|
ABISUA IRAKURTZAILLEARI
Edireten dire iskritura sainduan Jainkoak berak egin izan dituen mirakuilluez landan, patriarkek eta lehenagoko saindurik handienek egin izan dituzten gauza eder eta miragarriak. Ala gaiak baidire izpirituari atsegin probetxos bat egiteko, eta bihotza errelijionean finkatzeko! Damu gaixtorik beraz Jainkoaren hitz sakratuek eta sainduen mirakuillu unkigarriek egon beharko zuten ilhunbetan bezala gizonaren izpirituaz gorago direlakotzat. Liburu huntan ekharriak diren etsenplu edifikagarri, eta plazer egingarriek suntsi arazten ditu ilhunbe lodienak, eta hedatzen dute argi nahikarazkoena.
Liburu huntako etsenplutan aurkitzen da gisa guzietarik. Badire on direnak erregentzat, burasoentzat, eliza-gizonentzat, zahar eta gaztentzat. Badire oraino etsenplu beretan on direnak munduan sainduki bizi nahi direnentzat, garbitasuna Jainkoari konsekratu diotenentzat; hitz batez estatu, adin, kondizione guzientzat. Izkritura saindua irakurtzen duten guziak ez dire gai behar bezala progotxatzekotzat han ezarriak diren hitz eta historio ederrez; ordean hemen ekharriak diren explikazione eta argitasunek bethetzen dute eskas guzia, eta, irakhatsten dio bat-bederari nola behar den hartu gizon mirragarri hei yarraikitzeko, eta heien gollardo bederat heltzeko.
Liburu huntan ikhusten eta ekagutzen da gure errelijione sainduaren asentu guzia. Hemen edireten dire gizonik herbalenak eta aphalenak, bortitztuak eta altxatuak; berriz, haskarrenak eta ohoratuenak flakezia handienetan eroriak, eta mundu guziaz arbuiatuak. Kapitulu bakotxean zenbeit mirakuillu berri edo Jaunaren graziaren zenbeit obra miragarri heldu ohi da irakurtzaillearen begietarat.
Ala nahi izateko baitzen liburu bat hain salbagarria, eta atsegin egitekoa izan zadin gure eskararat itzulia! Urtheak ditu erakharri nahi izan nindutela obra huni lothzerat; ordean ordu hartan banuen ene denbora guziaren beharra ene ministerioko eginbideen bethetzekotzat. Arrazoin hunek, ez errateko erakutsten-zitzaitan fidanzia sobraniazkoari, aski ungi ez ihardetsteko beldur zuhurrak gibelatzen ninduen lan luze eta enetzat gaitza den huntarik. Yartzekotzat eginbide huntan, etzen deusere gutiago behar gure Jaun-aphezpiku zenaren nahi seinalatu, eta gomendio zorrotza baino. Egin ditut ene egin ahal aphurrak obra hau artha eta arrimurekin moldatzekotzat. Ez da errana, hitzez hitz, yarraiki natzaiola ene autorari. Ezarri ditut kapitulu gehienetan Jainkozko erreflexione laburrak: molde huntan, bi irabazi heldu zaizko irakurtzailleari: bata da izpirituari atsegin egitea ikhasiz gauza ederrak, eta bertzea, bihotza laguntzea Jainkoaganat altxatzen.
Utzi behar izan ditut batzutan frantzes liburutako aphaindurak eta edergailluak. Ene artharik handiena izan da klarki mintzatzea, eskal-herri guzian adituren nauten bezala. Arrazoin hunek berak erakharri nau, ene bortxa, eta ahalik gutiena bada ere, lerratzerat frantzes-kara diren hitz bakhar batzutarat. Alabainan gure eskarak ez ditu hitz guziak bere eskuko: ez da haren oldea, ez du hortan hobenik, aski aberatsa da bere baitarik, ez izatekotzat hitzkuntza atzeen beharrik; erran ere badezaket, herriko amodioaz batere izan gabe itsutua, nekhez gerta daitekeiela munduaren lau basterretan, lehenbiziko lau erdarez landan, bertze bakhar bat gure eskarari eramanen dioenik dela zahartasunean, dela edertasunean; ordean eskaldunen ez antsiatasun ezin hurren barkhatuzko batez, utzi dire hainitz hitz galtzerat, bederen erdi ahantzterat. Horra beraz zergatik, nahiz ene burua hobeki adiarazi, baliatu behar izan-naizen zenbait hitz bakotxez nahiko nuen bezain eskara garbian ez direnez.
Oxala liburu hau balitz onhetsia eskaldun guziez, emenda baleza Jainkoaren loria, eta erakhar baletza hau irakurriko eta irakurtzen entzunen dutenak, ihes egiterat munduko solas, arin eta kaltekorrei yarraikitzekotzat, egia zuhur eta salbagarriei! Ala ordutik gaindiz saristatua bailiteke heien fagoretan hartu dudan nekhea! O, ene herritar maiteak! eskaldun zareten guziak, gomendio bat dut zuei egiteko; zor diot zuen alderat dudan amodioari: beira zaitezte utztetik zuen izpirituak eta zuen bihotzak mende dohakabe huntan libertirikeriak eta zoramenduak asmatzen dituen,eta gure errelijione sainduari nahi dioten berritasun ondikozkotarat. Zaudete fermu Jaunaren miserikordiak, ezarri zaituzten salbamenduzko bide zelhai eta dohatsuan. Begira zazue maiteki gure arbasotarik, eskutik eskura bezala, gureganat den fedea. Preza zazue zeruko dohain preziatu hura, nihon ez bezaia leihalki, eta oso-osoa dadukaguna eskal herri guzian.
Testamen Zaharreko eta Berriko Historioa batean ematerat liburuak hedadura handi bat beharko zuen: uzte izan dut plazer egin populuari, partitzeaz obra hau bi liburutarat. Bigarrena, Jainkoaren graziarekin, agertuko da heldu den urthean, eta mintzatuko da Testamendu Berriaz.
|
|