|
1. MISIÑOAREN SARBIDEA
(J, 1-12. or.)
Sicut missit me Pater, et ego mitto vos. Joan. 20. v. 21.
Barri onak, eta guztizko onak dakartzueguz, kristiñauak. Pekatupean bizi zareen pekatari errukigarriak, pekatu mortalaren katea gogorrakaz loturik, eta katigu zagozenok, poztu zaiteze. Zeuen arimeen salbaziñoagaz itxirik, edo erdi itxian, eta ernegadu aginean aurkituten zareenok, zabal zabal egizuez zeuen biotz estu-larri orreek, bada gaurko arratsaldean dator zeuek gana zeuen egillea, eta zeuen aita gozoa. Datortzue zeuek ainbeste bider zeuen pekatuakaz oñen-azpian erabili izan dozuen yaun errukior au, zeuek-gaz bakeak egitera, eta zeuen arimaak pekatuen karzela ilun-ikaragarri orretarik ateratera. Datorkizue Yesus zeuen, eta guztioen aita, ta erredentore maitagarria, zeuen arimaak pekatuen loikerietarik garbitutera, eta bere graziagaz edertutera, ta apaindutera. Ikusten dau daukazuezala zeuen arima orreek ikatz baltza bera baño bere baltzago; zagozela iya infernuan amilduteko, eta betiko galduak izateko bidean; eta onek erdibitu deutso bere biotz biguna; eta atera gurarik zeuek zeuen bide okerretarik, biralduten deutsue misiño santu au zeuen errira, zeuei adietan emoteko, bene benetan ondu gura badozue, prest dagoala bera baita ondo prest, zeuei parkatuteko, eta zeuen adiskide izateko.
Bai, neure erri noblea, Yaungoikoak bere erruki andiz biraldu gaituz ona neure lagun maitea ta ni; eta ori egiteko onetara ekarri dituz geure biotzak, eta beste guztienak bere: eta esan giñaike egia oso osoagaz, eta ao betean eze, etorri egin gareala alan gura izanik bertoko kabildu beneragarriak, yustiziako yaun prestuak, eta erriko zar-gazte, andi-txiki eta umegiñokoak. Eldu yako Yesus gozoari berak zeuri eta inguruetako erriai bere ontasuna erakusteko, eta mesede andiak egiteko izentadurik eukan aldia. Ai, N.N.! Zeinbat eta zeinbat izango ete dira zeure semeen artean, eta alborengo errietako semeen artean aspaldiko urteetan Ygkoa ganik igesi eta deslai dabiltzazanak? Zeinbat ete dira pekatuan bizi direanak, eta gaistakerian begi bietagiño ondaturik dagozanak? Ai! orain ementxe berton agertuko balituz geure guztioen barruak, zelan ikusiko ete gendukez geienen arimaak? Geienak zeuen pekatuakaz barrien barri kurutzean eskegi egin dozue Yesukristo geure yaun maitea; geienak pekatuakaz galdurik daukazue Ygkoaren grazia ederra, galdurik daukazue zerurako zeunkeen eskubidea: galdurik daukazue zeuen Ygko laztana; eta oraintxe elexa au beera baletor, eta guztiak azpian zapaldu, deretxat eze geienak infernurako izango ziñatekezala. Eztiñot nik au albastoan ta destaiuan: lar bere lar dakit zelan bizi direan gaurko egunean kristiñaurik geienak.
Baia, neure entzula maiteak, biotz zabala. Oraintxe da zeuen aldia: auxe da Jesus gozoak zeuei bere ontasuna erakusteko iminirik izan daben abegune ederra. Onetarako biraldu gaituz geu erri onetara; eta geuri dirausku beste aldi baten Apostolu santuai legetxe: sicut misit me Pater, et ego mitto vos. Neu neure aitak biraldu ninduan legetxe, alantxe nik bere zeuek biralduten zaituedaz. Ni yatzi nintzan mundura galdurik egozanak billatuten eta onduten, eta zeuek bere ori egiten yoan bear dozue. Nik ondu neban Samaria-ko emakume pekatuan askotan yausia: izango dira erri orretan bere zar-gazte asko seigarrenekoan sarri yausi izango direanak, eta oneek ondu bear deustazuez. Nik ona izatera ekarri neban santa Maria Madalenea, errian zer esan andiak imini zituzana: izango dira erri orretan bere, ta ez gitxi gitxi, euren pekatuakaz berba leku andia imini izango dabeenak, eta orreek ondu bear deustazuez. Nik san Pedro-ri ezagutu eragin neutsan bere deungaro egina, eta negar andiak egin zituzan bere biraoak gaitik, eta guzurraren ganeko yuramentu okerrak gaitik: badira erri orretan bere birao egiten dakienak, eta guzurragaz yuramentu egin izan dabeenak, eta ea orrei garbatu eragin al badeiozue alan egina. Nik atera neban san Mateo esku artean erabiltzazan tratu okerretatik; badira erri orretan bere tratu okerrak egiten dakiezanak, eta orrei galarazo bear deutsazuez alango tratuak. Nire esanagaitik Zakeok atzera emon zituzan ondasun deungaro irabaziak: badira erri orretan bere iñoena eureneturik eta mamiñ eginik daukeenak, eta orrei esan bear deutsazue erreskatak egiteko, eta bakotxari berea emoteko. Eta azkenean izango dira beste era askotako bekatariak, eta egin bear dozuez aleginak oneek pekatuetarik ateretako, nik atera nituzan legez adore bagarik egozan gizon kadenak, eta beste asko.
Ara emen zetarako biralduten gaituzan Yesus maiteak, eta zetarako etorri garean geu erri onetara: zeuek pekaturik aterata zerurako bidean iminteko. Ez zatoz, ez, zeuon ondasunen atzean (billa): zeuen etseak, zeuen basterrak, zeuen abereak, beekariak (giberriak, umerriak) zeuen esku-artekoak zeuentzako: geugaitik ortxe oso osorik geldituko yatzuez. Baia arimeen atzean gatoz, eta arimaak emon bear deuskuzuez, ez geuretzako, ezpada Jesus maitearentzako. Pekatuz baltziturik, eta bete beterik badaukazuez bere, ezta ezer orregaitik. Yaun onek eztau gura pekataria galdu dedin, eta betiko il dedin: gura dabena da ondu daiteala, eta betiko bizi daiteala. Itxi gura badozuez bada orain arteko bide okerrak, eta lengo pekatuai bein betiko agurra egin, eta Yaunaren esanak egiten dozuezala, gura badozue berak erakusten deutsuezan bide artezetatik ibili, berak artuko zaituez, berak parkatuko deutsuez pekatuak, eta gero, eriotzea ezkero eroango zaituez zeruko gloriara. Orretarako galdu bear dozuez orain arteko izkune txarrak, alde egin pekaturako izan dozuezan, eta izan daikezuezan bideetarik, itxi lagun deungaak, bakotxari berea biurtu, guztiakaz bakeak egin, berba baten emetik aurrera kristiñau on batzuk izan beartzare (dozue).
Baia alan egin bearrean, aurrera eroan gura badozuez orain arteko zantarkeriak, loikeriak, gorrotoak, biraoak, ordikeriak, lapurreriak eta osterantzeko pekatuak, yakin bear dozue eze, etzala Yesukristo bakarrik etorri mundura pekatariak ondutera, baita bere etorri zala pekatari gogortuak galdutera. Simeon santuak esan eutsan Maria santisimeari lelengo bere besoetan yaun au elexara eroan ebanean: yakin egizu eze, umetxu au izango dala asko galduteko, eta asko biztuteko: positus est hic in ruinam, et resurrectionem multorum. Eta alan misiño santua entzunda onduten ezpazare, bildur izan beartzare, zeuen buruen ganera etorriko dala yaunaren aserre gogorra. Bear bada auxe da Ygkoak zeuentzako daukan azkenengo grazia; bear bada auxe da azkenengo egingo deutsuen deia: eztozue bear bada beste misiñorik entzungo; beintzat yakina da guztiok entzungo eztozuela, eta zeuen zorigaistokoak, atan izanik, misiño onegaz balietan ezpazare.
Baia, nor izango da neure entzulen artean alan egingo dabena? Nok zarratuko (gortuko) dituz bere belarriak Yesus-en dei gozoak ez entzuteko? Nok gogortuko dau bere biotza Yesus-en dei gozoai ez erantzuteko? Ez, eztot uste alangorik izango danik. Biotzerik gura izan dozue misiñoa, gogo onagaz asi zare etorten; eta deretxat eze aleginak egingo dozuezala aurrera bere etorteko, zeuen arimaak garbituteko. Yangoikoaren bideetan sartuteko, eta aurrerantzean onak izateko. Eta au gogo obeagaz egin dagizuentzat esan bear deutsuet eze, elexa ama santuak bere orixe gura dabela, eta ori egitea gaitik guztizko induljenzia, eta parkamen ederrak aginduten deutsuezala.
Lelengo bada, misiño denporarako Aita Santuak emonik daukaz lau induljenzia plenaria, edo parkamen oso osoak. Lelengo parkamena irabazi lei misiñoak dirauan arteko edozein egunetan, eta edozein bere elexatan konfesadu, ta komulgaduta. Bigarrena, eta irugarrena irabazten dira geuk izentaduko doguzan komuniño jeneraleko egun bietarik baten, edozein elexatan konfesadu, eta gero elexa onetan komuniño santua artuta: eta bata egun atan berean irabazten da, ta bigarrena geratuten da eriotzako ordurako beste egun baten esango deutsuedan legez. Laugarrena arimeen funziñoa egingo dan egunean, edozein elexatan konfesadu ta komulgadu, eta elex'onetan oraziño eginda; baita egun atan bertoko altara guztiak dira purgatorioko arimea ateratekoak. Onezaz ganetik misiño santua entzun eskero, ilean bein daukazuez zazpi urte ta zazpi berrogei eguneko parkamenak konfesadu ta komuniño santua artuta. Entzuten duzuen doktrina bakotxeko eun eguneko parkamena. Iñor aginduten (botetan) badozue misiñoko doktrinara, edo etorteko biderik emoten badeutsazue, beste berreun egunekoa, eta au irabazi zinaie gurasoak, ugazabaak, eta ugazaba-andreak, zeuen umeak, eta ogitukoak (otseiñak) biralduta: Misiñoa esaten dan eguna bada bulda santuak dakazan estaziñoetako eguna, irabazten dira Erromako zazpi elexak ikusita (bisitauta) irabazi leitekezan induljenzia guztiak.
Oneek induljenziok irabazteko arimea pekatu mortalerik garbi izatez gane euki bear da guztien bulda santua, baita eskatu bear yako Ygkoari, arren bada begiratu dagiola bere elexa santuari, galdu dagizala herejia guztiak, ekarri dagizala hereje eta fedebagakoak bere lege santura, eta emon dagiela errege eta prinzipe katolikuai euren artean bake ona egiteko, eta alkar ondo artuteko grazia. Edo laburrago ta errazago, eskatuko deutsazue Ygkoari, aita santuak aginduten dituzan gauzaak gaitik. Ara zelango induljenzien ondasuntegia irabazi ziñaikeen misiñora etorrita. Eta obeto aditu (ulertu) dagizuen ondasun onen balioa, zerbait esan bear deutsuet induljenzien ganean.
Batek pekatu mortala egiten dabenean merezidu dituz infernuko betiko penaak. Konfesiño onaren bidez parkatuten deutso Ygkoak pekatua, eta kenduten deutso bere infernura bearra: baia ezteutso beti parkatuten pekatuaren zor guztia, zein kitadu ta pagadu bearko daben edo mundu onetan gauz'onak eginagaz, edo bestean purgatorioko pena ezin gogorragoakaz. Konfesoreak aginduten daben penitenziagaz bere ateraten da zor ori: baia ez orregaz bere beti guztia, ezta onago bere. Azaz ganetik pitian pitian egin daroaguz pekatu benialak, zeintzukaz bere zor andiak artu daroaguz geure lepo ganean. Elexa ama santuak emon gura leuskioe bere semeai zor orreek ateretako (pagetako) modua. Eta, zer deritxazue egiten dabela? Daukaz bere kontura Yesukristo-k emonda, Yesukristo beraren merezimentuakaz, Maria santisimearenak gaz, eta santu-santeenak gaz egiten direan ondasunen giltzaak. Ondasun orrek bada idigiten dituz, eta emoten deutse bere semeai gauza onen bat egiten dabeenean merezimentu oneetarik batzuetan geiago, batzuetan gitxiago zegaz atera, edo bai zegaz buruzpeeratu euren zorrak. Esaten yatzuenean bada induljenzia dagoala, edo irabazten dala, da esatea legez aita santuak, edo obispo yaunak zabaldu dabeela elexearen ondasun au, eta eurak esaten dabeena eginagaz artuten dogula, eurak emoten deuskuen beste ondasun, zegaz erantzun Yaunari deutsagun zorrari.
Induljenzia edo parkamen au da modu bitakoa, bata da osoa, ta bestea ez osoa. Induljenzia osoa da Ygkoari zor guztia pagetako bestekoa dana. Ez osoa da zorraren zati bat pagetako baxen eztana; kontu egizue zazpi urteko induljenzia, edo eun egunekoa. Eta entzuten dozuenean au edo au egin da, zazpi urteko induljenzia irabazten dala, eztozue uste bear eze, batek zazpi urtean purgatorioan egon bearko beeban, orren parkaziñoa irabazten dabela. Esan gura dabena da, egingo balituz batek antxina elexa santuak aginduta egin oi zirean zazpi urteko penitenziak, orregaz irabaziko eban gaña parkaziño irabazten dabela orain zazpi urteko induljenzia irabazita. Baia eztakigu geuk zeinbat parkatuko leuskion Ygkoak purgatorioko peneetatik zazpi urteko penitenzia egiten dabenari, eta orregaitik ezin esan giñaike zeinbat laburtuten yakan purgatorioan egon bearra zazpi urteko induljenzia irabazten dabenari. Baia alanbere beti da asko, eta geuk uste giñaikean baño askoz geiago.
Ea bada, neure entzula onak, aleginak egin bear dozuez ez galduteko, ez elexa ama santuak zabalduten deutsuezan induljenzia eta parkaziño ederrak, ezta Yesukristo-k beragaz bakeak egiteko opa deutsuen era ezin obea. Nagikeriak, eta gogo txarrak bost atxakia eta atzera-bide iminiko deutsuez ez etorteko: batzuetan esango deutsue lan estuak dozuezala, eta denpora asko galdu bear dozuela misiñora etorrita; beste batzuetan burura emongo deutsue, ea zer egingo dozuen emen ordu t'erdian misionisten kontuak entzuten, eta onetariko beste milla gauza. Diabrua bere ezta lo izango ea galarazo al baleizuez arimako ondasunak. Baia zeuek kontu egin bear dozue eze, bear bada misiñora etortean dagoala zeuen betiko salbaziñoa: eta deritxat eze, alan izango dala zeuen arteko askorentzat. Lanak barriz, goxagotxu yagi, bearrari gogoz ekin, eta alan aurreratu ta biribilduko dozuez. Eztozue eguño entzun izango misiñora etorteagaitik iñor pobretu ta meetu izan dala, edo arto ta gari gitxiago artu izan dala. Ai! balegoz or alboko erriren baten ilteko zezen entzute andiko batzuk, nonbaistebere elitzake lan esturik izango: elitxakio luze eretxiko ango egon bearrari.
Baita bear bada bateri bateri entzungo deutsazue geuk misionistok argiroegi berba egin daroagula, askoren begiak pekaturako idigi daroaguzala. Baia ori diñoenak eztabe misiño denporan (aldian) konfesonario andirik berotu. Geu legez orko ol arteetan yarriko balira, ikusiko leukee ez geure esanetatik pekatu barriak egiten dituezala, ezpadaze geuri entzunda konfesetan dituezala geuri entzun baño leen egin zituezanak, eta iños konfesetako biotzik izan eztabeenak, uste izanik eze konfesoreak alango pekatuto tzar andien barririk eztakiela, edo ibilirik bein pekatu badireala, bein eztireala, beti biotzketaz, beti euren barruko kezkaz, baia bein bere esaten asartu bagarik. Begiak idigi! eta gaurko egunean! Nori? Nori gero? Ai! Larregi izan doaz errietan gazteai begiak idigiteko tokiak, ta lagunak. Larregi izaten dira gazteai lotsarik artu bagarik, euren aurrean esan oi direan berba nasaiak, eta larregi egin oi direan zantarkeriak. Badira bere guraso ardurabagako nasai (zabar) asko, bakarrean egin bear leukeena, umeak alboan dituezala, edo ez beintzat urrun urrun, egin oi daroenak. Eztogu geuk esango seigarrenekoan, berbarako, bigira edo zelai batu baten egiten dan amarrenik. Eta beste aldetik barriz guztientzat egiten danean, guztien onari begiratu bear yako, eta ez alango uste-ezeko norbaiten kalteari, diño Martxant yakitunak. Alan bada onelango ipuiñai yaramon bagarik, eurrez, eta ertzean, eta bide beteetan etorri beartzare misiño santura; ergoienetan, eta basetse goietan bat itxi etsea yagoteko, eta ganeko enparaduak sermoira.
Eta etorte au zeuen onik andienerako izan dedin, yakin bear dozue zelan etorriko zareen, zelan egongo zareen, eta arantzean zer egin bear dozuen. Onantzean eta arantzean etorriko zaree gisasemeak gisasemeetara, eta emakumeak emakumeetara, ez nastean, eta ez batzaan. Eztiñot nik au senar-emazteak-gaitik, ez guraso eta seme-alabaak gaitik, ez neba-arrebakgaitik. Ondo dirudie senar-emazteak alkarregaz; ederto gurasoak umeak alboan dituezala; eta polito ta ez deungaro neba-arreba onak euren lotsa onean datozanak. Baia izan oi dira gazte zorapillo, gogo arin batzuk, baita urteetan gazte gazte eztirean beste batzuk, baia sentzuna gazte ta ero daukeenak, zeintzuk ez misiño santuari, ez gauzarik santuenari bere itzalik artuten eztakien, eta onelangoak gaitik esaten deutsuet: eta bein danik bein ondo dirudianak ondo dirudi, eta ondo da alan egitea. Eta bideetan etzaree etorriko ipuinak esaten, ezta txantxa burristaak, eta barre eragingarriak bere. Errosario santua, edo beste oraziño batzuk esaten bazentoze, ori ondo litzateke, eta ori zan antxina leku askotan egin oi zana. Beinik bein berba onak esaten etorriko zaree, eta orregaz gero misiño santurik on geiago aterako dozue, Zer egin daroa atxurlariak zerbait erein bear dabenean? Aurretiaz prestetan dau bear dan legez lurra. Alantxe prestadu bear dira biotzak, Yaungoikoaren berbearen azia erne, azi, eta laborea emotera etorri dedintzat.
Sermoian zagozen artean egongo zaree moduz, eta ixiltxurik, barriketa bagarik, entzuten predikadorearen esanak. Estula baletortzue, lotutera egin bear dozue. Baakit nik ezin beti egin izaten dala, baia askotan ikusten dana da, batek estula badagi, besteak bere alkarren leian legez egin bear izaten dabeela. Gero galduten dira berba asko, edo beintzat ezta ain ondo entzuten, ez eta ain gogoz bere. Loak bazaroaze, lo ori uxatu eta galarazo bear dozue, eta albokoak lo badakutsuez, iratzartu, baia moduz eta iñori barrerik eragin bagarik. Zetarako izango dozue misiñora etortea, gero sermoian loak artuta sangilika egongo bazare? Ume titikoak bere misiñorako eztira onak: aek gaixoak eztakie asko zer egiten dabeen, eta onik onenean negarrez asten dira: eta predikadoreari galerazo, entzulaai galerazo, eta beste gauz'onik estabe egiten. Baia iñor nori itxi euki ezta, umeagaz baletor, ori at'ondoan paradu bear da, umetxuak negarrari emoten badeutso bere berlan kanpora urteteko. Eta onelangoak egin bear leukeana da, umeari elexara baño leen ordu biz edo iruz leenago loa galerazo, gero emen loak artuta ixi ixilik egoteko. Baia esana esan, oba da ume txikirik ez ekartea.
Eta ez yatzue aserratu bear geuk esango doguzanak gaitik. Ezkagoz geu iñoen kontra: ezteusku iñok gatxik egin: ezteutsagu iñori gatxik opa: guztiok maite zaitueguz Yesukristogan eta Yesukristogaitik: eta, geure eskuan balego, orain bereon zeuek besondotik artuta guztiak eurrez, garaurik bere itxi bagarik, zeruan sartuko zindukeeguz. Eta alan geuk bagenki geure berbaren batek iñori min emongo leuskiola, ez geunke alango berbarik aorik bere aterako: eta alangorik yazoko balitz, yakinik zagoze eze, yakin-ez ean, eta gogoaz bestera dala. Geure gorroto guztia da pekatuen kontra: oneek nondi-nora galduko doguzan gabiltz, oneek erri onetarik erbestetu gura gendukeez, eta orretarako izango dira geure nekeak, geure izerdiak, geure buruko-minak, geure deadarrak, geure aserreak, eta geure guztiak. Beste areriorik geuk eztogu, besteri kalterik egin gura ezteutsagu, besterik lotsatu gura eztogu.
Baita onen kontrako geure berbak entzuten dozuezanean, etzare ibili bear, zeuen artean batari ta besteari limosnea balitz legez zabalduten, eta esaten: onek urlia oso osoan atrapetan dau; bestea urleziari (urlinaiari), ze ederto yatorkion! Ez, bakotxak bere buruari ondo yatorkana, beretzat legez artu, kontu eginik a bere onerako esan dala, eta besteai bake bakean itxi. Ai! alan egingo balitz sermoietan, eta ez predikadoreen berbaak batari eta besteari ezarten ibili, beste onaririk aterako litzateke sermoietarik. Baia askok okerreko guztia egin daroe. Egongo da misionistea ordien kontra gogor eta irrime egiten: eta emakumeak edaten eztakienak egongo dira orduan zabal zabalik, ezpanetatik beera adurra dariela, eta biotza pozen pozez urtuten daukeela, urliari eta besteari orduko sermoia ezarten. Egingo dau besteren baten murmuraziñoaren kontra, eta esango dau, orretan emakumeak deungaro esateko latzak direala, eta orduan egongo dira gizonak arro arro, zabalen zabalez azalak bere ezin artu dituzala, eta emakume a, edo bestea gogoan dabeela. Esaten badau misionisteak zerbait tratu okerretan dabiltzazanen kontra, beingoan diñoe askok euren artean: a bada! urliak oraingoan baaroa bear dabena. Beti izan da egia atxinako esakerea: iñoren buruko sitza ikusi oi da, eta norberen buruko otsoa ez. Baia ez, neure kristiñauak, geure buruari begiratu bear deutsagu, eta ez besteenari; geuretzat ondo datorrena artu, eta besteai itxi geldi geldi, eta onelan guztioentzat ona izango da misiñoa.
Gero sermoia ezkero artez artez artuko dozue etserako bidea: ez ibili or etseetan sartu-urtenetan gastuak eragiten, ezta erbestekoak bere. Au erri guztietan esan daroagu, eta baakigu geuk zegaitik dan, eta onetan gustu emon bear deuskuzue geure esana eginik. Ez ibili bere ardan-gelan (tabernan) sartuten: sermoi osteko berbeteak, eta barriketeak sermoian artu zan biotzeko berotasuna, eta samurtasuna galarazoten dau. Zer egiteko izango da azi ona ereitea, estaldu etzalako txoriak yaten badabee? Onelango ereitzeagaz ezta gose andirik kenduko. Alantxe izango da bada geuk ereiten doguzan berbakaz bere, zeuek biotzean ondo gordetako aleginak egiten ezpadozuez. Beragaitik etserako bidean bere, leen esan yatsuen legez, yoango zare gizonak gizonetara, eta emakumeak emakumeetara, misiñoan entzun dozuezan berba onak zeuen artean darabiltzuezala. Eta gero gaubean, edo zeuek esan, edo gazteai eraso zeen ganean izan dan sermoia, etsean gelditu (lotu) direanak bere guztia galdu eztagientzat.
Onezaz ganetik misiño arteko egunak penitenziazko eguntzat artu bear dozuez, eta eureetan besteetan baxen zertxubait geiago egin bear dozue. Ondo izango da gauza orretarako barau bat edo beste egitea; elexa inguruetakoak egunean eguneango mezea entzutea, eta baserri goikoetakoak, eta guztiak zeuen lanetan, eta bearretan diñarduzuela, errezu batzuk esatea. Onetara dator bere, eta penitenzien artean egin ziñaie leen esan deutsuedana tabernetan, eta etseetan ez ezer (arean) artuteko. Gogora ekarri bear dozue Ygkoa zeuen pekatuakgaz aserratu izan dozuela, eta bear bada urte osoetan bizi izan zareela. buruan ulleak gaña pekatu mortal egiten dozuela. Eta Yaun au datortzuenean zeuekgaz bakeak egin gurarik, zeuek bere zeuen aldetik aleginak egin bear dozuez zeuen biotzak bigunduteko, eta aren deiai ondo erantzuteko.
Orain bada baakizue zer egin bear dozuen misiñora zatozenean, zelan egon bear dozuen sermoian, zelan biurtuko zareen etsera, eta zer egin bear dozuen misiñoak dirauan artean. Egizue bada alan, eta deretxat ze orregaz Ygkoak esku beteakaz botako dituzala zeuen biotzetara bere graziak, bere argitasunak, ta bere laguntzaak, eta pekatari asko eta andiak sartuko direala Yaunaren bideetan. Alan gerta dedintzat imini daigun bitarteko geure ama Maria santisimea.
Geure ama laztana, geure biotzeko guraso maitea, ara emen non batu direan N.-tarrak, baita inguruetakoak bere zeure semeagaz bakeak egin gurarik. Bai, ama, bai, lotsaturik gaukeez geure pekatuak, ikusirik ze andiak, ze eskergaak, eta zeinbat direan. Guztioen parkaziñoa gura genduke, eta orretarako gatoz zeure oñetara, zeuri eskatuten, arren bada izan zakigula zeure seme orregaz geure bitarteko. Zeuri emoten deutsuz elexa ama santuak geuri gozo egiten yakuzan izen ederrak. Zeu zara aren esakeran pekatarien iges-lekua; zeu larri dagozanen poza eta zabaltasuna, zeu kristiñauen laguntasuna. Oneek yakiteak biotza zabalduten deusku, eta uste bete-betean gatoz zeugana, pekatari andiak izan arren, ez gozuzala zeure oñetarik botako. Eta zeu bitarteko zaitugula guztia egintzat egiten dogu. Zer ukatu leio semeak amari? Zer ukatu Ygkoak bere sabelean erabili eban amari, bere ugatzagaz azi eban amari? Bear dogu argitasuna geure pekatuak ezagututeko: bear dogu damuaria geure pekatuakgaiti negar egiteko; bear dogu biotz andi bat urrengoan alangorik ez egiteko gogoak artuteko. Orreek guztiok eske gagoz. Bakizu zeuk ondo zeinbat balio daben geure arimeak. Ea bada ama maitea...
[EGIN PENITENZIA]
Paenitemini igitur, et convertimini ut deleantur peccata vestra. Act.3.v.19.
San Pedro apostoluak Israeldarrai bein baten egin eutsen sermoian, mosuan esan ezkero zelan eurak il egin ebeen Yaungoikoaren seme Yesukristo, bere bizian pekaturik eta erruren izpirik izan ez ebana, berba egin eutsen onelan. «Neure anaiaak, baakit nik, alan zeuek, alan zeuen agintariak ondo ez yakinean ori egin izan zenduela. Egizue bada penitenzia, eta biurtu zaiteze Ygkoagana, pekatuen parkaziñoa izateko». Auxe berau esan bear deutsuet nik bere zeuroi neure entzula maiteoi. Egizue penitenzia pekatuen parkaziñoa izateko. Bai, bada, zeinbat eta zeinbat izango ete dira zeuen artean pekatu eginda Yesukristo geure yauna barriro kurutzean yosi izan dozuenak, eta ez bein, ez birritan, eta bai askotan eta askotan? Zeinbat gazte izango dira Madaleneak legez euren nasaikeriakaz errian berba-leku andia imini izan dabeenak? Zeinbat emakume bai neskatillak, bai andra ezkonduak, Samaria-koa legez bear eztanagaz, eta eurena eztabenagaz ibili izan direanak? Zeinbat gisaseme ezkondu eta ezkontzagakoak, Herodes legez aragizkoetan ondaturik bizi direanak? Zeinbatek Ygkoa ofendidu izango dozue san Pedro berak aldi baten legez zeuen biraoakaz, yuramentu okerrakaz, eta ernegamentuakaz? Zeinbatek Zakeok legez lortu izango dozuez zeuen diruak lege eztan bidetik, eta artu-emon eta salduerosi okerrakaz?
Izango dira seme-alabeen artean, baita berein, gurasoai lotsa txarra artuten dakienak. Izango dira, baita ez gitxi gitxi, gurasoen artean euren umeak bear dan Ygkoaren bildurtasunean aziten eztituezanak. Izango dira ezkonduen artean bere banakaak alkarregaz bear leukeen bizitza ona eztaroenak. Eta azkenean izango dira asko ta asko aserrekor-okasiñotsuak, ordiak, loiak, lapurrak, deungaroesalaak, eta beste era askotako pekatariak. Baia, zer diñot nik: «izango dira, izango dira?». Zeinbat ete dira geure artean nondi andi zetan edo atan pekatu egin eztabeenak? Eta, zeinbat pekatu egin ezkero bear dan konfesiño ona egin izan dabeenak, eta lotsaz dala, bildurrez dala esan ezinik ibili eztireanak? Ai! Orain ementxe berton agertuko balituz Ygkoak geure guztioen barruak, zelan ikusiko ete gendukeez geienen arimaak! Bai geienak zeuen pekatuak direala medio (lasio, bitarte) galdurik daukazue Ygkoaren grazia ederra, galdurik daukazue zerurako zeunken eskubidea, galdurik daukazue zeuen Ygko laztana, eta oraintxe elex au beera baletor eta guztiak azpian zapaldu, deretxat eze geienak infernurako izango ziñatekezela. Eztiñot nik au albastoan eta destaiuan; lar bere lar dakit zelan bizi direan gaurko egunean kristiñaurik geienak.
Bada kristiñauak, san Pedro-k ziñoana: egizue, egizue penitenzia, eta biurtu zaiteze Ygkoagana, pekatuen parkaziñoa izateko. Baakit nik ondo ez yakinean egin izan dozuezala zeuen pekatuak. Batzuk bestearen kontrako su beroak itsutu zinduezan bengaia artuteko: beste batzuei odolaren berotasunak, edo iñoganako on-eretxi itsuak lañotu eutsuen burua lege etzirean zantarkeriak, eta nasaikeriak egiteko; beste batzuk premiña estuak, eta gauzea bearrak eraginda iñoena egin zenduen: eta geienak egin izan dozue pekatu, kontuak ondo atera ez izanagaiti: munduko gauzen keagaz itsuturik, zerukoai bear zeunkeen begi argiakaz begiratu ezteutsazuelako, eta nekez izango da zeuen artean pekatu egitea gaitik, beste bagarik, bear eztana egin izan dabenik. Onek pekatua garbituten ezpadeutsue bere, atxakia apur bat baukazue orregaiti Ygkoaren begietan, eta yaun onek zeuen ez yakinari, eta argaltasunari begiraturik lasterrago, eta errazago parkatuko deutsuez pekatuak beragana biurtuten bazare, osterantzean, ondo yakinaren ganera egin izan bazendue baño. Penitenzia bada, penitenzia: biurtu zaiteze biotz-biotzerik Ygkoa gana penitenzia benetako baten bitartekoz, zeuen pekatuen parkaziñoa izateko.
Ezin orretarako opa lekikezue orain daukazuen baño abegune obarik. Aita Yaungoikoa deiez yagotzue, eta berak yuramentuaren beian esaten deutsue eze, gaistoari onduten dan egunerik eta geiago ezteutseela kalterik ekarriko ordura arteko gaistakeriak. Ygko Semea izango dozue, eta dozue bere Aitagaz bitarteko ederra eta esku andikoa, zeuek gaitik beti eskatu bai eskatu dagokana. Espiritu-santu yaunak dei gozoak egiten deutsuez zeuen biotz barruan, eta emongo deutsuez penitenzia egiteko, eta onduteko bearko dozuezan laguntza guztiak, zeuek zeuengan dagoana egiten badozue. Mariasantisimea izango dozue zeuen ama gozoa zeuek-gaitik bere Seme laztanari eskatuko deutsana, eta Aingeru santuak, eta zeruko Santu-Santaak izango dozuez beste ainbeste bitarteko, zeuek gaitik Yaungoikoari erregututeko.
Ea bada, pekatari maiteak, biotz zabala. Oraintxe da zeuen aldia: auxe da Igoko gozo-bigunak zeuei bere ontasuna erakusteko izentadurik izan daben aldi ederra. Onetarako biraldu gaituz neure lagun maitea eta ni erri onetara, zeuei adietan emoteko, bene benetan ondu gura badozue, bera prest dagoala, baita ondo prest, zeuei parkatuteko, eta zeuen adiskide egiteko. Pekatuz atsiturik, eta bete beterik bazagoze bere, ezta ardura: orain artean zeuen arimeen salbaziñoagaz itxirik edo erdi itxian, eta ernegatu aginean bizi izan bazare bere, ezta ezer orregaitik. Yaunak eztau gura pekataria galdu dedin eta betiko il dedin; gura dabena da pekatari ori ondu daiteala, eta betiko bizi daiteala. Itxi gura badozuez bada itxi orain arteko bide okerrak, lengo pekatuai beti betiko agurra egin, eta Yaunaren naia egiten dozuela, berak erakusten deutsuezan bide artezetatik ibili, berak artuko zaituez, berak parkatuko deutsuez pekatuak, eta gero eriotzea ezkero eroango zaituez zeruko gloriara.
Zetan zagoze bada, pekatariak? Zeintzuk dira zeuen gogoak? Baia, zetan nago ni? Gogo-gogotik, eta egarri andiagaz gura izan dozue misiño santu au, eta esan giñaike eze, geu etorri izan gareala erri onetara alan gura izanik bertoko kabildu beneragarriak, yustiziako Yaun prestuak, eta erriko zar-gazte, andi-txiki eta umegiñokoak. Gogo onagaz asi zare etorten, eta nago eze aurrera bere aleginak egingo dozuezala etorteko. Eta, eztozuela Ygkoagana biurtu gurako? Eztozuezala zeuen bizi-moduak ondu gurako? Ez beintzat, ezteust niri biotzak alangorik aginduten (emoten). Nik deritxot eze, alegin guztiak egingo dozuezala konfesiño on bat egiteko, zeuen arimaak garbituteko. Ygkoaren bideetan sartuteko, eta aurrerantzean onak izateko. Eta gogo obeagaz egin dagizuentzat, esan bear deutsuet eze, elexa ama santuak bere ori gura dabela, eta orretara zeuek ekartearren, misiño denporarako induljenzia ederrak, eta parkamen andiak emoten deutsuezala. Ara zelangoak.
Lelengo bada, etc.
|
|