|
HIL DUTE RAVACHOL
Hil da beraz azkenean Ravachol, gizon-hiltzale izigarri hura. Hil dute: ez berehala, ez eta ere errexki. Lehenago erran dugu nola behin Parisen anarxista bezala, zer nahi txarkeria egin zuelakotz, betiko galeretarat kondenatu zuten. Handik gero, Montbrison, Frantzia barneko hiri baterat ekarri zuten, zeren hiri hartan eginak baitzituen lehenago bere balentriarik handienak. Egun hamabortz jakin ginuen Montbrisoneko tribunalak lepoa mozterat kondenatu zuela.
Holako horier uzten diote berrogei bat egun edo gehiago, nahi badute apel egin; edo bederen errepublikako jaun presidentari, barkamenduskatzen direlarik, galdatu, ardietsiko badute eta ez, biziaren grazia.
Ravacholek ez du deus galdatu nahi izan. Jakinez geroz harenak egin zuela, nehor ezin hurbildua omen zen. Irri egiten zuen, ahotik blasfemioa zariola, Jainkoaren izena bera aipatzen ziotenean. Presondegiko apez omoniera ere ez zezaken begien aintzinean ikus. Zioten orok egundaino ez dela ikusi holako mustrorik. Hitz dautzut ongi eta ongi zaindua zela, eta hurbildanik begi atxikitzen ziotela; etzuen urharts handirik egiten ahal. Gau eta egun, bere zaintzalez bertzalde, bazituen ez dakit zonbat soldado, harmak eskuan, xutik, han zaudenak. Garbitzen zuten, igitu balitz!
Hamabortz egun huntan presondegia kanpotik ere soldadoz inguratua zaukaten. Beldur ziren, anarxista direlako heiek asma zezaten zerbeit izigarrikeria, bere laguna justiziaren eskuetarik ateratu nahiz. Halako mehatxuak zituzten ere eginak, ziotelarik goraki: «Ravachol hiltzen badaukute, erreko dugu burregoa, erreko dugu gillotina, eta beharbada Montbrisoneko hiri guzia!»
Ravachol hil dute: bainan anarxixten sudurrik nehork ez du han ikusi. Iziturik ihes egin ote dute? ala gerokotzat ote zituzten solas lazgarri hek oro? Ageriko da.
Erran behar da gaitzeko prekozioneak hartuak zituztela, justiziarekin hitzarturik, hiriko buruzagiek. Hiri guzia soldadoz eta harmaz betea zen Bereziki azken gauean ez zen, ez anarxixtarik ez bertzerik, harat urbiltzen ahal, bere izena emanik eta buruzagien baimenik gabe. Halere hanitz jende bazen harat hurbildurik. Egunaz bezen argi omen zen hiriko karriketan. Ikaran zauden alabainan oro, zer behar zuten ikusi.
Goizaldera buruz, burregoa tribunaleko buruzagiekin presondegian sartu eta han hatzeman dute Ravachol, harria bezala lo zagola. Bertze guziak izialdurekin harrituak, eta hura lo... egiazko mustroa!
«Jaiki, jaiki, Ravachol. —Jaikitzen da, jauzi egiten duelarik. —Zer nahi duzue? —Har ezazu kuraie. —Zertako? —Hiltzera joaiteko.»
Dohakabea! Irri karkailaz hasten zaiote, trufatzen da orotaz; eskarnio egiten diote balakatzeko ele on zenbeit erran nahi lioketen guzieri. Burregoa ari zaiolarik bizkar gibelean bi eskuen estekatzen, ahora jin guziak erraiten diozka, erdi irriz, erdi hortz karraskan, iduri josteta bezala. Apeza ikustearekin erranen zinuen zainetakoa lotzen zitzaiola; zalapartan eta oihuka: ez zuela nahi apezik; hurbiltzen bazen, tu eginen ziola begitartera, hari eta haren kurutzefikari.
Halere apez gaizoa jarraiki zaio gillotinaren gaineradino, beti begiak haren begieri josiak zituelarik, beti kurutzefika saindua eskuan.
Deusek ez du hunkitu ahal izan haren biotza. Ikusteko emen zen, presondegitik hiriaren erdira zeramatelarik, orga handi batzuen gainean xutik, burua gora, begia zorrotz, alde orotarat oihuz, juramentu arrailka, gerrirainoko jauntziak xehakatuak, erdi buluzia; ezin erran ere ditazke haren ahotik ateratzen ziren urdekeriak.
Hiltzeko tresnaren gainera denean, nahi izan da jendeari azken aldikotz mintzatu. Berehala lotu zaizko burregoaren laguntzaileak. Nahi bazuen eta ez, etzan-arazi dute han, taularen gaienean. Oihu marraskaz eta zalapartan ari zen: nahi zela mintzatu; bazuela zerbait erraiteko. Lepoa moztearekin kordokan ari zelarik, entzun dituzten azken hitzak hauk dira: «Biba errepublika». Ordu berean ikusi dituzte haren burua alde baterat, gorputza bertze alderat erortzen. Eta haren arima, norat joan ote da? Nolako errepublika hatzeman ote du, orai den tokian? Orroitzeak berak izitzen gaitu. Ez dea bada ikaragarri zertaratzen den bere aztura gaixtoak nausitzerat uzten dituen gizona!
Jainkoak begira dezaukula dugun erlisionea!
Eskualduna, 1892-07-15
|
|