BAT GUTIAGO
Iduri du egiazki Jainkoa dabilala. Egun hamabortz erraten ginuen, ez dagola behinere lo Gaineko hura; behinere ez dituela harek ahanzten bere aldekoak, ez eta bere etsaiak. Erraten ginuen etorriko zela guzientzat haren orena; menturaz guk uste baino lasterrago sar-araziko ziozkatela Harek gaixtagin buruzagi, judu, framazon eta pagano diren bezalako horier beren irriak eta trufak.
Egun zortzi berriz aipatu izan dugu nola eta nola leher egin duen Panamako zauri izigarriak; nola erdiz erdi atzemanak izan diren ohoinak eta heien aldekoak gezur eta nahaskeriarik itsusienen erdian.
Xehetasun guziak orduan ezin emanez, egungo utzi gintuen zenbeit emaiteko. Eta huna non heldu zarokun Parisetik berri bat oro baino handiagoa.
Ba, egiazki Jainkoa dabila!
Ferry, zenatorren president berria, hil izan da bet-betan, iragan ortziralean duela xuxen zortzi egun.
Bihotzeko min izigarri batek ereman du, zenbeit orenik barnean. Oro harritu dire, berri hori entzutearekin.
Uste zuten alabainan orok, behingo gizon bazela Ferry. Barne azkarra zuen... iduriz. Gizon gordina zen oraino. Hiruetan hogoi-ta bat urte omen zituen. Eta horra non den hila!
Erran dugu hemen berean berrikitan zer gizon zen bertzenaz Ferry hori.
Egun ere badugu xedea xehekiago aipatzeko harek egin lan tzarretarik zenbeit. Alta ez da, ez eder, ez laket, gizon bat etsai izanik ere, hil orduko, berehala hartaz gaizki mintzatzea. Bainan zer egin dezakegu, baizik ere Frantzia guzia egun hautan, eskualde bat edo bertze, mintz-arazten duen gizon hortaz guk ere dakiguna egia den bezala erran? Hanbat gaixtoago harentzat, baldin ez badugu deus onik hartaz aipatzeko!
Kalte handiak egin darozkigu; bainan beretzat du engoitik zorigaitz handiena, honbertze tzarkeriaz hobendun Jainkoaren aitzinean agertu denaz geroz.
Hila hil, guk ez diogu egia baizik zor. Eta egia erratekotz, behar dugu erran hura bizi zelarik behinere gorde ez duguna. Huna bi hitzez egia.
Azken hamabortz urte hautan Frantzian eginak izan diren lege tzar guzien, eta bereziki eskoletarik erlijionea kendu duen lege higuingarri horren egile nausia izan da Ferry.
Duela sei, zazpi urte, eskoletako lege hori ezarri zutenean, bere burua gahienik, itsuskienik agertu zuena zen Ferry.
Ferry zen orduan ministroen buruzagi. Hura zuten framazon edo harginbeltz direlako gizon tzar horiek orok beren aitzineko.
Egia da berek ere ez zutela bizkitartean hanbat maite, zeren eta oroentzat idorra baitzen, bere buruaz itsutuki hartua, eta oroz gainetik, ohore gose errabiatua, orotan bera nausi beharra.
Tonkineko gerla denbora hartan galdu zuen bere burua. Itsuskeria batzu egin zituen orduan, eta gezurtto batzu ere erran, gure soldado gaizoeri han egin-arazi huts batzu ezeztatu nahiz.
Bi hitzetan hatzemana izan zen; eta orok begietan hartu zuten, gorri ala xuri, guziek, salbu bere iduriko sorraio bakar zenbeitek. Arbuiatu zuten, iduriz betikotz, guziek.
Kendu ziozkaten esku guziak; eta gorri gorrienak hain ziren orduan asaldatuak, non erranen baitzinuen puskatu behar zutela.
Geroztik hunat erdi itzalean egon da, bainan maltzurkeriaz zagon, bere tenorearen begira. Tenore hura bere ustez etorri zaionean, ikusi dituenean bere adixkide ohiak Panamako saltsa beltz hortan igeri, berriz altxatu du burua.
Zer egin dute bertzek? Ikusirik oro galduak direla edo bederen higatuxeak, orroitu dire beren buruzagi ohiaz. Elgarrekin hitz-hartu dute, nehork ateratzekotz Panamako ohoin zilo hartarik Ferryk dituela aterako.
Ahantzi dituzte lehengo makur eta herra guziak.
Hor ezarri dute Ferry zenatorren buruzagi, geroxeago ezarriko zutela ministro eta nork daki? beharrez oraino zerbeit gehiago. Ferry eta Ferry, ez zen hartaz baizik aipu jadanik hiru aste huntan Frantzian.
Hari zauden gorri guziak begiak eta ahoak zabaldurik.
Krask! Horra non ximixta bezala hedatzen den berria: «Ferry hil da! —Ferry hil? —Ba, Ferry hil. Hil da Ferry. Ferryk ez du gehiago nehori bidegaberik eginen».
Berri hori entzutearekin, gizontto batek erraten zuen egun hautan. «Egin bezate nahi dutena. Bil bedite Jainkoaren kontra nahi badute mila edo ehun mila. Horiek oro baino azkarrago izanen da azkenean Jainkoa bera».
—Egia handia.
Trufa bedite, trufa Jainkoaz. Nor nahi eta zenbat nahi izan diten, ez dire aski izanen. Behinik, horra bat gutiago...
Eskualduna, 1893-03-24
|