|
NOR ESKOLA-EMAILE ZER IRAKATS
I
Zuk erranen duzu:
«—Oro badoatzi. Deus, badagonik. Beraz izan behar da, bertzalde, sortzerik ukan ez duen, ezeztatzerik onets ez dezokegun, bere baitharikako norbeit. Sinesten dut badela.
«ineste horren gainean finkatu gogo dut jakitatea, adimenduak gauzen harat-hunataz eman dezakedan ohartze laburra.
«Sinestean dago bertzela, sinestean bakarrik, bihotzeko gozoa.
«Baldin gauzek bertzerik bururat eman balezadatet, bide makurrean nindoakelako beldurrarekin begiak bazter nitzake heien irakaspenetik. Hunen kutsu galgarritik oso iduk nezake nere ustea.»
Ihardets zaitzuke:
«—zin asma dezaket ezezta nitakela, onda ditakela deus. Itxuraz, ba, aldatzen dira denak; izaitez, orobat. Bainan ez iragaiten. Edozoin ala edozer erhauts bedi, bilhaka bedi ilhaun, khe, azantz, argi, usain, indar; Hok begoite bere alde edo, elgarri lothurik, osa bezate aitzinean zen hura, ala bertze zerbeit: bildu direnean, barreatu zirenean baino gehiago ez da galdu izpirik.
«Ez dakit, zu eta ni eta gure idurikoak oro eta zeru lurrak barne, nolako kara zuen munduak lehenbizikorik, are gutiago nolakoa luken ondarra, bere itzulikatik gelditzen balitz noizbeit; daukat, bakarrik, bethi danik izan dela, eta bethi izanen.
«Nola dabilan jakiteari lehiatu gogo naiz, badakialarik arren ez nitakela nehondik hel, ttipiak direlakotz ene ahalak eta handi haren golkoa. Utz nezazu ohartzera berma nakion, ez balitz ere ikusteko baizik zer hatzemanen dutan. Aldiz etzait gaitzituko urrundanik jarraikitzen balin bazaizkit, behaztopatzen nizalarik xuxentzen nuzula, laguntzen, guziz zurekin ukanen dituzun gizon araldeak niri jazartzetik begiratuz. Ezen, nere onetan baino gehiago, zuen onetan ariko naiz.»
Holatsu mintzatu zen egun batez Elizari Gobernamendua, ez du oraino hain aspaldi. Eta berehala hitzeman sailari lothu.
II
Herririk xumeenetaraino igorri zituen bere gizonak, eskoletxe berriak nun nahi eraikitzen zituela. Erlisione naturala baizik etzuelakotz onesten, debekatu zeien bertze edozoinen erakustea; zerutikako sineste guzien orhoitzapenak iraizi zituen eta kendu.
Hargatik bere hitza atxikiz, bederen hanbatean: Elizaren gizonak utzi zituen irakasle, beren gain, bakarka; ez, multzoka. Multzoka ba, aldiz, Elizaren aldeko baizik etziren ez apez ez fraileak; hargatik, hotarik zenbeit jaunzturaz aldaturik ikusi nahiago zituzkela adiaraziz.
Laster ikusi ginintuen alde orotan sortzen beren baitharik, onddoak iduri, libroak erraiten zeien eskolategiak. Hirietarik herrixketaraino umeak eginez bazoatzin; haurrak, emaztekiaren kideko, dena sineste baitira, dena bihotz, eta ezin manatuak, erleak kofoirat bezala bazoazkoten, burrunban. Eliza, hastapenean apur bat zapatua egonik, Gobernamenduaren urhats guzier jarraikitzen, kasik aztala hunkiz.
Biak hargatik oldartuak elgarri: berex, bat bertzeari sumindu gabe, ibiliko zirela ginaudelarik. Harek gibeletik zimiko; hunek, itzul eta, beharrondoko; hura errabian, hau ulitxekin; bat ez bertzea bere zedarrietan ezin egon, gizonki.
Mutiko gazteentzat baitzauzkan Gobernamenduak eskoletxe hetsi batzu, bere eskukoak; hetan sartzera uzten baitzituen Elizaren gizon, apezak, haurrer erlisionea erakuts ziezoten; lan hau saristatzen ere baitzeien: azkenekotz, gizon heiekilakoa orobat hautsi, aitzinean bezala sartzeko zuzena begiratzen zeielarik, bainan haurrek berek galdatu arau eta bizitzekoa emanez.
Ordutik moztua gelditu zen lokarririk azkarrena. Bi aldeak berezixeak zagoden.
Ez arrunt bizkitartean. Nausi batek nekez uzten ditu bere giderrak, nahi den bezenbat heien erdizka emaitea zuzenago izana gatik.
Arras berdinerat heltzen etzakono jasaitea aski lukelarik, azpitik dauka oraino Gobernamenduak bere laguna, eta idorki. Ala eskola-emaileen, ala ikasleen tituluak eskutik badauzko. Haren aitzinean agertu behar denek, haren, baimena behar nolazpeit ardietsi. Deus ezin egin, hari eskatuz baizen; bidea, batzuek ala bertzeek, jauspen eskasean hetsia.
Zango hori aski ez balu bezala, bigarrena Gobernamenduak eskoletxeen ikertzegoan ezarria. Nahiz hitzemana duen behatuko duela bakarrik hok nola diren atxikiak, zer duketen makurrik osagarriarentzat, nola ditazken hobekienik bizitegitzat, —jabeak ikharan arrotz harek, guti edo aski begietan dituelakotz, sudurra sarthuko duela barnago, jakitea gatik zer irakasten den han, nolako jaidurak eragiten diren gazteen baithan, sineste hertsi batzuetan gaixtatzen dituztenetz ala gizontasunerat heltzen bihotza emeki emeki Munduko gauzer idekiz, hok erlisionezko sinesteez eztituz; ikharan, bekaizgoz ezpada, herraz edo aiherkundez ondoko egunetan jazar dakiokela...
III
Erlisioneen asmu eta erranak bazterrerat utzirik, gorrarena eginez heien erasiari, zapatuz ohiko hatz beretan egon nahi zutenen oldarra, aztapar eta begiak bermatuz zagokon ikertzea Gobernamenduari, bethi eta gehiago, zeru lurrek gizonari erakuts dezoketen egia.
Baldin egia hunen hatzemaiteak ez baleza ekar deus gibelondorik, mendetik mendera bilha baledi ere alferretan, hau bederen onik bailuke ondotik dabilkionarentzat: alha emaitearekin eman bailezoke bere antzearen neurtzeko bidea eta, zoin ahula duen agertu liokenean, jakitateari darraion barneko histura guziz gozoa...
Gauzen ikertzeari zagonaz geroztik eta ohartuko zitzeienaren gainean bere indarraren finkatzeari, zuzen zen Gabernamenduak sartzera zoan sailean azpitik iduk zezan Eliza.
Ara makurrak hautatu baititu ordean, zorigaitzez; Frantziako gizaldea hanitz nekatu dutenak.
Lehenbizikorik, zendako zoko guzietan eskoletxe berriak? Zaharrak bazagoden oraino kasik orotan xutik, apur bat antolatzea aski baitzuketen arras ontzeko. Asko herritan jendea jarria zen elizari lothurik zagon eskolategiari. Hau hala hala bazagoken. Hanbatenaz ere zuzenkiago non haurrak baitzuken han berean, bi urhatsetan, erlisionezko irakaspenen hartzeko bidea. Horrela aitamen nahia egin zitaken osoki, heien sakelaz orobat urrikalduz.
Zendako hoinbertze erakustun, gizon ala emazte? Ikusten —Elizari, behar bezala, bere alde bermatzeko eskua uzten zakonaz geroztik— haur gehienak edo bederen zenbeit hari jarraikiko zirela, etzutela zangorik ere ezarriko Gobernamenduko eskoletan; ikusten bertzalde sortzeak hogoi urte hotan geroago gutituz doazila, itsuski, izigarriki, halatan non heriotzeak nausitu baitzeiezte eta nun nahi ikusten baitira errient eta errientsak bortzpasei haurrer buruz, erdi alfer, zotz batzu iduri; ikusten laborantza, goldelari eskasez, egunetik egunera nekeago doala; ikusten lanak ditugula urrungo geure leihorretan auzoer ezin ihardokiz, eta bertzerenetan gure sal-erospenak beheitituz doazila, ez dugula han gizonik aski gure herriko esku-lan ari bide egiteko; ikusten jendea zergaz gainditua, alde orotarik behinere izan ez den bezala hertsatua; ikusten horiek oro, eta zenbeit zokotan kokatzen ari, gure gain hartako nausiak! Okaztagarri litake, bihotza zaurtzen ez balu.
Erresumaren nahiaz, beharraz, ahalez, berdin axola erakutsi du, axolarik batere ez, hirietan mutiko gazteentzat eskoletxeen eraikitzen abiatu zelarik. Bat aski zen tokian, biga ezarri; ttipi bat mila zitalekarik, atherbe gaitza eginarazi, erdia hutsik egonen bazen ere.
Geroago gehiago errextasun badelarik leku batetik bertzera joaiteko ez-deusetan, hirixka gehienetan eskolategi handiak eragin, estakurutzat emanez jende xehearentzat hobe dela ahal bezain hurbil.
Garbiki mintzatzeko eta orok aditzeko menean, izenda ditzagun beren izenez erhokeria batzu. Ororen jakinean da Frantziako hiririk tarroenak sei edo zazpi direla: Paris, Lyon, Marsella, Bordale, Lille, Tolosa, Nancy, Frantziabertze hainbertze eskualdetan zatitzen baitute. Hiri hoitarik bakotxak badauzka eskola handi batzu, Facultés deritzatenak: zoin medikuntzako; zoin, kabala, landare, harrien ikertzeko; zoin, mintzaien gora-beherer dagona; zoin, legeen argitan ezartzeari buruz. Bada, horiek aski ez izanez, itxura guzien arabera, Gobernamenduak badauzka bertze andana bat, ez dakit zenbat hirixketan barreaturik: Rennes, Caen, Ais, Potiers, Reims, Dijon, Grenoble, Clermont-Ferrand, Amiens, Limoges,... gogorat heldu ez zauztanak bertzalde. Hotan orotan erakustuna baduzu, ulia bezala. Aldiz, ikaslerik nehor kasik ez, edo guti. Gizon gazteak alabainan, dela argitzeko, dela bere adin ederraz gozatzeko, nahiago hiri handia. Erdi hutsik baitagode beraz, aiphatu tokietan, jakitatearen etxeak.
Aditzalerik gabe, zer ari dira bada eskolemaileak? Berentzat lanean araiz, erran nahi baitut zerbeit berriren asmatzen, oraino ezagutuak etziren ara batzuen bilha, jakintsunek orai artio zakitenaren emendatzen? — Etzazula holako ametsik erabil. Ez dira deus handirik ari. Ez ditazke ar eta! Hiri ttipi batek daukan eremu hertsian nekez alha ditake gizon erne bat. Bermatzeko, gure adimenduak galdatzen ditu bazter nasai eta goriak. Nun ere baita gauza, han, han bakarrik ohart ditake zerbeiti begiak bipil dabilana; iduritu aizkonen haztatzeak han ditzazke egin hobekienik.
Hortakotz, lehenbizikorik aiphatu ditugun zazpi hiriak balitazke aski, soberaxe kasik. Lauek indar bera egin lezaketela badugu halako uste bat. Handizki ezarriz hargatik, ez dezaten ukan deus eskas: lantegi mota, liburu, tresna eta behar diren errekitu guziez jabetzen direlarik.
Artetik erran dezagun, zendako ez litazke hiri bakotxean Facultés derizaten eskolategi handiak oro elgarri eratxik, bat bertzeari loth, gizon gazteek alhapide guziak ukan ditzaten gatik menean, hurbil? Urhats gutitan, hobeki heda lezakete horrela beren adimendua; bertzela, beren ofizioari bakarrik dagozin zurruburruetan hetsia baitaukate eta ithoa! Hortan, bertze askotan bezala, gure auzo Alemanek aspaldian aitzinduak gituzte. Den itsuenak ikus dezake, bertzalde, hanitz gutiago aski litakela, ara hortara, bai atherbe, bai eskolemaile.
Orai dauden barreatuan idukiz eskola handiak, hiri berean eta hiritik hirira elgar jaten dutelarik, Gobernamenduak trabatzen ditu ikerzaleak, erresumari kalte dakar.
Eskola ttipiez bezenbatean, huts beretan erortzen dela daukagu, ustez etxe eta mutil ketak egiten ahal dakotela nausitasun zerbeit Elizari buruz.
IV
Ez du ketak egiten nausigoa. Nor eta nolakoa ziren, zer indar daukazun buruan, hortan da guzia.
Gobernamendua banintz eta herri gehienetan ikus banintza nere eskoletxeak hutsak, etsaiarenak aldiz brokatuak haurrez, ez lakiaket den gutienik gaitzi. Nun ere ospe ekar bailezakete nereer, han azkar atxik nitzazke hok, apainduak, aberats, erakusteko behar diren zer guziez dun.
Kantonamenduko harri-nausi bakotxean bat bederen banaukake, harat bil bailitazte ene irakaspena baitezpada hartu nahi luketen guziak.
Hiri tarroetan baizik ez nitzake onets bierarteko eskolategiak (lycées).
Hiririk handienetan, aldiz, eskoletxe handiak (Facultés).
Oraiko egunean xahutua den diruaren heren bat, zer diot! seigarrena aski nuke jakitateari bere alharen emaiteko. Garaitikoa iduk lezake jendeak sakelan, bere nahitara edozoin erlisionetako eskolen eraikitzeko.
Hau nukelarik bethi gogoan: lana jarraikitasun ixil batean; Munduaren harat-hunat izigarriari, ene ahalaren arabera, emeki emeki ohartzea; ohartu arau, hartaz on egitea nihauri bezala bertzeer.
Zerbeitek buruari demat herriko gizonik zuhurrenak, adimenduz ala bihotzez hobekienik dohatuak, enekin nintuzkela.
Bizkitartean nere eginbide naukake, Gobernamendu kariz, Elizak bere eskoletxetan gazteen osagarriaz oroz gainetik grina ukan dezan begiaren atxikitzea.
Orai trenka ditzagun bi eztabaida, Frantzia hanitz urte huntan nahasia daukatenak.
Tituluen emaiteari dago lehena. Orok badakite hok badoazila gei agertzen direnen eskuetarat. Bainan noren aitzinean ager diten bilhariak litake zuzenenik? Nor ezar juje? Nor, tituluen nausi?
Biziki errex da. Tituluak emanen ditu erresumako eskola guzien buruzagitzat hautatua izan den minixtroak. Gei direnen ezagutzea dago, urte guziez, Elizari jarraikitzen diren gazteez bezenbatean, Elizaren eta Gobernamenduaren eskolemaileer, erdizka. Zuzen daukagu hunek atxik dezan hura, ez azpitik, nahi baduzu, bainan begira bederen.
Gobernamenduko eskoletan dabiltzan haurrek, aldiz, eskola hetako buruzagiak lituzkete bakarrik ikuskazale.
Bi alderdietako eskolemaileen izendatzea, gazteer tituluen emaiteko ara berberetan egin litake.
Bi alderdietan diren hein bereko eskoletxetan titulu berak ukan ere bitzate erakustunek.
Bigarren eztabada: Gobernamenduak nun behar ditu hautatu bere mutilak? Berak bere eskoletan argitu eta altxatu haurretan, ala Elizarekin egon direnak heiekin lerroan ezarririk, erdizka?
Daukagu, hemen ere tituluak bi alderdietako buruzagiek elgarretaraturik behar lituzketela eman: eta zoin ere baitira gizonetan hobekienik dohatuak, hek izendatu aitzindaritzat, behatu gabe noren eskuetarik atheratzen diren. Denak lur beraren umeak direnaz geroz, zuzen berak dituzte, berdin gei direlarik, kargutan sartzeko.
Ez kargu orotan, hargatik. Orai artio erabili ditugun solasetarik ezagun ahal da ez ginezakela onets Elizaren aldekoetarik, haren esneaz hazietarik, jar dadien Gobernamenduaren etxeetan eskolemaile; ez eta ere Gobernamenduaren haurretarik nehor Elizarenetan.
Bi eskualdeentzat galdegiten dugu emaiten ahal zeien libertate guzia, bainan bat ala bertzea dagozilarik bere zedarrietan.
V
Zenbeit urte hotan nahasirik dabiltza oraino bazterrak, esku-lanen erakusteari dauden eskola motez bezenbatean.
Batzuen ustea da ez litzatekela batere holako beharrik; haurrak ikas dezakela ofizio bat, hau bera ja ikasia duen edozoinen baithan.
Bertzeek nahi lukete eskoletxe bereziak balire hortako, bai Gobernamenduaren, bai Elizaren aldetik.
Badira Gobernamenduaren eskuetan bakarrik ezartzeko xedekoak, diotelarik hau baizik eta ditakela esku-lanen erakustun onik, irakaspen hunen emaitea bere aztaparretarat behar duela bildu eta beretzat atxiki.
Ez dakigu zer ekarriko duen geroak, ez gabiltza etorkizunaren asmuan; bainan gure nahikundea litake, mendeak eskoletxe mota hoier buruz hartzera doan sailak utz baleza bakotxa bere buruaren jabe. Saila, beraz, hunela baitaukagu xuxenenik:
Han-hemenka, bakhan, iduk bitza Gobernamenduak, bere meneko, esku-lan etxe zenbeit, behar diren gizon eta tresna guziez dun, alde orotan asmatu arer ohartuak, ohartu bezain sarri jarraikiak; ikusgarritzat lauzkenak Frantses ume erneenentzat. Hortakotz aski luke zenbeit urte hotan heldua den heinean egoitea, gehiagoko berritzetan hasi gabe: dela laborantza, dela harozgo, dela zurgintza, dela mekanika egite, ofizio baitezpadako guzien irakastea bere eskuetan baitauka.
Erresumako buruzagier dago, biziari dauden harat-hunatetan jendearen argitzea, nola dezaken ikas hobekienik.
Bainan hortan baratzen dela emana zeien zuzena, nork ez du ikusten? Zendako ez litake nor bederarentzat zilegi, dakien ber, erakutsi nahi duen ber, beha egon nahi zaizkonen jakintsun ezartzea ofizio bati doazkonetan? Gobernamenduko esku-lan etxeen itzalean, zendako ez litzazkete Elizaren aldeko gizonek eraik ahal berenak, beren sakelatik, beren gain, ordutik zoin gehiago berma bailitazke batzu ala bertzeak ororen onetan? Zer irabazi ez luke
Frantziak buru hortarik?
VI
Orai artio erabili ditugun solasetarik aski garbi ezagun ez balitz, eta zenbat nahi bihotzmin dakargun guhauren eskolemaile ohier laido hunen egiteak, azken hitz ezarriko dugu: baizik eta apezak ez ditugula erakustuntzat onesten, non ez den beren adimendu osoan apezteko xedea hartu dutenen alderat. Lehia hunek sustatzen dituen mutiko gazteek apezgoko gora-beherak apezen ahotik ikas ditzaten semenario handietan, ederki; xuxen zauku, xuxen baino baitezpadakoago.
Semenario ttipiak aldiz, apez mindegi xumeak, apezen esku menetik kentzekoak direla adiarazten badugu, ez ahal dauku beltzuri eginen nehork, diteken bezain erlisionearen adixkide eta gizon izana gatik. Apez-geiak baizik hartzen ez dituztelako estakuruan, delako etxeek biltzen dute alabainan edozoin, ordutik apezaren amarruak azpitik baitauzka ofizio guzietarat dauden gazteak.
Adinak bethe-ta apez sartzeko xedea luketenak baloatzi ere eskolategi hetarat, eta hek bakarrik, ez ginintzazke apezak onets han buru.
Apeza ez da eskola emaiteko egina. Deus ez doako hain guti, edo hain gaizki, nola eskolaren emaitea. Apeza erlisionearen mutila da; erlisioneko eginbideer ditu behar jarraiki bere urhatsak. Erlisionearen erakusten ibil dadiela eskoletxeetan, ontsa; deus hori baino zuzenagorik, hortako galdatua den ber; nork ukhatuko du sail horri buruz dela apeztua?
Bainan erlisioneaz bertzerikakoetan sar dadien, haur baten gogoaren osoki lantzeko zuzena utz dezoten, makur daukagu. Hanbat gaixtoago apezen menean gazteria idukiko duen erresumarentzat! Ez dut erran nahi gaiztuko dela edo tzartuko, bertzela baino gehiago; bai ordean aphalduko, nagituko, gemenik gabe jarriko, bere haurren izpiritu ala bihotzeko jaidurak gauzetarik urrunduak ukanen dituelakotz. Apezaren irakaspena sineste batzuen gainean finkatua dago. Sineste heien alde diren gertakari edo itxurak baizik ez ditu ikusten; bertzeer aiher da, edo bederen ez ikusiarena egiten deie; itzalean dauzka. Nehondik ez ditake izan egiazkoa. Entzuleari geroztik, dena hedoi eta amets geldituko zaio burua.
Bizkitartean haur gehienen baithan erlisionezko sinesteek jakitatearen irakaspenak ezti ditzaten, iragaz, beren zetabean zikin larrienetarik bederen garbi, ez daukagu deus hoberik. Arras gutiak dira egiaren hazkurri osoa barneak jasaiten ahal deieten haurrak. Bainan berexkuntza horren egitera nekez jartzen da apeza; bakarrak dira onesten duten apezak. Ardurenik zorigaitzez apezari adituko diozu: hetsik begiak eta lokhar hadi Elizaren altzoan!
Haurren argitzea, haurren altxatzea, gizon eta emazte xoilen eskuetan emeki emeki jar dadien litake gure lehiarik minena. Erlisionearen aldeko batzu irakasle, ez baitezpada erlisionearen mutilak; hok fedeari doazkonetan hetsiak, beren jauntzi bereziak manatzen deien bezala: horra mende hunek, urte laburrik barnean, zer ekarriko duela daukagun.
Iduritzen zauku ara horrek kalte baino on gehiago emanen dakola, bai erresumari, bai Elizari. Hasteko, hunek ez du galduko bere haurretarik nehor; apez-geien keta berdin egonen zako, eta jendeen artean berdin indardun, ohartuago baizik izanen ez delakotz batzu ala bertzeen behar orduer: hari aldiz, amodio gehiago jarraikiko zaio, eta ospa, bere auzoen eretzean.
Gizon eta emazte xoilak nahi ginintuzkela eskolemailetzat diogularik, ez dugu bizkitartean aski erraiten. Gogoan duguna ez dute arrunt kokatzen hitz horiek. Gure lehia litake, gure irritsik minena, aita eta ama familiakorik baizen ez baledi —ahal bezenbatean— onets erakustuntzat. Haurraren aitak ukan beza, bere lekuko, bera bezalako aita bat; amak, ama bat.
Haurrek buruzagitzat balituzkete, orduan, haurren gora-beherak beren haurrekin etxean ikasiak lituzketen gizon eta emazte batzu. Ala buruz, ala bihotzez, irabazirik baizik ez bailukete gaixoek, bana bertze, alde hortatik.
Bizpalau lerro hok badaukete gure amets guzia:
Gobernamenduak ororen sakelatik atxik bitza mota guzietako eskoletxe andana bat, ahal bezain guti eta ahal bezain azkarrak.
Utz ditzala begi onez, larderia ala jazarkunderik gabe, Elizaren aldekoak iduri zeien garaitiko guzien eraikitzera, beren dirutik, beren indarrez. Apezak ken bitza eskolemailegotik, dela multzoan, dela bakarka; ez dituelarik erakustuntzat onesten gizon eta emazte xoilak baizik, eta hauien artean, ahalaz, aitama familiakoak.
|
|