I. EKITALDIA
I. AGERRALDIA
Eskaratz zabala, kutxa, alki, saku kupel eta beste zernai puskaz ornitua. Eskui-ezkerrera ate bana bizi-toki ta ostatu edo dendara daramatenak. Aurrealdian berriz ate nagusia kalera eroso sartu-irteerak egiteko erakoa.
Illunabarra da.
J. MARTIN ETA ARANTXA
(J. Martin korrikalari itxuran galtza motz eta makutsik eguneroko saioa egin ondoren arnas estuan dago).
ARANTXA: Izerdi patsetan zaude! Atoz, oztu baño lenago, sukaldera; edari zerbait emango dizut. Kafea, salda edo sagardoa.
JUAN MARTIN: Ba dakizu zure anaia detala gobernatzaille eta ez dit ezer edaten uzten «Koka-kola» ez bada. Edariak puztu egiten omen nau-ta. Gosetuxea nago... ori bai...
ARANTXA: Orduan txistor mutur bat prejituta jango dezu, ta gero...
JUAN MARTIN: Baita zera ere! Txerrikia? Koipe gauza galerazia daukat. Urdaizpi gordiña geienaz...
ARANTXA: Arraultz egosiak ere jaki garbia dituzu. Eta egunekoak prexko-prexkoak areago!
JUAN MARTIN: Gibelarentzat kaltegarri ez balira bai!
ARANTXA: Eta orrenbeste nekatuta ezer jateko baimenik ez?
JUAN MARTIN: Zure anai Estanisi galdegin bear. Aren esanera bai nago. Apustua pasa arte beintzat.
ARANTXA: Gosez ilko zaitue; ta «il da gero salda bero». (Musin) Ez ba diozu korrikalari izateari uzten, neronek utziko zaitut.
JUAN MARTIN: Martin Onuzkero biar arte itxoingo dezu. Zu ere! Ez nuke apustua galdu nai, agindutakoa egin ez dedalako. Diru asko jokatzen da, ta apustua, apustu!...
ARANTXA: Naiz gizona bidean lertu!.. Ori da dema! azkenean gure etxea ondatuko diguna.
JUAN MARTIN: Ez orixe! ni ondatuko ba naiz ere, apustua irabazi bear det.
ARANTXA: Bai ta osasuna gal zazu! Zoaz sukaldera edo jarri zazu berogarri zerbait bizkar-gañean (Zamarra jantzi erazten diola).
JUAN MARTIN: Ez nago batere otzik. Izardia ere txukatu zait. Emen itxoingo diot Estanisi. Pultsoa artu bear bai dit, eta masaje eta igurtziak egin ere bai. (Eseriaz). On aundia egiten dute.
ARANTXA: Orrela ibiltzeak ba al dizu gauza onik? Zera! Au al da bizitzea?
JUAN MARTIN: Ez esan ori maite! (elkarganatu ta maiteki arpegia laztanduaz) Obeto biziko gera laister, apustua irabazi ta gero. Ezin galdu det, orduan zu ere galduko zinduket-eta kaixio! Gure amets eta ezkontza!
ARANTXA: Ez da orrenbesterañoko. Ori ez! Nik ez det biotzarekin apusturik egin. Galdu ala irabazi, beti bat zaitut.
JUAN MARTIN: Zu ere ala zera neretzat... «biotza»... baiñan «barea» altxatzen zazait ordea... ezin erabazi izango det apustua. Gureak egin du orduan... (berriz Arantxaren arpegia leun ikutuaz).
ARANTXA: Geldirik zaude... eta ez zazula esan txorakerik. Estanis dator!
JUAN MARTIN: (Zutik jarririk) Nere nagusi, erakusle ta ondatzaillea! Beldur diot.
ARANTXA: Ikusten da. Neri baño obeto obeitzen diozu.
II. AGERRALDIA
LENGOAK ETA ESTANIS
ESTANIS: Nai ez ba dezute ere, emen nazute.
ARANTXA: Ori da arratsaldeon emateko era berria.
ESTANIS: Ez naiz agur eta diosalik egitera etorri; onoko oni pultsua artzera baizik (J. Martini eskumuturra artuaz)
JUAN MARTIN: Emen nago ba aspaldi zure zai.
ARANTXA: Lenago etorri bear zenduen.
ESTANIS: Bai, orain zurekin goxo-goxo dagola biotzaren takatekoak gutxitu zaizkio. (isekaz)
ARANTXA: Ea nik zuri beste «takateko» bat nunbait ematen dizudan...
ESTANIS: Ez asarratu arrebatxo. (Juan Martinen eskumuturra utzirik Arantzari) Ez diot ezer puskatu. Zuretzat uzten dizut oso-osorik.
ARANTXA: Guzion artean ez ba didazute gaxotzen bai.
ESTANIS: Pultsua ez dabilkizu ain ondo. Juan Martin; arnasa ez dezu estutu bear.
JUAN MARTIN: Gaur gorputzaldi onean nengon, eta jipoi ederra eman diot nere buruari.
ESTANIS: Bada lenbaitlen oieratu ta lo egin lasa-lasa...
ARANTXA: Bai, eta zaude ezer jan eta artu gabe...
ESTANIS: Betiko apari laburra. Bikarbonatoa ondoren, eta masaje-igurtziak ematen dizkitzudala, biar txoriak bezela egan eramango dezu apustua, arin arin.
JUAN MARTIN: Pisuz bai arindu naiz poliki, bainan idia adar ta guzi jango nuke. Gosetuxea nago.
ESTANIS: Ez esan berriz! (azukre koxkor bat sakeletik aterata) Emaiozu Arantxa, zure eskutik artuta gozoago irudituko bai zaio.
ARANTXA: (Berak aoan sartzen diola) Zera! onekin indartuko ditu anka zaiñak.
JUAN MARTIN: Oraintxe zerbaiten bearrean nago. Utsik daukat barrena... gur, gur egiten duela sabelak.
ESTANIS: Baretu arazteko glukosa onena (beste azukre koskor bat sakeletik atera ta eskeñiaz) Jan zarrean obeto korri egiten da. Apustua ondoren asetuko zera nai bezela. Eta olinpiar garailleari bezela irabaztean buru gaiñean koroia jarriko dizugu...
JUAN MARTIN: Aski det nere txapelarekin!
ESTANIS: Eta zure andregaiak... beste sariren bat ematen al dizu...
ARANTXA: Bai ta galtzen badu (Estanisi) zuri masalleko bat.
ESTANIS: Ni ez naiz sartzen zuen artean... bada ezpada ere.
ARANTXA: Orduan ez ditzazula esan txorakeririk. Juan Martin nekatu da, eta ez zu.
JUAN MARTIN: Ez badakizu ere, ba dut eseritzeko gogorik...
ESTANIS: Orretarako baimena ematen dizut. «Marka» ona egin dezu: 48 minutu 3 segundo ta laurden... Ez dago gaizki zure metabolismuak... ondo erantzun du. Eskerrak artu dituzun «glukosa», «proteina» ta «vitaminai».
ARANTXA: (asarre) Bioliña, itz oiek besterik ez zenitun ikasi Zaragozan beterinaiotzan ikasten ibilli ziñanean...
JUAN MARTIN: Jendea datorrela dirudi. Zuen aita eta ote diran...?
ESTANIS: Goazen, goazen barrena. Ez aitatu marka ta pultsuaren konturik. Ez gaitzatela ikusi... aita da, bai...
ARANTXA: Bere «trabesekin» naikoa du. Joxe Trapurekin dator (Besotik elduaz) Zu ez oztu orain... (Bijoaz)
III. AGERRALDIA
MIGEL MARI TA JOXE TRAPU
(sarturik)
MIGEL MARI: Emen dek, bai Eguneroko saiaketatik itzulia egiten ikusi diat. Arin zetorreke eta marka onak egiten ari dek. Zer berri Nafarro aldetik?
JOXE TRAPU: Ba... (burua azkureturik) An berriz «gurea» puskatuko duten erronkak entzun dizkiat. Izan ere ala «mantentzen» ditek Larraungo «Txiki» ori... arentzako diña ez dek: Ez arategi ta ez ollotegirik.
MIGEL MARI: Ori «antigualako» sistema dek. Geiegi jan arazi ta azkenerako «poto». Bestela ezi degu gure mutilla. Nere seme Estanis orretarako «numero uno» baidiagu. «Kus-Kunti» edo ingles eskolakoa.
JOXE TRAPU: Nik eskola gutxi diat. Konporme! baiñan «igualean» ondo jan eta edan egiten duanaren alde jokatuko nikek...
MIGEL MARI: Kaiku alena! Korrika egitea arria jasotzea dala uste al dek?
JOXE TRAPU: Konporme! Auldadea ere...
MIGEL MARI: Larraungo «Txiki» ori zer nolako «marka» egiten ari dan jakin bear diagu.
JOXE TRAPU: Egia esan, ez nian errelojurik eraman. Zertarako? Lumeroak ez baidizkiat ondo ezagutzen. Gañera napar koskor on gauez zebillek, iñork ikusi ez dezan. Aralarko Artzai batek esan zidanez, salatzen ibillia dana bera, 48 minutu eskasean egingo omen. Eta artzai ori gau txoria diagu. «Ontza» deitzen ditek ta... pentza!
MIGEL MARI: Ontza? Ontzak dirutan etxeratu bear dizkiagu apustua irabazita. Garbitasun geiago atera ez badek... Nola dabiltza «trabesak»?
JOXE TRAPU: Trabesak? bi aldetara! Berrogei ta zaspi minutun ezetz, eta berrogei ta zortzitan baietz. Bost amarri «probintzianoa»ren kontra ta antzekoak entzun nizkian naparraren alde.
MIGEL MARI: Guk irabaztera joan bear diagu, bajutik sartuta...
JOXE TRAPU: Gureak apustua galduagatik guk dirua irabazi genezakek.
MIGEL MARI: Ez diagu «tongorik» bear. Badakik nik beti pin jokatu izan dedala.
JOXE TRAPU: Konporme! baiñan «amar ogeiri» artzen badegu gurearen alde ta azken orduan «ogei bosti» beste aldera...
MIGEL MARI: Azken ordurarte zai dagonak purrut egiten dik geienetan. Gastu aunditan sartu gaituk eta nola edo ala atera bearra zegok.
JOXE TRAPU: Ori erreza da bi aldetatik irabaztera jokatu ezkero. Plaza-gizona izan bear orretarako.
MIGEL MARI: Nik ez diat beti pagatzaille izan nai. Gureak 46 minutuan egiten badu, apustua irabazia zeukagu.
JOXE TRAPU: Konporme! bañan apustua «baaiz, ta banauk» arteko jokua dek. Naparrak ere zanko bizkorrak dizkit eta berdin zamar ibilliko dian zantzua diat. Egun artean gorputzaldi onenean dagonak ark irabaziko.
MIGEL MARI: Nik ezin diat bada dirurik galdu. Gure etxea berriz ere errekara joango uke. Ta ez diat esan nai nere andre ta seme-alabek nola artuko niñuteken.
JOXE TRAPU: Orduan bi aldetatik irabaztera jarri bear diagu derriorrean. Oraindik garaiz gatxeudek.
MIGEL MARI: Ik ikusi nola jokatu ta zer trabesak egin. Bost milla duro gelditzen zaizkidak.
JOXE TRAPU: Konporme! Utzi neri! Nere kontu! «Araizko» Klaudio or ikusi diat, arestian, eta trabesak egin naiean zebillekan.
MIGEL MARI: Kontuz ibilli arekin! Itzak ondo neurtuaz!... (kaleruntz begiraturik) Ara nun datorren bera!
JOXE TRAPU: Utzi neri tratua egiten. Eta isillik ago i. (Klaudiori ongi etorria egin naiez) Kaixio Klaudio lagun zaarra!
IV. AGERRALDIA
LENGOAK ETA KLAUDIO
KLAUDIO: Ba zaudetela...?
JOXE TRAPU: Egon edo... alatsu... Zu bazabiltzala, berriz...
KLAUDIO: Ibilli... edo... etorri bearra ba nuen eta...
MIGEL MARI: Guk berriz egon bearra... Zera... (Joxe Trapuk keñuz isiltzeko adieraziaz).
KLAUDIO: Jakiñe! Jakiñe!...
JOXE TRAPU: Jakiña, bai! Konporme! «Larraungo Txikia» apustutik erretiratu ote dan susmurra zabaldua da.
KLAUDIO: Nik baño geiago jakin dakizu. Eranegun ikusi nuen azkenekoz eta ez zidan deus esan olakorik. Lenengoz entzuten dut.
JOXE TRAPU: Ni atzo Lekunberrin nintzan. Andik dator berria: zain tiratua izan zuala. Ta kalanbreakin badabil, ez nintzake arrituko erretira dedin. Nik beintzat ez nuke aren alde dirurik jokatuko.
KLAUDIO: Badira jokatu nai dutenak... eta ni bitarteko!
JOXE TRAPU: Ortan ba zaudete, zuek ikusi!
MIGEL MARI: Ez zazula gizona atzeratu. Griña ori ekarri baldin badu...
JOXE TRAPU: Nik obe bearrez esaten diot, aspaldiko lagun zaarrak bagaituzu. Emen dirua, bi bati eskeintzen ari dira probintzianoaren alde. Ortik kontuak atera.
MIGEL MARI: Gure mutilla beñere baño obeto dago bai... Ez du egundaño izan alako sasoirik.
KLAUDIO: Zuen esamesak goiti-beiti. «Larraungo Txikia» ez da gibelean geldituko.
JOXE TRAPU: Probintzianoaren aldean pausua dizu txikia zuen napar orrek!
KLAUDIO: Biziagoa, ordea; ta orrek du balio! Giputz makala baño naiago dut napar bizkorra.
JOXE TRAPU: Bai zainak kalanbrerik gabe irauten badiote ta auspoa lasa. Begira Klaudio! Zere buruaren jabe zaitugu. Naparrok zuen erritarraren alde izateak bidezkoa derizkiot, baiñan (isilpean bezela) dirua irabazi nai badezu ar itzazu trabesak probintzianoaren alde... azpitik. Gero sartzen al zera goitik, beste aldera.
KLAUDIO: Bai ta ankaz gora erori eta ipurdiko gaitza artu.
JOXE TRAPU: Ez gizona! Gauza jakiña da. Ez dezu arriskurik bi aldetatik estalirik, kubriturik zaude.
MIGEL MARI: Emen aritu bearrean barren ortan obeto konponduko gera. Goazen!
V. AGERRALDIA
ANABIXENTA TA NIKOLAS
(Etxe barrendik irtenaz)
ANABIXENTA: Zorigaiztoko apustu orrekin gure etxekoak burua galduta dabiltza! Lezoko Santo Kristok gorde gaitzala! Bestela, gure gizonak jokurako duan griña dala-ta, lur jo bear degu berriz ere!
NIKOLAS: Zer nai dezu, apustua egiña dute ta agian irabazi lezateke. Ez aldez aurretik estutu beintzat. Bizitza jokua da ta... Nork daki?
ANABIXENTA: Ez det ezer jakin nai! Lenago senarra bakarrik nun jokalari. Orain semea ere ixturioak utzi ta aitaren bidetik dijoa...
NIKOLAS: Ez dituzu orrelakoak guziak. Eloy gaztea ondo mutil zintzo ta langillea atera zaizu-ta. Amaren antzekoa... esan diteke.
ANABIXENTA: Gizarajoa nere familiaren aldekoa degu Jainkoari eskerrak! bestela...
NIKOLAS: Eta nun uzten dituzu alabak? Arantxa ta Mikela? ezkontzen zaizute agidanean.
ANABIXENTA: Ez zaidazula aitatu Mikelaren konturik.
NIKOLAS: Ez ba dakizu ere orretara nentorren bada; zure baimenaren billa.
ANABIXENTA: Pantxo gure amerikanoarekin ezkondu nai izan ez zuen ezkero, egin zala gogoak ematen diona. Zuntzun alena. Aitak baimena eman dezaiola.
NIKOLAS: (Paketsu) Begira, Anabixenta, buruz argia ta zentzun aundiko andrea zaitugu ta kontuan artu bear dezu Pantxo eta zure alaba Mikelak urtetan alde aundia dutela —ogeitamar urteko diferentzia— ta gañera okerrago dezuna osaba-illobak.
ANABIXENTA: Ez zaio urteai bakarrik begiratu bear. Ta osaba-illoba dirala ta zer? Elizak olakoak artzen ditunean gaizki egiña ez dan siñale.
NIKOLAS: Ez uste ordea baimena errez eman oi duanik, ez! Gañera alabak beste borondatea erakutsi du ta beste senargai gazteagoa gogoko bazaio...
ANABIXENTA: Bai, gazte txoruarekin biziko da... negarrez. Pamilia guziarentzat askozez ezkontza egokiago gendun bestea... Pantxori asko zor diogu, ta emaztetzat artuko zuala adierazi zion ezkero, baiezkoa... zegokion gure etxeko bearrak ikusirik.
NIKOLAS: Zer nai dezu? Ezezkoa esan zion ordea, kalabaza! Ta alperrik da gauza berritzea. Biotzak ere bere eskubideak baditu, ta zuen Mikelak ez du neskazar gelditu nai. Ain zuzen ezkontza paperak Erriko etxera eskatu dituzte ta zuen baimena papertxo ontan jarri bearko diozute.
ANABIXENTA: (bizi) Aitak eman dezaiola! Nik ez diot gure Pantxori «desprezio» ori egin nai. Guregatik egin duanarekin! Baserria utzita, guzia galdurik kalera etorri giñanean, Pantxori eskerrak burua jaso genduen. Gure gizonak bere idi-apustu, aari-dema, aizkora joku ta gañerakoekin etxea ondatu zigunean amerikanoaren laguntza izan ez balitz zer?... Orain ere bildur naiz aita-semeak ondatuko ote gaituzten. Norengana joko degu laguntza eske?.. (Malkoa dariola).
NIKOLAS: Pantxo eskuzabal eta ona dezute ta ez dizute itxiko sakela bearrean arkitzen zeratenean. Ez al dio bada, Eloyri lantegia jartzeko dirutza polita aurreratu?
ANABIXENTA: Ala da bai, zure itzak lasatzen naute.
NIKOLAS: Mikeleren arazoa aaztu zaio... Geiegi ikusten zuen emaztetzako gazteegia zuala. Ala aitortu zidan. Ta bai nik esan ere, ezkontzekotan obe zukeala bere diñako beste andregairen bat... Juli... edo...
ANABIXENTA: Ori esan al zenion? Egitan? Ta zer zerizkion? (iriparra ageri zaiola)
NIKOLAS: Ez zuan gaizki artu.
ANABIXENTA: Ez luke damurik izango. Ez orixe! Elkarren modukoak dituzu. Sasoiean daude biak eta Julik ez lioke ezetzik esango. Nik itzegingo nioke. Zuk beste orrenbeste egingo bazenu Pantxorekin...
NIKOLAS: Bai ederki eman ere! Ni mutilzar eta uztargille?... Neretzako billatzen jakin ez ta besterentzat? Nikolas ez ezik Zelestino deituko ninduteke.
ANABIXENTA: Zelemon egitea berdin da bai! Gauza da, Pantxo errian, pamili aldean gelditzea; Juli lengusu bait degu, ta orrela gure amerikanoa etxean izango genuke.
NIKOLAS: Laister etortzekoa da ta zirikatuko degu, ea zertan dan.
ANABIXENTA: Julik ere garai ontan agerturen bat egiten digu beti. Ezkontza ori antolatuko bagenu nere naigabeak aztuko nituke.
NIKOLAS: Emen dator bera ba; ea zer nolako aldartzea dakarren. Zu isillik ba-ezpada... Keskati dabil aspaldi, ta arretaz artu bear dan gizona degu gure Pantxo... Arantz asko! Kontuz atera bearrak!
ANABIXENTA: Ez da lan erreza. Ezaiozula esan nik ezer aitatu dizudanik. Ez nazu ezurdun arrai-zale oietakoa...
NIKOLAS: Emen degu. Utzi neri! (Etorri berriari) Kaixio Pantxo!
VI. AGERRALDIA
LENGOAK ETA PANTXO AMERIKANOA
PANTXO: (Sartuaz) Arratsaldeon! Biar zer festa degun ezagun da. Ikusi ditut... Betikoak! Jokalari jendea! Droga zaleak.
ANABIXENTA: Ori esan!
NIKOLAS: Zu falta ziñan jokua bizkortzeko.
PANTXO: Trabesaren bat edo beste egiten dizut baiñan ez dut saltsa ortan geiegi sartu nai. Jokuan bero sartzekotan obe da Mar de Plata ko kasinoaren kurpillean... edo Bolsan... ekitea!
ANABIXENTA: (Ulertzeka) Polsa? Bai enetxoa! Gure gizonak zuk bezela zainduko balu...
NIKOLAS: Guziok ez berdin izan. Jokutik, ostalari, jatetxe ta tabernariak irabazi ederra ateratzen dezute.
ANABIXENTA: Beste edozein negozio naiago nuke ardo ta edaria saltzea baiño.
PANTXO: Zoritxarrez, zurruta da geiena ematen duana.
NIKOLAS: Olako apustuekin errian diru asko gelditzen da, nere sakelean ez bada ere. Ta noski, Ayuntamentuaren sarrerai, nere «ogibideari», edo «ardobideari» begiratu bear diot Sekretario naizen aldetik.
ANABIXENTA: Ta sekretario zintzoago ta «urzaleagorik» erriak ez lezakela arkitu; ezagun da gaztetan apaiz-gai izan ziñala...
NIKOLAS: Kontu zarrak dira oiek... nor oroitzen da aldi aietaz? O tenpora, o mores.
PANTXO: Latiña ez zaizu aztu beñepein. Baiñan errian bear deguna dek lantegi berriren bat sortzea gazte jendeai irabaz bidea emateko... Industriari lagundu...
NIKOLAS: Ori «financiero» jendeak: zuek dirudunok egin bear dezute. Erriak erreztasunak emango ditu.
PANTXO: Ni nere txikian zerbait egiten ari naiz. Eloy illobari burnilantegitxo bat jarri diogu.
ANABIXENTA: Ta zuri eskerrak aurrera ateratzen ari da mutilla. Ez da semea dedalako, baiñan langille purrukatua degu, ta ez du joku ta jolaserako astirik.
PANTXO: Gazteai lagundu egin bear zaie...
NIKOLAS: Gu bezela gelditu ez ditezen. Eta garaiz guk egin ez deguna egin dezaten.
ANABIXENTA: Zer ala? Ezkondu edo?...
NIKOLAS: Bai aguro asmatu gure Anabixentak... (isiltzeko keñu egiñaz)
PANTXO: Umore onean zaude Nikolas.
NIKOLAS: Zuk baño diru gutxiago baiñan umore geiago; ta oraindik ez det galdu jolaserako gogoa. Zer bada, urte batzuek bizkar gañean izanagatik goibel bizi bear al degu? Ez orixe! Nik gazterik gordetzen det biotza.
PANTXO: Oraindik andregairen bat aukeratu bearko dezu.
NIKOLAS: Zure larruan banengo, ez nuke ezetzik esango...
ANABIXENTA: Biok ere gai zaudete; ta mutilzar egosgogorrak izanagatik Elizak artuko zaitue...
PANTXO: Aski da... Zorakeriz... Orain arte bakarrik bizitzen etsi degu ta ala jarrai bear aurrerantzean ere...
NIKOLAS: Ba benetan, lagun zarra, emendik aurrera bearko dezu zuk ere andre on bat ondoan, zaindu zaitzan.
PANTXO: Zuretzat ere ez zaizu gaizki etorriko! Ondo ari zera Nikolas, baiñan orain ba det beste buruausterik... Nor gogoratzen da arazo ortaz apustua zeñek irabaziko duan jakin arte? Utzi itzagun emakume kontuak. Gure plaza-gizonak korrikalari burrukaz zer dioten jakin zagun lenengo!
ANABIXENTA: A gizonezkok! amaika larrialdi ta negar jarriko dute etxetan. Eta andreak eraman bear guziak sukalde bazterrean.
NIKOLAS: Prakadunok entzun bear ditugu entzutekoak. Gu beti errudun... Belarria berotuko digute berriz ere...
PANTXO: Entzungor edo anka egin bear asarretu aurretik...
ANABIXENTA: Orregatik gelditu ziñezteke; ez naiz ari zuengatik. Gizonezko guziok zuek bezelakoa balira, naiago nuke... etxetik asita... Aita-semeak zaarrena beintzat elkarren berdiñak atera zaizkit. Ez dute burua apusturako besterik.
PANTXO: Berarekin itzegin bear det. Ea trabesa onen batzuek egiten ditudan. Goazen barren ortara.
ANABIXENTA: Ai enetxoa! Jokua ez da errenta.
NIKOLAS: Bizitza jokua da ordea... (barrendik datorrela droga-zaleen apustu ardalla nabaituko da; eta oiu ta deadarrak; ogei, amarri! Amar bosti (bijoaz Pantxo ta Nikolas).
VII. AGERRALDIA
ANABIXENTA TA JULI
(Anabixenta unetxo batean bakarrik dago ta urduri batetik bestera ibilliaz).
ANABIXENTA: Lezoko Santo Kristo maitea! (Aitaren egiñik) Oiu oiek biotza zulatzen didate ta sakela ere bai! Zuk ez ezen gurutze ederra dizut nere senar eta etxekoekin! Zoritxarreko apustuok!...
JULI: (Anabixenta ustegabean sorturik) Zer gertatzen zaizu Anabixenta, ondoezik al zaude?
ANABIXENTA: Entzun besterik ez dezu! Atoz, atoi! Badet zure bearra. Geldi zaitez pixka batean.
JULI: Pozik geldituko nintzake baiñan oso presaka noa, ama etxean bakar-bakarrik utzi baidet gajoa!
ANABIXENTA: Aspaldiko andre Joanatxo on puska! Baduzu noren antza izan! Bizkor al dabil koitadua!
JULI: Oso poliki dago, eta ernai, dituen urteetarako. Ez banaiz laister etxeratzen aguro egingo dit errita!
ANABIXENTA: Ez du bada berealakoan arkituko zu bezelako alabarik. Eta gañera ezkongai... gizonezkok ez dakite andreak aukeratzen. Bestela aspaldian ezkondua bear zenuen...
JULI: Eskerrikasko zure lore-sortarengatik Anabixenta. Lotzaraziko nazu.
ANABIXENTA: Ori ez da ezer! Beste albiste bat eman bear dizut...
JULI: Zer? Zer?... Albistea?...
ANABIXENTA: Ez dezu asmatuko nolakoa... Berri oso, oso ona!
JULI: Ez badidazu esaten, ez.
ANABIXENTA: (Alde batera ta bestera begiratuaz ezkutagarri) Bada... gure Pantxo amerikanoari arestian, Nikolas ta biok aitatu diogula zera, ezkontza kontua.
JULI: Ez al zuan Mikelena aski izan? Zergatik ez diozute indianoari pakean uzten.
ANABIXENTA: Utzi bear ez diogulako! Orain izen bat dabil tartean...
JULI: Berak billa dezala nai badu. Onuzkero zer komeni zaion badaki.
ANABIXENTA: Mutilzarrok geienetan zer egiten duten ez dakite! Ta erakutsi egin bear zaie.
JULI: Ori al zenduen berri on ta albistea?... Begira Anabixenta izeba, ama zai egongo zait, luzeiritzirik, eta urrengo batean kontatuko dizkidazu erriko ipui guziak. Ezin gelditu niteke. Banoa.
ANABIXENTA: Nik lagunduko zaitut, bidean itzegiñez. Orrela etxerakoan elizan sartu-atera bat egingo det.
JULI: Goazen bada. Nik usten nuen biarko festarekin lanpetuagoa izango ziñala.
ANABIXENTA: Esango dizut guzia. Zaude pixka batean (barrengo atetik oiu egiñez) Arantxa! Kaso egiozu dendari! Juliri laguntzera noa! (dijoazela).
JULI: Ardalla aundia dezute barren ortan...
ANABIXENTA: Geiegi! Lasago itzegingo degu emendik kanpora... (bijoaz).
VIII. AGERRALDIA
JOXE TRAPU TA KLAUDIO
(Tabernako atetik ateriaz)
JOXE: 49 minutun ezetz! Konporme ba zaude, egiña dago parioa...
KLAUDIO: Nik esan dizut erreloju kontuan ez nazula pio! Gureak irabaziko duala bai!
JOXE: Siñalia botea dago, eta ez du balio orain atzeratzeak... Esku onetan utzi degu, t'ark esango digu nork irabazi duan...
KLAUDIO: Eguraldia ateri dala, gureak aidean emango du korrika-apustua... garbi gañera!
JOXE: Orduan loia al da gure alde? Ba zikinduta ere irabazi ezkero berdin zait.
KLAUDIO: Eguraldi txarrarekin apusturik ez egitea obe. Ezin bait da bear bezela pausorik eman. Aurretik doana irristatu diteke...
JOXE: Orretarako jarriak ditugu juezak (zerura begiraturik). Gaua ez dago ain illuna. Izar batzuek ere agiri dira.
KLAUDIO: Itsasoko aizea... laister dugu euria. Ez dituzu luzaroan ikusiko izar oiek.
JOXE: Aski det, biarko suerte ona badakarkidate...
AMAR BOSTi Klaudio! Orain dezu garaia! 49 minutuan ezetz zuenak!
KLAUDIO: Naparrak irabazi baietz (bijoaz).
IX. AGERRALDIA
ELOY TA MIKELE; GERO ARANTXA
ELOY: Gure ama, elizara zijoan noski, Julirekin. Ez gaitu ikusi.
MIKELE: Naiago det gañera. Onela etxean sartuko naiz bera ez dagola. Osabarekin «zaputza» izan genduen ezkero alako zera... biotz-ikara egiten zait aurrez aurre arkitzen dedanean. Aitarengatik berriz, ajola gutxi!
ELOY: Jakiña: aitak «mauka» zabalegia duen bezela, amak estuegia. Baiñan biarko apustuarekin naigabe zaarrak aztu zaizkio. Lenago alaba «kutunak» loa kendu bazion, orain zarrenak ematen dio lana.
MIKELE: Arantxak Zer bada.
ELOY: Korrikalariarekin oso txoratuta dabillelako...
MIKELE: Gustokoa baldin badu, zergatik ez?... Gure amarentzat kutunak semeak zerate. Batik bat Estanis. Onek egiten duan guzia onik artzen du. Ala atera zaio! Gañerakoak eta batik bat alabak ea ez gaitu bere ume... Mutillok nai dezutena egiten dezute, gu berriz aren gonapean txitoak bezela egon bear eta bestela kana bete mutur!...
ELOY: Baita! Baita bota lerdea! Aspaldi lumatu ziñan. Goiz ollanda atera ez baziñan bada. Mikeletxo, Mikeletxo!... Kukurruku ederra jo diguzu osaba amerikanoarekin!...
MIKELE: Isilik egonda ez zuten aditu nai-ta, gauza garbi ezan bear! Osaba ona izan da guretzat, baiñan senargaitzat naiago det nere Joxemari.
ELOY: Nola ez!... orain gure amak etxean sartzen uzten dion ikusi bear...
MIKELE: Baimenarekin edo baimenik gabe, sartuko da ba... Ta gañera aguro ezkontzeko asmoa degu. Ori esatera etorri naiz gaur.
ELOY: Utzi zazu beste egun baterako ez ezen biar apustua da: ta bezperatik ziri orrekin badin bazatoz, zezenak izango ditugu etxean. Ama negarrez asiko zaizu zerekin bizi bear dezun eta abar!...
MIKELE: Gure lan eta irabazitatik. Nik ez diot ezer eskatuko. Joxe Mari langillea dala badakizu.
ELOY: Gure lantegian txatarra saltzeko emango ziotela esan nion. Eta txanpon politak irabazi ditzazke. Izardirik ateratzeke ta eskuak asko zikindu gabe... ez bada estraperloaren kutsuarekin...
MIKELE: Eskerrikasko, anai! Banekien biotz onekoa ziñala ta zuk amari itz erdi bat esaten badiozu sinistuko dizu (txantxetan). Torizu pa potxolo! (musu emanez). Ez nere alde itzegiten diozunean estraperloaren konturik aitatu.... Izen itxuzia da on!
ELOY: Gure amak bere utsegiteak izango ditu, baiñan andre maratz, langille ta saiatuagorik ez dago Goierri osoan. Txanponari balio-arazten diona. Senar, seme-alabentzako etxerako guzia, bere buruari ezer opa ez diona.
MIKELE: Nik ez nuan amarengandik gaizki esan nai (itun) Ta ez zaite ain serio mintzatu. Damu det naigabea eman bear izana (darion malkoa txukatuz) baiñan ez nuen beste biderik. Zuk ongi dakizu, anai. (elkar besarkatuaz) Lagundu nazazu.
ELOY: Bai arrebatxo! Alegiña egingo degu. Eta amak amore emango dizu. Egun txarrak daramazki gajoak eta biarkoa, zorigaiztoko apustua dala ez du izango obea. Aita beti bezela itxututa ta jokuan leporaño sartuta. Eta Estanis amaren «kuttuna» izanagatik, aitaren antza atera du ta bion artean etxea ondatu bear digute, lengoaz gañera.
MIKELE: Nola ez die galerazten osaba Pantxok? Ainbeste dezakenak? Dirurik ezbalie emango!...
ELOY: Aurrerantzean ez det uste sakela asko askatuko duanik.
MIKELE: Ala baldin bada obe! Alaba ez dago salgai.
ELOY: Alaz guziaz ez da erreza gure aita ezitzen. Ez du eskarmenturik, egosgogorra baida! Ez du onezkero iñork bere bidetik aterako. Il arte betiko lepotik burua...
MIKELE: Aita... gaitz erdi, baiñan Estanisek ez du barkamenik. Isturiante itxurak egiñaz txautu zizkigun etxeko azken txanponak, beste senideentzako apurrik utzi gabe. Ta orain beti jokuan eta alperkerian galduko gaitu. Ta amak ez dio beñere itzik esaten.
ELOY: Egia da. Ain dio maitasun itxua... Ez du ikusten, kutunegia du! Biotzbera.
MIKELE: (Oartuaz) Kaletik norbait datorrela iruditu zait... Ea bera dan! Goazen barrura ba-ezpada.
ELOY: Ba diteke elizatik itzulia eginda gero, bera izatea (bijoaz).
X. AGERRALDIA
PANTXO TA NIKOLAS
(Sarturik)
NIKOLAS: Zure anai orrek orain ere apustua sortu du ta ez dakit nola aterako dan. Zor zaarrak ordaindu ezta berriak egiten.
PANTXO: Nik ez dizkiot bada ordainduko. Amaika estuasunetatik atera izan det, baiñan ez nago orain dirua parra, parra botatzeko. Arjentinatik ezin det peso bat ekarri arazi. Emengo diru-paperak ta «baloreak» errekara doaz.
NIKOLAS: Bai «Bolsa» gaizki dabillela antzematen diot naiz galtzeko ezer gutxiren jabe izan. «Zurraren poltzak bi zulo» esan oi da, nereak zulo bearrik ez, utsa baidago aspaldi
PANTXO: Kezka gutxiago! Beeraldi orrek bete-betean arrapatu nau, beraz ez nago korrika-apustu jokalariari ezer emateko. Eloyri lagunduko diot lanean aurrera atera dedin. Gañerakoak, or konpon! Gauzak orrela badijoaz nik ere beste erabakiren bat artu bearko det.
NIKOLAS: (Zirikalari). Ikusia dago, Pantxo. Zuk... ezkondu egin bear zenduke.
PANTXO: Erremedio ederra! nere «sekretario» jauna! Kontseju onak ematen badakizu... bañan bestentzat.
NIKOLAS: Ori bai da nere lantegia ta ez nago asarre; ezen orrela bestei kontseju ta onuak emanez, nere buru ta nere naigabez azturik bizi naiz.
PANTXO: Ez da pilosopi txarra Nikolas. Nola nai, lagun ona izan zaitut beti, ta erriak aolkulari ezin obea zaitu. Estuasun batean zugana konpiantzan joan diteke.
NIKOLAS: Nik ere pozik aundiena bestek nere esana ontzat artzea izaten det... Eta Pantxo... sinista zaidazu, lagun zaarrak gera ta... Bakarrik gelditzen ari zera... Ezkondu zaite... Nere ustez Juli komeni zaizu. Orain dezu garaia.
PANTXO: Bein irrixt egin nuen eta ez det erori nai bigarren aldiz...
NIKOLAS: Ura besterik izan zan. Mikele illoba zenduan ta gazteegia... Zer gertatu bear zuan ikusia zegon aurretik... Gaztigatu nizun garaiz...
PANTXO: Zuk erriko gora-bera guziak jakiten baidituzu...
NIKOLAS: Nik ez... «sekretarioa»k...
PANTXO: Bada «sekretario» jauna... jakin zazu nere diru-kontuak Arjentinan gaizki dabiltzala eta guzia esateko, Nikolas..., osasunez ere makal nabillela aspaldi.
NIKOLAS: Orregatik bada artu bear dezu lenbaitlen ezkontzeko erabakia. Badakizu nor dan... Juli. Andregai itxura oneko ta egokia dezu, ezin eta obeto zainduko zaitu ta gañera txanpon batzuek ere baditu.
PANTXO: Ezagun da apaizetarako ikasia zerala. Ori da ni aldarera eramateko gogoa dezuna. Zeregin ori gazteentzako utzi zagun. Ain zuzen... aitatu didazun Mikele ezkontzen dala entzun det...
NIKOLAS: Orrek ez du ezer esan nai. Ezkontza batek bestea ekartzen du.
PANTXO: Zurekin ez dago burutzerik. Bayezkoa eman bearko dizut. Baiñan itxoin zagun apustua zertan geldituko dan ikusi arte...
NIKOLAS: Ezertan ez! Apustu batek beste ekartzen baidu. (bijoaz)
XI. AGERRALDIA
MIGEL MARI, ESTANIS ARANTXA TA ASTEASUKO «TXIKIA». GERO ELOY ETA MIKELE
(«Txikia» galtza luzeak jantzita, gabardina bizkar gañean duala agertzen da, beste guziak inguratzen dutelarik)
MIGEL MARI: («Txikiari») Orain zoaz oztu gabe oiera. Gauean bero dagonak biaramonean presko arkitzen da. Ori bear dezu biarko... preskura.
ESTANIS: Aita! Oi biguñean baiño solairu gañean lastai batean etzatea obe du.
ARANTXA: Baita zera ere... zubi azpian ijitoak bezela. Ez ta etxean oirik ez ba gendu ere!
ESTANIS: Gau batengatik ez zaizu maskalduko baizik gorputzez gogortu.
ARANTXA: Ba-ezpada zuk edredoi pean lo egiten dezu ta al dezun geiena.
MIGEL MARI: Nik txurikin artean berdin egin oi det. Gauza da presko esnatzea, gorputzaldi onean. Begira Martin (Txikiaren sorbalda gañean eskua jarriaz). Azken kontzejua eman bear dizut: lasa korri zazu, batere estutu gabe. Bidean txaloak jotzen badizkitzute ere, ez arrotu! Segi zere pausoan azken arte. Ordun ekin! jo ta pasa kontrarioa atzeratuxea baldin bazoaz. Eta aurrea artu badezu ere ekin gogor atzera begiratzeka...
ESTANIS: Aita! Lenengo «teknika» teknika bear da. Arnasa ondo artu, besoak neurriz erabilli, burua gora, bularra atzera, biotza...
MIGEL MARI: Birikak presko, ipurdia gora.
ARANTXA: Ez al dezute geiago esan bearrik? Pakean utziko bazenuteke!...
ASTEASU TXIKIA: Esan dezatela nai dutena. Orain: entzuteko nago, ta biar apustua irabazteko. Ortan dago gauza.
MIGEL MARI: Ba-ezpada eman itzak iru ontzako txokolate sakelean. Auldadea edo plakia nabaitu ezkero, erdi bat janarekin bereala bizkortuko aiz.
ESTANIS: Bai egarria sortu ere. Ezetz gizona! Glukosa askozaz obea du... ta nik eman diodan beste «Botika» suspergarri ura.
ARANTXA: Bai! nik daukat gordeta, baiñan ori ez zaio iñori esan bear eta ez du iñork jakin bear... zuk besterik ez!.. (Belarrira) droga.
ASTEASU TXIKIA: Zuk emana ezin gauza txarrik izan... «droga» dalako ori.
MIGEL MARI: «Drona»... iru letrako edaria...
ESTANIS: Ez da edaria, aita, autsa baizik... artu ezkero arrigarria; bi ala gizona indartzen duana... Isilka erosten dana...
MIGEL MARI: Orrelako bat bear genduen, ez ezen nai eta nai ez apustua irabazi bear degu. Bestela gureak egin du.
ARANTXA: Ona nun datozen palta ziranak... ea famili guzia. Eloy ta Mikele...
ESTANIS: Ez geiegi itzegin auen aurrean.
XII. AGERRALDIA
LENGOAK ELOY ETA MIKELE
ELOY: Oso isilik zaudete! Zer gertatzen da?
ARANTXA: Mikele ikusita arrituta gelditu bait gera. (Mikele besarkatuaz) Ez niñan uste etortzekoa intzananik.
MIKELE: Zer bada (guziai) Biarko eguna ajola aundikoa bait da Bengoetxetarrentzako! Ez det ukatzen nere jatorria ta agertu egin nazaizue.
MIGEL MARI: Senide geienak bildu gera bai, Amerikan daudenak ez ezik... (arro) Ba dago oraindik indarra gure etxean...
ELOY: Ez alperrik galdu ezkero bai...
ESTANIS: Alper itz ori neregatik esan al dek? (asarre antzean)
ELOY: Ez iregatik ta ez beste iñorengatik... Guzien obe bearrez baizik.
MIKELE: Etxera etorritakoan ez asarretu beintzat.
ARANTXA: Ori esan! Etxean bizi geranok gaituzue beti pagatzaille... eta biarko apustua ez galdu arazi, animoa kendurik.
ASTEASU TXIKIA: Nik alegiña egingo det beintzat.
ESTANIS: Nai litzake; ama ere emen degu. Zer ote dio?
MIGEL MARI: Apustua irabazten degula egun aundia izango da guretzat. «Bengoetxea»k berriz burua altxako du.
XIII. AGERRALDIA
LENGOAK ETA ANABIXENTA
ANABIXENTA: (Sarturik) Ez dakit biar zer gertatu bear dan bañan buruko min aundia ekarri bear digun beldur naiz.
ARANTXA: Ama! Beti il kanpaia jotzen ari bear al du?... Seme-alaba guziak etxera bildu diran ezkero pozik egon bear luke.
ELOY: Ala da bai, ama.
MIKELE: (bere buruagatik) Ardi galdu auxe ere etorri zaio. (besarkatuaz)
ESTANIS: Orretxek ez du bear bada geiegi poztuko.
MIGEL MARI: Gure etxekoandrea ez da pestazalea. Elizkizunetara besterik ez zaigu joaten gustora ta kontentu...
ANABIXENTA: Andik nator bada, ta zuengatik erregutzen izan naiz. Kezka aundia baidaukat sarturik, apustua dala-ta.
ARANTXA: Utzi bitza asmo txarrak, ama! Biar errian jende asko bilduko da, lana egingo degu ta irabazia etxerako geldituko zaigu.
MIKELE: Nik ere lagunduko zaituet.
MIGEL MARI: Lagundu? Bai, bai! Lanak ez nau sekulan ikaratu izan.
ESTANIS: Ez ni ere! Zer da ba?
ELOY: Ez, besteren lanak ez du iñor ikaratzen.
ANABIXENTA: Ori da gutxiena... lana... bearko egin, baiñan apustuarena besterik da. Zoritxarreko joku orrek naiz bigar irabazi, etsi galdu egingo gaitu.
ARANTXA: Biarkoa irabaziko degu beintzat. Ez da ala? Ez dio bada irabaziko napar koskor bati.
ASTEASU TXIKIA: Asmo ortan gaituzu. Esan oi dan bezela: «I baaiz, ni banauk» Ta ura aña banaiz eguzkiaren azpian!
MIKELE: Orduan lasatu bedi ama! Alai beza arpegi eder ori! (Anabixentak zingurin ta asperen egiñez aii!)
MIGEL MARI: Zuen amak beti illun ikusten du guzia, lañopean.
ANABIXENTA: Baditeke nik gauzak illun ikustea baiñan ez nabilkizue begi itxutan. Ondo irikiak dauzkat, gure etxea bide zuzenetik eramatearren.
MIGEL MARI: Bide zuzenean jatekorik arkitzen ez danean, okerrekotik saia bear, biziko bagera.
ELOY: Senar-emazteak ez zerate asarretuko seme-alaben aurrean, erakusbide txarra litzake guretzat.
ANABIXENTA: Bai, arrazoi dezu seme. Ez noa geiago itzik esatera. Jainkoak bere eskutik gaitzala. (Mikeleri) Zer berri Donosti aldean? Betiko etxean jarraitzen al dezu?
MIKELE: Bai, ama antxe nago baiñan ez luzaroko...
ELOY: Berri pozgarri bat eman bear digu Mikelek...
ARANTXA: Zeñen isilik intzanan...
ESTANIS: Itzegin dezala, itzegin!
MIGEL MARI: Badira guzion aurrean esan ez ditezken isil kontuak.
ANABIXENTA: Etxera sartu gaitezen, lan egin bearra degu. Aparia prestatzeko daukat oraindik... Eta atarian esan kontuak aguro zabaltzen dira auzora. Apustu ori ez balitz..!
MIKELE: Ni ez naiz etorri apustuarengatik.
MIGEL MARI: (Emazteari) Apustu egingo nuke zertara... ta alabak irabazi bayetz! Anabixenta. Gazte oiekin ez dago burutzerik!
ANABIXENTA: Biarko kezka, bat ezik bi ere sartuak dauzkat kolkoan... Ai ene! Lezoko Santo Kristo maitea... (Txorabio antzekoa egiten zaio ta alabek besotik eltzen diote OIALA astiro erortzen dan bitartean)
|