MARIA
Bertzek erran baitute
Nik baino lehen
Hainitz adituz dela hainitz ikhasten,
Uzte dut on den
Nik dakidan bezala guziek arren
Jakin dezaten...
Beraz aipha dezagun Maria nor den.
Aztal biribil eta
Zangar ertsia,
Eskuaren beteko zango bihia
Ttiki ttikia,
Golkoz aberats eta lerden gerria,
Erne begia...
Nolako panpina den horra Maria!
Erle bat da Maria
Etxe-barnean
Eta landan oro bat hari lanean
Behar denean.
Aphaintzeko pulliki behin astean.
—Noiz?... Igandean.
Uztai beharrik ez du soinaren pean.
Solas alegera bat
Erranagatik,
Irri freskorik baizik ez dut izan nik
Maria ganik.
Adiskidekin ez du handitasunik,
Bainan hargatik,
Ez erran Mariari solas arinik.
Mariak baratzetik
Badu berea,
Udan eta neguan lorez bethea
Errekartea.
Bere loren artean erdi gordea
Gaxo maitea!
Bera da pullitena hango lorea.
Mariak baldin badu
Moltsa joria:
Merkatura goateko badu saskia,
Xuri-xuria.
Arroltze lau dotzena, oilasko bia,
Salduz guzia,
Zertako den aberats horra Maria!
Jendek erranik ere
Hala eta hola...
Maria batzuetan, ez jakin nola,
Goibel dagola...
Bertzetan nigartto bat jausten zaiola...
Zer zaio axola?
Baluke nahi balu aise konsola.
Igandetan Maria
Zinez panpina,
Zapata xabalekin soinmotx urdina,
Berak egina,
Elizako bidean arin-arina;
Mila sorgina!
Errege baldin banitz zer erregina!
|