www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jokua ez da errenta
Antonio Maria Labaien
1960

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (II), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa  

III. EKITALDIA

 

 

I. AGERRALDIA

 

MIGEL MARI, JOXE TRAPU ETA ESTANIS

 

MIGEL MARI: Apustuak beste itxura artuko zukean asieratik lasago korri egin izan balu.

JOXE TRAPU: Estutu egin zan ordea ta gero arnasak ez zion bueltik eman. Orrela galdu zuan.

ESTANIS: Oiek astakeriak entzun bear ditut. Zer arnas eta arnas ondo! Estomagutik dator guzia. Geiegi jaten eman zaio ta azkenerako bizkortu ta arindu bearrean nagitu egin dezute gurdi-alperra bezela. Korrikalaria ez da arrijasotzallea. Teknika txarra.

MIGEL MARI: Goseak, bada, ez dakar iñon gauza onik: auldade ta plakia ez ezen...

JOXE TRAPU: Juan Zarrena famatuak jan zarrean mokaurik proau gabe egiten zuan Lekunberrititik Iruñeraño joan etorria. Gureak ere amar buelta geiagotara izan balitz, apustua irabazia zeukan. Oraintxe egingo nuke desapioa!

ESTANIS: Plazan aritzeko, pisuz gutxitu egin bear du.

MIGEL MARI: Eta gañera buelta bat bentaja ematen diola.

ESTANIS: Aurren aurrena saiaketa «entrenamentua» erderaz esaten dana «cultura fisica» asko.

MIGEL MARI: Itxura tisikoa artuko du bai jaten ez badu...

ESTANIS: Ori da aultzeko bildurra. Buruan ezin sartu obe dala korrikalari gosea eta ez asea. Jatenakin kontu aundia bear dala.

MIGEL MARI: Zuk guk baño geiago dakizu abereak gobernatzen. Orain gure etxekoandrearekin kontu artu bearko degu. Martin emen dabillela ta, beste apustua burutzen ari gerala susmoa ar dezanean...

ESTANIS: Nere asmoa, saiaketak erritik kanpoa egitea da.

JOXE TRAPU: Ondo esana! Konporme! Azpeitia da toki erosoa orretarako. Ostatu onak ditu eta Naparroan gure markak ez dituzte jakingo. Ez ta Jesuitak ere!

ESTANIS: Emendik urruti zamar ibiltzea ez da kalte, ez ezen mesede. Orrela gañera andregaia ikusteko gutizirik ez.

MIGEL MARI: Ori da gutxiena... Kezka aundiago nere anai amerikanoarekin izango degu. Zeñek eskatzen orain gure Pantxori dirua... daukan zaputzarekin?

ESTANIS: Nik ez beintzat. Badakit nere kontra oso asarre dagola... Mikelek ezezkoa eman ziolako. Ez det nik errurik.

MIGEL MARI: Begiz jo zuen gure neska ta ezin aztu. Gustagarri da bai Mikele baiñan badira beste emakumezkoak ere...

JOXE TRAPU: Amerikanoak gaztea nai arranopola! Illoba kutuna etxean izanda. Zertara joan auzora billa?

ESTANIS: Baiñan nere arrebak ez du osabarekin ezkondu nai izan, batik bat lendik beste senargaiari itza eman ziolako... Ori da guzia.

MIGEL MARI: Eta orrek ondatzen gaitu. Bero-bero ezkon ametzetan zebillela diru pizka bat ateratzen genion. Orain ez dakit zer nolako aizek joko duen.

JOXE TRAPU: Atariko aizeak... Goazen epelera. Barrua asi bait zait gur-gur egiten.

ESTANIS: Nik itzegingo diot Martini, eta zuek ez txintik atera, apustua berriz alperrik galdu ez dezagun. Kontuz beraz (bijoaz)

 

 

II. AGERRALDIA

 

ARANTXA TA MARTIN (korrikalaria)

 

(Beste ertzetik agertuaz)

 

ARANTXA: Ez zera etorri ez, besterik gabe, ni ikustera...

MARTIN: Bai bada, zu ikustera lendabizi... ta gero, zure anaiak nerekin mintzatu nai badu ez diot uzkur egingo.

ARANTXA: Amabost egunez neri itxoin-arazi egin didazu bada... Eta gaur neregatik baño geiago etorriko ziñan apustuarengatik.

MARTIN: Zure ongi etorria ez da izan beintzat suspergarri.

ARANTXA: Apustua bezin suspergarri zuretzat ezer ez! Naikoa izan genduen lengoa, zuk aukera: ni ala zaletasun ori!

MARTIN: Zergatik ez biak? Ez artu espa txarrik. Zu zaitut extraña ta ez zaitut iñundik galdu nai, bañan apustua ere irabazi al banu.

ARANTXA: Ez zazula apusturik aitatu. Ez dakizu nola dauden etxean.

MARTIN: Emakumezkoak errez ikaratzen zerate. Ta bakit zure amak ez dula nai sui bat korrikalari.

ARANTXA: Apustulari ez beintzat. Ortatik geiegi dago gure etxean... Naigabe aundiak izan ditugu geroztik. Diru-galtzea dala-ta, osabaren asarrea, Mikele Joxe Marirekin ezkontzen dalako, ta nik al dakit!

MARTIN: Zure amaren aurrean ezin agertuko naiz orduan?

ARANTXA: Apustu zurrean ez beintzat!

MARTIN: Bai, ordea, zu ikustera... ta bidez zure aita ta anai Estanis arkitzen baditut...

ARANTXA: Jakiña! Alkar ikusiko dezutela. Onak zerate gizonezkoak buruan zerbait sartzen zaizutenean! Egosgogor eta setatiak...!

MARTIN: Gure zaletasunean pijo! Eta amoriyoan pin! Arantxa! (leunki arpegia ikuturik) Emakumezkoak aldakor eta «aizeago» omen zerate.

ARANTXA: Gu? Neskatxa gajuak zuei itxoiten egon bear, merezi ez ba dezute ere. (maitekiro elduaz) Jainkoak egin zuen Martin bere abarkekin. (bat batean bereziaz) Amaren pausoa iruditu zait. Onuntz ote datorren derizkiot. Goazen atzealdera, ikusi ez gaitzan! (Eskutik artuta darama)

MARTIN: Orrela katua ta sagua bezela ibilli bearra ere, korrika txikian! Obea da apustua! (bijoaz)

 

 

III. AGERRALDIA

 

ANABIXENTA TA NIKOLAS

 

ANABIXENTA: (Zeletan zegola Nikolas kaletik datorrela ikusitakoan atarira azaltzen zaio) Zure zai natzaizu Nikolas!

NIKOLAS: Zer dezu, etxekoandre?

ANABIXENTA: Zer detan? (Asperen eta antsika) Zeorrek antzemango diozu, gure etxeko berri ondo dakizu ta. Ea estuasun ontatik ateratzen laguntzen ote gaituzun.

NIKOLAS: Orrenbestekoa al da bada?

ANABIXENTA: Aundienetakoa, erremediorik jartzen ez badiogu. Eta zure eskuan dago gaitz eta ezbearra galeraztea.

NIKOLAS: Nere almena goragi jartzen ote dezun nago. Nezakeana egingo dizut, Anabixenta, ta lasaitu zaite.

ANABIXENTA: Erreza al da? Ondo dakizun bezela gure gizonak, etxea bi aldiz errekara bota digu, lenago ere, ta Jainkoak daki burua altxatzen kosta zaiguna. Eta orain irugarrenez ondatzeko zorian gaude. (Antsika malkoa dariola).

NIKOLAS: Zertara zoazen badakit...

ANABIXENTA: Zoritxarreko joku ta ditxososko apustuok! Lengoaz gañera beste apustua egin naiean dabiltza. Eta ori izango degu gure azkena! Fin gaizto egin bear degu!

NIKOLAS: Zerbait entzuna naiz bai, baiñan ez det uste erabakia dagoanik. Erriko etxean ez dakigu beintzat ezer, eta baimena eskatu bear dute.

ANABIXENTA: Ori da bada nai nukeana. Agintariok ez dezaiela baimenik eman. Guzia joku zikiña besterik ez bait da! Trapukeri eta alperkeria!

NIKOLAS: Legez ez dirala ari, norbaitek salatuko balu... Or dago koxka!

ANABIXENTA: Bai ni ere, emen nago salatzeko, eta ez ditugu urruti pikaro jokalariak. Guziok artuta giltzapean sartuko balituzteke orduntxe lasaituko litzaidake barrena. Azken apustua ezkero, ez jan, eta ez lo nabil. Eta eskerrak gure amerikanoak zor geienak ordaindu zizkigula, baiñan, aurrerantzen nori eskatu bear diogu? Norengana jo berriz ere apustua galtzen ba dute?...

NIKOLAS: Anabixenta, zure barru on goibel eta leiza-zuloa bezin illun sumatzen dizut. Utzi zaidazu argi-izpi bat piztutzen. Apustu berri ori nola edo ala galeraziko degu. Utzi nere esku! Ez kezkarik izan! Ez bar ori astutzeko, etxean beste korapilluak azkatzen, badezu naiko lan.

ANABIXENTA: Ori esan! Naigabeak ez dira banaka etortzen, guziak batera baizik. Amerikanoa zapuztu zaigu Mikelek egin zion erdeñuagatik ta alabaren despreziua dala-ta, guri sakela itxi digu. Ezkontzeko tirria sartu balitzaio andregai on bat laister arkituko genioke.

NIKOLAS: Ala bada! Zer derizkiotzu Julirekin ezkondu araziko bagenu?

ANABIXENTA: Ez da erreza zuei, mutil zarroi gusto ematea. Ezetzean jartzen zeratenean! Akabo! Mutil zar egosgorrok!

NIKOLAS: Ezkondutakoak ere ba! Ez dakit zer dan gaitzago: zure senarrari apustu-griña burutik kentzea, edo koñatua tajuz ezkontzea. Biak bait dituzu buru gogor, anai izaki! Berakoetxeatarrak!

ANABIXENTA: Bigundu al bazenituke ez litzake mesede txikia gure etxerako. Ni, nere onetik ateratzen naute, eta ezin asmatu det asarretu gabe itz bat esaten. Ai! Lezoko Gurutzea ta Arantzazuko Ama Birjiñ maitea!

NIKOLAS: Obe da beti gauzak pakean antolatzea, biderik baldin bada beintzat, aleginduko naiz.

ANABIXENTA: (Antsika) Orrelako bat egingo bazendu, Nikolas. Zure santu-zaindariari jaiera aundia diot eta zuretzat erregutuko det.

NIKOLAS: Ni ere premian nago, ez uste... jokalarien labe ortan sartzeko. Banoa beraz. Zu gelditu zaite emen. Eta geldi mingain eta nerbioak. (Kirioak) (bijoa)

ANABIXENTA: Ementxe eserita gelditzen naiz, Eloy eta Mikele onuntz datozela ikusten bait det. (isilunea) Zer ote dakarte?

 

 

IV. AGERRALDIA

 

ANABIXENTA, ELOY ETA MIKELE

 

(Kaletik sarturik)

 

ELOY: Ama! Alare! Bakarrik zaude eta etxe barruan elkarrekin lasa ezin itzegin degun ezkero emen jardungo degu. Gerorako utzi gabe, ta serio gañera.

MIKELE: Ben-benetan itzegin bear degu. Bada (zalantzan) Nere ezkontzaren arazoa erabaki bear degu. Ori esan nai diot lenengo.

ANABIXENTA: Jesus milla bider! Ezkondu? Eztaiak, emen gertatzen ari diranakin?

MIKELE: Orregatixek bada amatxo! Ez goaz egun bat ere atzeratzera... Beti gerorako uzten.

ANABIXENTA: Baiñan...

ELOY: Luzeiritzirik daude... maite-miñez. Naikoa itxoin egin omen dute-ta. Ortan dabillenak daki zer dan ezin egona.

MIKELE: Ez dakit naikoa dan ala ez, eguna aukeratu degula bai ordea datorren illaren 12n, ain zuzen nere urtebetetzea.

ANABIXENTA: Ez daukat aztuta ez! Enetxoa, baiñan Mikeletxo ordea... biaramonean beste apustua dala jakingo dezu noski. Ortan dabiltza beintzat eta zalaparta ederra izango da etxe ontan. Jesus milla bider! Garbi jakin arte, eztayak ezin prestatuko ditugu.

MIKELE: Alik eta prestakizun gutxienekin obe. Apal, eta soñu gutxi atereaz.

ELOY: Zer da lenago ama? Apustuari hegira egotea edo alaba ezkontzea? Arritzekoa da apustuaren ain etsai izan eta jokuarengatik eztaiak luzatzea.

ANABIXENTA: Ez da ori! Ez zerate jabetzen... Apustuari diodan gorrotoa ondo dakizute ta galerazi naiean nabil orain ere. Baiñan zertan gelditzen dan ikusi arte ezin asiko gaituzu eztaiak gertutzen... Zera, ainbeste gauza antola bearra dago...

MIKELE: Ez ortaz kezkik izan ama, geintsuenak egiñik ditugu: erri-etxeko paper eta agiri, Elizako baimena, dei eta abar. Apaiz jaunarekin itzegin degu eta beinkapena agindu digu. Nere «arreo» ta soñeko, zuri ta kolorezko, aspaldidanik bukatuak ditut.

ANABIXENTA: Ez da ori guzia! Diru estuasunean gabiltza-ta...

ELOY: Ez orrengatik estutu ama, emen gaude gu.

MIKELE: Gastua ta txautu bearra gure bizkar izango dira.

ANABIXENTA: Eta ez gutxi. Zuek kontuak atera.

MIKELE: Aspaldidanik atereak ditugu, ama, eta eguna ere aukeratua, datorren illaren 12n. Beraz emendik 6 astera. Elizan iru dei aizatzeko aña ta geiago!

ANABIXENTA: Aide ta senide artekoai adierazi bearko zaie bada...

MIKELE: Ori da lanik errezena. Joxe Mariren guraso, senide ta gure etxekoak besterik ez bazkaldar... Astelenean erortzen da...

ANABIXENTA: Lixuba eguna. Astearte edo azteazkena gure etxerako obeak dirala esango nuke. Bestela igande ta astelena bi jai.

ELOY: Ainbat gure alde! Jai bi! Gero ere or izango du aste guzia lan egiteko. Egun artan apain-apain egiñik elizara, alabari laguntzera. Joxe Mariren ama ta ni amabitxi ta aita jaun...

MIKELE: Soñeko berririk egin bearrik ez du. Badu sedazko beltza eder askoa.

ANABIXENTA: Apainketako gogo gutxi geldituko zait, apustu zantzurik sumatzen badet.

ELOY: Zer apustu ta zer apustu ondo! Ama, datorren illaren 12n eztaiak ta kito! Oraintxe dator Joxe Mari Mikeleren eskua ementxe eskatuko dio.

ANABIXENTA: Oraingo txorakeriak! Gure denboran gurasoak paperak egin oi zizuten eskribaunean... eta gero arreoa ondo jarrita gurdian, etxekoandre berriarengana, soñu ta guzi, auzoa zearkatuz, aundiro eraman oi zan...

ELOY: Antigualeko oiturak ama, gaur Joxe Marik kamionetan artuta etxe berrirako puska guziak eramango dizkio.

MIKELE: Bai ama, eta ezkontza egunean guziok «taxin» joango gera elizara.

ELOY: (kaleruntz begiraturik) Or dator billa Joxe Mari! Juli ere tartean dala iruditu zait.

MIKELE: (aiengana abiatuaz) Biak dira bai... Au poza (agurtzera joanez)

ANABIXENTA: Datozela ba! Merienda edo mokau legeren bat eman bearko diegu. Gurea etxe legorra ez dala esan ez dezaten. Aurrera! Aurrera!

 

 

V. AGERRALDIA

 

LENGOAK, JULI ETA JOXE MARI (sartuaz)

 

JULI: Nik ez nuke sartu bear, enbazo egitera, baiñan gazte oiekin (Mikele ta Joxe Mariri erakutsiaz) topo egin det kalean eta derrior etorri arazi naute. (Mikele ta biak elkarrekin itzegiñez).

ANABIXENTA: Ez dezu iñoren baimenik bear. Etxekoa zaitugu ta noiz-nai sartu ziñezke kupirik gabe.

JOXE MARI: (Anabixentari) Arratsalde on! Etxekoandre ta... gero amona... (eskua emanez).

ELOY: Ain aguro ez! (parregiten dutelarik) Ikusten dezu ama zer nolalako asmoekin datorren.

ANABIXENTA: Ez ikusia egiñagatik aspaldi nuen onen berri, ez uste itxu nengoanik. Erreparatzeko din da...

ELOY: Au dezu, bada, zure alabaren galai, burni-tratalari ta txatarra biltzale pijoa! Utsean erosi ta garesti saltzen dakina.

JOXE MARI: Al dana egiten da. Ta (Eloyri) ez illea artu.

JULI: Anabixenta, pozik egon ziñezke orrelako suya dala-ta; ta zu (Mikeleri) senargai bapua aukeratzen jakin dezulako...

MIKELE: Ez det ezetzik esaten...

JOXE MARI: Eta (Anabixentari) baimenik ematen badiguzu laister eskontzeko asmoa degu.

ANABIXENTA: Bearko eman! Bestela zeok artuko bait dezute. Elkarren gogoak zeraten ezkero Jainkoak bedeinka zaitzatela!

JULI: Bai Anabixenta, guziontzako izango da pozgarri.

ANABIXENTA: Bai, etxean beste buru austerik ez bagenu.

ELOY: Ez izan llanturu, ama! Utzi bitza buruausteok eta barrena alaitzeko zerbait janez edan zagun! Ni gose eta egarri nago beintzat. Amorioak ez nau asetzen.

MIKELE: Ori! Ori! Ez da ni ere. Goazen zerbait artzera.

ANABIXENTA: Eskeintzeko asmotan nintzaizuen. Goazen barrenera...

JULI: Nik joan bearra det eta uzten zaituet.

ANABIXENTA: (Besotik elduaz). Ez, zu besteak bezela barrura. Zure bearrean nazu gaur egundaño ez bezela... (bijoaz).

 

 

VI. AGERRALDIA

 

NIKOLAS ETA PANTXO

 

(Lenengoa etxe barrendik eta bestea kaletik datozela)

 

NIKOLAS: (barruan jokalariak ateratzen dituen otsak entzun bitez) Gizona! Garaiz zatoz! Nun sartua ote ziñan ausnartzen ari nintzan. Zurekin itzegin bearra bait det... Ez ezen... (isilago etxe barreruntz begiraturik) Montekarlo txiki da barren ori ta «droga» jende oriek berriz ere ordago bota naiez dabiltza.

PANTXO: Ajola gutxi. Bankotik nator eta emengoak ez dit kezkik ematen. Or konpon!

NIKOLAS: Ez dakizu nola dauden. Berriz ere apustua bero-bero antolatzen ari dira. Oraingoan Naparrak Txikiari buelta bat bentaja ematen diola. Beste apustu berria egiteko aguroegi dala esan zaie... baiñan alperrik! Ori da griña! Etxea ondatu arte ez dira geldituko.

PANTXO: Ez dezatela nere diruarekin konta gero, zorrak ordaintzeko. Amerika bukatu da. Bankoan oso berri txarrak eman dizkidate Buenos Airesetik. Peso dirua errekara joana da ta gañera ez dizute uzten andik ezer ateratzen. Amerikanuok aizetik bizi bearko degu. Eskerrak emen zerbait badedala ta gañera Eloyri lantegirako aurreratu nion diru mordoska ederra, bestela...

NIKOLAS: Alare! Lantegi orrekin oso ondo omen dabiltza Eloy eta... Joxe Mari koñadu gaiak txatarra sal-erosiaz dirua polliki irabazi duala esan didate, eta orrengatik nunbait Mikelekin ezkontzeko irrikia... Anabixenta dago txundituta. Batetik apustua... bestetik ezkontza...

PANTXO: Neregatik «Mus!» Egin dezatela nai dutena! Ameriketara joatea obe izango ez ote nuken sumatzen ari naiz. Ango arazoak antolatzera.

NIKOLAS: Ez zaizu komeni bakarrik abitzea. Gure urtetan, Pantxo, osasunari diruari baño geiago begira bear zaio. Bidai luzea nola nai, eta itsasoak naasten zaituala...

PANTXO: Orain, aidez, bi egunean an zera, eta onuntzakoan beste bi. Igesalditxo bat da.

NIKOLAS: Bai, bidean erorita ez bazerate purrukatzen. Abioia nai duanarentzat. Eta zer gerta ere bakar-bakarrik... etxetik kanpo? Gauza motza. Zu zauden eran zainduko zaitun emakumezko txukun eta marats bat aldamenean bear dezu.

PANTXO: Zuk dakizu ondoen, ortan asi nintzala. Oker irten zitzaidan ordea, eta ez det berriz arri berean ostopo egin nai.

NIKOLAS: Ezkontzea dagokizula zeorrek aitortzen dezu. Bein asmatu ezagatik, ez du gizonak atzera egin bear. Begira Pantxo, aspaldiko adiskide ta lagun zaarrak gaituzu, eta leen ere esan nizun nere iritzia pamili arteko ezkontza beti arrisko duna. Osaba-maitasuna ez da senar-maitasuna; illoba emaztetzat artzeak alderdi txar asko ditu. Beraz, zure aukera ez zan bidezkoa eta... azkenik Pantxo, gazteak gaztea nai du ta ez agurea. Mikele bere kirakoarekin... zoriontsu, eta zu ta ni gure diñakoekin.

PANTXO: Bai! (eskua Nikolasen bizkar gañean ezarri-ta) arrazoi dezu. Illobarekin itxutu nintzan. Orain lausoa begietatik joan zait, eta amets gaitz bat besterik ez zala aitortu bear.

NIKOLAS: Orrelako pausoak esna ta buruz erne gaudela ematekoak dira.

PANTXO: Bai, eta on dala-ta nagon eran jarraitzea erabaki det, naiz bakarrik bizi.

NIKOLAS: Ez bat eta ez bestea! Illobarekin ezkontzea lege guzien kaltean bazenuen; emazte bat artzea, andre on bat aldamenean izatea, berriz, bidezkoa dezu, nai ta naiezkoa. Ta guzia esateko... zure neurriko, Juli ez litzaizuke txarra.

PANTXO: Ori al zenuen esan bearra! Ja, ja, ja! (par izunez) Sermolari, uztargille ona egiñik zaude. Ez da aski besteri aolkuak ematea. Nikolas? zu ere ezkongai zaude ta Juli ez litzaizuke txarra.

NIKOLAS: Zure aldean arlote bat nazu ordea, eta ezer gutxi eskeñi nezaioke emakumezko bati. Zure egoera bestelakoa da. Ta bion artean ez da zailla aukera egitea.

PANTXO: Nere aukera badakizu bada... Argentinaruntz itzuli bat egitea ango ondasunai begiratu bat botatzera. Joan bearrean arkitzen naiz ondamenetik atera nai baditut.

NIKOLAS: Ala baldin bada, ez da itzerdi bat geiago egin bearrik gai ortaz. Asmoa artu badezu isiltzen naiz.

PANTXO: Bai Nikolas, ez aitatu iñori baiñan laister noa. Oso berri txarrak artu ditut Buenos Airestik. Goazen! Bidean esango dizkitzut.

NIKOLAS: Ordun bai utzi bear nazula bakar-bakarra...

PANTXO: (irriparrez) Zuk bear dezu andrea, zuk! Goazen! Ixo!... Klaudio Naparra dator-ta.

 

 

VII. AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA KLAUDIO

 

KLAUDIO: (asarre ta mindua azken apustuaren dirua oraindik jasotzeke dualako). Eup! Etxekoak! Bagaudela e?..

PANTXO: Bagoazela, esango nuke adiskide...

NIKOLAS: Berandu zatoz, Klaudio.

KLAUDIO: Nun ditugu apustuzaleok?...

NIKOLAS: Elkarren berri jakingo dezute. Sartu zaite or dituzu barren ortan eta...

KLAUDIO: Etortzeko otsegin bait didate. Lengo bost milla duroaz gañera beste orrenbeste jarri nai dituela, berrogeian baietz... zuenak alegia, eta gureak bi minutu ezetz.

PANTXO: Gero ta gutxiago jabetzen naiz zuen baietza ta ezetzak zer diran. Gauza garbirik ez beintzat. Or dituzu barren ortan zure kirakoak (ezker aldera bultzatuaz).

NIKOLAS: Ez zaitezela alde ortara joan. Sukaldean emakumezkoak dituzu ta etxekoandreak ikusten bazaitu irakiten asiko dira eltzeak ori da sikulu saltza!

KLAUDIO: (beste aldera joanez) Zer nai trabesa egin nai omen dute-ta nerekiko esan dut: orain duk garaia lengoak zuritzekoa...

NIKOLAS: Zer nolako atetan jotzen dezun kontuz ibilli «konpañeo!» Zuritu bearrean ubeldua atera ez dakizuen.

KLAUDIO: Ni ere ez naiz itzez pio ta papera egin genezake pirma ta guzi. Ez al da ala nagusi? (Pantxori).

PANTXO: Ni ez nazu tartekoa adiskide. Jokuak utzi nituen. Ez daukak zer ikusirik...

KLAUDIO: Amerikanoan diru-soñua zala seguruena aditzera eman dute bada...

PANTXO: Ez egon nere diruaren soñuaren zai. Urrutiko intxaurrak...

KLAUDIO: Zerbait izango da. Ez al da ala Sekretario jauna?

NIKOLAS: Nik ez dakit ezer. Or dituzu barren ortan apustu zaleak eta zuzen-zuzenean galdegitea dezu. (bultza egiñez).

KLAUDIO: Leen ainbeste erronka ta orain probintziano jendeak epeltzen asiak ote zeraten... Momioa emango zaizue gizona (sartuaz) Eup! (barrean daudenai oiu egiñez) Ba zaudetela e?

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

PANTXO ETA NIKOLAS

 

NIKOLAS: Auxe da lanbidea! ezin atera gera etxe ontatik.

PANTXO: Bustiñetan oñak sartuak bait ditugu nai ezean ere.

NIKOLAS: Etxekoandrea kontuan eroriko da apustuzaleok etxeari su ematen ari zaizkiola ta komerik izango ditugu. Apustu aurretik norbaitzuek korri egin bearko dute. Goazen, goazen lenbaitlen...

PANTXO: Bai, obe degu bustin ta guzi aguro anka egin.

NIKOLAS: Erriko etxeraño joan bearra det, ta lagundu nazazu istilluari iges egiñez.

PANTXO: Ez zait gaizki etorriko aize preskoa artzea. Bitartean Telefonora, gauerako konferenzi bat eskatzera.

NIKOLAS: Laister egingo degu itzulia. Ea orduko ekaitza uxatu dan.

PANTXO: Azkenerako guziok adiskide. Pamiliko asarreak pamilian egosi oi dira ta nere anai Migel Mari bere kaikukerian andreari aria artzen badaki. Eta Estanis amaren seme kutuna bait da, zer nai dezu? Senide-maitasunak guzia leuntzen du.

NIKOLAS: Ortan arrazoi dezu, Pantxo. Mutil zarrok, berriz, maiz gabiltz arrika geren buruekin (bijoaz).

 

 

IX. AGERRALDIA

 

ARANTXA TA MARTIN (Korrikalaria)

 

ARANTXA: Ez dakigu nun sartu. Auxen da lanbidea! Ez digute iñun uzten bakarrik egoteko lekurik. Ori, etxe aundia degula.

MARTIN: Ala gertatzen da errota ta ostatutan. Eta apustu usaia danean areago. Beti jendea, erruz. Klaudio naparra sartzen ikusi degu. Badu pizka baterako.

ARANTXA: Ondo etorri zaigu alde egiteko, bestela ezin itzegin degu jendearen aurrean ez bada. Orain bakarrik gaude...

MARTIN: Ez badira asten nere billa.

ARANTXA: Ez zera emendik joango. Ez det nai apusturik joka dezazun.

MARTIN: Plaza betetzen dala txanpon ederrak irabaziko nituke beintzat eta zer nai dezu! Txarrak al dira ezkontzeko?

ARANTXA: Mikeleren nobioak korrika apustu gabe egin ditu txanponak.

MARTIN: Ni ez naiz ordea «txatarrerua» txoferra baizik eta besteren mendean mutil gañera. Beste lanen batean pozik asiko nintzake zuk ala uste badezu (arpegian maite egiñez).

ARANTXA: (latz) Kontuz, ez dituzu esku oso leunak eta...

MARTIN: Guanteekin ikutuko bearko zaitut Arantxa! Bost milla duro eskeñi dizkidate apustua jokatzeagatik.

ARANTXA: (par gozoa egiñez) Egitan?.. Ba diru orrekin eta beste zerbait geiago jarriaz kamioi bat erosi bear zenuke ta orrela obeto aterako zenuke bizimodua korrika-apustuan baño.

MARTIN: Orretarako apustua joka bear ordea. Eta irabazi ezkero, gañera, kamiona ez ezen, autobusa ere erosiko nuke.

ARANTXA: Orduan... apustu ori azkenengoa izan dedilla... Itza eman zaidazu...

MARTIN: Bai maite, itza ta pitza! Zuri emango dizut dirua gorde dezazun.

ARANTXA: Ortan gelditzen gera. Seguru gero?... (barrendik datozen oiu eta otsak entzun bitez) Ori istillua dabilkite! (entzunez) Ori ardalla!

MARTIN: Klaudiorekin asarretuko ziran. Pizti txarra da ori. Elkar joka ez badira asten. (isiltzen dira)

ARANTXA: Sukaldetik ere entzungo zituen bada. Ama ta gañerako guziak an bait daude. (adi entzunez) Onuntz datozela sumatzen det. Berriz ere atzekoaldera joan bearko degu.

MARTIN: Ez digute uzten soseguz itzegiten. (berriz oiu eta karraxiak barrendik)

ARANTXA: Badatoz eta goazen ezkutatzera, ikusi ez gaitzaten. Atoz! (eskutik eramanez)

MARTIN: Zure atzetik ez noa gaizki... Aizeak darama orbela.

 

 

X. AGERRALDIA

 

(Erdiko atetik Anabixenta, Juli, Mikele, Eloy eta Joxe Mari agertuaz)

 

JULI: (Etxekoengandik alde egiñez) Noan, noan! Sartu-irten bat egitera etorria nintzan, eta ia ordu erdia damakit emen. Berriz ere nere amak esango du...

ANABIXENTA: Ez du ezer esango. Ez dauka beste olako alabarik izaterik!, eta ez guk ere ain lagun leialik.

MIKELE: Ala da bai, eta eskerrikasko zure laguntzagatik.

JULI: Ez da ezer! Esatea ere! Guzia, azkenerako, antolatzen badezute, atsegin izango det. Eta ea (Mikeleri, laztanduaz) datorren illean egun zoriontsu bat ematen diguzun.

MIKELE: Alegiñak egingo ditugu. Ta zu... kontatzaille... (barrendik apustuzaleen oiu ta otsak entzuten dira)

ANABIXENTA: (adi-adi entzunez) Soñu txarra dator barren ortatik, dantza onerako.

JULI: Dantzan ari badira, gaitz erdi...

ANABIXENTA: Inpernuko dantza. Joku madarikatua! Gure gizona okerrena! (otsak gero ta biziagoak).

ELOY: Gure aitaren otsa da ori. Asarratzen ez badira.

JOXE MARI: Pakearaziko ditugu. Ez dira burrukan asiko.

ANABIXENTA: Zoazte ba ezpada. (Eloy ta Joxe Mari barreruntz doazela)

ELOY: Bai ama, ez dute odolik isuriko. Ez zera alargun geldituko. Ez bildurtu.

JOXE MARI: Gu ikusi orduko isilduko dira. (bijoaz)

 

 

XI. AGERRALDIA

 

ANABIXENTA: Ai ene! (antsirika) Zoritxarreko apustua! Gure gizonen griña! Orixen da sarturik duten zima!

MIKELE: Ama! Eloy ta Joxe Mari bestelakoak dira ta bidaliko dituzte kalera sesioa jartzera.

JULI: Bai emakumea! Aitak semeen esana entzungo du eta zentzuz ariko da. Kalera oraintxe doana ni nazute. Ario ba...

ANABIXENTA: Geldi zaite, Juli, zertan bukatzen dan ikusi arte. Ixildu dirala badirudi.

JULI: Jakiña! Zerbait edan ondoren errez berotzen dira gizonezkoak eta gero oiu ta marru burua arindu arte!

ANABIXENTA: Eta gu prejitzen... kixkaltzen... Zure gibela bear nuke. Geldi zaite, eder ori.

JULI: Au Anabixenta (laztanduaz)

MIKELE: (Ateruntz joanez ikus-mira eginda itzultzen da) Isildu dira ta badatoz... Etxekoaz kanpo, Joxe Trapu deitzen duten birigarroa; ta beste tratalari napar koskorra dituzu!

ANABIXENTA: Inguruko alper guziak! Betikoak! Besotik elduta kalera botatzeko gogoak ematen dit.

MIKELE: Ez ama! Or daude Eloy ta Joxe Mari ta aski dira txorimaluok uxatzeko.

JULI: Arrazoi du Mikelek. Gizonezkoak gizonezkoekin antolatu ditezela. Badatoz. Goazen bazter batera. (txoko batean bildurik)

 

 

XII. AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA ELOY,
JOXE MARI, ESTANIS, MIGEL MARI,
JOXE TRAPU TA KLAUDIO (sarturik)

 

ELOY: (Besotik Joxe Trapu artuta) Tira Joxe. Zoaz lenbaitlen emendik eta ez zaitez agertu illabete pare batean. Bestela Polizikoak lotuta eramango zaitue... Tira alde! (bultzegiñaz)

JOXE MARI: (Klaudiori) Ta zu zoaz koko-errira! istillua jartzera.

KLAUDIO: Ni ez nazu istillu zalea. Nere diruaren billa etorria naiz. Joan dan apustutik zor didatena eskuratzea.

JOXE MARI: Juezaengana joan auzitegira, eta an zurituko dezu auzia. Ez emen...

KLAUDIO: Edozeñengana joango naiz. Datorrela nerekin Migel Mari. Bost milla duro zor dizkit eta baditut testiguak...

ANABIXENTA: Jesus milla bider! BOST MILLA DURO! Ondatu gera! Nere senarra ez dedilla etxetik atera! Ai ene!

MIKELE: (Mikele ta Julik besotik eldu sosegatu naiez) Ama ixilik egon bedi. Bijoazela! Gero ikusiko degu zer egin.

KLAUDIO: Nik ez dizut gizonik bear, ez ezen, nere dirue...

JOXE MARI: Txanponak biribillak dituzu ta, joan bezela etorri oi dira.

JOXE TRAPU: Bigarren apustua egin ondoren ordainduko zaizu guzia...

KLAUDIO: (atetik itzuliaz) (asarre) Ori ez da esandako itza.

ELOY: Zer itz ta zer pitz! Zoazte plazara! Alde! (Joxe Mari besotik Joxe Trapu ta Eloyk Klaudio bultzegiñez aterazten dituzte).

JOXE TRAPU: Obe nin sartu ez ba nin.

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

JOXE TRAPU TA KLAUDIO EZ
GAÑERAKO GUZIAK

 

(Migel Mari ta Estanis ertz batean eta emakumezkoak bestean zeuden, baiñan arrotzek joandakoan, elkarrengandik urbiltzen dijoaz. Eloy ta Joxe Mari tartean dituztela).

 

ANABIXENTA: (Migel Mari ta Estanisi) Aita-semeak lasa zaudete jarri dezuten ixkamilla jarri ta gero. A zer nolako bikotea!

MIGEL MARI: Gu? Ixkamilla bestek jarri dute, ez guk.

ESTANIS: Bidali dituzuten kaiku tzar oien saltzak.

ANABIXENTA: Ez zuek okasiorik eman izan ez bazenien... Zorrak norenak dira bada?

MIKELE: (Tartean sartuaz) Begira ama, gaur ez degu asarrerik bear. (Aitarengana joanez) Aita! Joanak, joan! Ez geiago aitatu orrelako konturik gure etxean. Datorren illean... Joxe Mari ta biok ezkontzen gera... Onatx nun dezun nere senar-gaia (aukertuaz).

MIGEL MARI: Suiari ongi-etorria egin bear, bada... (esku emanez).

JOXE MARI: Baimena ematen ba diguzu beintzat...

MIGEL MARI: Bai, bai, neregatik ezkondu nai ba dezute, ezkondu zaitezteke, «solamente» aukeratu dezuten eguna ez dakit egokia dan. Ain zuzen biaramonean apustua ote dan edo... Estanisek daki...

ESTANIS: (bizi) Ori zuek erabaki dezute. Ez da nere gauza.

ANABIXENTA: (Asarre-gorrian) Zer apustu ta apustu ondo! Orain nik itzegingo det... (aita-semeak isilik nora begiratu ez dakitela) Bai! egun ortan ezkonduko dira ta jakin zazute ez dagola apusturik! Neronek galeraziko det agintariengana joanez ta salatuaz. Zuen joku ta griña kaltegarri oiekin aspertu nazute! Eta etxe ontan aurrerantzean ez da sartuko ez Joxe Trapu, ez Klaudio napar; ez jokalari ta ez tratalari gezurtirik. Ez! Etxekoak eta kito! (Itz oriek esateko egin duen alegiñez negarrari ematen dio).

JULI ta MIKELE: (Anabixentarengana joanaz laztanduz ta pakearazten dute) Au da etxekoandre kementsua au. Ama!

MIGEL MARI: (Estanisi) Gure andrea asarretu zaiguk. «Tiburzioa» eskatzen ez badu.

ESTANIS: (Isildu araziaz) Ez esan astakeririk, aita!

ANABIXENTA: (bere onera berriz etorriaz, ta senarrari begiratuaz) Pozbide gutxi eman didazu azken ogei urte auetan.

MIKELE: Aitona biurtzen danean, zentzua etorriko zaio ta guziok orduantxe biziko gaituzu zoriontsu... (aita ta ama besarkatuaz).

ELOY: Zuri ta beltzak Bergaran eman zuten besarkada dirudi onek... Gora pakea! Eta iraun dezala!

JOXE MARI: Garai onean sartu naiz etxe ontan, nunbait...

ELOY: Esan zazu zeorrek ekarri dezula aldi ona.

JULI: Ala da, bai. Begi ona izan dezu... Mikele aukeratzen... A zer nolako neskatxa!

MIKELE: Ta nik ez?... donostiar kaxkarin bat aldarera eramaten...

JULI: Bikote bikaña egiten dezute. Oso elkarren modukoak.

JOXE MARI: Ori gero ikusi bear, zer nolako beinkapena ematen diguten.

ELOY: (Aita ta Estanisi) Aita-semeak entzun dezute: eztayak datorren illaren 12an... Apustua, ankaz gora dijoala!

MIGEL MARI: Pakearengatik amore emango bearko diagu, seme. Oa korrikalariari ezetzkoa esatea. Or dek nunbait... Arantxarekin.

ESTANIS: Entrenamentuetan asiak giñan eta... (musin) Garbi dago etxe ontan emakumezkoak agintzen dutela.

ANABIXENTA: (piztuaz) Gizonezkoak zentzurik ez dezutenean bai. Ai seme, semee! Ipurtarin ta... burua berdin...

MIKELE: (pakezale) Tira eztabaidak amaitu dira. Guk prestakizunak egiñak ditugu: elizakoak, erriko-etxeko paperak gertu dauzkagu, arropa, bizi-leku ta gañerako arazoak.

ANABIXENTA: Aideai ere adierazi bear zaie komidatuaz. Gero bazkaria nun eta nola. Amaika diru txautu bearra... erretratista ta abar.

JOXE MARI: Ez ortaz kezkik izan ama, ori nere bizkar...

MIGEL MARI: Txatarrak ematen du orratiokan. (Estanisek isil arazten du).

ELOY: Korrika-apustuak baño geiago bai noski...

MIKELE: Aste bi gelditzen zaizkigu aurretik eta gauzak ondo antolatzeko astia badegu.

ANABIXENTA: Ezin sinestatu det. Ain aguro dator guzia...

JULI: Eta orain palta zirenak azaltzen zaizkigu: Pantxo eta Nikolas. (Emakumezkoak poz axanpak egin, bitzate).

ESTANIS: (Aitari) Martin gure «potoka» (motxala) zai egongo zait eta zer gertatzen dan esatera nijoakio. (Bijoa). Sprint batean.

MIGEL MARI: Obe dek korrika-txikian.

 

 

XIV. AGERRALDIA

 

ESTANIS EZ GAÑERAKO GUZIAK ETA
PANTXO TA NIKOLAS

 

NIKOLAS: (Alaikiro agerturik) Arratsalde on! Billera al degu, etxeko guziok osatu zerate.

JULI: Eta ez geranok ere bai. Zuek palta ziñaten.

PANTXO: Danak bilduta arkitzeak asko poztutzen nau. Orrela guzioi batean emango dizuet berria. (Iru emakumezkoak jakin naiez).

MIKELE: Zer da bada?...

JULI: Beste berri onen bat al degu?...

ANABIXENTA: Esan! Esan

PANTXO: Ez txar eta ez on!

NIKOLAS: Asmatu, asmatu!

JULI: Nik beintzat ez! Ez dakit zer izan diteken.

ANABIXENTA eta MIKELE: (Elkarri begiraturik) Ez guk ere!

PANTXO: Luzatzen ibilli gabe... zera, Ameriketara noala!

JULI, MIKELE eta ANABIXENTA: (era batean) E? Ez da egia izango?... Ameriketara? Noiz ordea?...

MIGEL MARI: Anai! Ez daukazu ibiltzeko gogo txarrik!

PANTXO: Gogoa... gogo aundirik ez! Baiñan ango arazoak artara beartzen naute. Oraintxe telefonoz Buenos Airesko nere administradorearekin itzegitea egin det...

ANABIXENTA: Ori da aurrerapena Ameriketatik mintzatu eta emen entzutea...

PANTXO: Zuri bezelaxe. Berri txarrak aguro irixten zaizkigu eta ots egin dit lenbaitlen joateko ango ondasunak galdu nai ez baditut. (Emakumezkoak min ta naigabea agertu bezate, itzez eta itxuraz)

MIGEL MARI: Mundu ontan apusturik gabe ere dirua galdu ditekela ikusia dago...

ELOY: Ixilik zaude aita... Ez ankik sartu...

ANABIXENTA: (kupiturik) Ez zera bereala joango Pantxo? Ez gaituzu ain itsumustuan utziko...

PANTXO: Txartela eskatua det.

NIKOLAS: Abionean gañera...

ANABIXENTA: Jesus milla bider! Aidez? Ori da arriskoa!

MIGEL MARI: Bai! Apustuan baño geiago. Itzai izana naiz eta naiago det idiak pausua egiten duan lekuan ibilli...

ELOY: (besotik elduta) Esti! Aita! Or ari zera akulluaz ziri ta ziri. Ezin zure griña aaztu...

ANABIXENTA: Obea zan bada aztutzekoa...

NIKOLAS: Gure amerikanoa berriz Arjentinara doala. Ezin oituko gera orrenbeste urtetan elkarrekin bizi izan ta gero...

PANTXO: Zer da ba gaur Ameriketara joatea? Gau bateko loa! Ango arazoak antolatu bezin aguro itzultzeko asmoa det.

ANABIXENTA: Ala da baiñan... Ez genuen asko uste...

JULI: Onik egin zazula beinik bein joan etorria...

NIKOLAS: Gaur aidez, itxasoz baño segurugo ta laisterrago egiten dira biadaiak. Errezago.

JULI: Gu bezelakoak, orratiokan, beti toki batean egoteko jaioak gaituzu...

NIKOLAS: Bai, ni ere alakoa naiz: etxezur... kaiola txoria. Jarri ta bertan goxo naiz eta atea zabalik egon... (Juli ta biak mintzatzen darraite).

MIKELE: (Joxe Marikin jardun berezian ari izan da orain arte. Bat batean osabarengana urbilduaz) Osaba! Zuk berri bat eman diguzu, eta adierazi bear dizut bestea... Joxe Mari (aurkeztuaz) ta biok ezkontzen gerala datorren illaren 12n...

PANTXO: (Ezkongaiei esku emanez) Asko poztutzen naiz... Ondo ixilik ibilli zerate...

MIKELE: Korapillo guziak azkatu arte ez degu adierazi nai izan. Lotsa pizka bat ere ematen zidan zuregana agertzeak.

PANTXO: Zergatik lotsa? Ezkontzeko sasoi onean zaude ta ongi egiten dezu zure aukerako senarra artzea...

JOXE MARI: Datorren illaren 12n ezkontzea erabaki degu.

MIKELE: Emen izango zerala uste degu osaba, ta eztayetan laguntzaille ta testigu izango zaitugula.

PANTXO: Baldin baite! Ez litzake besterik palta! Lekuko izango nazute bai ta bidaia atzera izan bear banuke ere! (jardunean jarraituz).

NIKOLAS: (Anabixentari) Beraz, eztaiak ditugula e? Etxekoandre?

ANABIXENTA: Ala diote!...

JULI: Eta ala izango da Jainkoaren laguntzaz. Au Anabixenta au! Egun zoriontsua guzientzat.

MIKELE: Gure ezkontzara, emen zaudeten guziok etortzea nai genuke.

PANTXO: Eztaiak eta nere Amerikarako joatea, azken agurra, batean egingo ditugu.

MIGEL MARI: Pestak, batera baño bitan egitea obe izaten da.

ANABIXENTA: Naigo nuke paseak baleude. Gure gizonak pestarako beti gertu. Neri berriz trixtura ematen didate.

NIKOLAS: Guk, biotza gazteago gordetzen degula esan nai du orrek.

ANABIXENTA: Gazteago... edo gogorragoa...

PANTXO: Nola nai ere, dabillela urte askotan. Eta emen gauden guziok onik bildu gaitezela berriz ere etxe ontan, pake ederrean. (Anabixenta itzegiten ezin asmaturik malkoa dario, eta Mikele ta Julik besarkatzen dute. Gizonezkoak kutsuturik elkarren artean esku-estutzea, bizkarreko ta diosal egiten diote Pantxori).

MIGEL MARI: Paskoazkok egin berri ditugula dirudi. Onelako biotz lasatasunik ez nuen aspaldiko urtetan nabaitu. Ez da apustua irabazi banu ere.

ELOY: Beti galtzen oitua bait zaude. Latztu egiten da gizona.

PANTXO: Ez kontu zarrik berritu, Eloy (Aginduaz) Ni Amerikan izango naizen bitartean zure gain gelditzen dira emengo nere diru arazo ta artu-emanak. Zu kontu-artzaille.

ELOY: Ondo dago osaba. Itzulitakoan zurituko ditugu guziak.

PANTXO: Mikeleri ez diot ezer esan bearrik. Ezkondutakoan baduke nori obeitu. Senarradunak jabea du. Biontzat oroigarritzat esku-erakutsi bat nere izenean Eloyk emango dizute.

MIKELE: Eskerrikasko osaba! Beti eskuzabal.

JOXE MARI: Nik beste orrenbeste esan bear esker txarrekoa ez izateagatik.

MIGEL MARI: Anai! Testamentua egiten ez ziñan bada asiko...

ANABIXENTA: Sasoi ederrean ez bazaude bada oraindik...

NIKOLAS: Ez da itxoin bear il urrean egon arte testamentua egiteko...

PANTXO: Jakiña bada! Etxetik kanpora aldi baterako irtendakoan, gauzak garbi utzi bear dira.

ELOY: Ementxe ditugu palta diranak.. Etxea bete lagun degu gaur...

 

 

AZKEN AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA ARANTXA,
ESTANIS ETA MARTIN SARTURIK

 

ESTANIS: Zozo-mikotea kabian eskuratu det. Emen dituzute. Eskerrak korrikalaria ez zala bere lanean asi.

MARTIN: Zuen zai bait nengon leiaketan abitzeko; bitartean Arantxarekin jardunean.

ARANTXA: Eta ain zuzen, Estanis billa etorri zaigunean, ari nintzaion esaten ez diodala apusturik egiten utziko.

ANABIXENTA: Ederki esana!

MIGEL MARI: (Estanisi) Guziok gure kontra ditugu.

PANTXO: Nik gazteoi aolku bat eman nai dizuet. Ameriketara noa, ta bazterrak ikusi ta lurraldeak korritzeko tirriatuak bazaudete, zatozte nerekin. Arjentinan badezute nun jokatu... eta nun lan egin dirua irabaziaz. Tira, Estanis, aziendak zaitu nai badituzu egun guzian zaldi gañean aize ta eguzkitan egurastuaz, an dezu aukera.

ESTANIS: Bada, bizimodu on atsegin izango litzaidake, uste ez badezu ere... Panpa zear ibiltzea...

ARANTXA: Martin ere (senargaia siñalatuaz) joango litzake ta andik berri onak bidaliko balizkit eta etorkizuna itxurazkoa ikusi, ni ere joango nintzake.

ANABIXENTA: Era ortan etxea aguro ustuko zaigu.

PANTXO: Ez, txoro-txoro ez da erritik kanpora joan bear. Arretaz ta ongi neurtuaz erabakiak.

NIKOLAS: Nik beintzat «sekretario» jarraitu bearko det bizi guzian. Emengo erriko-etxean usteltzen.

PANTXO: Ain aspertuta al zaude bada. Bakarrik bizi zera, egia da. Zuk egin bear zenukena da... ezkondu (Juliri begiratuaz). Or dezu zuretzat andre egokiena... (Ustegabeko aterakaiak algara ta istillu bizia sortu du. Emakumezkoak batik bat pozkarioz betetzen ditu).

ANABIXENTA: Orixe da egia! Bai enetxoa. Olakorik! Juli! Zuk atera bear dituzu eltzetik babak! (besarkaturik).

MIKELE: Zerbait izango da osabak dionean!

ARANTXA: Ustegabeko aterkaia. Zinean ez ezen bizitzan ere gerta oi dira ta.

JULI: (Lotsa-lotsa egin da) Isilik zaudete. Au lotsa! Pantxoren jolas bidea.

NIKOLAS: Txautxetan ala benetan ordago bota digu beintzat.

MIGEL MARI: Nikolas, ni jokalari nazu apustuan ez ezen musean ere, ta ez daukazu ezetzik esaterik...

PANTXO: Beingoan nere anaiak arrazoi du. Ezkontza batek bestea dakar. Ta Nikolas, zuk ondo dakizunez, bizia jokua da ta eskura etortzen danean jokatu egin bear da.

NIKOLAS: Jokua ez da ordea errenta... Migel Mari Obea da ollaskoa erreta.

 

AZKENA

 

aurrekoa