www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio eta ipuinak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
XX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

  hurrengoa

MANDOZAINAREN IXTORIOA

 

        Ez da egungoa ixtorio hau: gure zaharretarik ikasia dugu, guk, eta berenetarik, hek. Egiaren itxura guziak baititu, doala hemen halere, bertzeak bezala.

        Behin, etxeko-aldi labur bat egin eta, mendiz-mendi berritz Salamankarat zoazin bi muthil gazte koxkor. Hamazazpira urthe zuten naski; burua bero eta moltsa arin.

        Horra nun, han nonbeit, urrun-urrunean, norbeit ikusten duten, mandoz zoala.

        —Esak, to, lagun, batek dio bertzeari: ez dek ori gure erriko mandozaña?

        —Bazukek: aski maiz mendian zabillak.

        —To, planta guzia ala dik, bere bi mandoekin...

        —Goazen bixi bixia, ikusteko bada.

        Eta zanpa zanpa badoazi, iratzez-iratze, othaskaz-othaska, beren gizona begietarik galdu gabe, laster baino lasterrago atxemateko xedearekin, mugazaina kontrabandixtaren ondotik bezala.

        Eta han, bethi nonbeit, gure mandozaina traka-traka bazoan, ez lo, ba lo, mando kankail baten gainean ixtapeka, bigarren mando bat lehenaren buztanari estekatua. Urhats hortan, mandozain eta mando, denak lokarturik ere ez da harritzeko. Noiz-nahi bidearen erdian, tente gelditua zen bigarren mandoa. Oihu handi bat egiten zion orduan mandozainak, begiak ideki gabe:

        —Hüe zak ba, mando demonioa!

 

* * *

 

        Bai, bai: hüe zak mando demonioa segurki, bainan nausia lo dagolarik nork atzarria axik muthila? Ehun urhatsen buruko, berritz tente-potente han zagon mandoa, eta berritz oihu egin behar zion, bere loaren erditik, mandozainak:

        —Hüe, mando, hüe zak demonio!

 

* * *

 

        Denbora bazoan arte hortan eta izerdi ur eginak, horra nun ehun bat urhatsetan, othaska zokho batetarik, bet betan agertzen diren bi muthil gazte koxkorrak.

        —Ikusten dek gure erriko mandozaña dela!

        —Ura eta bera, ala jokoa!

        —Esak. Bigarren mando ori ebatsi bagiñezo!

        —Nola egin ordean?

        —Ik artuko dek mandoa, nausia atzar-arazi gabe eta ahal bezen laster gordeko aiz nobeit, mendi orren gibelean...

        —Eta denbora ortan nausia zerbeiti oartzen bazaio emen?

        —Emengoa bego nere gañ.

        Eta hitzartu bezala egiten dute. Batek ebasten du mandoa, berehala ihesari lotzen da... eta bertzea ematen lehen mandoaren buztanetik, soka bere lephoan inguraturik, ebatsi mandoaren orde.

        Erran gabe doa, deuseri etzela den gutienekorik ohartu mandozaina eta arras lokartuko ere zela naski azkenekotz mandoak bezala egiteko, tente bidean gelditu ez balitz noizean behinka gure muthil tzar eta ozarra.

        Han-harat zoan ordukotz bertzea bere mandoarekin, mendi kaskoan gaindi, gibelaldea biribil...

        —To orai diak nik ere hemendik zerbeit gisaz eskapatzeko heina, dio orduan bere baitan mandoaren buztanetik gelditu denak. Eta tank hantxe badago, lurrean itzatu baliozkate bezala zangoak...

        —Arraio milla demonio, zer duk ik egun ola gelditzeko, deraso mandozainak! Hüe, urde alperra...

        Ba bainan mandoa ez baita mugitzen oraikoan!

        Itzultzen da mandozaina orduan! Eta zer du ikusten? Bere mandoaren orde, gizon bat. Harritzen da. Harritzen eta lotsatzen.

        —Jaungoikoa! Zer da modu au? Nun da nere mandoa?

        —Zure mandoa ez da geyago mando!

        —Zer derasazu, adixkidea? Zer gertatzen da bada?

        —Egia, una. Egun duela amar urte pekatu andi, izugarri bat egin nuen eta ordu berean, Jaungoikuak ala manaturik, amar urterentzat mando billakatu! Jaungoikuak begira zaitzala zu ere sekulan alako pekatuan erortzetik...

        —Gizajo maitea!

        —Doidoia billakatua nintzen berritz gizon, zu oihuka asi zarelarik.

        —Ken zazu laster soka ori lepotik!

        —Ori, lan errexa da.

        —Eta orai zoazi laster zure etxerat. Zer atsegiña izango duten zure aita-amek!

        —Esazu berritz!

        —Zoazi adixkidea; bai, zoazi laster eta otoi barka nik amar urte oitan eman daizkitzudan palokaldi guziak!

        —Denak gogo onez barkatzen daizkitzut.

        —Eskerrik asko. Tori bideko bortz liberako au...

        —Nik zuri eskerrik asko. Eta ikus arte oraiñ!

        —Bai, ikusarte. Jaungoikoak nai badu...

        Eta muthiko tzarra lasterka abiatzen da mendiari gora, gibelaldean su balu bezala, bere laguna mando gainean gorde zaion othaskari buruz, gaizo mandozaina harritua han berean utzi eta.

 

* * *

 

        Iruñako feriak ziren handik hamar egunen buruan. Zoko batean, mando zahar bat saltzeko. Beharrez harat joa baitu mandozainak, hurbiltzen zaio mandoari.

        —To, au nere mandoa duk-eta! dio bere buruarekin.

        Beha aintzinetik, beha gibeletik: ahoa mia, mia buztana: eta berritz bardin iduritzen, bere mandoa duela. Hurbiltzen zaio beharrirat.

        —Esazu, adixkidea! Lengo pekatu andi artan erori ahal zare berritz?

        Burfuria hori beharrian aditzearekin, mandoa kexatzen da eta eskuin eta ezker abiatzen du burua.

        —Ezetz diozu? Nonbeit bada zerbeit haatik?

        Eta bertze beharrirat badoa.

        —Esazu? Lengo peaktu andi artan erori ahal zare berritz, adixkidea?

        Ezetz berritz ere mandoak.

        Beha handik, beha hemendik berritz mandozainak eta nihundik hura duela iduritzen oraino. Hirurgarren aldikotz badoako beharri xilorat:

        —Esazu, adixkidea? Ez dut iñori salatuko: lehengo pekatu artan erori ahal zare?

        Ezetz.

        —Bertze alako zenbeitetan beraz?

        Eta ezetz, ezetz mandoak, gero eta gehiago eskuin eta ezker burua dabilkala, aski kexu.

        —Ezetz berritz ere? Ori, ezagutzen etzaituenak eros zaitzala! Nik etzaitut erosiko!

        Eta handik badoa gure mandozain gaizoa, furian.

 

* * *

 

        Han ibili zen orduan mandozaina harat eta hunat bere sekretua golkoan, nun zer ikusiko zuen. Ikusten ditu kuya eder batzu.

        —Zer dire oriek?

        Zozosko norbeitekin duela egiteko iduriturik, jabeak:

        —Oriek zer diren? Eta, mando arroltzeak!

        —Saltzeko ditutzu? Bat nai nuke.

        Baietz. Egiten dute tratua eta, bere kuya besazpian mandozaina badoa, bihotza atseginez gainditua.

 

* * *

 

        Zenbat iraun zion atsegin horrek erratea ez da errex. Oren bat, beharbada biga, beharbada hirur: gehiagokorik ez bethi. Ezen horra nun etxeari buruz zoalarik, mendia behera, besazpitik lerratzen zaion bere mando arroltzea. Hemen punpa, han punpa debruetan barna abiatu zen... kuya. Mandozaina gibeletik, oihuka:

        —Atoz, atoz, nere mandoa! Norat zoaz?

        Kuya porroskatzen da hainbertzenarekin, harroka bat jorik, eta hain xuxen erbi bat handik haizatzen, ikhara gorrian.

        Laster ohartu zitzaion mandozaina.

        —Ara, ara nere mandoa: arto bihi kolorea: nik bear bezalakoa! Putx, putx, nere mandaka! Atoz nausiaren ganat! dio orroaz gaizoak, atoz, atoz! Ondikotz, ez baitzen ordean nausiaren ganat ethorri mandakarik ez mandaka arroltzerik!!!!

        Jaungoikoak daki nun ahal dabilan mando artho bihi kolorea. Dena dela, handik zortzi egun gabe, hil herrietarat zeramaten laur herritarrek gure mandozaina.

        Requiescat in pace! Bakean dagola!

LUTXURI

 

  hurrengoa