Zuen urhatsa jakina da: emaztekiak etxe barnerat bazkari maniatzera eta gu or nunbeit errefelaria antzo, pilota hundik datorren begira.
IÑAXI: Joku txarra «kintzea» irabazteko.
BATIXTA: Atxikitzen al dugu, muga gure baita. Bertzeak esperantza. (Marixume ta Koxejuan elduki),
MARIXUME: Gaineko bidetik jende andana ibilki. Urbil dire.
KOXEJUAN: Mugazainak dire. Ez zeuden urrun eta tirotsa entzunez laisterka alde huritatat datoz. Instantean ditugu emen.
IÑAXI: (Iziturik) Eia egiten daukuten «pik». Erraten nizun, Batixta, galduak ginela. Egun ez bazkari eta ez afari; ta ez banaiz gelditzen alargun. Ondamenaren handia; zuen liskarrak zertarat ekarri gaitun. Jautsapenik izan bazenuen. Ainhoako Arantza Andre dena Maria Birgina sainduak urrikal nazala. Aren kaperat bilutsik beilan gaten natzaiola agintzen baitut, eta zuek lekuko ontarik onik ateratzen bagaitu.
BATIXTA: Guttiagorekin ere Arantzetako Ama Birginak laguntzen ahal zaitu. Hura ere mugatiarra baita. Badu gure berri. Bataezpada ordea sar zaitezte etxean ama-alabak.
IÑAXI: Ene Jainkoa. Zato Marixume. Ez nigandik urrundu.
MARIXUME: Goazen, ama. Emen nauzu, ez hunela lotsa. Zaude lañoki. Ez dirudizu mugan sortua (Etxerat sarturik).
KOXEJUAN: Egon lasai. Zer da ba hau? Zerbait galdegiten badautzue ez iardetsi; ez mintza geiegi. Ez da deus ere, tiroak izatu du.
BATIXTA: Ark uxatuko ditu alaber mugazainak. Koxejuan, jo or eskubitik aitzina. Gero biltzen ahal gira berritz.
KOXEJUAN: Nik ala uste, ez baita sortu erren mugan atxemaiten gaituen arrotzik (Bioaz).
LAUGARREN AGERRALDIA
Mugazain eta Karabineroak
(Agertokia une batean nehor gabe. Bat batean espantuka karabinero eta mugazainak elduki).
I KARABINEROA: Por aqui ha sido el tiro (Basterrak ikertuaz). Ah, puñeta. Si hubierra sido por el lado de España nos lo iban a pagar (Karabinero bigarrenari). Diselo a esos franxutes, para que lo sepan.
II KARABINEROA: (Prantzera mordoiloz). «Ici on tiré le tiro». En France, non en Espagne. Pas nous; c'est à vous de continuer le chemin. Nous, nous arrêter ici. Alto.
II MUGAZAINA: Ça ne nous regarde pas. A mon avis au contraire, la détonation est venue clairement de l'autre côté de la frontière. Bref: du territoire espagnol. C'est votre juridiction, entendez? Alors...
II KARABINEROA: Vous parlez... e, très «serré». Je ne comprends pas.
II MUGAZAINA: Moi, je parle français, voilà tout. (Mugazain lagunari) Explique-lui en espagnol.
I MUGAZAINA: (Karabineroari). «Oiga tienes mala oreja». El tiro haber venido de allá. Y los chicos «pasia» Zugarramurdi «espacar» han hecho...
I KARABINEROA: Me lo va usted a decir a mi que soy el que de más cerca lo he oido y llevo treinta años de servicio en el cuerpo...
I MUGAZAINA: Tu cuerpo? y yo «más mejor belarri».
II KARABINEROA: (Lagunari). Con este «vascuence» es inutil discutir. Y nosotros no nos movemos de aquí porque a ellos corresponde el servicio en esta zona en la que se han refugiado los «delizcuentes». Nada más.
II MUGAZAINA: (Lagunari) Qu'est-ce qu'il débite, lui?
I MUGAZAINA: Rien du tout. Il dit à peu près que c'est à nous de faire le service, parce que c'est de ce côté que se sont enfuis les types. Ils veulent rester ici à manger à leur faim, voilà tout.
II MUGAZAINA: Mais s'ils n'ont rien à faire, qu'ils s'en aillent du côté espagnol où malgré leurs dires a retenti le coup.
I MUGAZAINA: Si aquí no estar vuestro «leku» porque no vais al otro lao de la muga?
I KARABINEROA: (Asarre) Esa es la educación francesa. A mi no me da lecciones ningún gendarme. Valientes gabachos. (Lagunari) Diselo así clarito, al otro que es el jefe, y vámonos de aquí cuanto antes.
II KARABINEROA: (Damurik) Lastima de tiro. Si estos gendarmes llevasen fusil como nosotros ya habíamos tumbado a media docena de contrabandistas. Pero como no tienen miedo de que les disparen, los muy pillos van aumentando de día en día.
I KARABINEROA: Déjate de lamentos y al grano, Gutierrez, para que lo entiendan estos.
II KARABINEROA: A eso voy. (Mugazainari) «E vous, gendarmes. Nous savoir mieux que vous notre obligation et nous irons quand viendra la "gaine"».
II MUGAZAINA: Tiens, voilà de jolis mots. Enfin, on a compris quand même. Bien sûr, vous irez quand vous voudrez et où il vous plaira. Je n'ai rien à y voir... Mais, avec ces discussions entre autorités, les contrebandiers ont eu le temps de fixer le camp.
I KARABINEROA: Basta de «xapurreaos». Que hable en cristiano. Ya daré cuenta al comandante del puesto de la novedad ocurrida. Diles que nos vamos Gutierrez. Nosotros no somos como los franceses.
I MUGAZAINA: Por nosotros ya «poder» marchar a tu tierra.
I KARABINEROA: (Zakar) Rediez. A usted nadie se lo pregunta. (Lagunari) En marcha.
II KARABINEROA: A la orden mi jefe. (Gogo tzarrez eta berez-ber). Maldita sea. Con lo bien que nos hubiera caído aqui el «amaiketako».
I KARABINEROA: (Abituaz) Buenos días.
II KARABINEROA: (Gibeletik) Nous suivons notre chemin à Zugarramurdi. Au revoir messieurs.
II MUGAZAINA: Bonjour messieurs. Nous allons suivre le nôtre pour alerter au poste de la douane tous les hommes en service. Allons Elissamburu. Il faut se dépêcher.
I MUGAZAINA: (Uzkur eginaz) Mais si tôt que ça?
II MUGAZAINA: Mais bien sûr, tout de suite.
I MUGAZAINA: Est-ce que nous n'allons pas attendre, Monsieur le Maire?
II MUGAZAINA: Pourquoi faire? Ce qui est le plus urgent est de descendre sans nous attarder afin de poursuivre les coquins. En marche donc!
I MUGAZAINA: Ça oui... (Berez-ber). Salda artu gabe gatea ere. Allons.
II MUGAZAINA: (Abituaz) On est fatigué d'être toujours les dupes, on est rassasié.
I MUGAZAINA: (Berez-ber) Pas moi. Goseak kilikatzen bait daut barnea.
II MUGAZAINA: Cette fois on les attrapera. Nous les aurons. En avant. (Doalarik eta gibelxeago mugazaina).
I MUGAZAINA: Alferretan. «Usoak ioan, sareak eda». Mugan beti kontrabanda izanen baita hariztegian konduak bezenbat (Doa).
BORTZEGARREN AGERRALDIA
Arantipi eta Erremundegi
ARANTIPI: (Elduki eta bazterren beha). Ezta nihor emen. Mugazainak nunbeit aintzinat jarraiki dute eta etxetiarrak ere ez dira ageri.
ERREMUNDEGI: Tiroa inguru auetan zen ba. Eginen nuke apustu ixtripu ortan ez zela Batixta urrun izainen. Nulanai haren mutilen egitea da guzia. Bizkitartean gu gaizki gelditzen gira gendarmerian begietan. Batixta hori.
ARANTIPI: Zer nauzu, gure erri bietako mutilek ogi-bide ori beharra bai dute. Gaizoek irabazi sosak gauez, mendiz irrisko ta neke gaitzetan ibilki ongi irabazitakoak direla errango nuke.
ERREMUNDEGI: Ez zaite, othoi, hekien alde mintza zeren hertzitasun ederretan ezartzen gaituzte. Eta maisko hortaz so eginaz ene bahitarako diot, eia hunela gobernamenduari ebasten utziaz ez othe giran geraur ere obendun. Salatzeko gogoa ematen daut batzuetan.
ARANTIPI: Hori sekulan ez gizona. Zaude kezkik gabe. Meza nagusirat gatez guttitan uts egin dut berrogei urte auetan eta ez dut egundaino entzun kontrabandoaren kontra mintzatzen eta bai salatariari buruz. Nik uste mendietarik barne pusken iragaiten bethi dela haizu. Gure arbaso xaarrek hori bera uste izan zuen Axularrek erakutsi arabera eta hura saindua omen.
ERREMUNDEGI: Saindua baleike, mugakoa ordea: urdazubiarra. Eta nik uste muga-zergak manatu dituzten geroz zerbeitetakotz direla.
ARANTIPI: Jakina. Kontrabandoa izan dadin, bertzenaz ezina bait litake. Eta zer egin behar lukete gure mutilak kontrabando gabe?
ERREMUNDEGI: Ez dauzut ukho eginen, bainan, haatik, Batixta hori geiegizkoa da. Haren kariaz goiza galdu dugu eta herrirat itzul beharko fitsik emenda gabe.
ARANTIPI: Lagun zaarra. Badugu astia oraino. Lehen egin zagun bazkari eta gero antolatzen ahal dituzu gainerakoak.
ERREMUNDEGI: Bethi «geroko-gero». Saratarra dirudizu.
ARANTIPI: Ez ba ainoarra. Altzak ez du biotzik, ez gaztanberak ezurrik. Zure ez zira ba saratarra. Saran ez baita saratarrik.
ERREMUNDEGI: Hunela da. Etxalarren sortua nauzu.
ARANTIPI: Denok mugatiar, orok bat: eskualdun.
ERREMUNDEGI: Eta zuk muga-herrietako lehen aintzindari izateko baduzu larruak atxiki ainbat malizi.
ARANTIPI: Zer nauzu zerbeit behar, munduan ez baita aski justizi. Eta sinetsi nazazu: uste dut mugatiarrak ez girela «kontrebandistak» baizik erderaz deitzen dena: «librokanbistak».
ERREMUNDEGI: (Adar jotzen) Errazu Arantipi, Zugarramurdin akerrek ze aldetarat dituzte adarrak?
SEIGARREN AGERRALDIA
Lehengoak eta Iñaxi
IÑAXI: Leiotik zuek agertzen ikhus zaituztedanean ez naiz asarre. Ai, hau ezta bizitzea. Karabinero, guarda, gendarme, mugazainak emen eta asperenka ene jauna ez dela ageri.
ARANTIPI: Zaude lañoki hekiek gan ta gu gelditzen bait gira? Senarra ere ez duzu urrun.
ERREMUNDEGI: Emen gaituzu berritz ere etxekandre.
IÑAXI: Beldur nintzen gure Mixel guardak mendian bahituta presondegirat eraman ez othe zuten.
ARANTIPI: Badakizu Iñaxi ez ginuela gure adiskidetarik bat uzten ahal orrela eraman zezaten. Bertzalde guarda zozoak, ez daukate atxemanik. Guziek behitik bota dire; segur Mixel goitik dela.
IÑAXI: A zer nolako goiza hari naizen jasaiten. Ez daute etxeko lanak ez bazkari prestatzen utzi.
ERREMUNDEGI: Batixta ere alde egina duzu? Ez dugu ikhusten.
ARANTIPI: Ez berririk jakiten... nunbeit galdu dire?
IÑAXI: Gizon guziak ene jaunaren bila abiatuak bai dituzu, emaztekiak bakarrik utzirik.
ARANTIPI: Lagunak arthatzen dute bai zure senarra. Ez da galtzen ahal.
IÑAXI: Maitego nuke ez balitz tratu horietan jardukitzen. Gauez eta edozein eguraldiez goaki osasuna bederen ondatzen ahal du, eta hunekin ontasuna; eta badakigu huntarik urrixko dela laborari etxe tristean. Nehor gutti aberasten baita eremuak lantzen.
ARANTIPI: Ortakotz mugari etxeak behar bertze mozkinak. Uste dut arno nafarra ta bar guttitan falta dirala emen. Ez da ala?
IÑAXI: Zu bethi jostalari Arantipi jauna.
ARANTIPI: Ba, atsekabetzeak ez badu balio. Obe da eginbide latzgarrienak ere irriz artzea.
ERREMUNDEGI: Nigarretan ez badugu amaitzen eguna. Eia tiroak ez daukun ekartzen auzia. Karabinero eta gendarmeak badute asarre bizian jazartzeko estakurua.
IÑAXI: Haren naiz beldur jaun auzapeza. Egungo ibiliak zer ondorio izainen duen. Gure etxea ez othe duten salatuko.
ARANTIPI: Ez gaude ba zuek laguntzeko? Ez gogoeta ilunik egin horri buruz. Etxe huntarat egun urbil daitezenak sumatuko dutena da sukaldetik usain gozoa dariola. Hunek salatzen du bazkari ona. Usainak ez du tronpatzen ahal ez mugan ez nehun.
IÑAXI: Zuk umorea ezik sudur ona bethi.
ERREMUNDEGI: Luzea bai beintzat jan gutizia bezenbat.
ARANTIPI: Hortarat ez daukute bertze eskualdeak, irabazten.
IÑAXI: Egun janaria ez da ba urri gure etxean. Badugu: oiloa eltzean, ahateak saltzan, antzara gerrenean eta aretxe lexak erreki.
ERREMUNDEGI: (espantuka) O, la-la. Bada zerbeit. Hori guzia janez geroz ilabete osoan mehe egiten ahal dugu.
IÑAXI: Mehe? Ez uste, amorraintarik ere galdetuak nituen zuei jastarazteko bainan ez ditut atxeman izan ahal, damurik.
ARANTIPI: Alabainan Iñaxi, anpatu ala leherraraz nahi gaituzu? Otoruntza gaitza da ori. Geiegia gaisoa.
IÑAXI: Aintzindariak ezik karabinero, mugazain eta laguntzale oro bazkatzeko ainbat janari bildu dut or.
ARANTIPI: Ez lukete utziren ezurrik, karabineroak bederen.
IÑAXI: Ez aipa neri orlakorik. Ez ditut emen ikhus nahi. Etxetiarrekin ere aski dugu gure bazkaria irentsitzeko (Iresteko).
ARANTIPI: Egiazki menditik gosetuxeak eltzen ahal diro: «bidea gose».
IÑAXI: Noan bataezpada nere eltzeak begiratzera. Irakin soinua bada supazterrean. Egun ez bai daute lanean uzten. Nabilan barnerat.
ERREMUNDEGI: Ez zaite igi. (Mendi alderat behatuz) Uste dut muga gizonak emen ditugula. Bai, berak dire. Ikhus.
IÑAXI: Aspaldi zuten etxeratzeko sasoina gu hunela zalantzan atxiki iduki gabe.
ARANTIPI: Hobe da berant beinere baino. Emen ditugu ba eta zure jauna aintzinatik. (Oiuka) Biba zu Mixel.
ZAZPIGARREN AGERRALDIA
Lehengoak eta Mixel, Batixta,
Koxejuan puskak dakarzkiela.
Gero Marixume.
MIXEL: (Elduki) Bizi naiz, ba, Jainkoari esker. Egun on,
BATIXTA: Emen gira berritz, Iñaxi.
KOXEJUAN: Eta mugazainak «zegadan» jautsi araz ditugu.
ERREMUNDEGI: Kasu oraino, buruzagiak emen bait gira, eta ez da on sobera arrokeri agertzea.
IÑAXI: Ez da hau etxeratzeko tenorea; eta bizkitartean jasan ditugunak.
MIXEL: To. Ederra duk historioa. Ni ertsi ibil eta zuk jasan. Utzi zazu errita xaramel hori ta uste dut goiz tzarra ahantzteko bazkari on bat emendatua izanen duzula. Unatua nago ta are geiago gosetua. Eia ba Iñaxi.
IÑAXI: Zuen gose egarriak asetzeko bakarrik gira on emaztekiak.
MIXEL: Eta mokoka egiteko ez? (Senar emazteak elheketan darraite).
ARANTIPI: Zer ba, gizonek etxe barnean astintzen gaituen norbeit behar dugu, bertzenaz oker bidetik lotzen ahal ginake usu. Ez da hala Batixta?
BATIXTA: Ez dakit; erritik maite ez duena ez dadila ezkondu. Hunela libro naiz, ez dut baimenik galda beharrik... mugazain alueri ezik. Nagon ba mutilzahar. Geienaz ere andregaia «Muga» izainen.
MIXEL: Egun bai; erran gabe doa. Itsuski ibiliak gira ta Mixel puska guzieki ez dutenean mugazainek atxeman, ez naiz asarre.
«Atxuriko gibelean...»
(Gerthakaria entzutera Erremendegi eta Arantipi Mixelen ingurua urbiltzen dire).
KOXEJUAN: (Bertze bazterrean Marixumerekin mintzatzen). Entzun duzu ezkontzari buruz erraten ari direnak?
MARIXUME: Horrelako maite solasentzat bethi dago belarria eme.
KOXEJUAN: Damutzeko sasoinean zaude oraino.
MARIXUME: Eta zu? ezartzen ahal duzu piko ori sakelean.
KOXEJUAN: Ez da ondua. Itz eman dauzut eta ez dut nahi bertze maiterik zu baizik. Eskual-Herri orotan ez bait duzu parerik.
MARIXUME: Ni ere izainen naiz zure; bainan ezkonduz geroz ez nuke nahi mugaz bertzalierat ibil zaitean.
KOXEJUAN: Orduan mugazainen batekin ezkondu beharko duzu. Nor dituzu maiteago karabineroak anala mugazainak.
MARIXUME: Biek orobat, kapitainak izanez geroz. (Maite elgarrizketan zimikoka diardute).
IÑAXI: (Senarrari bethi erritan) Etxean bada zuretzako lan «mugaketan» ari gabe.
MIXEL: (Etsirik) Ematen dauzut amore. Ba, ba, arrazoin duzu. Etxekandreak azken itza bere...
BATIXTA: Galdu aiz Mixel. Andrea isiltzeko erakuts aizkiok saku barnean ditukan puska baliosak.
MIXEL: Egun ez gaituk esku-huts ethor, ez. (Sakua altxatuaz) Badik pisua.
IÑAXI: Ez duzue presa handirik ustutzeko. Eia ikhus?...
ARANTIPI: Guri, buruzagiai zor diguzuten itzalagatik, othoi, ez emen kontrabandoa azaltzen asi.
ERREMUNDEGI: Kontrabandoa eta sorginak eguzkiaren etsai dira.
ARANTIPI: Gure erriarengatik badiozu banago Saran ere ez duzutela gauez argia geiago maite. Gau txoriak, ezagutuak izan ez daitezen ez baitiote ilunduz geroz elgarri agur egiten.
IÑAXI: Sar ezazu saku ori barnerat, Mixel, eta egin zagun bazkari.
BATIXTA: Hori guziok dugu onesten.
ARANTIPI: (Mixeli) Bazenaki zer jaki lerroa den supazterrean... (Zerbeit belarrirat erranez). Antzara gerrenean.
MIXEL: Ez aipa laisterregi, bertzenaz lerdea darit kokotzaz behera...
IÑAXI: Marixume, emazu eltzekaria mai-gainerat eta hurbil or kadirak.
MARIXUME: Bai ama, banoa instantean.
KOXEJUAN: Nik aita laguntzen ahal dut sakua eramaten (Sakua atxiki nahiz).
MIXEL: Utzi, utzi, oraino azkana bait nago pisuen eramaiteko.
KOXEJUAN: Bai, baino ez dira alferretan gal behar indarrak. (Ama alaba lehenik sartzen dire; gero Koxejuan eta Mixel sakua bien artean eramanik. Ondoan, Arantipi, doazela galdegiten jarraiki).
ARANTIPI: Hala da, gazteak egin dezala lan. Zure solasa entzun nahi dut Mixel, nola ibiliak zaizten mendi-gibel hortan.
MIXEL: (Atetik begitartea itzuliaz) Nere gibelean izan dut aski min, zilipurdiz, zangoz gora, erori naizelarik. (Doa). Arantipi. (Sartzen da irri karkara eginez) Ja, ja, ja...
ERREMUNDEGI: (Batixtarekin bakarrik gelditu dela oarturik) Ekarri dauzu Habanako tabako laurdena?
BATIXTA: Baita biga ere. Ez zautut ahantzi. Huna emen. (Puska bi tabako emanez).
ERREMUNDEGI: Zenbat da? (Sakeletik sosak atheratuaz) Milesker.
BATIXTA: Bethi bezala.
ARANTIPI: (Berritz atean agertuaz) Zer, isil traturen bat bai duzue?
BATIXTA: Tabako poxi bat.
ARANTIPI: Larriena. Mugazain legeen arabera.
BATIXTA: Guretzako arina. (Xeenik).
ERREMUNDEGI: Kheetan doan gaia ez dakit zertako den kontrebando. (Eskeiniaz) Erre zazu zuk ere.
ARANTIPI: Bai gogotik adiskide maitea, ni banaiz Adan zu zira Eba. Erre zagun bainan ez gure aditzaileai azkenagurra erran gabe:
Yosteta hunek poz bazaitue
Aize-egoak Negu bezala
Gogoan artu Mugan gainetik
Bigak elduki direla...
Orai txalo bat galda dizugu
Lanaren sariztatzeko
Aski zaigu zure eskerrona
Gure bihotza berotzeko:
Agur jaun andriak
Zuetarik du ohore
ESKUAL-HERRIAK.
AMAIA
Sara. Prefetenea.
|