Lehen elhestaldia
ANTONIO. Igaran egüneko zure elhestak hanitz txostatü nündian.
BASILIO. Laket zait jakitia.
ANTONIO. Nahi nüke zerbait erran zenezan abereska zonbaiten gañen.
BASILIO. Ez-ta gaitz plazer horren zuri emaitia.
ANTONIO. Hanitz esker neikezü.
BASILIO. Badakizia zer den zeta?
ANTONIO. Ustez bai; huna heben.
BASILIO. Bena badakizia nontik jiten den?
ANTONIO. Arauz Indietarik.
BASILIO. Ez-ta Indietara joan behar zetaren ükheiteko.
ANTONIO. Nola! hüllanagotik jiten lizate?
BASILIO. Heben berian ediren daite. Jinkollo baten lana da zeta.
ANTONIO. Jinkollo baten lana! badaitekia?
BASILIO. Bai; jinkollo baten lana.
ANTONIO. Erran hezadazü nola egiten dian lan eder hori.
BASILIO. Bada jinkollo mota bat xuri eta lodi dena. Hunek errüten dütian arraultzetarik elkhiten dira har txipigñi batzü. Berhala hasten dira marhügatziaren ostuetarik jaten. Jaten dienaren antzo handitzez doatza. Erhia bezain lodi egiten dira berrogei egünen barnen. Ordian hasten dira ahotik elder egoisten aiñharbak bezala. Egoisten die zühañen adarretan bere bürien üngürian. Hunla baratzen dira elderrezko zarpa baten barnen. Zarpa hau deitzen da küskia. Küskiak ezarten dira hur herakian, eta han mardotzen dira. Hartzen da hari bat, eta diren lekhütik elkhi gabe, barreiatüz badoatza. Khotxeian haria hartürik, egiten da mathaza doan bezala barreiatüz.
ANTONIO. Nork erran liro ikhusten diren suñeko ederrak zor zaitzola jinkolloari?
BASILIO. Küskiaren barnen diren harrek oso osoki zia üdüri die.
ANTONIO. Hilik, ala bizirik dira?
BASILIO. Hilik gure begietan, bena bedaxian elkhiten dira küskütik jinkollotürik.
ANTONIO. Hori da gaiza izigarria!
BASILIO. Bi gaiza hoietarik zoiñ zaizü izigarriago? arraphiztia ala jinkollotzia?
ANTONIO. Hain izigarri edireiten düt har baten jinkollotzia, zoiña hil baten arraphiztia.
BASILIO. Egiazki harritzeko da egün lürrian herrestaka dabilan har baten, bihar hegaltaz, lehen zen beno ederrago ikhustia. Hau ikhusirik ez-ta neke sinhestia arraphiztüko girela gü ere egün batez lehen beno ederrago. Jinkollo berri hoiek errüten dütie arraultziak eta berhala hiltzen dira.
ANTONIO. Zer! hain denbora gütiz bizi dira?
BASILIO. Bai, eta badira aberiak orano gütiago bizi direnak.
ANTONIO. Hori hola bada, ez-tügü khexü izateko gure biziaren llabürtarzünaz.
|