BIGARREN EKITALDIA
I. AGERRALDIA
(Ganbara aundi bat bi atekin: lo-gelara ta eskallerara doazenak).
LUTXI TA ERROXALI
(Lutxi ondo-ezik besaulki batean eserita).
ERROXALI: (Pakete bat eskuan duala) Kanela kolorezko soñeko au berriz antolatu bear didazu, Lutxi.
LUTXI: (Gogorik gabe) Orain ere bai, Erroxali?
ERROXALI: Gauza gutxi. (Oso parregarri lenengo ekitaldian bezela). Gerria pizka bat jetxi; gona luzatu ta atzealdetik estutu... aurrealdea bildu... paparrean jaso ta besomaukak... aldatu, ez japones erara baizik... oraingo moda berrira... «punto ruso» delakoarekin.
LUTXI: Ez nazu lanerako gauza, Erroxali.
ERROXALI: (ondo-ezik dagola oartuaz) Zer gertatzen zaizu bada, Lutxi? Gaizoa! Ez nekien ezer.
LUTXI: Grippe txar bat pasa dedala ta pattal utzi nau... Kemenik gabe gelditu natzaizu.
ERROXALI: Ondo jarriko zeranean, asiko zera lanean.
LUTXI: Ez dakit noiz! Madrilgo giroak ez nau ongi artu. Etorri nintzan ezkero, beti zerbait ba det...
ERROXALI: (Suspertu naiez) Ori ez dezu ezer: errimiña... Amatxo, aizpa... ta «txokotik urruti bizi bearra. Edo... (gaiztoz) amorioa...
LUTXI: Bai zera! Txoria baño alaiago etorri nintzan-eta. Ta moda-etxean ikasteko irrikitzen nengon... ta barrengo trixturak gogo guzia galdu dit.
ERROXALI: Tira! Tira, neska! Laister sendatuko zera. Udaberria Madriden berebizikoa dezu. Zerbait lagundu al banezaizuke, aski dezu esatea. Egunero ordu batzuek nere gain izaten ditut eta nun nagon ba-dakizu.
LUTXI: Asko eta asko ixtimatzen dizut. Millesker zure eskeintzarengatik. Xatur emen dagola biok ondo moldatzen gaituzu.
ERROXALI: Ai Xatur! Xatur! Bera ez bazaigu gaisotzen? Neskatxa ona da, baiñan beldur pizka bat ematen dit. Madrideko txokoak ondo dakizki, eta ederki ez-ba du ba aizatzen bere burua...
LUTXI: Berandu etortzen da, ori bai, jai eta igandetan. Ain da alaia!
ERROXALI: Gaur aste gorrian gaude, eta alaz eta guziaz ez zaizu oraindik etxera agertu. Garaia zun bada! Zer afaldu bear dezu?
LUTXI: Kafe-esnea, «bollo» batekin artzen det. Aski zait...
ERROXALI: Orrela ez dezu indarrik egingo. Emengo esnea ez bai dezu Galarretakoa. Ez zerala berealakoan lanean asiko. Zer diote jostundegian? Maixtra ez al zaizu etorri bixitara?
LUTXI: Ezta nai ere! Eman didan «tratua» ez da gain-gaiñekoa. Asko agindu, ori bai! Au eta ura ordainduko zizkidala, eta sartu nintzan egunean bezela nago.
ERROXALI: Ez ditekena da. Zuk dituzun eskuekin! primoreak!
LUTXI: Bostna beatzekoak, besteak bezelaxe. Eraztunak kendu bear lanerako.
ERROXALI: Ez da berdin ez. Lantegian aurreratuenetako zerana egingo nuke.
LUTXI: Ez dakit batere. Bai, ordea, ez naizela «madama» orren etxera geigo itzuliko.
ERROXALI: Aski-ikasi dezu bai zure kontu jartzeko. Madriden ere. Ta lenengo «parrokiana», neroni.
LUTXI: Bai, Erroxali! Eta pozik alare josiko nizuke soñeko berri bat. Obe zenuke antolatzea baño udarako «kanela» kolore ura?...
ERROXALI: «Pampoxa» ez ba-zitzaidan gelditu bada... Arri ta belarri utzi nituen guziak! Pentsa, jai artan «kaballero» batek esan zidan «Vaya canela»!
LUTXI: Ja, ja, ja!! (algaraz). Au Erroxali! Nere ondoezean parregin-arazten didazu-ta! ja, ja, ja!! Ez nago bada irri askotarako...
ERROXALI: Gaztea zera eta berriz ere, osasunaz batera, itzuliko dira zuretzat egun pozgarriak.
LUTXI: Uste al dezu? Orratx! Etxetik atera nintzala bost urte badirala dirudit.
ERROXALI: Ori buruz argal izateak egiten dizu. Neri, berriz, Madridera atzo etorri nintzala gogoak ematen dit. Atzo! eta ogeitabost urte aundi joan dira geroztik. Zaartzen noa. Auxen da miña! Ai!!...
LUTXI: Ene! ai! (asperen-intziri luze bat egiñez).
ERROXALI: Zure miña edo nerea? Zer gertatzen zaizu?
LUTXI: Ez nago ondo. Txorabioak arturik nauka... (begiak itxiaz).
ERROXALI: (Lutxi eserita dagon alkira joanez eta eskua bekokian ipiñirik). Ez dezu bada sukarrik. Oztu egingo ziñan. Ez da batere berorik emen. Manta au botako dizut gañeti (berogarrian ondo bildu beza). Sua ere piztuko dizut, eta zerbait bero artu bear dezu.
LUTXI: Itxoingo det Xatur etorri arte.
ERROXALI: Xatur?... Aditu bear dizkit bereak eta asto beltxarenak! Jakin nola zauden ta ez etorri bear zuzenean etxera. Ori da gibela! Biotza bear da aundi ta ez gibela!!!
LUTXI: Zazpirak jo dute, eta laister izango da emen.
ERROXALI: Nik ere ba-ditut egin bearrak, bainan ezin utziko zaitut bakar bakarrik. Xatur etorri deño geldiko naiz. Ori neska txoralda! Senargaia al du edo zer?
LUTXI: Laguntzailleak, bai. Ortik aurrera ez det uste.
ERROXALI: Zinera berdin joana izango degu.
LUTXI: Aste-egunez ez da beñere joaten.
ERROXALI: Madriden kontuz ibilli bearra dago mutillekin. Itsaskorrago dituzu, euli-mandoak baño. «Ortera» deitzen dituzte.
LUTXI: Emengoak «ortera», ta gure errikoak «trikuak».
ERROXALI: Norbait da ate ortan. Ikustera noa.
LUTXI: Garai ontan Xatur, txintxo asko.
II. AGERRALDIA
LENGOAK ETA XATUR
XATUR: (Sartuaz albatan). Garai nun; ez da ala?... Arratsalde on! Erroxali zurekin dagonean, gaitz erdi. Berandutu egin zait.
LUTXI: Ai, Xatur, Xatur! Aztu aiz nitzaz...
XATUR: Aztu ez, Lutxi; baiñan kale ortan beti sortzen ditun ez etxeratzeko aitzekik. Ezagun batzuekin arkitu naun (utzi bitza eskuan daramazkin puskak). Erroxali emen degu-ta...
ERROXALI: Luzeiritzirik nago joateko, ez uste. Bañan Lutxi ez dago obeto...
XATUR: (Lutxirengana joanez eta maite-zimikoak eginik) Zer gertatzen zaio gure kutunari? Gaizo maitea!
LUTXI: Kopla gutxi orain, Xatur...
ERROXALI: Otzez dar-dar zegon aestian... ta gose gañera...
XATUR: Sua beriala piztuko det; eta bai aguro esnea berotu ere.
LUTXI: Ez det jateko gogorik. Kalera ateratzekoa bai.
XATUR: Nai baden eta nai ez baden, esne-katillukada bat sartuko diñat zintzurretik bera. Arraultz ta guzi, ala bearrez... (sukalderuntz doalarik).
LUTXI: Nazkatzeko aiña esne artu diñat aspaldi.
ERROXALI: Ez badezu jatena «pulamentuz» artzen, aultzen joango zera, ta zureak egin du!
LUTXI: Artuko det, bañan batere gogorik gabe. Naiago ditut Xaturen konduak entzun. (Xaturi) Ez digun oraindik esan nundik nora ibilli aizen.
XATUR: (sukaldetik itzuliaz) Jakingurak ez din beste gaitza sendatuko. Nere berriak bizigarri zaizkin eta esango dizkiñat.
ERROXALI: Janetik bakarrik ez gera bizi.
LUTXI: Utzi zaiozu itzegiten.
XATUR: Bada, lanetik atera naizenean, Patxi Arregi ta beste euskaldun mutil batzuekin topo egin det...
ERROXALI: Zerbai aterazi diogu.
XATUR: Zaude... Ixkira eta karramarro batzuek jatera konbiatu naute... garagardoaz.
LUTXI: Ori da mauka! Esnea baño gustorago artuko nizkiken neronek ere!
ERROXALI: Ekarriko dizkitzugu, kutizi ori badezu.
XATUR: Esan, bai. Begi luze izai. Ondo zegonean, ez zituan nai izaten ta. Ez didazute bukaten utzi... gero Patxi eta lagunek zuretzako eskumuñak eman dizkidate...
(Lutxik une ontan begiak itxi ta burua makurtzen zaio).
ERROXALI: Ez dira zutzaz aztutzen... Lutxi!
XATUR: Baiñan... (begiratu eta eskutik eltzen diolarik). Baiñan, Lutxi, nere pitxi, nun den min?
LUTXI: (begiak zerbait idikiaz) Ez den ezer. Buruko txorabioa.
ERROXALI: Nik esan dedana: auldadea. Otzikaraz dago. Onek jan egin bear du. Ollo salda obe.
XATUR: Bai ta zera ere! Esnea emango diot. Onuzkero berotua da. (Sukaldera joan eta baso-esnea ekarriaz). Tira, neska; ar zan!
LUTXI: Ezin diñat. Gorakoa egingo zidan. (Berriz burua albora makurtu ta begiak itxiaz).
XATUR: Baiñan, Lutxi! (Basoa mai-gañean utzi, ta eskutik eldurik).
ERROXALI: (Oso larritzen asirik) Onela ezin utzi genezaioke. Medikuari deitu bearko zaio. Otzikarak ditu, eta beldur ematen dit.
XATUR: Medikuari bañan lenago izeba monjari deitzea obe. Ark jakingo du zer egin. Zer derizkion, Lutxi? Sor Pauleri deitzea nai al den?
LUTXI: (Begiak itxirik) Baita zera ere. Apaizari ere bai. No!...
ERROXALI: (Ikaraturik) Ni baezpada Sor Pauleren billa noa. (Xaturi). Zu geldi zaite emen Lutxiren ondoan.
XATUR: Nun bizi dan ba-dakizu; ez ta ala?
ERROXALI: Besterik ez! Gure etxetik bertan. Telefonoz ere deituko nioke, bañan obe det «metroa» artu ta komentura bertara joatea. Itzez itz adieraziko diot guzia. Beriala etorriko gera. Berak ikusiko du medikua deitu ala ez.
XATUR: Ederki. (Lutxiri begiratuaz). Loak artu duala dirudi. Gaur ez da piztutzen, ez nere kontuekin ere!
ERROXALI: (Lutxi-ri) Gero arte Lutxi! Izeba monjaren billa noa.
LUTXI: (Begiak itxita ta aoa itxirik ots zerbait egiñaz) Muu!
XATUR: Muu!... dio. Lenago ere askotan izana da emen izeba... Astinduko gaitu guziok. Orrela ere ezin utziko degu. Norbait etorri dedilla, naiz medikua naiz monja...
ERROXALI: Bear bada Obeto zaitzeko komentura eraman naiko du.
XATUR: Torizu; sendagai ona ori!
ERROXALI: Senargai on bat obe litzake, bañan...
XATUR: Zoaz, zoaz! lenbaitlen...
ERROXALI: Alaxe da! Noan, bada (bijoa).
III. AGERRALDIA
XATUR ETA LUTXI
XATUR: (Lutxiri belarrira) Biok bakarrik gatxeuden. Esna adi! Goiz bait-den lo egiteko. Afaldu gabe ago. Izkira batzuek ekarri dizkiñat! Olakoak! Zeñekin ibilli naunan ere kontako diñat. Erroxali ez zegonan ezkero, adieraziko diñat egi guzia (Bekoki ta okotzetik leunkiro elduaz). Lutxi
LUTXI: (Begiak zabaldu eta burua jasoaz) Pasatzen ari zaidan. Obeto natxion.
XATUR: (Gartsu) «Siquiera»... piztu aizenean! Biotza bere lekutik ateraziko didan ire otzikarekin... Erroxalik arrazoi din. Auldu ta argaldu aiz, ta goseak txorabioa egiten din. Beraz, nai ta nai ez esnea artu bear den oraintxe.
LUTXI: I isiltzeagatik artuko diñat txantxilla bat!...
XATUR: Ez, ez, baso osoa! (Ezpañetara eramanez). Ea bada... gaiñak ez zaizkin trabatuko. Ez den beldurrik
LUTXI: (Ezpañak itxiak) Aski, aski! Ea guzia edan diñat.
XATUR: Beste pizka bat (guzia edanaraziaz). Ura den erdia baño geiago-ta. Barruan den. On egingo din.
LUTXI: Bai! Orain konta eidan nun ibilli aizan.
XATUR: Ba, Zinean... X... pelikula ikusten. Bigarren aldia joaten natxionala. Oso polita den
LUTXI: Nik ere bazeukanat ikusteko gogoa.
XATUR: Senda adi, ta joango aiz! Oraindik luzaroan irauten al din programan. Jaten asten baaiz eta beste buru-austeak aztutzen, zinera ezik dantzara ere joango gaitun elkarrekin...
LUTXI: Nere izebak jakin gabe bearko din.
XATUR: Erroxali billa joan zaiola aditu den. Laister ditun emen.
LUTXI: Ez unan bidali bear. Ona den bera! Au ernegazioa!
XATUR: Ikaratu egin bait-naun. Ainbeste antzi, naigabe ta arnas-estu atera ditun! Ez diñat iñor ikusi iltzen, bañan baezpada medikuari deitzea erabaki diñagu Erroxalik. eta biok. Eta lenago ire izebari.
LUTXI: Ez unan orrenbesteraño. Eta ez orrelakorik aitatu izebari, bestela komentura eraman naiko natxion.
XATUR: Sendatzen ba aiz! or konpon! Ni ez natxion eramango. Neska mutilzaletzat jotzen bait-nau...
LUTXI: Izan ere, lantegira joan ez naizela ogei egun badala jakin dezanean. Ez, ez! aste bete esan bearko zionat.
XATUR: Ori antolako diñagu, Erroxalik ez ba din mingaiña geiegi erabilli.
LUTXI: Okerrena, ez daukadala batere gogorik lantegira berriz joateko. Andre Maixtra orrekin aspertuta natxion. Ikasi bear nuana, ikasi ninan noski. Sendatzean, naigo diñat errira edo Donostira itzuli ta berriz nere kontura lanean asi.
XATUR: Neska! Ori den errimiña! Aguro aspertu aiz emen. Orrek esan nai din ire biotzak sustraiak an utzi dizkiñala.
LUTXI: I ere ez aiz, bada, ijito-kasta, alajañetan!
XATUR: Indarrak etortzen ari zaizkin orratiokan! Bejoandinala! Zer ote, esne bataiatuaren ordez «txuletak» jaten asten aizanean?
LUTXI: Ez den orrengatik. Izeba monja ta medikua datozenean, suspertzea gertatzen zaidan.
XATUR: Orduan ez den gaitz aundirik. Nola nai, obe den izebak maskaldu ta erori zamarra arki aunan. Galdera gutxiago egingo dizkin eta pakean utziko gaitxon.
IV. AGERRALDIA
LENGOAK, ERROXALI TA SOR PAULE
ERROXALI: Emen gaituzu! Arratsalde on!
SOR PAULE: Ave Maria! Zer gertatzen da? Nola ez didazute lenago gaztigatu?
LUTXI: Ez da ezer, izeba.
SOR PAULE: Baiñan... (Lutxirengana urbilduaz).
XATUR: «Grippe» pizka bat. Utsa! Egun batzuetan etxean egon-ondoren, biar ateratzera zijoan. Gaur txorabioak eman dio.
SOR PAULE: A gazteok, gazteok! Ez dakizute zeren buruak zaintzen. (Lutxiri eskumuturra artuaz). Biotza ondo al dabilkizu...
XATUR: (Belarrira Erroxaliri) Orretxek, uste det, bada, utsegiten diola.
SOR PAULE: (Bekokian eskua ipiñirik) Sukarra dezula dirudi. Ea mingain ori. (Lutxiri, mingaiña atera araziaz). Zikiña daukazu.
XATUR: Amaika mingain zikin ba-dabil munduan (Erroxaliri).
ERROXALI: Ez zenuen neregatik esango? e?...
XATUR: Ez, enetxoa! Bañan ez zazula geiegi itzegin, Monjak zerbait galdegingo dizunean...
SOR PAULE: (Beti Lutxiri) Erroxalik esan dit, ogei egun daramazkizula lanera joan gabe... Nun dezu min?...
LUTXI: Miña... miña... gauza aundirik ez, banan txaldankeria gorputz guzian. Eta jateko gogo gutxi.
XATUR: Ez da txoriak aña!
SOR PAULE: Nik uste, oiean sartu bear zenukela.
ERROXALI: Orixe bera esaten nion. Etzan, eta egon bertan goxo. Ezta orrelako erremediorik.
LUTXI: Asper-asper egiña nago oean egotez. Eta ez nago batere obeto..
ERROXALI: Bueno! etxekoak: berandutuko zait eta uzten zaituet. Ea (Lutxiri) lenbaitlen titare ta jostorratza eskuan dituzula ikusten zaitudan.
LUTXI: Eskerrik asko, Erroxali. Lenengo puntadak zuretzako izango dira.
SOR PAULE: Aurren-aurrena senda zaite, eta ea indartzen zeran. Arpegi txarra arkitzen dizut.
ERROXALI: Ainbat egunetan aizerik artu gabe.
XATUR: Ez da orrenbestetaraño! Zer du bada...
SOR PAULE: Neretzako «infekzio» zital bat, grippek utzi diona... Begira, Xatur, botikara zoaz, eta penizilina ekarri zazu. On aundia egingo dio. Neronek jarriko diot txertua. Ez degu mediku bearrik
XATUR: Bai, bai! ederki! Beriala joango naiz.
LUTXI: Nere iztarrak ziztada bat geiago artuko du.
SOR PAULE: Ori ez da ezer! Zerua irabazteko zerbait geiago jasan bearko dezu.
ERROXALI: Nik lagunduko det Xatur botikara; eta gero etxerantz jarraituko det. Onuzkero etxekoandrea zai daukat.
XATUR: Goazen, bada... eta (Lutxiri) geldi-geldi, izebari obeitzen.
LUTXI: Errez den esatea! I, berriz, kalean ibiltzeagatik loteri-saltzale ere egingo intzake. Laister itzuli, e?
XATUR: Txanda elduko zain iri ere! (Abituaz). Gero arte bada.
ERROXALI: Ea ondo lo egiten dezun. Urren arte. (Bijoaz).
LUTXI: Agur, eta eskerrikasko!
SOR PAULE: Nerekin geldituko da, Xatur etorri arte.
V. AGERRALDIA
SOR PAULE ETA LUTXI
SOR PAULE: Lenago deitu bear zenidan. Lanpetua egonagatik, etorriko nintzaizun ikustera. Zertarako gaude, bada?
LUTXI: Utsa izan da, izeba. Gaur naigabeak eman-da, txorabioak era-bat artu naula.
SOR PAULE: Ez da symptoma ona. Argal zauden ezaugarri dezu. Gaitza penizilinak kenduko dizu, ta gero indartzen asi bear.
LUTXI: Luzeiritzirik nago...
SOR PAULE: Etxeko berririk ba-al dezu?
LUTXI: Ea astero, amak ez bada Filok karta egiten didate.
SOR PAULE: Ni nagia naiz iñori karta egiteko. Ondo izango dira, noski, etxeko guziak?
LUTXI: Ala diote. Ama beñere baño bizkorrago, eta aizpatxoa berriz, ez dago esan bearrik osasunez gañezka.
SOR PAULE: Zu gaxorik... tira! makal zamar zabiltzala ba-al dakite?
LUTXI: Ez bada. Bueno!... grippe arin bat pasa dedala aitatu diet. Orain susmoa arturik nago, geroztik Erroxalik bere etxekoai nitzaz zerbait adierazi ez ote dien: eta beldur naiz onuzkero berri ori aundituta gañera zabalduko zutela gurean ere.
SOR PAULE: Orregatik gauza txarrik uste ez dezaten obe dezu zeorrek garbi esatea. Nik ere itz bi egin bearko dizkiot zure amari.
LUTXI: Txaldana nago zernaitarako.
SOR PAULE: Eta txaldankeri orrek gorputza ez ezik anima ere kutsutuko zizun. Egunero egiten al dituzu zure otoitzak?...
LUTXI: Egunero ez bada geienetan bai izeba!
SOR PAULE: Jainkoak iñoiz naigabe oriek bidaltzen dizkigu. Nork daki ez ote zaitun eraman nai beste bide batetik. Maiz konfesatuz zure aitor-entzuleari galdegin bear zenioke. Animaren sendagillea hura baita.
LUTXI: Ez dut asmorik! Orain medikuarai deitzea aski. Ezta ori ere! zuk sartuko didazun penizilina eta zure sermoiak naikoa ditut.
SOR PAULE: Gauza guzien gaiñetik egin zagun Jainkoa ren borondatea.
LUTXI: Paskotan eta udaberrin gaude eta Jainkoari eskatzen diot San Antonioren bitartez senda nazala. Batetik bestera ibilli, eguzki ta aizea artuaz...
SOR PAULE: Oiek egunero merezi gabe zerutik datozkigun doaiak dituzu. Eta eskerronekoak izan bear degu. Urtetan aurrera zoaz Lutxi ta naiz gaztea izan etorkizunari buruz erabakiren bat artzeko sasoiean zaude.
LUTXI: Erabakia? aspaldi artu nuen. Lengo bidetik noa ta Galarretara itzuli nai nuke.
SOR PAULE: Eta Jainkoaren deia bestela balitz?... Bokazioa esate baterako...
LUTXI: Ez det ezer berezi entzuten, nik dakidala beintzat.
SOR PAULE: Ez uste izan zure izenez oiu egingo dizutenik. Dei isilak dituzu, barrengoak, eta ez dezu izan bear entzungor.
LUTXI: Ez ez, belarri ta entzumen piñak ditut. Orain bertan Xatur eskalletatik gora datorrela antzematen diot. Erne nago!
SOR PAULE: Ala izatea poztutzen naiz. Jainkoaren gauzetan ere egon bada erne! Erne Aren deiari!
LUTXI: «Arena» ez dakit bañan «zurea» ondo entzun arazi didazu. Monja sartzea nai zenuke, ez da ala?...
SOR PAULE: Nik ez dut billatzen zure zoriona baizik...
LUTXI: Eskerrikasko izeba; Une ontan nere zoriona «loegitea» litzake (begiak itxi ta burua makurtuaz).
SOR PAULE: Ez dizut galeraziko. Inyekzioa jarri-ta pakean utziko zaitut. Ea biarko obeto zauden. Norbait dator.
LUTXI: Kosta zaio etortzea! Xatur degu.
VI. AGERRALDIA
LENGOAK ETA XATUR (sarturik)
XATUR: Emen nazute!
SOR PAULE: Aguro egin dezu itzulia.
XATUR: Beriala eman didate penizilina. (Lutxiri). Kajatxoan zegon orratza ere!
LUTXI: Obe luzatu izan ba unan kalean-buelta.
SOR PAULE: Ez zazula txorakeririk esan! Ez dezu gaitz aundirik alako berriketako gogoa dezunean... Ea kajatxo ori. (Xaturen eskutik artuaz).
XATUR: Ondo sar bezaio. (Lutxi zerbait etzan araziaz iztar aldetik sartu baliote keñua egiñez).
LUTXI: Lenago ere toki ori guzia minberaturik daukat. Ai! ene ai!
SOR PAULE: Aoa itxi. Ez da ezer! Oñaze pizka bat ona da sendatzeko. (Xaturi). Zuri ere emango dizut beste bat.
XATUR: Ez, ez! eskerrikasko! Osasunez ondo nago...
SOR PAULE: Zuk bearko dezuna gorputzarena baño animarentzako zirikaldi bat izango da. Gogo jardunak. Gogor zamarrak gañera! Lutxi senda dedinean biok etorri bear zenukete gure komentura ejerzizioak egitera.
XATUR: Zergatik ez! Lenago Erroxali eraman beza, ea nola artzen dituan.
SOR PAULE: Hura urtetan aurreratuxea doa. Gaztetan premi aundiago izan oi da. Jesukristok ere aukeran mirabe gazteak naigo ditu. Neskazartu ezkero ez da errez oiturak aldatzen.
LUTXI: Orain beintzat lo egitera joan nai det. (Alboko gelara besotik daramatela).
SOR PAULE: Bai gazteak, ez aztu nere aolkuak. Bizia laburra bait da. Ba noa ni ere. Ordu da. Polita izango litzake zuekin nagon bitartean komentuko ateak itxitzea.
XATUR: Oia emango diot eta afaltzen ere bai.
SOR PAULE: Eskerrik asko biotzoneko zera! Agur eta biar arte. Ea errosarioa esaten dezuten!
Eszenario-aldaketa
VII. AGERRALDIA
(Aurreko oiala jasota sala ta lo-gela moduko bat agertuko da. Erdian maitxo bat; armario eser-leku eta abar, antzes-tokian).
XATUR ETA LUTXI
(Xatur, marats-marats, gela antolatzen ari da; eta Lutxik ere zerbait lagundu nai dio).
XATUR: (Lutxiri) I ago geldirik eserita. Ez al naun bada naikoa guzia txukun jartzeko.
LUTXI: Ondo lo egin diñat eta gogo bizitan natxion iri laguntzeko.
XATUR: Bai, piztu aiz ire etxekoak espero ditunalako. Ama ta aizparen aurrean itxuraz azaldu nai den.
LUTXI: Au poza nerea! (eserlekutik jeiki ta lanean asirik!) Sendaturik natxion eta laister errira itzuliko naun. Etxekoak urtetan ikusi ez ditudala ikusi; zerizkinan? (iruditzen zaidan?)
XATUR: Ez niñan uste ain etxe-zur (etxe-zulo) intzananik. Ez den ordea etxekariaz eta errizaletasunez bakarrik ire poza gainditzen. Ama ta aizpa maite ditun noski, baiñan zerbait geiago ere ba-den barren ortan. Esaidan egi-egia
LUTXI: Isilik gorde nai niñan oraindik, baiñan galdegin didanan ezkero ezin ukatuko diñat. Xabierek goraintziak bidali zizkidanan Erroxaliren bitartez. Eta nere berriak jakin nai ditudala zirudin...
XATUR: Antzeman nitxioanan olako zerbait gertatzen zitzaiñala. Amorioa min jarioa... Maitasuna osasuna...
LUTXI: Bertsotan atera zain... ta bi-paretak aidean.
XATUR: Pelotariz gañera batzuetan «bertsolari» ere bait ba-naun! Amorio zarra dala-ta ez laisterregi ibilli. Ez presa aundirik adierazi aintziñako adiskideari. Iretzaz maite-mindua bazegon berriz ere nabarmenduko den nola edo ala...
LUTXI: Ni, nere tokian natxion. Amak eta Lutxik zer nolako berriak dakarzkiten itxoiten. Erroxalik berriz...
XATUR: Ez badin aria ta matatsa geiago naspillatzen. Eztaziora joana den billa Sor Paulerekin eta diranak eta ez diranak esango zizkiñan onuzkero.
LUTXI: Geitxo maite din jorratzea. Alaz eta guziaz lagun ona den, biotz onekoa eta nere alde egin duan guziagatik zer nai gauza barkatu bear zionagu.
XATUR: Barkatu bai, nai denan aiña! Baiñan i Galarretara itzultzen aizenean ez diñat nai emen askotan oña jarri dezan. Ago, ago! Uxatuko diñat. Bai orixe!
LUTXI: Ea isil adi! Atean norbait dabillela zirudin?
XATUR: (ateruntz joañez) Bai ala den. Ez ditun eztaziokoak izango bada; amarrak joak ditun bai... (Atea zabalduaz). Filo den eta! Ola bakarra!
LUTXI: Filotxo! (besarkatuaz). Nola ain aguro? Eta besteak?
VIII. AGERRALDIA
LENGOAK ETA FILO
FILO: (sarturik eta aizpa ta gero Xatur besarkatu ta musuemanez) Meeturik arkitzen aunat Lutxi! I ikusteko gogotan nintxonan!! Neguaren luzea! Amarekin bakarrik!
LUTXI: Dan onenarekin geldi intzanan eta ez dion antzeman! A tuntuna! Oso pertxenta. egin aiz.
FILO: I berriz gaixorik egon eta guk ezer jakin ez!
LUTXI: Ez ba unan ezer izan! Utsa! Erroxalik larritu ziñan nere gaitza.
XATUR: Nola etorri aiz bakarra besteak kalean utzita?...
FILO: Taxi ordaintzen geldituak ditun eta zerbait erosten. Neri etxea erakutsi zidaten eta emen etorri nazute tximista egiñean...
XATUR: Ez ni ikutu orduan ez naun «tximistorratza»-ta...
LUTXI: «Aitaren» eginda ez zegon beldurrik. (Filori). Zer iruditu zain Madrid?
FILO: Ene! aundia eta ederra.
XATUR: Azaletik bai. Barrundik ez orrenbeste.
FILO: Lenago zeruraño jasotzen zenuten bada. Ez ba zidaten pozik etorri biak.
LUTXI: Pozago itzuliko naun etxera.
XATUR: Ez ni oraindik. Galarreta betiko tokian kokaturik egongo den «Muruaundi» mendia gañean duala. Zer diote «galartarrak»?...
FILO: Betiko bizimañan. Ez da berri aundirik: jende ezagun batzuek il zaizkigu, Xerapi Etxeberrikoa, Anton Errotari... Beste etxeetan senideak ugaritu zaizkie. Eta ezkontzeko asmoetan dabiltzanak ere ba-dituzue...
LUTXI: Konta izkiguzu konta!!
XATUR: Eseri dedilla lenengo. Ea emen lekua! (eser, lekua erakutsiaz).
FILO: Trenean amar orduan eserita etorri nazaizu eta zutik naiago pizkatean.
XATUR: Geiago azi bear al den?
LUTXI: Azi ez, naikoa egin den. Galarretako berriak esaten asi bai.
FILO: Ori den presa! Gañera luze uke guzia esatea. Ez zekiñat nundik asi. Pizkana-pizkana gogoratuko zaizkidan. Zuek esan bear dizkidatzue emengo gora-berak. Nik ere noiz bait Madridera iritxi bear niñan. Eskerrak gaixo egon aizanala, bestela ez niñunan sekula zulotik aterako.
XATUR: Neskaren aterakaia! Entierrora etorri nai. (Par dagite).
LUTXI: Eta amak nola artu zizkiñan nere berriak?...
FILO: Nola? Egun txarra igaroaz. Azkenean izebari telefonoz deitu zionan eta Madridera etortzea erabaki zitenan. Nik, egia esateko, ez niñan sinisten oso gaixo engonanik. Eta Madridera etortzeak poztutzen zidanan biotza.
XATUR: Ori den gauzak garbi adieraztea! Bapo! Filo. Asmatu den erdi-erditik.
LUTXI: Guziontzat obe. Kezka bat bakarrik gelditzen zaidan. Amak zer esango ote didan. Beldurrez natxion.
FILO: Ago lasai! Asarrea izeba monjarekin lertu zaion bidean; eta onera orduko bare-bare besakartuko au alaba maite-maitea
XATUR: Ori komeni zaigun neska! zuen izebatxo monja umil-umil etorri dedilla. Aren galderai erantzuten aski lan izaten diñat: zenbat irabazten dedan, norekin nabillen, noiz etxeratzen naizen, nor etxeratzen. Ni «ardi-galdutzat» bai natxeukan.
LUTXI: Bide onera ekararazi nai au, nunbait.
XATUR: Bide ona arentzako komentura daramana besterik ez. Ondo jaioak gatxeuden, Lutxi.
LUTXI: Nork zekin?
FILO: Ez dezute monjagai itzurik. Madritarren atzetik ibiltzen bai asiko ziñaten.
XATUR: Ara bestea! Onek aterako zizkigun eltzetik babak.
LUTXI: Ama aurrean ez dagola ajolagabetu den gure goiz-ollanda.
FILO: Ama? Onuzkero ez den urruti, eskalleretan gelditu baditun ere.
XATUR: Eskalleretan ezik ate joka ari dirala esango niken.
FILO: Berak dizkiñagu orduan (ateruntz joanez).
LUTXI: Ai! nere larria! Biotzak zirrada egiten zidan.
XATUR: Ago lasai. Eseri adi. (Ateruntz abiatzen dirala)
IX. AGERRALDIA
LENGOAK AMA TA SOR PAULE
DOMINI ANDREA: Oso goian bizi zerate.
LUTXI: (besarkatuaz) Ama! amatxo
DOMINI ANDREA: Ai alaba! alaba! Amaika buruauste eman dizkidazu. Eta onela onik ikusten zaitudanean Lezoko Santo Kristori eskerrak ematen dizkiot... Uste izan nuen..
SOR PAULE: Beti izan bear degu Jaungoikoagan uste osoa.
DOMINI ANDREA: Bukatzen uzten al didazu bada. Monjak azken itza bere.
FILO: Ama ez zaiteztela errietan asi Madridera iritxi eta bereala.
SOR PAULE: Ori maite-asarrea da ez errieta.
XATUR: Beti degu zer ikasia.
LUTXI: Eseri zaite ama! Nekaturik zaude ta patxaran jartzea obe.
DOMINI ANDREA: Neri aña komeni zaizu zuri ere (eseri bitez biak elkarren ondoan). Indarrak egiten ari al zaizkitzu?...
LUTXI: Bai ama ni erabat sendaturik nago. Zuek negu ona pasatu al dezute?
DOMINI ANDREA: Jainkoari eskerrak gaitzik gabe. Orain adin bat ezkero nork ez ditu ajeak?. Eta nereak ere ugaritzen doaz.
LUTXI: Iñor ez da gaztetzen, baiñan ez du beorrek itxura txarrik. Joan dan udaran baño gizenago arkitzen det. Bapo dago ama
DOMINI ANDREA: Bai, primore!
FILO: Ala dago-ta! Ongi dabil aspaldi, ama eta apetitu onarekin jaten du.
SOR PAULE: Bi alabek diotenean egia izango da. Nik ere onik arkitzen zaitut. Arpegia beteagoa.
DOMINI ANDREA: Zuen aldean bai. Batik bat Lutxi txaldana zaude; eta matrailezur oiek geiegi ageri zaizkitzu. (Xaturi) Jateko gogorik bai al du?
XATUR: Ortatik dabil urri.
DOMINI ANDREA: Bada zintzurretik sartu bear zaio egaztiai bezela.
FILO: Pipar-erroskillak ekarri dizkitzugu.
SOR PAULE: Inyekzioak artzen asia da eta on egingo die.
DOMINI ANDREA: Txuleta onak jatea obe; eta gero ar dezala aize garbia, etxe zuloan sartuta egon gabe.
LUTXI: Ama, guzia batean ezin egingo det. Sukarra joana zait eta orain asiko naiz iaten eta aizea artzen.
FILO: Ori! ori! Kalera elkarrekin atera bear diñagu. Madrideko bazterrak ikusteko gogotan natxion. Zerbait agertzen unan taxitik. A zer nolako etxe eta denda ederrak zeuden. Eta kaletako jende eta auto pilla. Batetik bestera igarotzen kosta zaidan!
LUTXI: Bai bai joango gaitun.
SOR PAULE: Aizpa gaztea ez dezu beldurrez atzean gelditzen danetakoa.
DOMINI ANDREA: Ez orixe! Ez dezu gelditzen ta nekatzen dan oietakoa!
SOR PAULE: Gaztea izaki!! Bere bideak arrapatuko du.
FILO: (Lutxiri) Etxe ontatik ez alda «bixtarik» agertzen?
XATUR: Ori da ume begi-luze! Gutxi al da zerua zapaitik ikustea?
SOR PAULE: Ori da munduan degun ikuskizunik ederrena.
LUTXI: Or atzekoaldean Ieio bat kalera ere badegu. (Filori) Goazeman gelara eta erakutsiko diñat.
DOMINI ANDREA: Zoazte bai, bestera ez gaitu pakean utziko eta.
LUTXI: Amak eta biok nun lo egin bear dezuten ere erakutsiko dizuet.
XATUR: Leio ortatik erregeen palazioa ere ikusten da.
FILO: Auzo onean bizi zerate orduan.
XATUR: Ain onean! katuz inguratuak. Goian gatxeuden eta guzia agertzen zaigun. Baita Guadarrama mendia ere.
FILO: Ez ordea itxasorik!
LUTXI: Baita zera ere.
(Bijoaz Lutxi, Xatur eta Filo).
X. AGERRALDIA
A. DOMINI ETA SOR PAULE
DOMINI ANDREA: Bada, egia esateko, ez zait batere gustatzen Lutxiren itxura. Ez dio onik egin Madrilgo egonaldiak.
SOR PAULE: Madridek ez du errua. Giro osasungarria dezu auxe. Grippe arrapatu duala ta ori da guzia.
DOMINI ANDREA: Bai, bai bañan sendatzeko gurekin etxera eramatea obe. Jatena emango diogu eta indartuko da.
SOR PAULE: Amaren ondoan bezin ondo iñon ez. Jakiña! Bañan seme-alabek ez dira ama-zurregi ezi bear. Etorkizunari ere begira bear zaio. Lutxi emen asko ikasten ari zan eta nork daki...
DOMINI ANDREA: Ez, ez! Ez det nai alaba bizi guzirako argal eta erixko ikusi nai. Naiz asko ikasi eta are geiago irabazi.
SOR PAULE: Arazo oietan ez biotzez buruz baizik joka bear da. Ez det uste orain Lutxi zerekin eramatea dagokizunik. Sendabidean doala ikusten dezu. Madriden jarrai dezala naiz etxez aldatu.
DOMINI ANDREA: Zera! Hotel Palacera bidaliko degu. Ez, ez! etxera! etxera!
SOR PAULE: Begira Domini, ez uste ni ere konporme nagonik Lutxi tellatupe ortan bizi dedin. Gañera (isillago) Xatur ez du komeni zaion laguna. Nola esango dizut, ez da neska gaizto lotsagaldu oietakoa, bañan gaztea eta kaxkarin eta ergel zamarra bai. Erretiro gutxikoa. Eta Madrides neskatxa bakarrentzat arrixko aundiak daude.
DOMINI ANDREA: Zu leia ziñan bada gurea onuntz ekarri arazten. Modista gallena egingo zala eta abar.
SOR PAULE: Ikasteko etxetik ateratzea gazteari onuragarri zaio. Orain nundik nora dabillen jakiñez-eta norekin bizi dan zainduaz.
DOMINI ANDREA: Xaturetzaz ez det ezer txarrik entzun. Alaia dala? dantza-zale? neska-mutil? pelotaria?...
SOR PAULE: Gutxi al derizkiozu?
DOMINI ANDREA: Gaztetasunak darabila! Ez da arritzekoa.
SOR PAULE: Ez al dakizu iri aundi auetan oitura galgarriak diranik? «Bonbillako» dantzaldiak...
DOMINI ANDREA: Bonbillan? Obe da argitan dantzatzea illunpetan baño.
SOR PAULE: Au ez da Galarreta! Ezagun da ez dakizuna Madrid zer dan! Neskatxa bakarrak bizitzeko beldurgarri. Lutxik beste nunbait jarri bear luke bizitzen. Eta etxe berria arkitu ateean komentura eraman nezake.
DOMINI ANDREA: Ori al zenun gorderik zeneukan dambada «atomikoa». Lenago lertu arazi besterik ez zenun. Zeorrek ekar arazi zendun Madridera, komentuan sartzeko al zan? Jostundegi ta modetan trebetuko zan noski, Galarretako aña, beraz lenbaitlen etxera dedilla ta kito
SOR PAULE: Ez nere esanak gaizki artu, aizpa. Obe bearrez izan bait da Bestela uste badezu ez det zure borondatearen aurka joan nai. Zaude lasai. (Zin egiñez) Aitaren eta semearen... Jainkoak daki nere asmo zuzenaren berri. Amabirgiña dala bitarteko.
DOMINI ANDREA: Eta «Irutasun» osoak gaitzala eskutik. Alabitz! (atean joka ari diran otsa entzun bedi). Oso gora igo gaituzu aizpa eta emen lurrean ate joka ari zaizkigu. Ez dakit emengo berri.
SOR PAULE: Joango naizaizu irikitzera. (atea zabaldurik) Erroxali! Zu al zaitugu!
XI. AGERRALDIA
LENGOAK ETA ERROXALI
ERROXALI: Bai Sor Paule. Ni zazu! Ezin joan izan naiz eztaziora eta onera agertu bat egitea bururatu zait Andre Dominiri eta arpegia ikustera. (A. Dominiri) Zer modu? (Elkar besarkatuaz).
DOMINI ANDREA: Ez zu bezin ondo! bañan, tira! Madridera etortzeko aitzekia izan degu eta emen gaituzu kezkaz beterik.
ERROXALI: Gaizkitxe! Zerbada, beti errian sartuta? Lutxi bizkortzen ari da egunetik egunera. Orrek ez dizu kezkik eman bear. Sendaturik dago.
DOMINI ANDREA: Osasunez obeto jarri ba da ere neska orrekin zer egin erabaki bearko degu.
SOR PAULE: Uste osoa Jainkoagan ipini bear degula esaten ari natzaizu. Ez aldez aurretik zere burua larritu.
DOMINI ANDREA: Errezago da esatea aizpa. Zu Sor baitzaitugu ta ni Ama...
SOR PAULE: Aragiz ala da, baiñan gogoz beñepein amatzat leia nai nuke nik ere.
ERROXALI: Ala bearrez, nun dituzue neskatxa gazteak?
DOMINI ANDREA: Zuk kirakoak nai eh? Ba «gazteak» or dabiltza atzeko leioan edo. Filori bixtak erakutsi nai zizkiela-ta.
ERROXALI: Orduan tellatura igoko ziran. Andik ikusbegi aundia ageri bait da. Filo aspertu egiñik egongo da.
SOR PAULE: Gazteak itzuli ditezen bitartean ondo egingo degu eseritzea.
ERROXALI: Ez nago nekaturik bañan nai badezute. (eseri bitez).
DOMINI ANDREA: Erroxali! era bat madritarra egiñik zaudela ikusten zaitut: soñeko apain, zapata pin eta orrazkera txukun...
ERROXALI: (arro) Alajaña! nai litzake! ea ogeitamar urte daramazkit eta aundikiren tartean...
SOR PAULE: Udarero errira gogoz joaten zera bada Madrid utzita.
ERROXALI: Monjak ere ez zerate atzean gelditzen ibilli kontu ortan...
SOR PAULE: Agintzen digutenean... Amar urte oietan bein izan naiz Galarretan, eta bai pozik ere! Igaz!
DOMINI ANDREA: Gure txokoa bezelakorik ez dagola aitortzen dezutenean. An nago bizi guzian txilborretik lotuta. Ez zuek bezela.
ERROXALI: (par egiñez) Ja! ja! ja
SOR PAULE: Ori aterakaiak ditu gure aizpak! Txilborraren ordez esazu biotza. Iparragirrek zion eran: «bañan biotzak dio zoaz Euskalerrira».
ERROXALI: Biotza! Berri on bat ba-det zuentzako. Zorionak eman bear dizkitzuet.
DOMINI ANDREA: Zorionak guri? Jainko maitea! ez gabiltza bada aspaldi oso zoriontsu.
SOR PAULE: Ari zor diogu zorion guzia eta eman bear dizkiogu eskerrak.
ERROXALI: Ez dakizutela zergatik? Ezetz asmatu.
DOMINI ANDREA: Ez dakit bada.. Ez naiz ezertaz oroitzen...
ERROXALI: Ematen?...
SOR PAULE: Bai, bai. Lenbaitlen esan zazu gu irrikitzen euki gabe.
ERROXALI: Ba. ba.. Lutxi.. eta... Xabier berriz adiskidetu dirala... eta mutilla beñere baño «enamoratua» dagola zure alaba Lutxitzaz..
SOR PAULE: Zorioneko «maite-miña». Biotz-berak izaki oraingo gazteak.
ERROXALI: Oraingoak eta betikoak. Obe da ori agiñekomiña baño.
DOMINI ANDREA: Zuk iñundik jakiten dituzu isil-kontu oiek. Aurreratua bizi zera.
ERROXALI: Madrillen bizituaz Galarretako albistiak zuek baño lenago jakiten ditut. Eta iturri onetik gañera.
DOMINI ANDREA: Ez dizut ezetz esaten. Pamilikoak izan oi gera orrelako berriak jakiten azkeneko...
SOR PAULE: «Grippe» ezik zure alabak zer zuan badakigu orain: «biotzekomiña». Ez da ala Erroxali?
ERROXALI: Jakiña! Oraintxe dago adinean.
DOMINI ANDREA: Jesus! milla bider! (asperenka) Nere alperrikako larria
SOR PAULE: Lasatu ta poztu zaite. Eta ni zurekin! Lutxik ezkontzarako deia duala garbi ikusi da. Eta iñoiz esan ba-didazute ere nik komentura eraman nai nuela. Ez da olakorik. Jarrai zala aukeratu dun bidea. Jaungoikoaren bidea da ori ere. Zerua irabazi diteke era guzitara eta askotan praile-monjak baño sarigarrigo izango dira ezkondutakoak.
DOMINI ANDREA: Edo ta mutil ala neska-zar gelditu diranok.
ERROXALI: Neregatik al diozu ori?
DOMINI ANDREA: Ez andrea, ez! Zu «gai» zaude oraindik.
ERROXALI: Ez dakit «gai» nagon, bañan zure alabaren ezkontzara joango naizela bai. Nere burua kombidatzen det.
DOMINI ANDREA: Eskubidea ba-dezu eztaietan lekuko izateko. Soineko ederra, kanela koloreko sedazko ere... bai apain-apain agertzeko.
ERROXALI: Ura gau-jaietakoa det. Elizkizunerako bestelako bear da.
DOMINI ANDREA: Izango dezu aukera.
SOR PAULE: Guk alde ederra badizuegu ortan. Beti jantzi bera. Modako buru austerik ez.
ERROXALI: Ezta illeak kixkurtu bearrik.
SOR PAULE: Burukoa plantxatu bearrak ematen dizkigu lanak. ordea...
DOMINI ANDREA: Ez dakit noiz kendu bear dizkizuen egal oiek.
XII. AGERRALDIA
LENGOAK, ETA LUTXI, XATUR ETA FILO
FILO: (Lenengo sarturik) Erroxali ere emen degu-ta! Madriden ezik badirudi Gallarretann gaudena! Erroxali! (elkar besarkaturik).
ERROXALI: Zu ari zera neskatxa ederra egiten!
FILO: (Irritsu) Beñere itsusi izan al naiz bada?...
DOMINI ANDREA: Gure errian «arto bero-usaia» zeñi esaten zaion ba-dakizu.
ERROXALI: Ama bezela ez ba-zaude ba, kontentu...
DOMINI ANDREA: «Beti kontentu».
SOR PAULE: Ez dira gazteen buruak arrotu bear...
FILO: Ea burua txorabiatu zait goi ortan. Tellatutik Madrid erdia ikusi degu. Xatur eta Lutxi ba-datoz. (Sartu bitez).
LUTXI: Ganbaratik ere zure boza entzuten zan Erroxali.
XATUR: Ezta irrintzia balitz ere.
ERROXALI: Isilik ez nintzan etorriko zuek ikustera. Zer iruditu zaizu Madrid?
FILO: Or goitik Errege-Jauregia, Telefonica eta Elizkampantorreak besterik ez dira ageri. Lenbaitlen kaleak eta dendak ikusi nai ditut.
DOMINI ANDREA: Ez ziñan jaio etxean geldirik egoteko beintzat.
XATUR: Nik lagunduko det. Laister joan bear bai det. Orrela lasago itz-egingo dezute familiko gauzatzaz.
DOMINI ANDREA: Ez, ez! geldi zaitezte. Orrengatik beinik bein. Etxekotzat zauzkagu guziok... Esan bada esateko guziak.
ERROXALI: Emen mintza bear duna Lutxi degu.
LUTXI: Ni? Zer bada? (lotsatuaz).
ERROXALI: Ez al degu ezer berri?
LUTXI: «Zaarrak berri...»
ERROXALI: «Gazteen errabigarri»... Ez zazula zure burua ez jakintzat egin...
SOR PAULE: Iñor ez dago beartua guzien aurrean barnean duana aitortzera. Garaia etortzean bere amari esango dio ta! kito!
DOMINI ANDREA: Gurasoak askotan beranduen jakiten ditugu seme-alaben gora-berak.
XATUR: Lutxi! ziztada guziak iretzat dirala zirudin... Olakotan oiala zirt-zart ebakitzea obe jostunen moduan.
LUTXI: Guziok neri begira zaudeten ezkero, lotsaarazteko aña ba-da, bañan esango dizuet Xabierekin adiskidetu naizela...
XATUR: Isilik gorde den!
ERROXALI: Ez al nuen arrazoi Domini? (besakarturik)
LUTXI: Ez nintzan deia egiten asiko erriko danbor-jotzaillearekin!
DOMINI ANDREA: (Malkoa dariola) Etxekoak ordea jakin bear genuke kampokoak baño lenago.
SOR PAULE: Oraingoan Lutxiren alde nago. Gauza oietan zur eta kontuz jokatzea ainbat on!
FILO: Nik banekin ama!
DOMINI ANDREA: Zergatik ez zenidan esan bada?
FILO: Esan izan banizun ez ginan Madridera etorriko-ta. Ba-nuen Puerta del Sol ikusteko gogoa (guziok par egiten dute).
DOMINI ANDREA: Ederra egin didazute bi alaben artean. Alperrik Madridera etorri arazi ainbeste txanpon txautzera..
ERROXALI: Zertarako dituzu bada! Orrela egurastu zera etxetik kampora egun batzuek igaroaz. Zer ba? beti txokoan sartuta egon bear al dezu. Alargundu ziñanetik ez ziñan askotan atera izango.
DOMINI ANDREA: Alaxen da. Ikusgarri da Madrid au...
FILO: Noski eta ikusi bear dituzu bazter guziak.
SOR PAULE: Bi alabak besoz-beso artuta kalez-kale ibilli bearko dezute.
XATUR: Gaizkitxe! Alaba ezkondu aurretik.
LUTXI: Bai ama!
DOMINI ANDREA: Etorri geran ezkero ezer ikusi gabe ezin joango gera etxera bañan lenbaitlen itzultzea nai nuke...
SOR PAULE: Ez utzi beintzat «Cerro de los Angeles» ikusi gabe
XATUR: Eta «Chamartingo Stadium...
SOR PAULE: eta Eskorrial... San Franzisko aundia...
DOMINI ANDREA: Ni naramaten leku guzitara joango natzaizue.
ERROXALI: «Erretiro» ere oso ederra dezu.
DOMINI ANDREA: «Erretiro» onena gure adiñean etxekoa. (par dagite)
XATUR: Madritarrok ere olako txisteak egiten dituzte. (berriz algaraz)
SOR PAULE: Emen isil dagona eta parrik egiten ezduna Lutxi degu. Zuk ere etxera joan naiko dezu alik eta laisterren...
LUTXI: Bai bada. izeba emen bear nuen guzia ikusi eta ikusi det.
ERROXALI: Eta an... norbait zai daukagu.
LUTXI: Egia da.
DOMINI ANDREA: Emen modista baño an jostuna obe.
ERROXALI: «Madridetik zerura» da esaera.
DOMINI ANDREA: Lur ontan zerua jaiotetxean dago, sorterrian, gurasoen itzalean, seme-alaben ondoan. Madrid ona bada, lur ontako paradisua Galarretan daukagu.
SOR PAULE: Eta gero zeruan gerta gaitezela guziok egun batez.
AMAIA
|