www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Semetxia
Etienne Decrept
1917, 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Semetchia, Etienne Decrept. Bulletin de la Societé des Sciences Lettres, Arts et d'Etudes Régionales de Bayonne, 1923, T. XLIV.

 

 

  hurrengoa

SEMETXIA

 

Gure denborako gertakari bat, egite batian bildua

 

 

HITZKARI ETA KANTARIAK:

 

MAJALEN: 26 urthe, Elhorreneko andre gaztia.

ERREMUN: 18 urthe, Majalenen anaia, soldado berri bat.

BEÑAT: 50 urthe (semeitxia), soldado zahar bat.

PIARREXUME: 65 urthe, letrazallia.

 

        Gertakaria etxe eder baten ezkaatzian iragaiten da. Gibelian, kanpoko athia bi leihoo berinadun handiren artian. Eskoñ eta ezker, geletako eta sukaldekoa athiak. Erdian, mahañ zabal bat untzi loredun eta ahide itxurez estalia. Hor eta hemenka, armario, kutxa eta jartokioak. Ainzinian, josteko tresna (maxina).

 

 

LEHEN AGER-ALDIA

 

MAJALEN, tresnari buruz jarririk, hari da mokanes azpiltzen bere gerlako semeitxiarenzat. Kadira baten gañian metatu d¡tu galtzerdi, barneko, gerriko eta mokanes zenbait; bertze batian xokolot eta xardiñak, soldadoari igortzeko.

 

MAJALEN: (lanian eta kantaz)

                Bakian Biziak ez baitzuen naski

                Bihotzen hausteko pairamenik aski,

                Errege batek —bai eta nola!—

                Xurgatu dauku gure odola:

                Mundu osua zaurtu nahi zuen naski

                Ez ginuelakotz pairamenik aski...

        Mokanesa metaren gañian ematen duelarik: Aparte:

                Eztu xorteak nere zathia

                        Aphaindu xuriz;

                Zuria holatsu, semebitxia,

                        Nere iduriz...

        Berritz hasten da josten, eta kantatzen du aire bera.

                Haren zafraldiez bainago hezia,

                Dakit zer amaizun daukagun bizia.

                Nere hortzetan hirriak eztu

                Hitz eztendunik behiñ xorroxtu.

                Ez bainintzen harek osoki hezia,

                Erregek borthiztu daut nere bizia.

        Zakutua dilindan, Piarrexume sarizen da.

 

 

BIGARREN AGER-ALDIA

 

MAJALEN — PIARREXUME

 

PIARREXUME: Majalen iduri du zuretzat egiña kantu horrek.

MAJALEN: Ororentzat, Piarrexume. Bakotxak badi u bere ziñak eta miñak. Ez duzu uste nere gerlako semeitxi hunek bazituela beriak, munduan nihor gabe zelarik bere laguntzeko eta atxikiteko?

PIARREXUME: Zu bezalako amatxi bat atzeman duenaz geroztik, ez da dohakabe, gizona. Harenzat ditutzu oraino puska horiek, segur!

MAJALEN: Bai. Bizkitartian, hemendik aintziñat, anaiak ere beharko ditu.

PIARREXUME: (guthun (letra) bat zakutotik ateratzen duelarik) Egia. Erremun ere badoha egun. Orit zu zure semeitxiaren berriak.

MAJALEN: (irakurtzen duelarik guthuna) To! Sendatu zauku arras gure semeitxi! Hamabortz egunenzat ethortzen omen da...

PIARREXUME: Ho! ho! Majalen, kasu! Mutiko pullit eta gisakoa balin bada.

MAJALEN: (hirriz) Senhar bat nahi izan banu, ez nioten gerlako ixtripueri galdetuko.

PIARREXUME: Ez da gauza bera. Hunen alde baduzu jadanik jaidura pitta bat! Bakhar delakotz, beldurgabe delakotz, abantzu azken jauzia egin duelakotz. Aitzaki hoik guziak gozoki mintzo zaizko zu bezalako andere ezti bati, Majalen.

MAJALEN: (baso bat arno ematen diolarik) Ori, Piarrexume. Edaazu xorta bat. Ez da hemen senharrik sartuko, ez bada etxeko semia senhartzen. Badakizu, nik beziñ ongi, Elhorreniari zer elhorri ekharri dioen azken senharrak, nere aitak.

PIARREXUME: Badakit, Majalen. Aspalditik ezagutzen ditut etxe huntako elhorriak, bañan bai lore xuri paregabiak ere. Eta ez da nihun errana loriak ez zaizkotela, azkenian, elhorrieri nausituko.

MAJALEN: Jainkoak entzun zaitzala. Edaazu Piarrexume: Arno hori berotuko da.

PIARREXUME: Zure osagarriari, Majalen! (edaten du)

MAJALEN: On dagizula.

 

Sartzen da Erremun soldado jaunzturan.

 

 

HIRURGARREN AGER-ALDIA

 

MAJALEN — PIARREXUME — ERREMUN

 

ERREMUN: To! Hor zare «la classe»! Berri onak ditugu?

PIARREXUME: (hirriz) Bethi berak. Etzaukek gerla akabaturik ez baduzue, soldado kozkorrek, kasla tzar hura xehakatzen.

ERREMUN: Gure ahalak eginen ditugu.

MAJALEN: (guthuna eskañirik) Irakur zazu. Nere semeitxia ethortzekoa dugu egun hautarik batez.

ERREMUN: Egun ethorri beharko du, nahi banau ezagutu.

PIARREXUME: Sarri zohazte beraz, azkenik alxatuak?

ERREMUN: Ez, ez. Azkenen aintzinekoak.

MAJALEN: (ilhundua) Haurrak ere gerla okhaztagarri hunek iretsiko dauzkigu.

ERREMUN: (eztiki) Ez dire denak gelditzen ipharreko izaketan. Beha zazu, zure semeitxia ez den ederki atheratu gudu hoitarik!

MAJALEN: (saminki) Bai ederki? Begi bat abantzu galdurik, gorphutz guzia sakhaildurik, sei ilhabele eritegian egoturik!... Laneko ere on othe de gizon ondikozko hori?

ERREMUN: Lagunduko duzu, Majalen, ez naiz hortaz lotsa.

 

Majalenek begietarat eskua ematen du.

 

MAJALEN: Erremun, ez dut zu baizik munduan. Anaia baño gihiagoki seme zaitut eta ama baten hersturak orai datxiko nere bihotzari.

ERREMUN: (mazela ferekatzen diolarik) Badakit, Majalen. Nere ama gutti ezagutu dut: Zu zaitut egiazko amatto. Etzazula bada zure semia etsiaraz zure nigarrez.

        Kantatzen du bere besoetan harturik.

                Ez, egiñ nigarrik, arrena nirea,

                Aski baitzaituzte jan begitartea.

                Nere musuenzat ez luke tokirik

                Eerrekak bazintu bi begietarik...

                Ezinbertze hunek baigaitu itzuli,

                Bihotzak behar du burdiñez estali.

                Zaudez orai arte nik ezagutua:

                Ukhaldi tzarrenek eziñ garhaitua.

        Mahaña erakusten diolarik:

                Orhoitzapenekiñ etzare bakharrik:

                Majalen maitea, ez egiñ nigarrik.

PIARREXUME:

                Orhoitzapenekiñ etzare bakharrik:

                Majalen maitea, ez egiñ nigarrik.

MAJALEN: (borthiztua)

                Idortuko ditut nere begi zolak,

                Ez haur maite hunen indarrik hausteko;

                Bañan zertarako gintuen axolak

                Berritz eta berritz griñetan sartzeko?

                Ama, arrebarik, andrerik badute

                Izigarrikeri hoikien nausiek?

                Ala errabia zaukaten berthute?

PIARREXUME:

                Hola deitzen dute

                Ditugun etsaiek.

MAJALEN: (finki)

                Har bezate beraz merezi dutena,

                Gure itzul dadin gerletan azkena.

HIRUEK:

MAJALEN:

                Franzia! Zu! gure erregiña,

                Amadioz emeki egiña,

                Basa gizon kasta batek zaitu

                Zangopetan nahi porroskatu.

ERREMUN ETA PIARREXUME:

                O, Frantzia! Zure haur khartsuak

                Zuri daudez korropillatuak.

MAJALEN:

                Ama ona, ez izan beldurrik...

                Zer litake lurra zu galdurik,

                Baitiozu erain, o Frantzia,

                Edertasun guzien hazia...       

HIRUEK:

                Baitiozu erain etc. ... hazia.

PIARREXUME: Hola mutill. Egizue guk 70an egin dugun baño hobeki —ez gure faltaz hargatik— eta izanen zaizte, mendez mende guziez goretsiak. Ez baihaut ikhusiko, beharbada, nere itzulitik sartzian, bi hitz: Izan hadi bethi eskualdun: Ixill, zuhur eta bihotzdun.

ERREMUN: (hirriz) Bi pertsu? Millesker, Piarrexume. Oraino elgar ikhusiko dugu. Ez dautet soñetik larrua errexki kenduko, basa gizonek.

 

Badoha Piarrexume.

 

 

LAUGARREN AGER-ALDIA

 

MAJALEN, ERREMUN

 

MAJALEN: (Majalen jartzen da mahañari buruz eta nigar egiten du)

ERREMUN: Hots, Majalen, hots! Norat egiñ da zure hazkartasuna? Ez dautzute, beraz, trebesiek erakutsi gerthakari gaixtoetarik aldaratzen? Egungoa zer da iragan direneri erkaturik? Nere urruntziak eta gure aita higuingarriaren ihesak, etxia, andre eria eta hirur haur utzirik zure hamahirur urthetako eskuetan, ez dezakete hedoi berdiña utz zure arimari... Halako egun ilhunak gizon baten indarrarekin jasan eta, orai emaztekitu behar zare bada, Majalen? Alxa bihotza, tenoreak galdetzen duen bezain gora edo, bertzenaz, ni jartzen naiz familiaren buruzagi. Etzauzuke eder hemezortzi urthetako etxeko jaun bat, Majalen?

MAJALEN: (erdi hirriz, begiak xukatzen dituetarik) Haur alegera bat zare, Erremun. Etzaitut gutitu nahi nere ahuleziaz. Atxikazu artha handiz zure arraitasuna.

ERREMUN: (musu bat ematen diolarik) Hola Majalen, hola ikhusi behar zaitut; Piarrexumek nahi bezain animutsu izanen naiz, asma badezaket zu soseguan zagozila. (Ixiltze bat) Nere puxketerien antolatzerat noha.

 

Sartzen da gelan.

 

BORTZGARREN AGER-ALDIA

 

MAJALEN

 

Majalenek hartzen dilu iduriak (edo potretak) bat banazka eta behatzen luzeki; gero kantatzen du:

 

        AMARENARI:

                Zuk ama ikhasi duzu,

                Bizi labur batian,

                Zorigaitza nola dagon

                Xutik gure athian.

                Ohartzen etziñelarik

                Zure xokho eztian,

                Bihotza lehertu dautzu

                Bi eskuen artian.

 

        BI HAURRIDENERI:

                Eta zuek, nere aingeruak,

                Herioak goizegi hartuak,

                Zuek biak hamabi urthetan

                Gan ziñelen... harat!... kasik betan...

                Bai aspaldi dakit badutala

                Atsekabez ereman ahala        

 

        AITARENARI:

                Aita! aita! Eziñ barhhatua!...       

                Zenbat aldiz madarikatua...

                Gure phenez zu zare hobendun...

                Zu, xoilki, zu! Aita... Bañan egun

                Nere herra hasi zait gutitzen.

                Itxura hau, zuk utzia hor zen,

                Hobenaren lekhuko bezala...

                Eta orai, dakit eztudala

                Zure hutsen jotzeko eskurik...

                Zaude beraz bertzekiñ lothurik!

 

Itxurak bat bertziaren gañian
ibentzen (edo pausatzen) ditu.

 

        OTHOITZA

                Jainko Jauna, harzatzu guziak:

                Aita, ama, arreba, anaiak!

                —Hobenduri edo hobengabe—

                Baitzare zu, Jauna, denen jabe.

 

Othoitza hasten duelarik, sartu da soldado adiñeko bat, den baño zaharrago iduri du. Begitartia, bizar laur egunetako batez estalia du (ez luziago) eta oihal xuri batez kopetaren erditik aho xokhoraño, begi ezkerra tapatzen diolarik oihal beltz batek.

 

 

SEIGARREN AGER-ALDIA

 

MAJALEN, BEÑAT (soldado zaharra)

 

BEÑAT: (boza dardaretan) Egun on, andria.

MAJALEN: (harritua) Ha! zer boza! Nor zare zu?

BEÑAT: (herabe) Zure... zure semeitxia, gerlakoa.

MAJALEN: (hatsa harturik) Ah!... zu zare... Beñat?

BEÑAT: Bai        ni... Ustegabetan heltzen naiz?

MAJALEN: (oraño harrituxia) Ez! ez! zure guthuna izan dut orai berian, ber-berian.

BEÑAT: Bai. Hamabortz egunen permisionia ardietsi dut. Barkha datazu nere ausartzia, galdetu badautzut zure aldian ephe labur horren iragaitia... Amatxi... Harrituxia ziñen sartu naizenian.

MAJALEN: Ez. Ez. Zure bozak harri-arazi nau.

BEÑAT: (erdi hirriz) Gure bozek orai dirurite bertze mundutik sartzen direla.

MAJALEN: Etzen hori. Ez dezakezu jakiñ nere goguak zer zabillan, eta, gañerat, ez ninzen oraño zure ethortziari ohitua.

BEÑAT: (beroki) Ez ni ere. Ez nuen amesten hoin laster hurbil nindaitzukela.

MAJALEN: (herabetua) Nere anaiari oihu egiñen diot; bozkariotuko da zure ikhustiaz. Hitz dautzut berantetsia zintuela.

BEÑAT: (eztiki) Gaxo haurra. Nitaz mintzo ziñeten naski, batzuetan?

MAJALEN: Egun guziz. Nahiko ginuen jakiñ —harek bereziki— zer adiñ, zer begitarte, zer familia zintuen.

BEÑAT: Nituen? Egia diozu... Ditudan, orai, hobeki litake. Zu zaitut amatxi, nere familia guzia, nahi banauzu etxekotzat hartu.

MAJALEN: (arraiki) Hartu zaitut, semeitxitzat hartu zaitudanian. Piarrexume, gure letrazalliak, nahiko zintuen urrunago helarazi gure ahidetasunian. (Hirri hari da aphur bat) Mutiko gazte, pollit... Ah! ah! ah! (oihu egiten du) Erremun! Erremun! zatoian!

 

Sartzen da Erremun.

 

 

ZAZPIGARREN AGER-ALDIA

 

MAJALEN, BEÑAT, ERREMUN

 

MAJALEN: (alegeraki) Huna, Erremun, zure koñat gaia, Piarrexumeren nahiaz bederen.

BEÑAT: Etzaitela nitaz trufa, Amatxi; berrogoi eta hamar urthe baditut.

ERREMUN: (gozoki) To! To! Beñat zaitugu beraz? Zer ziñen engaiatu adiñ hortan?

BEÑAT: Engaiatu, bai, hauzi handi batian nere hobenen irabazteko.

ERREMUN: (bortzekua ematen diolarik) Ala jokua! Llagun, etzaituzte goxoki erabilli.

BEÑAT: (arraiki) Edertu naiz. Ikhusi baninduzue hastian... handik lekhora!

ERREMUN: Bero egiten zuen?

BEÑAT: Askitto. Gu zaharrentzat bereziki, ez baiginuen aprendizkorik egiñ ordu arte. Bañan, behar denian bere burua erakutsi ez da ez zahar ez gazterik: Eginbidiak manatzen zaitu.

MAJALEN: Bai, eginbidiak. Biziko okasione guzietan agertzen zauku eginbidia.

BEÑAT: (hazkarki) Badakit. Eta noizpeit ahantzi dutalakotz, aise emanen nuen nere bizia Frantziari, aintzindariek etsaiari buruz itzuli gaituztenian.

MAJALEN: Hañitz erori zarete?

BEÑAT: Lehenbiziko tiroñetik ez da bihirik gelditu. Bigarrenak ukitu ditu doidoia izakak. Azkenian, guria aintzinatu denian, potikoka, errestaka, egon ziren arbola motzorro edo harrasi demendrenen gibelian gerizatuz, alemanen sua iraungituxia zen, eta sartu gare debruak eginikako hildo hetan. Ala fede! gure hillak ongi mendekatuak izatu dire. Zer sarraskia! nere haur maitiak.

MAJALEN: Jesus!...

BEÑAT: Ez da han jostetarik. Eta, gehiagoko dena, hasteko beldur, izialdura harek etzaitu kordokatzen. Beharrietako burrunba batek xoratzen bezala zaitu eta bazoazi, erdi itsutua, erdi mozkortua, gorphutz hill bat xirimolaren erdian iduri.

ERREMUN: Beharrik.

BEÑAT: Gero da, gero itzulia, zoramendu hortarik atheratzian (hirriz) Ez bagindu orduan xahakoan datxikagun hori edo gorri hura, ez dakit zenbeitek ihardok zindezoketen iñarrosaldiari.

MAJALEN: Sinesten zaitut.

BEÑAT: (gozoki) Gogoeta horiek nabilzkalarik, nere sentimenduak ez baitziren naski beren tenorekoak, barrataplan! hor erortzen zauzku eltze deritzaten hetarik bia izakaren xokhorik segurrenerat. Geroztik jakin dut, zer lan egin zaukuten. Dozena bat gizon suntsitu eta bertze hainbertze kolpatu itsuski, ni hautan. Dakidana da su izigarri baten barnian gertatu naizela eta hartan agertu zauzkidala zuen begitarte maitatuak.

ERREMUN: (hirriz) Guriak?

BEÑAT: Edo ematen zindazkidatenak.

MAJALEN: (zorrozki behatzen duelarik) Iterik bazuten?

BEÑAT: Zuk uste baino handiagoa.

MAJALEN: Erasian hari gare eta ez dautzut galdetzen egarri eta gose zarenez.

BEÑAT: Ez! ez! Bidian ederki jan dut. Galdetuko dautzut bakharrik ur xorta bat, garbitzeko.

MAJALEN: Zure gelaren egiterat noha. Gure ama gaixoa hil geroztik nihork ez du lorik egin gu sorthu garen ohian... Nahi baduzu xerlotsu aire hori utzi?...

BEÑAT: Xerlotsua zer da?

MAJALEN: (hirriz) Iletsua. Frantsesez «Poilu» derizatena.

 

Beñat eta Erremun hirriz hari dire.

 

MAJALEN: (harritua) Zer hirri bitxia duzun?

BEÑAT: Nere boza bezalakoa, naski...

MAJALEN: Entzun dut: Bertze mundukoa. Beraz, mundu aphal huntarat zure berritz helarazteko, mahañaren gañian emanen dauzkitzut gure aita zenaren bizar nabalak.

ERREMUN: Aita zenaren?...

MAJALEN: (idorki) Ez othe da hil balitz bezala guretzat? (Beñati) Eta nahi badauztatzu soldado arropa horiek utzi, garbiarazteko eta sarestatzeko, ohiaren gañian kausituko ditutzu erranikako gizon beraren jaunzturak. Zure hiñsukoa zen. Gizenxago beharbada.

BEÑAT: (hirriz) Bah!... Gerrikoa tinkatuko dut... han bezala batzuetan.

 

Majalen sartzen da eskoñeko gelan.

 

 

ZORTZIGARREN AGER-ALDIA

 

BEÑAT, ERREMUN

 

BEÑAT: (herabeki) Aita zena! Ezagutzen zaituzten batek erran daut etzinakitela zuzenki, hil edo bizi den oraño zuen a¡ta.

ERREMUN: Ah! ah! Erran dauzkizu ere, ezagun horrek, gure aitaren balentriak?

BEÑAT: Denak erran dauzki. Bortzetarik, bia gelditu zaiztela bakharrik.

ERREMUN: Eta Majalen hamahirur urthetan izan dela aitak eginikako familiaren sustengua.

BEÑAT: Erran daut, gizon berak, sobera gazterik ezkondu zela zuen aita. Hogoi eta hirur urthetan... Haurxko!...

ERREMUN: Aitzaki ederra!

BEÑAT: Zuk ez dezakezu preza aitzaki hori. Ez dut erran nahi zuen aitak urrikalmendurik merezi duela, eta segur naiz denborak erakutsi diola bere hobenaren handitasuna; bañan, ez ahantz nik errana: Ezkontza gaztegiari asko behar eztenik darraizkola.

ERREMUN: (hirriz) Ez naiz hortan!...

ERREMUN: (kantatzen du)

                Andere Gerla xoilki dut

                Orai emaztegaia.

                Erriz-iriñak ez dio

                Aingerutzen bisaia.

                Xuri orde, gorriz dakhar

                Ezteietako zaia...

                Lo luze batenzat dagi

                Gure ohe nasaia.

BEÑAT:

                Umezurtzaren ariman

                Goizik dabil negua.

                Hartarik ethorri zautzu

                Daukazun sosegua.

                Balaki eman dautzunak

                Zertan duzun gogua,

                Ikhus luke aintziñetik

                Zor zaion gaztigua.

ERREMUN: (nahasixko)

                Orai, hobe dugu gathez libro izan,

                Hurbill dugun batek bi hitzez ez detzan

                Bihotzak zartaraz eta zailak bihur...

                Majalenek eman detzula bi ahur

                Hogoi liberako muthill gazte huni

                Eta utz gu biak, Beñat, zu eta ni,

                Nigarren azpian urtharazi gabe...

                Ez naiz, nere ustez. khexu ez herabe,

                Bañan kalte zauzkit erasi luziak...

        (xutiturik)

                Sor beitez gudari hurriki heziak!...

BEÑAT: (izitua)

                Erremun! Erremun! Etzaitela bero

                Sukharrak ixtant bat baizik ez du: Gero

                Gorplurtza dagoku kasik ahitua.

                Emazu nerekiñ hazkarren kantua!


* * *


ERREMUN:

                        Gizon hazkarrak.

                        Gazte zaharrak,

                Sunsitzen ditu endaren kharrak.

BEÑAT:

                        Aitorren ume,

                        Ez daizte zume

                Axalez egiñ bizkar hezurrak...

BIEK:

                        Buruak gogor,

                        Nahiak idor,

                Non hert detzake basen beldurrak!...

ERREMUN:

                        Onheste hotza,

                        Erasi motza,

                Eskuan burdiñ eta izotza.

BEÑAT:

                        Lagunik aski

                        Izanez naski,

                Urruntzen dute jende arrotza...

BIEK:

                        Segur hortako

                        Ziñez dohako

                Hautatuari heien bihotza!

 

Majalen sartu da bigarren kopla kantatzen zutelarik
eta izitua bezala dago.

 

 

BEDERATZIGARREN AGER-ALDIA

 

BEÑAT — ERREMUN — MAJALEN

 

MAJALEN: (hatsik gabe) Beñat!... Zure... Zure... aldatzekoak hor ditutzu.

BEÑAT: (behatzen duelarik) Millesker.

MAJALEN: (harrituxia Majaleni) Zer debru duzu? Iduri du suge bat aurkitu dela Beñaten arropetan.

 

Beñat sartzen da eskoñeko gelan.

 

 

HAMARGARREN AGER-ALDIA

 

ERREMUN — MAJALEN

 

Majalen lehenik badoha Beñaten gelaraño, athia ongi hetsia denez ikhusteko, eta, hats bahi, begiak xoratuak, lasterka hurbiltze da Erramunenganat.

 

MAJALEN: Erremun!... Erremun!... Ez duzu boz hori ezagutzen?

ERREMUN: Ez... boz ederra da.

MAJALEN: Etzare orhoitzen holako boz bera lehen... aspaldi... entzunik?

ERREMUN: Oh!... Holako bozak nunnahi badire... (ixiltze bat)

MAJALEN: Bai! Ba¡! Baditake... Bañan... boz hoikien jabiek ez dituzte holako begiak eta holako hirri bitxiak... ez eta ere, noiztenka, holako jestuak.

ERREMUN: (hirriz) Bo! Bo! Horra bada emazteki baten idurikundia!... Noren egite kausitzen diozu, Beñati?

MAJALEN: Egia errateko... nihorena... Bardiñ, ametsetan ikhusi duket. Hau bezalako... ezagun bat.

ERREMUN: Nik uste, semeitxiaz amets egin eta hau bezalatsuko gizon bat ikhusi bide duzu... eta orai iduritzen zautzu nunbeit, lehen, ezagutu duzula. (ixiltze luze bat)

MAJALEN: Baditake... hargatik!...

 

Mahañeko iduriak bat banazka erhietan derabilzka.

Ixiltze luze bat.

 

MAJALEN: Ah!...

ERREMUN: (hirriz) Zer duzu? Delako suge hura?

MAJALEN: (iduri bat eskañirik Erremuni) Erremun! Erremun! Beha zazu.

 

Beñat sartzen da, bizarra egiñik, trapuak kendurik.
Elhorreneko etxeko jaun ohiaren arropak jauntzirik.

 

MAJALEN, ERREMUN: (¡duria eskuan) Oh!... Aita!... Aita!...

 

 

HAMEKAGARREN AGER-ALDIA

 

MAJALEN, ERREMUN, BEÑAT

 

Majalen, izitiritu izigarri bat egiñik, erori da,
burzoratua, Erremunen besoetarat...

 

BEÑAT: (lasterka jarraikitzen zaio Majaleni eta bi eskuak bere eskuetan tinkaturik, espantatuki:) Majalen! Majalen! Bai! Ni naiz zure aita... zure aita urrikiak zuenganat erakartzen duena. Majalen! Atzar zaite. Bazindaki zer pairatu dutan: zer atsekabetarat zuen eskasiak jautsarazi nauen! Bazindaki zorion baten pare erori zaitala arimarat gerla lazgarri hunen berria! Majalen! Erremun! Ez dezakezue asma zoin dohakahe egon naizen nere bekhatuaren phartelierrak, nere xendian, nik zuek bezala, harek ere utzi nauenian gazteago bati jarraikitzeko. Xoil! xoil! mundu zabal huntan! Orduan, Majalen, orduan ezagutu dut nere hobenaren khirestasuna. Majalen! Jainkoatz! egungo zorigaitzek hoin harrigarriki elgarganatu gaituztenian urrikhal zakizkit! Huts handienak behar diztute gizonek elgarri barkhatu denbora ikharagarri hautan.

 

Mintzo delarik, eztiki, Beñatek edo Elhorrenek hartu du
Majalen Erremunen besoetarik eta beretarat bildu.

 

MAJALEN: (atzarririk) Aita!... Amak hilzerakoan, barkhatu zauzkitzun zure hobenak. Nola, ni, zure odoletik atheratua, ni zure haurra, haur funtsgabeko bat gelditua, nola nindakoke gogor eta berritsu?

BEÑAT: (Majalen besarkaturik) Barkhatzen dautazu beraz, Majalen, nere haur maitia? Majalen.

 

(Ixiltze bat).

 

ERREMUN: (arraiki) Erradazu aita!... Ni ere hemen naiz... gero!...

BEÑAT: (Erremuni beso eskoña eskañirik) Bai... Erremun! Biak! Biak bat an zatozte!

 

(Ixiltze luze bat).

 

MAJALEN: (bozkariotua, kantatzen du)

                Nola erhautsa haiziak,

                Bere hats batez biziak

                Gure oñhaze guziak

                Barraiatuko dauzkigu.

BEÑAT: (Elhorrene)

                Orhoitzapen borthitzenak,

                Bihotz miñ ahalkorrenak,

                Nigar ezin gordeenak,

                Baitzazko aski gaztigu.

HIRUEK:

                Ethorkizuna dezagun

                Billakaraz gure lagun,

                Gauden, bihar, nola egun,

                Atxiki eta ordongu...

 

ESTALKIA

 

Bidarten egina 1917ko jorrallian

 

  hurrengoa