|
BERBAURRIA
Nor zan Z. Luis M.ª Grignion Monfortarra
Z. Luis M.ª Grignion Monfortarra Monfor-le-Cane-n, Prantzian, jayo zan 1673. Jesus-Lagundiak Rennes-en eukan ikastolan (kolejiuan) azi ta gero, Paris-en, San Sulpizio-ko abatikastolan (semiñariuan) ikasketak osotu ta abade-egin zan. Poitiers-ko gaixotegiko (ospilateko) kapillautziaz naikotu barik, erririk-erri mixiñuak emoten ebillela, eleiz-batzar bi asmau ebazan; bizikera bi onei jagokazanak: Jakituri-Alabena (Karidadeko Aizten antzekua), gaixuak zaintzeko; ta Andra-Mari-Lagundia, mixiñuak emoteko.
Guztizko mixiolari ona zan. Irakastegi (pulpitora) igon, eta Jesus Kurutzekuari begira geratzen zaneko, berbarik esan barik, negarrez ipinten ebazan entzulak.
Neurtizlari (bertzolari) ta abeslari (kantore) ona izanik, neurtitz eta abestiakaz barrurago sartuta izten ebazan irakastegitik zabalduriko irakaskizun eta biozketak (sentimentuak). Guztiz gogozkuak ebazalako agurtza (errosariua), Andra-Mariaren eleizetara bidaldiak, eta bere Eleiza ta irudiak barriztau ta apaintzia, beraganatu ebazan Jesusen Biotz eta Andra Mariaren oneraskunaren (deboziñuaren) arerio Jansentarren amorru ta ezetsiak. Euron guzur eta azerikeriakaz iruzurtuta, ez bakarrik gotzaiñak (obispuak) kendu eutsen sarritan autorkuntzak (konfesiñuak) entzun, mezia emon, eta mixiñuak egiteko eskubidia: baita adizkidiak be zorotzat artu, ta erritarrak eurak erriko atiak itxi eutsezan: aitaturiko Jakituri-alaben batzarrerako nezkatille bi baño ez ebazan batu amar urtian, eta mixiolaririk bi baño ez ebazan itxi, il zanian. Samintasun eta areriotasunezko olatuetan noiz-itoko, bizi izan zan beti Luis Maria. Baña Andra-Mariaren laguntasun eta S. Iñazioren ejertziuetan artzen eban indarrez, beti baketsu, beti gozatsu, beti bere zallari aurrera; erriak Jesusegana biurtzen ebazan; eta berak zuzentzen ebazan arimak, santutasun andira elduten ziran; arik-eta 1716. santutasun-usaiñaz illarte. Ezkutuan emoten deuskuzan erakutsiak, izan zirian bere burua ta beste asko ain urte gitxitan santutasun ain andira eruan ebezanak.
Baña, il da gero be, diabruak ez eutsan bakian itxi; ta ainbeste on egin biar eben irakaskizunok, liburutegi bateko auspian egon dira, zorionekuak berak aurretiaz esan eban lez; arik-eta agertu arte 1844. urtian Andra-Mariaganako Benetako Eraskunia, ta asko oraintsuago liburu onetako erakutsiak laburrago ta argiruago dakarzan geure «Ezkutu» au.
Liburutxu bi onek, agertu zirianeko, alde guztietara zabaldu izan ziran, onik andiena eruanaz. Aita Santu Pio Xak, ziñuan lenenguagaitik: «Auxe bai dala liburu benetan ederra; barriro irakurri biar izan dot, neure Andra-Mariatzazko guzti-eskutitza (enciclica) egiteko,,. Eta gero: Mene-menetik agintzen dogu Z. Grignion Monfortarrak ain egoki egiñiko liburu au, ta irakurlei apostolu-onestia biotzez emoten deutsegu. Friburgon oraintsu euki izan dan Andra-Maria-batzarrian be, eraskune au al dan geyen goratuta gero, agintsen yake oneraskun-zabaltzalliei oneraskun au zabaldu dagiela.
Ba Andra-Mariaganako oneraskun benetako, mamintsu, ongille au alde guztietara zabaldu, ta liburutxu au ainbeste berbetara biurtu dan ezkero: lotsari izango litzakigu Andra-Mariaganako zaletasun ain barrukua euki izan eta daukagun euskaldunoi, liburutxu au euskeraldu barik euki, ta oneraskun au irakatsi barik geratzia.
Artu, ba, Andra Mari maite-maitiorrek, garixuma ta bere osteko lanetatik atseden apurtxu bat artzen asi garianeko, zeure eskuetan ipinten deutzugun liburutxu au: zeuk zabaldu, zeuk zaletu euskaldunak irakurtera, zeuk euren barruetan irakurri; zeuk sartu oneraskun au euren biotzetan, euren mendietako aritzak baño barrurago; ta beragaz zeuganako maitetasun zintso ta iraunkorra.
Durangon, Mariaren illaren lenenguan, 1914
|
|