www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu Berriko Kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu berriko Kondaira, Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1998

 

  hurrengoa

LENENGO IRAKURGAIA

 

 

1. Mesiasen eskeñera

 

        Jaungoikoak asieran zeru-lurrak gizonaren serbitzorako egin zituen; eta gizona Jainkoaren serbitzorako; baña gizona bere Egillearen kontra bereala jaiki zan, eta ordutik Zeruari aserrerazo zion eta zerekin pakeak egin etzuela arkitu zan. Jainkoa errukitu zan, eta Bitartekotzat bere Semea eskeñi zion, eta onen bitartez jarri zan barkazioa iristeko bidean. Jainkoak, gero ere, mesede andiak egiten ziozkan; baña onek guziak aztu, eta bere gaiztakeriakin Jainkoa beartzen zuen kastigu gogorrak bialtzera. Atzenerako gizonak ain gaiztotu ziran, non Jainkoa ipiñi zuten beretzat Erri bat aututzera. Erri au prestatu zuen eskeñitako Bitarteko andia bere odoletik eman zezan. Erakutsi ziozkan etorkizunak, zer egin eta nola bizi; eta eraman zuen Bitarteko andi onek gizonak erosi eta erremediatu bear zituen lekura. Erri autu au, ainbeste mirari eta gauza arrigarri ikusita gero, jartzen da errege arrotz baten mendean; eta izaera onek adierazten zuen lau milla urte aietan eskeñita zegoan, Patriarka Santuak itxedoten zioten eta Profetak erakusten zuten Mesias munduan agertzeko denbora.

 

 

2. Mesiasen berri-emalle Juan Bauptista

 

        Egunak betetzer ziran Jainkoaren Semea gizon egiteko, munduari Erremediatzallea emateko eta arterañoko Profetaen berri onak egiztatzeko; baña Jainkoak aginduta zeukanez, aurretik izan bear zuen berri-emalle bat, bideak garbituko ziozkana eta gizonai aditzera emango ziena. Berri-emalle au zan Zakarias eta Isabelen seme Juan, zortzieun urtez lenago Isaias Profetak eremuan otsegiten duena, eta Malakias Profetak, Isaiasgandik irureun urtez geroago, Jaunaren Aingeru bere aurretik bidea prestatzera bialdua deitu ziotena.

        Zakarias eta Isabel Aaronen jatorrikoak ziran; beragatik Zakarias apaiza zan, eta Jerusalengo Elizan bere txandak Jainkoaren serbitzoan egiten zituena. Guraso zorioneko oiek Judako basoetan Jainkoaren txit bildur andian bizi ziran, baña aurrik etzutelako atsekabearekin. Zakarias Jerusalenera jatsita, Elizan inzensua aldarean prestatzen ari zala, Aingeru San Gabriel aldarearen eskuiko aldean agertu zitzaion. Zakarias izutu zan, eta Aingeruak esan zion: Zakarias, ez ikaratu; bada zure erreguak adituak dira, eta emazte Isabelek emango dizu seme bat, Juan deituko diozuna. Atsegin artuko dezu, eta bere jaiotzan asko poztuko dira, zeren Jaunaren aurrean andia izango dan. Ez du ardorik, ez beste edari orditzekorik artuko, eta amaren sabeletik Espiritu Santuz betea izango da. Israelko seme asko Jaunagana ekarriko ditu. Oiek eta onelako beste berri asko adituta, Zakariasek Aingeruari esan zion: Zertatik berri oni igerriko diot? Ni zarra naiz, eta emaztea egunetan txit eldua da. Aingeruak orduan erantzun zion: Ni Gabriel Jainkoaren aurrean nagoana naiz, eta zuri berri on au ematera nator: zu mututurik geratuko zera, eta nik esan guzia bete bitartean ez dezu itzik izango, sinistu nai izan ez didazulako.

        Jendea Zakariasen Eliz barruan inzensua ipintzeko lekutik ez irteteari luzetsita zegoan, eta irten zanean ikusi zuten mututua eta zer gertatu zitzaion, keñuz baizik ezin adierazo ziela. Zakarias etxera joanda, Isabel laster aurdun egin zan, eta zarzaroan onela jarri zala esaten uzkurtasun edo lotsa-antz bat zeukalako, bost illabete ezkutuan egin zituen.

 

 

3. Jainkoaren gizon-egitea

 

        Bitartean Maria guziz santa, San Joakin eta Santa Anaren alaba parerik gabea, Israelko Birjiña, egunetik egunera zijoan ontasunean aurreratzen eta, lurreko batek dezakeneraño, Jainkoaren semea bere erraietan artzeko prestatzen. Eldu zanean mirari ez-ikusi au eta Jainkoaren eskuetatik irtendako lanik andiena egiteko egun, lau milla urte aietan mundua begira zegokiona, Jakoben ondorengo alaba bat, birjiñatasuna galdu gabe, ama egin eta Jainkoak, jainkotasuna utzi gabe, gizatasuna artu bear zuena, San Gabriel Aingerua Mariari joan zitzaion Nazaret zeritzan Galileako errira, non bizi zan San Joserekin ezkonduta. Bere otoitz edo orazio-lekuan bakarrean zegoala, Aingerua sartu zitzaion, eta diosal au egin zion: Agur, Maria, graziaz betea, Jauna zurekin da, andre guzien artean bedeinkatua.

        Isabelek sabelean zeukan aurra saltoka asi zan, eta amak pozez beterik otsegin zuen: Andre guzien artean bedeinkatua zera, eta zure sabeleko frutua bedeinkatua da. Nondik datorkit nere Jainkoaren amak ikusteko zorion au? Begira, bada, zer gertatu zadan. Zure diosala aditu orduko, erraietan daukadan aurra pozez saltoka asi zat.

        Mariak orduan Jaunaren gloriarako esan zituen Magnificat deritzan kanzio eder aren itzak, esanaz: Nere animak Jauna altxatzen du, eta nere barruna Jainko nere Salbatzallearekin poztutzen da, zeren bere serbitzariaren txikitasuna ikusi duen; gaurtik aurrera, bada, adin guziak zorionekoa deituko naute, altsua dan, eta gizalditik gizaldira bere errukimentua bildur zaiozkanetan zabalduko duen guziz Santuak, nigan gauza andiak egin dituelako. Itz oiek esanda, isildu zan. Mariak Isabelen etxean iru illabete egin zituen, sabelean zer zeukan Zakariasi eta besteri esan gabe; baña Isabelek, Jainkoak ala adierazota, baziekien, beragatik bere ondoan luzaroago iduki nai izan zuen; Maria, ordea, Nazaretera itzuli zan.

 

 

5. San Juanen jaiotza

 

        Andik laster Isabelek semea egin zuen: alderdi guzian barreatu zan; eta guziak jaiotza miragarri onekin poztu ziran. Zortzigarren egunean aur jaio-berria zirkunzidatzera aide eta adiskideak bildu ziran; eta despita sortu zan, zer izen emango zitzaion. Aide guziak, aitari bezala, Zakarias deitzea nai zuten; baña ama, Aingeruak esanik zeukalako, leiatzen zan Juan ipintzeko. Ezin erabakiz zeudela, aitari esan zioten keñuz bedere adierazo zezala zer izen ematea nai zuen. Oltxo bat artuta, ipiñi zuen: Izena Juan du; eta guziak arriturik geratu ziran. Ordutik itzegiten asi zan ainbeste illabetean mutututa egon zan Zakarias, eta esan zuen Benedictus deritzan kanzio ederra, zeñetan esan zituen Mesias eta onen berri-emalleari zegozkien geroko gauza asko.

        Bereala ezagutu zuten Juan jaio-berria Jainkoak doaiez janzia zala, eta gurasoak ere txit kontu andia izan zuten aziera ona emateko. Urte asko baño lenago eremura joan, eta bizitza latz eta nekezkoarekin prestatu zan, Mesias ondoren zetorkionaren berriak munduari ematera irten bear zanerako.

 

 

6. Mariaren bizitza Nazareten

 

        Maria guziz santa, Isabelgandik irten ezkero, bere erri Nazareten bizi zan bere senar Joserekin batean, lurrean al ditekean bizitzarik obena eta jainkozkoena egiñaz, sabelean zeraman semea noiz jaioko zitzaion begira. Baña ordua betetzerako, naigabe min bat izan zuen, eta Joseri ere zer pensatu andia eman zion. Illetan aurrera zijoan, eta San Josek ere, naitanaiez, igerri zion nola zegoan. Senarrak baziekien garbia edo birjiña zala, eta zekusanez, etzan. Emazteak etzion esan nai Jainkoak isillik egin ziozkan mirariak, eta Jaunaren eskuetan utzita zeukan langai au zegokionean adieraztea. Senarra, legez eta bidez, ezin bizi zitekean ezkontzako leialtasuna autsi zuelako emaztearekin, eta San Jose au egin bearrean arkitzen zan, emaztearen egoerari begiratu ezkero, Jainkoaren lana zala jakin gabez; baña denbora berean ezin zuen alako gauzarik bere emaztearen ontasunean sinistu. Zalantza edo duda onetan luzaro egonda, erabaki zuen isillik aldegitea, zergatik zijoan iñori esan gabe.

 

 

7. Aingeruak Mariaren izaera Joseri agertzen dio

 

        Asmo oietan zebillela, Jainkoaren Aingeruak San Joseri ametsetan esan zion etzedilla ikaratu: emazteak sabelean zeukana, Espiritu Santuak egiña zala; eta jaiotzen zan semeari, Jesus deitutzeko. Esnatu zan, eta lengo kezka guziak utzi, eta jarri zan Jainkoari eskerrak ematen, emazte ain zorionekoaren jabe egin zuelako. Emazteari, lengo berezko ontasun eta doai ederraz gañera, berri paregabe au artu zuen ezkero, zein begi onakin begiratuko zion esatea, erraz ez da.

 

 

8. Jose eta Mariaren joanera Belenera

 

        Anziña-anziñatik esana zan, munduaren Salbatzallea, ez Nazareten, ezpada Belen zeritzan Judako urian jaioko zala, eta Jainkoak gauzak zuzendu zituen, aurrez-esan au betetzeko eran. Erromako agintari Zesar Augustok agindu zuen bere mendeko guzien izenak, nori bere aurrekoak nondik zetozkion, erri artan artzeko: eta Zesar Augustoren mendekoa Nazaret izanik, eta San Jose eta Maria guziz santa Belengo jatorriak, beren anziñako asaba Dabiden aita Isai emen jaioa zalako, onara bearrean arkitu ziran. Juda eta Galileako etxe-jaun edo familiaetako buru guziak bidean zijoazen, nork bere lekuan izena uzteko. Senar-emazte zorioneko oiek ere, besteak bezala, Beleneronz abiatu ziran. Maria aurgiteko bete-betea zegoan; ala ere ogeita amar leguako bidea txit ondo egin zuten. Baña Belenera eldu ziranean, ostatu gabe arkitu ziran. Etxe guziak ordurako beteta zeudelako, iñon etzuten etxaleorrik topatu, eta atzenean estalpe batean gelditu ziran. Leku egokia zeru-lurren Jabea jaiotzeko! Baña gurutzean gizonagatik il nai izan zan Jainkoaren Semeak estalpe txar bat jaio-tokitzat aututzea, mirestekoa ez da.

 

 

9. Jesusen jaiotza

 

        Munduaren asieratik lau milla urtera, eta Zesar Augustoren agintearen berrogeigarreneko abenduaren ogeita bostgarren egunean gauerdian Maria guziz santa estalpe onetan aurgiten jarri zan, eta munduari eman zion bederatzi illabete aietan bere errai garbietan zekarren Jainkoaren Semea. Emakume parerik gabeko onek etzuen besteak bezalako sumiñik eta oñazerik izan; beragatik aurtxoa eskuetan artu, zapitxoetan bildu eta seaskarik etzuelako ganbela batean ipiñi zuen. Berri pozgarri au laster barreatu zan. Belengo inguruan zebilzan artzai batzuei Aingerua agertu zitzaien, eta esan zien: Ez ikaratu; berri on batekin natorkizute. Jakizute, Dabiden urian munduaren Salbatzallea gaur jaio zatzutela. Ara nondik igerriko diozuten. Zapietan bilduta, ganbela batean aur bat arkituko dezute. Itz oiek esan orduko aingeru-samalda bat ingurutu zitzaien, eta guziak asi ziran esaten: Gloria Jaunari goietan, eta pakea gizon biotz onekoai lurrean. Gloria in excelsis Deo et in terra pax hominibus bonae voluntatis.

        Artzaiak arri egin ziran, eta zerbait berera ziranean, elkarri esan zioten: Belenera goazen, eta eman zagun albista dakuskun. Korrika joan ziran, eta estalpe batean arkitu zituzten Maria guziz santa eta San Jose, aur jaio-berria ganbelan zutela. Belaunikatu ziran, Jainkotzat ezagutu zuten, eta zeramazkiten eskuerakutsi biotz onekoak emanik, ardietara itzuli ziran, eta aditu eta ikusi guzia bereala zabaldu zuten.

 

 

10. Jesusen Zirkunzisioa

 

        Legeak agintzen zuen zortzigarren egunean semeak zirkunzidatzeko. Aur Jainko au agindu onen azpian etzegoan, kulpagabeko garbi-garbia zalako; baña odola isurtzen lenengo egunetatik asi nai izan zan. Zortzigarren egunean, bada, zirkunzidatu zuten, eta eman zioten Aingeruak amari erakutsitako izen Jesus, zeñak Salbatzallea esan nai du. Izen gozoa! Izen maitagarri, beti aoan erabilli bear gendukeana! Izen zoragarri, gure illuntasunak argitu, naigabeak poztu, nekeak arindu, negarrak leortu eta gaitzak sendatzen dituena!

 

 

11. Iru Erregeen adorazioa

 

        Berri pozgarriak Belen inguruan ez ezen, urrutietan ere barreatu ziran. Eguzkiaren sort-aldeko iru erregeri izar eder batek adierazo zien Jesus jaio zala, eta izarrari zerraizkiola, Jerusalenera eldu ziran Zirkunzisiotik bost egunen buruan, eta galdetu zuten: Juduen Errege jaio-berria non da? Bere izarra sort-aldean ikusi degu, eta adoratzera gatoz. Herodes, Jerusalengo Errege egiten zuena, Erri guziarekin batean, albista onekin izutu zan, eta apaiz nagusi eta lege-jakintsuak bildurik, galdetu zien ea Kristo non jaio bear zan. Judako Belenen, erantzun zioten. Iru Erregeak bereala artuta, galdeak egin ziezten, izarra noiz agertu zitzaien jakiteko, eta esan zien Belenera joanda aurra billatu zezatela, eta gero argana itzultzeko; bada, berak ere adoratu nai zuela.

        Iru Erregeak Herodesi agur eginda Jerusalendik irten ziranean, berriro agertu zitzaien urian sartutakoan ezkutatu zitzaien izar eder, lenago bidea erakutsi ziena. Oni bazerraizkion aurra zetzan estalpe gañean jarri zitzaien arteraño. Bereala igerri zioten, billa zebiltzana non zegoan. Estalpean sartu, eta arkitu zuten Zeruetako Errege Aurtxoa zapi txar batzuetan bilduta, ama gaxtea eta aita-usteko gizon eldu bat beste lagun gabe. Zetzan pobrezari begiratu gabe, Jaunak emandako argiarekin aurra Jainkotzat ezagutu zuten; auzpez jarri zitzaiozkan eta urrea, inzensua eta mirra eskeñi ziozkaten. Lan au egin zutenean, etxeronz abiatu ziran, eta aingeru batek esan zien, Jerusalenera gabe, beste bide batetik etxera itzultzeko.

 

 

12. Maria guziz santaren Eliz-sartzea

 

        Errege oiek ikusi au emanda gero, aurgite ondoko berrogei egunak igaro artean Belenen egon eta Jerusalenera igo ziran, legeak agintzen zuen bezala, amaren garbitzea eta semearen aurkeztea, edo berebat dana, eliz-sartzea egitera. Onelako bearrik ez batak eta ez besteak zuten, zeren ama txit garbia eta birjiñatasuna, ez len eta ez gero, autsi gabea zan, eta semea gizon egin zan unetik zegoan Aita Betikoari eskeñia; baña egin nai izan zuten gañerakoai erakusteko. Ama guziz santak aurra besoetan zeraman, eta eliz-atera ziranean, apaizari ofrendan bi usakume eman ziozkan. Beartsua edo pobrea zalako, etzion arkumerik eskeñi; baña an zeraman munduko bekatuak kentzera zetorren Bildots garbia. Elizan sartu orduko, Simeon zar, gizon on eta Jainkoaren bildurrekoak ezagutu zituen, ez munduko berririk zuelako, ezpada Zeruak argi egin ziolako. Aurra besoetan artu, begiak zeruronz jaso eta otsegin zuen: Noiznai orain emendik eraman nazazu, zeren zure ona ikusi dedan. Au zion, Jainkoak esanik zeukalako, Israelko Poza ikusi gabe etzala ilko. Simeonek onetan ziardun bitartean, Ana Profetiza an agertu zan. Emakume on onek larogeita lau urte zituen, eta senarrarekin zazpi urte eginda alargundu zan ezkero, Elizatik aldegin gabe bizi zan, egunez eta gauez Jainkoa barau eta orazioakin serbitzen zuela. Munduaren Salbatzallea an zekusanean asi zan Simeonekin batean Jauna alabatzen. Simeonek aurra amari itzulita, bere lekura joan zan. Ana ere bai, esanaz Mesias mundura etorri zala.

        Lanbide au Elizan lagun gitxiren artean igaro bazan ere, bereala otsa barreatu zan, eta Herodesek aditu zuen. Errege onek aur au iltzea beregan erabakita zeukan, sort-aldeko iru Errege edo Mago aiek adierazo zioten ezkero; argatik esan zien itzuli zekizkiola ikusita gero: baña agertu etzitzaiozkanean, uste izan zuen gezurretan ibilli zirala eta lotsaz beste alde batetik itzuliko zirala. Orain otsa berriro zabaldu zanean, pensatu zuen ari ez esateagatik iges egin ziotela, eta su eta gar egiñik, agindu zuen bi urte ezkero Belen eta ingurumai guzian jaiotako aur seme guziak iltzeko, Aur Jainkoa ere besteakin batean atzituko zuelakoan; baña gizonaren alegiñak Jainkoarentzat indargabeak dira.

        Familia santa au, eliz-lanak egin zituenean, ez Belenera, ezpada Nazaretera itzuli zan: eta emen aingeru batek San Joseri bereala ametsetan esan zion: Aurra eta bere amarekin Egiptora zoaz, eta nik esan artean, an zaude: bada Herodes aurraren billan abiatuko da, iltzeko. Berri onekin San Jose, ama-semeak artuta, Egiptora joan eta Herodes il artean an izan zan.

 

 

13. Aur kulpagabeen iltzea

 

        Arestian aitatu dan erregearen agindu gogorra Belen eta inguruan erruki gabe egin zan, bi urtez beeko aur guziak illaz. Aitaen deadarrak, amaen aieskak, senideen garraxiak, aideen negarrak batean ziran; baña alperrik: aur gaxoai zerien odolak bazter guziak gorritzen zituen. Herodes, agindu gogor au eman zuen erregeak, zegokion saria artu zuen. Gaizkitu zan. Gorputza usteldu zitzaion, arrak zeriozkala eta bizirik jaten zutela. Bere kirats lizunak etzion iñori ere alderatzen uzten; eta atzenean ernegazioan luzaro onela egonda, il zan.

        Herodes ilda bereala, Aingeruak San Joseri esan zion, aurra eta ama arturik Israelera itzuli zedilla; bada, aurra galdu nai zutenak il zirala. Egipton egon ziran Jesus zazpi urteetara iritsi bitartean. Orduan Israeleronz abiatu ziran; baña San Josek jakin zuenean Herodesen lekuan Arkelao semea jarri zala, ikaratu zan eta, Aingeruak esanda, Jerusalen aldea utzirik Nazaretera joan zan, eta beren bizilekua emen artu zuten.

 

 

14. Jerusalengo Elizan semearen geratzea

 

        Nazareten bizi zirala, Jerusalengo Elizara urteoro oituraz joaten ziran, Pazkoako pesta egitera. Aurrak amabi urte zituenean besteetan bezala joan ziran: eta eliz-gauzak egiten zazpi egun igarotakoan, Nazareteronz gurasoak itzuli ziran. Uste zuten aurra berekin zutela; baña, egun bateko bidea egin ezkero, oartu ziran semea etzeramatela. Badirudi gurasoak zerbait zabartu zirala, semea gabe irteten; baña lan artan Jainkoa bera zebillen. Erromeri oietan gizonak samalda batean eta emakumeak bestean ibilli oi ziran. Ah, orain ere au egingo balitz! Aurra oraindik gaztea izanik, batzuen eta besteen artean joan zitekean. Aitak uste zuen amarekin zala, eta onek aitarekin; eta illunabarrean bildu ziranean, kontuan jauzi ziran semea ez batarekin, ez bestearekin zala; eta, atsekabeturik, aide eta adiskideen artean galdez asi ziran, eta arkitzen etzutenean, Jerusalengo bideari eman zitzaiozkan. Irugarren egunean Elizan topatu zuten, jakinsuen erdian eserita, egiten ziezten galde eta ematen ziezten erantzuerakin guziak arritzen zituela. Ai ene semea! ama espatsuak ikusi orduko esan zion: Zergatik gurekin batean etorri etzatzagu, naigabe andi au guri eman gabe? Etziniekiten, Jesusek erantzun zien, nik nere Aitaren lanak egin bear ditudala? Jesus Elizatik irtenda, irurak Nazaretera joan ziran, eta ogeita amar urte bete artean, emen gurasoen mendean bizi izan zan. Bitarte luze onetako aur onen beste berririk ez degu: bada, Ebanjelio Santuak gai onetan ez digu ezer esaten, gurasoen mendean egon zala baizik. Zer umiltasuna, senar-emazte beren eskuko lanaz irabazitako ogiarekin bizi diranen esanera dagoan zeru-lurren Egille eta Jabearena! Zein egoki eta argiro erakusten digun gizonagatik ezereztu zala!

 

  hurrengoa